Israelek Gazaren kontra abiarazitako sarraskiak urtebete egingo du aurki, eta, horren karietara, mundu osoan bezala Euskal Herrian ere ugaldu dira protesta eta elkartasun adierazpenak. Gaur, milaka lagunek bat egin dute eguerdian Bilbon Palestinarekin Elkartasuna plataformak egindako deialdiarekin, «Palestinako erresistentziari babesa azaldu eta Israeli eta haren konplizeei aurre egiteko»; Iruñeko kaleetan ere milaka lagun elkartu dira, arratsaldean, Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia zioen pankartaren atzean. Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatu, eta udaletxearen aurrean amaitu da. Han, antolatzaileek agiria irakurri dute, arabieraz, euskaraz eta gaztelaniaz. Azken urte honetan Gazan gertatutakoa salatu dute: «Urtebete honek agerian utzi du berriz ere kapitalismoaren eta inperialismoaren alderik krudelena. Ikusi dugu Israelgo armada Gaza okupatzen, ospitaleak, ikastetxeak eta hirigune osoak bonbardatzen, ikusi ditugu hornidura mozketak, milioika biztanleren desplazamendua, laguntza humanitarioaren blokeoa eta sartzen ziren kamioietako batzuen aurkako erasoak. Ikusi dugu Gaza erditik zatitzen». Baina, plataformaren iritziz, auzia ez da soilik Gazaren kontrako erasoa: «Israelek ez du nahikoa herri palestinarra desagerrarazten saiatzearekin. Sionismoa proiektu supremazista eta espantsionista da, eta haren lurralde goseak ez du mugarik». Zisjordanian ezarritako 30 kolonia berriak eta Libano, Siria, Iran eta Yemenen kontra egindako erasoak gogora ekarri dituzte, eta elkartasuna adierazi diete «Palestinako erresistentziari eta eskualdeko herrialde guztietan, Yemenetik Libanora, munstro sionistaren kontra borrokan ari diren guztiei». «Israel zigortu behar da. Israelekin harremanak eten behar dira. Israel bakartu behar da, legeak behartuta» LIDON SORIANO Yala Nafarroako ekintzailea Palestinarekin Elkartasuna plataformaren iritziz, Israel «NATOren bloke geopolitikoaren base militarra» da, eta horregatik «eskuak libre» ditu lurraldean zehar hedatzeko: «Hau guztia ez da burua galdu duen agintari baten errua». Horregatik, AEBetako eta Europako gobernuak, enpresak eta alderdiak «konplizetzat» dauzkate: «Haiek dira Israel armaz eta babes mediatikoz hornitzen dutenak, haren erretolika edozein delarik ere». «Aukera bakarra dago basakeria hau geldiarazteko: Israelgo estatua desagertzea. Eta Israelgo estatua hemen hasten da». Palestinako erresistentzia babesteaz batera, Mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdiak «presionatu» eta Israelen kontrako boikota areagotzeko deia egin dute: «Borrokan jarraitu behar dugu, Israelgo estatu terrorista desegin eta ibaitik itsasorainoko Palestina aske bat eraiki arte». Jendetza kalean Manifestazioa eguerdian abiatzekoa zen, baina lehenagotik ere jendetza handia egon da Jesusen Bihotza plazaren inguruetan. Manifestarietako askok Palestinaren ikurrak, elastikoak edo kartelak zeramatzaten, baita Libanoren ikurrak ere, eta herri arabiarretako komunitatearen kideak ugariak ziren. Bezperan, 24 orduko elkartasun baraualdiak egin zituzten Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Sakanan (Nafarroa), manifestaziorako deia egiteko. Atzo goizean amaitu zen ekinbidea, eta horretan parte hartutakoak mobilizazioan egon dira. Atef Abu Saif idazle palestinarra eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia ere han egon da. Egunotan Euskal Herrian dago, Gazako egunerokoa liburua aurkezteko, eta hark ere mobilizazioan parte hartu nahi izan zuen. Manifestazioa hasi aurretik, plataformako