Eusko Jaurlaritza berriko bozeramaile Maria Ubarretxenak hau erantzun zion BERRIAri, lehendakariorde batek euskaraz ez jakitea atzerapausoa ez ote zen galdegin zionean Aitor Biain kazetariak: «Nire ustez denok gara euskaldunak, baina ez denok euskal hiztunak». Esaldi hori hizpide hartuta ekin dio solasari Ibai Iztuetak. Harentzat, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile berriaren esana ez da pasarte anekdotiko bat, «sintomatikoa» eta «sistematikoa» bilakatu litekeen zerbait baizik. Joxe Azurmendi Katedrak 56ko belaunaldiari eskainitako ikastaroaren bigarren saioa izan da gaur Donostian, eta Ibai Iztueta eta Haritz Garmendia aritu dira hizlari Euskal pentsamenduaren ikergaiak: zeri begiratu solasaldian. Ubarretxenaren esaldiak iradoki dion analisiari heldu aurretik, halere, adiskideen artean entzundako eztabaida bat ekarri du Iztuetak. Haren adiskide baten aburuz, erdaraz egindako pentsamendua izan liteke euskal pentsamendua, eta erdal pentsamendurik ere izan liteke euskaraz egina izan arren. Hortaz, galdera bat dator atzetik: nork esan lezakeen erdarazko euskal pentsamendua eta euskarazko erdal pentsamendua zer diren. «Bada, hik», erantzun omen zion beste adiskide batek lehenari. Pasarte horrek zer pentsa ugari eman dio Iztuetari; besteak beste, hizkuntzak mugarri garrantzitsu direlako, haren ustez, pentsamenduak bereizteko: «Euskaraz erdal pentsamendurik dagoenik ez nuke esango, ezta erdaraz euskal pentsamendurik dagoenik ere». Arrazoia praktikoa da Iztuetarentzat: «Hasten baldin bagara euskara azpitalde gisa proiektatzen, euskarazko espresioa azpikultura bilakatuko da automatikoki». Kalitatea Dena den, adiskideen ondoeza justifikatua iruditzen zaio Iztuetari; izan ere, euskaraz egiten den guztiak ez baitu berdin balio: «Euskaraz ere, alemanez bezala, badira pentsamendu ona eta pentsamendu txarra». Haren ustez, ezin baita kalitatezko lanik egin aurrekoek zer esan duten jakin gabe, eta genealogiarik, fundamentuzko kritikarik eta kontzeptu propiorik landu gabe edo besteen marko teorikoak akritikoki inportatuz. Pentsamendu txarrak «oso etxekalte» izan litezkeela iritzi dio, autoritateei eragiten dielako horrek: «Nork esan dezake ona edo txarra zer den, hik? Ez, hik ez: guk». Baieztapen horrek autoritatearen eta autoritarismoaren arteko bereizketara eraman du hizlaria: «Autoritatea irabazi egiten da, eta kolektiboa da. Kalitatearekin du zerikusia, eta landu egiten da. Autoritateak hutsik uzten duen tokian autoritarismoa nagusitzen da, eta horri lotuta, sumisioa. Hortik erreprodukzioa dator». «Autoritatea irabazi egiten da, eta kolektiboa da. Kalitatearekin du zerikusia, eta landu egiten da. Autoritateak hutsik uzten duen tokian autoritarismoa nagusitzen da, eta horri lotuta, sumisioa» IBAI IZTUETA Ikerlaria Ubarretxenaren esaldira itzulita, «sukurtsalismoaren bidez aplikatutako biolentzia epistemiko naturalizatua» ageri dela esan du Iztuetak, eta interferentzia ere ikusi du: «Euskaraz euskal herritar, euskal hiritar eta euskaltzale hitzak baditugun arren, hark erdaraz pentsatutako vasco hitza dauka gogoan». Bide horretarik «desautorizazioa» eta «desjabetzea» besterik ez dago, Iztuetaren aburuz: «Inklusioaren izenean egiten dela esaten da, baina hemen asimilazioa dago, euskaldun