Abuztuaren 13an albiste izango dira: Datu aurreratuaren arabera, uztaileko inflazioa % 2,8an kokatu zen, Ukrainako Armadak Errusiako Kursk eskualdeko kontrolpean hartu ditu, eta igande iluntzean piztu zen suteari aurre egin ezinik jarraitzen dute Grezian.
Ez du berehalakoan ahaztuko bere lehen aldia Charlotte Koolek (DSM). Aurreneko garaipena lortu du gaurkoan Frantziako Tourrean, lasterketaren aurreneko etapan. Esprintean gailendu da, bere dohaina duen horretan. Sd Worxek lan ona egin du egun osoan, baina kaosa nagusitu da azken metroetan, eta hori baliatu du Koolek garaipena eskuratzeko. Maillot horia jantzita ospatu du garaipena, bere jaioterritik 86 kilometro eskasera. Lehen aldiz abiatu da Emakumezkoen Frantziako Tourra Frantziatik kanpo. Herbehereetan izan du hasiera, Rotterdamen, eta herrialde horretan jokatuko dira lehen hiru etapak. Izan ere, Olinpiar Jokoak Parisen jokatu direla-eta, beharrezkoa izan da irteera handia herrialdez aldatzea. Etapari dagokionez, egun arriskutsua izan dute txirrindulariek. Tropeleko zenbait txirrindulari erori dira, eta batzuek hanka lurrean jarri behar izan dute ez erortzeko. Horietako bat izan da Gaia Realini Lidl-eko taldeburua. Eroriko baten ondorioz matxura bat izan du, eta bi minutu baino gehiago galdu ditu. Hala ere, taldekideen laguntzarekin tropelera itzultzea lortu du, eta ez du helmugan denborarik galdu. Euskal ordezkariei dagokienez, ondo baino hobeto aprobetxatu du lehen eguna Laboral Kutxak. Lehen aldiz ari da aurten Frantziako Tourrean, gonbidapena jaso ostean. Eta lan bikaina osatu du. Yurani Blanco izan da mugitzen lehena. Beste hiru txirrindularirekin batera saiatu da tropeletik ihes egiten, eta lortu ere egin dute. Baina berehala harrapatu ditu tropelak. Hala ere, lehiakorrenaren saria eskuratu du. Cristina Tonetti taldekidea ahalegindu da ondoren. Minutu baten aldea lortu du italiarrak, eta bakarrik iritsi da helmugatik 60 kilometrora zegoen eguneko mendate bakarraren gainera. Berehala harrapatu du tropelak, baina helburua beteta: mendiko maillota jantzi du. Azken 60 kilometro horietan, Sd Worxek hartu du aginte makila. Esprintean amaituko diren etapak eta lasterketa bera irabazteko bi faborito nagusiak ditu taldeak, eta kate motzean lotu ditu aurkariak. Haiek ezarri dute erritmoa tropelean, eta ez diote inori ihes egiten utzi. Tarteko helmugako esprintean soilik utzi diete aurkariei mugitzen, helmugatik 37 kilometrora, eta bertan Marianne Vos (Visma) izan da azkarrena, esprintean. Horren ostean, hainbat taldek ezarri dute erritmoa, denek tropel buruan tokia egiteko helburuarekin. Horien artean zeuden Sd Worx bera, Lidl, Canyon eta DSM. Erritmoa, ordea, helmugarako hamar kilometro gelditzen zirenean bizitu dute. Esprinta prestatzeko, abiadura bizian egin dituzte azken kilometro horiek; talde bakoitza bere txirrindulariak elkartzen ahalegindu da, eta bata bestearen atzean kokatu dira, esprinta ahalik eta ondoena bideratzeko. Esprintean, ordea, ez da faborito nagusia azaldu. Lorena Wiebesek (Sd Worx) ez du tokirik egitea lortu, eta taldeak garesti ordaindu du aurrez egindako lana. Hura jokoz kanpo zegoela ikusita, Koolek ez du aurkaririk izan. Aise nagusitu da esprintean, eta besoak altxatzeko astia ere izan du. Lan saio bikoitza. Etapa bakarrarekin nahikoa ez, eta bi etapa jokatuko dira bihar; goizean bata, eta arratsaldean bestea. Hori izango da lasterketaren beste berritasunetako bat. Goizeko etapak 67 kilometro izango ditu, eta bigarren aukera izango dute esprinterrek. Arratsaldean, berriz, 6,3 kilometroko erlojupekoa jokatuko dute Rotterdamen.
