Israelen eta Hezbollahren arteko oldarraldia areagotu egin da azken…
Oldarraldia geroz eta nabarmenagoa da Ekialde Hurbilean. Israelek, ostiralean, Hezbollah milizia xiitako bi buruzagi hil zituen Beiruten, eta eraso berean, gutxienez, 45 lagun hil zituen, Libanoko Gobernuaren arabera. Horri erantzuteko, gaur goizaldean Israelen aurkako ehun suziri inguru jaurti ditu Hezbollahk, baina atzeman egin dituzte gehienak. Berehala etorri zaio buelta: Israelek miliziak Libanon dituen zenbait base bonbardatu ditu egunak argitu bezain pronto. Israelgo Armadak argi utzi du miliziaren aurkako erasoek jarraitu egingo dutela eta geroz eta gehiago izango direla. Atzo ere egin zituen zenbait eraso, Hezbollah suziriak botatzeko prestatzen ari zela jakitun. Libanokoa, gainera, ez da Israelgo Armadaren fronte bakarra. Gaur gauean, soldadu talde bat Al-Jazeera albiste kateak Ramallahn (Zisjordania) duen egoitzara sartu da, itxi egin du eta bertako materiala eraman du.
Blanchett: «Soiltasunak esfortzu itzela eskatzen du»
Cate Blanchett aurten heldu da lehenengoz Donostiako Zinemaldira, baina ez edonola: aurtengo kartel ofizialeko protagonista eta 72. aldiko Donostia saridunetako bat baita. Jaialdiaren arabera, «zinematografia garaikideko interprete garrantzitsuenetako bat da» aktore australiarra, eta haren filmografia zabala da horren erakusgarri argiena. Martin Scorsese (The Aviator), David Fincher (The Curious Case of Benjamin Button), Alejandro G. Iñarritu (Babel), Woody Allen (Blue Jasmine), Todd Field (Carol), eta beste hamaika zuzendari entzutetsurekin egin du lan, eta filmez film osatu duen bide horrek bera ere harritzen duela onartu du Donostia saria jaso aurreko prentsaurrekoan: «Egin duzun lana estimatzen dutenean, sariek sakoneko esanahi bat dute. Ez ditut arinkeriaz hartzen; harritu egiten naute, baita nik zineman ibilbide bat egin izanak ere. Antzerkia izan da nire maitasun benetakoa; han, zuzen-zuzenean gertatzen da dena; zineman, ezin da jakin zenbat begi parek ikusi duten zure lana». «Zure lana estimatzen dutenean, sariek sakoneko esanahi bat dute. Ez ditut arinkeriaz hartzen» CATE BLANCHETT Aktorea Ororen gainetik, aktore lanaren inguruan aritu da Blanchett (Ivanhoe, Australia, 1969): zeren arabera onartzen duen lan berri bakoitza —«senak eramaten nau, erregaia balitz bezala»—, zer arrasto utzi dioten jokatutako pertsonaia askotarikoek. «Hori modu inkontzientean gertatzen da», adierazi du. «Onartzen duzun pertsonaia bakoitza aurretik onartutakoaren antidoto moduko bat da, eta, zenbaitetan, heltzen zaizkizun lan eskaintzek ustekabean harrapatzen zaituzte, zugan ikusi dutelako zuk zerorrek ikusi ezin dezakezun zerbait». Duela bi urte, Fielden zuzendaritzapean filmatutako Tar filma jarri du horren adibidetzat. Orkestra zuzendari baten rola jokatu zuen hartan Blanchettek, eta hura lantzea «mendi ikaragarri bat igotzea» izan zela kontatu du. «Nik ez nekien mendi hori nola igo; benetan larri nengoen. Urteen poderioz, baina, beldur hori emozio bihurtzen ikasi dut. Nahiago nuke geopolitikan ere hori gertatuko balitz». «Onartutako pertsonaia bakoitza aurretik onartutakoaren antidoto bat da; ustekabean harrapatzen zaituzte» CATE BLANCHETT Aktorea Galdetuta zer pertsonaia jokatzen gozatu duen gehien, antzerkira itzuli da aktorea, eta bere egin du berriki Clarice Linspector idazle brasildarrari irakurritako ideia bat: «Hark esaten du sinpleak diruditen gauzek prestakuntza handia behar dutela, eta ados nago. Soiltasunak esfortzu itzela eskatzen du». Merkelen larruan Saria jasotzeaz gain, Guy Maddin eta Evan eta Galen Johnson anaien zuzendaritzapean egindako Rumours filma aurkeztu du aktoreak Zinemaldian. G7koen bilera bat dauka abiapuntutzat filmak, eta Alemaniako kantzilerraren rola jokatzen du Blanchettek —Angela Merkel gogora ekartzen duen pertsonaia—. Ezusteko bideetatik garatzen den satira politiko bat da, eta aurten estreinatu den Blanchetten beste lanetako bat beste muturrean dago: Alfonso Cuaronek zuzendutako Dislaimer telesaila. Bi kasuetan, baina, pertsonaia «bigarren mailakoa» iruditu zitzaiola azaldu du aktoreak, eta gehiago interesatu zaizkiola bi proiektuek proposatzen duten «ariketa formala»: «Cuaronek zinemaren zentzu erritmikoa jendearen etxera eramateko modua bilatu du; eta Maddin eta Johnson anaiek, berriz, zinema desmuntatu eta berriz muntatu dute, antzerkitik ere zerbait baduen film batean». 