kide Eneko Callek eta Esther Muñozek adierazpenak egin dituzte. Manifestazioaren goiburuak gogorarazi dituzte, eta nabarmendu dute Euskal Herri osotik iritsitako jendea zegoela mobilizazioan. «Azken egunotan agerian geratu da Israelek ez duela bakerik nahi, eta gerra eskualde osora eramatea duela helburu», erantsi dute. Kale Nagusian antolatuta zegoen beste ekitaldi bat zela eta, manifestazioaren hasiera atzeratu egin da, eta, azkenean, 12:25ean abiatu da. Mobilizazioaren buruan ikurrina eta Palestinako ikurra joan dira, eta, horren ostean, pankarta nagusia, deialdiaren goiburuekin: Palestinaren erresistentzia babestu, Israeli eta bere konplizeei aurre egin. Atzean milaka lagun, Kale Nagusi osoa betez. Manifestariek Palestinaren aldeko eta Israelen kontrako oihuak egin dituzte manifestazioak iraun zuen bitartean: Boikot Israel, Palestina askatu; Estatu sionista, estatu terrorista; Israel hiltzaile, Europa laguntzaile; Libanorekin elkartasuna; Ez da gerra, genozidioa da; Ibaitik itsasora, Palestina gailenduko da eta abar. Bilboko manifestazioko parte hartzaile bat, garaipenaren ikurra egiten. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Manifestariak Plaza Eliptikora iritsi direnean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean zeuden zenbait lagun izan dituzte zain, pankarta batekin. Han, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren eta Europako buruzagi politiko batzuen irudiez gain, Israel eta bere konplizeei aurre egin leloa zegoen ikusgai. Manifestazio osoan errepikatu da hori: ibilbidean zeuden zenbait leku esanguratsutan, antolatzaileek pankartak erakutsi dituzte, Israelen «konplizetzat» jotzen dituzten eragile politiko eta ekonomikoen jarrera salatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean, Euskal instituzio burgesak sarraskiaren konplize leloa zeukan pankarta bat erakutsi dute antolatzaileek. Apur bat aurrerago, Kale Nagusian, BBVAren egoitza dago, eta han ere BBVA hiltzaile esaldia idatzita zeukan pankarta bat atera dute. Ordurako, jende andanak osatu du manifestazioa, espaloietan zain zeuden herritar ugarik mobilizazioarekin bat egin ostean, eta, esaterako, manifestazioaren buruak Plaza Eliptikoa gainditu eta Kale Nagusia hartu duenean Plaza Zirkularrerako bidean, oraindik bazegoen jendea manifestazioaren abiapuntuan. Plaza Zirkularrean, berriz, osasun langileak egon dira, Osasun langileak palestinar erresistentziarekin goiburua zuen pankarta batekin. Manifestariak hara iritsi direnean, zuriz jantzitako zenbait lagunek performance bat egin dute, eskuetan panpinak zeramatzatela, Israelgo armadaren erasoaldien ondorioz hildako umeak gogorarazteko. Plaza Zirkularretik Buenos Aires kalea hartu du manifestazioak, udaletxerako bidean. Udaletxeko zubian, odol orbanez tindatutako Israelen ikur bat paratu dute zenbait ekintzailek zoruan. Manifestariak ikurraren gainetik pasatu dira, eta handik gutxira txikituta gelditu da. 13:30ean iritsi da manifestazioa udaletxera, eta handik minutu gutxira hasi da ekitaldi politikoa. Manifestariek udaletxe aurreko esparru osoa eta zubia bete dute. Udaletxeko balkoietatik bengalak piztu eta beste bi pankarta zabaldu dituzte antolatzaileek, Gora palestinar erresistentzia eta Israelen kontra borrokatu esaldiekin. Suhiltzaileak, abokatuak, kirolariak… Iruñean, pankarta nagusiaren eta Palestinako bandera erraldoi baten atzetik, beste hainbatek osatu dute manifestazioa: Yala Nafarroa Palestinarekin elkartearena, irakasleena, abokatuena, suhiltzaileena, osasun langileena, kirolariena, ehun kazetari palestinar baino gehiago hil dituztela salatu duena, kirolariena… Genozidioa geratzeko eskatu dute, eta baita su etena eskatu ere. Palestina askatzeko eta Israeli boikot egiteko oihuak izan dira entzunenetakoak. 