Segurtasunari buruzko gaiek garrantzi handia izan dute Realak gaur Donostiako Kursaal jauregian egin duen akziodunen batzar nagusian. Horren erakusle da Jokin Aperribai klubeko presidenteak gai horri buruz hizketan ekin diola batzarrari. «Pertsonen segurtasunari buruz hitz egin nahi dut lehenbizi. Haiek dira gure lehentasun nagusia. Azken urtean hartu ditugun neurriek pertsonen segurtasuna handitzea dute helburu», esan du haren hitzaldia hasi bezain laster. Istiluak izan dira Realak azkenaldian Anoeta estadioan jokatu dituen Europa ligako partidetan. Larrienak duela bi hilabete gertatu ziren, talde txuri-urdinak Anderlechten aurka jokatu zuen neurketan. Belgikako taldearen ultra batzuek eserlekuak, kristal zatiak eta beste hainbat gauza jaurti zituzten etxeko zaleen harmaila batera. Epaileak une batez geratu egin zuen neurketa, baina ez zuen erabat eteteko erabakirik hartu. Istiluen harira, bost belgikar atxilotu zituen Ertzaintzak. Aperribaik azaldu duenez, egun horretan gertatu zena izan zen Anderlechteko ultra horiek kanpoko taldeen zaleen eremuak duen metakrilatoa puskatu zutela, eta zuloa egin zutenean, handik aulki zatiak botatzen hasi zirela. Horrelakoak berriro ez gertatzeko, Realeko presidenteak azpimarratu du «gero eta segurtasun neurri gehiago» hartzen ari direla. Hala ere, zehaztu du Ertzaintzaren protokoloak «hobetu» egin behar direla. Hain zuzen, istilu horietako batean, Realak eta Paris Saint Germainek martxoaren 5ean Anoetan jokatu zuten Txapeldunen Ligako partidaren atarian, buruan larri zauritu zuten Amaya Zabarte gipuzkoarra, Ertzaintzaren oldarraldi baten ondorioz. Ertzaintzak foam pilota batekin jo zuen ustez, eta, gainera, kaleratu diren pasarte horretako irudiek islatzen dute ertzain batek ostiko bat eman ziola 44 urteko emakumeari, lurrean zegoela, haren albotik igaro zenean. Zabarte sakelakoarentzako estaldura bila zebilen, Errondo pasealekuko errepide arteko lorategi estuan, inolako istilutan parte hartu gabe; baina ospitalean bukatu zuen, buruan kolpe latz batek eragindako zauri larriarengatik, eta haren bizitza arriskuan egon zen, kaskezurra bi lekutan hautsi baitzitzaion. Familiak jarritako salaketak ez zuen aurrera egin, ordea, eta Ana Isabel Perez Asenjo epaileak auzia artxibatu zuen. Familiaren abokatu Iker Sarriegik, orduan, helegitea jarri zuen, gerora ezagutu diren irudi argigarriak mahai gainean jarrita eta oldarraldia bertatik bertara ikusi zuten lekuko batzuen testigantzak aintzat hartzeko eskatuz. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak aintzat hartu zuen, eta auzibidea zabaltzeko agindu zuen. Gaur, Joseba Novoa haren senarrak hitz egin du galderen eta eskaeren txandan, eta esan du eskertu egiten duela Aperribaik familiari egindako telefono deiak, baina salatu egin du Realak ez duela publikoki kondenatu gertaera hori, eta ez duela kritikatu Ertzaintzak egun horretan egindakoa. «Dezepzioa hartu dugu, eta triste gaude, kluba maite dugulako eta bigarren mailako biktima sentitzen garelako. Ertzain baten ordez beste talde bateko ultra bat balitz berdin jokatuko zen? Bihotz-bihotzetik hau da sentitzen dudana», aitortu du. Aperribaik erantzun egin dio, eta esan du ez zutela sentitu komunikazio publiko bat egin behar zutela, «gertu egoteko beharra» baizik. «Egun horretan istilu gehiago izan ziren, baina ezin dira alderatu Amaiari gertatutakoarekin, harena oso larria izan baitzen. Ertzaintzarekin hitz egin dugu, eta erantzukizunak eskatu dizkiogu. Erantzungo digutela esan digute. Joseba seguru egon daiteke ez nituela nire hitzak neurtu esan nuenean gertaerak sentitzen nituela. Gure asmoa familarengandik gertu egotea eta Ertzaintzari egoera argitzeko eskatzea izan zen. Joseba seguru egon daiteke gertaerak argitzeko exijituko dugula». Amara Berri auzoko bizilagunak