France Football aldizkariak urriaren 28an jakinaraziko ditu Parisko Chatelet antzokian bere urteko sariak, eta Euskal Herriko bi futbol jokalari eta entrenatzaile bat daude horietako hiru jasotzeko hautagaien zerrendan: Nico Williams eta Unai Simon Athleticeko jokalariak, eta Xabi Alonso Bayer Leverkuseneko teknikaria. Nico Williams Urrezko Baloia irabazteko aukera duten 38 futbolarien artean dago; Unai Simon, berriz, Yashin saria jasotzeko aukera duten atezainen multzoan. Xabi Alonsok, bestalde, urteko entrenatzaile onena izendatu dezakete. Lehen aldia da Athleticeko jokalari bat Urruzeko Baloia eskuratzeko zerrendan dagoela. Jokalari zuri-gorriek bi titulu eskuratu zituzten aurreko sasoian: Espainiako Kopa Athleticekin eta Eurokopako Espainiako selekzioarekin. Unai Simonek, gainera, Zamora saria jaso zuen, Lehen Mailan gol gutxien jaso zituen atezaina izan baitzen: 33 sartu zizkioten, jokatu zituen 36 lehietan. Xabi Alonsok, berriz, estrainekoz egin zuen Bundesligako txapeldun Bayer Leverkusen, klubak garaikur horrekin zuen madarikazioarekin amaituz. Gainera, partidarik galdu gabe egin zuen. Alemeniako Kopa ere irabazi zuen, eta Europa ligako finalera iritsi zen. Atalantarekin galdu zuen final hura. Xabi Alonso Leverkuseneko entrenatzailea aginduak ematen. RONALD WITTEK / EFE Urrezko baloia bakarkako sari preziatuena da futbolaren artean. Adituen ustez Jude Bellingham eta Vinicius Junior dira hura irabazteko hautagai nagusiak. Gaur jakainarazitako zerrendan daude, besteak beste: Erling Haaland, Phil Foden, Martin Odegaard, Florian Wirtz, Kylian Mbappe, Lamine Yamal, Mats Hummels, Harry Kane, Lautaro Martinez, Declan Rice… Unai Simonek, berriz, aurkari gogorrak ditu atezain onenaren saria lortzeko: Diogo Costa, Gianluca Donnarumma, Gregor Koel, Andrei Lunin, Mike Maignan, Giorgi Mamardaxvili, Emiliano Martinez, Yann Sommer eta Ronwen Williams. Unai Simon zaleak agurtzen aurreko sasoiko partida batean. RAUL BOGAJO / FOKU Ondorengo entrenatzaileekin lehiatuko da, berriz Alonso: Carlo Ancelottirekin, Luis de la Fuenterekin, Gian Piero Gasperinirekin, Pep Guardiolarekin eta Lionel Scalonirekin.
Euskaltegiak ikasle bila ari dira irail hasiera honetan. AEK-k ere udako txankletak kendu eta zapatila erosoak jantzi ditu euskalduntzearen bidean aurrera egiteko. Urri hasieran jarriko dira AEKren euskaltegiak martxan, eta erosotasuna izango dute gako 2024-2025eko ikasturterako. Abiatu duten matrikulazio kanpainan, «euskara eroso bizitzeko» deia egin dute. Gaur, matrikulazio kanpaina aurkezteko agerraldian, Lurdes Etxezarreta Artabe AEK-ko Bizkaiko ordezkariak azaldu du zer esan nahi duten «eroso» hitzarekin: «Herritarrak, ahalegin berezirik egin behar gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izango dituela; euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertuta sentitu gabe». 