Bost urte baino ez dira, bost hamarkadatik gorako ibilbide artistikoan. Mutur bat baino ez. Hasierako muturra, zehazki. Baina, hain zuzen ere, mutur horretan ditu zutarriak Juan Luis Goenaga artistaren lanak (Donostia 1950-Madril, 2024). Madril, Erroma, Bartzelona eta Paris gurutzatu zituen bi urteko prestakuntza ibilbide baten ostean, 1969an heldu zen Goenaga Alkizako bere estudio-etxera (Gipuzkoa), eta buru-belarri sartu zen bertan bere esplorazio artistikoan. Naturan murgilduta. Jose Miguel Barandiaran ikerlariaren mundu sinboliko eta mitologikoak elikatuta. Land art piezekin esperimentatzen. Egiten zebilena inon erakusteko behar handirik gabe, eta, halere, munduan punta-puntan zebiltzan sortzaileen sintonia berean. Artistak 20 urte inguru zituenean egindako lehen lan haien indar sortzaile hori guztia bildu nahi izan du Bilboko Arte Ederren Museoak Juan Luis Goenaga. Alkiza, 1971-1976 erakusketan. Sasoi hartan sortutako 74 argazki eta margolan ez ezik, hogeitik gora dokumentu ere batu dituzte horretarako, eta eraikin zaharreko bost aretotan jarri dituzte ikusgai. 2025eko otsailaren 16ra arte egongo dira ikusgai. [articles:2129327] Mikel Lertxundi Galiana arte historialariak egin du erakusketako bilketa eta komisario lana, eta, azaldu duenez, hamar urte eman ditu horretarako lanean. Artistarekin eskuz esku egin du bide horren parterik handiena adituak, baina Goenaga abuztuan hil zen, eta hura gabe egin behar izan dute erakusketaren aurkezpena azkenean. Lana amaitu izanaren poza lagunaren galeraren tristurarekin nahasi zaiola azaldu du horregatik komisarioak. «Ezohikoa da Goenagak erakusten duen heldutasuna; 22, 23 eta 24 urterekin, Juan Luis jadanik Goenaga da. Ez da oraindik ere beste erreferentzia bila dabilen artista bat»MIKEL LERTXUNDI GALIANA Arte historialari eta komisarioa Lertxundik aspalditik zuen Alkizan kokatutako erakusketa antolatzeko asmoa. Azaldu duenez, Goenagaren formazioan garrantzi handikoa baita espazio hori. «Orainaldia eta iragana oso estu batzen zituen leku bat zen hura», azaldu du. Eta artistak bertan topatu zituen bere nortasun artistikoa eraikiko zuten elementu nagusiak. «Ezohikoa da Goenagak erakusten duen heldutasuna; 22, 23 eta 24 urterekin, Juan Luis jadanik Goenaga da. Ez da oraindik ere beste erreferentzia bila dabilen artista bat. Bera da». ‘Land art’-aren aitzindari Nagusiki pintore modura egindako lanengatik da ezaguna Goenaga, baina bestelako Goenaga bat topatuko du bisitariak erakusketako lehen aretoan. Alkiza inguruan egindako txangoetan sortutako esku hartze efimeroak erakusten dituzten argazkiak zintzilikatu dituzte bertan. Eta, Lertxundik nabarmendu duenez, land art izeneko esparruan aitzindari bihurtzen dute lan horiek Goenaga. Tartean, badira artistak cromlech bat irudikatzeko sortutako formazio batzuk, esaterako. Edo mendi bide baten bazterrean pilatutako harri multzoak. Edo sokak erabiliz lurrean markatutako lerro zuzenak. Edo neurriaren arabera antolatutako egur puskak. Edo elkarri sokekin lotutako haitz arrailduak ere. Eta haiekin batera, artistak ekintza horiek guztiak dokumentatzeko sortutako argazki albuma ere ikusi ahalko du bisitariak aretoaren erdian jarritako bitrinan. Zeruan zintzilik dirudien makila bat erakusten du haietako batek, kasurako, eta artistak irudiarekin batera txertatutako testuak jartzen dio mugimendua gero: «Jeixten ari da». «Alkizan egon zen lehen hiru