Realak gozatu egin du azken denboraldietan Europan, baina gaur kolpea jaso du Erroman. 3-1 galdu du, Lazioren kontra. Talde txuri-urdinaren ezaugarrietako bat izaten ari da denboraldi honetan atzean sendo egotea, baina gaur kontrakoa izan da. Oso bigun jardun du defentsako lanean, eta Europan garesti ordaintzen da hori. Gainera, 29. minututik jokalari bat gutxiagorekin jokatu du. Irabaziz gero, eskura zuen lehen zortzien artean sailkatzea, hurrengo astean PAOK taldea mendean hartuz gero. Baina orain, hiru puntu horiek batu beharko ditu, ezusterik ez izateko, eta txapelketan jarraitzeko. 18. postuan dago,10 punturekin. Realak bosgarren minutuan jaso du lehen gola. Txuri-urdinak arazoak izaten ari dira geldikako jokaldiak zaintzeko orduan, eta hala iritsi da gola. Laziok falta bat atera du, atzera eman du buruz baloiari Jon Mikel Aranburuk, eta area barruan geratu da. Realeko atzelariek ez dute aldentzen asmatu. Bizkorrago ibili da Gila, eta area txikian baloiari behetik gora emanez gola egin du. Gipuzkoarrek ondo erantzun dute, Sucicen erremate on batekin eta Kuboren beste ahalegin baten bidez. Baina sufritzen jarraitu dudefentsan, eta etxekoek pare bat abagune izan dituzte bigarrena egiteko. Argiena berriro ere geldikako jokaldi batean iritsi da, korner batean. 15. minutuan izan da. Castellanosek errematatu du, eta gol arrastoan atera du baloia Brais Mendezek. Aldaratzea Lazioko jokalari bati iritsi zaio, eta jaurtiketa zutoinera joan da. Lazio talde sendoa da etxean. Partida bakarra galdu du Erromako Olinpiar Estadioan, Interren aurka, Ligan. Kostata ari zen Imanolen taldea, eta batez ere zelai erdian oso nagusi izan dira italiarrak. 22 minutuan, dena den, Kubo buruz buruko jokaldia egiten saiatu da. Baina area ertzean zegoen Sucici eman dio baloia, eta kroaziarrak erremate indartsua egin du ezkerrez; baloia, ordea, zutoinera joan da. Gurpil apur bat gehiago ematea falta izan zaio gola sartzeko. Joan etorrikoa izan da minutu horietan neurketa. Bi taldeak joko zuzena egiten saiatu dira, eta jokaldi horietako batean Braisek ondo ikusi du Becker. Baloia eman dio espaziora, eta hura bizi joan da Mandasen aterantz. Baina oso bigun errematatu du. Partidan sartuta zegoen Reala. Baina erreskadan hiru kolpe erabakigarri jaso ditu talde txuri-urdinak. Aurrena, epaileak bigarren txartel horia erakutsi dio Aiheni. Isaksen haren hanka tartetik saiatu da pasatzen baloia, eta ezker hegalekoak heldu egin dio. Segidan, gainera, etxekoek bi gol sartu dituzte, Realak atzean emandako erraztasunak eta utzitako zuloak baliatuz. Bat Zaccagnik bakarrik egindako erremate batean izan da eta bestea Castellanosek buruz emandako baloi batean. 