12.000 lagun elkartu dira, antolatzaileen arabera. Antolatzaileen izenean, Lidon Sorianok, Yala Nafarroako ekintzaileak, nabarmendu du gobernuak behartuta daudela nazioarteko ebazpenak betetzera: «Ez betetzera bakarrik, baita nazioarteko zuzenbidea betearaztera ere, eta betetzen ez duenari zigorrak jarri behar zaizkio». Gogoratu du Nazioarteko Justizia Auzitegiak eta Nazio Batuen Erakundeak adierazi dutela Israelen erasoen kontra daudela. «Israel zigortu behar da. Israelekin harremanak eten behar dira. Israel bakartu behar da, legeak behartuta». Baina gaur egungo egoeran gobernuek Israel ez dutela zigortzen ikusita, manifestazioa antolatu dute «Duela urtebete ez zen ezer hasi: badira 76 urte Israel erasoan ari dela; ez orain bakarrik, eta ez Palestinari bakarrik, baita Libanori eta Siriari ere; hala, gerraren globalizazioa bilatuz, egoera horretan eroso sentitzen baita», Sorianoren esanetan. Iruñeko manifestazioaren burua. IÑIGO URIZ / FOKU Palestinak bere burua babesteko eskubidea duela gehitu du, herrialde okupatua delako, eta Nazio Batuen Erakundeak eskubide hori aitortzen duela. Israelek, ordea, ez duela defentsa legitimorako eskubidea: «Defentsa legitimoak hiru premisa ditu: proportzionaltasuna, berehalakotasuna eta helburu zibilak eta militarrak bereiztea. Israelek ez du halakorik betetzen sistematikoki». Israel hiltzaile, Europa babesle, oihukatu dute. Carrefourren denda baten paretik pasatu direnean, mezua moldatu dute: Israel hiltzaile, Carrefour babesle. Israelen kontrako zigorrik ez dela ikusten oihukatu dute, Israel «estatu terrorista» dela; Palestinarena, ordea, ez dela «terrorismoa», erresistentzia baizik. Gogoratu dute Israelek bonbardatzen dituenak ospitaleak direla, ez direla militarren egoitzak.
Libanoko hegoaldean eta Beirut hirian eraso ugari egin ditu Israelgo armadak azken asteetan. Harago joan da gaur, eta herrialdearen iparraldeko Tripoli hiriari airez egin dio eraso. Hezbollahren eta Israelen arteko 2006ko gerratik, ez zuen hiri hori bonbardatu Israelgo armadak. Lau lagun hil dituzte erasoan, tartean Hamasi lotutako Al-Qassam Brigadetako buruzagi bat. Israelgo armadak zein Hamasi lotutako hedabideek baieztatu dute heriotza. Errefuxiatu palestinarren Beddawi kanpalekuaren alboko eraikin bati egin diote eraso; Beirutetik iparraldera, 90 kilometrora dago gune hori. Libanoko Gobernuaren arabera, jada 2.000 hildako baino gehiago eragin dituzte Israelgo armadak azken asteetan Libanon egindako erasoek. Herrialdearen iparraldean egindakoaz gainera, Beiruten eta Libano hegoaldean ere bonbardaketak egiten jarraitu du Tel Avivek. Atzo, Beirut hegoaldeko Dahieh auzoan eginiko eraso batean, Israelgo armadak Hezbollahko miliziano Haxim Safi al-Din hil nahi izan zuen, Israelgo hedabideen arabera. Iragan ostiralean hil zuten Hezbollahko buru Hassan Nasrallah, eta haren lekukoa hartzeko hautagai nagusietako bat da Safi al-Din. Bada, gaur, Al-Jazeera hedabideak, Libanoko iturri ofizialak aipatuz, jakinarazi du Hezbollahk ez duela Safi al-Dinen berririk atzotik. Libano hegoaldean, Israelgo soldaduek eta Hezbollahko milizianoek borrokan jarraitzen dute. Gaur, Irlandako Errepublikako presidente Michael D. Higginsek salatu du Israelek Unifil NBE Nazio Batuen Erakundearen Libanorako misioari alde egiteko eskatu