Alaves nagusitu da denboraldiko lehen derbian. Luis Garcia Plazak entrenatutako taldeak 1-2 irabazi dio gaur gauean Realari Anoetan, Espainiako Lehen Mailako hirugarren jardunaldian. Horri esker, Arabako taldeak sasoiko lehen garaipena lortu du. Lau puntu ditu bederatzitik, aurreko jardunaldian berdindu egin baitzuen Betisekin Mendizorrotzan. Uzta oso ona da. Realak, ordea, ezin izan dio segida eman azken jardunaldian Espanyolen zelaian lortutako garaipenari. Berriro galdu du etxean, aurreneko jardunaldian ere esku hutsik geratu baitzen Anoetan, Rayoren aurka galduta. Hiru puntu ditu bederatzitik. Uzta eskasa da. Partida bizi-bizi hasi da, eta lehen hamar minutuetan talde bakoitzak bi aukera izan ditu gola sartzeko. Realak izan ditu lehen biak, baina ez Kubok, ez Oiartzabalek ez dute asmatu. Aukera argiagoak izan ditu Alavesek, biak korner jaurtiketetan, baina Remirok geldiketa ederrak egin dizkie Picak eta Villalibrek egindako burukadei. Norgehiagokaren erritmoak behera egin du gero. Reala aritu da deserosoen minutu horietan, partidaren aginte-makila hartu ezinik. Alavesek, berriz, ez zuen arriskatzeko inolako beharrik. Etxean jokatuta, Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak zuen presio eta premia gehien. Halako batean, zelai erdiko jokaldi bakartu batean, Oiartzabal eta Benavidez lurrera erori dira euren oinek tupust egin eta gero. Sanchez Martinez epaileak Realaren aldeko falta adierazi du, eta txartel horia atera dio Alaveseko erdilariari. Baina, handik gutxira, jokaldia telebistan ikustera joan da, eta irudietan zera ikusi du: nahi gabe, baina Oiartzabalek orkatila zapaldu dio Benavidezi. Hala, erabakia aldatu du: baliogabe utzi du uruguaitarrari ateratako txartel horia, eta txartel gorria atera dio eibartarrari. Oso zorrotz jokatu du epaileak. 28. minutua zen, eta Realak jokalari bat gutxiagorekin jokatu beharko zuen. Kolpe gogorra zen etxekoentzat. Baina, lau minutu eskasetan, etsipenetik zoramenera pasatu dira, Oiartzabalek zelaia haserre bizian utzi eta ia hurrengo jokaldian gola sartu baitu Brais Mendezek. Bikain errematatu du area barruan Sergio Gomezek ezkerretik egindako erdiraketa neurtua. Partida nola okertu zitzaion kontuan hartuta, sekulako bultzada zen Realarentzat. Aldiz, Alavesentzat kolpe gogorra zen, lehia aldeko jarri baitzitzaion jokalari bat gehiagorekin arituta. Baina, Realari gertatu bezala, Alaves beltzetik zurira pasatu da minutu gutxian. Lehen zatiaren hondarrean, 49. minutuan, korner batean, Zubeldiak heldu egin dio Abqarri, eta epaileak penaltia adierazi du. Villalibrek bota du, eta ez du huts egin, eta neurketa berdindu du. Halaxe amaitu da lehen zatia: etsita joan dira etxekoak aldageletara; aldiz, konforme bisitariak. Toni Martinezen gol erabakigarria Imanolek eta Garcia Plazak aldaketak egin dituzte atsedenaldian. Realeko entrenatzaileak sendotasunaren alde egin du, eta Jon Martin zelairatu du Pachecoren ordez —min hartuta egon da azken egunetan, eta epaileak txartel horia atera dio lehen zatian—. Aldiz, Alaveseko teknikariak erasokor jokatu du, Stoichkov atera baitu Benavidezen ordez. Hain zuzen, zelairatutako bi jokalariek izan dituzte lehen aukerak bigarren zatiaren hasieran. Ezer gutxi gertatu da hurrengo 25 minutuetan, partida askotan eten baita, faltak direla eta. Zerbait aldatzeko asmoz, bi entrenatzaileek aldaketa gehiago egin dituzte: Garcia Plazak Manu Sanchez, Kike Garcia eta Toni Martinez zelairatu ditu Diarraren, Villalibreren eta Rebbachen ordez; Imanolek, berriz, Sadiq atera du Beckerren ordez. 74. minutuan, Toni Martinez bakarrik geratu da Remiroren aurrean, baina haren jaurtiketak zutoina jo du, atezainak ukitu eta gero. Hiru minutu geroago, ordea, arantza atera du: aldaratze bat jaso du area barruan, eta gola sartu du, 1-2koa. Aurrelari espainiarra lehen aldiz aritu da Alavesekin, eta estreinako ederra izan du. Are ederragoa izan zitekeen, gola sartu eta bi minutura berriro gola egitear egon baita buruz. Nagusi ziren bisitariak, eta sufritzen ari ziren etxekoak. Hori ikusita, 81. minutuan, Imanolek hiru aldaketa egin ditu kolpe batez: Turrientes, Olasagasti eta Pablo Marin zelairatu ditu Brais Mendezen, Sergio Gomezen eta Zubeldiaren ordez. Erdizka lortu du helburua: sufritzeari utzi dio pixka bat Realak, baina ez da gai izan arriskua sortzeko. Azkenean, hiru puntuak bisitarientzat, eta alerik ez etxekoentzat. Partidak talde baten eta bestearen inguruko usteak indartu ditu: itxura ona du Alavesek; Reala, ordea, ahulagoa da Le Normand eta Merino gabe geratu eta gero. Indartu beharrean da. Klubak badu lana hurrengo bi egunetan, fitxaketak egiteko epea amaitu aurretik.