2026an mende erdi beteko duen Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak, adierazi dutenez, helburu du edozeinek, edozein egoeratan, euskaraz eroso berba egitea. «Guregana iristen denak euskara ikasi eta erabiliko du», esan du Etxezarretak, «erosketak euskaraz egiten ikasiko du, hizkuntza eskakizunetarako azterketak prestatuko ditu, jaietako pregoiak ulertuko ditu, eta familian eta lan giroan euskaraz mintzatuko da, eroso». Ehun euskaltegi baino gehiago ditu AEK-k Euskal Herri osoan, euskara ikasi, hobetu edo praktikatu nahi dutenentzat irekita. Ikasle bakoitzaren beharrizanetara moldatzeko, ordutegi, modulazio eta maila ugari eskaintzen dituzte, baita maila guztietarako online ikastaroak ere. Horrela, euskaltegiak «euskara ikasteko gune erosoak» izatea nahi dute. Hala adierazi du Etxezarretak: «Ikasleak handik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea nahi dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian…». «Ikasleak euskaltegitik ateratzean arlo guztietan erabiltzeko baliabideak izatea nahi dugu: lagunartean, familian, lanean, aisialdian» LURDES ETXEZARRETA ARTABE AEK-ko Bizkaiko ordezkaria Erosotasun horren barruan sartu dute euskararen egoera judiziala ere. Azken hilabeteetan euskararen normalizazioren kontra izan diren epaiez aritu da. «Ezin ditugu ahaztu azkenaldian epaitegietatik datozkigun sententziak», esan dute, «ez digutelako uzten euskaraz eroso bizitzen, eta behin eta berriz urratzen dituztelako euskaraz bizi nahi dugunon hizkuntza eskubideak». Diruz lagunduta, erosoago Euskaltegietako kuotak doakoak izatea ere aldarrikatu dute; izan ere, uste dute administrazioek bermatu behar dutela «euskara doan ikasteko herritarren eskubidea». Indarrean dauden diru laguntzak txalotu dituzten arren, «benetako doakotasuna» lortzeko premia aipatu dute, esate baterako, ikasleek dirurik aurreratu behar ez izateko. Horrekin lotuta, euskara hutsetik ikasteko diru laguntza berria txalotu dute. Datorren ikasturtean, Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan euskara hutsetik ikasi nahi dutenek orain arteko matrikularen laurdena inguru ordainduko dute. Horrez gain, nabarmendu dute diru laguntzak ematen dituztela udalek, mankomunitateek, foru aldundiek eta bestelako erakundeek ere; baita B2ra arte doakoa dela ere, betiere maila euskaltegietan edo deialdi ofizialetan egiaztatzen bada. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian dauden diru laguntzak ere goratu dituzte: esaterako, Nafarroako Errigora beka. Beken inguruko informazio guztia AEKren webguneko orrialde batean bildu dute, «oso garrantzitsutzat» jo baitute herritarrek diru laguntza horien berri izatea. Etxezarretaren esanetan, euskarara eta euskaltegietara erosoago hurbiltzeko «ezinbesteko osagaia» dira diru laguntzak. AEK-ko ikaslearen soslaia 40 urte inguruko emakumea da, B2 eta C1 mailen artekoa. Hasiberrien multzoak, baina, ikasleen laurdena hartzen duela aipatu dute. Espero dute A1 maila egiteko diru laguntza berriek ikasle euskaldun berrien multzo hori hauspotzea. Euskaltegi berriak eta berrituak 12.000 ikasle inguru izan dituzte aurreko ikasturtean, eta espero dute datorrenean datu horri eustea, edo hobetzea. Erronka horri erantzuteko, bi AEK berri irekiko dituzte laster: Errenteriako (Gipuzkoa) Xenpelar, eta Mungiako (Bizkaia) Kinttopeko AEK. Ekainean, Galdakaoko (Bizkaia) Barandiaran euskaltegia berrituta zabaldu dute. Horrez gain, euskaltegiez aparteko gainontzeko baliabideak nabarmendu dituzte, hala nola Aizu! aldizkaria, mintzapraktikarako Praktikatu programa eta lan esparruan euskara normalizatzeko eta aholkularitzarako Ahize zerbitzua.