diola —Irlandako 300 militar baino gehiago daude misio horretan—. Ohar batean salatu du Israelgo armadak «mehatxatu» egin duela misioa, eta eskatu dietela «babesten dituzten guneak uzteko». Unifilek Libanoren eta Israelen arteko mugan jarduten du; Israelek lurreko erasoak hasi zituenean, bertan jarraituko zutela ziurtatu zuten ohar baten bidez. Libanokoa, baina, ez da Tel Avivek zabalik duen fronte bakarra. Iragan asteartean, Iranek berrehun misil inguru jaurti zituen Israelera; gehienak lurra jotzerako suntsitu zituzten Israelgo armadaren defentsa sistemek. Ordutik, Israelen erantzunaren esperoan dago nazioartea, hala iragarri baitzuen Tel Avivek. Gaur, The Times of Israel egunkariak, iturri militar bat aipatuz, jakinarazi du Israelgo armada erantzun «serioa eta esanguratsua» prestatzen ari dela. Teheran, lasai Iranek, aldiz, ez du kezkarik adierazi balizko erasoaren harira; ez, behintzat, Irango Petrolio ministroak. Hitz hauek aipatu ditu gaur Tel Aviven balizko erantzunaz galdetuta: «Ez nago kezkatuta». Petrolio Ministerioaren Shana berri agentziak eman du esandakoen berri. Aurreko egunetan, nazioarteko hedabide ugarik aipatu dute Israelek Iranen petrolio azpiegiturei eraso egiteko aukera. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bideni ere galdetu zioten aukera horren inguruan, eta Tel Avivekin «hitz egiten» ari zela baino ez zuen erantzun. Bestalde, gaur, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi Damaskon izan da. Siriako presidente Baxar al-Assadekin zein Atzerri ministro Baxam al-Sabbagh batzartu da, eta bi herrialdeen arteko «lankidetza» indartzearen garrantziaz aritu dira; horrela, nazioarteko laguntza mobilizatu eta Israel Gazan egiten ari den «genozidioa» zein Libanoko erasoa geldiarazteko. Hala jakinarazi du Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, X sare sozialean. Araghtxi, Siriara joan aurretik, Beiruten izan zen atzo. Libanoko Gobernuarekin izandako elkarrizketen berri eman du gaur Damaskon. Libanon su etena lortzeko «ekimena» badagoela jakinarazi du, baina Israelen jarrera gaitzetsi du: «Zoritxarrez, erregimen sionistaren etsaitasunek eta krimenek jarraitu egiten dute». IRNA Irango Berri Agentzia Nazionalak jaso ditu adierazpenak. Behin bilerak amaituta, Araghtxik, X sare sozialean aurrez Teheranek esandakoa gogorarazi du: Israelek Irani eraso egiten badio honen erantzuna «are eta gogorragoa» izanen dela. macronek eskatu du israeli armarik ez bidaltzeko Israelek Gazako oldarraldia are eta gehiago gogortu zuela urtebete betetzear den honetan, Frantziako presidente Emmanuel Macronek uste du lehentasuna «soluzio politikoa» lortzea dela. Horregatik, Israelek «Gazan erabiltzen dituen» armak bidaltzeari uko egin behar zaiola adierazi du Frantziako presidenteak France Inter irrati katean egindako elkarrizketan. Frantziak Tel Aviv ez duela armaz hornitzen ziurtatu du, eta dei egin die gainerako herrialdeei horretan bat egin dezaten. Gainera, jakinarazi du IOF Frankofoniaren Nazioarteko Erakundeko 88 herrialdeek Libanorako «berehalako» su etena eskatzea adostu dutela. IOF erakundeko kide dira, besteak beste, Frantzia, Kanada, Suitza, Belgika, Egipto zein Maroko. Bitartean, Israelgo armadak Gazako zerrendan erasoak egiten jarraitzen du. Al-Jazeera hedabideak jakinarazi du, Gazako iturri ofizialak aipatuz, gutxienez 25 hildako eragin dituztela gaur Tel Avivek egindako bonbardaketek.
