«Estropada bukatzean, uretan nengoela, berriz Olinpiar Jokoetara joan nahi…
Pasaian jaio izanak eragin du Begoña Lazkanoren (Pasaia, Gipuzkoa, 1994) kirol ibilbidean. Itsasadarrean piraguak ikusten zituen lagunekin jolasean zela. «Erakargarria» egiten zitzaion, eta horregatik probatu zuen, ikastaro batean izena emanda. Hortik, gaur arte. Bidean amets asko bete ditu: «Gaztetxoa nintzela Euskadiko Txapelduna izatearekin egiten nuen amets». Orain, Jokoetan egotearen ametsa bete du. Lehia amaituta, lasai etorri da elkarrizketara, baina «ametsetan» jarraitzen duela dio. Izan ere, orain arte probalekutik gertu zegoen hotel baten egon da, eta atzo etorri zen Olinpiar Hirira. Begiradan ikusten zaio irribarrea. Bi alditan ahalegindu zara Jokoetara sailkatzen. Hirugarrenean lortu duzu. Bidea luzea da, eta, gainera, saiatu arren, baliteke ez lortzea. Rion, oso gaztea nintzen. Saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Tokion beste ontzi batekin egin nuen ahalegina, baina kanpoan geratu nintzen. Hau lau urtean behin antolatzen da eta gutxik dute etortzeko aukera. Egia da zorte kontua ere badela, aldagai askok eragiten baitute… Aurten zerk egin du posible? Zorte kontua bakarrik ez zen izango… Ez. Maila ere izan behar duzu, horrek bermerik ematen ez dizun arren. Aurten K2an saiatu nintzen lehendabizi, baina, gutxigatik, ez nuen lortu. Azken unean K1ean lortu nuen sailkatzea. Txapelketa batean eta egun batean jokatzen da txartela, eta egun ona izan beharra daukazu. Gurutzaketek eta beste hainbat aldagaiek ere eragina dute. Olinpiar Jokoetan Lisa Carringtonekin tokatu zitzaizun, historiako onenaren kontra… hori zorte ona ala txarra da? Nola eragin zizun? [Barreak] Oso txanda gogorra tokatu zitzaidan kanporaketan. Tira, hemen hain da maila altua, tokatzen zaizunarekin tokatuta, zaila dela; baina bai, tokatzea zeukan zailena tokatu zitzaidan. Baina esperientzia hori bizi izan nuen eta nirekin gordeko dut. Finalerdietan kanporatu izanaren penaz, baina pozik nabaritzen zaizu. Pozik nago, bai. Behin hemen egonda, gehiago nahi duzu; beti nahi dugu gehiago. Helburu bat jarri eta lortzen badugu, beste bat jartzen dugu… eta horrela joaten gara, urratsez urrats. Kirolari batek goi mailan jarraitzeko funtsezkoa da hori? Nolabait bai, bestela lehiakor izateari uzten diozu; eta, horrela, aukerak joaten dira. Dena den, zure helburua Jokoetara iristea zen. Bai, bai. Horregatik nago pozik. Ibilbideari ematen diot garrantzia: honaino iristeko egin dudan guztiari, hobetu behar izan dudanari… Saiatu naiz nire punturik onenean heltzen, baina kontuan hartu behar da prozesua nolakoa izan den. Gorabehera askoko denboraldia izan da. Zaila. Zaila, zer zentzutan? Denboraldi batean ezin duzu goian egon denbora guztian. Nik ondoen maiatzean egon behar nuen, ez orain, orduan baineukan aukera Jokoetara sailkatzeko. Maiatzean ez banuen txartela lortzen, ez nintzateke hemen egongo. Baina, aldi berean, hona ez zara errendimendu punturik altuenean iristen. Beste batzuek Jokoetara puntu-puntuan iristeko planifikatuko zuten denboraldia. Iazko Munduko Txapelketatik dut hau begiz jota, eta honetarako ibili naiz lanean… Munduko Txapelketa hura ere gogorra izan zen… Bai. K2an lehiatu nintzen. Seik lortzen zuten Olinpiar Jokoetara sailkatzea, eta gu zazpigarren gelditu ginen. Ehuneko oso-oso gutxi batzuengatik gelditu ginen kanpoan. Azken aukera Olinpiar Jokoetara sailkatzeko proban izan zenuten. Hor bakarrak egiten zuen aurrera, eta ez genuen irabaztea lortu. Hori eta gero saiatu nintzen K1ean. Beraz, intentsoa izan