2004ko Coffee & Cigarettes-en ostean, Jim Jarmuschekin lan egin du berriro Blanchettek, duela gutxi —Father, Mather, Sister, Brother deituko den filmean—, eta zinema independentearen inguruan galdetu diote horren aitzakian. Zinema jaialdiek halako filmentzat duten zeresana azpimarratu du aktoreak: «Lehen bezala gaur, Jimentzat oso da zaila film bat egitea. Akaso, filma egiteko dirua lortu bai, baina gero film horiek ez dira ikusten. Sormen ikuspegitik, ez da txarra hor sartzea, baina gero banaketa oso zaila izaten da. Horregatik, zinemaldien zeregina benetan garrantzitsua da halako filmentzat, kontzientziazio moduko bat eragiten dutelako». Nazioarteko aktore ospetsuenetako bat izateaz gain, ekoizpenaren munduan ere aritzen da Blanchett. Dirty Films ekoiztetxearen sortzaileetako bat da, besteak beste, eta Blanchettek berak ekoitziak dira haren azken urteetako zenbait lan, hala nola Carol (2015), Apples (Christos Nikou, 2020) eta Tar (2022). «Ez naiz damutzen» Maiatzean, Cannesko jaialdian, Blanchett Palestinako banderaren koloreak zituen soineko batekin agertu zen alfonbra gorrian, eta espero izatekoa zen hark sortutako polemikaren inguruan ere galdetuko ziotela Donostian. Hala erantzun du: «Ezin naiz biluzik agertu. Soineko hori eraman nuen: ez naiz damutzen. Giza eskubideen urraketa asko gertatzen dira, badugu haien berri, baina ezin ditugu ukitu ere egin. Mundua oso konplikatua da, eta protestarako eskubidea oso garrantzitsua da, ikuspuntu guztiak entzun ahal izatea. Hala ere, zauri asko daude nik alfonbra gorrian zerbait jantzita edo hemen zerbaiten aldeko adierazpenak eginda konpondu ezin direnak». Klima larrialdiaren inguruan, bestalde, aktoreak azpimarratu du zinemaren industriak «modu jasangarriago batean lan egiteko» urratsak egin beharko lituzkeela —«klima hondamendia hor dago, baina aldaketak oso mantso egiten ditugu»—; eta Carol filmean jokatutako rola gogoan —aktorearen interpretazio ikonikoenetako bat—, LGTBI komunitatearen ikusgaitasunari dagokionez «poliki baina aurrera» egin izana txalotu du. «Berdin gertatzen da inklusibitatearekin. Edozertaz ari garela ere, ez da aldaketarik egongo dena homogeneoa baldin bada».
Euskal zinemaren kalitatearen aldarria egin du ‘Tasio’ filmak
Tasio zaharberrituak maiatzean egin zuen benetako estreinaldia, Cannesko zinema jaialdian, baina Donostiakoak jakin-min handia piztu du, estreinaldiak adinakoa; besteak beste, Zinemaldian berean ikusi zuelako argia duela berrogei urte, eta orduko hartan eragindako lilurak eta jasotako sariek —tartean, Zilarrezko Maskorra— Euskal Herriko zinemaren zedarri bihurtu zutelako filma. Montxo Armendariz zinema zuzendariaren opera primak Anastasio Otxoa Ruiz (Zuñiga, Nafarroa, 1916-Valderrota mendia, 1989) ikazkin eta ehiztariaren bizitza eraman zuen fikziora 1984an, eta harekin batera, hainbat balio nabarmendu zituen, dokumentu etnografiko eta antropologikotzat ere jo zitekeen lan hartan: natura, iraupeneko ehiza, ofizio zaharrak, adiskidantza, herri txikien balioa, norberaren senari jarraitzeak duen garrantzia. Armendarizek berak esana da «isileko askatasuna, arauen eta konbentzioen kontra ezkutatzen den askatasuna» dela filmaren funtsa. Beste hainbat balio ere gehitu zaizkio geroztik, batik bat urteotako gertaeren, aldaketen eta egoeraren ondorio; nagusiki ekologikoak —ingurumena