Munduan zehar, milaka eta milaka herritar atera dira kalera Gazako herritarrei elkartasuna adierazteko. Etzi beteko da urtebete Israelek Gazako oldarraldia gogortu zuenetik. Hori dela eta, nazioarteak erakutsi du gogoan dituela hango biztanleak. Asiatik hasi eta Ameriketan amaitu, tartean Ozeania, Afrika eta Europa igarota. Elkartasun oldeak mundua hartu du, eta herritarrek hirietako kaleak hartu dituzte. Milaka lagun batu dira Palestinako herriari babesa adierazteko Zeelanda Berrian, Thailandian, Hegoafrikan, Erresuma Batuan eta Txilen. Gazako herritarrak ahaztu ez dituztela jakinarazi eta Palestinari elkartasuna adierazteaz gainera, gogoan izan dute azkenaldian Israelen erasoak pairatzen ari den Libano ere. Halere, elkartasun oihuak baino gehiago, gaitzespen garrasiak nagusitu dira manifestazioetan. Israel eta hura babeste duten herrialdeen kontrako mezuak zabaldu dituzte manifestariek. AEB Ameriketako Estatu Batuek duten jokabidea salatu dute batez ere, baina baita Europaren jarrera ere. Parisko protestetan Israeli boikota egiteko deia egin diete gobernuei. Horrez gainera, zenbait hiritan, Berlinen esaterako, une berean egin dituzte Palestinaren aldeko protestak eta Israelen aldekoak. Alemaniako hiriburuan, antisemitismoa salatuz atera dira kalera ehunka herritar, eta milaka, Palestinaren alde. Protesta gehienak modu baketsuan egin badituzte ere, poliziaren eta manifestarien arteko liskarrak ere egon dira batzuetan. Erroman, esaterako, Poliziak debekatu egin zuen Palestinaren aldeko manifestazioa egitea. Halere, milaka lagun batu dira, eta istiluak egon dira haien eta poliziaren artean.
Gatibu taldeak ez ditu jarraitzaileak despedida kontzerturik gabe utzi nahi, eta 2025eko abenduaren 12ko eta 13ko kontzertu erraldoiak motz gelditu direla ikusirik, hirugarren bat antolatuko dute egun batzuk lehenago, hain zuzen, abenduaren 6an. Beste biak bezala, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokan izango da. Hirugarren kontzertu horretarako sarrerak datorren astelehenean, urriak 7, jarriko dituzte salgai, 12:00etan, taldearen webgunean: www.gatibu.eus. Lehen kontzertuko sarrerak salgai jarri orduko saldu zituzten, eta bigarren kontzertukoak ere bi orduko tartean agortu ziren. 2025eko datak zentzu berezia du Gaizka Salazar, Haimar Arejita eta Alex Sardui taldekideentzat: elkarrekin mende laurden beteko dutela eta, data aproposa iruditu zaie oholtza gaineko ibilbideari agur esateko. Penarik gabe doazela aitortu zuten Gatibuko kideek, BERRIAri emandako elkarrizketan.
«Sexu indarkeria desmitifikatzeko gai izan behar dugu, eta gizonak interpelatuak sentitu daitezela». Erronka hori proposatu du gaur Iratxe Alvarez sexu indarkeriaren kontrako Iruñeko emakumeen plataformako kideak. Sexu indarkerien aurka landu beharreko estrategia feministez mintzatu da Alvarez, Tere Saez Lunes Lilas taldeko kidearekin eta Ana Burgos Bartzelonako Noctambul@s behatokiko kidearekin batera. Mugimendu feministan urte luzez jardundakoak dira hirurak, eta militantzia horretan ikasi eta ikusitakoak azaldu dituzte gaur. Iruñeko Baluarte jauregian elkartu dira hizlariak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuak antolatutako kongresuaren harira. Sexu indarkerien aurrean esku hartzea, erreparazioa eta estrategia feministak du izena saioak: atzo eta gaur hainbat eta hainbat kazetari, sortzaile eta militante elkartu dira bertan. Jardunaldietako azkeneko saioan elkartu dira Alvarez, Saez eta Burgos, Sexu indarkerien kontrako erresistentziak eta estrategia feministak izenburupean. Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak gidatu du saioa, eta egungo egoeraren diagnostikoa egiteko eskatu die hiru parte hartzaileei, nork bere ildotik. Saezen taldean, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin lan egiten dute, eta sentsibilizazio arloan ere bai. Erran du balioa eman behar zaiola mugimendu feministak orain arte lortutakoari, aurrerapausoak «ikaragarriak» izan direlako. Halere, uste du beharrezkoa dela sexu erasoen arloan dagoeneko existitzen diren legeak «garatzea», horiek betearazi eta aplikatzea. Haren ustez, mugimendu feministak du garapen horren ardura. Bertzela mintzatu da Alvarez: «Instituzioari dagokio ardura guztia. Eskubidea dugu doan eta modu duinean artatuak izateko». Izan ere, azaldu du sexu indarkeriaren biktima diren emakumeak «galduta» sentitzen direla, eta, horiek artatzeko baliabideak dauden arren, emakumeek ez dakitela nora joan. «Instituzioek diskurtso feminista ulertu behar dute, baina ez dugu nahi diskurtso feminista bereganatu eta deus ez egitea», borobildu du. Azalpen horren harira, bere ideia hobekiago argitu nahi izan du Saezek: «Esan nahi nuen guri dagokigula sexu indarkeriaren biktimen deiak hartzea, horiek artatzea». Berriz ere kontra egin dio Alvarezek: «Instituzioei dagokie zerbitzu duinak eskaintzea». Gaua Burgosek droga kontsumoari lotuta gertatzen diren sexu indarkeriak aztertzen ditu. Hark ere aitortu du legedian egon diren aurrerapausoak, baina uste du pedagogia beharrezkoa dela oraindik: «Sexu indarkeria kasu gehienak ez dira gauean gertatzen, besta giroan; eta gizartea ez da hori ulertzen ari». Zorrotz mintzatu da, iritzi baitu «kontrol eta diziplinatze estrategiak» gero eta gehiago erabiltzen ari direla; edarian droga detektatzeko tresnak, edo edalontziak estaltzekoak, erraterako. «Estrategia horiek betikotu egiten dute erasotzaile ezezagun eta maltzurraren irudia; kale ilun batean dagoela eraso egingo dizuna, eta ez dela ingurukoa», zehaztu du. Hau da, aurrerapausoa diruditen urrats horiek direla aurrera egiten uzten ez dutenak. Horiek horrela, egungo erronkei buruz mintzatzeari ekin diote hiru emaztekiek. Saezek erran du mugimendu feministari esker emakumeek aurrera egin dutela, baina gizonak atzean gelditu direla. Eta hor dagoela erronketako bat. Alvarez ez dago ados: «Lana dugu egiteko, baina gizonek beraiek pentsa dezatela beraiei dagokiena; falta zena: zer egin dezaketen guk pentsatzea, eta haiei esatea». Bertze ideia bat ere nabarmendu du: «Gehiago arduratu beharko genuke segurtasun zerbitzuek egiten dutenaz emakumeak sexu erasoa salatzera joaten direnean; abokaturik eta psikologorik gabe egoten dira maiz». Azaldu du arazo hori hobetu dela azken urteotan, baina «gogorra» dela oraindik emakumeek komisarietan bizi dutena. Eskaera argi bat egin du Saezek: «Espezialitateetan ez da itxaron zerrendarik egon behar; artatuak izateko eskubidea dugu». Txalo zaparrada luzea iritsi da eskaeraren ondotik. Burgosek, berriz, mugimendu feministak eskaintzen dituen zerbitzuen profesionalizazioa eskatu du; puntu moreena, erraterako. Izan ere, azaldu du horietan maiz gazteek «modu prekarioan» lan egiten dutela, eta azpimarratu horiek ere gogoan izan behar direla. Horrez gain, mitoen aurrean «oso adi» egoteko eskatu du, aurrea hartu baino lehen.