ere kexu dira Realaren partidek trabak eragiten dizkietelako, eta horren harira, Aperribaik azaldu du taldeari egiten dizkieten ongietorriak sustatu nahi dituztela, baina aldi berean horiek auzoan izan ditzaketen eragina zaindu nahi dutela. Hala, esan duenez, klubeko ordezkariak Amara Berriko auzo elkartearekin bildu ziren atzo, eta bilera horretan agindu zieten ongietorriak beste eremu batean egingo dituztela. Errondo pasealekutik etortzen zen orain arte taldearen autobusa, baina hemendik aurrera ospitaleen eremutik jaitsiko da, eta Anoetako instalakuntzetatik bira egin ondoren, taldeak sartzen diren atean geldituko da. «Uste dugu horrela inpaktu gutxiago izango duela Amaran», adierazi du Aperribaik. Anoeta handitu nahi dute Realak 38.836 bazkide ditu, eta estadioan 39.977 ikusle sartzen dira. 4.768 RS Fans eta 5.815 pertsona daude bazkide egiteko itxaron zerrendan. Presidenteak jakinarazi duenez, Gabonetan edo urte hasieran horietako batzuk bazkide izateko aukera izango dute. Horri lotuta, klubak asmoa du ikusle kopurua handitzeko: 2.070 gehiago sartuko lirateke; hau da, 42.247 lagunek izango lukete tokia. Horretarako,obra egingo lukete. Oraindik ez dute lizentzia, baina bai aurrekontua: 10,6 milioi euro. Diru kontuei dagokienez, akziodunek ia aho batez onartu dituzte bai aurreko denboraldiko kontuak —%99,87k eman dute baiezkoa—, baita denboraldi honetako aurrekontua ere —%99,84k—. Aurreko sasoian, klubak 181,8 milioi euro jaso zituen, inoiz baino gehiago. Txapeldunen Liga jokatu izanak zerikusi handia izan zuen horretan, 47 milioi euro jaso baitzituen parte hartzeagatik eta lehiaketan taldeak lortutako emaitzengatik. Aldiz, 180,6 milioi euro gastatu zituen. Soldatak ordaintzeko erabili zuen diru gehien: 103 milioi. Guztia kontuan hartuta, 1,2 milioi euroko irabazia izan zuen. Reala Europa ligan ari da denboraldi honetan, hau da, lehiaketa apalago batean, eta horren ondorioz, klubak diru gutxiago jasoko du, bai Europako lehiaketetan parte hartzeagatik —47 milioi beharrean, 22—, baita telebista eskubideengatik ere —78 beharrean, 69—. Hala, aurrekontu txikiagoa izango du sasoi honetarako: 149,6 milioi eurokoa, iaz baino 32,2 milioi gutxiago. Hala ere, klubak irabazia aurreikusi du: 1,5 milioi eurokoa. Iaz, klubak kuotak igo zizkien bazkideei. Aurten, aldiz, eutsi egingo die. Kirol arloaz, berriz, esan du klubak «europarra izateko eta tituluak irabazteko ilusioa» duela. Roberto Olabe futbol zuzendariaren eta Imanol Alguacil entrenatzailearen lana goraipatu du. «Haiek iritsi direnetik taldea gai da hiru egunetan behin lehiatzeko». Adierazi duenez, ez daki zein postutan bukatuko duten denboraldia, eta ez dio gehiegi axola, baina «ilusioari, anbizioari eta exijentziari» eutsi behar diote. «Horiek eman behar digute indarra». espainiako kopako partiden datak zehaztu dituzte Osasunak, Realak eta Athleticek badakite noiz jokatuko dituzten Espainiako Kopako final-hamaseirenetako partidak. Gorritxoak urtarrilaren 4an ariko dira Teneriferen zelaian, 16:30ean. Txuri-urdinek eta zuri-gorriek, berriz, urtarrilaren 5ean jokatuko dute: Reala 15:30ean ariko da Ponferradinaren zelaian, eta, Athletic, 21:00etan, Logroñesenean.
Udaberriko sailkapenak kontuan hartuta, 35 saio utziko ditu atzean larunbatean jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalak. Oihana Iguarani, Alaia Martini eta Beñat Gaztelumendiri finalaurreko saio bana irabazteak zabaldu die finalerako atea, eta gainontzeko bost bertsolariei —Andoni Rekondo, Ane Labaka, Aner Peritz, Eneritz Artetxe eta Nerea Elustondo—, berriz, puntuek. Donostia Arenako oholtzan ariko da kantuan zortzikotea larunbatean, 17:00etan, ehunka bertsozaleren aurrean. Eta Arantzazu Loidik jantziko dio txapela irabazleari. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa «bide polita, oso aberasgarria, eta denek elkarrekin egindakoa» izan dela adierazi du gai jartzaileen ordezkari Ane Ezenarrok, eta abenduaren 14ko finala ibilbide horren «erremate» gisa definitu du. Besterik ere esan du: «Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, bere aldaera guztietan, mugimendu zabal, emankor eta bizi baten erakusle dela ikusarazi nahi izan dugu». Datorren larunbateko erronkari begira, eta Ezenarrok pausatutako galderaren harira, finalera ekarri dituen bideaz eta asmoez eta nahiez mintzatu dira zortzi finalistak banan-banan: Eneritz Artetxe. JON URBE / FOKU Eneritz Artetxe Eizagirre (Azkoitia, Gipuzkoa, 1990) Sailkapen saioei maiatzean ekin ziela kontuan hartuta, «luzea bezain ederra» egin zaio ibilbidea: «Ez nuen uste horrenbeste luzatuko zitzaidanik, baina pila bat gozatu dut, bai prestakuntza lanetan bertso eskoletan, bai eta saioetan ere». Jendearen harrera beroa izan dela esan du, eta horri esker finalera «sentsazio onekin» iritsi dela nabarmendu. «Egon baino gehixeago» egin nahi lukeela ere nabarmendu du, «bertsoetarako gorputzaldiz» dagoelako: «Badakigu plaza handia dela, baina txapelketa guztian utzi dugun horretatik uzten badugu larunbatean ere, konforme ez, oso konforme izango naiz». «Ez nuen uste horrenbeste luzatuko zitzaidanik, baina pila bat gozatu dut, bai prestakuntza lanetan bertso eskoletan, bai eta saioetan ere» ENERITZ ARTETXE Bertsolaria Beñat Gaztelumendi. JON URBE / FOKU Beñat Gaztelumendi Arandia (Añorga, Gipuzkoa, 1987) Urrian heldu zion txapelketari birritan —2015ean eta 2019an— txapeldun izandakoak. Hasiera ez zitzaion erraza egin: «Beti nahi duzu distantzia hartu eta ahal den guztia atzeratu txapelketan sartzeko momentua, baina, aldi berean, lagunak ari dira kantuan, eta jakin-mina duzu». Kosta egin zitzaion isolatzea, eta «zurrunbilo moduko batean» gogoratzen du txapelketan lur hartzea. Lehen eta bigarren saioaz oroitzapen politak ditu: «Lagunekin oso gustura aritu naiz; txapelketa beti da aitzakia ona jendearekin biltzeko, zeure burua estutzeko eta beste inora irits zaitezkeen esploratzeko». «Lagunekin oso gustura aritu naiz; txapelketa beti da aitzakia ona jendearekin biltzeko, zeure burua estutzeko eta beste inora irits zaitezkeen esploratzeko» BEÑAT GAZTELUMENDI Bertsolaria Final bakoitzak bere gorputzaldia behar izaten duela iritzi dio Gaztelumendik, «eta finaleko ariketek ere, beste horrenbeste». Horrek «malgu, erne eta kontziente egotea» eskatuko duela esan du, baita gai izatea ere «norberaren bertsokera eta gorputzaldia egokitzeko». Zortzikoteak «izugarri» motibatzen duela gaineratu du. Txapelketa batzuk pasatu ondoren, datorren larunbatekoa «zortzikoterik ederrena» dela iruditu zaio: «Gipuzkoa zer den eta nora joan daitekeen edo nora joan nahiko genukeen erakusten du». Nerea Elustondo. JON URBE / FOKU Nerea Elustondo Plazaola (Legazpi, Gipuzkoa, 1981) Txapelketara «azkena» heldu dela nabarmendu du Elustondok: «Oso luzea egin zitzaidan lehen saiora arteko itxaronaldia, baina bigarrena berehala etorri zen, eta orain, batetik besterako jauzia zurrunbiloan gogoratzen dut». Larunbateko saiorako gogoz dagoela esan du Elustondok: «Belaunaldi baten azken superbibientea naiz, eta, halere, gazte konplexuarekin noa». «Belaunaldi baten azken superbibientea naiz, eta, halere, gazte konplexuarekin noa»NEREA ELUSTONDO Bertsolaria Bigarren finala du Elustondok, eta lehenengotik joan diren bost urteetan «egonarria» irabazi duela uste du: «Gustatuko litzaidake Illunben ahalik eta hobekien egitea eta arrasto bat uztea». Sailkapenari begiratu gabe, egokitutako gaiak aprobetxatu dituela sentituz jaitsi nahiko luke oholtzatik, «jakinik oso gutxitan gertatzen dela hori». Belaunaldi berriak direla eta, «ongi moldatzeko esperoan» agertu da, horietariko batzuk «biologikoki seme-alabak izan litezkeen arren». Oihana Iguaran. JON URBE / FOKU Oihana Iguaran Barandiaran (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1991) «Ni ere zain-zain egon naiz», esan du hirugarren finalaurrekoaren irabazleak. Bidean gozatu egin duela nabarmendu du: «Lagunekin kanturako elkartzea eta eguneroko zereginetan bertso eskolari berriz ere lehentasuna ematea ederra izan da, eta elkartze horrek oso gustura utzi nau». Saioetan plaza onak izan direla iruditu zaio, eta batzuetan erosoago, baina orokorrean «pozik, ilusioz, gogoz» aritu dela esplikatu du. Aurrera begira, «gorako bidea» gelditzen zaiola uste du, eta finalera iritsiko den zortzikoarekin aritzeko gogoz agertu da. «Lehen txapelketa ia ospakizun baten moduan bizi izan nuen; bigarrenean ez nintzen baldintza onetan iritsi; baina aurten nire gorputzaren jabe nator, eta, ahal bada, nire hitzen jabe ere izan nahiko nuke» OIHANA IGUARAN Bertsolaria Hiru finaletan esku hartu du Iguaranek: «Lehena ia ospakizun baten moduan bizi izan nuen; bigarrenean ez nintzen baldintza onetan iritsi; baina aurten nire gorputzaren jabe nator, eta, ahal bada, nire hitzen jabe ere izan nahiko nuke». Zortzikoa dela eta, «kolore paleta zabala» osatu dela uste du: «Aldaketa pila bat daude munduan, eta denei ahotsa jartzeko aukera emango digute gai jartzaileek». Hori erronka hartuta, ilusioz beterik dago. Aner Peritz, ‘Euzkitze’. JON URBE / FOKU Aner Peritz Manterola, ‘Euzkitze’ (Zarautz, Gipuzkoa, 2002) Udaberriaz geroztik ari da Peritz ere, eta luze samar egin zaio: «Uda izan da tartean, eta hor ere entrenatzen aritu gara; baina sorpresa onak ere izan ditut». Lortutako emaitza dela eta, pozarren dago: «Helburuetan, asmoetan eta ilusioetan banuen puntu bateraino iristeko nahia, eta dezente aurrerago iritsi naiz». Oro har, txapelketan «nahiko sentsazio ona» gailendu zaio. «Aukera ona dut pertsonalki; jarrera onean nator, ez diodalako neure buruari ezer exijitzen puntuazioan» ANER PERITZ, ‘EUZKITZE’ Bertsolaria Pozik dagoen arren, «dimentsioak, mediatizazioak eta mobida guztiak» beldurtzen duela esan du Peritzek: «Baina horren ifrentzuan, aukera ona dut pertsonalki; jarrera onean nator, ez diodalako neure buruari ezer exijitzen puntuazioan». Finalak emango dion aukera dakiena erakusteko eta nahi duena esateko aprobetxatu nahi du, baita ahalik eta hobekien pasatzeko ere. Ane Labaka. JON URBE / FOKU Ane Labaka Maioz (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1992) Aurreko Gipuzkoako Txapelketarekin alderatu du aurtengoa Labakak: «Orduko hartan udaberriaz geroztik aritu nintzen, eta oso luze eta gorabeheratsua egin zitzaidan». Agortuta iritsi zelakoan dago, eta, azkenerako, «egotea» izan zela helburua. Aurten, baina, beste talaia batetik ari da: «Udazkenean sartu naiz, motzago izan da beraz, eta ez hain gorabeheratsua». Bereziki pozik agertu da Oiartzungo finalaurrekoan egindako saioarekin: «Bost urte hauetako lanketaren lagin bat behintzat erakutsi dut. Finalean, egotetik harago, beste koska bat egin nahi nuke». «Bost urte hauetako lanketaren lagin bat behintzat erakutsi dut. Finalean, egotetik harago, beste koska bat egin nahi nuke» ANE LABAKA Bertsolaria Labaka «inoizko gertuen» sentitzen da egin nahiko lukeen helburutik, eta horri eutsi nahiko lioke: «Duela bost urte gaina hartu zidan txapelketaren dimentsioak, batez ere hasieran, eta aurten nahiko nuke hasieratik presente eta kontzienteago egon». Zortzikoak osatzen duen aniztasunaz, «argazki hori mugimenduan jartzeko eta elkarrizketarako» gogoa duela esan du. Alaia Martin. JON URBE / FOKU Alaia Martin Etxebeste (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) Bidea atsegina egin zaio Martini, bereziki Eibarren jokatutako finalaurrekoa: «Oroitzapen polita dut. Abiapuntua garrantzitsua