urteetan, berak ez zituen artelanak erakutsi. Gorde egin zituen. Sari bat eman zioten 1972an, eta ordutik aurrera soilik hasten da lanak erakusten»MIKEL LERTXUNDI GALIANA Arte historialari eta komisarioa Aurrez ere, Goenagari buruzko liburu mardul bat ere eman zuen argitara Lertxundik, 2018an, eta berak antolatu zuen Donostiako Kubo aretoan sortzaileari eskainitako atzera begirako zabala ere, 2020an. Goenagaren bost hamarkadako ibilbide artistikoa erakusten zuen erakusketa hark, eta baziren 70eko hamarkada hasierako lan batzuk ere tartean. Baina ez gehiegi ere. Lertxundik azaldu duenez, Bilboko Arte Ederren Museorako pentsatutako sasoi hari buruzko erakusketa espezifikorako gorde nahi izan zituelako pieza horiek. Komisarioa beldur zen, hasierako pieza horiek Donostiako erakusketa handi hartan txertatuz gero, ikusleak ez ote zituen «anekdotikotzat» joko, eta horregatik bildu ditu orain. «Nahiago nuen proposamen hauen nondik norakoak ondo uler zitezen». Emakume bat, Juan Luis Goenagaren koadro bati begira. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Bakartu konektatua Maiz artista bakartutzat jo izan da Goenaga, sorkuntza lantzeko hartu zuen bide bakartiaren eta hitzaldi publikoekiko zuen errezeloaren kausaz, baina horrekin kontraste argia eginez, sortzaileak nazioartean egiten zen artearekin zuen «sinkronia» nabarmendu du Lertxundik behin baino gehiagotan. «Berak 70eko hamarkadan egiten duen horixe bera egiten ari dira Ingalaterran, AEBetan, Frantzian edo Herbehereetan». Lertxundik Jean Le Gac eta Jean Dibbets argazkilariak aipatu ditu Goenagaren erreferentzien artean, bai eta Richard Long eta Hamish Fulton land art artistak ere. Zehaztu duenez, ordea, formala da Goenagak haiekin duen antzekotasuna. Antton Elizegi argazkilaria lehengusua zuela ere gogoratu du Lertxundik, eta, aipatu duenez, elkarrekin egiten zituzten maiz mendi ibilbideak. Baina historialariak argitu duenez, gainerakoan, bakarrik egin zuen bere bilaketa Goenagak. Eta bada beste datu esanguratsu bat: «Alkizan egon zen lehen hiru urteetan, berak ez zituen artelanak erakutsi. Gorde egin zituen. Sari bat eman zioten 1972an, eta ordutik aurrera soilik hasten da lanak erakusten». Artistaren iturri literarioak ere izan ditu gogoan Lertxundik. Azaldu duenez, bereziki garrantzitsuak izan zitzaizkion Jose Migel Barandiaranen ikerketak, Pio Barojaren zein Edgar Alan Poeren literatura, bai eta Howard Phillips Lovecraften kontakizunak ere. Pinturara itzultzea Hasierako aretoan izan ezik, edonola ere, pintura da nagusi Bilboko erakusketan. Lertxundik gogora ekarri duenez, argazkigintzaren eta landa ekintzen ostean, 1973tik aurrera, pixkanaka joan baitzen artista berriz ere pinturara gerturatzen. Eta bilakaera horren eta bertan egindako garapenaren lekukotza ere biltzen du erakusketak horregatik. Bertan dira, besteak beste, Itzal euriak izeneko margolan abstraktu ikusgarriak, bai eta Belarrak, Sustraiak zein Esmalteak margolan serieetako piezak ere. Zuri-beltzetik gertu hasieran, eta gero eta kolore gehiagorekin ondoren. Mikel Lertxundi arte historialari eta komisarioa, Juan Luis Goenagaren koadro baten aurrean. LUIS TEJIDO / EFE Lehenagotik dator Bilboko Arte Ederren Museoaren eta Goenagaren arteko harremana. 