Wout van Aertek (Visma) erretiroa hartuta, esprintetan aurkaririk gabe gelditu da Kaden Groves (Alpecin). Pavel Bittner (DSM) gaztea zen Santanderren australiarrari itzal egin ziezaiokeen bakarra, baina Grovesek aise garaitu du. Gaurkoa Vueltan garaipena lortzeko azken aukera izan zitekeen esprinterrentzat, eta Alpecineko geziak hirugarrenez jo du itua. Beste esprinterrek bainoago, eguneko iheslariek artegatu dute Groves. Lau txirrindulari aritu dira tropelari aurrea hartuta, euripean; horietako bat, Xabier Isasa (Euskaltel). Tinko eutsi diote apustuari, eta azken hiru kilometroen barruan harrapatu dituzte. Behin esprinta abiatuta, Groves izan da nagusi, Bittner eta Vito Braeten (Intermarche) aurretik. Etapa esprintean erabaki bada, hein handi batean, Kern Pharmak tropelean egindako ekarpenarengatik erabaki da. Norbait ihesaldian sartu ordez, nahiago izan dute Pau Miquelen aukera jokatu. Ez zaie damutu, kataluniarra laugarren sailkatu baita. Euskaltelek, berriz, Isasa aurrera bidali du etaparen hastapenean. Urretxuarrak Jonas Greegard (Lotto), Thomas Champion (Cofidis) eta Thibault Guernalec (Arkea) izan ditu bidaide. Gutxi falta izan zaie balentria biribiltzeko. Tropelak beste mehatxu bat ere izan du, azken unean Mauro Schmid (Jayco) eta Victor Campenaerts (Lotto) aurreratu baitira. Azken zuzengunean harrapatu dituzte, eta Grovesek zuzen jo du garaipenaren bila. Ben O’Connorrek (Decathlon), berriz, arazorik gabe eutsi dio lidergoari. Etapak ez zuen aparteko zailtasunik kilometrorik gehienetan, baina erdi partean bigarren mailako bi mendate igo behar zituzten. Lehenengoa Estranguada zen, eta bertan errepide estu eta tentea zuten zain –5,5 kilometro eta %8,7ko pendiza–. Txikizio handia eragin zitekeen bertan: bai etaparen borrokan, baita, estrategia ausarta taxutuz gero, faboritoen artean ere. Alabaina, Vueltako onenak nekatua hartuta daude azken egunetan, eta gaur nahiago izan dute ezkutuan gelditu. Etapa ehiztariek ere ez dute zalapartarik sortu segadetarako aproposa zen zatian. Estranguadan, Isasa atzean gelditu da tarte batez, baina jaitsieran bat egin du iheskideekin. Championek ere atzetik aurrera egin behar izan du; haren kasuan, matxuren ondorioz. Laukoteak lau minutu eta erdiko errentarekin gainditu du eremu malkartsua. 70 kilometro luze gelditzen zitzaizkion tropelari bere legea ezarri eta esprinta segurtatzeko. Alpecin eta DSM jazarpenean engaiatu dira, baita Kern Pharma ere. Nafarrek konfiantza osoa zuten Miquelengan. Uztarripean jarri dute Pablo Castrillo bera, bi etapa irabazi eta gero. Batzuen eta besteen bultzada tarteko, ibilia bizkortuz joan da tropela, baina iheslariek ez zuten berehala amore eman nahi. 40 kilometroren faltan, hiru minuturen aldea zuten oraindik. Esprinterren taldeak lana serio egin beharrean ziren. Azken txanpako ahaleginaren aurretik, beste oldarraldi bat egin du Campenaertsek, 16 kilometro gelditzen zirela. Tropelaren koordinazioa apurtu nahi zuen, Gregaard taldekidearen mesedetan. Ez du lortu, eta iheslariak 35 segundoren aldearekin sartu dira azken hamar kilometroetan. Championek apur bat lehenago eman du amore, eta beste hirurek jo eta ke jarraitu dute, harik eta Santanderren bertan harrapatu dituzten arte. Tentsioak bere horretan jarraitu du, Schmidek eraso egin baitu. Ordea, Alpecinek karta onak zituen gordeak; eta bukaeran, batekoa atera du. Bihar, Araban barna Vuelta Euskal Herrian sartuko da bihar: 175 kilometroko etapa jokatuko dute Gasteiz eta Maeztu artean. Etaparen erdialdean sartu-irten laburra egingo dute Errioxan, baina gainontzean, Arabako errepideetan lehiatuko dira. Ibilbide hautsiko saioa izango da, 70. kilometrotik aurrera batez ere. Bergantzutik Rivas de Teresoko mendatea igoko dute, eta hurrena Herrerako aldapei egin beharko diete aurre. Etapako zailtasun nagusia izango da igoera hori. Handik helmugara 45 kilometro gorabeheratsu geldituko dira. Ez dirudi sailkapen nagusiko hautagaiak mugituko direnik, baina bestelakoan, edozer gauza gerta daiteke.
Oposizioko alderdiaren ustez, ministro bat Espainiako Bankuko gobernadore jartzea erakundea “inbaditzea” da, eta gobernadore ordea aukeratzeko elkarrizketak eten ditu. Gobernuak asteazkenean aurkeztuko du Escriva hautagai gisa Kongresuan.
Iragan larunbatean auto batek patinete batean zihoan 20 urteko mutil bat harrapatu zuen Uharten (Nafarroa). Gazteak zauri larriak izan zituen, buruan jasotako kolpearen ondorioz batez ere. Hil egin da gaur, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan. Istripua larunbateko 16:51 aldera gertatu zen, Uharteko bidegurutze batean. Foruzaingoak alkohol eta droga probak egin zizkion auto gidariari, eta emaitzak negatiboak izan ziren.
