Euriborrak % 2,5ean itxi du 2024ko azaroa, 2022ko irailetik tasarik txikienean. Iazko azaroarekin alderatuta, 1,5 puntuko jaitsiera da. Batez beste urtean 1.600 euro aurkeztu ahalko dute hipoteka aldakorra duten pertsonak.
Berebiziko garrantzia daukan garaipena lortu du Realak, Anoetan. Hamasei partida zeramatzan Ajaxek galdu gabe, eta lehen zatian txuri-urdinak baino hobeak izan diren arren, esku hutsik itzuliko dira etxera. Take Kubo izan da Realaren izarra: hark eman dio Barrenetxeari lehen golaren pasea, eta berea izan da 2-0ekoa. Zazpi puntu ditu orain Realak, eta hiru puntura dauka zortzigarren postua. Realak gogotsu ekin dio lehiari. Imanol Alguacilenek argi zuten partidako plana: presioa oso goian egitea eta Ajaxi baloiaren jabetza kentzea. Baina Ajaxek berehala erakutsi du txuri-urdinen akats bakoitza zigortzeko asmoa, eta donostiarren alarma guztiak piztu ditu lehen hamar minutuetan. Brobbeyk bi aldiz barkatu du ate aurrean. Lehen aukeran oso gaizki aukeratu du Remiroren aurrean bi baten aurka gelditu diren unean. Eta bigarrenean, zutoinera bidali du baloia dena alde zuela. Akats larria egin du Sucicek baloia jokatzerako unean, eta bakar bakarrik gelditu da aurrelaria Remiroren atean. Une horretatik aurrera, partidari neurria hartu ezinda aritu da Reala. Ajax erosoago aritu da lehen zatian, eta arriskuarekin iritsi da Remiroren area ingurura. Reala, berriz, tantaka-tantaka gerturatu da beste areara; hegaletatik ahalegindu da gehienbat, Take Kuborekin eta Beckerrekin. Baina hegalekoen erdiraketek ez dute errematatzailerik aurkitu. Gainerakoan, baloia bereganatu bai, baina Ajaxen defentsako lerroak gainditu ezinda ibili da Reala. Amsterdameko taldeak presio ona egin du, eta Zubimendiri ez diote partidan sartzen utzi. Hargatik aritu da noraezean Imanolen taldea, iparrorratza aurkitu ezinda. Ajaxek bereari eutsi dio, eta beste hainbat aldiz iritsi da Remiroren ate ingurura. Hala ere, markagailuan aurreratzeko aukera paregabea izan du Realak atsedenaldia iritsi aurretik. Ondo ulertu dute elkar Kubok eta Beckerrek, eta Surinamekoaren erdiraketa Oiartzabali iritsi zaio, area txikian. Eskuinarekin egin beharreko errematea zen, baina ezkerrez egin nahi izan du Eibarko aurrelariak, eta kanpora joan zaio baloia. Kuboren errebeldia Atsedenalditik bueltan hobera egin du txuri-urdinek. Take Kubo izan dute itsasargi, japoniarraren buruz-buruko jokaldietan topatu baitute min egiteko bidea. Haren ekinak Anoetako harmaila ere piztu du, eta taldeak nabaritu egin du. Azkenean, haren erdiraketa baten ostean iritsi da lehen gola; bat-bikoa egin du Arambururekin, eta japoniarraren erdiraketa Barrenetxeak bidali du sareetara. Zelairatu berria zen donostiarra. Kubok desorekatu du balantza txuri-urdinen alde, baina aldaketek ere izan dute zerikusirik. Imanolek Turrientes, Aramburu eta Barrenetxea zelairatu ditu, eta hirurak izan dira garrantzitsuak txuri-urdinen hobekuntzan; azken biak batez ere. Ajaxek, berriz, behera egin du aldaketekin. Zenbait jokalari Amsterdamen gelditu dira, ondoezik, eta Brobbey aurrelariak min hartu du lehen zatian. Hala, minutu gutxiago jokatzen dituzten jokalariak zelairatu ditu Fariolik. Kuboren erakustaldiak, ordea, ezin zuen golik egin gabe amaitu. Buruz-buruko jokaldi bikaina egin du eskuin hegalean eta bi aurkari atzean utzi ostean egin du errematea. Aurkari baten gorputzean jo ondoren sartu da baloia Pasveerren atean, eta zoramena piztu da Anoetan. Hurrengo jokaldian aldatu du Imanolek, eta zutik agurtu dute zaleek, txalo zaparrada batekin. REALA-AJAX Reala. Remiro; Aritz (Aramburu, 45. min.), Zubeldia, Aguerd, Aihen; Zubimendi, Brais Mendez, Sucic (Turrientes, 45. min.); Becker (Barrenetxea, 65. min.), Take Kubo (Sergio Gomez, 86. min.) eta Oiartzabal (Sadiq, 87. min.). Ajax. Pasveer; Rensch, Sutalo, Youri Baas, Jorrel Hato (Wijndal, 74. min.), Berghius (Van den Boomen, 65. min.), Henderson; Kian Fitz-Jon (Hlynsson, 74. min.), Chuba Akpom, Bertrand Traore (Jaydon Banel, 65. min.), Brobbey (Rasmussen, 34. min.). Golak. 1-0. Barrenetxeak (68. min.). 2-0. Take Kubok (85. min.).