Getaferen aurka etxean berdindu eta Bartzelonaren zelaian galdu ostean, denboraldiko lehen garaipena lortu du Athleticek. 1-0 garaitu du Valentzia, San Mamesen. Ernesto Valverderen 400. partida izan da Bizkaiko taldearen entrenatzaile gisa; opari gisa hiru puntu lortu dituzte. Nico Williams deialdian sartu bazuen ere, Valverdek aulkian utzi du partida hasieran. Alvaro Djalok jokatu du lehen aldiz talde zuri-gorriarekin, eta, bigarren zatian, Nico Williams sartu da haren ordez. Zelaiaren beste aldean, atean, Julen Agirrezabalak jokatu du gaur. Aurreko partidetan Padilla aritu zen. Bestalde, Valentziaren atea ondo zaindu du Giorgi Mamardaxvilik. Georgiarrak Liverpoolekin sinatu berri du, baina denboraldi amaierara arte Valentzian jarraituko du, utzita. Lehen zatiko gol aukera guztiak Athleticek sortu ditu. Valentzia gerturatu da uneren batean Agirrezabalaren atera, baina ez dute atera baloirik jaurti. Hamabigarren minutuan iritsi dira zuri-gorriak lehen aldiz Mamardaxviliren atera. Erdiraketa bat ukabilekin kanporatu du atezainak; baloia, ordea, Iñaki Williamsen oinetara iritsi da. Hark areaz kanpotik jaurti, eta goiko langa jo du; Sanceti iritsi zaio aldaratzea, baina ezin izan dio errematea jarri. Hogeigarren minutuan beste aukera bat izan dute Valverderenek. Gurutzetak jaurti du, baina Valentziako atzelari bati jo ostean, baloia Iñaki Williamsek errematatu du buruz. Pozoituta iritsi da baloia, baina Mamardaxvilik eskua atera du, eta baloia ez da sareetara sartu. Hurrengo minutuetan Valentzia izan da erasoan aritu dena, baina ez da asko gerturatu Agirrezabalaren atera. 32.ean, berriz ere Iñaki Williamsek arrisku egoera bat sortu du. Area barruraino sartu da, eta atzean zegoen Gurutzetari egin dio pasea; horrek, ordea, atearen erdi-erdira jaurti du. Arazorik gabe geratu du atezainak. Atsedenaldira iristear zirela, De Marcosek ezinezkoa zirudien erdiraketa bat egin du. Penalti puntutik errematatu du Beñat Pradosek, eta, zutoina ukitu ostean, Valentziaren atea zeharkatu du baloiak. Pradosek Athleticekin sartutako lehen gola izan da. Horrela iritsi dira atsedenaldira: Athletic jokoan nagusi, eta markagailuan ere bai, 1-0. Bigarren zatiaren hasiera parekatuagoa izan bada ere, segituan itzuli da agintera etxeko taldea. Halere, Valentzia zenbaitetan iritsi da Agirrezabalaren atera. Rioja izan da jokaldirik arriskutsuenak sortu dituen jokalaria, baina ez dute lortu Agirrezabala estuasunetan jartzerik. Valverderen taldea izan da bigarren zatian ere gol aukera gehien sortu dituena. 83. minutuan area barruraino iritsi da Nico Williams, jaurtiketa ona egin du, baina are eta hobe geratu du Mamardaxvilik. Hurrengo jokaldietan ere partida errematatzeko aukera eduki du etxeko taldeak, baina ez dute lortu bigarren gola egiterik. Azkenera arte berdintzeko aukera eduki dute Valentziakoek. 