Nafarroan, Iruñerriko Mankomunitateak % 60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu puntako orduetan, eta % 40, berriz, bidaiari gutxiago ibili ohi den ordu-tarteetan. Greba bertan behera utzi dute merkantzien garraiolariek.
Sufritutako garaipena eskuratu du Athleticek San Mamesen Slavia Pragaren aurka 1-0 irabazita. Txekiarrek behin eta berriro eraman dute arriskua zuri-gorrien atera, baina Julen Agirrezabalak aparteko partida jokatu du. Sei geldiketa egin ditu guztira, eta atea kisketaz itxi du. Nico Williamsek egin du gol bakarra, zorte apur batekin. Partida hasiera nekeza izan da Athleticentzat. Bisitariak esne mamitan iritsi dira azken hamazazpi partidetatik bakarra galduta, eta joko lotsagabea erakutsi dute San Mamesen. Indartsu atera da Slavia, espero bezala. Presio itogarria egin diete atzelari zuri-gorriei, eta ahalik eta lasterren jokatu dute erasoan, behin baloia lapurtutakoan. Haienak izan dira lehen aukerak. Julen Agirrezabalak txekiarren gola saihestu du Michezen erremateari erantzunda, eta Dioufen burukada gutxigatik joan da kanpora. 15. minutua zen, eta sufritzen ari zen Valverderen taldea. Hala ere, zuri-gorriak aurreratu dira markagailuak. Txekiarrak bezalaxe, Athletic ere une gozoan dago, eta zortea ere alde daukala dirudi. Banakako jokaldietan oinarritu da behetik gora egiteko, eta ezer gutxi eginda lortu du markagailuan aurreratzea. Baloia areatik gertu lapurtu du Athleticek, eta area ertzean iritsi zaio Nicori. Kontrol ona egin du, eta bere jaurtiketa sareetara joan da atzelari baten gorputzean jo ostean. Erremateak ez zeukan arrisku handiegirik, baina guztiz desbideratu egin da baloia. Bost minutu lehenago Iñaki Williamsi egindako penalti bat ikusi du epaileak, baina VAR-ean ikusi ostean, baliorik gabe utzi du, Gorka Guruzetaren falta bat tarteko. Bisitariak, ordea, ez dira kikildu, eta ez dute jokamoldea aldatu. Hegalak baliatu dituzte abiadura bizian erasotzeko, eta gertu izan du berdinketaren gola Michezek. Lehendabizi, buelta erdian egin du errematea lehen zatiaren azken minutuan, baina Agirrezabalak bikain erantzun dio. Bigarren zatia hasi eta berehala ere abagunea izan du Michezek berak, baina Agirrezabala agertu da, beste behin. Gipuzkoarra izan da zuri-gorrien jokalari onena, ezbairik gabe. Aldaketekin, lasaitasuna Slaviak berdinketaren golaren bila egin du aurrera, eta Tomas Chory bi metro luze den aurrelaria zelairatu du Jindrich Trpisovskyk. Berehala erakutsi ditu bere dohainak, eta gola egiteko zorian izan da. Falta jaurtiketa bat errematatu du buruz, baina hankekin atera du Agirrezabalak, gaueko protagonistak. Valverdek argi ikusi du arriskua, eta aldaketak egin ditu. Zelai erdia indarberritu du, eta baloi jabetza bereganatu dute zuri-gorriek. Lesiotik itzuli berria den Oihan Sancet oso garrantzitsua izan da lan horretan. Nafarra izan da iparrorratza azken minutuetan, eta haren sarrerarekin baloia gorde du Athleticek. Zaleen hauspoa lagun, ondo eutsi dio emaitzari Athleticek, eta dagoeneko zazpi puntu eskuratu ditu Europa ligako lehen hiru jardunaldietan.