Gertatuko zenaren zain zegoen jendea, baina arratsaldea uste baino lasaiago joan da. Ajax Herbehereetako futbol taldeko 1.925 zalek zuten futbol zelaira sartzeko aukera, eta, istilu txikiak jazo diren arren, ez da apartekorik gertatu. Zale asko eta asko futbol zelai inguruko tabernetan egon dira, realzaleekin bat. Hori bai, ezusteko bat izan da arratsaldean. Ajaxen zaleek geratuak ziren Kursaal parean, handik zelaira batera joateko, baina entzungor egin diote Ertzaintzaren aholkuari, eta ez dira azaldu; beste ibilbide alternatibo bat egin dute Amara Berri auzora heltzeko. Hori dela eta, zaleak sakabanatuta ibili dira, eta Ertzaintzaren kontrolik gabe. Halaber, Ertzaintzak egin beharreko zaintza zaildu du. Partidaren atarian, Federico Garcia Lorca kalean, Ertzaintzak oldarraldi bat egin du hirurehun bat zaleren kontra. Ertzaintzaren arabera, Ajaxen zaleek gordeak zituzten makila batzuk atxiki dituzte. Oraingoan, ez zituzten partida dela-eta Amara Berriko eskolak eta kirol zentroak lehenago itxi —beste batzuetan baino beranduago izan zelako norgehiagoka—, baina 16:00etatik aurrera trafiko mozketak izan ziren zelai inguruan, eta Amarako 32 tabernak 15:00etan jaso behar izan zituzten terrazako mahaiak, udalak orain astebete ohar batean jakinarazitako agindu bati jarraikiz. Halere, Xabier Berridi Amara Berri auzo elkarteko kidea kexu da horrelako partidek kalte handiak eragiten dituelako auzoan: «Etxean egon, ez aparkatu, ez etorri…». Haren ustez, udalak eta Realak «halakoak gelditzeko ardura» hartu behar dute. Auzo elkarteko kideen kexetara batu dira beste zenbait eragile. Gehienak realzaleak direla zehaztu du Berridik: «Eta ni ere realzalea naiz, irabaztea nahi dut eta Txapeldunen Ligara heltzea». Baina, aldi berean, esan du aspertuta daudela futbolarekin: «Realak irabazten badu, horrelako partida gehiago izango ditugu, eta ezin dugu halakorik jasan hemen». Liskarrak tarteko Europa ligan jokatu diren beste partidetako liskarrak tarteko, Realeko arduradunek eta Eneko Goia Donostiako alkateak berak esan zuten nahiago zutela Ajaxen zaleei partidarako sarrerarik ez saltzea, hain zuzen gerta litezkeen liskarren beldur. Baina UEFAk sarrerak saltzera behartu zituen talde txuri-urdineko arduradunak. Hain zuzen, Goiak UEFAri leporatu dio «entzungor» egin izana, eta «jarrera eraikitzailea ez izatea» egotzi dio, zale batzuek eragin dezaketenaren inguruko kezka agertuta. Urrian, Bruselako Anderlecht taldearen zaleak izan ziren Donostian. Bizilagun batzuek adierazi zuten egun hartan etxetik ateratzeko «beldur» izan zirela zale horien jarrera dela medio, Berridi auzo elkarteko kideak aitortu duenez. Futbol partida bitartean istiluak eragin zituzten: objektuak bota zituzten zelaira, aulkiak hautsi zituzten, eta bost pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak. Berridik gehitu du, halere, kanpokoak ez direla istilu eragile bakarrak, eta esan du auzokideek Realaren zaleekin ere arazoak dituztela «partida guztietan», zaratarekin edo zikinkeriarekin: «Gaur egun, partidak ez dira soilik igandeetan, arratsaldeko bostetan; orain, aste barruan ere izaten dira».