Penduluak jarritako erritmoan lehiatzen da Marc Soler (UAE). Batzuetan atzean gelditzen ari dela dirudi, baina, halako batean, aurrera itzuli, eta erasora jotzen du. Era berean, miresmena eta gaitzespena eragiten dituen txirrindularia da: bizikleta gainean keinu txarrak eta erakustaldi handiak txandakatzen ditu. Vueltan, berriz, zaleak erakartzen ari da, uxatu beharrean. Gaur bosgarrenez sartu da ihesaldian, eta garaipenak ez dio ihes egin. Vueltan irabaztea beti da gauza handia, eta zer esanik ez helmuga Covadongako aintziretan badago. Bere-berea duen eran gailendu da Soler: atzean gelditzen hasi da azken igoeran, baina suspertu egin da gero. Hainbeste, ezen aurkari guztiak gainditu baititu. Filippo Zana (Jayco) eta Max Poole (DSM) izan ditu atzetik. Aurtengo Vuelta pagotxa ari da izaten ihesaldientzat. Dagoeneko zortzi iritsi dira helmugara. Ion Izagirrek (Cofidis) aukera baliatu nahi izan du, baina garaipenaren lehiatik at geratu da Covadongan. Halere, bosgarren bukatu du. Helmuga zeharkatu duen lehen faboritoa, berriz, Enric Mas (Movistar) izan da, bederatzigarren postuan, 3.54ko atzerapenarekin. Hura izan da gehien ahalegindu den hautagaia. Itxuraldatuta dabil Vueltan. Halere, ezin izan du Primoz Roglic azpiratu (Red Bull-Bora). Esloveniarra maillot gorria soineratzear izan da gaur, baina bost segundo falta izan zaizkio O’Connorri (Decathlon) lidergoa kentzeko. Ohore handiz borrokatu da australiarra, eta ondo merezita eutsi dio nagusiko lehen postuari. 11 etapa daramatza jada sailkapenaren buruan. Ihesaldia osatzeko betiko borrokaren ondoren, hamazazpi txirrindulariko multzo bat nabarmendu da etaparen hastapenean. Bi euskaldun izan dira tartean: Ion Izagirre (Cofidis) eta Oier Lazkano (Movistar). Ormaiztegiarra garaipenetik gertu izan zen 11. etapan, eta berriro saiatu da. Bestalde, Enric Mas tropelean izanik, zubi lana egiteko ardura izan zezakeen Lazkanok. UAE taldean, berriz, etapa garaipena zuten jomugan, eta aurrean sartu dituzte Soler, Jay Vine eta Isaac Del Toro. Poole, Zana eta Matthew Riccitello eta Marco Frigo ere (Israel) aintzat hartu beharreko txirrindulariak ziren Covadongako bukaerara begira. Wout van Aert (Visma), ordea, ezin zen azken mendatearen zain gelditu. Bazekien hala eginez gero bera baino igotzaile hobeak zeudela iheslarien artean. Horrenbestez, eraso egin du Fitoko begiratokitik igaro ondoren, artean 100 kilometro luze gelditzen zirela. 25 kilometroren ostean amaitu da flandriarraren abentura bakartia. Eta, gero, ezbeharra izan du Llomenako jaitsiera arriskutsuan. Etaparen hasieran ere kolpea hartu du, baina dezentez minduago gelditu da bigarren aldian. Hainbeste, lasterketa utzi behar izan baitu. Hiru garaipen lortuta hartu du etxerako bidea. Vuelta bukatu izan balu, berea izango zukeen erregulartasunaren maillota. Mendiko sailkapenean ere lehen postuan zegoen. Movistarren ekinaldia Jaitsierak bakarrik ez; Llomenako igoerak ere eman du zeresana. Izan ere, tropelean lurrikara eragin du Movistarrek. Ausardiaz eta anbizioz jokatu du: aurkariei urrundik egin nahi zien min. Masi erasoa prestatu diote tropeleko taldekideek, eta, hori gutxi balitz bezala, Lazkanok hanka altxatu du ihesaldian. Arabarra pieza estrategikoa izan da faboritoen joko taulan. Haatik, ez du aparteko eraginik izan, Masek ez baitu lortu aurkariak atzean uzterik. Erritmoz aldatu du gailurretik lau kilometrora, baina azkar hartu diote gurpila. Landa ere jolaserako gogoz agertu da. Azkenean, apaldu egin da sua, eta kontrola berrezartzen saiatu da O’Connor liderra. Mendate gainean, sei minutuko atzerapena zuen tropelak: igoera hastean baino hiru minutu gutxiago. Covadongan, ordea, liderrak ezin izan dio eutsi aurkarien erritmoari, Masek zatirik gogorrenean eraso egin ondoren. Lehenago Landa oldartu da, baina harrapatu egin dute, baita atzean utzi ere. Arabarrak ordaindu egin du ahalegina. Halere, hamar segundo eskas galdu ditu Mas, Roglic eta Richard Carapazekin (Education First), gaur indartsuenak izan diren hiru oilarrekin. Mas gogotik saiatu da Roglic atzean uzten, baina esloveniarrak eutsi egin dio. Modu defentsiboan lehiatu da gaur lasterketa irabazteko faborito nagusia. Bost segundora du orain lidergoa; Masek, berriz, 1.25era, eta Carapazek, 1.46ra. Landak bosgarren jarraitzen du, 2.18ra. Haiek helmugara iristerako, etapa erabakita zegoen jada. Solerrek 4,5 kilometroren faltan jo du eraso erabakigarria. Poole eta Zana indartsuago zeudela zirudien, baina kataluniarra geldiezina izan da lainopean, mendate mitikoaren azken zatian. Ihesaldiak arrakasta izan du beste behin, eta gauza bera gerta liteke bihar, Arnuero eta Santander artean jokatuko den etapan. Esprinterako aukera ere egon liteke, betiere tropelak lasterketa kontrolatzeko borondatea eta indarra badauka.
Irailaren 8a hemen da, alardea egingo dute Hondarribian (Gipuzkoa), eta egun horretarako baimenak-eta emate aldera Hondarribiko Udalak ebatzi dituen ebazpenetan lehen aldiz jaso du Jaizkibel konpainiaren eskabidea, eta lehen aldiz aterako da konpainia hori, konpainia parekide bakarra, Hondarribiko Udalaren baimenarekin. Aintzakotzat hartzekoa da alarde egunerako baimenen ebazpen horretan alkatetzak propio jaso duela alarde parekide bat lortzeko asmo argia: «Alkatetza honek, bere eskumenen barruan, gizarte aldaketa egokiak erraztuko ditu, alardea bereizi gabeko rolen bidez ospatzeko bidean aurrera egiteko». Nabarmentzeko moduko esaIdia da, zaila eta luzea izaten ari delako alarde parekidea lortzeko bidea. Ia hiru hamarraldi daramatza Jaizkibelek alarde parekide baten aldeko borrokan, baina aldarria piztu zenetik iaz arte EAJ egon zen agintean, eta ez zuen inoiz aintzakotzat hartu ere egin. Iaz heldu ziren lehen aldaketak, Abotsanitz plataformak alkatetza lortu eta gero. Igor Enparan da ordutik alkatea, eta berak, iaz, aurreko alkateek inoiz egin ez zuten keinua egin zuen, adibidez: oles egin zion Jaizkibeli. Konponbidearen aldeko mezuak ere askotan plazaratu ditu. Aldarri parekidearen kontrako mezuak ozenak dira oraindik, eta bizikidetza aldarrikatu nahi izan du gaur alkateak, prentsa ohar baten bidez. «Jaiak soseguz eta lasai bizitzea da alkatetza honen helburua». Onartu du ebazpenean jasotakoen harira desadostasunak azaldu dituztela alarde parekidearen kontra daudenek, eta kritikak egon direla. «Udal ebazpen hauetan, espazio publikoaren erabileraren banaketa ahalik eta modu egokienean egiteko saiakera zintzoa egin du udalak, baina azken egunek erakutsi digute agian etorkizunerako zuzenagoak izan daitezkeen formula objektiboak finkatzeko saiakera egin behar dugula». Eta, hain justu ere, azken orduko zenbait aldaketa jakinarazi ditu gaur arratsaldean bertan. Hala ere, baimena emateko modua bera aintzakotzat hatzekoa da, ebazpenetan batera bideratu direlako bi antolatzaileen eskabideak, hain justu ere, alardea antolatzen duen Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak egindakoa eta Jaizkibel konpainiak bideratutakoa. Gero zehaztu dute ez dutela batera desfilatuko, ordutegi bereziak izango baitituzte; baina lehen aldiz egin du udalak agiri ofizial batean Jaizkibel konpainiaren aitortza hain era argian, eta alardearen antolatzaileekin batera aipatuta. Propio