da, eta presente sentitu nintzen, zertzeladaren batekin gustura, gainera». Zarauzko saioa dela eta, «tentsio handiagoa» sumatu zuen, baina «jolastu izanarekin pozik» agertu da, halere: «Elkarrizketa politak sortu ziren». Finalera begira, ilusio handia duela esan du: «Pribilegioa da hona iristea, baita zorte handia ere, sare bat behar baita horretarako, eta gauzek erdi ongi atera behar baitute norberak egin dezakeenetik kanpo ere». Haren irudiko, «intentsiboagoa» izan da bidea aurreko txapelketetan: «Hemen arnasa gehiago hartu dut tartean, eta beste modu batera egon nahi nuke oholtzan». «Pribilegioa da hona iristea, baita zorte handia ere, sare bat behar baita horretarako, eta gauzek erdi ongi atera behar baitute norberak egin dezakeenetik kanpo ere» ALAIA MARTIN Bertsolaria Zortzikoa «pozik egoteko beste arrazoi bat» iruditu zaio Martini: «Edozein ofizio edo elkarrizketa izango da aukera zerbait berezia sortzeko». Bestalde, Maider Arregi bertsolaria ekarri du gogora, «izugarrizko txapelketa» egin arren puntu baten faltan gelditu delako finaletik kanpo. Andoni Rekondo. JON URBE / FOKU Andoni Rekondo Izagirre (Hernani, Gipuzkoa, 1999) Udaberrian ekin zion txapelketari Rekondok. Haren ustez, luze jo du, baina ez nekagarri: «Nire kasuan, lehen aldia izateak eta espektatiba handirik gabe joateak deskubrituz joatearen sentsazioa eman dit». «Kasik umeen antzean» aritu dela ere nabarmendu du: «Elkartu, kantukide berriak ezagutu, geroz eta plaza handiagoetan jardun, horixe egin dut, eta, alde horretatik, ilusio handiz bizi dut azken urte hau». Saioak, berriz, «hobeto edo okerxeago» joan dira, eta orokorrean gustura dago egindakoarekin. Finalera begira, zera esan du, Peritzen gisan: «Nik ere lehentxeago bete dut nire espektatiba, eta, hortik aurrerakoa opari bezala jaso arren, ahal den hoberen egingo dut». «Nire kasuan, lehen aldia izateak eta espektatiba handirik gabe joateak deskubrituz joatearen sentsazioa eman dit» ANDONI REKONDO Bertsolaria Finalaurrekoa pasatu ondoren «lur hartzea kosta» egin zaiola aitortu du Rekondok, baina gogotsu agertu da «final bat zer den jakiteko». Elustondori begira, harekin kantatzeak ere motibatzen duela nabarmendu du: «Belaunaldi artekotasun hori plus bat da niretzat». Bestalde, egindako lanak «espero baino fruitu gehiago» eman izana «borobildu» nahiko luke finalean, ahalik eta saio ederrena eginez.
Albistegiei adi dagoela hartu du telefonoa PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko presidentetza kontseiluko kide Salih Muslimek (Kobane, Kurdistan, 1951). Beste eraso bat egon da Siriaren menpeko Kurdistanen: Turkiak babesten duen SNA Siriako Armada Nazionala talde armatuak eraso egin die kurduei. Igandean, Baxar Al-Assad Siriako presidentea erorarazi zuten matxino taldeek, Damaskon sartuz eta herrialdearen zati handi baten kontrola bereganatuz. SNA matxino talde horren barruan zegoen, baina talde horretan botererik handiena HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak du. Muslimek, baina, esan du kurduentzat gauzek ez dutela hobera egin. PYD Siriaren menpeko Kurdistango alderdi nagusia da. Al-Assadek herrialdetik ihes egin ostean, nola dago Siria? Azken bost hamarkadetan erregimen despotiko bat egon denez, Siriako herritarrek hura kentzea eta herrialdea demokratizatzea nahi zuten. Hori izan da 2011ko iraultzatik herenegun arte iraun duen egoeraren arrazoia. Arazoa da Al-Assad kargutik bota dutenak talde jihadistak direla. Hori dela eta, ezin dugu aurreikusi zer gertatuko den hemendik aurrera. Borrokan jarraitzen dute Kurdistango lurretan, eta SNAk eraso bortitz bat egin berri du Turkiaren zerbitzu sekretuen laguntzarekin. HTS zertxobait ezberdina da. Gaur egun hiri nagusiak kontrolatzen ditu koalizio jihadistak, baina ez dakigu zer gertatuko den. Ez