zaindu beharra, basoaren garrantzia—, baina baita humanoagoak ere: esaterako, belaunaldien arteko transmisioaren garrantzia. Gazteei begira Tasio zaharberritzeko asmoa Euskadiko Filmategian ernaldu zen. «Film horri, hain garrantzitsua izanik, beste bizialdi bat eman nahi genion», azaldu du Joxean Fernandez zuzendariak. Ez du ikustekorik, baina, duela berrogei urte batu zituen ikus-entzuleen nostalgiarekin. Dokumentua behar bezala jasotzeko eta teknika berrietara egokitzeko baino gehiago, helburu jakin bat betetzeko jarri zen martxan Filmategiko lantaldea: filma berriro pantaila handietara itzul zedin, eta, batik bat, «gazteengana hel zedin, harrapa zitzan». Hain zuzen ere, hori litzateke «politena», Fernandezentzat. Zinemaldira heldu baino lehen izan dituen proiekzioak gogoan, buruan zerabilten «pokerra» bete dela azaldu du Filmategiko zuzendariak: «Cannesera joan da, pelikulak erakusteko leihorik onenera hain justu; gero, Bolognako II Cinema Ritrovato jaialdira, eta Donostiakoaren ostean, Lyongo Lumiere zinema jaialdira joango da». 2025ean, bestalde, Euskal Herrian ez ezik, Frantzian barrena ere ibiliko da, hango banatzaile batek proiekzio eskubideak erosi baititu. Fernandez pozik agertu da: «Orain logikoa iruditzen baldin bazaigu ere, lorpen hori ez zen batere agerikoa. Oso harro gaude». «Pelikula oso hemengoa da, baina era berean oso unibertsala, horregatik ulertzen da hain ongi atzerrian, emango zaizkion interpretazioak toki batetik bestera aldatuko badira ere» JOXEAN FERNANDEZ Euskadiko Filmategiko zuzendaria Filma proiektatu den toki guztietan zirrara eragin duela azaldu du, gainera: «Cannesen esan ziguten Marcel Bagnolen tankera hartzen ziotela; Italian, Ermano Olmirena hartu zioten, eta beste zenbaitek azpimarratu digute Akira Kurosawaren edota Taviani anaien Padre padrone-ren usaina dariola». Fernandezek badu azalpenik horretarako: «Pelikula oso hemengoa da, baina era berean oso unibertsala, horregatik ulertzen da hain ongi atzerrian, emango zaizkion interpretazioak toki batetik bestera aldatuko badira ere». Tasio Nafarroako Ameskoa eta Lana bailaretan grabatu zuten, Urbasa mendilerroaren magalean. Montxo Armendariz zuzendariaren esanetara, Patxi Bisquert, Amaia Lasa eta Paco Sagarzazu aktoreak aritu ziren, besteak beste. Elias Kerejeta ekoizleak bere gain hartu baino lehen, hainbat ezezko jaso zituen proiektuak. «Tasio nire lehen film luzea izan zen. Zinema estudiatu gabekoa nintzen, eta grabaketan beldurtuta nengoen, eta oso urduri, gainera» MONTXO ARMENDARIZ Zuzendaria Montxo Armendariz, Euskadiko filmategiko ikurra eskuetan duela. JON URBE / FOKU Pribilegioa Montxo Armendarizek hitz apalak eskaini ditu Donostiako Zinemaldian, txalo zaparrada luzea jaso ostean eta filma proiektatu aurretik: «Tasio nire lehen film luzea izan zen. Zinema estudiatu gabekoa nintzen, eta grabaketan beldurtuta nengoen, eta oso urduri, gainera». Duela berrogei urte batutako lantalde tekniko eta artistikoari eskaini dio bere eskerrik beroena: «Tasio honaino iritsi izanaren meriturik handiena haiena da: haien profesionaltasunik gabe ez zatekeen gauza bera izango». Grabatzen aritu ziren herrixketako biztanleen ekarpena ere «ordainezina» izan zela aipatu du, batez ere «eguraldiak laguntzen ez zuenean edo animaliek arazoak sortzen zituztenean, eta askotan gertatzen zen halakoren bat». Berrogei urteren buruan Donostiako Zinemaldira berriz etortzea «pribilegioa» dela ere aitortu du, eta, halaber, «oso berezia eta hunkigarria» dela nabarmendu, filmaketan parte hartu zuten guztien izenean. Bere xerarik handiena, berriz, «jada ez dauden horiei» eskaini die, bereziki Elias Kerejetari eta Anastasio Otxoari, bizitza errealeko Tasio zenari. Aldarri baten forma hartu dute Armendarizen azken hitzek: «Amaituko ahal dira gerra guztiak eta genozidio guztiak, behingoz bakean bizi ahal izan gaitezen».