Israelek Libanoren aurka areagotutako erasoaldia nahikoa ez, eta egunotan beste koska bat estutu da Iranen eta Israelen arteko tentsioa. Asteartean 200 misil inguru jaurti zituen Iranek Israelgo lurretara, hiru buruzagiren hilketen mendekua hartzeko zela argudiatuta: Hezbollahko buruzagi Hassan Nasrallahrena, Hamaseko adar politikoko buruzagi Ismail Haniyehrena eta Hezbollahren Irango laguntzaile militar Abbas Nilforuxanena. Ordutik aurrenekoz, jendaurrean hitz egin du gaur Irango lider goren Ali Khameneik. Haren arabera, astearteko erasoa Israeli jarri ziezaioketen «zigorrik txikiena» izan zen. Khameneik goraipatu egin ditu astearteko erasoa eta milizia palestinarrek joan den urriaren 7an Israelen aurka egindakoa, iritzita biak «zilegi» zirela. Aurrera begira, «etsai komunaren aurka» egiteko eskatu die herrialde musulman guztiei: «Afganistandik Yemenera, Irandik Gazara eta Libanora». Hezbollahren eta Hamasen inguruan, ohartarazi du ez batak eta ez besteak ez dutela etsiko. Aiatola agerraldia egiten ari zen bitartean, Beirutera iritsi da Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxi. Libanoko lehen ministro Najib Mikatirekin biltzekoa da lehenbizi, eta Libanoko Parlamentuko presidente Nabih Berrirekin ondoren. Gainera, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaeik jakinarazi duenez, Libanora hamar tona elikagai eramateko aprobetxatuko dute bidaia. Alde egiteko aukerarik ez Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik urte bat betetzear den honetan, arreta Libanon jarrita dago. Hango Garraio Ministerioak, gaur goizean zabaldutako komunikatu baten bidez, jakinarazi du Israelgo armadak bonbardatu egin duela Libanoren eta Siriaren arteko Masnaa pasabideko errepidea. Azken bi asteotan, milaka lagunek erabili dute bide hori Libanotik alde egiteko eta Sirian babes hartzeko; hots, Libanoko Gobernuaren arabera, 300.000 herritarrek baino gehiagok. Pasabideari eraso egin baino ordu batzuk lehenago, errepide hori «armen kontrabandorako» erabiltzea leporatu zion Hezbollahri Israelgo armadako bozeramaile Avichay Adraeek, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez. Libanoko Garraio ministro Ali Hamiek akusazio horiek gezurtatu zituen, atzo egindako prentsaurreko batean, eta argitu zuen Libanoko Gobernuaren menpeko erakundeek behatzen eta kudeatzen dituztela mugako pasabide guztiak. Bonbardaketaren ondorioz errepidea moztuta gelditu da Libanoko aldean. Pasabide hori zen Libanora laguntza humanitarioa sartzeko bide bakarra. Masnaa pasabideko errepideari eraso egin dion egun berean, euren etxeak uzteko agindu die Israelgo armadak Libano hegoaldeko 36 herrixkatako herritarrei. Adraeek eman du abisua, komunikatu baten bidez: «Zuen segurtasunagatik, berehala utzi behar dituzue zuen etxeak, eta Awali errekarantz joan». Erreka hori ebakuatu nahi duten eremutik 50 kilometrotara dago. Are, Israelgo armadako bozeramaile horrek ohartarazi du Libano hegoaldera doan edonork «arriskuan» jarriko duela bere burua. Hain zuzen ere, Tel Aviv aurrera egiten ari da Hezbollahren aurkako erasoaldian, eta etenik gabe bonbardatzen ari da Libanoko hainbat eremu; batez ere, herrialdeko hegoaldeari eta baita hiriburuko (Beirut) hegoaldeari ere. Bart, Israelgo armadak eraso egin dio, beste behin, Beirut hegoaldeko Dahieh auzoari. Israelgo armadaren gertuko iturriak aipatuz The Times of Israel egunkariak gaur kaleratu duenez, Hezbollahko miliziano Haxim Safi al-Din zen azken eraso horien helburua. Nasrallahren lehengusua zen. Nolanahi ere, ez Israelgo armadak, ez Hezbollahk ez dute halakorik baieztatu. Joan den larunbatean hil zuen Nasrallah Israelgo armadak. Bada, Libanoko Atzerri ministro Abdallah Bu Habibek atzo CNN telebista katean emandako elkarrizketa batean jakinarazi zuenez, Hezbollahko buruak onespena eman zion Israelen eta talde xiitaren arteko gatazkarako 21 eguneko menia proposamen bati, Israelgo