aipatzen da ebazpenean EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea ere, eta, testu hori aintzat hartuta, «gizarteko sektore guztietan jokoan dauden oinarrizko printzipioak eta eskubideak errespetatze aldera», ebazpenak «elkarrizketa prozesu baten» emaitza direla nabarmentzen da. Desfileen inguruko hainbat zehaztapen daude jasota ebazpenetan, eta ordutegiak ere bai. Aurten, 08:00etan abiatuko da Kale Nagusian gora Jaizkibel konpainia, eta alardeak, berriz, 08:55ean izango du abiatzeko ordua. Gernikako Arbolako zelaidian elkartzen dira alardeko konpainiak abiatu aurretik, eta, ebazpenaren arabera, aurten ere hortxe elkartuko dira konpainia guztiak, baita Jaizkibel ere. Desfileak apartekoak izango dira, baina jai eremuak batzeko ahalegin bat antzematen da irailaren 8rako egin den ebazpen horretan. Hala ere, zehaztapen bat egin dute gaur arratsaldean, Jaizkibelek goizean Gernikako Arbolan izango duen tokiari buruzkoa. «Behar bezala mugatutako Gernikako Arbola zuhaiztiaren hasieran» egon beharko du konpainia parekideak, «bi formazioen arteko zuhurtziazko distantzia errespetatuz». EAJk, lehenengo aldiz harrera «Aurten Hondarribiko EAJ Jaizkibelekin izango da». Sare sozialetan egin du iragarpena Hondarribiko EAJk: lehenengo aldiz egingo dio harrera konpainia parekideari, desfilatzen hasi eta 27 urtera. Hondarribiko EAJk adierazi duenez, Jaizkibelek aurten lehenengo aldiz desfilatuko du udalaren baimenarekin, «lehen aldiz izapidetu baitu horretarako eskaera guztia». Orain, alderdia koherentziaz jokatzen ari delakoan dago: «Gure alderdiak beti adierazi du Jaizkibelek udala onartu eta legitimatzen zuen egunean EAJk taldeak ere harrera egingo ziola. Hori dela eta, aurten Hondarribiko EAJ Jaizkibelekin izango da. Koherenteak gara orain arte adierazitakoarekin». Alabaina, nabarmendu dute «alardea bizitzeko modu guztiak» direla zilegi: «Hondarribiko EAJk urteak daramatza alardea ulertzeko eta ospatzeko modu guztiak legitimoak direla eta errespetatu egin behar direla defendatzen». Gainera, ez daude ados alkateak azken egunetan hartu dituen erabakiekin: «Tristura eta kezka sortzen digu egun hauetan bizi dugun giroak. Atzerapausoa eman da. Gure ustez, errespetuak, elkarrekiko aitorpenak eta bizikidetzak izan behar dute hiriko jaiez gozatzeko oinarria. Uste dugu udal gobernuak alkatea buru dela hartutako erabakiak ez direla egokiak izan». Besteak beste, konpainia gisa ateratzeko baimena eman dio udalak Jaizkibeli. EAJk nabarmendu duenez, «bereziki» kezkatzen ditu Kale Nagusian eta Etxenagusia Margolariaren kalean sor daitezkeen «segurtasun arazoak»: «Leku faltak eta bilduko den jende kopuru handiak segurtasun arazoak sor ditzake». EAJ ez da izan alardearen eta Jaizkibelen inguruan adierazpenak egin dituen alderdi bakarra. Abotsanitzek herri batzarra egin du aste honetan, eta ondorio nagusi bat atera dute bertatik: alardeak publikoa, bakarra eta parekidea izan behar du. Eta bide horretan lan egingo dutela hitzeman dute: «Argi dago normalizazioa ez dela egun batetik bestera gertatuko. Aurtengo pausoak bide horretan doazen pauso xume bezain garrantzitsuak direla deritzogu, hondarribiarron senidetzearen bidean».
Jose Luis Escriva izango da Espainiako Bankuaren gobernadore berria. Escrivak, aurreko legegintzaldian Gizarte Segurantzako ministro izan zenak, zenbat talka izan zituen Espainiako Bankuarekin eta gobernadorearekin, pentsioei buruz.
Euskaltelen langile-batzordea MasOrangek aurkeztutako erregulazio-txostenaren “erabat” aurka agertu da. Lanpostuak berregokitzeko deia egin du, jarduera batzuetarako “jende falta” dutelako.