34. minutuan 3-0 zen aurretik Lazio, eta hala amaitu da lehen zatia. Realak ezin izan du hiru kolpe horiei buelta eman. Minik ere ez Atsedenaldia baino lehen Javi Lopez zelairatu du Imanolek, Brais Mendezen ordez, eta bigarren zatia hasterako Elustondo, Marin eta Barrenetxea. Partida nola zegoen ikusita, eta Realak datozen bi asteetan izango duen egutegi betea kontuan hartuta, atsedena eman die Kubori, Oiartzabali eta Zubimendiri. Marrazkia ere aldatu du, bosteko atzealdearekin jokatuz. Lazio eroso aritu da bigarren zati horretan. Realak ez dio minik egin. Lehiakor izatea izan da Imanol iritsi zenetik Realak beti izan duen ezaugarri nagusia, baina gaurkoan hori ere ez zuen erakutsi. Luzea eta gogorra egin zaie bigarren zati hori jokalariei. Laziok ia laugarrena sartu du. Berriro ere oso bigun aritu dira Realekoak, eta Pedrok zutoinera bidali du baloi bat. Azkenean, dena den, ohorearen gola sartu dute txuri-urdinek. Barrenetxeak sartu du, buruz, 82. minutuan, Aranbururen erdiraketa bat errematatuz. Ahazteko gaua izan da gaurkoa, eta aurrera begira jarri beharko dute orain ezinbestean txuri-urdinek. Igandean Getafe izango dute aurrean, Anoetan. Irabazi beharreko neurketa da, Europarako sailkatzeko borroka horretan bete betean jarraitzeko. Reala-Lazio Lazio. Mandas; Marusic, Gila, Romagnoli, Tavares (Dele-Bashiru, 43. min.); Rovella, Guendouzi, Zaccagni (Tchaouna, 56. min.), Dia (Balde, 76. min.), Isaksen (Noslin, 55. min.); eta Castellanos (Pedro, 45. min.). Reala. Remiro; Aramburu, Zubeldia, Aguerd (Pacheco, 70. min.), Aihen; Kubo (Barrenetxea, 45. min.), Zubimendi (Elustondo, 45. min.), Brais Mendez (Javi Lopez, 36. min.); Oiartzabal (Marin, 45. min.), Sucic eta Becker. Golak. 1-0: Gilak (5. min.). 2-0: Zaccagnik (32. min.). 3-0: Castellanosek (34. min.). 3-1: Barrenetxeak (82. min.)
Ilusioa: hitz hori errepikatu zuten Realeko jokalariek eta entrenatzaileak Espainiako Superkopaz mintzatzean. Eta hala egin diote aurre Real Madrilen aurkako finalerdiari, esperantzarekin eta gogotsu, baina ez da nahikoa izan. Erruz saiatu da Reala, lehiakor aritu da, baina Madrilgo taldea nagusitu da azkenean: 3-2. Itxura ona eman arren, txapelketatik kanpo geratu dira txuri-urdinak. Hirugarren aldiz jokatu du Realak Superkopa. Aurreko bietan, finalera sailkatzea lortu zuen, 2020an Levante mendean hartuta, eta 2023an Sporting Huelva. Txapeldunorde amaitu zuen bi kasuotan, Bartzelonaren aurka galduta. Oraingoan, baina, txuri-urdinak ez dira finalerdiak gainditzeko gauza izan, eta agur esan diote titulurako lehiari. Faborito zen Real Madril, eta hasieratik erakutsi du zergatik. Realak irabazteko aukerak izateko, funtsezkoa zera zen: atzean sendo egotea. Bada, alderantziz hasi da. Laugarren minutuan, gola sartu du Real Madrilek. Weir izan da goleatzailea. Ilun jarri zaio kanporaketa Realari, baina burua makurtu beharrean, erasora jo du. Azkar jaso du saria: pare bat saiakeraren ondoren, ez du barkatu hirugarren aukeran. Nerea Eizagirrek defentsaren bizkarrera pase izugarria eman dio Amaiurri, eta atezainaren aurrean bakarrik geratu da aurrelaria; patxadaz eta maisuki ihes egin dio Misa atezainari, eta sareetara bota du baloia, banakoa jarriz. Realak garbi izan du nondik egin eraso: eskuin hegaletik. Hara bideratu du erasoko jokoa. Hurrengo minutuetan partida parekatu egin da. Zelaian lekua ondo hartu dute txuri-urdinek, eta neurria hartu diote aurkariari. Baina orduantxe jaso du bigarren kolpea, abisu baten ostean. 