Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Piraguismoa Pau Etxanizek brontzezko medaila lortu du piraguismoan, ur bizietako jaitsieran, K1 modalitatean. Finalerdietan justu sailkatu da: hamabi leku ziren, eta hamabigarren postuan sartuta iritsi da finalera. Finalean, baina, jaitsiera ikusgarri azkarra egin du, eta hirugarren egin du. Segundo bakar batean sailkatu dira lehen hiru piraguistak: 0.65 segundora besterik ez zaio gelditu urrezko domina Etxanizi. Arrauna Virginia Diazek ezin izan du: bakarkako skiff kategoriaren finalerdietan, bere txandako azken denbora egin du, atzetik aurrera egin ezinda, eta ez du lortu finalerako sailkatzea. Aldiz, diploma olinpiar bat lortzeko aukera badu oraindik. Larunbatean, 09:54an, B finalean parte hartuko du, eta lehen bien artean gelditzea lortuko balu, diploma eskuratuko luke. Golfa Jon Rahmek golfeko lehen txanda egin du. Hideki Matsuyama japoniarrak bukatu du eguna lehen postuan, 63 kolperekin. Lau gehiago egin ditu Rahmek. Bihar jarraituko dute, bigarren txandan. Waterpoloa Alberto Munarriz ari da Espainiako selekzioarekin, bikain aritu ere. Hiru partida jokatu ditu Espainiak, eta hirurak irabazi ditu; azkena, gaur, Serbiaren aurka: 15-11. Munarriz bikain aritu da berriro: bi gol sartu ditu. Eskubaloia Lysa Tchaptchet ari da Espainiako selekzioarekin, eta gaur berriro galdu du: 27-24 galdu du. Lau partida jokatu, eta guztiak galdu ditu Espainiak. Beraz, jada ez du aukerarik sailkatzeko. 3×3 saskibaloia Hortense Limouzineren taldeak partida irabazi du Azerbaijanen aurka, 15-10. Limouzin bera izan da Frantziako selekzioari puntu gehien eman dizkiona, bost egin ditu. Oraintxe hasi du eguneko bigarren partida, hau Kanadaren aurka. Bestetik, Gracia Alonso de Armiñok jokatutako bi partidak galdu ditu gaur. Goizean, 14-11 garaitu du Txinako selekzioak Espainiakoa. Eta, gauean, 17-11 irabazi diete AEBtako selekzioak. Surfa Azkenean berrekin diete surfeko lehiaketei. Bart lehiatu behar zuen Nadia Erostarbek hirugarren jardunaldiko proba, baina baldintza meteorologikoengatik, azkenean, gaueko bederatzi eta erdietan lehiatu du. Lehiatu eta final-laurdenetarako txartela lortu. Shino Matsuda japoniarra garaitu du. Erostarbek 8.34 puntu eskuratu ditu eta Matsudak, 5.84. Egitarauak bere horretan jarraitzen badu 03:24ean izango du final-laurdenetako proba. Bestetik, surfeko lehiaketek aurrera jarraitzen badute, Jean Duru ere gau honetan saiatuko da finalerdietara sailkatzen (00:24).
Fenix hegaztia errautsetatik piztu da Parisko Bercy Arenan. Halere, pizte horrek, errautsekin baino gehiago, ezaugarri gizatiar batekin du zerikusia: eten bat egiteko beharrarekin. Tokioko Olinpiar Jokoetan, Simone Bilesek ez zuen parte hartu gimnastikako bakarkako proba orokorrean, presioaren eraginez, eta, Jokoen ondotik, bi urtez izan zen lehiatu gabe. Iaz, itzuli eta gutxira Munduko Txapelketa irabazi zuen, baina egiazko arantza, egiazko erredentzioa gaurko proban zegoen, final olinpikoan. Eta fenixak ez du huts egin: guzien aitzinean distira egin du. Faborito nagusiak zaldian hasi dira lehian, Bilesen arerio nagusi Rebeca Andrade brasildarraren indargunean, eta Andradek ez du huts egin, jauzi ia perfektua egin baitu: 15.100 puntu lortu ditu guzira. Bilesek, ordea, exekuzioan ez, baina zailtasunean gainditu egin du, jatorrizko zigilua duen buelta bikoitz ikusgarri batekin (15.766 puntu). Arratsaldeko lehenbiziko goraldia harmailetan. Bigarren txandan barra asimetrikoetara jo dute. Erran ohi da estatubatuarraren puntu ahulena dela —Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketetan gaur arte zakuratu dituen 38 dominatatik bakarra da barretan lortutakoa—, eta arerioak hortik kendu dizkio puntu batzuk. Itxura batean, bazirudien Bilesek gehiago arriskatu duela Andradek baino, eta ikusleen arnasa ere moztu egin da tarte batez, barra txikian oinak ia zorua ukituz igaro dituenean, baina epaileek zailtasunean puntu berberak eman dizkiete biei, eta exekuzioan brasildarrak aitzina hartu dio, bikaina izan baita. Baina ez batak ez bertzeak ez dute puntuazio onena izan ariketan. Kaylia Nemour Aljeria ordezkatzen duen frantziarra izan da haien txandako onena, eta sailkapen nagusian bigarren tokia hartu du, Bilesen aitzinetik. Nemourrek zale anitz izan ditu harmailan. Fenixaren sua Oreka barran piztu da, ordea, fenixaren sua. Exekuzioaren ondotik, ikusleak piztu egin ditu, taldekideak besarkatu ditu irribarrez, eta Andradek berak ere zoriondu du. Pantailan puntuazioa ikusi duenean, ordea, estatubatuarrak ez du imintziorik egin, gehiago esperoko balu bezala: 14.566koa izan du. Andradek, ordea, ariketan oreka galdu du tarte txiki batez, eta ez zaio exekuzio txukuna atera. Horregatik, Biles aitzina hartuta ailegatu da bere proba kuttunera: lurreko ariketara —44.065 puntu zituen estatubatuarrak, eta 43.899 brasildarrak—. Andradek puntuazio ona lortu du, baina huts txiki bat egin du hasieran, eta nahiko argi zegoen Bilesek urrea lotua zuela hanka sartze handirik egin ezean. Eta halaxe gertatu da; musikak eta harmailak lagunduta, kirol proba batena baino gehiago, besta giroko ikuskizun baten itxura hartu du ariketak. Bere elementuan mugitu da Biles, eta ez du hutsik egin: urrea Bilesentzat, zilarra Andraderentzat eta brontzea Sunisa Lee (AEB) Tokioko Jokoetako irabazlearentzat. Fenix, hegazti mitologiko baten izena ez ezik, izarren konstelazio batena ere bada. Izarrek desagertzean egiten omen dute distira gehien, baina Bercy Arenako izarrak bizi-bizirik dagoela egin du distira.
Ausardia, konfiantza eta teknika. Horiek dira Pau Etxaniz piraguistaren ezaugarri nagusiak. Bada, hirurak uztartuz handia egin du Vaires-sur-Marneko kanalean. Finalean, jostorratzarekin eta josteko makinarekin bezain zehaztasun handiarekin aritu da. Horixe baitu bere beste pasioa, piraguismoarekin batera. Abiada bizian gainditu ditu zirkuituko 23 ateak, eta 19. atea jo duen arren, podiumaren hirugarren eskaileran amaitu du, K1 eslalomean. Loria dastatu du 23 urterekin, eta etxera eramango du sari preziatua: domina olinpikoa. Euskal Herriko kirolari batek Parisko Olinpiar Jokoetan lortzen duen lehenbizikoa da. Piraguismoak beste domina bat eman dio Euskal Herriari, azken hiru Olinpiar Jokoetan Maialen Chourrautek lortutakoen ostean. Giovanni De Genaro italiarrak urrea irabazi du (88.22), eta Titouan Castryck bretoiak zilarra (88.42). Finalera ozta-ozta sailkatu ostean, lehen piraguista izan da jaitsiera erabakigarria egiten, eta sekulakoa izan da. Txiki utzi du finalerdietan egin duen denbora. Ausart abiatu da, ohi duen bezala. Bizi nabigatu du, eta konfiantzaz aurre egin dio ate bakoitzari, kayaka dotore gobernatuz, eta dituen gaitasun teknikoak bete-betean erakutsiz. Geraezin aritu da. Pena izan da