Azken asteetako hobekuntzari jarraipena eman dio Europan Realak. Orain arte jokoan izandako bi partidetan puntu bakarra eskuratu ondotik, premia gorrian ziren txuri-urdinak, eta ez dute hutsik egin Maccabi Tel Aviv taldearen aurrean, Belgraden. Merezita eskuratu dute Europa ligako estreinako garaipena, Pachecoren eta Sergio Gomezen golekin. Hasi eta buka, jokoan nagusi izan da Imanol Alguacilen taldea, eta pazientzia eta lanari esker, hiru punturekin egin du etxerako bidaia. Egutegiari erreparatuta, zinez garrantzitsua zen irabaztea, talde apalago baten aurka huts egiteak alarma gorria pitz zezakeen eta. Bada, irabazi ez ezik, itxura ere ona eman dute txuri-urdinek, eta, azken hatsean Maccabik gola sartu arren, garaipenak ez die ihes egin donostiarrei. Zelaira atera orduko, egoera arrotza topatu du guztiz taldeak. Ezohikoa eta hotza, are gehiago Europako partida batean. Izan ere, harmailak ia hutsik direla jokatu dute txuri-urdinek. Hotz handiagoa sumatu dute Donostiatik joandako ehun zaleek Maccabikoek baino. Hoztasun horrek eraginda edo, partidari neurria hartzea kosta egin zaie hasieran. Zelaia ere motel topatu du Realak, eta zailtasunak izan ditu baloia azkar mugitzeko. Denborak aurrera egin ahala, dena den, hobera egin du Realaren jokoak. Baloia gehiago izan du oinetan, Javi Lopez eta Aranburu hegalekoak ere gehiago agertu dira erasoan, eta pixkanaka bere legea ezartzen hasi da talde txuri-urdina. Hots, baloi geldian iritsi da 0-1ekoa. Brais Mendezek kornerra atera, eta buruz maisuki sareratu du baloia Pachecok, 19. minutuan. Ordura arteko nagusitasunari ginga jarri dio taldeak. Golaren ondoren are nagusiago izan da Reala. Atzean sartzea ez zaio burutik pasatu ere egin, eta presioan fin aritu dira batez ere zelai erdiko jokalariak: Turrientes eta Brais Mendez. Maccabin sormen aldetik hobekien dabiltzan jokalariak ezerezean utzi dituzte, eta etxekoek bizpahiru segundo baino gehiagoz ezin izan diote eutsi baloiari. Aitzakiaren bat jartzekotan, erasoan zerbait gehiago egitea falta izan zaio Realari atsedenaldira bitartean. Jokoan askoz gehiago izan arren, azken pasean eta errematean ez dira fin ibili Kubo eta enparauak. Garratza izan da lehen zatiak utzitako sentsazioa: Maccabiren areara erraz iritsi arren, emaitza motz samar geratu zaio Realari. Aldaketekin asmatu du Ezbairik gabe, arriskua berekin dakar gehiegi barkatzeak, eta bigarren zatiaren hasieran sufritzea egokitu zaio Realari. Aurrerapausoa eman du Maccabik, eta pare bat aldiz arrisku handiz hurbildu da Marreroren ate ingurura. Europako estreinako partidan ziurtasun handiz aritu da atezain azpeitiarra. Ezina ikusita, Imanolek aulkia astindu du, eta Sergio Gomezi eta Beckerri zelaira sartzeko agindua eman die. Bien bitartean, bigarren gola sartu du Realak, Sadiquen eskutik, berriz ere korner batean, baina epaileak ezerezean utzi du, ustez jokoz kanpoko jokaldi batengatik. Harritzekoa izan da erabakia. Realak ez du burua jaitsi, eta hortik pare bat minutura egin du 0-2koa; hain zuzen, Becker eta Sergio Gomezen eskutik. Kontraeraso bikain batean ongi erdiratu du Beckerrek, eta aukera ez du alferrik galdu Sergio Gomezek, 59. minutuan. Hortik aurrera neurketa hoztea izan da Realaren zeregin nagusia, eta, hein handi batean, lortu du helburua, Maccabik ez baitu susperraldi zantzurik ere erakutsi. Hori bai, ezerezetik 1-2koa egin dute etxekoek, 81. minutuan, buruz. Kolpea izan da gola, baina txuri-urdinak ez dira urduritu, eta, azkenean, urrezko hiru puntu eskuratu dituzte.