35. minutuan bizi-bizi egin dio ihes Caicedok Izarneri, eta Letek salbatu du Reala; hurrengo jokaldian, baina, ez du barkatu Madrileko taldeak. Atzelarien artean zuloa ikusi du Caicedok, eta area barruan bakarrik zegoela ondo gurutzatu du baloia Angeldahek. Jokalari abila da Caicedo, oso trebea, eta haren oinetatik sortu dira Real Madrilen jokaldi arriskutsuenak. Atsedenaldiaren ostean estutu egin du Real Madrilek, lehenbailehen kanporaketa erabakita uzteko asmoz. Kanpo laguntza ere izan du ia, 52. minutuan penaltia adierazi duelako epaileak. VAR sistema erabilita, baina, baliogabetu egin du, Athenea Real Madrileko jokalaria izan delako Emmari hanka zapaldu diona. Reala hortzak erakusten saiatu da, baina txuri-urdinen eraso ahalegin batean baloia berreskuratu eta abiadura biziz metroak aurrera egin ditu Caicedok; ez dute harrapatu Realeko jokalariek, eta kolonbiarrak ez du huts egin Leteren aurrean. Lanean segitu dute txuri-urdinek, etsi gabe, eta kementsu. 80. minutuan, atezainak kornerrera urrundu du Andreiaren jaurtiketa, eta 89. minutuan epaileak ezerezean utzi du Lorena Navarrok sartutako gola, Mirarik erasoan falta egin duelakoan —erabaki eztabaidagarria izan da—. Partidaren hondarrean sartu du azkenean gola Realak, buruz, 95. minutuan; Amaiur izan da berriro protagonista. Golak itxaropena eman die, eta ausart segitu dute borrokan epaileak txistua jo arte. Ez da mugitu gehiago, ordea, markagailua. Galtzeko moduak eta moduak daude, eta harro esan diote agur txuri-urdinek txapelketari. Beste hiru lehia Gainera, laster izango dute mendeku hartzeko aukera, Espainiako Kopako final-laurdenetan ere elkarren aurka arituko baitira. Otsailaren 13an jokatuko dute kanporaketa, partida bakarrera, Madrilen, 21:00etan. Ligako bi partidak ere jokatzeko dituzte: Zubietako neurketa atzeratu egin zuten haizeteengatik, eta oraindik ez dute zehaztu noiz jokatuko duten. Bigarren itzulikoa, berriz, martxo bukaeran izango da, Madrilen. Denbora gutxian, beraz, bi taldeak beste hiru aldiz arituko dira nor baino nor gehiago. Gaur ez da posible izan, baina hurrengoetan, zergatik ez. Ilusioarekin zelairatuko dira, emaitza bestelakoa izango delakoan. Argi adierazi zuen Realeko entrenatzaileak: «Prest gaude horrelako partidei aurre egiteko». Gaur erakutsi dute, eta badituzte demostratzeko abagune gehiago ere. REAL MADRIL-REALA Real Madril. Misa; Sheila (Abelleira, 81. min.), Mendez (Antonia, 81. min.), Lakrar, Olga Carmona; Leupolz (Athenea, 26. min.), Toletti, Angeldahl; Weir (Redondo, 75. min.), Caicedo (Navarro, 81. min.) eta Bruun. Reala. Lete; Emma (Cecilia Marcos, 85. min.), Nahia Aparicio, Lucia Rodriguez, Izarne (Elene Guridi, 85. min.); Andreia Jacinto, Cahynova; Franssi (Lorena Navarro, 85. min.), Nerea Eizagirre (Mirari, 70. min.), Lucia Pardo (Intza Egiguren, 59.min.) eta Amaiur Sarriegi. Golak. 1-0: Weirrek (4. min.). 1-1: Amaiur (10. min.). 2-1: Angeldahlek (37. min.). 3-1 Caicedok (71. min. ). 3-2: Amaiurrek (95. min.)
Donald Trumpek desarautze eta beherapen fiskalen agenda anbiziotsua aurkeztu du Davosen, hazkunde ekonomikoa bultzatzeko eta enpresen ekoizpena herrialdera erakartzeko. Petrolioaren prezioa jaistearen alde agertu da, eta EB kritikatu du burokraziaren moteltasuna dela eta.
