Nazioarteko ospea izan zuten artistak, langile klasearen gorabeherak eta emakumeen eskubideen aldeko borroka izango dituzte ardatz, besteak beste, Donostiako 72. Zinemaldiko euskal ekoizpenek. Guztira hogei obra aurkeztuko dituzte, eta ia sail guztietan egongo da baten bat; Zinemira sailak, esaterako, bederatzi emango ditu, eta aurtengo sail horretako saria, gainera, Elena Iruretari emango diote. Zumaiako aktore, gidoigile eta zuzendariak, besteak beste, Bi eta bat eta Jaun ta Jabe telesailetan parte hartu du, baita Aupa Etxebeste! eta Urte berri on, amona filmetan ere. Euskal ekoizpenak sail hauetan aurkeztuko dituzte: Sail Ofiziala, Zuzendari Berriak, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Nest, Culinary Zinema, Zinemira, Made in Spain, Belodromoan, Haurrentzako Zineman eta EITB Gala sailetan. Zinemirak —euskal ekoizpenei eta euskal zinemari propio eskainitako sailak— bederatzi lan proiektatuko ditu, eta horietatik zortzi estreinaldiak izango dira. Raul de la Fuenteren Los Williams dokumentalak emango dio hasiera; eta Carmen Chaplinen Chaplin | Espiritu gitano filmak, berriz, amaiera. Hiru obra, gainera, euskara hutsean izango dira: Pello Gutierrezen Erreplika, Naia Lakaren Zortzitik infinitura eta Amaia Merino eta Ander Iriarteren Indarkeriaren oi(h)artzunak. Azken hau lehiaz kanpo emango dute da, eta aurtengo Giza Eskubideen Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten. Lehen pelikulak Zikuñagako Ama Birjinaren tailu baten harira Gutierrezek izan dituen barne gatazkak ditu ardatz; bigarrenak, Benito Ansola zinemagilearen bizitza oinarri hartuta, euskal zinemagintzaren errepasoa egiten du; azkenak euskal gatazka du hizpide: ETAk familia bahitu; ondoren, Espainiako Estatuak aita torturapean hil, eta protagonistak handik 40 urtera egiten duen ikerketa du gai nagusi. Horrez gain, Sail Ofizial eta Zuzendari Berriak sailetako bi film ere Irizar saria lortzeko lehian egongo dira: Soy Nevenka (Iciar Bollain) eta Azken erromantikoak (David Perez). Lehen filmean, 2000n Ponferradako (Espainia) Udaleko Ogasun zinegotzi Nevenka Fernandezek jasan zuen jazarpenaren ingurukoak kontatzen dituzte; bigarrenean, bizimodu xumeko emakume bati bularrean koskor bat antzeman, eta horrek eraginiko aldaketak jaso dituzte. Hamar ekoizpen lehiatuko dira, beraz, 20.000 euroko saria lortzeko. Sail Ofizialean beste euskal ekoizpen bat ere izango da, baina lehiaketatik kanpo proiektatuko dute. Alauda Ruiz de Azuaren Querer telesailak indarkeria matxista du gai nagusi: 30 urte ezkonduta egon ondoren, emakume batek senarra salatuko du etengabe bortxatzeagatik, eta horrek familian zer eragiten duen kontatzen du. Made in Spain saileko Nina filmak, berriz, emakume bat dut protagonista, jaioterrira itzuli dena iraganeko pertsonen kontra mendeku hartzeko. Veneziatik Donostiara Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako azken lana, Marco, Orizzonti sailean aurkeztu zuten atzo Veneziako Zinemaldian. Euskal ekoizpen honek Enric Marcoren bizitza du ardatz. Lanaren Konfederazio Nazionala (CNT) sindikatuko Espainiako idazkari nagusia izan zen protagonista, baita Mauthausengo Amical elkarteko lehendakaria ere. Nazien kontzentrazio esparruetan egondako biktimen eledun eta ordezkari bihurtu zen Marco; dena iruzurra zela aitortu behar izan zuen arte. Donostiako 72. Zinemaldiko Perlak saila itxiko du film honek, eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak adierazi du «ohore handia» dela. Culinary Zinema saila, berriz, El Hoyo 2 filmak itxiko du. Milena Smit eta Hovik Keuchkerian ditu protagonista filmak. Hartan, arauak aldatzen saiatuko den lider baten aurka altxatuko dira herritarrak. Beste filmei dagokienez, Go!azen eta Itsatsita telesailen estreinaldia ere izango dute Belodromoan eta EITB Galan. Ingurumen krisi baten ondorioz komunitate baten bizipenak kontatuko ditu Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu) filmak; eta El tercer paisaje filmean Omako baso kaltetuaren eta Agustin Ibarrola artistaren inguruan arituko dira. Biek natura jomugan jarriko dute, eta Nest eta Zabaltegi-Tabakalera sailetan proiektatuko dituzte, hurrenez hurren.