armadak hura hil baino lehen. Are, esan zuen AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Frantziak bazutela Nasrallahren onespenaren berri. Washingtonek, ordea, ukatu egin du. AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Matthew Millerrek gaur esan duenez, AEBei «ez zien inork halakorik esan». Hemezortzi hildako Tulkarem (Zisjordania) hiriko errefuxiatuentzako kanpaleku baten aurkako aire bidezko eraso batean, hemezortzi pertsona hil zituen atzo gauean Israelgo armadak, eta dozenaka zauritu, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera. Wafa berri agentziak geroago jakinarazi zuenez, Israelgo hegazkin militarrek bete-betean jo zuten errefuxiatuentzako kanpalekuko kafetegi bat. Israelgo armadak bart baieztatu du erasoa. Komunikatu baten bidez, azaldu du Israelgo Segurtasun Agentziarekin prestatu zuela eraso hori, eta Hamaseko hainbat miliziano zituztela helburu. Hain justu, testu horretan bertan, Israelek esan du hildako horien artean dagoela erakunde islamistako Tulkaremgo buruzagia: Zahi Yaser Abdel Razzaq Awfi; Israelen aurkako «berehalako eraso terrorista bat» prestatzen ari zen, eta horregatik egin zuten erasoa, komunikatuan adierazi dutenez. Azken asteetan Zisjordanian egindako eraso handiena izan zen atzokoa, eta berehala erantzun du Hamasek. Komunikatu baten bidez, Al-Qassam Brigadek —erakundeko adar militarra da— Zisjordanian ere Israelen aurkako «oldarraldia areagotzera» eta kaleetan mobilizatzera dei egin diete hango herritarrei. PANeko Gobernuak ere hitz egin du erasoaren inguruan; «krimen anker bat» izan dela salatu du komunikatu batean, eta, beste behin, nazioarteari eskatu dio «ahalik eta lasterrena» Israelen aurkako neurriak hartzeko: «Masakre honek argi erakusten du Israeli bost axola zaizkiola nazioarteko auzitegien ebazpenak, eta legearen gainetik egongo balitz bezala jarduten duela». Urte hasieratik hona, Israelgo armadak gutxienez 94 pertsona hil ditu Tulkaremen; horietatik zortzi, nerabeak. Zisjordania osoan, berriz, 720 palestinar baino gehiago hil ditu iragan urriaren 7az geroztik, PANeko Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Bestalde, Yemen ere astindu du gatazkak gaur. AEB Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak hemeretzi aldiz bonbardatu dituzte huthiak. Talde xiitaren hedabideek adierazi dutenez, Sana hiriburua ere bonbardatu dute. Eraso horiek ez dute inor hil, ezta zauritu ere. Huthiek leporatutako partaidetza ukatu du Erresuma Batuak; hala adierazi dio Defentsa Ministerioak Al Jazeera telebista kateari. AEBek, bestetik, ez dute adierazpenik egin bonbardaketen inguruan. urri erdialdean ekingo diote polioaren aurkako txertoaren bigarren dosia jartzeko kanpainari Osasunaren Mundu Erakundeko iturri bat aipatuz The Guardian egunkariak gaur kaleratu duenez, erakundeak urri erdialdean hasi asmo du Gazan polioaren aurkako txertoaren bigarren dosia jartzeko kanpaina. Erakundeak eskaera bat bidali dio Israelgo Gobernuari, kanpaina hilaren 14an hasi ahal izateko, eta, lehenengo dosia jartzeko kanpainan egin bezala, oraingoan ere eten humanitarioak indarrean jartzea nahi lukete. Joan den hilean hasi zuten polioaren aurkako txertaketa kanpaina, eta, OMEren datuen arabera, Gazako 560.000 haurrek jaso zuten lehenengo dosia.
Adegiren esanetan, ahultasun honek “zerikusi zuzena” du EBko merkatuen eboluzioarekin eta Txinaren presentzia gero eta handiagoarekin. Hala ere, Gipuzkoako egoera ekonomikoak ona izaten jarraitzen du, eta BPGa % 1,8 eta % 2,2 artean igoko dela aurreikusten dute.