Euskal Hirigune Elkargoak, «turismo alokairuen neurriz kanpoko emendatzea ikusirik», 2023ko martxoaren 1ean jarri zuen alokatze turistikoen gaineko konpentsazio neurria, «tentsiopean» diren 24 herritan: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Miarritze, Bidarte, Biriatu, Bokale, Ziburu, Getaria, Hendaia, Jatsu, Lehuntze, Larresoro, Mugerre, Urruña, Donibane-Lohizune, Hiriburu, Urketa, Uztaritze eta Milafranga —Lapurdin guziak—. Baionako, Angeluko eta Miarritzeko herriko etxeek jada badituzte zaintzarako agenteak beren aldetik. Gainerako 21 herrietarako, agorril honetatik goiti, lau zinpeko agente izendatu ditu Elkargoak. Erakundeak jakinarazi duenez, «prebentzio kontrolak» eginen dituzte, turismo alokairuen araubidea «ongi aplikatzen» dela segurtatzeko. Konpentsazio arauaren neurri nagusiak, bizitegiaren neurriarekin arabera, turismorako alokatzen duten jabeak behartzen ditu alokatze hori administrazioari deklaratzera eta urte osorako beste bizitegi bat proposatzera. Elkargoak dioenez, araua indarrean sartuz geroz emaitzak ikusi dituzte: «Ohitura aldaketa nabari da jada, arau berriaren barruan eman ehunka baimenek eta zerbitzuek jaso dituzten erantzunek adierazten duten bezala». Horrez gain, Elkargoak zehaztu du izari orotako turismorako bizitegi guztiei betearaziko zaiela neurria bi urteren buruan: «2026an, aitzineko arauaren arabera eman behin-behineko baimenak bururatzen direnean, konpentsazio neurria osoki indarrean izanen da». Bisitak, aitzinetik abisatu gabe Hilabete honetarik goiti, beraz, lau zinpeko agenteek turismorako «zenbait etxebizitzaren okupazioa kontrolatuko dute». Elkargoak azaldu duenez, «aitzinetik abisurik eman gabe» egingo dituzte bisita horiek, baina, horien bitartez, «prebentzio mezu bat eramanen dute agenteek». «Lehen kasuak urte honen bukaeran edo ondokoaren hasieran iritsiko dira Baionako Auzitegiaren aitzinera», Elkargoak bidali duen prentsa agirian azaldu duenez. Jabeei informazioa zabaldu nahi izan die, bestalde: «Iruzurrezko desmartxarik izan ez dadin, bisita eskubidearen baldintzak eta zinpeko agenteen aurkezpena Euskal Hirigune Elkargoaren gunean atzematen ahal dira».
Grezia iparraldeko herrixka batean, Varnavan, sute bat piztu zen atzo eguerdian, eta Atenasko inguruetara zabaldu da ordu gutxian, haize boladen ondorioz. Herrialdeko agintariek etxea uzteko agindu diete eremu horretako biztanleei; milaka lagun ebakuatu dituzte azken orduetan. «Egoera oso arriskutsua da, suteak etxebizitzen artean zabaltzen ari direlako», ohartarazi du suhiltzaileen bozeramaile Vassilis Vathrakogiannisek. Bostehun suhiltzaile baino gehiago ari dira eremu horretan zabaldutako suteak itzaltzeko lanetan, eta aldirietako dozenaka boluntariok haiekin bat egin dute. Lehenengo sutea Varnava herritik gertu piztu zen, eta gaur jakinarazi dute lortu dutela hori gehiago ez zabaltzea. Hainbat hedabidek jakinarazi dutenez, zenbait bizilagun ospitalera eraman behar izan dituzte; horietatik ia denek arnasa hartzeko zailtasunak zituzten. Atenasko inguruetan zabaldutako suteen kea Peloponeso penintsulako Kalamata hiriraino iritsi da, hiriburutik ia 200 kilometrora. Horiek hala, Greziako Gobernuak maila gorenean ezarri du suteengatiko alerta. Tenperatura, gora Uda beroa izaten ari da Grezian, eta halakoa izan zen negua ere; inoizko negurik beroena izan baitzen aurtengoa —1960an tenperaturak erregistratzen hasi zirenetik—, baita euririk gutxienekoa ere. Joan den uztaila, halaber, orain arteko beroena izan zen; batez beste 27 gradu egin zituen. Espero da hil honetan joera horri eustea. Zenbait eskualdetan 44 gradu erregistratu dituzte, hala nola Kreta uhartean, eta datozen egunetarako 36 gradura arteko tenperatura iragarri dute Atenasen.