da. Harro eta pozik nago hori guztia jasateko gai izan naizelako… Eta hori guztia pasatuta, nola heldu zinen Parisera? Fisikoki zein psikologikoki? Nahiko ondo, egia esan. Hasieran egokitzea kostatu zitzaidan. Lehen estropadan ez nintzen %100ean egon, zeren nabaritzen nuen giroa bestelakoa zela. Gure kirola ez da oso mediatikoa eta jendetza zegoen. Beraz, kokatzen nahiko lan [barreak]. Ez nuen finalerdietan, unerik garrantzitsuenean, sentsazio hori eduki nahi: urduriegi nengoela, edo ez guztiz zentratuta… eta, egia esan, lasai eta ondo sentitu nintzen. Eman nezakeen guztia eman nuen, eta nire denboretan ibili nintzen. Pozik nago egindako estropadarekin; eta baita bidelagunengatik ere. Hau talde lana da: entrenatzaileak, fisioterapeutak, nutrizionistak, psikologoak… horiek guztiek lagundu naute honaino iristen, eta ondo aritzeak haiekiko ere poztu ninduen. K2-ko zure kidearekin ere asko gogoratu zinen… Nik berarekin etorri nahi nuen hona. Berez, hori zen ametsa. Oso lagunak gara eta hartu eman handia daukagu. K2ko lehiaketa ikusten nenbilela. mezu bidez, esaten nion guk hor egon behar genuela… Pena eman dit esperientzia hau berarekin bizi ez izanak. Hala ere, bizitakoarekin pozik ikusten zaizu. Bai, bai. Motibazio oso handia sentitu nuen sailkatzean, eta hemen ere asko gozatu dut. Hau ikaragarria da! Eta hori, ez naizela Olinpiar Hirian egon [atzo iritsi zen, abuztuaren 10ean]. Eskerrak! Zeren hau liluragarria da. Beti imajinatu duzun zerbait erreala dela ikusten duzu. Lehiatu bitartean hotelean egon gara, ohi bezala, eta hori horrela izateak lasaiago egoten eta txapelketan kontzentratzen lagundu nau. Zeren hemen estimulu asko daude. Munduko kirolari onenak ikusten dituzu, eta zu ere haiekin zaude… Amets bat bezalakoa da. Ametsa lortu duzu, eta aparretan jarraitzen duzu… Bai, bai. Bigarren ametsa hasi da orain. Gaurko gaua baino ez dut pasatu hemen, Olinpiar Hirian, baina orain bisitatzeko tartea hartuko dut… Ez dut hau bezalakorik ezagutzen, eta txikitatik nahi nuena da. Eta aurrera begira, ametsik baduzu? Izandako esperientziak Jokoetara itzultzeko gogoz utzi nau, hemen ikusi eta bizitakoa zoragarria izan da. Baina prozesua oso intentsoa izan da, beraz, orain arnasa behar dut. Lehenengo oporrak [barreak], eta gero pentsatuko dut nola egin Los Angelesera joaten saiatzeko. Lau urteko perspektibarekin antolatu behar dut bizitza, eta erabakiak ez dira gutxi. Azken boladan, esaterako, Pontevedrara [Galizia] joan behar izan dut bizitzera hau lortu ahal izateko. Pasaian ezinezkoa da, ezta? Beti ibili izan naiz kanpoan: Madrilen, Sevillan [Espainia], orain Pontevedran… Etxean gutxi, eta hori ez da erraza. Egia da aukeraketa nik egin dudala, baina albo batera utzi beharreko guztia asko da. Helburuak jartzen ditugu, eta horiek lortzeko toki batera edo bestera joan behar izaten dut, eta ez dut nik aukeratzen nora. Eta tokiak berak eragina izango du zuregan… Noski. Toki batzuetan gusturago zaude besteetan baino. Gainera, etxetik kanpo egonda, tokian eroso sentitzea oso-oso garrantzitsua da. Ez bazaude gustura, oso gogorra da. Ni mentalki ondo egon ez naizenetan asko sufritu dut, eta uretan islatzen da hori. Maila honetan, ez bazaude ondo, emaitzak lortzea ezinezkoa da. Egunotan kirolari askok azpimarratu dute hori. Hala da. Eta pena bat da, adibidez, hona iristea erdizka edo gaizki egonda, ezin baituzu %100ean disfrutatu. Ez da nire kasua, zortea izan dut. Estropada bukatzean, uretan nengoela, berriz Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela pentsatu nuen. Poz-pozik nago!