Berrabiarazi, mugitu, eragin. Euskaraldiaren kontzeptua aldatu nahi dute antolatzaileek, ariketa sozialaren laugarren aldian, ilusioak berritzeko. «Euskaraldia bera ulertzeko, ikusteko eta bizitzeko modua» aldatzea da gakoa. Reset botoia sakatzea, aurrera egiteko. 2025eko maiatzaren 15etik 25era bitartean eginen dute egitasmoa, eta gaur azaldu dituzte laugarren aldiaren nondik norakoak Iruñean, Nafarroako Antzerki Eskolan. Aurkezpen ekitaldian parte hartu dute Euskalgintzaren Topaguneko antolatzaileek ez ezik, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan hizkuntza politikaz arduratzen diren ordezkari nagusiek ere: Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok; Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak; eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behotegik. Enpresen, gizarte erakundeen eta euskalgintzaren esparruetako ordezkariak ere batu dira aurkezpenera. Euskaraldiko koordinatzaile den Goiatz Urkijok hartu du hitza lehenbizi, eta gogorarazi du Euskaraldia dela «euskararen erabileran eragiteko tresna, bide eta modu masiboena». Izan ere, eta eman dituen datuen arabera, 320.000 herritar baino gehiago dira Euskaraldian noizbait parte hartu dutenak. Kopuruez harago, baina, herritarren hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial gisa ere Euskaraldiak eraginkortasun «aski frogatua» duela gaineratu du Urkijok. Eta, hala ere, baditu mugak: «Euskaraldia ez da kanpaina huts bat, ariketa sozial bat baizik. Euskararen erabilera biderkatzeko ahaleginean ezinbestekoa, baina ez nahikoa». Horregatik, uste dute garaia heldu dela proiektua berrabiarazteko. Ez da bat-bateko ateraldia edo gauetik goizera hartutako erabakia izan: azken aldiaren ostean, Euskaraldiko antolatzaileek gogoeta prozesua abiatu zuten gizarteko dozenaka eragilerekin eta norbanakorekin batera, eta hori da bilera sorta horretatik ateratako ondorioetako bat: «Euskaraldiak berrikuntza behar du, herritarrengan, berriz ere, ilusioa era masiboan piztuko badu». Esan eta egin: erronkari «gogoz eta ausardiaz» heldu diotela azaldu dute Topaguneko kideek, «Euskaraldia gaindituko duen Euskaraldia» lortzeko xedez. Dinamika zabaldu, herritarrak aktibatu Euskaraldiaren laugarren aldiak gainditu eginen ditu aurreko urteetako dinamikaren mugak. Urkijoren esanetan, ez dute nahi Euskaraldia izatea «egun jakinetara bakarrik mugatzen den ariketa soziala». Zabaldu egin nahi dute, bai denborari bai eraginari dagokionez, «nazio mailan, euskararen lurralde osoan, eta denek batera» egiteko dinamika izan dadin. Horretarako, euskaltzale aktiboen mugimendu bat sortuko dute propio: Euskal Herri osoan, euskararen erabilera pizteko prest dagoen jendea batu, trebatu, antolatu eta dinamika indartuko dute. «Kaleko euskalgintza, euskaldun eta euskaltzaleak mugiaraziko ditugu», esan du koordinatzaileak. Helburu horrekin lanean hasiak dira dagoeneko Euskal Herriko hainbat txokotako herri batzordeak, eta horretarako tresna berri bat dute eskura: Euskara aktibatzaileen gida-liburua. Euskaraldiak ondutako gida praktiko horrek hainbat gako ematen ditu «mugimendua sortzeko, osatzeko, sarea irudikatzeko eta ekintzak antolatzeko». Aktibazio horri erreferentzia eginen dio 2025eko Euskaraldiaren leloak ere: Elkar mugituz egingo dugu. «Mugimenduari, emozioei eta batak bestearengan dugun eraginari egiten die erreferentzia», azpimarratu du Urkijok. «Euskaraz hitz eginez, batak bestea mugitu egiten du, eta besteak bata, hizkuntza inertziak eraldatuz». Euskaraldiko koordinatzailearen esanetan, lehen hitzetik euskaraz eginda, edo ahal den guztietan euskara erabilita, «mugitu» egiten dira solaskideak, eta gizartea bera. «Interakzio bakoitzak euskararen erabilera handitzen du, eta milaka eta milaka pertsonak batera eginda, efektu biderkatzailea lortzen da», azaldu du. Jarreretan ez ezik, emozioetan ere eragin nahi du Euskaraldiak. Ariketaren «sakontasun emozional kolektiboa» nabarmendu dute antolatzaileek gaurko aurkezpenean: «Milaka eta milaka herritarrek, aldi berean, Senperen, Lizarran eta Bilbon, euskararen aldeko urratsa egiten dute, euren nahiak, erronkak eta aldarriak