Osakidetzako medikuek gutun bat bidali diote jada Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiari, ospitale-bisita hori egiteari uko egin diotela jakinarazteko, jasotako zenbatekoekin ados ez daudelako.
Donostiako aireportuak, bestalde, 49.533 bidaiarirekin amaitu du uztaila, 2023ko uztailean baino % 5,1 bidaiari gutxiago. Forondak ere bidaiarien beherakada izan du, % 19koa.
Cementos Rezolako EEEak Añorgako lantegiko 56 langileri eragingo die azkenean. Akordiorik gabe amaitu da sindikatuekin akordioa bilatzeko epea. Neurri sozialetara jo dute 56 lagunetako 52k, eta soilik lau kaleratuko dituzte behartuta.
Pasaian jaio izanak eragin du Begoña Lazkanoren (Pasaia, Gipuzkoa, 1994) kirol ibilbidean. Itsasadarrean piraguak ikusten zituen lagunekin jolasean zela. «Erakargarria» egiten zitzaion, eta horregatik probatu zuen, ikastaro batean izena emanda. Hortik, gaur arte. Bidean amets asko bete ditu: «Gaztetxoa nintzela Euskadiko Txapelduna izatearekin egiten nuen amets». Orain, Jokoetan egotearen ametsa bete du. Lehia amaituta, lasai etorri da elkarrizketara, baina «ametsetan» jarraitzen duela dio. Izan ere, orain arte probalekutik gertu zegoen hotel baten egon da, eta atzo etorri zen Olinpiar Hirira. Begiradan ikusten zaio irribarrea. Bi alditan ahalegindu zara Jokoetara sailkatzen. Hirugarrenean lortu duzu. Bidea luzea da, eta, gainera, saiatu arren, baliteke ez lortzea. Rion, oso gaztea nintzen. Saiatu nintzen, baina ez nuen lortu. Tokion beste ontzi batekin egin nuen ahalegina, baina kanpoan geratu nintzen. Hau lau urtean behin antolatzen da eta gutxik dute etortzeko aukera. Egia da zorte kontua ere badela, aldagai askok eragiten baitute… Aurten zerk egin du posible? Zorte kontua bakarrik ez zen izango… Ez. Maila ere izan behar duzu, horrek bermerik ematen ez dizun arren. Aurten K2an saiatu nintzen lehendabizi, baina, gutxigatik, ez nuen lortu. Azken unean K1ean lortu nuen sailkatzea. Txapelketa batean eta egun batean jokatzen da txartela, eta egun ona izan beharra daukazu. Gurutzaketek eta beste hainbat aldagaiek ere eragina dute. Olinpiar Jokoetan Lisa Carringtonekin tokatu zitzaizun, historiako onenaren kontra… hori zorte ona ala txarra da? Nola eragin zizun? [Barreak] Oso txanda gogorra tokatu zitzaidan kanporaketan. Tira, hemen hain da maila altua, tokatzen zaizunarekin tokatuta, zaila dela; baina bai, tokatzea zeukan zailena tokatu zitzaidan. Baina esperientzia hori bizi izan nuen eta nirekin gordeko dut. Finalerdietan kanporatu izanaren penaz, baina pozik nabaritzen zaizu. Pozik nago, bai. Behin hemen egonda, gehiago nahi duzu; beti nahi dugu gehiago. Helburu bat jarri eta lortzen badugu, beste bat jartzen dugu… eta horrela joaten gara, urratsez urrats. Kirolari batek goi mailan jarraitzeko funtsezkoa da hori? Nolabait bai, bestela lehiakor izateari uzten diozu; eta, horrela, aukerak joaten dira. Dena den, zure helburua Jokoetara iristea zen. Bai, bai. Horregatik nago pozik. Ibilbideari ematen diot garrantzia: honaino iristeko egin dudan guztiari, hobetu behar izan dudanari… Saiatu naiz nire punturik onenean heltzen, baina kontuan hartu behar da prozesua nolakoa izan den. Gorabehera askoko denboraldia izan