Jon Rahm lehen postuan dago (euskal kirolariak Parisen, gaur)
Golfean, hirugarren jardunaldia bukatuta, Jon Rahm buruan da sailkapenean. Txirrindularitzan, Alex Aranburuko hamabosgarren eta Oier Lazkanok 35. egin dute errepideko proban. Virginia Diazek ez du diploma olinpikoa eskuratu scullean, hamabigarren egin du. Miren Lazkanok eta Maialen Chourrautek, berriz, kayak crosseko bigarren egunerako sailkatzea lortu dute. Eta taldeko kiroletan, Espainiako selekzioekin: Alberto Munarriz final-laurdenetarako sailkatu da, waterpoloan; aldiz, Lysa Tchaptchetek ez du lortu sailkatzea, eskubaloian; Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes finalerdietarako sailkatu dira futbolean; eta Gracia Alonso de Armiño ere bai, hiruko saskibaloian. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Golfa Jon Rahm bete-betean ari da domina bat irabazteko lehian. Bihar jokatuko dute azkeneko jardunaldia, eta Barrikako (Bizkaia) golflaria lehen postuan dago sailkapenean, Xander Schauffele estatubatuarrarekin berdinduta. 199 kolpe jo dituzte biek lehen hiru jardunaldietan. Gaur, Rahm hobeto aritu da: 66 kolpe jo ditu, Schauffelek baino bi gutxiago. Tommy Fletwood britainiarra dago hirugarren postuan, kolpe bat gehiagorekin: 200. Rahmek eta Schauffelek hiru kolpera dute laugarren sailkatua. Txirrindularitza Alex Aranburu eta Oier Lazkano aritu dira errepideko proban, eta lehen postuetatik oso urrun geratu dira: Aranburu, hemezortzigarren postuan sailkatu da, Remco Evenepoel irabazlearengandik 2.13ra; Lazkano, berriz, 35. postuan helmugaratu da, 3.42ra. Arrauna Virginia Diazek B finala lehiatu du scull modalitatean, bakarka. Lehen bi postuen amaitu behar zuen diploma olinpikoa lortzeko, baina seigarren egin du bere finalean. Beraz, hamabigarren lekuan amaitu du sailkapen orokorrean. Piraguismoa Kayak crosseko lehen jardunaldia jokatu dute gaur, eta Miren Lazkano zuzenean sailkatu da bigarren txandarako; bere taldeko bigarren egin du. Maialen Chourrautek ez du lortu lehen aukeran, baina errepeskan bai, eta hura ere bigarren txandan arituko da. Bihar jokatuko dute, 16:45etik aurrera. Waterpoloa Alberto Munarriz final-laurdenetan arituko da. Espainiako selekzioak 23-8 menderatu du Japonia. Jokatutako lau partidak irabazi ditu Munarrizen taldeak eta lehen postuan dago bere multzoan. Horrela, multzokako faseko azken partidaren faltan —astelehenean, Frantziaren aurka—, jada ziurtatu dute final-laurdenetan arituko direla. Eskubaloia Lysa Tchaptchetek, ostera, ez du aurrera egin. Aurrez ere jakina zen Espainiako eskubaloi selekzioak ezingo zuela final-laurdenetan aritu, ordura arteko partida guztiak galdu baitzituzten. Bada, gaur, lehiketako bosgarren partida ere ezin izan dute irabazi. Tchaptchetek bi gol egin ditu, baina 24-32 garaitu du Frantziak bere taldea. Hiruko saskibaloia Espainiak galdu egin du 18-15 Alemaniaren aurka, baina, hala ere, finalerdietarako sailkatu da. Astelehenean jokatuko ditu finalerdiak, AEBen aurka (17:30), eta horietan ariko da Gracia Alonso de Armiño. Bilbotarrak ia zortzi minutu jokatu ditu gaur, eta bost puntu sartu eta hiru errebote jaso ditu. Hortense Limouzinek, Frantziako selekzioarekin, irabazi egin dio Australiari, 18-16. Lau puntu sartu, eta lau errebote jaso ditu. Selekzioak bi garaipen bakarrik lortu ditu, eta Jokoak bukatu ditu Limouzinek, beraz. Futbola Espainiak finalerdiak jokatuko ditu, gaur final-laurdenetan Kolonbiari penalti jaurtiketetan irabazi eta gero. Bina egin dute luzapenean. Hain zuzen, Irene Paredesek behartu du luzapena, 97. minutuan binakoa eginda. Ordu laurden eskasen faltan, Kolonbia 2-0 zen aurretik. Asteartean jokatuko dituzte finalerdiak, Brasilen aurka, 21:00etan.