batuz. Hunkigarria da, ilusioa pizten du, eta badu epikatik ere, mundu osoan ez baita egin halako ariketa sozial masiborik». Izan ere, Euskaraldia festa bat ez den arren, «gozamenetik» ere egin daitekeela azpimarratu du Urkijok: «Emozioek eta umore onak eramangarriagoa egingo dute estres linguistikoa». Aldatuko ez dena Berritasunak berritasun, antolatzaileek esan dute Euskaraldiaren oinarria eta «esentzia» mantenduko dituztela: partaideek ahobizi eta belarriprest rolen artean hautatu beharko dute, izena eman, eta 11 egunez, dagokien txapa jantzita eginen dute ariketa. Txapa erabiltzearen garrantzia azpimarratu du Urkijok: «Txapak ahalbidetzen du ariketa bera, eta norberaren hizkuntza portaera zein izango den adierazten du, hau da, noiz eta norekin egingo dugun euskaraz, eta batez ere ingurukoei mezu argia bidaltzen die: ‘Nirekin egizu euskaraz, lasai’». Antolatzaileek ahalegin berezia egin dute, halaber, Euskaraldiak berekin dakartzan hizkuntza portaerak gizarteratzeko; hala nola lehen hitza euskaraz egitea; euskaraz ulertzen dutenekin euskarari eustea (elkarrizketa elebidunak sustatuz); eta euskaldunak, beste euskaldun batzuekin ari direnean, euskaraz egitea beti. Euskaraldian parte hartuko duten herriak hasiak dira jada izena ematen, eta entitateek ere aukera dute www.euskaraldia.eus webgunean izena emateko. Herritarren txanda, berriz, martxoan izanen da, orduan zabalduko baita belarriprest edo ahobizi gisara izena emateko aukera. Elkarlana erakundeekin Euskaraldiaren antolaketaren oinarrietako bat elkarlana izango da laugarren aldian ere. Hori dela eta, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijorekin batera, ekinaldiaren Koordinazio Mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariek parte hartu dute gaurko ekitaldian. Han izan dira Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Irati Iziar, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollo, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxea, eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakari Maider Behotegi. Ariketaren baliagarritasunaz solastatu da Behotegi. Izan ere, Euskararen Erakunde Publikoaren lehendakaria euskara ikasten ari da, eta azaldu du «belarriprest hasiberri gisa» arituko dela: «Zuen aitzinean naiz, euskararen aktibazioan parte hartzeko, ikasle eta hautetsi gisa». Euskaraz «lasai» aritzeko gune eta uneen garrantziaz mintzatu da Behotegi, eta behar horretan kokatu du Euskaraldia ere: «Garrantzitsua da presentzia emendatzea eta euskara erabiltzeko tokia zabaltzea, urduritasunik gabe egiteko. Euskaraldia bezalako egitasmoak euskarari gizartean behar lukeen tokia emateko baliosak dira». Ollo kontseilariak, berriz, elkarlanari erreparatu dio. «Edizioz edizio errotuz joan da, eta esan daiteke aro berri bati hasiera eman zaiola. Denek parte hartzen dute, denok parte hartzen dugu, bakoitzak bere esparruan asko eskaini baitezakegu. Erakutsi dugu, beraz, dikotomietatik haratago, bata ala bestea baino gehiago, biak direla garrantzitsuak. Batez ere, lankidetza horren ondorioz sortzen denak gizarteari bikoitza eskaintzen diolako», azaldu du. Bengoetxea sailburuak, berriz, aipagai izan ditu azken urteetan eragile, herritar eta erakunde publikoek egin dituzten urratsak. Haren ustez, ezinbestekoa da lanean jarraitzea, «batez ere, lan munduan eta aisialdian euskaraz aritzeko», baita euskararekin loturarik ez dutenak euskarara hurbiltzeko ere: «Euskarak denok behar gaitu, eta Euskaraldia aukera aparta izango da helburu horri bultzada emateko». Azkenik, Irati Iziar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak esan du euskarak nazio mailako ekinaldi jendetsuak behar dituela, denak «batzen eta mugitzen» dituztenak, eta, horrekin batera, euskarak «gizarte mugimendu indartsu bat» behar duela. Erronka horri begira dago Euskaltzaleen Topagunea: «Egiteko molde eta antolatzeko modu berri batzuei bide emango dien mugimendu bat nahi dugu. Herrigintzatik eta komunitategintzatik euskararen erabilera eta euskaltzaletasuna sustatzeko moduak berrasmatu nahi ditugu, eta ahalegin horretan kokatzen dugu Euskaraldiaren laugarren aldia», azaldu du Iziarrek.