dakit zenbat egingo duten Siriako herritarrak laguntzeko. Gainera, ez dut oso argi zenbat sinisten duten demokrazian eta zenbateraino emango dieten herritarrei parte hartzeko aukera. Zer estatu egitura izango du Siriak aurrerantzean? HTSk esan izan du prest dagoela nolabaiteko estatu federal bat sortzeko. Haien hitzak paper errea dira soilik, praktikan, orain arte, ez baitute horren aldeko ezer egin. Hitz politak erabiltzen dituzte, baina, iraganean egindakoa ikusita, ez dago itxaropenerako tarte handirik. Guk 2011tik ezagutzen ditugu, eta Estatu Islamikotik oso gertu daude. Gure artean ez dago zuzeneko harremanik, eta ditugun harreman gutxi horiek bitartekarien bidez dira. Beraz, ez da egongo aitortza autonomikorik Kurdistanentzat? Ez dakigu. Rojavako [Siriaren menpeko Kurdistan] herritar gehienek eta administrazioak berak uste dute aitorpen autonomiko horri esker Siriako antolaketa politikoaren arazoa konpon litekeela. Baina oraindik ez dakigu zenbateraino onartuko duten kurduon izatea eta Kurdistango herritarren proiektua. Hala ere, orain arte kontrolpean izan dituzten eskualdeei erreparatuz gero, ez dugu itxaropen handirik. SNAk izan dezakeen rolari dagokionez, Kurdistani nola eragingo dio Turkiak babestutako talde bat gobernuaren parte izateak edo hartan eragiteak? Kurdistango herritarrak borrokan ari dira Turkiaren aurka, ez soilik Rojavan, baizik eta Kurdistan osoan. Kurdistango herriarekin harremana duen edozer suntsitu nahi du Turkiak, eta herritarrek lortutako garaipen demokratiko oro eraitsi nahi du. SNA arazo bat da, Kurdistango herritarren etsaiak direlako. Gure aurka ari dira borrokan; hori da egungo egoera. Nola eraiki daiteke gerrarik gabeko Siria bat? Hainbeste urte gerran egon ostean, Siriako herritarrek —eta Kurdistangoek— askatasuna behar dute. Demokrazia behar dute, justizia. Horren bila ari gara denak; baina ez dut uste demokrazian eta giza eskubideetan sinesten ez duten horiek hori emateko gai izango direnek. Ikusteko dago Siriako herritarrek talde horien gobernua onartuko duten. Zer urrats egin behar dira orain helburu horiek lortzeko? Gu geure burua defendatzen hasi gara, gure herritarrak babesturik egoteko. Askotan esan dugu: negoziatzeko prest gaude. Talde denekin hitz egiteko prest gaude. Orain, haien esku dago gurekin elkarrizketa saio baketsu bat onartzea. Baina argi izan behar dute erasoz gero guk geure burua defendatuko dugula. Aurretik ere zuen esku zegoen Rojava. Beraz, zer aldatu da han igandetik? Alde batetik, Siriako erregimena kolapsatu ostean, gehienek alde egin dute, nahiz eta gure mugetan militar eta polizia gutxi batzuk geratzen diren. Errusiako zenbait soldadu ere badaude, baina horiek ere ihesean ari dira. Turkiaren babesa dute talde salafistek, eta haiengandik banatzen gaituzte muga horiek; orain erasoak izaten ari gara une oro, droneekin. Bestalde, Alepon [Siria] dauden talde horietako kideek gune kurduei eraso egin diete, eta, ondorioz, ehunka lagun hil. Ezin dugu zehatz jakin bertan zenbat jende dagoen, ezin garelako gerturatu. Baina, gure kalkuluen arabera, 120.000 kurdu daude. Horiek gure gune seguruetara eraman nahi ditugu, eta horretan ari gara orain. Hortaz, esan dezakegu aldaketa gutxi izan direla gurean.
Kamioi gidari bat hil da gaur arratsaldean errepidetik aterata. Istripua 17:40 aldera izan da, N-637 errepidean, Larrabetzu parean (Bizkaia). Jakinarazi dutenez, gidaria harrapatuta geratu da, eta, osasun langileak laguntzera joan badira ere, hantxe hil da. Istripuaren ondorioz, errepidea itxi behar izan dute noranzko batean.