hemeretzigarren atea jo izana. Baina, hala ere, abiadura bizian igaro ditu azken lau ateak. Denbora ikusgarria izan da: 88.87. Etxanizen denbora denetan onena izan da tarte batez, De Genarok aurre hartu dion arte. Sei piraguista falta ziren jaisteko, tartean Joseph Clarke eta Titouan Castryck faboritoak. Castryckek Etxanizen denbora gainditu du. Ikustekoa zen donostiarraren sufrimendua, baita kanalaren bestaldean zeuden Xabier Etxaniz entrenatzaile eta aitarena, eta Maialen Chourraut eta Miren Lazkano piraguistena. Clarke izan da jaisten azkena, eta trabatu egin da ate batzuetan. Hark helmuga igaro ostean, eromena, malkoak eta txaloak. Kanal osoan entzun dira. «Une oro garbi izan dut zer egin, eta, zorionez, ondo atera da. Jaitsiera ia perfektua izan da: pena da ate bat jo izana. Baina lortu dudana historikoa da» PAU ETXANIZ Piraguista Oroigarria eskuan zuela, eta brontzezko domina lepoan, pozez kabitu ezinda zegoen Etxaniz. Sinesten ahal zuen lortutakoa? Berehala erantzun du, ausart. «Bai, noski, domina hementxe dago. Askotan amestu dut jaitsiera horrekin, eta egin dut». Finalean «oso bizi eta aske» nabaritu du bere burua. «Une oro garbi izan dut zer egin, eta, zorionez, ondo atera da. Jaitsiera ia perfektua izan da: pena da ate bat jo izana. Baina lortu dudana historikoa da». Domina irabazi duela baieztatu arteko denbora «oso luze» egin zaio, kontatu duenez. «Baina banekien denbora ona zela, eta zaila izan arren banituela aukerak dominak lortzeko». Segidan etorri dira eskaintzak. «Hau nire familiarena eta lagunena ere bada, une oro nigan sinetsi dutelako. Irabazteko asmoz irten naiz, eta, hala aterata, arrisku gutxiago duzu galtzeko. Nork bere buruan sinestea da gakoa». Jaitsiera «perfektua» Hunkituta eta oso pozik zegoen Xabier Etxaniz, Pauren aita eta entrenatzailea. «Bihotz handiz jaitsi da, eta gai izan da azken hilabeteetan teknikoki eta mentalki landu dugun hori erakusteko». Jaitsiera «perfektua» izan da. «Plastikoki, teknikoki, fisikoki eta estrategikoki ikusgarria izan da». Aita gisa, «oso harro» zegoen. «Ez bakarrik hau lortu duelako, baizik eta bizitzan pozik ikusten dudalako. Niretzat oso garrantzitsua da hori: bai kirolean bai hartatik kanpo zoriontsu da, eta horrek balio du». «Oso harro nago. Ez bakarrik hau lortu duelako, baizik eta bizitzan pozik ikusten dudalako. Niretzat oso garrantzitsua da hori: bai kirolean bai hartatik kanpo zoriontsu da» XABIER ETXANIZ Piraguismoko entrenatzailea eta Pau Etxanizen aita Etxanizek behetik gora egin du. Izan ere, ozta-ozta sailkatu da finalerdietarako. Ez du jaitsiera txarra egin, baina, espero bezala, maila oso handia izan da: lehian izan diren hogei piraguistetatik hamahiruk 100 segundotik beherako marka egin dute, besteak beste Etxanizek, eta horietatik 11k 95etik beherakoa. Garesti zegoen, beraz, sailkapena, eta Donostiako piraguistak 96.11ko denbora egin du. Marka hobea izango zen bederatzigarren atea jo izan ez balu, horrengatik bi segundoren zigorra jarri baitiote. Azkenean, harentzat izan da finala jokatzeko azken tokia, hamabigarrena. Baina jaitsiera erabakigarrian hirugarren izan da, eta horrek balio du, hori oroituko da.
Laboral Kutxak 134,4 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu lehen seihilekoan, iazko epe berean baino % 22,44 gehiago. Baliabide propioen gaineko errentagarritasuna, berriz, % 11,55ekoa izan da.