2022an, esaterako, Dedikazio artistikoaren Xabier Saenz de Gorbea saria eman zion erakundeak artistari, eta orduan izandako solasaldia hartu du gogoan Miguel Zugaza museoko zuzendariak. Bere ustetan bere lanik «borobilena» zein ote zen galdetu zion Zugazak. «Galdera absurdo xamarra izaten da hori beti», onartu du zuzendariak, «baina are absurdoagoa milaka eta milaka margolan egin dituen artista batekin ari bazara». Baina, Zugazak azaldu duenez, berehalakoan eman zion erantzuna Goenagak. 1975ean margotutako Abstrakzioak grisetan hautatu zuen artistak, eta, hain zuzen ere, lan horrek ixten du orain zabaldu berri duten erakusketa. Zugazaren ustez, lan hura aipatuz, lan horrekin bere formazio bide propioa burututzat ematen zuela adierazi nahi izan ziolako artistak. Erakusketaren aitzakian, liburuxka formatuko argitalpen bat ere kaleratu du museoak orain, Mikel Lertxundiren testu batekin, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez, eta katalogo sendoago bat ere badu bidean. Hura ere hiru hizkuntza horietan egongo da, eta Lertxundiren testu bat ez ezik, Joseba Zulaikak idatzitako beste bat ere izango du. Museoko arduradunek Durangoko Azokarako nahi dute kalean. Adanen nondik norakoentzako marrazkiak Joseba Zulaika idazleak 1975ean eman zuen argitara bere lehen liburua: Adanen poema amaigabea. Ordura arte euskal literaturan nagusitzen ari ziren joeretatik aldenduta, lehen gizakiaren sentimendu eta sentsazio elementalak deskribatu zituen bertan, eta idazkera oso behatzaile bat baliatu zuen horretarako. Kriseilu argitaletxeak eman zuen argitara lana, eta Joxe Azurmendiren hitzaurrea ez ezik, Goenagaren margolan abstraktu sorta bat ere bazuen argitalpenak; horregatik jarri dute ikusgai Bilboko erakusketan. Goenagaren lanak bestelako sorkuntza lanekin zuen sinkronizazioaren froga bat gehiago da. Lertxundik azaldu duenez, Alkizak batu zituelako Zulaika eta Goenaga. «1974an elkarrekin egon ziren bizitzen Alkizan, hilabete batez gutxi gorabehera, eta Juan Luisek [Goenagak] orduan egin zituen [Zulaikaren] liburua ilustratzeko marrazki horiek».
Pasang Temba (Ghat, Solo Khumbu, Nepal, 1950) xerpa da euskal mendizaletasunaren historiako argazki esanguratsuenaren protagonista: Martin Zabaletak 1980ko maiatzaren 14an Everest gailurrean ateratako argazkian bera ageri da ikurrinarekin. Zabaletak hainbat
Zurian beltz jarri dute jakina zena: La Pau enpresak uko egin die Osakidetzarekin dituen kontratuei, eta, hortaz, aurrerantzean ez du kudeatuko Arabako eta Bizkaiko anbulantzia zerbitzua. Atzo heldu zen lehen baieztapen ofiziala, Lorea Bilbao Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa sailburuordeak onartu baitzuen Kataluniako enpresak ez duela kontratuari eusteko asmorik, eta horren berri emana ziola Eusko Jaurlaritzari, administrazioarekin eginiko azken bileretan. Gaur, berriz, kontratuen eteteari buruzko xehetasunak eman dituzte. Eusko Jaurlaritzak ohar bidez adierazi duenez, Osasun Sailak eta La Pau enpresak akordioa sinatu dute, zerbitzua «era ordenatuan» bukatzeko, azaroaren 30a baino lehen. Edonola ere, Jaurlaritzak argi utzi nahi izan du anbulantzien zerbitzua «bermatua» egonen dela une oro, etenik gabe. Hori bermatu ahal izateko, behin-behineko kontratua eginen diote beste enpresa bati, osasun garraioari segida eman diezaion. «Erabaki honen bidez, Osasun Sailak lehentasuna eman die bai pazienteei bai enpresen langileei eta, nola ez, baita batzuek eta besteek dituzten eskubideei ere», gaineratu du