90. minutuan bertan, Dani Gomez berdinketaren gola sartzeko zorian egon da, baina jokoz kanpo zegoen. Gero, Athleticeko zaleen tentsioa areagotzeko, epaileak hiru minutu gehitu ditu. Eta, geroago, beste minutu bat. Halere, Valentziak ez du lortu zuri-gorrien nagusitasunari aurre egiterik, eta 1-0 amaitu da partida. Partidako jokalaririk onena Mamardaxvili Valentziako atezaina izendatu dute. Larunbatean jokatuko dute hurrengo partida. Gaur bezala, San Mamesen izango da, arratsaldeko zazpietan eta Atletico Madrilen aurka. Nuñez, utzita Bizkaiko taldeak gaur bertan iragarri du Unai Nuñezen itzulera. Portugaleteko erdiko atzelariak azken bi denboraldiak Celtan egin ditu. Aurretik, bost urtez aritu zen Athleticen. Utzita arituko da ekainaren 30era arte, orduan, Athleticek jokalaria erosteko aukera edukiko du. 27 urteko jokalariak, besteak beste, Espainiako Superkopa irabazi zuen Athleticekin, 2021ean. Orain, berriz ere elastiko zuri-gorria jantziko du taldearen defentsa indartzeko asmoz. Bihar bertan egingo du lehen lan saioa Lezaman. Beste fitxaketa baten berri ere eman dute. Maite Valero Athleticeko jokalaria izango da. Orain arte Osasunan aritu den 20 urteko erdi-punta nafarra David Aznarren aginduetara arituko da.
Nafarroako Yalak Espainiako Estatuari eskatu dio «Israelekin dituen harremanak bertan behera uzteko», argudiatuta Israelek «giza eskubideak sistematikoki urratzen» dituela. Lurraldeko 30 udalek onartu dute mozioa, edo onartzeko bidean daude, eta, taldeak azaldu duenez, «Nafarroan eta Euskal Herrian aitzindaria da ekinaldia». «Harreman haustura horri eutsi beharko zaio Israelek giza eskubideen arloko legediak betetzen ez dituen bitartean, eta genozidioak, apartheidak eta okupazioak dirauten bitartean», borobildu dute. Gaur eman dute horren berri, Iruñean egindako prentsaurreko batean. Azaldu dutenez, zenbait udaletan jada aurkeztuak dituzte mozioak, baina, horietan, Palestinari elkartasuna adierazi bertzerik ez zen egiten. Oraingo ekinaldia «harago» doa, ordea, eskaera zuzenak egiten baitizkiote Espainiako Gobernuari. Izan ere, harremanak hausteko ez ezik, bertze hainbat eskaera egin dituzte mozioaren bidez: Israelek modua eman dezala Gazan janaria eta sendagaiak sartzeko; Israelendako diren armak eta petrolioa kentzea; Israelgo armadak suntsitutako etxeak berriz eraikitzea; Nazioarteko Zigor Auzitegiari laguntza handiagoa eskaintzea Israelen kontrako auzian; Palestina estatu bat dela aitortzea; Palestinako lurralde okupatuetatik datozen produktuetan jatorria ongi zehaztea; Europako Batasunaren eta Israelen arteko akordioa bertan behera uztea; eta Israelekin harreman gehiagorik ez izatea. Taldeak azaldu du aurkeztutako mozioa «arlo horretan adituak direnek» egin dutela, eta «legezko berme guztiak» dituela egokitasunari eta legezkotasunari dagokienez. Gehitu dute palestinarrak bizitzen ari direna «jasanezina» dela, eta mozioaren bidez Nafarroaren gaitasuna erakutsi daitekeela: «Aukera dugu erakusteko Nafarroa ez dela makurtzen interes ilun kolonialisten aurrean, eta gure herriak eta erakundeak solidarioak izan direla, direla eta izanen direla herri palestinarrarekin». Mozioa herriotan onartu dute: Erroibar, Otsagabia, Agoitz, Espartza, Atarrabia eta Auritz. Horrez gain, horretarako bidean daude bertze hainbatetan, hala nola Altsasun, Baztanen, Berriozarren, Uharten, Beran eta Irurtzunen.