‘Soy Nevenka’ aurkeztu du Iciar Bollainek, inpunitatearen aurkako «ekintza…
2001eko martxoan, hainbat hilabete eman ondoren Ponferradako Udaleko (Espainia) ogasun sailean zuen zinegotzi postura agertu gabe, Nevenka Fernandezek komunikabideak deitu zituen bere herrira. Abokatua zuen ondoan, eta haren babesarekin kontatu zuen urtebetez Ismael Alvarez alkatearen (PPkoa) sexu jazarpena jasan zuela hala lanean nola handik kanpo. Hilabeteren buruan, salaketa jarri zuen epaitegietan, eta handik urtebetera iritsi zen epaia: Alvarezi zigorrik txikiena ezarri zioten sexu jazarpenagatik: 6.480 euroko isuna eta Fernandezi ordaindu beharreko 12.000 euroko kalte ordaina. Fernandezen salaketak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan bere garaian, eta ez ziren gutxi izan haren sinesgarritasuna zalantzan jarri zuten kazetari ezagunak. Ponferradan bertan, areagotu egin ziren alkatearen aldeko babes agerraldiak, eta biktimak, azkenean, presio sozialak bultzatuta eta lanik aurkitzen ez zuela ikusita, Espainiatik alde egin behar izan zuen. Kasua gertatu zenetik hogei urte baino gehiago igaro diren honetan, Iciar Bollain zinemagile espainiarrak Soy Nevenka aurkeztu du, gaur, Zinemaldiko Sail Ofizialean. Kursaaleko auditoriumean izandako emanaldian, ikusleek luze txalotu dute filma, eta esku zartekin hartu dute Bollain, ondoren izan den aurkezpenean. Zuzendariak ondoan izan ditu bi protagonista nagusiak, Mireia Oriol eta Urko Olazabal, eta baita filmaren ekoizleak ere, Juan Moreno eta Koldo Zuazua. Hain zuzen ere, ekoizleek Nevenka Fernandezen kasua film batean kontatzeko proposatu ziotenean, Bollainek bere buruari galdetu zion ea egokia izango litzatekeen istorio hura gaur egun kontatzea. Izan ere, dokumental batean (Nevenka) eta Juan Jose Millasen liburu batean (Hay algo que no es como me dicen) jasota zegoen Fernandezen kontrako jazarpenaren lekukotza dagoeneko, baina zinemagileak garbi ikusi zuen aurrera egin behar zuela proiektuarekin: «Aukera ematen zuen ikusteko gaur egun non gauden». Bollainek Isa Campo izan du lagun gidoia idazteko orduan, eta azken horrek ere filmaren egokitasuna nabarmendu du: «Aurrera egin dugu, baina mekanismo sozial batzuk hor daude oraindik ere». Filma askotariko ikuspuntuetatik planteatu zitekeen arren, Bollainek adierazi du jazarpenean jarri nahi izan dutela arreta. «Zentratu gintezkeen epaiketan, baina ez, jazarpena detaile guztiekin kontatu nahi genuen. Eta nahi genuen ikusleak biktima laguntzea bidaia osoan». Horri lotuta, Campok argudiatu du batzuetan biktimaren bertsioa zalantzan jartzen dela oraindik ere: «Beti dago biktimaren bertsioa osorik kontatzea oztopatzen duen arrakalaren bat, eta uste dut orain, gizartean, horrelako garai batean gaudela». Alde horretatik, Bollainek «ekintza politiko» gisa definitu du Soy Nevenka, eta gogora ekarri du zer gertatu zen kasua ezagun egin zenean: «Herri osoa irten zen erasotzailea babestera. Eta guk uste dugu arreta erasotzaile horren gainean jarri behar dugula. Filmak badu esparru horretan laguntzeko asmoa ere. Oraindik hainbat Me Too daude ateratzeko: politikan, enpresa munduan… eta denok dakigu asko dagoela egiteko». Gizonentzat Proiektu berri hau Maixabel filmak izandako arrakasta handiaren ondoren iritsi zaio Bollaini, eta, orduko hartan bezala, Koldo Zuazua euskal ekoizlearekin eta Urko Olazabal aktorearekin egin du lan. «Urko Maixabel-en ezagutu nuen, eta, castingera iritsi zenean, banekien eman zezakeela hoztasun puntu hori. Baina gizon populista baten rolean ikusi behar nuen. Interpretazio zoragarriak eman dizkigute bi aktoreek», aipatu du, Olazabalen eta Oriolen lana goraipatu nahian. Euskal aktoreak aitortu du psikologiako eskuliburuak irakurri behar izan dituela Ismael Alvarezen lekuan jartzeko, «jazartzaileen patroiak» ezagutzeko, eta gizonengan jarri du arreta: «Konturatu naiz gure egunerokoan min handia egin diezaiekegula emakumeei. Gure existentziak berak emakumeak kutsatzen ditu». Horri lotuta, filma emakumeentzat, baina batez ere gizonezkoentzat dela iritzi dio Olazabalek: «Guretzat, ikasketa bat da; gure jarrerari buruzko ondorioak atera behar ditugu gizonezkook». Oriolek, berriz, adierazi du emakume ugarik bizi izan duten egoera bat islatzen duela filmak, eta «bi Nevenka» erakutsi, jazarpenaren aurrekoa eta ondorengoa: «Egoera beldurgarri horren ondoren, puskatu egiten da. Haren duintasun zentzuari eusten saiatu naiz». Ezin Ponferradan filmatu Ekoizleen asmoa zen pelikula Ponferradan bertan filmatzea, baina, azkenean, ezin izan dute hala egin. Bertara joan ziren, gutun bat bidali zuten udalera baimenak eskatzeko, baina «isiltasun administratiboa» besterik ez zuten jaso erantzun gisa, Zuazuak azaldu duenez. Nolanahi ere, hara joan eta gaia aipatzean, «isiltasun arraroak» sumatu zituzten. «Gerora, filmaren berri eman zenean, PSOEren galdera bati erantzunez, zinegotzi batek adierazi zuen ez zigutela baimenik eman filmak hiriko arkitekturari kalte egiteko arriskua zegoelako. Baina guri inoiz ez zitzaigun iritsi inolako jakinarazpenik».