Bosgarren lehia eguna dute gaur, asteazkena, Parisko Olinpiar Jokoetan, eta Miren Lazkano da bakarka ariko den euskal kirolari bakarra. Finalerdietarako sailkatu zen atzo, piraguismoko C1 atalean, eta 15:30ean jokatuko du; finalerako sailkatuko balitz, gaur bertan erabakiko da, 17:25ean. Taldekako kiroletan ere lehiatuko dira euskal kirolariak: Imanol Gartziandia eta Kauldi Odriozola izango dira lehiatzen lehenak, eskubaloian (14:00). 17:00etan futbolaren txanda izango da. Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta eta Irene Paredes Brasilen aurka lehiatuko dira. Belar hockeyan 19:45ean ariko dira Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga, Hegoafrikaren aurka. Eta, azkenik, 3×3 saskibaloian elkarren aurka jokatuko dute Gracia Alonso de Armiñok eta Hortense Limouzinek (21:00). Surfean, astearteko jardunaldia atzeratu zuten. Baldintza meteorologikoek baimentzen badute, bihar arituko dira Nadia Erostarbe eta Joan Duru. Euskal Herriko ordu txikietan (02:24) ahaleginduko da Erostarbe final-laurdenetarako txartela lortzen. Duruk bihar arratsaldean izango du final-laurdenetako proba (19:36). Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Eskubaloia Imanol Gartziandia eta Kauldi Odriozola protagonistak izan dira Espainia eta Japoniaren arteko eskubaloi partidan. Espainiak lortu du garaipena, 37-33. Hiru gol egin ditu Gartziandiak eta sei, Odriozolak. Bera izan da Espainiako selekzioan gol gehien egin dituen jokalaria. Sergei Hernandezek ez du jokatu. Partida guztian zehar aurretik ibili da Espainia, baina alde txikiarekin beti. Azkenean lau goleko abantailarekin irabazi du. Piraguismoa Miren Lazkanok hamargarren postuan amaitu du C1 mailako eslalom lehiketa. Finalerako sailkatu da hamargarren denbora onena eginda —hamabi sailkatzen ziren—, eta finalean berriz ere bederatzi izan ditu aurretik. Azken proban finalerdian baino azkarrago osatu du jaitsiera Lazkanok, baina hiru ate jo ditu —finalerdian, bi—. Azkenean, 116.97ko denbora egin du, Jessica Fox irabazleak baino ia hamasei segundo gehiago. Futbola Lucia Garcia, Oihane Hernandez, Elene Lete eta Irene Paredes final-laurdenetarako sailkatu dira. Espainiak 2-0 irabazi dio Brasilgo selekzioari eta multzoko lehen postuan igaro dira final-laurdenetara. Gaur lau euskal herritarretako batek ere ez du jokatu. Multzokako faseko hiru partidak irabazi ditu Espainiak eta urrezko domina irabazteko hautagai sendoa da. Belar hockeya Urrats garrantzitsua eman du Jose Maria Basterraren eta Rafael Villalongaren taldeak. Espainiako selekzioak 3-0 garaitu du Hegoafrika eta final-laurdenetara sailkatzetik gertu dago. 23. minutura arte bi taldeetako bat ere ez du golik egin. Orduan iritsi da Espainiaren lehengoa, Marc reynek sartu du. Basterrak egin du bigarrena, partidaren hirugarren zatian. Eta, azkena, 53. minutuan egin du berriz ere Reynek. 3X3 Saskibaloia Bi euskal herritarrek jokatzen dute 3×3 saskibaloian, eta, gaurkoan, ezinezkoa zen biek irabaztea. Gracia Alonso de Armiñok Espainiako selekzioarekin jokatzen du eta Hortense Limouzinek Frantziakoarekin. Gaur elkarren aurka aritu dira eta Alonso de Armiñoren taldea nagusitu da. 17-12 irabazi dio Espainiak Frantziari.
Jose Antonio Aduriz hizkuntzalari eta ohorezko euskaltzaina hil da. Euskaltzaindiak berak atzo jakinarazi zuen albistea, eta hark egindako lanaren hainbat goraipamen jaso ditu. Aduriz Oiartzunen jaio zen, 1949an, Gipuzkoan. Deustuko Unibertsitatean egin zituen Euskal Filologiako ikasketak. Frantziskotarra eta Jakin taldeko kidea, UZEIn eman zuen lan ibilbidearen zatirik handiena. Euskaltzaindiak nabarmendu dituen goraipamenen artean, Andres Urrutia euskaltzainburuarena dago: «Aduriz ohorezkoaren heriotzaren unean, bi hitz datozkit burura: leialtasuna eta apaltasuna. Asko zor dio Euskaltzaindiak, eta Euskaltzaindiaren Hiztegiak bereziki. Langile fina eta asperrezina zen Jose Antonio, euskal lexikografiaren habe gotorra». Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Euskaltzaindiaren Hiztegiaren arduradunak ere Adurizen ekarpenaren neurria nabarmendu nahi izan du: «Euskaltzaindiaren Hiztegia aurrera eramateko ardura izan zuen euskaltzaina izan zen Aduriz; haren isileko lanari esker gaude gaur gauden tokian». 1991ko urtarrilaren 31n euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta 2018ko apirilaren 27an ohorezko euskaltzain. Batzorde askotan egin zuen lan Euskaltzaindian. Zerrendatu egin ditu erakundeak, Adurizen heriotzaren berri emateko argitaratu dituen oharretan: «Besteak beste, honako hauetan: Lexiko Irizpideen batzordean, Egungo Euskeraren Bilketa Sistematikoaren batzordean, Hiztegi Batuko lantaldean eta Euskaltzaindiaren Hiztegiko lantaldean».