da. Zaila. Zaila, zer zentzutan? Denboraldi batean ezin duzu goian egon denbora guztian. Nik ondoen maiatzean egon behar nuen, ez orain, orduan baineukan aukera Jokoetara sailkatzeko. Maiatzean ez banuen txartela lortzen, ez nintzateke hemen egongo. Baina, aldi berean, hona ez zara errendimendu punturik altuenean iristen. Beste batzuek Jokoetara puntu-puntuan iristeko planifikatuko zuten denboraldia. Iazko Munduko Txapelketatik dut hau begiz jota, eta honetarako ibili naiz lanean… Munduko Txapelketa hura ere gogorra izan zen… Bai. K2an lehiatu nintzen. Seik lortzen zuten Olinpiar Jokoetara sailkatzea, eta gu zazpigarren gelditu ginen. Ehuneko oso-oso gutxi batzuengatik gelditu ginen kanpoan. Azken aukera Olinpiar Jokoetara sailkatzeko proban izan zenuten. Hor bakarrak egiten zuen aurrera, eta ez genuen irabaztea lortu. Hori eta gero saiatu nintzen K1ean. Beraz, intentsoa izan da. Harro eta pozik nago hori guztia jasateko gai izan naizelako… Eta hori guztia pasatuta, nola heldu zinen Parisera? Fisikoki zein psikologikoki? Nahiko ondo, egia esan. Hasieran egokitzea kostatu zitzaidan. Lehen estropadan ez nintzen %100ean egon, zeren nabaritzen nuen giroa bestelakoa zela. Gure kirola ez da oso mediatikoa eta jendetza zegoen. Beraz, kokatzen nahiko lan [barreak]. Ez nuen finalerdietan, unerik garrantzitsuenean, sentsazio hori eduki nahi: urduriegi nengoela, edo ez guztiz zentratuta… eta, egia esan, lasai eta ondo sentitu nintzen. Eman nezakeen guztia eman nuen, eta nire denboretan ibili nintzen. Pozik nago egindako estropadarekin; eta baita bidelagunengatik ere. Hau talde lana da: entrenatzaileak, fisioterapeutak, nutrizionistak, psikologoak… horiek guztiek lagundu naute honaino iristen, eta ondo aritzeak haiekiko ere poztu ninduen. K2-ko zure kidearekin ere asko gogoratu zinen… Nik berarekin etorri nahi nuen hona. Berez, hori zen ametsa. Oso lagunak gara eta hartu eman handia daukagu. K2ko lehiaketa ikusten nenbilela. mezu bidez, esaten nion guk hor egon behar genuela… Pena eman dit esperientzia hau berarekin bizi ez izanak. Hala ere, bizitakoarekin pozik ikusten zaizu. Bai, bai. Motibazio oso handia sentitu nuen sailkatzean, eta hemen ere asko gozatu dut. Hau ikaragarria da! Eta hori, ez naizela Olinpiar Hirian egon [atzo iritsi zen, abuztuaren 10ean]. Eskerrak! Zeren hau liluragarria da. Beti imajinatu duzun zerbait erreala dela ikusten duzu. Lehiatu bitartean hotelean egon gara, ohi bezala, eta hori horrela izateak lasaiago egoten eta txapelketan kontzentratzen lagundu nau. Zeren hemen estimulu asko daude. Munduko kirolari onenak ikusten dituzu, eta zu ere haiekin zaude… Amets bat bezalakoa da. Ametsa lortu duzu, eta aparretan jarraitzen duzu… Bai, bai. Bigarren ametsa hasi da orain. Gaurko gaua baino ez dut pasatu hemen, Olinpiar Hirian, baina orain bisitatzeko tartea hartuko dut… Ez dut hau bezalakorik ezagutzen, eta txikitatik nahi nuena da. Eta aurrera begira, ametsik baduzu? Izandako esperientziak Jokoetara itzultzeko gogoz utzi nau, hemen ikusi eta bizitakoa zoragarria izan da. Baina prozesua oso intentsoa izan da, beraz, orain arnasa behar dut. Lehenengo oporrak [barreak], eta gero pentsatuko dut nola egin Los Angelesera