Herriak hartu ditu gaur iluntzean Valentziako kaleak: milaka lagun bildu dira Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatzera; hainbertze izan dira, ezen ia ordubetez ezinezkoa bihurtu baita ibilbideari jarraitzea. Jendea bere lekuan gelditu da, kartelak astindu eta «Mazon, dimititu» leloa oihukatuz. Herritarrak haserre daude; politikarien lana kritikatzen ari dira gehienak, ahopean. Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkaritzaren arabera, 13.000 lagun inguruk hartu dituzte hiriko kaleak. Menchu Ruiz hiru lagunekin etorri da, «nazkatuta» daudelako. Valentzia hiriburuan bizi dira, eta haien etxeek ez dute kalterik jasan. Halere, lankideetako anitz kaltetutako herrietan bizi direla azaldu du: «Denek autoa eta etxeko gauza gehienak galdu dituzte; lur jota daude fisikoki eta psikologikoki. Boluntarioen lanagatik ez balitz, ez dakit non egonen liratekeen. Gobernuak ez du deus ere egin, eta horregatik gaude hemen». Esaldia akitu bezala, sinkronizazio perfektuan, jendetza oihuka hasi da: «Mazon, dimititu». Txaloak ere ez dira falta izan. Manifestazioa ez zen mugitzen, eta jendea urduritzen hasi da. Badira kontzentrazio jendetsua alternatiba bezala ikusten dutenak, baina baita bertzela pentsatzen dutenak ere. Maia Tortosa Bartzelonatik dator, eta goiza inguruko herrietan pasatu du, boluntario, laguntzen: «Leher eginda nago; bart ez dugu ia lorik egin, eta goiza lanean eman dugu. Hau ez bada mugitzen, ni banoa». Bikotekideak pazientzia izateko eskatu dio, eta mugituko dela ziurtatu. Manifestazioa hastekoa zenetik ordu bat pasatu da dagoeneko. «Mazon, dimititu» Geldirik, baina jendeak oihuka eta txaloka jarraitzen du: «Mazon, dimititu». Bada tartea pankartak ateratzeko baliatu duenik ere, kazetariei beren aldarrikapenen berri emateko: Gabi Bruxa eta bertze dozena bat lagun Hego Amerikako hainbat herritatik datoz. Migratzaileekin eta pertsona arrazializatuekin lan egiten duten zenbait elkartetan egiten dute lan, eta pertsona horiek bizi duten egoera ere aintzat hartzekoa dela diote. «Pertsona horiek guztiek orain arte zailtasun ausarki ez, eta orain are okerragoa da haien egoera. Bizi diren lekuetako anitz urak hartu ditu, eta are egoera zaurgarriagoan daude orain», zehaztu du Bruxak. Ia ordubete pasatu da, eta jendetza mugitzen hasi da, motel. Giroa gogorra da dagoeneko, eta tentsio une batzuk ere izan dira; polizia dago nonahi. Hori ikusita, oihuka hasi dira zenbait lagun: «Polizia gutxiago, eta suhiltzaile gehiago». Hiriko kale meharretan barna doaz manifestariak, txaloka. Alfonso Mendez valentziarra da, eta erran du ez duela inoiz horrelakorik ikusi. 73 urte ditu, baina horrelakoetan kalera ateratzearen alde egin du. «Guk bozkatzen dugu, eta guk botako ditugu: Mazon, dimititu», erran du irmo. Iritsi da manifestazioaren adar nagusia Generalitateko plazara, eta jendez gainezka dago. Mobilizazio jendetsuaren antolatzaileak —Valentziako denetariko gizarte mugimenduak eta Herrialde Valentziarreko Ekintza Kulturala erakundea— manifestua irakurtzen hasi dira, baina nekez entzun daiteke deus, oihuak eta txaloak dira nagusi: «Mazon, dimititu». Manifestarien oihua hau izan da: «Mazon, dimititu». BIEL ALIÑO / EFE «Valentziako Gobernua ez dago herritarren interesak babesteko, enpresariei laguntzeko baizik», erran du Maite Fontanak, Nova Muixeranga d’Algemesi elkarteko kideak, gobernuak euriteen aitzinean izandako jarrerari aipamen eginez. «Herria abandonatu dute». Gehitu du boluntarioei esker egin ahal izan diotela egoerari aurre, eta pertsona horiek «baldintza tamalgarrietan» egin behar izan dutela lan. Horregatik guztiagatik, Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen dimisioa eskatu dute. Espainiako Gobernuaren jarrera ere kritikatu dute, erranez ez duela erakutsi egoerari aurre egiteko gaitasunik. Egoerari erantzuteko neurriak har daitezela eskatu dute, eta migratzaileak ere gogoan izan ditzatela. Txalo artean hartu dituzte hitzok, eta, jarraian, manifestazioa amaitu dela iragarri dute mikrofonoetatik. Baina neska batek mikrofonoa hartu du, bera eta bertze hainbat «zero eremutik» datozela eta kaltetu guztien izenean solastatu nahi zuela erranez. «Gobernua ez dago guri mesede egiteko», erran du irmo. Gizarte politiketan aldaketak egin behar direla aldarrikatu du, eta klima aldaketa kontuan hartzeko araudiak egiterakoan. Mazonen dimisioa eskatu dute, eta bermatu dadila kaltetu guztien etxebizitzarako eskubidea. Uholdeek hartzeko arriskua dagoen lekuetan etxerik ez eraikitzeko, eta hezkuntzan eta osasun arloetan inbertitzeko ere eskatu dute. «Mazon, dimititu» oihuka eta txaloka hartu dute bertaratuek diskurtsoa. «Herriak bakarrik salba dezake herria», diote manifestariek, plaza husten duten bitartean.