Alavesek garaipen garrantzitsua lortu du Sevillaren kontra
Denboraldi hasiera bikaina egiten ari da Alaves. Aurreko jardunaldian Espanyolen aurka 3-2 galdu arren, onbidera itzuli da gaur, Sevilla 2-1 mendean hartu eta gero. Hala, sei jardunaldi eta gero 10 puntu pilatu ditu Luis Garcia Plazaren taldeak, eta asteburuko emaitzen zain, goiko postuei begira jar daiteke. Horrekin batera, Mendizorrotzan talde sendoa dela berretsi du. Orain arte hiru partida jokatu ditu bertan, eta bi garaipen eta berdinketa bat lortu ditu. Ondo lehiatzeaz gain, ederki baliatu ditu baloia ateratzean eta atzeko lerroaren bizkarrean Sevillak dituen arazoak. Hori izan da garaipena lortzeko gakoa. Bestea, azken minutuetan Sevillak estutu egin duen arren, ondo eutsi diola. Itxura sendoa eman dute arabarrek, eta jokalariek beste behin erakutsi dute erabat sinetsita daudela Luis Garcia Plaza teknikariak proposatzen dien jokatzeko moduarekin Neurketako lehen minutuak parekatuak izan dira. Baina bederatzigarren minutuan Isaac Romero Sevillak aurrelariak min hartu du orkatilan, eta aldatu egin behar izan dute. Hura da Espainiako taldeak goian duen erreferentzia, eta igarri egin du. Garcia Pimientaren taldeak behera egin du, eta Alaves nagusitzen hasi da. 17. minutuan saria jaso du. Eskuin hegaletik bat egin dute Tenagliak eta Carlos Vicentek. Baloia jaso, eta errematea egin du lehen zutoinera Carlos Vicentek berak, Ez da fin aritu Nyland atezaina, ez baitu eskua ondo sartu, eta baloia sareetara joan da. Hurrengo minutuetan Alaves oso nagusi izan da. Errenta handitzeko bi aukera argi izan ditu; lehenengoa, 20. minutuan,Toni Martinezek. Siverak luze atera du, Kike Salasek ez du baloia ondo aldendu, eta aurrelariak bikain irabazi die bizkarra Sevillako atzelariei. Baina haren errematea gutxigatik joan da kanpora. Bigarrengoan, 24. minutuan, Stoichkovek gola egin du, baina epaileak baliorik gabe utzi du, jokaldiaren hasieran Carlos Vicente jokoz kanpo zegoelako. Alavesek kontrolpean zuen partida. Sevilla, berriz, kontrakarrean ari zen, eta sendotasunik gabe atzean. Pena izan da etxekoek ezin izan dutela hori baliatu aldea handitzeko. Lehen zatiko azken minutuetan bisitariak zertxobait gerturatu dira Alavesen atera. Baina aparteko arriskurik sortu gabe. Sevilla hobeto Bigarren zatiari hobeto ekin diote bisitariek. Alavesek partidaren kontrola galdu du zertxobait. Sevillak, berriz, baloia atzetik atera beharrean, luze jokatzea erabaki du. Baloiaren jabetza behar zuen Alavesek, eta partidari patxada eman. Sevilla estutzen ari zen, eta gertu izan du berdinketa, Saulek area txikian egindako erremate batean. Hurrengo jokaldian, ordea, arabarren bigarren gola iritsi da. Siverak luze atera du, eta baloia Carlos Vicenteri ailegatu zaio. Eskuineko hegaletik buruz buruko jokaldi bikaina egin du erdiko hegalekoak, eta atzean utzi du Pedrosa. Haren erdiraketa neurtua Stoichkovek errematatu du buruz. Baloia langara joan da, baina aldaratzeak aldakan jo dio Carlos Martini, eta gola lortu du. Ordu erdiren faltan, 2-0ekoarekin, arnasa hartu du Alavesek. Izan ere, Sevilla hobeto zegoen. Stoichkovek ia hirugarrena sartu du, Pedrosari aurre hartuta. Baina oraingo honetan Nylandek ondo sartu du eskua. Arabarrek ondo bideratuta zuten norgehiagoka, eta Luis Garcia Plazak ez zuen ezusterik nahi. Hala, zelai erdia sendotu eta partiaren aginte makila ziurtatzeko Guridi zelairatu du, Stoichkoven ordez. Sendo zegoen Alaves, eta bazirudien partida amaiera lasaia izango zuela. Sevills azken bi denboraldietan izandako gabeziak erakusten ari zen. Baina gol batek dena aldatzen du, eta Garcia Pimienaten taldeak lortu egin du. Manu Sanchezek huts egin du zaintza lanetan. Lukebakiok ondo hartu dio bizkarra, eta Saulen pase sako bat hartu eta gero, area ertzetik jaurti, eta gol ederra egin du. Zazpi minutu falta ziren partida amaitzeko, eta Alaves estu hartzen ahalegindu da Sevilla. Baina arabarrek ondo eutsi diote, eta hiru puntuak Mendizorrotzan geratu dira. ALAVES-SEVILLA Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar, Sedlar, Manu Sanchez; Jordan (Mouriño, 89. min.), Gebara (Blanco, 71. min.); Carlos Vicente, Stoichkov (Guridi 71. min.), Carlos Martin (Rebbach, 77. min.) eta Toni Martinez (Kike Garcia, 76. min.). Sevilla: Nyland; Carmona, Nianzou (Bade, 70), Kike Salas, Pedrosa (Barco, 66. min.); Agoume (Ejuke, 66. min.) Sow, (Gudelj, 70. min.), Saul; Peque, Lukebakio eta Isaac Romero (Iheanacho,10. min.) Golak: 1-0: Carlos Vicentek (17. min.). 2-0: Carlos Martinek (60. min.). 2-1: Lukebakiok (83. min.)
