Athleticek berdindu egin du estreinako partidan
Getafek denboraldi hasierako festa zapuztu dio Athletici. Zuri-gorriek ezin izan dituzte sasoiko lehen partidan hiru puntuak eskuratu, eta bakarrarekin konformatu behar izan dute partida geldo batean. Oihan Sancetek aurreratu ditu etxekoak gol ikusgarri batekin, baina Christantus Uchek jarri du banakoa markagailuan. Makal aritu da Athletic, iaz erakutsitako jokoaz zeharo bestela, eta Bordalasen armiarma sarean harrapatuta gelditu da. Ernegatuta amaitu dute partida jokalariek zein zaleek. Hasiera kaxkarra izan du Athleticek. Bigun hasi du partida, eta sufritu egin du. Getafe lehen taldeko jokalari gutxirekin iritsi da sasoiko lehen partidara, eta zalantza ugarirekin. Hala ere, bikain hasi dute partida madrildarrek, duelu guztiak irabazita. Gola sartzeko aukerak ere izan ditu Jose Bordalasen taldeak. Carles Perezek gutxigatik ez du zulatu zuri-gorrien ateko sarea. Ezker hegaletik egin du barneraldia, eta areaz kanpotik egindako jaurtiketa gutxigatik joan zaio kanpora. Uchek ere gertu izan du gola. Sakonean jaso du pasea, eta bakarrik gelditu da Alex Padillaren aurrean. Debutariak, ordea, bikain erantzun dio erremateari. Athletic iaz erakutsi zuen jokotik urruti ari zen lehen zatian. Baloia Getaferen lerro artean mugitu ezinda, eta hegaletako jokalari bizkorrak abantailarekin aurkitu ezinda. Baina ordu erdia betetzear zela iritsi da Sanceten artelana. Ordura arte agertu ere ez da egin nafarra, kate motzean lotu baitu Nabil Aberdin euskarriak. Baina bakarrik zela jaso du baloia, eta orduan erakutsi du bere abilezia. Metro batzuk egin ditu baloia oinpean zuela; atera begiratu, gorputza egokitu, eta areaz kanpotik bidali du sareetara baloia. Aurrena, zutoinean jo du baloiak, baina David Soriak ezin izan du gola saihestu. Jokoa asko gelditu da gola sartu eta atsedenaldira bitartean. Mauro Aranbarrik min hartu du, eta aldaketa egin behar izan du Getafek. Nabilek ere ebaki bat izan du bekainean, eta denbora luzez egon dira euskarria berdegunean artatzen. Horrek asko jaitsi du partidaren erritmoa, eta bisitariek ere behera egin dute. Horiek izan dira Getaferen une makalenak, eta zuri-gorriak hori baliatzen ahalegindu dira. Horrela, atsedenaldia iristear zela aukera argia izan du Iñaki Williamsek bigarrena sartzeko. Aurrelariaren errematea, ordea, zutoinaren ondotik joan da kanpora. Atsedenaldiak, aldiz, berpiztu egin du Madrilgo taldea, eta zelairatu berria zen Peter Federicok zutoinera bidali du baloia. Baina arriskua ez da bere horretan gelditu. Handik bost minutura geldiketa ikusgarria egin du Padillak. Carles Aleña bakar-bakarrik gelditu da atezainaren aurrean, baina Padillak oinarekin atera du errematea. Hirugarrenean, aldiz, ez du huts egin Getafek. Geldikako jokaldi guztietan arriskua eraman du zuri-gorrien areara. Eta 65. minutuan, Luis Millaren erdiraketa ate barruan sartu du Uchek. Bigun defendatu dute bilbotarrek, eta bakarrik egin du errematea nigeriarrak. Valverde zuhaitza astintzen ahalegindu da, eta Nico Williams zelairatu du. Denen ahotan izan da udan, baina zaleen txalo zaparrada jaso du. Hegalekoa ahalegindu da taldea berpizten, eta izan ditu bere aukerak. Markagailua, ordea, ez da mugitu. ALAVESEK GAUR EGINGO DU DEBUTA, VIGON Alaves izango da ligari ekingo dion bigarren euskal taldea. Gasteiztarrek gaur abiatuko dute sasoia, Vigon (Galizia), Celtaren aurka. (19:00, Movistar La Liga). Iazko denboralditik aldenduta, zazpi jokalari berrirekin ekingo dio lehen partidari. Horietako batek, ordea, Manu Sanchezek, ezingo du lehen neurketa hori jokatu, Alavesen utzita arituko den arren, Celtaren jokalaria baita. Luis Garcia Plazak prentsaurrekoan aipatu zuenez, helburua bat eta bakarra da aurten ere: «Mailari eustea».