Realak garaipen baliotsua lortu du Vila-realen aurka
Realak modu ezin hobean ekin dio urteari. Aurrena, Ponferradina kanporatu zuen Kopan, eta gaur, ligan, 1-0 irabazi dio Vila-reali. Ez du aparteko partida jokatu talde txuri-urdinak. Argitasuna eta abiadura faltatu izan zaizkio une batzuetan erasoan. Baina atzean sendo egon da beste behin, eta Kubok 51. minutuan sartutako gol eder bati esker lortu du garaipena. Bi areatan eraginkorragoa izan da, eta egun horrek agintzen du futbolean. Hala, 28 punturekin,zazpigarren tokian jarri da sailkapenean, eta Europako postuetatik bi puntura dago, 30 baitituzte Vila-realek berak eta Mallorcak. Hala, bete betean dago borroka horretan. Zubeldia zigortuta zegoen gaurko neurketarako, eta ikusteke zegoen nor arituko zen Aguerdekin batera erdiko atzelari postuan. Elustondo edo Pacheco ziren hautagaiak, eta lehenengoaren alde egin du Imanolek. Presio on bati esker, Realak hobeto ekin dio norgehiagokari, eta pare bat aldiz gerturatu da Luiz Juniorren atera lehen minutu horietan. Ondo mugitu da taldea, eta jokoaren ekimena izan du. Braisek izan du lehen aukera, 3. minutuan. Haren erremate onak, ordea, Vila-realen atzelari batean jo du. Hasieratik eskuin hegaletik saiatu da min egiten talde txuri-urdina, Kuboren bidez. Txinpartarekin aritu da japoniarra neurketa osoan, eta hura izan etengabe saiatu dela Vila-realen atzealdean zuloak topatzen. Baina minutuak aurrera doan ahala, neurketaren norabidea aldatzen joan da. Zelai erdian Baenak eta batez Parejok hartu dute jokoaren ekimena, eta norgehiagokaren erritmoa moteldu dute. Erosoago zegoen horrela Vila-real. Reala kutsatu du, eta pixkanaka hasieran izan duen bizitasun hori galtzen joan da. Joko zuzena egin beharrean, jokalariek gehiago begiratu duten horizontalean bertikalean baino. Kubo izan da aurrera begiratu duen gutxienekoa. Vila-realek bi aukera izan ditu. Lehena 21. minutuan izan da. Parejok pase ona eman dio Gueyeri. Hark baloia eman dio Barryri, eta aurrelaria Remiroren aurrean geratu da buruz buru. Elustondok enbarazu egin dio apur bat, eta horri esker ez du ondo errematatu. Bigarren abagunea Kanwalak izan du, 33. minutuan. Punpa laster errematatu du korner batean izandako aldaratzea, eta Zubimendik atera du baloia. Realak izan du, dena den, lehen zati horretako aukera argiena, eta hurrengo jokaldian iritsi da. Vila-realeko atzelariek motz utzi dute aldaratze bat, eta Sucicen errematea zutoinera joan da. Azken minutu horietan Realak zertxobait gehiago asmatu du presioan, baina aparteko aukerarik sortu gabe erasoan. Hala, hasi bezala amaitu da lehen zatia: 0-0. Kuboren gola Partida Vila-realek nahi zuen tokian zegoen. Realak beste abiadura bat eman behar zion jokoari, Marcelino Garcia Toralen taldeari min egiteko. Lehen zatia bezala, bigarrena bizi hasi da, eta 51. minutuan Realak gola sartu du. Oiartzabali iritsi zaio baloia, eta luze jo du. Pase bat baino alderatze bat zirudien. Baina kapitainak asmo bat zuen. Izan ere, baloia Kuboru iritsi zaio. Japoniarrak buruz burukoa irabazi dio Parejori, eta keinu tekniko bikain bati eske Femeniari hanka artetik pasatu dio baloia. Aurrez aurrez geratu da atezainaren aurrean, eta oinaren barnealdearekin baloia modu ikusgarrian joaz, sareetara bidali du. Zoramena iritsi da Anoetako harmailetara. 1-0ekoarekin Vila-realek arriskatu beharra zuen, eta Marcelinok Gerard Moreno zelairatu du, Realaren amesgaiztoetako bat. Imanolen jokalariek baloia izateko momentua zen, eta zuen abantaila kudeatzeko. Baina erasoan trinko jokatu du, argitasun gutxirekin. Partida joan-etorrikoa bihurtu da. Horrek Vila-reali egiten zion mesede, gauzak pasatzea behar baitzuen. Hala, bisitariek pare bat aukera on izan dituzte. Garbiena Gerard Morenok. Bakarrik errematatu du arean, eta haren baloi gurutzatuari ondo erantzun dio Remirok. Dena den, Realak ondo eutsi dio. Beste behin erakutsi du denboraldi honetan hobeto ari dela defentsan erasoan baino gehiago. Horren seinale, gaur 11.aldiz utzi du atea hutsean ligan. 19 partidatan 13 gol baino ez ditu jaso. Minutuak aurrera joan ahala, dena den, bisitariak gutxiago gerturatu dira txuri-urdinen atera. Reala, berriz, kontraerasoen bidez saiatu da min egiten, bisitariek arriskatu beharra zutelako. Hala iritsi da Oskarssonen aukera argi bat. Baina bigun errematatu du islandiarrak. Emaitza ez da aldatu. Reala-Vila-real Reala: Remiro; Aranburu, Aritz (Pacheco, 73. min.), Aguerd, Aihen; Zubimendi, Sucic, Brais Mendez (Olasagasti, 73. min.); Kubo (Marin, 82. min.), Oiartzabal (Oskarsson, 82. min.) eta Sergio Gomez (Barrenetxea, 62. min.). Villa-real: Luiz Junior; Femenía, Foyth, Kambwala, Cardona; Suarez (Cabanes,61. min.), Parejo, Comesaña (Gerad Moreno, 61. min.), Gueye; Barry eta Baena. Gola: 1-0.Kubok (51. min.);