Urrats ez oso handietan bada ere, Europako Batasunak aurrera egin zuen iaz erregai fosilen erabilera gutxitzeko bidean. Lehen aldiz, eguzki energiaren bidez argindar gehiago sortu zen ikatza erabilita baino, eta energia berriztagarrien erabilera %44,8tik %47,4ra igaro zen. Horri esker erregai fosilen inportazioan 59.000 milioi euro aurreztu zirela ziurtatu du Ember energia alorreko think tank-ak. Emberrek gaur berritu du EBren argindar sorkuntzari egiten dion urteroko errepasoa, eta nabarmendu du trantsizio energetikoak erritmoari eutsi diola, «baldintza politiko eta ekonomiko zailak izan diren arren». Handitu egin dira energia berriztagarrietan egindako inbertsioak, eta bosgarren urtez jarraian, txikitu egin da erregai fosilen ekarpena. Ikatza, petrolioa eta gasa erabiliz 868 terawatt-ordu (TWh) argindar sortu ziren 2023an, eta 793 TWh izan ziren iaz, hau da, %8,7 gutxiago. iFrameResize({ log: true },’#elektrikaEB’); Berez, 2007an jo zuen goia erregai fosilen erabilerak elektrizitatea sortzeko (1.579 TWh), eta ordutik hona erdira jaitsi da haien ekarpena. Berriztagarrien ekarpena, berriz, 2,6 aldiz handitu da, 496 TWh-etik 1.300 TWh-era igaro baita 2007tik 2024ra. Ordutik hona beste gauza bat ere aldatu da: iturri berriztagarrien arteko banaketa. 2007an, zentral hidroelektrikoek ekarri zuten berriztagarrien argindar ekoizpenaren %60 baino gehiago (307 TWh), eta hutsaren parekoa zen panel fotovoltaikoen ekarpena (3,8 TWh). Gaur egun, ordea, eguzkiaren energia handitzen ari da gehien, eta iaz dagoeneko argindarraren %11,1 sortzeko gai izan zen. Jauzi nahiko handia izan da 2023arekiko, %21,7ekoa. Edo, beste modu batera esanda, egunean batez beste 450.000 panel gehiago jarri ziren EBko zelaietan eta etxeetako, lantegietako eta bulegoetako teilatuetan. Helburuak agian beteko dira Emberrek uste du oraingo erritmoan posible izango dela EBk REPower EU planean bere buruari jarritako helburuak betetzea —400 GW 2025ean, eta 750 GW 2030ean—, baina derrigorrezkoa izango da urtetik urtera hazkundea bizkortzea. Aipatu du horretarako bide bat etxeetako balkoietan panel txikiak jartzea izango litzatekeela, «Alemanian egiten ari diren moduan». Energia fotovoltaikoaren arazo nagusia da eguneko ordu batzuetan biltzen dela; herrialde batzuetan, argindar beharraren %80 ere bete izan dute ordu batzuetan. Baina Emberrek uste du teknologia dagoeneko prest dagoela baterien eta argindar sare adimenduen bitartez energia hori bildu eta beste ordu batzuetan banatzeko, «eta erregai fosil garestiekiko menpekotasuna gutxitzeko». Onartu du, ordea, baterien erabilera oso mugatua dela oraindik ere: Alemaniak eta Italiak dituzte gaur egun baterien %70. %4 Argindarra doan izan diren orduak. 2023an, urteko orduen %2tan doakoa izan zen argindarra, berriztagarrien ekarpenari esker. Iaz, %4ra iritsi zen kopuru hori. EB osoan ugaritu dira doako orduak. Ikatza da gaur egun munduan argindarra sortzeko erabiltzen den erregai nagusia, baina Europako Batasunean oso bestelakoa da egoera. Haren kontsumoa urtez urte txikitzen ari da, eta dagoeneko %10etik behera dago. Are gehiago, hamar herrialdek dagoeneko ez dute ikatza erabiltzen; beste batzuek aurki uzteko asmoa dute —aurten bertan Espainiak, Eslovakiak eta Irlandak—, eta %5etik beherako pisua du gehienetan. EBko ikatz kontsumo osoaren aztertuta, berez bi herrialdek kontsumitzen duten parterik handiena —Alemaniak (%39) eta Poloniak—, eta horietan ere behera egiten ari da erregai kutsagarrienaren erabilera. Ikatza erretzen duen zentral termiko bat, Neurath herrian, Alemanian. ROLAND WITTEK / EFE Emberrek iritzi dio bere lana egiten ari dela EBren Green Deal edo energia trantsiziorako araudia. 