Javier Bardemek ez du aldarterik ospakizunetarako
Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezen alboan eseri da Javier Bardem Oscar sariduna, Kursaaleko prentsa aretoan, eta, bestelako adierazpenik egin gabe, hara bildutako kazetari, argazkilari eta gainontzeko berriemaileen galderei erantzun die. Batik bat gai jakin batzuk izan ditu hizpide; esate baterako, Gazan gertatzen ari dena. Aletuta datoz jarraian. Konpromisoa Javier Bardem sarritan mintzatu izan da giza eskubideen eta eskubide zibilen alde, eta, horri buruz, hau esan du Donostian: «Ez da aukera kontu bat, kontrakoa egiteko ezintasuna baizik». Bandoa hautatu beharraz ere hitz egin du: «Mundua hobea litzateke horrenbesteko lehiarik ez balego, baina gauza batzuk onartezinak dira, eta ezinezkoa da horren aurka ez altxatzea». Ildo horretatik, ezinbestekotzat jo du injustizia salatzeko motibazioari eustea. Damua Esandakoez damutzeak edo norbere burua zentsuratzeak tokirik ez duela adierazi du, «bestela haiek irabaziko luketelako, eta zilegi bihurtuko litzatekeelako eskubide sozialen alde altxatzen denaren aurkako erasoa». Bardemek Gazara jo du zuzen, eta han gertatzen ari dena onartezina dela azaldu du: «Israelgo oraingo gobernua historian izan den erradikalena da, gizateriaren aurkako krimenak egiten ari da, eta Hamasen eraso izugarri eta bidegabeek ez dute Palestinako herriaren aurkako zigor global eta masiboa justifikatzen». Bardemen aburuz, AEBek, Erresuma Batuak, Frantziak eta Alemaniak beren jokaera zalantzan jarri beharko lukete, «ura eta elikagaiak galarazteari, gerra haurren aurka erabiltzeari edota belaunaldietako traumari» segida ematen ari direlako. Norbanako bakoitzak ezer gutxi egin dezakeen arren, pasibotasunari aurre egitera deitu du: «Gertatzen ari denaren biktima denok gara, eta moralki eta etikoki injustua iruditzen zaiguna salatzeko eskubidea eta obligazioa dugu». Gazako larrialdiaren aurrean, interlokutoreak aldatzeko premia ere agertu du: «Netanyahuren gobernua eta Hamaseko buruzagiak ez dira ezertara iritsiko, baina palestinarren independentzia, beren kulturarako eta lurralderako eskubidea eta Israelgo herriaren ziurtasuna bermatuko duen hitzarmena behar da». Gauza hauek Donostia sariaz gozatzea galarazten diotela azaldu du aktoreak: «Ez dut festarako aldarterik, ezinezkoa zait mundua dagoen gisan ezer ospatzea». Zirkunstantziak Besteen aldean zorte onekoa dela aitortu du aktoreak: «Bakoitza bere ahal txikietatik, eta izan baden horretatik hasten da egiten, eta dakitenei eta aldaketa eragiteko gai direnei begira ikasten du». Alde horretatik, bere ama Pilar Bardem zenaren etsenplua aipatu du: «Hura izan nuen lehen eskola, eta gero senideekin zein lagunekin jarraitu zuen». Bere ogibidea ere jarri du gizatasunaren aldeko kontzientziaren adibide gisa: «Ez dut aktorerik ezagutzen biziki sentibera eta enpatia handikoa ez denik». Merezimendua Ospakizunetarako gogoaz harago ere jo du, eta, bai aurtengo Donostia saria, bai eta duela 30 urte jasotako Zilarrezko Maskorra ere, merezi ez izanaren sentipenari heldu dio Bardemek. «Bakoitzak ahal duena egiten du, eta ahal bezain ongi, baina pasioz eta zortez bizi duzunagatik saria jasotzea, gehiegizkoa zaizun pastel baten ginga modukoa da». Apal azaldu da: «Benetan diot, ez dut uste saririk jaso ez duten askok baino gehiago merezi dudanik». Ama Bardemek bere amaren altzoan jaio izanaren garrantzia ekarri du gogora. Haren «duintasuna, etika eta apaltasuna» goraipatu ditu: «Emakume banandua zen, dibortzioa onartzen ez zen garaian, hiru haurren ama, aktorea, eta kalean oso presente zegoen eskuin muturrak begiz joa zuena». Pilar Bardemek «jo eta su» lan egin izanagatik ere etxean ezer gutxi zutela azaldu du, eta, halere, noizik eta behin, Saharako emakumeen alde eskean etortzen zitzaizkienean «zeukanaren erdia» ematen ziela kontatu du: «Ekintzez erakutsi zigun, ez hitzez». Saririk ederrena «Pilarren semea» izatea dela aitortu du Javier Bardemek. Ospea Etengabe fokupean bizitzeaz, berriz, aktoreak oro har «sekulako egoa» behar duela azaldu du, bestela «ezinezkoa» litzatekeelako kameraren aurrean jartzea: «Ego horrek, ordea, kameraren aurrean jarri orduko desagertu behar du, istorioa kontatzeko tresna den aktorea ager dadin». Javier Bardem sari askoren jabe da orain baino lehen. Besteak beste, sei Goya, Oscar bat, Urrezko Globo bat, BAFTA bat eta Cannesko Zinemaldiko aktore onenaren saria jaso ditu. Saria eskuan Donostiako 72. Zinemaldiko irekierako galan, Bardemek lehen aldiz Donostian sari bat jaso zuenekoa gogoratu zuten. Duela hiru hamarkada jasotako Zilarrezko Maskorraren momentua pantaila handian proiektatu zuten, eta ondoren, aktorearen anai arrebek aurkeztu zuten saritua. Txalo zaparrada luze batekin jaso zuen Kursaaleko auditorioak aktorea. Bere ama ekarri zuen gogora Bardemek saria eskuan zuela, eta bere irakaslea den Juan Carlos Corazzari ere eskerrak eman zizkion. Era berean, saria bere emazte Penelope Cruzi eta haien seme alabei eskaini zien.
