Alaves eta Barakaldo Kopatik at geratu dira, eta Realak…
Lehiaketa sistema aldatu zenetik, Espainiako Kopako lehen kanporaketetan beti izaten dira ezusteak. Alaves, Osasuna eta Reala atzo Vila-real eta Girona kanpoan geratu zirela jakinda zelairatu dira. Arabarrek, ordea, ezin izan du ezustea saihestu. Eduardo Coudetek ez du oroitzapen gozoa izango Alaves zuzendu duen lehen neurketa. Izan ere, Deportivo Minerak kanporatu du penaltietan. Partida osoan kontrakarrean aritu da, eta etxeko taldea bitan jarri da aurretik. horietako bat luzapenean. Deportivo Minerak minutu gehiagotan izan du jokoaren ekimena, eta gehiago bultzatu du. Kike Garciaren bi goli esker, hala ere, penaltietan erabaki da kanporaketa. Hor ere ez da fin aritu Alaves. Izan ere, Adbek eta Protesonik euren penaltiak huts egin dituzte, eta etxekoek jaurti dituzten denak sartu dituzte. Hemendik aurrera arabarrek Ligan jarri beharko dute arreta osoa. Coudetek lan dezente du aurretik, taldea beheko postuetatik aldentzeko. Horretarako lehen aukera igandean izango du, Osasunaren aurkako derbian. Osasuna asko sufrituz sailkatu da, Ceutaren aurka. Horren seinale, Vicente Morenok zuzentzen duen taldea 2-0 ari zen galtzen 84. minutuan. Eta hurrengo 10 minutuetan kanporaketa irauli du. Budimirrek (84. min.), Raul Garcia de Harok (87. min.) eta Redruk bere atean sartu dituzte golak (93. min.). Etxekoak hobeto hasi dira, eta ekimena haiena izan da lehen mintuetan. Osasuna baloi luzeen bidez ahalegindu min egiten, baina Ceuta ondo jarrita zegoen berdegunean, eta gorritxoak minutuan igaro ahala deserosoago sentitu dira. Hala, 41 minutuan, etxekoek gola egin dute. Bigarren zatiari estutuz ekin diote nafarrek, eta 52. minutuan epaileak baliorik gabe utzi du Raul Garcia de Harok sartutako gol bat, jokoz kanpo zegoelako. Osasuna argitasuna gattzen joan da, eta kanporaketa zailtzen ari zela kontuan hartuta Vicente Morenok Aimar Oroz eta Ante Budimir zelairatu ditu. Baina are maldan gorago jarri zaio Ceutak, kontraeraso batean gola egin duenean.Bikaina izan da Ruen Diezek sartutako gola. 20 minutu falta ziren neurketa amaitzeko. Bihotzarekin baino gehiago, Osasunak aurrera egin du eta azkenean 10 minututan emaitzari buelta eman, eta hurrengo knaporaketan izango da. Realak partida oso grisa jokatu du Cuencan. Lehen 20 minutuetan hainbestean aritu ostean, hortik aurrera, balio jabetza izan, baina apenas sortu duen arriskurik. Baloiari ezin izan dio erritmorik eman, eta ia ezin izan du zuzen jokatu. Conquense pare bat aldiz gerturatu da Marreroren atera, baina atezainak bi gelditu on egin ditu. Bigarren zatia bide beretik joan da, eta minutuak aurrera joan ahala, eta besteak besteak zelaiaren egoera tarteko, neurketa trabatzen joan da. Pare bat geldikako jokalditan baino ez da gerturatu Conquenseren atera talde txuri-urdina. Argitasunik gabe aritu da. Azkenean arauzko denbora 0-0 amaitu da. Horrenbestez, luzapenean erabaki behar izan du Realak neurketa. Hura hasi eta minutu batera sartu du gola Brais Mendezek, Sergio Gomezen pase on bat jaso, eta atzetik etorrita erremate ona egin du arearen balkoitik. Baina oraindik 29 minutu zituen aurretik. Gola kolpea izan da etxekoentzat. Hasiera batean Conquenseren atera gerturatu da Reala. Baina berriro ere arauzko denborako jokora itzuli da, baloia izanda, baina arriskurik sortu gabe. Hala, 0-1ekoarekin ezin lasai egon. Epaileak txistua jo zuzenean hartu ahala izan zuten arnasa Realeko jokalariek, eta zaleek. Izan ere, 118. minutuan Conquensek aukera argi bat izan du gola egiteko, eta neurketa etxekoen aldekoen korner batekin amaitu da. Asteleheneko zozketan izango ez dena Barakaldo da. Izan ere, 1-2 galdu du Racing Ferrolen kontra Lasesarren. Hala, zapuztu egin zaio hurrengo kanporaketarako sailkatu eta Lehen Mailako talde baten kontra jokatzeko ametsa. Pena izan da, Galiziako taldeak 85. minutuan sartu baitu gol erabakigarria. Partida lehiatua izan da, eta Barakaldo hobeto hasi da, eta saria jaso du 18. minutuan, Luis Bilbaok gola sartu baitu. Hurrengo minutuetan Imanol De la Sotak zuzentzen duen taldeak jokoaren ekimena izan du. Baina Beberen gola iritsi da Galiziako taldearentzat. Hortik atsedenaldira bitarte, partida asko parekatu da, eta abiadura galdu du. Hala, banakoarekin amaitu da lehen zatia. Bigarrenean bisitariak hobeto hasi dira, baina pixkanaka Barkaldok indarrak parekatzea lortu du, eta neurketa luzapenera zihoala zirudiienean iritsi da Racing Ferrolen bigarren gola, eta hala amaitu da norgehiagoka. Astelehenan egingo da hurrengo kanporaketako zozketa, eta Osasunarekin eta Realarekin ekin batera Athletic ere zozketan egongo da, Espainiako Superkopa jokatzeagatik lehen bi kanporaketetatik salbuetsita geratu ostean.





