Alokairuaren garestitzeak Etxebiden izena emanda daudenen kopurua % 46 igoarazi du urte eta erdian, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak egindako azterketa baten arabera.
Gerra legea ezarri du Hego Korean Yoon Suk-yeol presidenteak. Gaur telebistan egin dituen adierazpenetan, oposizioari egotzi dio «matxinada bat» prestatzen aritzea, eta horregatik ezarri du salbuespenezko neurria. Hego Koreako Parlamentuan gehiengoa du oposizioak, Alderdi Demokratak. Eta presidenteak —Herriaren Indarra alderdikoa da bera— salatu du Alderdi Demokrata herrialdeari kalte egiten dioten politikak egiten ari dela, eta Ipar Korearen alde lerratu dela. Ordu batzuk geroago, eta parlamentuaren eskariak eta kaleetan izandako presioak direla eta, gerra legea kentzea erabaki du. Gauerdian egin ditu adierazpenak presidenteak eta, lege hori indarrean sartuta, debekatu egin dituzte herrialdeko ekintza politiko guztiak; tartean, Hego Koreako Parlamentuaren jarduera etenda geratu da. Halere, 190 diputatuk ezohiko bozketa bat egin dute parlamentuan —dagoeneko asteazkeneko goizaldea da Hego Korean—. Eta guztiek legea indargabetzeko eskaeraren alde bozkatu dute, Yonhap berri agentzia hegokorearraren arabera. 300 eserleku daude Hego Koreako Parlamentuan; beraz, gehiengoak bozkatu du legea indargabetzearen alde. Herriaren Indarra presidentearen alderdiko buruzagi Han Dong-hoon ere gerra legea ezartzearen aurka agertu da, eta adierazi du presidentearena erabaki «okerra» izan dela. Konstituzioaren arabera, presidentea behartuta dago gerra legea bertan behera uztera parlamentuaren gehiengoak hala eskatzen badio. Eta hala egin du ordu batzuk geroago, ministroekin bildu ondoren. Yoonek hori jakinarazi aurretik, Woo Won-sik Alderdi Demokratako kide eta parlamentuko presidenteak argi utzi du gerra legea indargabetuta zegoela: «Herritarrak lasai egon daitezke: parlamentuak demokrazia babestuko du». Nahasmen eta tentsio handiko gaua izaten ari da Hego Korean. YTN Hego Koreako telebista katean emandako zuzeneko irudietan hutsik ageri ziren parlamentuko eserleku ugari, eta jendetza eraikinaren kanpoaldean, protestan. Reuters berri agentziaren arabera, oposizioko alderdiko kideak zeuden eraikinaren barruan, eta ateak blokeatu dituzte militarrak sartzea eragozteko. Soldaduek eta poliziek eraikinaren kanpoaldea inguratu dute; tankeak ere atera dituzte kalera. Militarrak parlamentutik atera dira diputatuek legea indargabetzearen alde bozkatu ostean. Yoonek agindua eman du gerra legea zuzentzeko ardura zuen buruzagitza militarra desegiteko, eta, Hego Koreako hedabideen arabera, armada erretiratu egin da. Manifestariak ez, hala ere. Militarrak parlamentuaren eraikinetik ateratzen, diputatuek legea indargabetzearen alde bozkatu ostean. YONHAP / EFE Gerra legeak debekatu egiten ditu manifestazioak, baina, Reutersen arabera, milaka izan dira presidentearen kargugabetzea eta legea indargabetzea eskatzeko kalera irten direnak. Alderdi Demokratako buruzagi Lee Jae-myungek eskatu die bertaratzeko, gerra legea blokeatzeko asmoz. Gero, parlamentuak legea indargabetzearen alde bozkatu ostean, esan du presidentearen aginduak betetzen ari dena «legearen kontra» ari dela. Alderdi Demokratak «estatu kolpetzat» jo du presidentearen erabakia, kaleratu duen oharraren arabera. Azkenengoz, 1979an Azken asteetan, datorren urterako aurrekontu orokorrak eztabaidatzen aritu dira Hego Koreako Parlamentuan; eta, aste honetan, oposizioko alderdiak aurrekontuak murrizteko erabakia hartu du. Yoonen eta oposizioaren arteko tentsioak gainezka egin du, eta presidenteak ezusteko eta ezohiko erabaki batekin konpondu nahi izan du gatazka, argudiatuta Alderdi Demokratak demokrazia liberala eraitsi nahi duela. Gaur arte, Hego Korean 1979an ezarri zuten azkenekoz gerra legea. Park Chung-hee diktadorea hil zutenean hartu zuten neurri hori. Diktadurak beste zortzi urtez iraun zuen Hego Korean, 1987ra arte. Konstituzioaren arabera, presidenteak gerra legea ezar dezake militarren esku hartzea beharrezkoa bada. Betiere, herrialdea gerran badago, gatazka armatu bat abian bada, larrialdi nazionala ezarri bada, edota ordena publikoa ezartzeko beharrezkoa bada.