Atzo burumakur amaitu zuen sailkapen proba Miren Lazkano piraguistak, eslalomeko C1 modalitatean, sentipen gazi-gozoekin. Hala aitortu zuen hark, apur bat frustratuta. Baina harro egoteko moduan da Olinpiar Jokoetako estreinakoan egin duen lanarekin. Finalerdietara iritsi, eta bertan jaitsiera on bat egiteko helburua zuen. Hala adierazi zuen lehiatu aurretik. Bada, aise gainditu du erronka hori. Izan ere, finalerako sailkatu da, eta, 116.97ko denborarekin, hamargarren postuan amaitu du onenen arteko lehian. Bi segundora izan du diploma olinpikoa eskuratzeko abagunea. Kirolari batek, dena den, beti nahi du gehiago, ez da konformatzen. Hori da hobetzeko gakoetako bat, eta, proba bukatuta, Lazkano ez zegoen gustura egindako lanarekin. «Uste dut lan hobea egiteko moduan nengoela». Dena den, finalean ondo lehiatu da Lazkano. Sailkapen probako bigarren jaitsieran bezala, ateak jotzeak kondenatu du. Izan ere, atzo lau jo ostean, gaur hiru jo ditu finalean: bigarrena, bosgarrena eta hogeigarrena. Vaires-sur-Marneko kanaleko bigarren ate hori madarikatu bihurtu da Euskal Herriko piraguistentzat. Ate hori ez igarotzeak aldendu zuen Maialen Chourraut laugarren olinpiar dominaren ametsetik. Txapelketa osoan trabatu zitzaion, eta Lazkanok ere ate hori jo du gaurko finalerdietan, baita finalean ere. «Diploma olinpikoa gertu izan dut, eta sentipenak hobeak izan dira, baina uste dut lan hobea egin nezakeela» MIREN LAZKANO Piraguista Gainontzean, finalerdietan baino hobeto jaitsi da finalean. Hamahirugarren eta hamazazpigarren ateen arteko zatia hobeto gainditu du, garbiago, eta nabigazio hobearekin. Hobeto sartu da korrontean, eta egokiago gobernatu du piragua. Horrek konfiantza eman dio azken txanpari begira, eta amaitu ere indartsu egin du, nahiz eta azken-aurreko atea jo duen. Proba amaituta, honela aztertu du bere jarduna: «Egia da diploma olinpikoa gertu izan dudala eta sentipenak atzokoak baino hobeak izan direla, baina finaleko jaitsieraren hasieran ez naiz ondo aritu. Ate bat jo dut, eta beste akats txiki bat egin dut. Hor egon da gakoa. Ziurrenik, hemendik egun batzuetara, balio handiagoa emango diot lortu dudanari, eta gauza onak aterako ditut honetatik ere. Gutxienez, zirkuituaren zatirik zailenean hobeto aritu naiz finalean. Baina pena dut». Jokoetan egoteari eman dio garrantzia: «Bi urte gogor izan ditut, eta gutxik dute hemen egoteko aukera. Esperientzia polita izaten ari da, baina, aldi berean, gogorra». Kayak krosean ere lehiatuko da. «Beste aukera bat da, eta ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara». Bihartik aurrera hori izango du buruan. Finalerdietan ere hamargarren Finalera iristeko, aurrena finalerdiak gainditu behar izan ditu Lazkanok. 116.27ko denbora egin du, eta hamargarren izan da. Hamabi piraguistak egin dute aurrera. Jaitsiera txukuna egin du hor ere, nahiz eta beste bi ate jo dituen: bigarrena eta 22.a. Ondo nabigatu du. Dena den, korronte gehien zegoen zatian zertxobait kateatu da. Lehen zortzi piraguistak irteterako ziurtatuta zeukan, hala ere, finalera pasatzea. Azkenean, K1ean gertatu bezala, Jessica Foxek irabazi du urrea. Elena Lilikek kolkoratu du zilarra, eta Evy Leibfarthek brontzea.