2020an jarri zen indarrean, eta, haren bidez, EBk energiaren kostua txikitzeaz gain, 59.000 milioi euroren inportazioak aurreztu ditu: 53.000 milioi euro dagozkie petrolio eta gas inportazioei, eta beste 6.000 milioi ikatz inportazioei. Diru gehien Espainiak (14.000 milioi inguru) eta Alemaniak (12.500 milioi inguru) aurreztu dute, horiek baitira energia berriztagarriak gehien hedatu dituzten herrialde handiak. +%1,5 Zenbat hazi den eolikoaren potentzia. Hedapen bete-betean dago fotovoltaikoa, baina moteltzen ari da eolikoa. Iaz zazpi terawatt-ordu handitu zen haren ekarpena, eta batez beste 30 TWh gehiago izan ziren 2019-2023 epean. Edonola ere, Emberrek uste du 2025ean bultzada izango duela sektoreak, batez ere itsasoko eolikoan, haize erroten prezioak igotzeari utzi diotelako eta iaz eskaerak asko handitu zirelako. Europaren jarrera ez dator bat Atlantikoaren beste aldetik jotzen duen erregai fosilen aldeko haizearekin, han Joe Bidenek IRA inflazioa jaisteko araudiaren bitartez hartutako neurriak indargabetzea izan baita Donald Trumpek hartutako lehen neurrietako bat. Edonola ere, Emberrek esan du EBk berak gehiago egin behar duela, eta zenbait proposamen egin ditu. Horien artean daude Europako industria eolikoari laguntzea, parke eolikoak jartzeko erraztasunak ematea, eta argindar sare adimendunak zabaltzea.
Estatu osoko pentsiodunen mugimenduek otsailaren 20ra arteko tartea emango diote Espainiako Gobernuari “dagoeneko aplikatzen ari zena berrezartzeko benetako borondaterik eta erantzukizunik egon den ikusteko, lege-dekretu bidez edo egoki deritzoten beste modu batzuen bidez”.
Foru Aldundiko bozeramaileak “lasaitasuna” eskatu die herritarrei eta egoerak nola eboluzionatzen duen ikusteko “tartea” badagoela adierazi du. Bestetik, 12 urtetik beherakoentzako doako txartela onartu dute.
Zazpigarren jardunaldian galdu du lehen aldiz Athleticek Europa ligan. Orain arte jokaturiko sei partidetatik bost irabazi eta bat berdindu ondoren, ibilbide distiratsua egiten ari ziren zuri-gorriak, baina era mingarrian galdu dute gaur, Besiktasen zelaian. Berdinketa soil bat aski zuten lehen zortzi postuetan tokitxo bat bermatua izateko, baina lekutan geratu da helburu hori. Atsedenaldira banakoarekin heldu dira bi taldeak, baina bigarren zatian astindu galanta hartu dute Ernesto Valverderenek. Freskotasunik eta inspiraziorik gabe jokatu dute, eta itxaron egin beharko dute final-zortzirenetarako zuzenean sailkatzeko. Biharko emaitzen arabera lor dezakete helburua, baina, emaitza horiek laguntzen ez badute, datorren astean San Mamesen izango dute beste aukera bat, Viktoria Pilsenen aurka. Espero bezala, Valverdek aldaketa dezente egin ditu hasierako hamaikakoan: sei, guztira. Taldea lehiakorra osatu nahi izan du entrenatzaileak aldaketa horiek eginda, eta guztiaren premia izan du partidaren hasieran. Egoerak hala behartuta, intentsitate izugarrian zelairatu da Besiktas, eta ito beharrean ibili dira