PSNk urte politikoko lehen batzorde exekutiboa bildu da gaur Iruñean, eta bileraren ostean alderdiaren lehentasunen berri eman du PSNko idazkari nagusi eta Nafarroako Gobernuko presidente Maria Txibitek: datorren urterako aurrekontuak onartzea, «osasun sistemaren erreforma» sustatzea eta etxebizitza publikoa indartzeko lan egitea. Txibiteren esanetan, batzuek Nafarroa «hondamendi» betean dagoela saldu nahi dute, baina errealitateak beste zerbait erakusten du: «Urtea langabezia daturik txikienekin hasi dugu, hazkunde ekonomiko egonkor baterako perspektibarekin». Hala, xede gisa jarri du «lasaitasuna» bermatuko duten aurrekontu batzuk onartzea, nahiz eta ez daukan argi horiek aurtengoak baino handiagoak izango ote diren: «Ezin da beti hazkunde maila bera eraman». Osasun arloan, «herritarrak erdigunean» kokatuko dituen sistema baten alde egin du, eta adierazi jarrera «anbiziotsua» izan behar dutela horretarako, «aldaketa estrukturalak» eginez. Gainerakoan, Industria foru lege bat ondu nahi du Txibitek, eta etxebizitzaren inguruan dagoen «kezkari» konponbide bat topatu, instituzioen zein eragileen arteko akordioak lortuz. Batetik, gazte eta familiek etxebizitza publikoa «arrazoizko prezioan» eskuratzeko. Bestetik, despopulatzeari aurre egiteko. Bide horretan aurrera egiteko, Txibitek uste du PSN posizio egoki batean dagoela, bere alderdia delakoan Nafarroako politikagintzaren «erdigunean» dagoena: «Akordio transbertsalak egiteko gaitasuna duen bakarra da».
Aldapa pikoetan bere saltsan ibiltzen da Michael Woods (Israel). Iaz, adibidez, Tourreko etapa bat irabazi zuen Puy de Domeko horman. Eta gaur, berriz, Ancares beldurgarriari jarri dio bere zigilua, Vueltako hamahirugarren etapan. Indarrak bukaerarako gorde ditu, iheskideek ez bezala, eta tximista bezala irten da bukaerako malda tenteetan. Kosta egin zaio helmugara iristea, baina areago ihesaldiko besteei. Hori horrela, Kanadako txapeldunak hirugarren garaipena lortu du Vueltan –2018an eta 2020an erdietsi zituen besteak–. Bigarren Mauro Schmid (Jayco) iritsi da, eta hirugarren, Marc Soler (UAE), indarrez hustu ondoren. Vueltako onenek lasai hartu dute etapa, harik eta Ancaresera iritsi diren arte –7,5 kilometro eta %9,3ko pendiza–. Halabeharrez, kartak buruz gora jarri behar izan dituzte. Eta Roglicek izan du eskualdirik onena. Ez du hordagoa jo, baina bere alde jarri du Vuelta irabazteko lehia. Etaparen aurretik 3.16ra zuen lasterketako liderra, Ben O’Connor (Decathlon); bada, 1.21era hurbildu zaio gaur. Australiarrak egunik txarrena izan du maillot gorriaren jabe egin zenetik, eta esloveniarrak ez du gupidarik izan. Zukua atera dio taldekideen lan onari, eta aurkari denak atzean utzi ditu bi kilometroren faltan. Mikel Landa (Soudal) izan da helmugan gertuen izan duena: 35 segundora iritsi da arabarra. Bosgarren jarraitzen du nagusian, baina orain hemeretzi segundo eskasera du Enric Mas (Movistar), hirugarren