Aintzane Pujana 32 urteko emakume donostiarra zena legez kanpo atxiki, sexualki esplotatu eta hil izana leporatu dieten bi herritarren aurkako epaiketaren emaitza jakinarazi du zinpeko epaimahaiak: akusatu biak erruduntzat jo ditu. 11 gizon eta emakumek osatu dute epaimahaia, eta horien eginkizuna izan da erabakitzea akusatuei leporatu zaizkien delituak frogatu dituzten ala ez. Atzo eguerdian elkartu ziren, eta gaur arte iraun du deliberazioa hartzeko hausnarketak. Fiskalaren tesiarekin bat egin du epaimahaiak, eta erruduntzat jo ditu bi akusatuak. Aho batez hartu dute erabakia epaimahaiko sei gizonek eta bost emakumeek, eta gaur iluntzean jakinarazi dute erabaki hori. 2021eko urtarrilaren hasieran jazo zen gertaera beltza, akusatuek 24 eta 23 urte zituztenean. Errenteriakoak (Gipuzkoa) dira bi akusatuak; urtarrilaren 12an atxilotu zituzten, eta Azpeitiko instrukzio epaitegiak prebentziozko espetxeratzea ebatzi zuen bientzako, hilabete hartako 15ean. Orduan egindako ikerketaren arabera, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. Gorpua, baina, hilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan. Urola ibaiaren ertzean garbiketa egiten ari ziren langile batzuek topatu zuten. Hala ere, biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Polizia biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu zen orduz geroztik. Gorpuari autopsia egin zioten Donostian, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan. Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen epaiketa hasi zenean, aurtengo irailaren 26an, Pujana hiltzeagatik; bost urteko kartzela zigorra, emakumea legez kanpo atxikitzeagatik; eta hiru urte eta sei hilabetekoa, hura sexualki esplotatzeagatik. Lehenbiziko aldia izan da Gipuzkoako Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatzen duena. Eta epaimahaiak bide eman dio zigor hori gauzatu dezan epaileak, gizonari dagokionez. Hilketaren bi errudun Izan ere, epaiketa amaiera aldera, Pujana legez kanpo atxikitzea eta hura sexualki esplotatzea gizonari soilik egotzi dio fiskaltzak, eta hilketaren egilekide gisa aurkeztu ditu biak. Horrek zigor eskaeran eragin du, emaztekiari dagokionez; hark ospitale psikiatriko batean egon beharko duela eskatu du, gehienez ere hogei urtez, eta, hori bete ostean, hamar urteko kartzela zigorra betetzea eskatu du. Aldi horri orain kartzelan eman dituen urteak eta ospitalean emanen dituenak kenduko zaizkiola ere zehaztu du fiskaltzak. Epaimahaiak deliberatu du epailearen azken epaian hamar urteko kartzela zigorra gauzatu dezan. «Hilketa krudela izan zen, bistan da», esan dute. Eta erantsi dute ez dela frogatu emakumea «beldur gaindiezinagatik aritu zela». Horiek horrela, epaimahaiak hilketaren erruduntzat jo ditu biak, nahiz eta bietako batek gauzatu zuen heriotza. Emakumearen defentsak behin betiko ondorioetan gogoratu zuen «nahasmendu larria» duela, eta «okerrera» egin duela droga kontsumitzeagatik. Fiskalak eskatutako zigorrarekin bat egin zuen. Beste akusatuaren defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen harentzat. Epaiketaren azken saioan, akusatu horrek epaimahairi hitz egin zion, eta eskatu gertatutakoari «logika» aurkitzeko.