Jubilazio adina atzeratzeak lehenago hiltzeko arriskua handitzen du, Fedeak egindako ikerketa baten arabera. Ekonomia Aplikatuko Ikerketen Fundazioak gomendatzen du “kontuan hartzea zenbait lanbidek dakarten eskakizun fisiko, emozional eta mental maila”
Aldi eta Hipercor enpresek “elkarri ez erasotzeko ituna” dutela atzenam du Facuak, eta oliba-olioaren prezioa jaitsi dutela, Mercadonak abuztuaren 21ean ezarritako prezioak berdintze aldera.
Bilboko Aste Nagusiak amaiera gazia izan zuen igandean: Udaltzaingoak Arriaga plazatik kanporatu zituen kaleko saltzaileak. Konpartsakideek aurre egin zieten ertzainei. Are gehiago, aurretik ere eskatu zuten kaleko saltzaileak bakean uzteko. Izan ere, Aste Nagusi osoan kaleko saltzaileek «etengabeko tentsioa eta jazarpena» pairatu dutela salatu du Manteroekin Bat plataformak, eta exijitu herritar horien eskubideei kalte «larria» egiten dieten udal politikak aldatzeko. Mbolo Moye Doole elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma eta Bizkaiko SOS Arrazakeria dira Manteroekin Bat plataformaren parte. Kaleko saltzaileen kontrako indarkeria poliziala areagotu dela salatzeko, elkarretaratzea egin dute gaur Bilboko Arriaga plazan, beste hainbat kolektiborekin batera. Argi utzi dute kaleko saltzailea izatea ez dela delitua. «Ikusi dugu atxilo hartu dituztela, identifikazio arrazistak eta konfiskazioak egin, dokumentuak atxiki, eta, gainera, gehiegizko indarra erabili dutela», salatu dute. Bilboko Udalaren «erantzun falta» ere kritikatu du plataformak. Joan den hilabetean, udal politikak aldatzeko proposamen bateratu bat aurkeztu zioten. Ordutik, bilerak egin dituzte udaleko Berdintasun, Bizikidetza, Lankidetza eta Immigrazio Saileko eta Segurtasun Arloko ordezkariekin. «Eskaera bakoitzaren erantzuna ezezkoa izan da», zehaztu dute. «Nahiz eta bileretan asmo oneko hitzak esan dituzten, ez da aurrerapenik egon». Erantzukizun politikoa Hain zuzen, bost proposamen jaso dituzte eskaeran. Alde batetik, erantzukizun politikoa eskatu dute, baita «abusuen kontrola» ere. Poliziaren esku hartzeetan indarkeria fisikorik eta ahozko indarkeriarik ez erabiltzeko exijitu dute, eta beren «botereaz abusatzen» dutenei jarraipena egiteko, baita zigorrak ezartzeko ere. Beste aldetik, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste toki batzuetan egin duten bezala, kale salmentarako gune seguruak ezartzeko exijitu dute, bai Aste Nagusian, baita Bilboko auzoetako jai herrikoietan ere. Udal instalazioetarako sarbidea izan dezaten nahi dute, modu duinean garbitzeko eta atseden hartzeko aukera izan dezaten. Dokumentuak ez atxikitzea da plataformaren beste eskaera bat. «Dokumentazioa eta norberaren beste gauza batzuk atxikitzeak oinarrizko eskubideak urratzen ditu», adierazi dute. Ondasun pertsonaleak konfiskatzeak «eztabaidagarriak» eta «gardentasunik gabeak» direla argudiaturik, halakoak berrikusteko exijitu dute.