sailkatua. Asteko lehen hiru etapetan ihesaldiak arrakasta izan ondotik, gaurko garaipena sailkapen nagusikoen artean jokatuko zutela zirudien. Ibilbideak, behintzat, hala iradokitzen zuen, helmuga Ancaresen zegoelako, eta justu aurretik Lumeras igo behar zutelako –gainsariak zeuden tontorrean–. Lehenik, ordea, tropelak kontrol lanean engaiatu behar zuen. Bada, lasaikeriaz jokatu dute multzo nagusian, eta trostan osatu dituzte kilometrorik gehienak. Hartara, gaur ere oparia egin diete ihesaldian sartu direnei; hamazazpi minuturainoko aldea hartzen utzi diete. Guztira 23 txirrindulari ibili dira alde eginda. Mikel Bizkarra (Euskaltel) izan da horietako bat. Eskalatzaile arina izanik, bizkaitarra ondo molda zitekeen gaurko etapa menditsuan. Kern Pharma taldeak, berriz, Jose Felix Parra sartu du ihesaldian, bezperako balentria errepikatzeko itxaropenez. UAE, DSM eta Lotto izan dira aurrean ordezkaritza zabalena izan duten taldeak: hiruna txirrindulari izan dituzte lasterketa buruan. UAEko hirukotea zen ahaltsuena; Solerrek, Jay Vinek eta Brandon McNultyk osatu dute. Israelek ere bazuen ahalmena, Woods eta Dylan Teunsekin. Eroriko erabakigarria Wout van Aert ere (Visma) zeresana emateko prest zegoen, igotzaile petoa ez izanagatik. Mendiko puntuak zorroratu ditu lehenik, eta, hala, sailkapen horren buru jarri da. Eta gero, azken bi mendateen zain gelditu ordez, erasora jo du, Schmidtekin eta Victor Campenaertsekin (Lotto) batera. 47 kilometroren faltan irten dira multzotik, eta hamar kilometro egin dute aurretik, harik eta muino batean UAEkoek erlauntza astindu duten arte. Haiekin batera, Van Aertek, Woodsek, Schmidek, Sam Oomenek (Lidl), Kasper Asgreenek (Soudal) eta Gijs Leemreizek (DSM) gainditu dute galbahea. Hortaz, bederatzi ziklista iritsi dira buruan azken-aurreko igoerara. Lumerasen, Van Aert aztoratzen saiatu dira UAEko txirrindulariak. Ez dute lortu, eta jokoz kanpo gelditu dira jaitsieran, McNulty eta Vine erori egin baitira. Solerren aukera gelditzen zitzaien, baina kataluniarra nekatua hartuta zen ordurako. Oso duin aritu da Ancaresen, baina beste maila batean egon da Woods. Mendatearen zatirik gogorrenean sartu orduko abiatu da garaipenerantz. Geroago, Red Bull taldeak sarraskia eragin du oilarren multzoan. Mas eta Sepp Kuss (Visma) Roglici eusten saiatu dira, baina damutu egin zaie ahalegina. Landa, aitzitik, ez da itsutu, eta azkenerako liderrik onena izan da Roglicen atzetik. Biharko etapa ere menditsua izango da, baina ez gaurkoa bezainbeste. Ibilbidearen erdialdean hirugarren mailako mendate bat igoko dute, eta, gero, lehen mailako Leitariegos–22,8 kilometro eta %4,5eko pendiza–. Gailurretik hamasei kilometrora egongo da helmuga.
Iaz garai honetan % 4tik gora zegoen kokatuta hipoteka aldakorrak kalkultzeko gehien erabiltzen den indizea. Abuztuko behin behineko datua % 3,170koa da, bost hilabetez jarraian jaisten joan ondotik.
