Laneko Autodefentsa Sareak salatu duenez, “erakunde publikoek ez dute ezer egin hori saihesteko, eta zuritzen lagundu dute, egoera hori errazteko eragile gisa”.
Madrilgo nahiz Gasteizko Gobernuen aukera gustukoena da Sidenor, eta oraingoz, bakarra, Talgoren % 29,9a erosteko. Sidenorrek bere eskaintzari eusten dio (4 euro akzioko) eta ziurtatu duenez Trilantic-ek “ez du baztertu”. Baina ezer ez dago oraindik itxita.
Chivitek itxaropena hitzeman die Ezkirotzeko 660 langileei, BSHrekin egindako bilera “positibotzat” jota. Nafarroako presidenteak komunikabideei adierazi die “lanerako mahai bat” osatuko dutela, lanpostu horien galerari irtenbide bat bilatze aldera.
Caracaseko Chacao auzoan, oposizioaren gotorlekuan, jendetza bildu da Maria Corina Machadori ongietorria egiteko. Izan ere, oposizioko burua lehen aldiz agertu da jendaurrean Caracasen, hainbat hilabetez ezkutuan egon ondoren. «Ez naiz inoiz hain harro sentitu», esan du oposizioko buruak, Venezuelan Maduroren aurka antolatutako protestak txalotu nahian. Adierazi du bihar izango dela «erregimenaren amaiera», eta bertaratutakoei eskatu die protestan jarraitzeko. Oposizioak salatu du Machado atxilotu egin dutela ekitaldiaren ostean. X sare sozialean jakinarazi dutenez, tiro egin dute Machadorekin batera zihoazen motorren aurka. Pare bat ordu geroago, ordea, aske utzi dutela jakinarazi dute. Sare sozial berean zera idatzi dute: «Elkarretaratzetik ateratzen, Maria Corina Machado moto batean zihoan. Geldiarazi, lurrera bota, eta atxilotu egin dute. Bahituta eduki duten bitartean hainbat bideo grabatzera behartu dute. Gero, aske utzi dute». Venezuelako Gobernuaren arabera, Machado «bandera faltsuko operazio bat» egiten ahalegindu da. «Nazioarteko muturreko gobernuen eta pertsonaien erreakzioak erakusten du erakusten du oposizioa erabateko porrota dela onartzen ez dutenek daukaten konplizitatea», adierazi du Telegramen duen kanal ofizialean. Aurretik, baina, lasaitasuna zen nagusi herrialdean. Hegazkinetik jaitsi eta parez pare dago Edmundo Gonzalez atxilotzeko eskatzen duen kartela: «100.000 dolarreko ordaina aurkitzen duenarentzat». Bidaiari batzuek argazkia atera dute afixarekin, eta beste batzuek elkarren artean esan dute: «A ze ongietorria; imajinatu gure hegazkinean etorri dela». Egiaz, Gonzalez Dominikar Errepublikan dago, nahiz eta gaurko egunez haren aldeko protestak antolatu dituen oposizioko alderdi nagusiak. Hain zuzen ere, aireportutik Caracasera bidean hainbat pick-up militar eta polizia konboi gurutzatu ditu bidaiarien autobusak, baina baita eskolara bidean doazen haurrenak eta anbulantziak ere. Dena da kontrastea, lasaitasun labainkor bat, eta errepide atzean, Nicolas Maduroren inbestiduraren alde topatutako horma irudiak etengabe. Behin Candelaria auzoko hotelean, bertako langileek taldeari gomendatu diote kalera ez irteteko, arriskutsua izan daiteke eta. Hotela Miraflores jauregitik kilometro batera dago, eta dagoeneko itxita daude inguruko hainbat kale eta etorbide. Sare sozialetan ere neurtu liteke batzuek eta besteek duten indarra. Telebistak esan du Petare auzoan chavismoaren aldeko martxa hasi dela eta gobernuaren aldeko motozaleak hiri erdigunera abiatu direla jada. Nazioarteko prentsan lehengaien eskasiak duen presentzia handia bada ere, merkataritza guneetan zapataz beteta daude zapata dendak eta gailu elektronikoz gainezka teknologia dendak: «Azkenekoz etorri nintzenean ez zegoen aparatu elektronikorik», ohar egin dio kazetari batek besteari. Farmaziak ere beharrizanez beteta daude: laktosa gabeko esnea, olo jogurtak, eguzki kremak eta abar. Dolarretan eta bolivarretan ordaintzen dute bezeroek. Parean, Banco Venezolanoren eta BBVAren sukurtsal handi bana irekita daude. Bertan soilik bolivarrak eskuratu daitezke, baina kalean erraz eskaintzen dute bi txanponen salerosketa egiteko modua. Merkataritza guneko denda batetik, «Chavez, te lo juro, yo juro con Maduro» dioen kantu bat entzun da [Chavez, zin egiten dizut, zina Madurorekin egingo dut], eta, aldi berean, motozaleen klaxonak. Zuriz jantzita doaz gehienak, eta deszentralizatuta daude. Ez da moto karabana handi bat; beraz, oposiziokoak dira. Bestelako etorbideak Maduroren inbestiduraren aldeko apaingarriz beteta daude, eta plazan prozesu bolivartarraren historia jasotzen duen erakusketa erraldoi bat dago, eta Hugo Chavezen aurpegia duten muralak, garai batean hark bultzatutako misioetan eraikitako etxebizitzetan. Antza denez, biharko inbestidurarako segizioa inguru horietatik pasatuko da. Protestak non dauden galdetuta, bi norabidetan seinalatu dute poliziek, batzuk iparraldetik eta besteak hegoaldetik. Hotelera itzuli dira kazetariak, eta idazten ari diren bitartean entzun dituzte klaxonak berriz: leihora hurbildu, eta hau bai, Petaretik datorren motozale saldo bat da. Beltzez jantzita, Maduroren aldeko kamisetak eta futbol taldeen tixertak daramatzate soinean, eta Poliziak eskoltatzen ditu. Atzetik, bi autobus publiko bere betiko ibilbidea egiten. Sareetan, Gonzalezek espekulatzen segitzen du bere etorrerarekin.
Aiara Fest jaialdiak jakinarazi du festibaletik baztertu egin duela gizonezko bat, hark eraso matxista bat egiteagatik salaketak jaso ondotik. Sare sozialen bidez zabaldutako oharrean zehaztu dutenez, Amurrioko Udalarekin eta udalerri horretako mugimendu feministarekin bilera bat egin zuten atzo. «Bilera horren ondoren, erabaki dugu jakinaraztea pertsona hori sozietateko akziodunen taldetik atera dela, erakundetik bereizi dela, eta Aiara Festek sor dezakeen edozein onura edo etekin ekonomiko lortzeko aukera blokeatu dela. Beraz, gaur egun, pertsona horrek ez du inolako loturarik musika ekitaldi horrekin», adierazi dute sustatzaileek. Maiatzaren 30ean eta 31n Amurrioko El Reforren egitekoak dira musika jaialdia, eta, abenduan antolatzaileek iragarri zutenez, Gatibu, Zetak, Gorka Urbizu eta Zea Mays dira han jotzekoak, besteak beste. Arabako Alea-k zehaztu duenez, jaialdiak antolakuntzatik baztertutako gizonezko hori «indarkeria matxistagatik salatu dute azken asteetan, bai sare sozialen bitartez (Instagrameko @denuncias_euskalherria kontuan, besteak beste) bai Amurrioko kaleetan egindako pintadekin ere». Jaialdiaren antolatzaileek oharrean adierazi dute «emakumeen eta haien eskubideen aurkako ekintza eta iritzi guztiak erabat gaitzesten» dituztela, eta Aiara Fest «indarkeria matxistarik gabeko leku segurua» izango dela. Bide horretan, protokoloak berrikusteko eta beharrezko neurriak hartzeko konpromisoa hartu dute. Sarrerak erosi eta orain itzuli nahi dituztenek horretarako aukera izango dute, azaldu dutenez: kaixo@aiarafest.com helbidearen bidez egin ahalko dute, hilaren 31ra bitarte. Amurrioko Udaleko Berdintasun Batzordeak ere agiri bat plazaratu du gai horren harira, eta azaldu du Aiara Fest «ingurune libre eta seguru batean garatzeko bere ahalegin guztiak» egingo dituela. Hala, ziurtatu du antolatzaileek jaialdira egokitutako protokolo espezifiko bat ezar dezaten lan egingo duela, «indarkeria matxista, homofobikoa eta transfobikoa berme osoz jorratzeko eta prebenitzeko».