Euskal Herrian Euskaraz (EHE) mugimenduko bi kide Baionako epaitegiko teilatu gainera igo ziren atzo, eta euskararentzat justizia eskatu zuten. Hain zuzen, Justizia euskararentzat leloa idatzi zuten epaitegiko horman. Frantziako Poliziak atxilotu eta komisarian sartu zituen Gorka Torre Roca eta Intza Gurrutxaga dira bi ekintzaileak. EHEko beste kide batzuk ere identifikatu zituzten ekintza bukatu ondoren. Arratserako, aske utzi zituzten Torre eta Gurrutxaga. [AZKEN ORDUA] Baionako epaitegi gainera igo dira @EHEbizi-ko kideak eta ‘Justizia euskararentzat leloa margotu dute @berria pic.twitter.com/VkyLpqbMns — Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) December 3, 2024 Aurretik, teilatu gainean zeudela, adierazi dute hainbat instituziok «beren burua zuritzeko» erabiltzen dutela Euskararen Nazioarteko Eguna. «Guk, berriz, euskararentzat justizia eskatzen dugu». EHEko kideen hitzetan, euskaldunon hizkuntza eskubideak «etengabe» zapaltzen dituzte, eta Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea ukatzen dute. «Baionako epaitegian egindako pintaketa honekin salatu nahi dugu Frantziako Konstituzioak eta gaur egungo legediak euskaldunak baztertzen dituela», adierazi du Gurrutxagak. «Hego Euskal Herrian, Espainiako Konstituzioak ere gure eskubideak zapaltzen ditu, eta azken garai honetan oldarraldi bat ere bada: euskaldunok borrokaz irabazi genituen eskubideak atzera eramaten dituzte», erran du Torrek. Horren aitzinean, EHEko kideek «ezinbestekotzat» jo dute Euskararen Errepublika, «Euskal Herria berreuskalduntzeko, eta euskaraz bizi ahal izateko». Bidean, intsumiso jarrera kolektiboak garrantzitsuak direla esan dute. Larunbatean Durangon egingo duten manifestazioan parte hartzera ere gomitatu dituzte euskaltzaleak. Bi epaiketa eta isunak Ez da lehen aldia Torre Roca atxilotzen dutena. Lehenago ere egin ditu euskararen aldeko desobedientzia ekintzak, Herribiltza taldearekin eta EHErekin. Bi aldiz epaitu dute Baionako Auzitegian, eta bietan uko egin dio epaiketan parte hartzeari, epaileak ez baitio onartu euskaraz deklaratzeko eskubidea. Martxoan izan zuen lehen epaiketa Torre Rocak, 2023ko irailean Herribiltzak euskararen alde egindako pintaketa batzuengatik. Hilabeteko presondegi zigorra eman zioten, gibelapenarekin, eta bostehun euroko isuna ordaintzera zigortu zuten. Dei egin zion auziari. Irailean berriz epaitu zuten, Baionako suprefeturan pintaketa egin eta frantses hutsean idatzitako hainbat bide seinale kentzea leporatuta. 3.268 euroko isuna ezarri zioten denera. Nafarroa Behereko EHE taldeak urrian iragarri zuen Torre Rocak ez dituela ordainduko Baionako Auzitegiak ezarri dizkion isunak.