zuri-gorriak. Lehen minutuetan hainbestean eutsi diote erritmoari, baina, partidak aurrera egin ahala, etxekoak izan dira nagusi: pixkanaka, tentsioa uxatu dute, gero eta hobeto jokatzen hasi dira, eta 16. minutuan egin dute 1-0ekoa. Gol ederra sartu du Rashicak, areaz kanpotik begia jarri duen tokian ipini baitu baloia. Gola sartuta, Besiktas lasaitu eginda, baina Athleticek aurrera egin ezinda jarraitu du. Presiora beti berandu iritsi dira jokalariak, eta sufritu egin dute Besiktaseko aurrelariekin, batez ere baloi luzeetan. Erasoan, berriz, Nico Williams izan da zuri-gorrien arma bakarra. Haren hegaletik saiatu dira erasoa jotzen, baina nekez igaro dute zelaiaren hiru laurdena. Hori ikusita, Williams anaietan gazteenak beste hegalera jo du, baina han ere zaharrak berri. Defentsan bi lerro sendo eraikita, Besiktas eroso ibili da, eta partidan ahalik eta gauza gutxien gertatzea izan da turkiarren xedea. Hots, Athleticek zerbait badu, zera du: beti saiatzen dela. Bada, lehen zatiko azken jokaldian lortu du banakoa, Unai Gomezi esker. Bermeotarrak ez du alferrik galdi Pradosek nahi gabe emandako pasea, eta ederki gurutzatu du baloia ezker hankarekin. Aldaketek, fruiturik ez Gol horrekin amaitu da lehen zatia, eta, bigarrenean, Besiktas zezen baten moduan zelairatu da berriz ere. Berdintzea ez zuen aski Europa ligan bizirik irauteko, eta itsu-itsuan jo du garaipenaren bila. Valverderen taldeak ez du asmatu aurkariaren presioari etekina ateratzen. Etxekoak behin eta berriz aritu dira erasoan. Lehenbizi, Immobilek aukera garbia izan du 50. minutuan, baina Agirrezabalak ongi erantzun dio. Lau minutu geroago, Immobileri berari atepetik atera dio baloia Unai Nuñezek. Eta, azkenean, 60.ean iritsi da 2-1ekoa. Nico Williamsek baloi arriskutsu bat galdu du zelai erdian, eta Besiktasek ederki baliatu ditu tarteak: Rashicak gola sartu du berriz. Gol horren ondoren, aulkia astindu du Valverdek, eta Iñaki Williams eta Ruiz de Galarreta zelairatu. Azken horrek soilik bost minutu egin ditu zelaian, erretiratu egin baita giharretako lesio batengatik. Zuri-gorriek ez dute bururik altxatu, eta etxekoek aukera hori baliatu dute festa are handiago bilakatzeko. 77. minutuan egin dute 3-1ekoa, eta luzapenean laugarren gola, penaltiz. Badirudi lehen zortzien artean sailkatzeko bideak ez diola ihes egingo Athletici, baina galtzeko modu bat baino gehiago dago, eta porrot honek min egingo die zuri-gorriei. Valverde kritiko mintzatu da partida amaieran. «Hau Europa da, eta gogor jokatzen da hemen. Ondo egon nahiko nuke beti, baina ezin da. Gaur guk izan ditugu arazoak, eta horrek balio behar digu ikasteko asko dagoela jokoan eta hau ez dela erraza». Besiktas. Gunok; Svensson, Topcu, Uduokhai, Masuaku (Zaynutdinov, 69. min.); El Masrati, Fernandes; Rashica (Joao Mario, 79. min.), Rafa Silva (Ndour, 87. min.), Ernest Muci (Bulut, 87. min.); eta Immobile (Semih, 69. min.). Athletic. Agirrezabala; De Marcos, Nuñez, Paredes, Yuri; Prados (Ruiz de Galarreta, 61. min.); (Vesga, 67. Min.), Jauregizar; Berenguer (Djalo, 78. min.), Unai Gomez (Nico Serrano, 78. min.), Nico Williams (Iñaki Williams, 61. min.); eta Guruzeta. Golak. 1-0: Rashicak (16. min). 1-1: Unai Gomezek (45. min). 2-1: Rashicak (60. min.). 3-1: Rafa Silvak (77. min.). 4-1: Joao Mariok, penaltiz (91. min.).
