Takefusa Kubok garaipena eman dio Realari
Aulkitik sartu da gaur Takefusa Kubo, eta gol itzel batekin erabaki du erabat parekatua zegoen partida. Asko kostatu zaio Realari erasoan eraginkorra izatea, eta defentsan gogotik sufritu du jokaldi batzuetan, baina konstantzia ez du galdu, eta azken txanpan jaso ditu fruituak. Ehuneko ehunera egon ez arren, lehiakorra dela berretsi du Realak, eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu du Espanyolen etxean. Defentsan finkatzeko denbora gehiegi pasatu du Realak, eta partidako lehen aukerak izan ditu etxeko taldeak. Espanyolek Remiroren atea hartu du jomugan eta Puadoren jaurtiketa batekin eman du lehen abisua. Espanyolek erabat erasokor hasi du norgehiagoka, baina partidak aurrera egin ahala Realak ohiko zurruntasuna hartu du. Berdegunean sentsazioak orekatu direnean, norgehiagokak erritmo motelagoa erakutsi du, nahiz eta arrisku egoera batzuk sortu diren. Sergio Gomezek urrutiko jaurtiketa bat izan da jokaldirik esanguratsuena. Bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik izan lehen 45 minutuetan. Bigarren zatian, Reala partidaren gidoia aldatzeko prest agertu da eta jokalari gehiagorekin iritsi da erasoan. Brais Mendezek gertu izan du gola 47. minutuan, Sergio Gomezek erdiratu ostean. Dena den, katalanek 55. minutuan izan dute erantzuna, txuri-urdinen defentsa desorekatu batean. Bere aukerarik onena Veliz argentinarraren eskutik etorri da eta, jokaldi berean, Aritze Elustondok 1-0koa salbatu du. Etxeko taldeak espekulatzeari utzi dio, eta arrisku gehiagorekin hurbildu dira Remiroren atera. Ezkerkada geldiezina Sentsazioak Espanyolen alde zeuden, baina Kubok gidoi guztiak hautsi du. Japoniarrak bere talentu guztia atera du 80. minutuan 0-1ekoa sinatzeko. Jokalari japoniarrak ordezkoen aulkian hasi du norgehiagoka, eta bere burua aldarrikatu du eskuadrara bidali duen ezkerkada geldiezin batekin. Realaren golak aulkia mugitzera behartu du etxeko entrenatzailea, baina ez du etekinik lortu. Puadoren txilena batek beldurra sartu die txuri-urdinei, eta azken minutuan korner batean atezainak errematea egin du. Hala ere markagailua ez da mugitu. Talde donostiarrak ordaina jaso du Rayoren aurka galdu ostean (1-2), eta arnasa emango dion garaipena eskuratu du Bartzelonan.