Euskal disko eta liburu azoka zenbait biltzen ditu Doinuele sareak, bederatzi guztira. Bederatzi plaza izango dira euskararentzat urtarriletik abendura, eta urteko egutegia aurkeztu dute Ziburun (Lapurdi), ostegun honetan. «Azokek janzten gaituzte». Erranaldi horrekin abiatu du aurkezpena Maddi Zubeldia Ziburuko euskal liburu eta disko azokako ordezkariak. Modu antzeztuan egin dute aurkezpena Doinueleren parte diren bederatzi azoketako ordezkariek. Soinekoak, lepokoak, burukoak eta eskularruak jantzirik aritu dira, bata bestearen ondotik. Jantziaren metafora hartu dute haritzat. «Gorputza kanpotik janzten den bezala barneko aldea ere jantzi behar denez, liburuek ere janzten gaituzte», jarraitu du Zubeldiak. Lazkaoko (Gipuzkoa) azokako Joxepa Madariagak azokek sortzen duten giro aberatsa irudikatu du. «Azokak altxorrak dira. Kulturaren altxorrak. Altxor magikoak». Azokara joaten garenean eta liburu eta disko artean ibiltzen garenean, «magia dago, ametsetako bideak daude», erran du. Eta azoketan «poza eta zoriona» aurkitu daitezkeela ere bai. Bi aste gabe, Baztanen (Nafarroa) urtero egiten den (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren asteak emanen dio hasiera euskara hutsezko liburu eta disko azoken egutegiari. «Hitzaldiak, liburu aurkezpenak, ibilaldiak, mahai inguru interesgarriak eta azoka ttiki bat izanen ditugu», laburbildu du, zalu, (H)ilbeltzako Elurre Iriartek. Ondotik jinen dira, hurrenez hurren, Azkoitiko Geure Gelatik (Gipuzkoa), Galdakaoko Sormene (Bizkaia), Zarauzko Literaturia (Gipuzkoa), Ziburuko azoka, Hernaniko (H)azoka (Gipuzkoa), Sarako Ikusi Mikusi (Lapurdi), Oiartzungo Hitzen Lihoa (Gipuzkoa) eta Lazkaoko azoka. Saretzearen indarra 2023ko urtarrilean sortu zuten euskal azoken Doinuele kolektiboa. Ekimenaren filosofia laburbildu du Hernaniko (H)azokako Xabier Ezpondak: «Doinua eta elea, musika eta liburua; euskal kultura, hango eta hemengo». Doinuele sare nazionala dela azpimarratu du: «Sarean bilduta gaude, elkartuta». «Bederatzi plaza aberats» direla gehitu du, urte osoko eskaintza osatzen dutela, euskara hutsean eta Euskal Herrian gaindi. Elkarlanak ekartzen diena goraipatu du Oiartzungo Olatz Mitxelenak. «Elkarrekin ikasita, elkarri lagunduta eta gutako bakoitza indartuta, osasuntsuago egiten gaitu Doinuelek». Horrez gain, adierazi du «zabalik» direla helburu eta asmo bereko ekimen berri guztiei: «Ongi etorriak zarete euskarazko azoken eremura; besoak zabalik hartuko zaituztegu bidea elkarrekin egiteko». Horretan ere izan du ondorio elkartzeak, ezen Hitzen Lihoa da Doinueleri elkartu zaion azken kidea, eta, elkarlan horri esker, azoka ere gehitu dio jada egiten zuenari. Egutegian oraino ordezkatuak ez diren lurraldeei begi kliska egin diete, hala nola Arabari: «Arabatik norbait berotzen balitz holako bat egiteko, bikaina litzateke», ausartu da Ladix Arrozagarai ziburutarra. Gehitu du kolektiboak azkarrago sentiarazten dituela euskara biziberritzeko asmoan. «Sareari esker ikusten dugu ez garela bakartuak gure zokoan». Madariagak elkar lauzkatze horren beharra errepikatu du: «Egia da basamortu batean ari garela lanean: gutxi irakurtzen da, eta gutxiago euskaraz. Basamortu horretatik ateratzeko bide bat da elkarri gauza onak eta penak kontatzea. Sareak onura besterik ez du». Azoken AURTENGO egutegia Urtarrilaren 20tik 26ra. (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astea, Baztanen (Nafarroa). Martxoaren 27tik 29ra. Geure Gelatik, emakume idazleen euskal literaturaren azoka, Azkoitian (Gipuzkoa). Apirilean. Sormene azoka, Galdakaon (Bizkaia). Maiatzaren 23tik 25era. Literaturia azoka, Zarautzen (Gipuzkoa). Ekainaren 7an. Ziburuko euskal liburu eta disko azoka (Lapurdi). Irailaren 27an. (H)azoka, Hernanin (Gipuzkoa). Urriaren 11n eta 12an. Ikusi Mikusi, euskarazko haur eta gazte literaturaren azoka, Saran (Lapurdi). Azaroaren 12tik 16ra. Hitzen Lihoa, Oiartzunen (Gipuzkoa). Abenduaren 12tik 14ra. Lazkaoko liburu azoka (Gipuzkoa).