Euskal Herriko eta Kataluniako zientzialari talde batek minbizia duten zelulak kutsatu eta ordubetera hautematen dituen adimen artifiziala garatu du. Leuzemia kasuetan lortu dute, hau da, odoleko minbizi mota batean. EHU Euskal Herriko Unibertsitateak, DIPC Donostia International Physics Centerrek, FBB Bizkaia Biofisika fundazioak eta CRG Kataluniako Erregulazio Genomikorako Zentroak hartu dute parte ikerketan. AI of the Nucleus (Ainu) izena jarri diote minbizi zelulak eta zelula arruntak bereizten dituen tresnari. Minbizi zelulak eta zelula osasuntsuak bereizteaz gain, zelula barneko birus infekzioen faserik goiztiarrenak ere hautematen ditu. Zelulen irudien azterketa da sistemaren oinarria. «Gure helburua zen leuzemia ahalik eta azkarrena hautematea», azaldu du Ignacio Arganda-Carrerasek (Madril, 1980). Ikerbasque ikertzailea da, eta DIPCn eta FBBn ari da lanean. Ainu-ren sortzaileetako bat da. Denera bi urte eta erdi inguru aritu dira teknologia hau garatzen, eta hogei pertsona inguruk hartu dute parte proiektuan: biologoak, laborategiko teknikariak, zelulak prestatzen dituzten zientzialariak, mikroskopioa erabili dutenak, eta abar. Kutsatutako zelulak hautemateko prozesua hau da: lehenengo, aurretik sortu duten birus bat sartzen dute zelula batean; ondoren, STORM mikroskopioaren bidez argazkiak ateratzen dizkiote orduero; eta azkenik, Ainu teknologiak maila molekularreko aldaketak hautematen ditu aztertutako zelularen barruan. STORM mikroskopia teknikak eskala nanometrikoa duten irudiak erakustea ahalbidetzen du. Teknika horri esker, hogei nanometroko aldaketak hauteman ditzake zelulen barruan, hau da, giza ile bat baino 5.000 aldiz txikiagoak diren aldaketak. Nanometro bat metro baten mila milioirena da, eta giza ile batek, esaterako, 100.000 nanometro inguru bezain zabal da. Mikroskopio horren bidez, zelularen irudiak lortzen dituzte. Ondoren, Ainuk irudi horiek eskaneatzen ditu, kutsatutako zelulen eta zelula arrunten arteko desberdintasunak ikusteko eta hautemateko. «Gaur egun, STORM mikroskopioa ikerketa zentro aurreratuetan bakarrik dago, eta ez daude eskuragarri ospitaleetan eta osasun zentroetan»IGNACIO ARGANDA-CARRERAS Ikerbasque ikertzailea Ainuren bidez, gai izan ziren 1 motako herpes arruntaren birusak infektatutako zelula baten nukleoan aldaketak hautemateko, kutsatu eta ordubetera. Hau da, garatu duten adimen artifizialeko algoritmoari esker, zelula baten nukleoan aldaketak berehala ikus ditzakete. Euskal Herriko eta Kataluniako zientzialariek garatu duten adimen artifizialak patroi jakin batzuk hautematen ditu infektatuta dauden zeluletan. «Zelularen nukleoaren forma aldatuz joaten da, eta nukleoaren proteinak ere aldatuz joaten dira», azaldu du Arganda-Carrerasek. Proteina horiek dentsitate desberdina izaten dute, eta nukleoloaren ertzean kokatzen dira. Hala ere, patroi gehiago ikertzen jarraitzen dute EHUko, DIPCko, FBBko eta CRGko zientzialariek. Garatutako teknologia berri honek patroiak ateratzeko trebetasuna duela aipatu du Arganda-Carrerasek: «Zelularen aldaketen patroi pare bat ikusten baditugu, patroi gehiago lor ditzakegu». Horrez gain, Ainu teknologiarekin kutsatuta dauden zelulen garapena ona edo txarra den ondoriozta dezaketela azpimarratu du. Mediku bati erabakiak hartzen lagun diezaiokeela uste du: «Gaixotasuna ahalik eta azkarrena hautematen bada, hobe». Ikerbasque zientzialariarentzat, Ainurekin lortutakoa «lehen pausoa» da. Hala ere, sistema ingurune kliniko batean ezartzerako oraindik muga handiak gainditu behar dituztela onartu du. Etorkizunerako helburuetako bat da Ainu algoritmoa mikroskopio «komertzial edo merkeagoekin» probatzea. «Gaur egun, STORM mikroskopioa ikerketa zentro aurreratuetan bakarrik dago, eta ez daude eskuragarri ospitaleetan eta osasun zentroetan», zehaztu du Arganda-Carrerasek. Beste mugetako bat da STORM irudiek zelula gutxi azter ditzaketela aldi berean. Adimen artifiziala lagun Adimen artifiziala, gaur egun, zientziaren «laguna» dela uste du Arganda-Carrerasek: «Medikuntzan diagnostiko hobeak egiten laguntzen du». Diagnostikoez gain, zientzia prozesuetan aurrerapenak egiteko azkartasuna ere goraipatu du Ikerbasqueko zientzialariak: «Adimen artifizialak prozesu asko automatizatzen eta azkartzen ditu, eta horrela lan egitea errazagoa da». Hala ere, haren ustez, ezin dute izan adimen artifizialaren mendekotasun erabatekorik: «Eredu horiek probabilitate batekin ematen dituzte emaitzak». Medikuntzan, adibidez, diagnostikoa jakiteaz gain, diagnostiko hori nola sortu den jakitea garrantzitsua dela azpimarratu du. Hori dela eta, diagnostikoak egiterakoan adituek parte hartu behar dutela adierazi du: «Zaila da diagnostikoak adimen artifizialaren modeloekin egitea».