Aurtengo lau eta erdiko txapelketan ohikoa bilakatu den moduan, emaitza alde handiarekin joan da lehenengo finalerdia, Iruñeko Labriten. Hasieran 6-0 atzetik jarri arren, 22 tantoak jarraian egin eta 22-6 irabazi baitio Peio Etxeberriak Erik Jakari. Partida fisikoa eta landua baliatuta, maisuki jokatu du nafarrak, eta bigarren urtez jarraian izango da finalean. Buruz burukoan parte hartzeko aukerarik ez zion eman Aspek, baina jokatu dituen azken lau txapelketatik hirutan finalerako sailkatzea lortu du, eta goi mailan egonkortu dela berretsi du. Poza ezin ezkutatuta erretiratu da aldageletara. «Hasieran gaina hartu dit, baina pixkanaka nire jokoa egin dut, eta lasaituz joan naiz. Uste dut buruz ere aurrerapausoa eman dudala. Nire garai onenetako batean nago, heldutasun betean», adierazi du. Kezkagarria izan du Peio Etxeberriak finalerdiaren hasiera. Jakaren helburua horixe zen aurrez, ahalik eta pilotakada gutxien jota tantoak egitea, eta ezin hobeki egin ditu lanak. Soilik hamalau pilotakadatan aurreratu da 6-0. Lehia elektrikoa izan zedin saiatu da hasieratik, eta aparteko tantoak egin ditu ezker airez. Abiaduraz jokatu du, gauzak argi zituela. Kantxan ezustea nagusi zenez, dirua ere parean jarri da emaitza horrekin, baina handik aurrerako tanto guztiak Peio Etxeberriak egin ditu. Hasieran kosta egin zaio konfiantza hartzea, eta sakeak ere batere abiadurarik gabe egin ditu. Tentsioarekin lotuta sumatu da nafarra. Ordea, tantoz tanto lana izan du oinarri, partida gogortu du, alde batetik bestera lasterka ibilarazi du Jaka, eta, gainera, tantoak amaitzeko garaian ere gero eta erosoago jokatu du. Partida seina berdindu ez ezik, aurretik ere jarri da Peio Etxeberria, eta ez du meritu makala izan. Hain zuzen, sekula ikusi ez den erabaki bat hartu baitute epaileek haren kontra. Tanto batetik bestera pauso geldian eta arnasa lasai hartuz ibiltzeko joera du nafarrak, eta horixe zigortu diote epaileek. Atseden bat kontatu diote, baina, haserretu beharrean, keinu bakar bat bera ere ez du egin pilotariak. Berean jarraitu du, erabat kontzentratuta, eta odol hotz horrek lagundu dio gidoitik ez ateratzen. Gero eta sake pozoitsuagoak egin ditu, laineza hartuz joan da, eta Jakak ez du ahalik izan jokoaren ekimena tanto bakar batean ere hartzeko. Etsi-etsian egin ditu jokaldiak, eta ez du asmatu. «Dezepzioa da hitza. Lehen mailan ezin da hain gaizki jokatu, eta triste nago. Gutxienez lehiakorra izan nahi nuen, baina hori ere ez dut egin. Etsita amaitu dut», adierazi du Baikoko pilotariak. «Hasieran gaina hartu dit, baina pixkanaka nire jokoa egin dut, eta lasaituz joan naiz. Uste dut buruz ere aurrerapausoa eman dudala» PEIO ETXEBERRIA Aspeko pilotaria Lehen atsedenaldi luzera 12-6 aurretik iritsi da Peio Etxeberria, eta Jaka jakitun zegoen tanto bat behar zuela berriz ere lehengo jokoa egin zezan. Saskitik pilota berri bat aterata sake errematean min egitea zuen buruan, baina alferrik. Aukera apurren bat izan du momenturen batean tantoa egiteko, baina ez du asmatu. Nafarrak nahierara jokatu du. Esanguratsua izan da 18-6koa. 25 pilotakadako tantoa jokatu dute biek, Jaka ezkerrera eta eskuinera lasterka ibili da etengabe, eta leher eginda ez ezik, etsita ere bukatu du. Burumakur erretiratu da aldageletara, eta handik bueltan ez du susperraldi zantzurik ere erakutsi. Azkenean, uste baino errazago irabazi du Peio Etxeberriak, eta bi aste izango ditu finala ongi prestatzeko. Altuna III.a faborito bihar Aspek ordezkari bat sartu du lau eta erdiko