Ekainean hasiko da martxan linea hori. Udan, 13 ibilbide eskainiko ditu egunero noranzko bakoitzean, eta 9 neguan. Txartelek 15 euroko prezioa izango dute.
SegurCaixa Adeslasek hartutako erabakiarekin bat egin du DKVk eta ez du Espainiako Gobernuak martxan jarritako bigarren deialdian parte hartuko, lehena hutsik amaitu ostean.
Espainiako Kopan lehian ari diren hiru euskal taldeek, Athleticek, Osasunak eta Realak, badakite noren aurka jokatuko duten hurrengo kanporaketan, final-zortzirenetakoan. Derbia egongo da, zozketak elkarren pare jarri baititu zuri-gorriak eta gorritxoak. Zozketak, halaber, mesede egin dio Bizkaiko taldeari, etxean jokatuko baitu kanporaketako partida bakarra, San Mamesen, hilaren 16an, 19:30ean. Realak ere zortea izan du zozketan. Rayo Vallecanoren aurka jokatuko du. Ez dago kexatzeko moduan, aurkari apalagoak baitzeuden, baina baita indartsuagoak ere. Hori gutxi ez, eta abantaila izango du, bere zaleen babesean ariko baita, Anoetan, hilaren 16an, 19:30ean. Athleticek eta Osasunak bosgarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka Kopan; lehen aldiz, neurketa bakarrera. Estatistikak zuri-gorrien aldekoak dira, hirutan sailkatu baitira: 1955-1956ko, 1960-1961eko eta 2008-2009ko denboraldietan. Hala ere, parez pare aritu ziren azkeneko aldian, duela bi urteko finalerdietan, gorritxoek egin zuten aurrera. Orduko hartan Sadarren jokatu zuten joaneko norgehiagoka, eta Osasunak 1-0 irabazi zuen, Ez Abdek sartutako golari esker. Itzulikoan, San Mamesen, Iñaki Williamsek kanporaketa berdindu zuen lehen zatian. Ez zen gol gehiagorik izan arauzko denboran, eta luzapena jokatu behar izan zuten. Eta orduan, 116. minutuan, Pablo Ibañezek gol erabakigarria sartu zuen area kanpotik. Gol horri esker sailkatu zen Jagoba Arrasatek entrenatutako taldea finalerako. Hala, talde gorritxoak Kopako finala jokatu zuen hemezortzi urteren ostean. Real Madrilen aurka galdu zuten gero, Sevillako Cartuja estadioan (Espainia): 2-1. Espainiako Ligan, duela gutxi jokatu dute bi taldeek elkarren aurka: iazko azkeneko partida izan zen, abenduaren 21ean, Sadarren. Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak irabazi zuen derbia: 1-2. Etxekoek oso ondo ekin zioten lehiari, Lucas Torrok sartu baitzuen lehen gola, 25. minutuan. Pozak, ordea, gutxi iraun zien, sei minutu geroago Gorka Guruzetak banakoa sartu baitzuen. 74. minutuan, berriz, Athleticen garaipenaren gola sartu zuen Alex Berenguer Osasunako jokalari izandakoak. Arantza atera nahi du Realak eta Rayo Vallecanok, berriz, hirugarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka Kopan. Berdinduta daude bi taldeak: 1965-1966ko denboraldian, txuri-urdinek egin zuten aurrera, Vallecasen bana berdindu eta Atotxan 2-0 irabazita. 2009-2010eko denboraldian, ordea, Rayo Vallecanok Reala kanporatu zuen, Anoetan 0-2 nagusituta. Madrilgo taldeak ere irabazi egin du bi taldeek elkarren kontra jokatutako azken neurketan. Denboraldi honetako ligako aurrenekoa izan zen, Anoetan. 1-2 nagusitu zen Iñigo Perezek entrenatutako taldea. Jorge de Frutosek eta Sergio Camellok sartu zituzten partidako lehen bi golak, bigarren zatian, eta Martin Zubimendik etxekoen bakarra, neurketaren hondarrean. Realak joera txarra eten nahi du, eta, bide batez, arantza atera. Horixe egin nahi du Takefusa Kubok. «Ea ahal dugun gure zaleen aurrean irabazi eta kanporaketa gainditu. Etxean, eta partida bakarrera, zaleak hauspotu behar ditugu, Rayo Vallecano kanporatzeko».