Konpainiak bi hilabeteko epea du Auzitegi Gorenean izapideak hasteko. Uste du betoak “defentsa-gabezia” eragiten duela, eta, beraz, kalte-ordaina eskatuko du eragindako galerengatik.
Gasolioaren prezioa 1,437 eurotan eta gasolinarena 1,565 eurotan jarri da aste honetan. Bi erregaien kostua iaz garai berean zeukatena baino merkeagoa da.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintza atzo Irunen hil den pertsona baten heriotza ikertzen ari da. Azaldu duenez, bihotzekoak jota hil da ospitalean, baina hil baino lehen ertzain batzuei aurre egin zien, atzo. Ertzaintzaren jokabideaz arduratzen den unitateak hartu du barne ikerketa. Segurtasun Sailaren arabera, gertaerak errepide istripu bat izan zuen abiapuntu, Irunen (Gipuzkoa), GI-636 errepidean, 20:00ak inguruan. Auto baten eta moto baten arteko istripua izan zen. Moto gidaria zauritu egin zen, eta Bidasoaldeko ospitalera eraman zuten. Autoko gidaria, ordea, ihes egiten saiatu zen. Segurtasun Sailak zehaztu du azken hori oso urduri zegoela, beste pertsona batzuk mehatxatu zituela eta hara joan ziren ertzainei eraso egin ziela. Une horretan bihotzeko bat izan zuela adierazi du Eusko Jaurlaritzak, eta tokian bertan zeuden larrialdietako langileek artatu zuten. Egonkortzea lortu bazuten ere, gero ospitalera eraman zuten eta han hil da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, Ertzaintza «berehala» hasi da gertatutakoa ikertzen. Barne ikerketa abiatzeaz gain, Kontrol eta Gardentasun Batzordeari gertatutakoaren berri ere eman diola jakinarazi du Segurtasun Sailak.
Osasunak 4-0 galdu du Gironaren zelaian. Montilivi estadioan jokatutako partidan, Vicente Morenorenek ez diote arazorik sortu etxeko taldeari. Girona nagusi izan da jokoan, eta nagusitasun hori markagailuan islatu da. Ligako lehen partida berdindu eta bigarrena irabazi ostean, denboraldiko lehen porrota izan dute gorritxoek. Partida hasi den orduan ezagutu ditu Gironak Txapeldunen Ligan aurrean izango dituen aurkariak. Ez zaizkie lan errazak egokitu; aurre egin beharko dieten taldeen artean daude Liverpool, PSG, Milan eta Arsenal. Txapeldunen Ligako zozketak emozio handiagoa izan du partidaren lehen ordu laurdenak baino. Etxeko taldea zen nagusi, baina ez zuen lortzen Serio Herreraren atera iristea. Lehen zatiaren erdian, 22. minutuan, eduki du etxeko taldeak lehen aukera garbia. Bryan Gil Osasunaren area barruraino sartu da, eta jaurtiketa ona egin du; baloia sareetara zihoan, baina eskua atera du Herrerak, eta Gironaren lehen gola ekidin. Bost minutu geroago, Bryan Gil berriz ere Herreraren ate aurreraino iritsi da, baina Juan Cruz Osasunako atzelariarekin tupust egin du, eta erori egin da. Penaltia eskatu dute, baina epaileak ez du halakorik adierazi. Hirugarrenean, ordea, Gironak ez du barkatu. 34. minutuan, Tsigankovek erdiraketa ederra egin du eskuin hegaletik; Bryan Gil atzetik iritsi da, hanka luzatu du, eta ezker zutoinaren albotik sartu du baloia. Horrela iritsi dira atsedenaldira, markagailua etxeko taldearen alde: 1-0. Osasunak ez du gol aukera bakarra ere sortu lehen 45 minutuetan. Lehen zatia amaitu bezala hasi da bigarrena ere: Girona baloiarekin, behin eta berriz Osasunaren areara iristen. Denbora kontua zen etxekoen bigarren gola iristea, eta 53. minutuan heldu da. Gironak gorritxoen oinetan zegoen baloia berreskuratu du, Torrok ez du lortu baloia urruntzea, eta area barruan zegoen Tsigankoven oinetara iritsi da. Hark sartu du etxeko taldearen bigarrena. Segituan heldu da hirugarrena ere. Bigarrena sartu