Ertzaintzaren negoziazio mahaiak Akordio Arautzailea berritzeko oinarriak hitzartu ditu gaur. ERNE, ESAN eta SIPErekin egin du akordioa Eusko Jaurlaritzak 2025-2028 aldirako. Euspelek, aldiz, aurka egin du, baita Ertzainak Borrokan taldeak ere, baina itunerako oinarriak badu ordezkaritza sindikalaren hiru laurden baino gehiago, hain zuzen %83. Adostutako oinarriak datozen hiru urteetan Akordio Arautzailea garatzeko esparru orokor gisa erabiliko dituzte. Soldata igoera orokorrak egingo dituzte, eta ertzain bakoitzak gutxienez 4.200 euro gordin gehiago jasoko ditu urtero aurrerantzean, baldin eta sindikatu sinatzaileen afiliatuek itunaren alde bozkatzen badute. Aurreko hitzarmena 2013koa da, eta 2022an hasi ziren hura berritzeko negoziazioak. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren osatutako Jaurlaritza berriaren Segurtasun Sailak negoziazioei ekin zien berriro legegintzaldi honen hasieran. Bada, Jaurlaritzak eta sindikatuek erdietsi duten akordioaren helburua da «Ertzaintzak herritarrei ematen dien zerbitzua hobetzea eta modernizatzea, polizia integralaren izaera indartuz». Funtsezko puntuen artean, soldata igoera progresiboa eta bereizia ezarri dute. Era berean, konpentsazio ekonomiko berriak izango dituzte ertzainek zenbait zeregin espezifiko egiteagatik: esaterako, «herritarren arreta, ikerketa lanak, jendetzaren kontrola eta entrenamendu espezializatuak». Arlo sozialean, aurrerapen nabarmenak sartu dituzte agenteentzat: adibidez, gaixo dauden senitartekoak zaintzeko urtean 50 orduko baimenak, egun berezietan lan egiteagatik ordainsari hobeak, eta lanaldiak beste funtzionario publiko batzuekin parekatzea. Euspel eta Ertzainak Borrokan: «Saldu egin gaituzte» Akordioak Ertzaintzako sindikatuen gehiengo handi baten babesa izan badu ere, Euspelek eta Ertzainak Borrokan-ek haren aurkako manifestaio bat deitu dute astelehenerako, Bilbon. «Saldu egin gaituztela sentitzen dugu» adierazi dute, «2028an amaituko diren ustezko hobekuntza batzuk daudelako». Salatu dute 13 urte daramatzatela erosketa ahalmena galtzen eta 6.800 ertzainek egiten dutela 8.000 agentek egin beharko luketena. Halaber, zehaztu dute 4.200 euroko igoera lau urteko tarte batean gauzatuko dela, ez kolpetik, eta ez dakitela zenbat igoko den aparteko orduan soldata. Beste neurri hauek ere jaso ditu akordioak: etengabeko prestakuntza sustatzeko garapen profesionalaren osagarria, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren eskutik garatuko dena; entrenamendu ebaluagarriak areagotzea, «hobeto prestatutako ertzainak izateko»; herritarrenganako hurbiltasuna eta arreta hobetzea, «herritarren salaketak kalean bertan hartu ahal izateko gailu mugikorrekin»; espezializazioa ikerketan, «kasuak ahalik eta eraginkortasun handienarekin ebazteko»; eta espezializazioa adimenean, egungo gizarteak planteatzen dituen «erronka eta mehatxu berriei aurre egiteko». Akordioak 45 milioi euroko inbertsioa ekarriko du aurten hasi eta 2028ra bitartean, eta Segurtasun Saila, Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin batera, «Ertzaintza berrantolatzeko eta berregituratzeko egiten ari den lanaren testuinguruan kokatzen da», Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Akordio berri