Bolada onean zetorren Athletic, txarrean Bartzelona. Baina gauzak zer diren: eroso aritu da Kataluniako taldea, eta ezinean, berriz, Bizkaikoa. Espainiako Superkopako finalerdiak jokatu dituzte, Jiddan, eta 0-2 irabazi dio Bartzelonak Athletici. Hirugarren Superkopako garaikurra nahi zuten lehoiek, baina finala usaintzera ere ez dira iritsi, bukaeran estutu arren, hasi eta buka nagusitu direlako Hansi Flickek zuzendutako jokalariak. Erritmo bizia eta intentsitate handia dira Athleticen dohainetako bi, eta hala hasi da neurketa, baina ez talde zuri-gorriaren alde. Bartzelonak izan du jokoaren gidaritza lehen minutuetan, baloia alde batetik bestera ondo mugituta, eta Athletici asko kostatu zaio neurketan sartzea. Laugarren minuturako pare bat abisu emanak zituen Kataluniako taldeak; hamazazpigarren minutuan eman du, berriz, lehen kolpea. Ezker hegaletik egindako jokaldi baten ostean, Baldek pasea atzera bidali dio Gaviri, eta hark bakar-bakarrik egin du errematea, markagailuan 0-1ekoa jartzeko. Maldan gora jarri zaio kanporaketa talde zuri-gorriari. Markagailua kontra, eta zelaian ere aurkaria nagusi. Ohi bezala, presioa goian egin du Athleticek, baina lehen ordu erdian Bartzelonak asmatu du estualditik irten eta jokaldiak harilkatzen. Gero, Bartzelona itzali ahala, Athletic esnatu da, eta saiatu da aurkaria xaxatu eta haren ate ingurura arriskuarekin iristen. Zertzelada batzuen ondoren, lehen zatiko azken minutuan izan du aukera garbiena: Yuriren erdiraketa ate aurrean errematatu du Iñaki Williamsek, baina Szczesnyk geldiketa on batekin erantzun dio. Hasiera batean Iñaki Peña zen Bartzelonaren atean jokatzekoa, baina entrenatzaileak zigortu egin du aktibatze saiora berandu iristeagatik. Bide beretik Lehenengoaren bidetik, nagusi hasi du Bartzelonak bigarren zatia ere, joko bizkorrarekin Athletic ezustean harrapatu nahian. Hala, gutxira eman du bigarren kolpea. 52. minutuan Lamine Yamalek area ertzean baloia hartu, buelta erdia eman, eta Unai Simonen aurrean baloia sareetara bota du, dotore. Lesiotik distiratsu itzuli da Bartzelonako izarra. Bi minutura, kanporaketa erabakita uztekotan egon da Lewandowski, baina gora jaurti du baloia. Ez dute gol gehiagoren beharrik izan, hala ere, finalera sailkatzeko. Erraz aritu da Bartzelona. Lehen begi-kolpean, bazirudien esfortzu handirik egin gabe aritu dela Athletic azpiratzen. Jokalari apartak ditu Kataluniako taldeak, kalitate handikoak, eta zelaian elkar ulertzen dutenean, zaila da halako talde bati aurre egitea. Gainera, Athleticen hainbat jokalari garrantzitsu falta ziren, tartean, Sancet eta Nico Williams. Min hartuta, azken ordura arte duda zen jokatzeko moduan izango ote ziren. Aulkian ere ez da egon Sancet: bigarren zatian zelairatu da, berriz, Nico Wiliams. Hain zuzen, taldea suspertu nahian, aldaketa hirukoitza egin du Ernesto Valverdek: Vesga, De Marcos eta Williams gazteena zelairatu ditu. Ez da gehiegi berpiztu taldea; hala ere, estutu du azken minutuetan. Horren erakusle, partida amaieran baliogabetutako bi golak. 82. minutuan, gola sartu du De Marcosek, baina jokoz kanpo zegoen. 89. minutuan, berriz, Frenkie de Jongek baloia galdu, Iñaki Williamsek jaso, eta atezainaren aurrean ez du huts egin. VAR sistema bidez, ordea, epaileak baliogabetu egin du, baloia Williamsena heldu aurretik Djalok ukitu duelako, eta beraz, jokoz kanpo zegoelako. Saudi Arabian jokatu da kanporaketa, diruaren hotsak hara eman zuelako txapelketa. Athleticekoek izan dute, hala ere, zale batzuen bultzada. Igandean izango du finala Bartzelonak, bihar jokatuko den Real Madrilen eta Mallorcaren arteko finalerdietako irabazlearen aurka.