PSE-EEk urriaren hasieran iragarri zuen alderdiaren X. Kongresua otsailaren 14tik 16ra bitarte egingo dutela, Donostian. Orain, baina, hartara bitarteko prozesuaren egutegia ere jakinarazi du: ondo bidean, abenduaren 11tik aurrera aurkeztu ahal izango dira idazkaritza nagusirako hautagaitzak, eta beranduenez otsailaren 1erako jakingo da primarioen emaitza zein den. Eneko Andueza egungo idazkari nagusia karguan jarraitzeko prest da, eta ez da espero hark aurkaririk izaterik. Gaur arratsaldean bildu da PSE-EEren batzorde exekutiboa, eta egutegiaren inguruko xehetasunak adostu ditu. Batzorde Nazionalak hura onartzea da hurrengo urratsa. Hori hilaren 11n egingo dute, eta egun hartan bertan hasiko da prozesua. Alderdikideek idazkari nagusi izateko hautagaitzak aurkeztu ahal izango dituzte, eta abenduaren 16an argitaratuko dira. Behin hautagaitza aurkeztuta, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako militanteen gutxienez %12ren babesa eskuratu beharko dute prozesuan aurrera jarraitzeko. Horretarako epea urtarrilaren 7tik 14ra bitartekoa izango da. Bi alderdikidek edo gehiagok igarotzen badute galbahe hori, urtarrilaren 14tik 24ra arte izango dute kanpaina egiteko aukera, eta hilaren 25ean militanteek bozkatuko dute nor nahi duten PSE-EEren gidari. Orduan inork ez badu lortzen botoen %50en langa igarotzea, bigarren itzulia egingo dute otsailaren 1ean. Boto gehien eskuratu duten bi hautagaien artean egingo dute bigarren itzulia. Anduezak «aktiboki eta anbizioz» parte hartzeko deia egin die PSE-EEko kideei. Hain zuzen, uste du anbizioz jokatu behar dutela «Euskadin politika aurrerakoietan sakontzeko». Azaldu du horretarako erakundeetan «eragin» behar dutela, baita horien gidaritza hartu ere: «Etapa berri bat ireki behar dugu erakundeetan eragin eta lidergo handiagoa lortzeko asmoz, batez ere Eusko Jaurlaritzan, baina baita udal eta aldundietan ere».
Konpainiak eredua aldatu eta banatzaileak soldatapeko gisa kontratatuko dituela iragarri ondorengo egunean, Oscar Pierrek inputatu gisa deklaratu du Bartzelonako epaitegi batean banatzaileak autonomo gisa mantentzeagatik irekita dagoen prozesu baten baitan.
Osasuna hainbestean aritu da berriro etxetik urrun, baina, gorritxoen zorionerako, oraingoan, ez dira geratu esku hutsik. Puntu batekin itzuliko dira Iruñera. Nafarroako taldeak bana berdindu du gaur gauean Sevillan (Espainia), Sanchez Pizjuanen, Espainiako Lehen Mailako hamabosgarren jardunaldiaren azkeneko partidan. Puntu bat lortu eta gero, Vicente Morenok entrenatutako taldeak sailkapenaren goikaldean eutsiko dio: zazpigarren postuan dago, 23 punturekin. Oso kopuru ona da, baina askoz hobea litzateke Sadarren bezala edo antzeko arituko balitz etxetik urrun: 23 puntutatik hamazazpi eskuratu ditu bere zaleen aurrean. Sevillaren aurkako partidak denboraldi honetan Osasuna zein helbururengatik borrokatuko den zehazteko balio bazuen, hauxe da ondorioa: etxetik kanpo hobeto aritu ezean, zail izango du mailari eustea baino helburu handiago batengatik borrokatzea. Hori hobetzen badu, Europarako sailkatzearekin amets egiteko aukera izango du. Gaurko neurketaren emaitza justua da, ez Sevillak, ez Osasunak ez duelako aurkariak baino meritu gehiago egin irabazteko. Gorritxoek sartu dute lehen gola, 68. minutuan. Aresok erdiraketa bikaina egin du, eta Budimirrek buruz sartu du gola. Ezer gutxi eginda, aurretik jarri dira bisitariak. Baina gutxi iraun die pozak, bost minutu eskasera, Saulek pase luze ederra egin du, eta Lukebakiok aurrea hartu dio Juan Cruriz, eta ezin hobeto bukatu du jokaldia, Herrera maisuki gaindituta. Azken minutuetan partida erabat hautsi da, eta bi taldeek izan dute aukera bigarren gola sartzeko. Luzapenean, Alvarok geldiketa ederra egin dio Budimirri, eta, jarraian, Herrerak beste horrenbeste egin dio Lukebakiori. Hala, banakoarekin bukatu da neurketa.