horrekin, bukaera eman diote Ertzaintzaren baldintza orokorren markoa berritu gabeko hamabi urteko aldiari. Giro gaiztotua Ertzainek urteak daramatzate baldintzak hobetzeko eskatzen, eta eskaera horiek protesta askorekin lagundu dituzte azken urteetan. Aurreko legealdian giroa nabarmen gaiztotu zen Josu Erkoreka sailburu zuen Segurtasun Sailaren eta sindikatuen artean, baina azken urtean lehertu da egoera modu bortitzagoan, Ertzainak Borrokan taldea azaleratzearekin batera. Sindikatuetatik kanpo sortua da talde hori, izan ere. Apirilean hasi ziren sareetan bideoak zabaltzen, eta mugimendu asindikal moduan sinatzen dituzte oharrak. Iazko maiatzaren 8an indar erakustaldi handia egin zuten Bilbon. 2.000 pertsona bildu zituzten manifestazioan, Efe agentziaren arabera; 7.800 ertzain dira guztira lantaldean, eta horrek eman dezake mobilizazioaren neurria. Itun berri bat eskatu zuten martxan horretan, eta Frantziako Tourraren segurtasuna ere auzitan ipini zuten, Bilboko Udalaren eta Jaurlaritzaren gaitasun irudia jokoan zela. Itun duin barik ez dago Tourrik. Hamabi urte hitzarmen barik lelopean, 1.100 euroko soldata igoera eskatu zuten, besteak beste. Jaurlaritza berriaren etxeko lanen artean, lehentasunezkoa zen Ertzaintzaren lan gatazkari soluzioa ematea, orain Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailean Horiek horrela, hamabi urtez egin gabeko akordioari soluziorik eman gabe amaitu zen aurreko legealdia, eta, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean, EAJk eta PSE-EEk osatu duten gobernu berriaren etxeko lanen artean lehentasunezkoa zen Ertzaintzaren lan gatazkari soluzioa ematea, orain Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailean. Ertzainak Borrokan taldeak estu hartu du Zupiriaren sailean azken hilabeteetan, baina, azkenerako, Segurtasun Sailak akordioa lortu du sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoarekin. ERNE sindikatuko eledun Aitor Otxoak esan du Zubiriarekin «askoz hobeto» negoziatu ahal izan dutela. «Akordio garrantzitsua egin dugu ertzaintzaren ordezkari diren sindikatuekin. Horri esker, lan baldintzak hobetuko dira, baina baita antolakuntza eta Ertzaintzaren funtzionamendua ere», adierazi du Zupiria sailburuak. Haren arabera, bat egin dute «sindikatuen eskari nagusiek» eta Segurtasun Sailak «Ertzaintza modernizatzeko zuen helburuak». Zupiriak ziurtatu du akordioaren helburu nagusia badela «Euskadi gero eta herri seguruagoa izatea», eta hitzarmen berriarekin xede horren aldeko aurrerapausoa emango dutela. Ertzainak Borrokan taldeak ERNE, Esan eta SIPE sindikatuei —sindikatu sinatzaileei— aurpegiratu izan die sailarekin «soinez soin» joatea eta haren berbekin «bat egitea». Hiru sindikatuek, berriz, erantzun dute hauteskunde sindikalen zilegitasunik gabeko taldeak «agindu» egin nahi diela, eta «askatasun sindikalaren aurkako eraso zuzen» bat egiten ari direla, «mehatxuak» eta «irainak» eginez. Dena den, batera egin izan dituzte berriro ere elkarretaratzeak; esaterako, Gasteizen. Iazko ekaineko mobilizazio hartan, ordea, Euspelek ez zuen sinatu oharra, eta, orain, akordiotik kanpo geratu da, nolabait Ertzainak Borrokan taldearekin lerraturik. Asteleheneko manifestazioan ikusiko da zenbatekoa den kritikoen babesa.