Jaurlaritzak. https://www.berria.eus/euskal-herria/eusko-jaurlaritzak-baieztatu-du-pau-enpresak-uko-egin-nahi-diela-osakidetzarekin-dituen-kontratuei_2132324_102.html Erabakia «adostua» izan dela berretsi du Osasun Sailak, «aukera guztiak aztertu ostean». Bilbao sailburuordeak eta La Pau enpresako ordezkariek bilera egin dute gaur Gasteizen, eta horren ostean iragarri dute akordioa. «Hau da konponbide egokiena», laburbildu dute. Arazoak eta salaketak La Pau Kataluniako enpresak Arabako eta Bizkaiko anbulantziak kudeatzen ditu 2020. urteaz geroztik, bai larrialdietakoak, bai programatutakoak, eta urte hauetan guztietan makina bat gatazka izan ditu. Langileen lan baldintza kaskarrekin eta osasun zerbitzu desegokiarekin zerikusia duten salaketak pilatu zaizkio enpresari: atzerapenak nominen ordainketan, langile nahikorik ez izatea, anbulantzietan material eskasa egotea… Sindikatuek gogor jo dute La Pauren kontra, «hutsegite oso larriak» argudiatuta, eta nahiz eta Lan Ikuskaritzak behin baino gehiagotan zigortu izan duen, Jaurlaritzak ez du kontraturik eten. Are, salaketa eta isunak gorabehera, berriro esleitu zion enpresari anbulantzien kontratua. Larrialdietako kontratua 147 milioi eurotan adjudikatu zion, eta programatutakoa, 135 milioitan.
«Zelan egin berba herri bati/ non gosariko janak bonba usaina duen egunero/ gosaritarako bonbak ez diren ezer baldin bada batere/ […]» Leire Vargas bertsolariak idatzitako poemak jarri die, hain zuzen ere, gaur 178 herritan egin diren elkarretaratzeei berba. Zientoka lagun bildu dira Euskal Herriaren luze eta zabalean, Gernika-Palestina plataformak deituta, Gazako genozidioaren amaiera eskatzeko. Iaz Donostian egin zuten lehen mobilizazio nazionalaren urteurrenaren kari deitu du elkarretaratze horietara. «[…] Herri bati/ non heriotza arnasaldi artean den gertatzen,/ hala esan dit Mohammed El-Kurdek,/ nik heriotzaz ez baitakit ezer […]». Izan ere, Israelek 43.000 palestinar baino gehiago hil ditu iazko urriaren 7an sarraskia hasi zuenetik, eta salatu dute, halaber, Gazako azpiegituren %70 suntsitu dituela Israelgo armadak. Gernika-Palestina plataformak deituta, Bilbon egindako elkarretaratzea. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU Leire Vargas bertsolari, idazle eta itzultzaile durangarra da. Euskal Herritik erreparatzen dio Gazan gertatzen ari denari: «[…] Nik ez dakit ezer/ hemen nire gela aratzean nire aulki erosoan/ hemen Gernikaren herrian/ […] zergatik da hain erraza entzungor egitea?/ genozidio bat/ milaka kilometrora ere entzun beharko litzateke./ Nik ez dakit ezer». Palestinan gertatzen ari dena banalizatzen ari direnei ere bidali die mezua Vargasek: «Baina gogoan dut andre ileurdin bat Parisko manifestazio jendetsuan/ zelan etorri zitzaidan esku arteko kartelak zer ote zioen galdetzen/ Palestinako genozidioa euskaraz idatzita egonagatik nahiko/ unibertsala ez balitz lez/ zer eta esateko/ ez da genozidioa/ ez da genozidioa zioen/ ez ozeanoaz bestaldeko politikari batek/ […] baizik eta une hartan nire parean emakume ileurdin batek/ […]. Mahasen al-Khatiben irudia, gaur, Bilbon. MIKEL MTZ DE TRESPUENTES / FOKU Izan ere, genozidioa egin egiten ari da Israel, Vargasen hitzetan: «[…] eta zelan ez dela genozidioa/ zelan ezetz errefuxiatu-guneak ari direnean bonbardatzen/ euren gorputzaz gain dena kendu dioten/ euren gorputza baino/ ez duten pertsonak direnean jo-puntua/ eta gorputza ere ari zaienean ahitzen gosea, polioa eta hepatitisa./ euren