Volkswagen enpresako Alemaniako langileek greba egingo dute gaurtik hasita. Beharginen soldata % 10 txikitzeko asmotan dabil enpresa, gastuak murriztu beharrean dagoela arrazoituta. Gainera, Alemaniako hainbat lantegi itxi nahi ditu, 87 urtean lehen aldiz.
«Alavesek Lehen Mailan jarraituko du, eta ni izango naiz haren entrenatzailea». Horixe esan zuen Luis Garcia Plazak aurreko ostiralean, Mendizorrotzan Leganesen aurka jokatu bezperan. Ikusteko dago Arabako taldeak Lehen Mailan jarraituko duen, baina ziurra da Garcia Plaza ez dela izango haren entrenatzailea. Klubak gaur arratsaldean kendu du kargutik, taldeak azkenaldian lortu dituen emaitza txarrak direla eta. Beraz, amaitu da entrenatzailearen aroa Arabako taldean. Bi urte eta erdi iraun du. Tarte horretan, 108 partida ofizialetan zuzendu du taldea. Laugarrena da Alaves partida gehienetan zuzendu duten entrenatzaileen artean. Jose Manuel Esnal Mane (280 partida), Txutxi Aranguren (218) eta Manuel Etxezarreta (149) bakarrik ditu aurretik. Garcia Plaza zerbaitengatik oroitua izango bada, haren esanetara taldea Lehen Mailara itzuli zelako oroitua izango da. 2022-2023ko denboraldian izan zen. Hurrengo denboraldian, berriz, 2023-2024an, taldeak estutasunik gabe eutsi zion mailari: hamargarren postuan bukatu zuen, 46 punturekin. Gertuago izan zuen Europa jaitsiera baino. Emaitza txarrek kondenatzen dituzte entrenatzaileak, eta Garcia Plazaren kasuan ere horrela izan da. Taldeak bikain ekin zion denboraldiari, eta lehen sei jardunaldietan hamar puntu lortu zituen: hiru partida irabazi zituen (Realari Anoetan eta Las Palmasi eta Sevillari Mendizorrotzan), eta bat berdindu: hutsean, etxean, Betisekin. Baina, ordutik, ezinean ari da Alaves, eta ligako hurrengo bederatzi partidetan lau puntu besterik ez du lortu: Mendizorrotzan Mallorcari irabazita lortu zituen hiru, eta bestea joan den larunbatean eskuratu zuen, etxean Leganesekin bana berdinduta. Beste zazpi partidak galdu egin ditu. Taldeak oso joera txarra darama, eta sailkapenean ere larri dago, puntu bakarrera baitu jaitsiera. Horregatik, taldea susper dadin kargugabetu du klubak Garcia Plaza. Hori egin eta gutxira jakinarazi du ordezkoa zein den: Eduardo Coudet Chacho argentinarra. Denboraldi bukaerara arte sinatu du, eta helburuak lortuz gero beste baterako luza dezake kontratua. Coudetek ia bi urtez zuzendu zuen Celta, 2020ko urte bukaeratik 2022ko azarora. Egun, langabezian zegoen, Inter Porto Alegre Brasilgo taldeak kargugabetu baitzuen joan den udan. 50 urte ditu, eta, Celta eta Inter Porto Alegrez gain, Atletico Mineiro (Brasil), Rosario Central, Racing (Argentina) eta Tijuana (Mexiko) zuzendu ditu. Nortasun handiko entrenatzailea da. Alaveseko zuzendaritzaren arabera, hura da aproposena taldea suspertzeko.