Nazioarteak eskatu die Israeli eta Hezbollahri gatazka ez areagotzeko
Nazioarteak, oro har, kezka adierazi du azken egunetan Libanon izan diren erasoen ostean. Hezbollah talde xiitaren eta Israelen arteko gatazka areagotzeak eskualdean izan ditzaketen ondorioez mintzatu dira zenbait herrialdetako agintariak. Besteak beste, AEBetako, Errusiako eta Erresuma Batuko Atzerri Ministerioek bi aldeei eskatu diete eragotzi dezatela egoera are eta gehiago gaiztotzea. Gaur arratsaldean, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak batzar bat egingo du gaiaren inguruan hitz egiteko. Israel eta Hezbollahren arteko liskarrek okerrera egiteak «beldurra eta kezka» eragiten die AEBei, Etxe Zuriko bozeramaile Karine Jean-Pierrek adierazi duenez. Gainera, jakinarazi du Joe Biden AEBetako presidenteak uste duela posible dela konponbide diplomatiko batera heltzea. Era berean, atzo iluntzean mintzatu zen Anthony Blinken AEBetako Estatu idazkaria, Parisen. Frantziako Atzerri ministro Stephane Sejournerekin batu zen han. Bai Frantziak eta bai AEBek Ekialde Hurbilean gatazka ez areagotzeko deia egiten dutela jakinarazi zuen Blinkenek. Gehitu zuen ez dutela nahi Gazako su etena zailduko duen inolako akziorik. Izan ere, azken egunetan areagotu egin da Hezbollahren eta Israelen arteko tentsioa. Asteartean eta asteazkenean Libanon egindako erasoek —talde xiitako kideen komunikazio aparatuek eztanda egin zuten— 37 hildako eta ia 3.000 zauritu utzi dituzte. Hezbollahko buruak «gerra deklarazio» gisa definitu zituen atzo eraso horiek. Erresuma Batuak eskatu du «berehalako su etena» ezar dezatela Israelen eta talde xiitaren artean. David Lammy Atzerri ministroak bart adierazi zuen beharrezkoa dela akordio bat Israelgo biztanleak eta Libanokoak etxera itzuli ahal izateko. Errusia ere kezkatuta agertu da Ekialde Hurbileko egoeraren inguruan. Maria Zakharova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur ohartarazi du Libanon eskala handiko operazio militar bat egiteak «ondorio suntsitzaileak» izango lituzkeela eskualdean, eta eragotzi egin behar dela «agertoki katastrofiko» horretara iristea. NBE Nazio Batuen Libanorako Behin-Behineko Indarra ere iritzi berekoa da. Bi herrialdeen arteko mugan gatazka «asko» areagotu dela sumatu du NBEk Libanon duen taldeak. Hori jakinarazi du Andrea Tenenti bozeramaileak, eta baretzeko deia egin die bi aldeei. Bitartean, Israelgo armadaren hegazkinek eraso ugari egin dituzte azken orduetan Libano hegoaldean eta Beiruten. Erresuma Batuko Reuters berri agentziari Libanoko iturri ofizialek adierazi diotenez, iragan urrian Gazako oldarraldia areagotu zenetik, Israelek Libanon egindako «aire eraso bortitzenak» izan dira. Hain justu, eraso horietako batean milizia xiitako buruzagi bat hil dutela jakinarazi du Reutersek, Hezbollahren gertuko iturriak aipatuz. Ibrahim Aqil zen buruzagi hori, eta «unitate berezien» arduraduna zen. Libanoko Osasun Ministerioaren arabera, denera hamalau lagun hil dituzte bonbardaketa horietan, eta 66 baino gehiago zauritu. Israelgo armadak Hezbollahko lider Hassan Nasrallahren hitzaldia igortzen ari ziren bitartean ekin zion bonbardaketari. Ostera, zenbait eraso egin zituzten herrialdearen hegoaldean. Israelgo armadak bere Telegrameko kanalean azaldutakoaren arabera, Hezbollahren ehun bat jaurtigailu eta bestelako azpiegitura suntsitu zituzten. Gehitu zuten jaurtigailu horiek prest zeudela Israelen aurka «berehala» erabiltzeko. Libano hegoaldeko herri bat atzo, Israelgo armadaren eraso baten ostean. STR / EFE Bestetik, talde xiitak Israel iparraldeari eraso egiten jarraitu du. Israelgo armadak bere Telegrameko kanalean zabaldu duenez, gaur, Hezbollahk jaurtitako 