Bedinketarekin konformatu behar izan du Alavesek
Bigarren garaipena erreskadan lortu nahi zuen Alavesek, baina puntu bakarrarekin konformatu behar izan du, banakoarekin amaitu baita Celtaren aurkako partida. Neurketa hasi eta berehala markagailuan aurretik jarri da etxeko taldea, baina partida kontrolpean zuela zirudienean, gola sartu du Pablo Duranek, eta hotz utzi du Mendizorrotza. 12. jardunalditik etxean irabazi gabe dago Alaves. Hala ere, ondo eutsi dio gero berdinketari. Aurkariaren opari batekin hasi du partida Alavesek, penalti inozo bat egin baitu Celtak. Fran Beltranek, baloia buruarekin urrundu nahi zuela, besoarekin jo du, eta VAR sistema erabilita penaltia adierazi du epaileak. Ederki aprobetxatu du Kike Garciak, nork bestela, eta gola sartu du 6. minutuan. Sasoiko dago Alaveseko aurrelaria; bederatzi gol egin ditu denboraldi honetan, eta sei aldiz astindu du sarea azken sei jardunaldietan. Margalaikuan aurretik jarrita, lehen zatian ondo baino hobeto jakin du Eduardo Coudetek zuzendutako taldeak errentari eusten, batere sufritu gabe. Celta saiatu da baloia izan eta alde batetik bestera mugitzen, baina argitasunik gabe. Zelaian ondo kokatu dira Alaveseko jokalariak, eta ez dute zirrikiturik utzi. Horren erakusgarri, Celtak jaurtiketa bat ere egin ez izana. Presioan, gainera, fin aritu dira gasteiztarrak: asmatu dute noiz egin aurrera, Celta baloia luze jotzera behartzeko, eta noiz itxaron metro batzuk atzerago. Alaves ere apenas hurbildu da aurkariaren ate ingurura, baina zailena eginda zuen ordurako: gola sartzea. Bestelako gidoia Lehen 45 minutuetan ikusitakoa ez zaio batere gustatu Celtako entrenatzaileari, eta azkar mugitu du aulkia: aldaketa bikoitza egin du atsedenaldian. Eta hain justu, Williot zelairatu berriak izan du Celtaren lehen aukera, bigarren zatiari ekin eta hiru minutura. Geldiketa ona egin du Owonok. Segidan erantzun du Alavesek, eta eskura izan du bigarren gola. Carlos Vicentek ziztu bizian egin du ihes ezker hegaletik, eta pase ona ema dio Guridiri. Azpeitiarrak, ordea, baloiari lehen kolpean jo beharrean, kontrola egitea erabaki du, eta galdutako segundu horietan aurkaria gainera etorri zaio. Barkatu egin du Alavesek, baina partida kontrolpean izaten segitu du hurrengo minutuetan. Harik eta Celtak zaplastekoa eman dion arte: 66. minutuan, area kanpotik jaurtiketa indartsua egin du Pablo Duranek, eta sareetan bukatu du. Ukitu du Owonok baloia, baina indarrik gabe, ez da gai izan norabidez aldatzeko. Hortik aurrera, erabat aldatu da neurketaren gidoia. Banakoaren ostean, jokoari neurria galdu dio Alavesek. Celta erosoago egon da zelaian, nahiz eta arrisku handirik ez sortu. Partida korapilatzen joan da, eta tentsioa areagotzen. Ez da egon, ordea, aparteko aukerarik, eta beraz, ez da gehiago mugitu markagailua. Luzapenean haserre joan da aulkira Alaveseko goleatzailea. Hiru puntuak nahi zituen taldeak, baina okerragoa izan zitekeen. Puntuak pilatzen segitzen du, behintzat. Guridi eta Tenaglia jokalariek 100. partida jokatu dute Alavesen elastikoarekin, eta neurketa hasi aurretik omenaldia egin diete. Alaves-Celta Alaves. Owono; Tenaglia, Abqar, Diarra, Manu Sanchez; Gebara, Protesoni (Villalibre, 71. min.), Carlos Vicente, Guridi, Conechny (Carlos Martin, 71. min.); eta Kike Garcia (Toni Martinez, 91. min.). Celta. Guaita; Yoel Lago (Javi Rodriguez, 45. min.), Starfelt, Marcos Alonso; Carreira, Fran Beltran, Moriba, Mihailo Ristic (Alvarez, 75. min.); Cervi (Williot, 45. min.), Borja Iglesias (Douvikas, 63. min.) eta Pablo Duran (Fer Lopez, 85. min.). Golak. 1-0: Kike Garciak, penaltiz (6. min.). 1-1: Pablo Duranek (66. min.).



