Puigdemontek «sorgin ehiza» salatu du eta ukatu du bere…
«Waterloon nago gaur, egun biziki zailen ondoren». Hala erantzun dio batek baino gehiagok egindako galderari, atzo, Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak Bartzelonako Ziudadela parkean bost minutuko agerraldia egin eta desagertu ondoren. X sare sozialean mezu luze bezain sakona partekatu du. Haren lehen hitzak, Bartzelonako Ziudadela parketik joan zenetik atzo. Inork gutxik espero zuen beste behin ere ihes egingo zuenik zazpi urteko erbestealdiarekin amaitu ostean. Salvador Illaren inbestidura saioan bertan izango zela iragarri zuen aurreko egunetan; ez zen, ordea, hala izan. Puigdemontek berretsi du «inoiz» ez duela izan bere burua entregatzeko borondatea, ezta bere atxiloketa erraztekoa ere: «Onartezina iruditzen zait arrazoi politikoengatik nire atzetik ibiltzea, eta, gainera, Amnistia Legea ez aplikatzea». Argi utzi du, ordea, Katalunian izan den tarte laburrean ez duela izan ezkutatzen egoteko asmorik: «[Elenak eta Barne Kontseiluak] dagokidan bizkartzaina eman izan balidate, une oro jakingo zuketen zein zen nire ibilbidea Bartzelonan eta Katalunian zehar. Atzoko operazio eldarniotsua ez zen beharrezkoa izango, eta bere biografia publikoaren parte izango da betiko. Eta ez meritu gisa, hain zuzen». Gaur goizean Puigdemont erbestean dela esan du Gonzalo Boye bere abokatuak, Catalunya Radion eman duen elkarrizketan; Jordi Turull Junts Per Catalunyako idazkari nagusiak, berriz, goizean zehaztu du Ipar Katalunian lo egin duela, eta Waterloon zegoela jada. Mossoek, beren partetik, ez diete jaramonik egin bi ordezkarien adierazpenei, eta Puigdemonten arrastoaren atzetik ibili dira Katalunian bertan. Joan Ignasi Elena Kataluniako Barne kontseilariak prentsaurrekoa eman du; «ez genuden prest» atzokorako, aitortu du. Generalitateko presidente ohiak esan du «negargarria» izan dela prentsaurreko hori: «Ezin dut sinetsi pertsona jakin batzuen kontra egin den sorgin ehiza, zenbait momentutan nire alboan izan direlako soilik». Bi mosso atxilotu zituzten atzo ihes egiten lagundu zielakoan —aske dira jada—; gaur arratsaldean beste bat ere atxilotu dute. Avui sóc a Waterloo després d’uns dies extremadament difícils. Cal analitzar la situació política i posar en perspectiva la raó profunda de l’operació que va fer possible el que va ocórrer ahir. I ho faré. Però són milers de quilòmetres en molt pocs dies i moltes jornades d’una… — krls.eth / Carles Puigdemont (@KRLS) August 9, 2024 Kaiola operazioa abiatu zuen Mossos d’Esquadrak atzo Puigdemont bilatzeko asmoarekin. Lehendabizi Bartzelonako irteera guztiak kontrolatu zituzten; gero, Katalunia osoko zenbait errepidetan paratu zituzten kontrolak. «Herritarrak gogaitzeko» besterik ez du balio izan operazio horrek, Puigdemonten ustez: «[Joan Ignasi Elena Barne] kontseilariak eta [Eduard Sallent] komisario buruak haserrealdia izan dute, ikusita polizia dispositibo beldurgarria, zentzugabea eta batzuetan eldarniozkoa ez duela bat berak ere ulertu», erantsi du. «Ez da ulergarria, ezta onargarria ere». Sallent Barne Kontseiluaren prentsaurrekoan izan da, galderak erantzuten, eta onartu du ez zutela Puigdemont atxilotzeko agindua betetzerik izan, baina ukatu du poliziak «irrigarri» gelditu direla. Puigdemontek, ordea, azpimarratu du Kaiola operazioak «degradatu» egin dituela mossoak, eta iritzi horri buelta ematea «oso zaila» izango dela.