finalean, eta bigarrena nor izango den bihar jakingo da: Jokin Altuna eta Unai Laso lehiatuko dira Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan, 17:00etan (ETB1). Harmailak leporaino beteta egongo dira, sarrera guztiak salduak baitaude. Altuna III.a izango da faboritoa, irabaziko balu bederatzigarren finala izango bailuke jarraian modalitate honetan. Gainera, txapelketa bikaina jokatzen arida. Baina Laso ere fresko dago aspaldian, eta baditu motiboak bere buruarengan sinesteko. Bestalde, Bigarren Mailako finalerdiak atzo jokatu ziren, Legution (Araba), eta Joanes Bakaikoak eta Iker Larrazabalek eskuratu zuten finalerako sailkapena. Bakaikoak Ander Muruari irabazi zion (22-7), eta Larrazabalek Julen Egigureni (22-14). Bi irabazleek datorren larunbatean jokatuko dute finala, Labriten. Gertatzen dena gertatzen dela, Baikorentzat izango da txapela.
Iazko urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, su eten bat adosteko bitartekaritza lanetan aritu da Qatar. Ordutik hona, dena den, behin bakarrik lortu du helburu hori, behin-behinean; horiek horrela, negoziazioetatik irtetea erabaki du Dohak, gobernuko Atzerri ministro Majed bin Mohammed Al-Ansarik gaur iluntzean jakinarazi duenez. Haren arabera, Qatarko Gobernuak hartutako erabakiaren berri eman die bai Israelgo Gobernuari, bai Hamas Palestinako erakunde islamistari, argudiatuta bere bitartekari lanak ez direla betetzen ari «hasieran jarritako helburuak». Azken egunetan nazioarteko hainbat hedabidek Qatarren erabakiaren inguruko zurrumurruak zabaldu dituzte, baita Hamasen ordezkaritza politikoaren etorkizunari buruzko zalantzak ere, talde horrek Dohan baitu egoitza nagusia. Bada, Hamaseko iturri ofizialak aipatuz EFE berri agentziak kaleratu duenez, erakunde islamistak ez du, oraingoz, bulego hori uzteko agindurik jaso. Hamasen adar politikoak 2012. urtetik du Dohan bere egoitza nagusia. Hilaren 22an beteko da urtebete Hamasek eta Israelek Gazaren aurkako oldarraldi honetarako menia bat adostu zuten aurreneko eta azkeneko alditik. Beste su eten bat adosteko lanetan jarraitzen dute gatazkaren bi aldeek eta bitartekariek —Qatar elkarrizketatik aterata, AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Egipto—, baita Libanoko Gobernuak eta Hezbollahko ordezkariek ere. Nolanahi ere, hainbat hedabidek negoziazioen gertuko iturriak aipatuz egunotan kaleratu dutenez, ez dirudi luze gabe adostasun batera helduko direnik. Eta, horrela, Israelgo armadak Gazari eta Libanori eraso egiten jarraitzen du. Libanoko hedabideek jakinarazi dutenez, Israelek berriro egin dio eraso, gaur goizaldean, Beirut hegoaldeari. Informazio horien arabera, Libanoko hiriburuko Dahieh auzoko lau eremu bonbardatu ditu. Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek argudiatu du bonbardaketa horiek «helburu militarra» zutela; zehazki, talde xiitaren «helburuak» zituztela jomuga. Bestalde, gutxienez zazpi pertsona hil eta 46 zauritu dituzte kostaldeko Tyre hirian egindako bonbardaketa batzuetan, Libanoko Osasun Ministerioak esan duenez. Azken orduetan Gazako zerrendari ere egin dio eraso Israelgo armadak; horietan, 44 pertsona baino gehiago hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Eraso horietako gehienak zerrenda iparraldearen aurka egin dituzte. Atzo iluntzean eremu hori ebakuatzeko agindua eman zuen Adraeek, sare sozialen bidez, argudiatuta miliziano palestinarrekin borrokak izaten ari zirela. Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuei erreparatuta, iazko urriaren 7az geroztik 43.500 pertsonatik gora hil ditu Israelek, eta 102.000 baino gehiago zauritu. Gauzak horrela, nazioarteari ohartarazpen bat egin dio Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxik: «Munduak jakin behar luke gerra hedatzen bada horren ondorioak ez direla soilik Ekialde Hurbilean nozituko. Segurtasun eta egonkortasun ezak beste eremu batzuetara zabaldu daitezke, baita oso urrun dauden horietara ere». Hezbollah milizia xiitaren buruzagi ohi Hassan Nasrallahren omenezko ekitaldi batean egin ditu adierazpen horiek, gaur goizean —irailean hil zuen Israelgo armadak Nasrallah—. Halaber, Gazarako eta Libanorako su eten bat adosteko aukera guztiei uko egin izana leporatu dio Israeli; nazioarteko komunitateari, berriz, «genozidio sionista» gelditzeko nahikoa ez egin izana. Trumpen agintaldira begira AEBetako presidentetzarako bozei adi egon da nazioartea asteon; orain, hurrengo presidentea hautatuta, munduko hamaika herrialde hasiak dira haren agintaldirako prestatzen. Horien artean, Ekialde Hurbilekoak. Irango SNN albiste agentziaren arabera, Irango Estrategia presidenteorde Mohammad Havad Zarifek telefonoz hitz egin du gaur Donald Trumpekin, urtarrilaren 20an berriro Etxe Zuriko giltzak hartuko dituen presidente hautatu berriarekin. Elkarrizketaren ondoren prentsari egindako adierazpenetan, Zarifek esan du Trumpek erakutsi beharko duela ez dituela «iraganeko politika okerrak» errepikatuko. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek ere hitz egin du Trumpekin, atzo iluntzean Palestinako WAFA berri agentziak jakinarazi zuenez. Horren arabera, Etxe Zuriko hurrengo maizterrak esan zion Abbasi lan egingo duela «gerra bukatzeko», eta, horretarako, «prest» dagoela berarekin eta gatazkaren parte diren guztiekin elkarlanean aritzeko. IRANDAR BAT AUZIPETU DUTE AEB-ETAN, TRUMP HILTZEN SAIATZEA EGOTZITA Ameriketako Estatu Batuetako Justizia Departamentuak atzo jakinarazi zuen irandar jatorriko gizon bat auzipetu dutela Donald Trump presidente hautatu berria hiltzeko plan batean parte hartzea egotzita. Farhad Xakeri izena du auzipetuak, eta, AEBetako Justizia Departamentuak komunikatu baten bidez adierazi duenez, aitortu du urriaren 7an jaso zuela Trump hiltzeko «enkargua». Informazio horren arabera, Irango Guardia Iraultzaileak eman zion enkargu hori. Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaek ukatu egin ditu akusazioak gaur, eta Israeli, AEBei eta «Irandik kanpo bizi den oposizioari» leporatu die guztia asmatzea, Teheranen eta Washingtonen arteko harremana «are gehiago gaiztotzeko».
Soldata handiak dituztenek ez dute etxebizitza erosteagatik kenkaririk izango. EAJk eta PSE-EEk adostutako erreforma fiskalak astelehenean hasiko du bere bidea, araudi berriaren ildoak zehaztuko baitituzte orduan EAEko hiru Ogasun diputatuek.
Goialdeko depresioak 25.000 laborantza hektarea hondatu ditu Valentzian. 50.000 lur eremu dituzten 10.000 nekazari dira kaltetuak, eta 650 milioi kilo elikagai galdu dira, Agroseguro nekazaritza arloko aseguru-etxeen erakundeak zabaldu duenez.
Amaia Barredo sailburuak esan duenez, Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoak “lanean ari dira beharrezko txostenak eta dokumentazioa prestatzen”, behin horiek izanda errekurtsoa jarri ala ez erabakitzeko.
Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzailea, pozik ‘Arabako Mahastiak’ atzera botatzeagatik. Hala ere, prozesua duela 8 urte hasi zenetik Errioxako markari eta irudiari “kalte konponezina” egin diola esan du.