140 suziri atzeman dituzte herrialdearen iparraldean. Nasrallahk hitzeman zuen Hezbollahk «Gazako erresistentzia babesten» jarraituko duela, eta ez dietela utziko Israelgo «legez kanpoko kolonoei» iparraldera itzultzen. Iazko urrian Gazako oldarraldia areagotu zenetik, Hezbollahk ugaritu egin ditu erasoak Israel iparraldean; Nasrallahren hitzek ulertarazi zutenez, modu berean jarraituko dute. Atzo bertan zenbait eraso egin zituzten, eta, Isralego armadak jakinarazi zuenez, bi militar hil ziren horietako batean. Gainera, zortzi zauritu eragin zituzten talde xiitak jaurtitako suziriek, eta droneekin ere egin zuten eraso. Gailuak non egin ziren, argitu gabe Gaur, berriz ere, Taiwango Gobernuak argi utzi du asteartean lehertutako aparatuak ez direla herrialde horretan eginak; «ziurtasun osoz» ezeztatu du hori J.W. Kuo Ekonomia ministroak. Modu berean jokatu du Bulgariak, zabaldutako azken berriek herrialde horretako enpresa bat seinalatu ostean. Herrialdeko Segurtasun Agentzia Nazionalak ezeztatu egin du Libanon eztanda egin zuten bilagailuak Bulgarian eginak direla. Astearteko erasoan Hezbollako kideen pertsona-bilagailuek egin zuten eztanda. Bada, gailu horiek nork fabrikatu zituen ez da argitu oraindik. Gold Apollo Taiwango enpresak eginak zirela zabaldu zen lehenik. Ostera, enpresa horrek ezeztatu egin zuen hori, eta Hungariako BAC Consulting enpresa seinalatu. Azken enpresa horretakoek, ostera, adierazi zuen bitartekari soila zirela eta eurek ez zituztela bilagailu horiek egin. Beste hedabide batzuek Bulgariako Norta Global Ltd enpresa seinalatu dute. Bestetik, asteazkenean, talde xiitako kideen walkie-talkieek egin zuten eztanda. Horiek nork egin zituen ere ez dago argi. Japoniako Icom etxeak azaldu zuen gailuek beraiek eginiko modelo baten antza zutela. Jakinarazi zuten 2004tik 2014ra esportatu zituztela modelo horiek nazioartera, besteak beste Ekialde Hurbilera. Halere, enpresako zuzendariak esan zuen ezin dutela baieztatu gailu horiek eurek eginikoak diren edo faltsifikazioak. Gaur enpresak zabaldutako ohar batek dioenez, Libanoko Gobernuak ondorioztatu du eztanda egin zuten gailuak ez direla Icomek eginak. Izan ere, Japoniako enpresak 2014an utzi zion modelo hori fabrikatzeari. Gainera, enpresaren oharrak adierazten duenez, Libanoko agintariek adierazi dute jakinaren gainean daudela beste herrialde batzuetatik inportatzen dituztela modelo horren faltsifikazioak. jada sei dira jeninen hildakoak Zisjordaniako Jenin hiritik gertu sarekada bat egin zuen Israelgo armadak atzo. Lehen datuen arabera, hiru izan ziren hildakoak, baina sei izan zirela jakinarazi dio gaur Jeningo gobernadoreak Reuters agentziari. Gainera, Palestinako Ilargi Gorriak emandako datuen arabera, hamaika palestinar zauritu zituzten erasoan; lau larri daude, eta horietako bat adin txikikoa da. Gobernadoreak esan du hamasei izan zirela zaurituak. Palestinako Wafa berri agentziak zabaldutako informazioaren arabera, hiru soldadu etxe bat miatzera sartu ziren. Ondoren, hiru gorpu atera zituzten teilatutik. Beste palestinar bat ibilgailu baten barruan hil zuten, drone batekin eraso eginda.
MasOrange konpainiaren lan-erregulazioko espedienteak 39 kaleratze aurreikusten ditu Euskaltelen

MasOrange konpainiako lan-erregulazioko espedienteak 39 kaleratze aurreikusten ditu Euskaltelen
EAEn egunero 200 kanpo-kontsulta geratzen dira agertzen ez den…

Egunero 200 kanpo-kontsulta geratzen dira agertzen ez den eta abisatzen ez duen paziente baten zain. Egunero kontsulten % 3 hutsik geratzen dira, pazienteek ez dutelako aurretik jakinarazten ez direla bertaratuko, eta horrek galarazi egiten du beste batek hartzea horiek hutsik utzitako hitzordua.