Nor da Mohammad al-Golani, hamarkadatan Siria gobernatu duen Baxar al-Assaden erbesteratzea eragin duen matxinoen burua? Urte luzez Iraken eta Sirian Al-Qaedako buruzagi izandakoa jihadista moderatu eta pragmatiko gisa azaldu da azken orduetan, bere aurka egindako akusazio larriak ezkutatu nahirik nazioartearen aurrean. Alta, zalantza sortzen du HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeko buru militarrak zer norabide ezarriko duen, eta muturreko islamisten koalizioa baturik izango ote den. Abu Mohammad al-Golani, berez, gerra izen bat da. Atzean, Ahmed al-Txaraa izeneko siriarra ezkutatzen da —halaxe sinatu ditu azaroaren 27tik abiatutako oldarraldian idatzitako agiriak—. 1982an jaio zen Saudi Arabian, Riad hiriburuan. Bere aita ekonomista zen, eta herrialde horretako Petrolio Ministerioan egiten zuen lan. Alta, gerora, Damasko hiriburuko Mazzeh auzoan hezi zen. Medikuntza ikasketak egin zituen, baina ez zituen amaitu. Ekialde Hurbileko Middle East Eye albiste agentziaren arabera, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondotik egin zen jihadista. 2003an, AEB Ameriketako Estatu Batuek Irak inbaditu ostean, muga zeharkatu eta bertako Al-Qaedako adarrarekin bat egin zuen. Bertan atxilotu egin zuten, eta bost urte egin zituen preso —tartean, Abu Graib presondegian, non AEBetako indarrek presoak torturatu zituzten—. 2011ko martxoan, Udaberri Arabiarra deituriko matxinaden testuinguruan, Baxar al-Assaden aurkako matxinada hasi zuten Sirian, eta jaioterrira itzuli zen Al-Golani. Orduan sortu zuen Al-Nusra frontea, Siriako Al-Qaedaren adarra. Talde horrek oso metodo bortitzak erabili ditu Sirian egindako atentatuetan. Eraso suizida ugari egin zituen Siriako armadaren aurka. Orduan hartu zuen Abu Mohammad al-Golani gerra izena. 2021ean, PBS AEBetako telebista publikoari emandako elkarrizketa batean azaldu zuen izen horrek erreferentzia egiten diola Golango gainetan bere familiak dituen erroei: 1967an, Israelek ordoki hori bere gain hartu ondotik, eremua uztera behartu zuten aitaren sendia. AEBek ezarritako «terroristen zerrenda» barruan dago 2013tik, eta, 2017an, AEBetako Gobernuak prezioa jarri zion hari buruzko informazioa errazten zionari: hamar milioi dolar. Irakek aginduta, Al-Assaden gobernua erorarazi eta Sirian xaria —lege islamikoa— ezarri nahi izatea egozten zion garai hartan Washingtonek. Aro aldaketa 2016an loturak hautsi zituen Al-Qaedarekin, eta 2017an ekin zion Siria ipar-mendebaldean ziren indar islamisten HTS koalizioa sortzeari. Urteotan guztiotan, haren indarren mende egon diren lurretan, Idlib eskualdean, giza eskubideen aurkako eraso larriak egin direla salatu dute bertan bizi diren herritarrek eta giza eskubideen aldeko taldeek. Xaria inposatu dute, eta, kasurako, emakumeak harrika hil dituzte, eta euren arerioak erail. Nazio Batuen Erakundeak gerra krimen gisa izendatu ditu HTSk egindako hainbat ekintza. Orain, baina, herrialde oso bat dago haren indarren mende. Bere iraganak beldurra eragiten du Sirian bizi diren gutxiengoen artean, eta zalantza da nagusi Al-Assaden agintaldi luzearen ostean zer ekarriko duen etorkizunak. Al-Golanik berak onartu du HTSren banderaren azpian borrokatu dutenen helburu nagusia eta bakarra «Al-Assaden erregimena» eraistea zela. Hori eginda, gero zer etorriko den argitzea falta da, ordea.
HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak atzo hartu zuen Damasko, eta, hala, Baxar al-Assad Siriako presidentea kargutik kendu, eta amaiera eman dio 54 urte iraun duen erregimenari. Erregimen hori erori izanak are gehiago katramilatu du Ekialde Hurbileko egoera. Nazioartea mugitzen hasi da, eta, azken adierazpenei erreparatuz gero, susmoak daude ez ote den zilegitasuna ematen ari orain arte zerrenda beltzean zituen taldeei. Nola jarduten ari dira Al-Assaden aliatuak? 