«Segurtasun arazorik izan ez dadin», Donostiako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeak kalean bizi diren bizilagunei prestatzen dizkien otorduak debekatuko ditu Donostiako Udalak. Hala jakinarazi die Udaltzaingoak Egia auzoan behar horretan jarduten direnei, eta informazioa berretsi du Irutxuloko Hitza-k. Abisua ahoz eman die Udaltzaingoak. Poliziek paper bat zuten eskuetan, baina ez diete KASeko kideei eman nahi izan. Azaldu dieten bakarra da ez dutela afari solidarioak emateko baimenik, eta bihartik aurrera debekatua izango dutela hori egitea. «Gaur bai, ordea». KASeko kideek Irutxuloko Hitza-ri adierazi diotenez, lau urte daramate afariak ematen, era Donostiako Udala jakitun zen —besteak beste, haiekin bildu izan direlako—. Horregatik uste dute udalak «baimen tazitua» emana zuela. Bihar 18:00etan prentsaurrekoa egingo dute KASekoek Egian. Astelehenean, afariak partitzen dituzten leku berean, Egia auzoan, elkarretaratze bat egin zuten herritar batzuek, «segurtasun» eske, eta PPko zinegotziek parte hartu zuten. Are, Irutxuloko Hitza-k zabaldutako bideo batean, PPko zinegotzietako bat ageri da protestaren lehen lerroan, afariak ematen dituen kolektiboko kideren bati errieta egiten. [articles:2129101] Migratzaileak dira afariak banatzen dizkietenetako asko. Egian elkartzeko deialdi anonimo bat zabaldu zen aurreko egunetan, sare sozialetan, gaztelaniaz, «segurtasun» eske. Sare sozialetako kontu horietatik kalean bizi diren magrebtarren kontrako kanpainak hauspotzen ari dira azken hilabeteetan. Irutxuloko Hitza-k gogora ekarri duenez, bestalde, Donostiako Alderdi Popularrak iazko azaroan eskatu zuen afari solidarioak debekatzeko; bakarrik gelditu zen osoko bilkurako bozketan. Orain, ordea, udalak jaramon egin diola dirudi. Astelehenean, bi aldekoen artean tentsio handia sortu zen, eta ertzainak sartu ziren bi taldeak bereiztera. KASeko kideei «oxala zu ere uzkitik bortxatzea», «joan zaitezte popatik hartzera», eta halako irainak egin zizkieten; KASekoen aldean zegoen norbaitek «arrazista zikinak» oihu egin zien, eta orduan ertzainak harengana joan ziren. Hiru gazte atxiki zituzten lurrean, baina ez zituzten atxilotu. Gaur jakinarazi dute guztira sei identifikatu zituztela; lau desordena publikoak eragiteagatik, eta bi Poliziaren jarduna oztopatzeagatik. Migratzaileen kontrako sare sozial horietan iragarri dute astelehenero egingo dituztela elkarretaratzeak, KASek afariak banatzen dituen ordu eta leku berean. Asteleheneko gertakarien ondotik, KASek ohar bat zabaldu du, eta argi utzi du afariak banatzen segitzeko asmoa duela. Han, euren jarduna azaltzeaz gain, elkarretaratzea deitu zutenek eurak desagerrarazi nahi dituztela salatu dute, eta segurtasuna faltaren ardura eurei egotzi izana ere gaitzetsi dute. Etorkinak kanpora Donostiako 35 eragilek joan den abuztuaren 7an ohartarazi zuten jarrera arrazistak gora egiten ari direla Donostian. «Martutene auzoko bizilagun batzuek etorkinak jipoitzeko taldeak sortu dituzte», azaldu zuten orduan: «Segurtasun pribatuko langileek, udaltzainek zein ertzainek modu arbitrario bezain sistematikoan etorkinak jipoitu eta identifikatzen dituzte, eta lapurreta egiten diete; zenbait komertziotan sartzeko betoak orokortu dira; margoketa faxistak ikusten dira hiriko hainbat txokotan; eta Telegram eta Instagram sare sozialetako zenbait kontu pertsona arrazializatuen aurpegiak argitaratzen ari dira, biolentziarako deiak eginez». Donostian bakarrik ez, inguruko herri batzuetan ere agertu dira migratzaileen aurkako mezuak: irail bukaeran, esaterako, Etorkinak kanpora idatzita eta lauburu batzuk margotuta zituzten pankarta batzuk agertu ziren Hernanin.