Gizarte Segurantzaren eskumen batzuk jasoko ditu Jaurlaritzak lehen aldiz
Eusko Jaurlaritzak Gizarte Segurantzari lotutako lehen eskumenak kudeatuko ditu Gernikako estatutua onartu eta 46 urtera. Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak bitariko batzordean adostutakoa betetzen badute, Gasteizko gobernuak bere gain hartuko ditu kotizatzen ez diren pentsioen eta eskola aseguruen prestazioen kudeaketa. Zehazki, familiei bideratutako prestazioak dira, seme-alabak izategatik edo familia ugaria edo gurasobakar izateagatik ematen direnak. Urrats garrantzitsua da, baina ez Jaurlaritzak nahi zuen adinakoa. Izan ere, Gizarte Segurantzari lotutako eskumenak lau bloketan negoziatzea adostu zuten, eta horietan lehenari buruzko akordioa gauzatzea nahi zuen gaur. Baina lehen sorta horietako neurrien erdiak baino ez ditu lortu Jaurlaritzak, Pedro Sanchezen gobernuak akordiotik kanpo utzi baititu langabeziari lotutakoak. Horien artean daude langabezia egoeran egoteagatik jasotzen den prestazioa eta langabezia agortzen denean edo nahikoa kotizatzen ez denean jasotzen den diru laguntza. Jaurlaritzak esana zuen ez zuela «erdizkako akordiorik» onartuko, eta azken unera arte tinko eutsi dio jarrera horri. Horren erakusgarri da bilerak uste baino gehiago iraun duela: 17:30ean hasi dute Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko bitariko batzordea, Pedro Sanchez eta Imanol Pradales buru zirela, eta 21:00ak ziren Eusko Jaurlaritako lehendakaria prentsaren aurrera azaldu direnerako. Lortutakoaz pozik azaldu da Pradales, eta akordioak duen garrantzia azpimarratu du. Hala ere, gogorarazi du ez dela esperotakoa, ez delako eskumenen egutegian zehaztutako guztia bete. «Sanchezi eskatu diot bere etxean dagokion exijentzia ezar dezala, adostutakoa betetzen dela bermatu behar duelako» IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Sanchezi ohartarazi dio akordioak betetzeko daudela, eta lanak azkartzeko eskatu dio: «Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu diot bere etxean dagokion exijentzia ezar dezala, adostutakoa betetzen dela bermatu egin behar duelako». Borondate politikoa baduela uste du, baina «lidergo handiagoz» aritzea galdegin dio, «oztopo administratiboak eta eragozpen politikoak gainditzeko». Izan ere, lehendakariak ohartarazi du «jokabide zentralizatzaileak» oraindik bere horretan dirautela; bada, «ordena jarri» eta horiek eteteko eskatu dio Sanchezi. Angel Victor Torres Lurralde Politikarako Espainiako ministroak ez dio garrantzirik eman ohartarazpen horri, eta lortutako akordioek duten balioa nabarmendu du. Sanchez buru duen gobernuak akordioak bete egiten dituela esan du, halaber, gogorarazi du legealdiak oraindik «bi urte» dituela aurretik falta diren eskualdaketak adostu ahal izateko. Azpimarratu du, hori bai, Gizarte Segurantzaren eskumena Jaurlaritzaren esku uzteko akordioa legearekin bat datorrela, eta horrek ez duela kotizazioen kutxa bakarra haustea ekarriko: «Gezurra da hori, erabat». 46 giltzarrapo Gizarte Segurantzaren eskumenaren transferentzia zen Lankidetzarako Bitariko Batzordearen interesgune nagusietako bat, eta Pradalesek ez du hori ezkutatu. Hain zuzen ere, lehen aldia baita Espainiako Gobernuak ez beste erakunde batek haren kudeaketa hartuko duena. Lehendakariak azpimarratu du, ordea, urteetako tabua haustea lortu dutela: «Gizarte Segurantza 46 giltzarraporekin itxita egon da: giltzarrapo bat Gernikako Estatutua bete ez den urte bakoitzeko. Azkenean, baina, ate bat zabaldu da. Bazen garaia». Espainiak oraindik eskualdatu ez dituen eskumenen negoziazioan aurrera egiteko ere baliatu dute gaurko bilera, eta, bide horretan, adostu dute itsas salbamenduaren eta laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko funtzio gehigarriei lotutako eskumenak Jaurlaritzaren esku uztea. Osalanen gaitasunak handituko ditu horrek, makineria egiaztatzeko Barakaldoko (Bizkaia) zentroari dagozkion ardurak ere Jaurlaritzaren esku geratuko baitira aurrerantzean. Urte amaieran jasoko ditu eskumen horiek. «Gizarte Segurantza 46 giltzarraporekin itxita egon da: giltzarrapo bat Gernikako Estatutua bete ez den urte bakoitzeko. Azkenean, baina, zabaldu egin da. Bazen garaia» IMANOL PRADALES Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Bestalde, azpiegituren arloko eskumenen transferentziari dagokionez ere jarrerak hurbiltzeko ahalegina egin dutela adierazi du Pradalesek; aireportuena, besteak beste. Hain justu, alor horretan ere «lehen aldiz atea ireki» dela goretsi du lehendakariak. Azpibatzorde bat eratzea adostu dute bi gobernuek, interes orokorrekoak diren aireportuen «kudeaketan, konektibitatean eta lehiakortasunean euskal erakundeek parte hartzeko» duten aukerak aztertu eta negoziatzeko. Talde horren emaitzak lau hilabeteko epean jasotzea espero dituzte. Azkenik, eskualdatzea falta diren eskumenei dagokionez, «iniziatiba hartu» eta irailerako Madrili proposamenenak bidaliko dizkiela ere jakinarazi du Pradalesek. Konpromisoak Eskumenen transferentziaz harago, hala ere, beste eskaera batzuk ere egin dizkio Sanchezi bileran. Horien artean dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako argindar sarearen gaitasuna handitzearena. Bada, atal horretan ere badira aurrerapausoak: inbertsioak egiteko egutegi bat adostu dute, «euskal industriak dituen beharrei erantzun ahal izateko». Jaurlaritza prest zegoen dirua aurreratzeko, kupo energetiko baten bidez, baina ez dute halakorik onartu. Jaurlaritzak, hala ere, hainbat arlotan inbertsio jakin batzuk egiteko dirua jarri du, hala nola Osakidetzan, nola trenbide sarean, birgaitze energetikoan edo ur saneamenduan. Europako funtsekin finantzatzeko irizpideak betetzen dituzte horietako hainbatek, bada Madrilek konpromisoa hartu du funtsen hurrengo adjudikazioetan kontutan hartzeko. Horrez gain, euskara Europako Batasunean ofizial izan dadin lan egiten jarraituko duela hitzeman dio Sanchezek Pradalesi, baita makroeskualde atlantikoa sortzeko proposamena bultzatzen jarraituko duela ere. Gai zerrendan ez zegoen arren, Talgoren etorkizuna argitzeko urratsa egitea ere adostu dute bi agintariek gaurko bileran. Pradalesek jakinarazi baitu erosketa «bideragarria» izan dadin operazioan Madrilek parte hartuko duela, SEPI industria funtsaren bidez. Lehendakariak ez du zehaztu maileguaren erdia ordaintzeko 75 milioi euro jarriko ote dituen, baina hori espero da. Pradalesek azpimarratu du parte hartze horri esker Talgok jarduerari eutsiko diola.