Hegaka dabil Athletic Europan. Sei urtetik gora baziren kontinente zaharreko lehiaketa batean parte hartzen ez zuela, eta ez da alferrik itzuli. Europa ligako bosgarren jardunaldian Elfsborgi eroso irabazi ondoren, sailkapen nagusiaren goiko muturrean kokatu baitira zuri-gorriak, hamahiru punturekin. Ernesto Valverdek ohartarazia zuen partida garrantzitsua zela zinez, irabazteak saria berarekin zekarrelako: lehen zortzietan sailkatzeko urrats garrantzitsua egitea, alegia. Bada, bide horretan, pauso handia eman du taldeak. Hasi eta buka, hankapean izan du Suediako taldea, eta lehen zatian bertan bideratu ditu lanak, Adama Boirok eta Pradosek sartutako golei esker. Hortik aurrera, beste patxada batekin jokatu du taldeak, eta bigarren zatian Guruzetak biribildu du festa. Hala, lehen fase luzea amaitzeko hiru jardunaldi falta direla, etxeko lanak ongi aurreratuak ditu Athleticek. Hasierako hamaikakoan aldaketa gehiago egon zitezkeela aurreikusi arren, Valverdek ohiko jokalarien alde egin du. Izan da berritasun nabarmen bat: Unai Simonena. Lau hilabetez min hartuta egon ondoren, denboraldiko lehen minutuak jokatu ditu atezainak. Ez du batere lanik izan, ordea. Lehen minututik bertatik bistaratu da talde bakoitzaren plana: Athleticek, etxean jokatzen duen partida guztietan bezala, baloia oinetan izan eta erasora jokatzea izan du xede; Elfsborgek, berriz, atzean bosteko lerroa eraiki eta defentsan aritzera mugatu du bere jokoa. Suediako taldeak ongi itxi ditu espazioak atzean, baina Athleticek estrategia jokaldi batean egin du 1-0ekoa. Bosgarren minutuan, Nico Williamsek kornerra atera, Guruzetak baloia penalti puntura bideratu eta Adama Boirok sartu du gola, ezker oinarekin. Atzelariaren lehen gola izan da Athleticekin. Golak ez du lehiaren gidoirik batere aldatu, eta bere horretan jarraitu dute bi taldeek. Patxada eta pazientzia izan ditu bidelagun Athleticek, eta Valverdek hala aginduta, bi hegaletatik iritsi da aurkariaren ate ingurura. Nico Williamsek bereak eta bi egin ditu ezkerretik, eta haren oinetatik iritsi da bigarren gola. Bi anaietan gazteenak jokaldi aparta osatu du, futbolean oso jokalari gutxiren esku dagoen jokaldia, eta haren erdiraketari errematea jarri dio Pradosek, atzetik aurrera bikain eginda, buruz, 24. minutuan. Bi golez atzetik joan arren, Elsfborgek ez du gaitasunik izan Unai Simonengana arrimatzeko ere. Defentsako alorrean ederki jardun dute Pradosek berak eta Galarretak zelai erdian. Aldaketak, inoizko goizen Bigarren zatiari begira, intentsitate eta elektrizitatearekin zelairatu da berriro Athletic, partida ahalik eta lasterren erabakita uzteko helburuarekin. Pentsatu eta egin. Adama Boirok bikain eraman du baloia bularrarekin, aparteko jauzia eginda, eta hark jarritako erdiraketa maisuki bideratu du sareetara Guruzetak, 52. minutuan. Yurik azken orduan utzitako hutsunea ederki bete du Adamak, bikain erantzun baitio Valverderen konfiantzari. Behin 3-0ekoa eginda eta neurketa amaitzeko minutu asko falta arren, aldaketak egin ditu entrenatzaileak, batez ere jokalari garrantzitsuenei atsedena emateko asmoz. Hurrenez hurren, Iñaki Williams, Galarreta, Sancet eta Nico Williams kendu ditu 52. eta 56. minutuetan, eta beste lau jokalari zelairatu ditu: Berenguer, Ander Herrera, Nico Serrano eta Unai Gomez. Azken lau jokalari horiek taldean aritzeko gai direla erakusteko baliatu dute jokatutako denbora, baina partidak ez du askoz gehiagorako eman. Heldu eta sendo eutsi dio aldeari Valverderen taldeak. Nahierara izan dute lehia kontrolpean zuri-gorriek, eta eskertuko dute, maratoi moduko bati aurre egin beharko baitiote datozen hiru asteetan. Hasteko, Rayo Vallecano bisitatuko dute igandean. ATHLETIC-ELFSBORG Athletic. Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes, Adama (Lekue, 75. min); Prados, Galarreta (Herrera, 57. min); Williams (Berenguer, 56. min), Sancet (Unai Gomez, 63. min), Nico Williams (Nico Serrano, 63. min); eta Guruzeta. Elfsborg. Petterson; Holmen, Ibrahim (Ouma, 46. min), Henriksson; Hedlund, Besfort Zeneli (Holten, 72. min), Baldursson, Hult; Qasem (Kaib, 72. min), Baidoo (Yegbe, 72. min) eta Arber Zeneli (Rapp, 46. min). Golak. 1-0. Adamak (6. min). 2-0. Pradosek (24. min). 3-0. Guruzetak (53. min).
Euskal Herriaren hogei urteko ibilbide sozioekonomikoaz aurkeztu duen txostenean, euskal gizartearen heziketa maila nabarmendu da; 25-64 urteko biztanleria bigarren tokian dago EB27ko goi-mailako heziketa rankingean.
Langileek ordaindutako lau eguneko baimena hartu ahal izango dute klimarekin loturiko muturreko gertakarien aurrean, DANA kasu, eta egoerak hala eskatzen badu, baimen hori luzatu ahal izango dute.
«Exijenteak izango gara, baita geure buruarekin ere». Aurrean dituzten erronkei aurre egiteko autogobernuan sakondu beharra dagoela azpimarratu du Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Madrilen, Pedro Sanchez Espainiako presidentearekin egin duen bileran. Bi orduz, hainbat gai jorratu dituzte bi agintariek, euren gobernuetako hainbat ordezkarirekin batera . Horien artean, hitzartu dute kostaldearen kudeaketa eta zinemaren babeserako funtsa eskualdatzea. Abenduaren 16an gauzatuko da, Transferentzien Batzorde Mistoaren bileran. Lehena, kostaldearen ordenamendua izango da. Behin transferentzia eginda, EAEko administrazioaren esku egongo dira kostaldeko bideen, eraikinen eta orotariko azpiegituren —argindar eta komunikazio lineak eta proiektuak, portuak, zubiak— eraikuntzei baimen administratiboak ematea eta zigor prozedurak irekitzea. «Eskumen horrekin, modua izango dugu trantsizio energetikorako giltzarri diren proiektuak bultzatzeko, hala nola aerosorgailuak eta argindar sareak edo arrantzarako egitasmoak», azaldu du Pradalesek, bilera amaituta. «Egungo egoerak eta etorkizuneko erronkek agerian uzten dute autogobernua hobetu beharra dagoela. Esku artean ditugun ahalmenak berritu, zabaldu eta hobetu behar ditugu» IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Zinematrografia babesteko funtsarekin, berriz, «kulturgintzan Gernikako Estatutua bete» dela esan du. Haatik, Eusko Jaurlaritzak ez du hor amaitu nahi, eta Sanchezen inbestidurarako hitzartutako akordioaren barruan, hurrengo paketea hitzartzea espero du. Aurreratu dute urte amaierarako espero dutela akordioa lortzea: besteak beste, meteorologia, itsas salbamendua, Barakaldon den Makineria Egiaztatzeko Zentroaren kudeaketa, eta atzerritarren lan baimenen kudeaketa. Zehaztu du bi gobernuen konpromisoa dela negoziazioak azkartzea, eta urte amaierarako «ahal den guztia» ixtea. «Daukagun egutegiari erantzun positiboa emango genioke». Lehendakariak esan du bi gobernuetako lantaldeek hilabeteak daramatzatela transferentzia horiek negoziatzen, eta «azken ukituak» baino ez direla falta. Lehen bloke hori ixtean, datorren urtean ekingo diote gainerako eskumenen transferentziari. Lantalde handia 17:00etan, Madrilgo egoitzan hartu du Pedro Sanchezek Imanol Pradales. Bilera «tonu onean» izan dela nabarmendu dute. Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuko Administrazioaren arteko lankidetza batzordearen bilera izan da. Bi agintariez gain, bi gobernuetako ordezkariak izan dira bilkuran. Eusko Jaurlaritzaren aldean, Ibone Bengoetxea lehendakariorde lehena; Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua; Ibone Bengoetxea lehendakariorde lehena; Mikel Iriondo Koordinazio eta Komunikazio Sozialeko idazkari nagusia; Iñaki Alonso Ogasun sailburuordea eta Begoña Perez Autogobernuko zuzendaria. Madrilgo gobernuaren ordezkari gisa, mahaiaren beste aldean eseri dira Angel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroa, Arcadi España Lurralde Politikako estatu idazkaria; Pilar Cancela Migrazio estatu idazkaria, Fernando Sampedro Europako Batasuneko estatu idazkaria… Haien guztien profilak profilak aditzera ematen du bilkuran jorratu diren gaiak: hala nola, euskararen ofizialtasuna Europako Batasunean edo Migrazio politikak, besteak beste. Transferentzien gaurko bileran, bi gobernuetako ordezkari andana elkartu dira, gobernuburuez gain. KIKO HUESCA / FOKU Urrian ziren bi agintariak biltzekoak, baina hasiera batean azaro hasierara atzeratu zuten hitzordua. Haatik, Valentziako gertakarien ondorioz, beste behin atzeratu behar izan zuten bilera. Oraindik esku aldatu gabeko eskumenen egoeraz harago, bi lurraldeen arteko harremanaren izaerari bera erreparatu nahi izan dio Pradalesek. 19:50ean, komunikabideen aurrean atera da Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, eta azpimarratu du «lehen aldia» dela bi agintariak lankidetza batzordearen baitan biltzen direla. Bere ustez, «egungo egoerak eta etorkizuneko erronkek agerian uzten dute autogobernua hobetu beharra dagoela. Esku artean ditugun ahalmenak berritu, zabaldu eta hobetu behar ditugu». Migrazioa eta euskara Gernikako Estatutuan oraindik bete gabe dauden eskumenez harago, beste hainbat gai nagusi jorratu dituzte. Adibidez, Europako Batasunean euskararen ofizialtasuneranzko urratsak egin dituztela azaldu du Pradalesek. Gaelikoarekin egin zen bezala, Madrilek konpromisoa hartu du Europako Batzordearekin lantalde bat sortzeko, eta bertan parte hartuko luke Jaurlaritzak. Migrazio politikei dagokienez, Pradalesek zehaztu du «erreminta propioak» behar dituztela. «Azken hamar urteetan 100.000 pertsona migratzaile heldu dira Euskadira, eta gero eta indar handiago hartuko du joerak. Estatu espainiarraren iparraldeko muga gara». Etorkizunean erronka horri aurre egiteko, migrazio estrategia bat behar dela azaldu du, «giza eskubideak aintzat hartuz eta Europarekin bat». Horri loturik, nabarmendu du Espainiako Atzerritarren legea aldatu beharko litzatekeela migrazio arloan eskumen gehiago izan ditzan EAEk. Bitxikerien artean, gazteleraz egindako galdera bati erantzutean Pradalesi euskarazko gardentasun hitza etorri zaio burura, eta gaztelerazkoaren hitza ahoskatu dio bertan zen kazetari euskaldun batek. Bere ondotik, Angel Victor Torres Lurralde Politiketako ministroak hitz egin du, eta ez diote galdera bakar bat egin bileraz. Espainiako politikan gaur nagusi diren polemikek bereganatu dute kazetarien arreta. Santanderko bileran egoteko asmoa du Pradalesek Abenduaren 13an, autonomia erkidegoetako gobernuetako presidenteak bilduko dira Santanderren. Bertan egoteko asmorik duen galdetuta, Pradalesek erantzun du «prest» dagoela. Dena den, egun berean, Eusko Legebiltzarrean kontrol saioa dago, eta ordutegia finkatu gabe dagoenez, biak uztartzea posible izanez gero, Santanderren egoteko asmoa du. «Gai garrantzitsuak landuko dira, eta Euskadiren interesak defenditu behar dira toki guztietan».