joaten saiatzeko. Lau urteko perspektibarekin antolatu behar dut bizitza, eta erabakiak ez dira gutxi. Azken boladan, esaterako, Pontevedrara [Galizia] joan behar izan dut bizitzera hau lortu ahal izateko. Pasaian ezinezkoa da, ezta? Beti ibili izan naiz kanpoan: Madrilen, Sevillan [Espainia], orain Pontevedran… Etxean gutxi, eta hori ez da erraza. Egia da aukeraketa nik egin dudala, baina albo batera utzi beharreko guztia asko da. Helburuak jartzen ditugu, eta horiek lortzeko toki batera edo bestera joan behar izaten dut, eta ez dut nik aukeratzen nora. Eta tokiak berak eragina izango du zuregan… Noski. Toki batzuetan gusturago zaude besteetan baino. Gainera, etxetik kanpo egonda, tokian eroso sentitzea oso-oso garrantzitsua da. Ez bazaude gustura, oso gogorra da. Ni mentalki ondo egon ez naizenetan asko sufritu dut, eta uretan islatzen da hori. Maila honetan, ez bazaude ondo, emaitzak lortzea ezinezkoa da. Egunotan kirolari askok azpimarratu dute hori. Hala da. Eta pena bat da, adibidez, hona iristea erdizka edo gaizki egonda, ezin baituzu %100ean disfrutatu. Ez da nire kasua, zortea izan dut. Estropada bukatzean, uretan nengoela, berriz Olinpiar Jokoetara joan nahi nuela pentsatu nuen. Poz-pozik nago!
Ezusteko garailea izan du emakumeen maratoiak gaur goizean. Lasterketa nola joan den ikusita, Sifan Hassan herbehereetarrak ez zuen ematen lasterkaririk azkarrena zenik, baina une gogorrenetan sufritzen jakin du, gibeletik aitzinera eusten, eta, ustez hura baino indartsuago zeudenei gain hartu die helmugan. Elbarrien Jauregiko helmugan esprintean garaitu du Tigst Assefa etiopiarra, lasterketa osoan itxura sendoena erakutsi duen atleta. Urrea, ordea, sufritzen jakin duenarentzat izan da. Eta bertze sari bat ere eman dio eusteko gai izateak: marka olinpikoa —2.22.55eko denbora egin du, Tiki Gelana etiopiarrak Londresen (2012) egindakoa baino hamabi segundo hobea—. Brontzea, berriz, Hellen Obiri kenyarrak irabazi du, eta Maajida Maayouf aguraindarra hamazazpigarren helmugaratu da, 5.40ra. Lasterketa bukatzean, Etiopiak protesta bat aurkeztu du, azken esprintean Hassanek Assefa aitzinatzean elkar jo dutelako. Epaileak gertatutakoa aztertzen aritu dira, eta probaren ondoko prentsaurrekoa gibelatu egin da horregatik, baita dominen zeremonia ere. Hassan ez da prentsaurrekora agertu, eta Assefak eta Obirik bakarrik egin dute agerraldia. Protestak dezenteko nahasmen sortu du lasterketa bukatu ondorengo orduetan. Assefak ez du horri buruz mintzatu nahi izan hasiera batean: «Erran dezakedan bakarra da [Hassan] atleta handi bat dela. Hortaz, zoriondu egin nahi dut». Baina galdetu diotenean ea «bultzakadak» urrea irabazteko aukera kendu dion, erantzun motz eta argia eman du: «Bai». Hassan: distantzia anitzetako atleta Hassan etiopiarra da jatorriz, gaur arerio nagusi izan duen Assefa bezala. Herbehereetan errefuxiatu zen, ordea, eta hango herritartasuna hartu zuen. Distantzia anitzetan lehiatzen da, eta Europako markak ditu distantzia luze guzietan: 1.500 metrokoan, 3.000koan, 5.000koan, 10.000koan, maratoi erdian eta maratoian. Olinpiar Jokoetan ere argi erakutsi du distantzia anitzetan lehiatzeko duen gaitasuna: urrea irabazi zuen Tokion (2020) 5.000koan eta 10.000koan, eta brontzea, berriz, 1.500ekoan. Pariskoa, berriz, ez du berehalakoan ahantziko: joan den astelehenean 5.000ko finalean brontzea lortu zuen 5.000koan, Frantziako Estadioan; duela bi egun, toki berean metal bereko domina 10.000koan; eta, gaur, 42 kilometroko proban lehenbiziko tokian igaro du Elbarrien Jauregiko helmuga. Antolakuntzak aurten gizonen maratoia azken-aurreko egunean jokatzea erabaki du, eta, emakumeena, berriz, azkenekoan, «atleta emakumeen jardunari balioa emateko». Halaber, ibilbidearekin omenaldia egin nahi izan dio 1789ko urriaren 5ean, Frantziako Iraultzan, emakumeek Versaillesera egin zuten martxari, Louis XVI.a erregeari erreforma sozialak eta politikoak exijitzeko. Lasterketa 08:00etan hasi da, eta hamargarren kilometroan izan du lehenbiziko estualdi azkarra, etiopiarrek taldearen buruzagitza hartu dutenean. Handik hiru kilometro baino gutxiagora hasi dira lehenbiziko eraso garrantzitsuak, eta taldea aitzineko kilometroetan baino bizkorrago hasi da lasterkariak galtzen. Erdiko puntura, 21. kilometrora, 1.13.22ko denborarekin ailegatu da lehenbiziko atleta: Jessica Stenson australiarra. Gibeletik, hemeretzi lasterkari, hiru segundotara. Horien artean zegoen Maayouf. Erdibidea pasatu eta hurrengo bortz kilometroetan, Paris etorbidean sartu ahala, hogeiko talde hori sakabanatu egin da. Gibelean gelditu da, bertzeak bertze, 21. kilometroko denbora egin duen lasterkaria, Stenson. Igoeran sufritzen 27. eta 28. kilometroetan gertatu da lasterketako mugimendu erabakigarrietako bat. Pave-des-Gardes karrikan sartzekoak ziren korrikalariak, probako igoera nagusian. Assefak eta Amane Beriso Shankule herrikideak erritmoa arruntean gogortzea erabaki dute, eta taldea xehatu dute. Agudo, banaka-banaka hasi dira lasterkariak gibelean gelditzen, erritmoak itota —Maayouf, horien artean—, eta igoera bukatzerako bortzkote bat baino ez zegoen aitzinean: haustura eragin duten bi etiopiarrak, eta hiru kenyar —Peres Jepchirchir munduko markadun eta Tokioko Jokoetako garailea, Sharon Lokedi eta Obiri—. Igoeran gertatu dena ikusita, bazirudien bortz horiek zirela atleta azkarrenak, ordura arte buruan zeuden gainerakoek nola sufritu duten ikusita, baina maldan beheitikoan, lau gehiagok lortu dute bortz afrikarrekin bat egitea: Hassanek, Yuka Suzuki japoniarrak, eta bertze bi herrialderentzat korritzen duten bi kenyarrek —Delvine Relin Meringorrek (Errumania) eta Eunice Chumbak (Bahrain)—. Eta bederatzi kilometroren faltan gertatu da ezustea: etiopiarrek berriz ere erritmoa bizkortu, eta Jepchirchir garaipenaren lehiatik kanporatzea lortu dute. Azken bortz kilometroei bortzkote batek ekin die: Assefak, Shankulek, Lokedik, Obirik eta Hassanek. Bi kilometroren faltan amore eman du Shankulek, eta laukoteak elkarrekin ekin die azken metroei, Assefak eta Hassanek azken kolpea eman duten arte. Elbarrien Jauregiko helmugako alfonbra urdina zanpatu dutenerako, Hassanek aitzina hartua zion Assefari, eta herio batean ailegatu arren, garaipenaz gozatzeko astia izan du. Bukaera harrigarria, ikusi ondoren herbehereetarra gibeletik aitzinera egiten ibili behar izan dela lasterketako une batean baino gehiagoan.