gorputza Gazako lurraren fruitua delako gorputz oro gorpu izan arte ez dutelako lurperatuko Palestina/ eta zelan ez da hori izango/ genozidioa/ […]». Mendebaldeko herrialdeen erantzukizunen ingurukoak ere jaso ditu bertsolariak testuan, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen funtzioa kolokan jarri du: «[…] mendebaldea ekialdeaz bazkatzen beste behin/ […] Estatu Batuek betatu badezakete nazioarteko justiziak epaitua/ zer da Nazio Batuen Erakundea/ zer Nazioarteko Zigor Auzitegia/ onartzen bada nazioarteko legea/ (bere horretan luze eman genezakeena kritikatzen/ […]». Eta honela amaitu du:«[…] ikasiko al dugu?/ Zergatik ez dugu honezkero/ ikasi? Beti da beranduegi/ eta horrexegatik/ hau da unea.». Ondoren, minutu bateko isilunea egin dute, Mahasen al-Khatib irudigilea —Gernika-Palestina elkarteko kolaboratzaile— eta Israelgo armadak hil dituen gainerako 43.000 palestinarrak oroitzeko. Elkarretaratzeak eguerdian Eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte sindikatuek eta hezkuntza komunitateko kideek, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Tuteran zein Donostian, eta sindikatu ia guztiek egin dute bat: ELA, LAB, EAEko eta Nafarroako CCOO eta UGT, ESK, CGT, LKN, Steilas, Solidari, Nafarroako EHNE, Etxale eta Hiru sindikatuek. Iruñeko mobilizazioa, eguerdian. IDOIA ZABALETA / FOKU «Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi». Horregatik, bereziki, gatazkari konponbidea emateko bide diplomatikoak ireki behar direla azpimarratu dute: «Berehalako su etena eta kolonizazioaren zein okupazioaren amaiera lortzeko bide diplomatikoak ireki behar dira, baita eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko ere». Israelekiko konplizitate oro amaitzea ere eskatu dute. «Langile klaseari eskatzen diogu presio neurri guztiak aktibatzen jarrai dezagun, Israelek Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bakea eta egonkortasuna lortu daitezen». Erakundeei ere bidali diete mezua: «Apartheidaren, gizartearen aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari utz diezaiotela eskatzen diegu».
Italiako lehen ministro Giorgia Melonik ez du eten migratzaileak Albaniara bidaltzeko bere plana. Erromako auzitegi batek bertan behera utzi zuen iragan ostiralean Italiako eskuin muturreko buruzagiak agindutakoa, eta Albaniara bidalitako migratzaileak larunbatean itzuli ziren Italiara. Melonik, baina, beste urrats bat egin berri du: «herrialde seguruen» zerrenda dekretuz bihurtu du lege. Zerrenda «lehen mailako arau» bihurtuta, Erromako epaitegiak ebatzitakoa ekidin dezakeela uste du gobernuak. Ostiralean kaleratutako epai horren arabera, Albaniara bidalitako hamasei migranteen jaioterriak ez dira «seguruak» —Bangladesh eta Egipto—; eta, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpen baten arabera, «herrialde seguru batetik» iristen diren migratzaileak soilik eraman ahal dituzte Albaniara. Gauzak horrela, Melonik «herrialde seguruen» zerrenda 22 herrialdera handitzea bermatu nahi du. Izan ere, orain arte ez zuen lege mailarik. Katramila, hala ere, ez da Meloniren dekretuzko legearekin amaitu. Italiako Parlamentuak 60 egun ditu legeari oniritzia eman edo ez onartzeko. Meloniren Fratelli d’Italia alderdiak 118 eserleku ditu Diputatuen Ganberan; hortaz, gehiengoa izateko beharrezkoak diren 201 diputatuen aldeko botoa lortu beharko du beste zenbait alderdien oniritzia bereganatuz.