2011n erregimenaren aurkako mobilizazioak hasi eta Siria gerra zibil batean murgildu zenetik, bi izan dira Al-Assaden aliatu nagusiak: Errusia eta Iran. Moskuk babesa eman die Siriako presidenteari eta haren familiari, eta «gertakari lazgarri» gisa definitu du matxinoek azken egunetan Alepo eta Damasko hartu izana. Errusiak, baina, interes militar eta estrategikoak ditu Sirian: aireko base bat eta itsasontzientzako bat ditu Siriako kostaldean. Base horiei esker, Mediterraneorako sarbidea du Moskuk. Horiek gabe, baliteke Moskuk nazioartean duen garrantzia apaltzea. Hori dela eta, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek gaur adierazi du oraindik «goizegi» dela esateko base horiekin zer gertatuko den. Aipatzekoa da matxinoek darabilten hiru izarreko bandera jarri dutela Siriak Moskun duen enbaxadan, eta Londresen duen enbaxadan ere bai. iFrameResize({ log: true },’#siriaAbendua’); Irani dagokionez, Teheranek baieztatu du harremanetan jarri dela Siriako presidentea bota duten matxinoekin. Al-Assad gabe, geroz eta aliatu gutxiago geratzen zaizkio Irani eskualdean; are gehiago kontuan izanda bere babespeko miliziak —Hamas eta Hezbollah, batez ere— Israelen aurkako erasoaldietan murgilduta daudela. Bide beretik, Hamasek Siriako matxinoak zoriondu ditu ohar baten bidez, «askatasuna» lortzeagatik. Zer gertatuko da aurrerantzean Israelen eta Siriaren artean? HTSko buruzagi Abu Mohammad al-Golaniren familiak Golango gainetatik ihes egin behar izan zuen Israelek lur horiek okupatu (1967) eta bereganatu ostean (1981). Hori dela eta, ikusi beharko da gobernu berriak zer jarrera izango duen Israelekin; hau da, Al-Assadek legez Tel Aviven aurka egingo ote duen, edo harremanak estutuko dituen, Mendebaldearen oniritzia lortu ahal izateko. Israel, hala ere, hasia da mugimenduak egiten. Israelgo armadak hainbat eraso egin ditu gaur Siriako «arma sistema estrategikoen» aurka. Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek Jerusalemen egin duen agerraldian jakinarazi duenez, «Israelgo herritarrak babestuta egotea ziurtatzeko» egin dituzte eraso horiek. Gainera, militarren presentzia areagotu egin dute Golango gainetan. Zer ondorio izan ditzake Turkiarentzat? Siriako gerra zibilak hainbat ondorio izan ditu Turkian: horietan nabarmenetako bat da hiru milioi errefuxiatu inguru heldu izana azken hamar urteetan, gerratik ihesi. Behin Al-Assad kargutik botata, Ankarak iritzi dio errefuxiatu horiek sorterrira itzul daitezkeela. Horrez gain, Turkiaren babespean dagoen SNA Siriako Armada Nazionala gehienbat kurduen milizien kontra ari da borrokan. Hortaz, SNA gobernura heltzeak beste onura bat ere izan dezake estatu horren interesentzat: izan ere, Siriaren menpeko Kurdistanen de facto agintean den SDF Siriako Indar Demokratikoa koalizioak kontrolpean du Siria ekialdea, eta horrek Turkiaren menpeko Kurdistanen duen eraginaren beldur da Ankara. Hortaz, espero du SNAren bidez SDFren boterea murriztea. Zer jarrera du Mendebaldeak HTSrekin? HTS da Al-Assaden erregimena erorarazi duten matxinoen artean pisu handiena duena. Al-Qaeda talde islamikotik eratorritako indarra izanik, nazioarteak —batez ere Mendebaldeak— neurriak hartu izan ditu haren aurka. Herrialde askok «talde terroristen» zerrendetan zuten HTS. Damaskora heldu eta gobernu berriaren kontrola izango duela dirudien honetan, ordea, ematen du taldeari buruzko iritziak aldatzen ari direla. Erresuma Batuak, esaterako, ez du baztertu Sirian ezarriko duten gobernu berriarekin harremanak izateko aukera. Pat McFadden Erresuma Batuko Gobernuarteko Harremanetako ministroak esan du aukera dagoela «debekatutako taldeen» zerrendatik kentzeko. Sky News telebista katean egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, taldeak «hemendik aurrera izango duen jarreraren arabera» hartuko dute erabakia. Beraz, Al-Assad boteretik aldendu dutenez gero, badirudi Mendebaldea prest dagoela HTSkoek orain arte izandako jarrera ahazteko eta taldeari aukera bat emateko.