50 urte betetzen dira aurten Realak lehen aldiz Europan jokatu zuela. Estreinakoa Txekiar Errepublikan jokatu zuten. Gaur, Viktoria Plzenen zelaian ziren partida hura jokatu zutenetako batzuk: Arkonada, Gorriz, Idigoras eta Lopez Ufarte, adibidez. Baina egungo Realeko jokalariek ezin izan diete garaipena eskaini. Alderantziz. Izan ere, txuri-urdinek 2-1 galdu dute. Etxekoek azken unean sartu dute gol erabakigarria, 90 minutuan. Kolpea Realarentzat, gutxienez berdinketa merezi baitzuen. Baina beste behin, argitasuna falta izan zaio erasoan, eta partidaren aginte makila izateak ez dio ezertarako balio izan. Hala, lau punturekin, zaildu egin zaio Europa ligako kanporaketetarako sailkatzea. Hurrengo lau jardunaldietan, gutxienez bost puntu batu beharko ditu, eta aurkari gogorrak izango ditu aurrean: Ajax eta Lazio, adibidez. Realak ez zuen lantegi erraza. Izan ere, Viktoria Plzen talde gogorra eta lehiakorra da, defentsako lanean oldarkorra eta taktikoki ondo landua. Gainera, bizkor ateratzen da erasora. Txuri-urdinek ondo ekin diote partidari, hasieratik izan baitu neurketaren aginte makila. Hala, Jedlickaren atera hiruzpalau gerturatze izan dituzte, joan-etorriko jokaldi on batzuei esker. Baina Plzenek ere bere asmoak erakutsi ditu ahal zuenean, eta aurretik jarri da 13. minutuan. Realeko atzealdea bigun aritu da, eta baloia Aduri iritsi zaio, txekiarren aurrelariari. Zutoin motzera jaurti du, eta gola egin du. Remiro ez da fin aritu jokaldi horretan. Hurrengo minutuetan Realak galdu egin du apur bat neurketaren kontrola. Baina pixkanaka berriro ere nagusitzen hasi da, baloi jabetza izanda. Txekiako taldearen zelai erdiari bizkarra irabazten zion aldiro, arriskua sortu du, batez ere hegaletatik. Ondo mugitu dira hortik Oiartzabal eta Kubo. Jokaldi horietako batean Oiartzabal ia ondoko marrara iritsi da, eta haren erdiraketa neurtua Oskarssonek errematatu du buruz area txikian. Azken neurketetan aulkian geratu ostean, islandiarrak behar zuen gola, konfiantza hartu eta egokitzen jarraitzeko. 34. minutua zen, eta atsedenaldira bitarte Reala nagusi izan da teknikoki eta taktikoki, eta izan du aukeraren bat aurretik jartzeko. Baina banakoarekin bukatu da lehen zatia. Min egin gabe Bigarren zatiari ere aginduz ekin dio talde txuri-urdinak, eta Oiartzabalen jaurtiketa on bat kornerrera bidali behar izan du Plzenen atezainak. Baina hortik aurrera dezente parekatu da jokoa. Etxekoek 60. minutuan izan dute bigarren zatiko lehen aukera, Remirok zalantza egin du irten edo ez, eta Adu baloia loratzen ahalegindu da. Neurketari beste martxa bat jartzea falta izan zaio txuri-urdinei, erasoan min egin ahal izateko. Beckerrek egindako erdiraketa batean Oiartzabalek egindako errematea izan da sortu aukera apurrenetako bat. Azken minutuetan Realak atzean sartu du Txekiako taldea, baina gola egin duena Plzen izan da. Realaren atzealdearen aldaratze bat Kalvachi iritsi zaio. Bitan pentsatu gabe errematea egin du, eta Vasulinen jo ostean sareetara joan da. Realak pare bat aukera izan zituen luzapenean, baina Oskarssonek eta Oiartzabalek ez dute asmatu, eta hala amaitu da. Txuri-urdinak esku hutsik itzuli dira etxera. Viktoria Plzen: Jedlicka; Havel, Paluska, Markovic, Jemelka, Cadu (Souare, 73. min.); Kalvach, Cerv, Sulc (Sojka, 94. min.); Jirka (Vydra, 73. min.) eta Adu (Vasulin, 88. min.). Reala: Remiro; Aranburu, Zubeldia (Aritz, 81. min), Aguerd, Javi Lopez (Brais Mendez, 74. min.); Zubimendi, Sergio Gomez, Sucic; Kubo (Becker, 60. min.), Oskarsson eta Oiartzabal. Golak: 1-0: Adu (13. min.). 1-1: Oskarsson (35. min.). 2-1, m.89: Vasulinek (89. min.).