eta hiru minutura, Yangel Herrerak bularrarekin egin dio pasea Abel Ruizi. Eta hark oinaren kanpoaldearekin jo du baloia area ertzetik; Herrerak ezin izan du ezer ere egin gola ekiditeko. Michelen taldeak, ordea, ez dio erasoari etenik jarri. Behin eta berriz Herreraren atea arriskuan jartzen jarraitu dute. Partida amaitzear zela, laugarrena ere sartu du Gironak. Osasunak partidan zehar egin duen eraso jokaldi garbienetako baten ostean iritsi da. Van de Beekek pase bikaina egin dio, eta Stuanik nahikoa izan du baloia bultzatzearekin. Horrela amaitu da neurketa. Osasunak ia ez du lortu baloia beren zelaigunetik ateratzea. Gironaren atera gerturatu diren gutxietan, segituan galdu dute baloia. Partida osoan zehar ez dute atera jaurtiketa bakar bat ere egin gorritxoek. Baloiaren jabetzari erreparatzea nahikoa da etxeko taldearen nagusitasunaz jabetzeko; norgehiagokaren %60an baloia Gironako jokalarien oinetan egon da. Vicente Morenoren taldearentzat lehen porrota izan bada, lehen garaipena izan da aurreko denboraldian hirugarren amaitu zuen Gironarentzat. Orain, bi taldeak berdinduta daude sailkapenean, launa punturekin. Osasunak igandean jokatuko du ligako laugarren partida. 17:00etan izango da, Sadarren, Celtaren aurka. Gorritxoak gaurko porrota albo batera utzi eta Mallorcaren aurka erakutsi zuten jokora itzultzen saiatuko dira. Boyomoren fitxaketa Partida horretarako atzelari berri bat izango du Vicente Morenok. Gaur bertan, partida hasi baino ordu batzuk lehenago, iragarri du Osasunak Enzo Boyomoren fitxaketa. Orain arte Valladoliden aritu da erdiko atzelaria, eta bost urterako akordioa sinatu du Nafarroako taldearekin. Bost milioi euro ordaindu dituzte harengatik. Boyomo Tolosakoa da (Okzitania), eta 22 urte ditu. Azken denboraldia Valladoliden egin zuen, eta, Osasunak zabaldutako prentsa oharrak dioenez, bigarren mailako erdiko atzelari «onenetakoa» izan zen. Aurten aritu da lehen aldiz Espainiako ligako lehen mailan. Valladolidek orain arte jokatutako hiru partidetan izan da titular. Datozen egunetan aurkeztuko du Osasunak.
Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Israel zigortzeko atea ireki du, EBko Kontseiluak gaur Bruselan egin duen bileraren aurretik. EBko kide diren 27 herrialdeetako Atzerri ministroak bildu ditu, eta horiei eskatu die Israel zigortzeko «taburik» ez izatea. Haren hitzetan, Israelgo zenbait ministrok palestinarren aurka zabaldu dituzten gorroto mezuak «onartezinak» dira. Borrellek bileraren ondoren jakinarazi duenez, bere asmoa da Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrich eta Defentsa ministro Itamar Ben Gvir zigortzeko tramiteak hastea, nahiz eta aitortu duen EBko kide gehienak ez datozela bat harekin. EBko diplomaziaburuaren ustez, Israelgo ministro horiek «nazioarteko zuzenbidearekin» bat ez datozen proposamenak egin dituzte. Gainera, gehitu du «gerra krimenak» egiteko instituzioa direla. Palestinarren aurkako mezuak zabaldu dituztenen artean, Israel Katz Atzerri Ministroa aipatu du Borrellek, atzo eginiko adierazpenetan Zisjordanian bizi diren palestinarrak ebakuatzeko aukera aipatu baitzuen ministro horrek, azken egunetan Israelek eremu horren aurkako erasoak areagotu ostean. Zisjordaniako palestinarrekin Gazakoekin egiten ari diren gauza bera egin nahi izatea leporatu dio Israelgo Atzerri ministroari Borrellek, eta dei egin die EBko Kontseiluaren bileran parte hartu duten Atzerri ministroei Zisjordaniako egoeraren aurka ahotsa goratzeko. Israelgo Gobernuak Palestinan diharduten NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziei «izugarrizko presioa» ezartzen diela ere salatu du, eta haien lana oztopatzen duela. Hain zuzen, iazko urrian Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, 280 langile humanitario baino gehiago hil dituzte Israelgo armadak eginiko bonbardaketetan eta erasoetan. Gehienak UNRWA Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko kideak ziren: 207, agentzia horren buru Philippe Lazzarinik duela bi aste esan zuenez. Gazako egoeraz gain, EBko Kontseiluak egin duen bilerak Ukrainako gerra, Venezuelako krisi politikoa eta EBk Turkiarekin dituen harremanak izan ditu hizpide. Bilera horretan ere Gai Humanitarioak Koordinatzeko eta Gaza Berreraikitzeko Nazio Batuen Bulegoak eginiko txosten bat ere aurkeztu du erakunde horren arduradunak, Sigred Kaagek. Netanyahuren proposamena Etzi da hastekoa Gazan polioaren aurkako txertaketa kanpainak izango dituen erronden arteko lehena; ia milioi bat dosi jaso dituzte hango osasun agintariek. Bada, OME Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi duenez, kanpainak iraungo dituen egunetan «etenaldi humanitarioak» egitea adostu dute Israelek eta Hamasek. OMEko goi kargudun Rik Peeperkornen arabera, etenaldiak 08:00ak eta 17:00ak artean egingo dituzte. Hain justu, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak OMEk iragarpena egin baino zenbait ordu lehenago ohartarazi du prest egongo litzatekeela Gazan egiten ari diren «operazio militarrak» aldi baterako eteteko, zerrendan bizi diren haurrek polioaren aurkako txertoa jaso dezaten. Hori bai, uko egin dio txertaketa kanpainak iraun bitartean «su eten orokor bat» ezartzeari, eta azaldu du borroken etenaldiek unean uneko txertaketa eremuei soilik eragingo dietela. Hamasek proposamena onetsi du. UNRWAk adierazi duenez, ordea, erronka ugari izango ditu txertaketa kanpainak: polioaren aurkako txertoa jaso behar duten haur guztiak kokatzea eta horiengana heltzea, besteak beste. Hamar urtez azpiko 640.000 haur daude Gazan, ia denak bizilekutik urrun —NBEren arabera, Gazako hamar palestinarretik bederatzi lekualdatu dira Israelen erasoaldiaren ondorioz—. Beraz, UNRWAk salatu du txertaketa kanpaina koordinatzea «ia ezinezkoa» izango dela. Jihad Islamikoaren buruzagietako bat hil du Israelek Israelgo armadak esan du Jihad Islamikoa talde armatuaren buruzagietako bat hil duela Zisjordaniako Tulkarem hirian, gaur goizaldean. Ohar batean jakinarazi dutenez, hiri horretan jarduten zuen brigadaren burua zen Mohamad Jaber, eta meskita batean babesten ari zela hil dute beste lau miliziano palestinarrekin batera. Palestinako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, urte hasieratik hona 315 palestinar baino gehiago hil dira Israelgo armadak egindako erasoetan. Iragan urriaren 7az geroztik, berriz, 655 pertsona inguru hil dituzte; horietatik 147 haurrak ziren. Azken astean nabarmen areagotu da Zisjordanian bizi diren palestinarren aurkako indarkeria: abuztuan ia 70 palestinar hil dira Israelgo armadaren erasoetan, eta gutxienez bat kolono israeldarrek eginikoetan. Atzo goizaldean, esaterako, Israelek Jenin, Tulkarem eta Tubas hiriei egin zien eraso, eta hamar palestinar hil zituzten, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera. Hala, Zisjordaniako palestinar zibilak babesteko neurriak har ditzala eskatu diote AEB Amerikako Estatu Batuek Israeli, Etxe Zuriak argitaratutako ohar batean. Horrez gain, oharrean AEBek azaldu dute Israelek «ekintza terroristen» kontra babesteko eskubidea duela.