hitza denontzat erabiliz gero, euskal hiztunen taldea izenik gabe uzten delako, eta izenik ez duenari izana ukatzen zaiolako». Hiztun komunitate bati ez ezik, nazio bati ere egiten zaio desjabetzea, azpimarratu duenez. Euskal pentsamendua Joan Mari Torrealdaik jada 1969an formulatu zuen galdera bati heldu dio Haritz Garmendia ikerlariak: «Bada euskal pentsamendu garaikiderik?». Urte haietan, literatura, aldizkari berriak, ikastolen sorrera eta alfabetatze kanpainak martxan jarririk, berrikuntza ikusi zuen Torrealdaik, eta berrikuntza horren motor gisa euskal pentsamenduaren hipotesia formulatu zuen. Haren bidez, kultur plangintza bat egituratu nahi zuen Torrealdaik, «bat-batekotasun horrek luzarora heriotzara eraman zezakeelako euskara», Garmendiaren hitzetan. Torrealdaik garaiko idazleen artean egindako inkestatik abiatuta, euskal pentsamendurik ez dela erantzun ziotenak piztu diote interesa Garmendiari: «Batzuek zioten pentsamendua indibiduala dela eta nazionalik ez dela. Baina beste batzuen ustez, ez dago euskal pentsamendurik ez delako landu». Beraz, euskal pentsamendura kultura zapaldu baten ikuspegitik hurbiltzea zen gakoa Torrealdairentzat, eta, horrenbestez, mundu unibertsalaren eta euskal munduaren dikotomia ikusi zuen ondorio gisa. Ikastolak, alfabetatze kanpainak eta euskara hauspotzeko gainontzeko mugimenduak sortu zituen berrikuntza, hain zuzen ere, «dikotomia hori apurtu eta beste gizatasun bat aldarrikatu izana» da, Garmendiak dioenez. Gizatasun hori, ordea, ez dago legitimatuta. «Espainiako eta Frantziako gizatasun modernoak ez diolako tokirik uzten, eta 56ko belaunaldiak hain zuzen horregatik pairatu zuen horrenbesteko biolentzia». «Euskal esperientziak hautemateko eta euskal pentsamendutik argitara emateko gaitasuna galtzen ari gara» HARITZ GARMENDIA Ikerlaria Gizatasun bat legitimatzeaz gainera, ekosistema bat eratzea izan du helburu kultur proiektuak, baina habitata desagertzen ari dela azpimarratu du Garmendiak, eta horren erruz pentsatzeko, sentitzeko, eta egoteko moduaren asimilazioa gertatzen ari da euskal nortasunaren barruan: «Euskal esperientziak hautemateko eta euskal pentsamendutik argitara emateko gaitasuna galtzen ari gara». Horren harira, euskal pentsamendu dekoloniala sortu eta jabekuntza epistemiko bat garatu beharra azpimarratu du, eta horretarako, euskara batua, ikastolak, literatura eta gainontzeko berrikuntzak nola dauden ikusi beharko litzateke. Torrealdairen galderari buelta ematea proposatu du: «Berrikuntzaren atzean zer sumatzen zen galdetu zuen hark, eta euskal pentsamendua ikusi. Berrikuntza horren kimatze eta deslegitimatze horren atzean zer dagoen galdetuko nuke nik».
Euskal Herriko bi piraguista lehenbiziko aldiz lehiatu dira Olinpiar Jokoetan: C1ean Miren Lazkano eta K1ean Pau Etxaniz. Estreinakoa «gazi-gozoa» izan da Lazkanorentzat, eta «oso pozik» bukatu du Etxanizek. Vaires-sur-Marneko kanaleko segadei eta bero itogarriari buru egin behar izan diote, baina biek ala biek lortu dute helburua: finalerdietarako sailkatzea. Bihar lehiatuko da Lazkano, eta, etzi Etxaniz. C1ean Gabriela Satkova txekiarrak irabazi du sailkatze saioa, 99.44ko denborarekin, eta K1ean Titouan Castryck bretoiak (80.09). Alena Marx suitzarraren gibeletik atera da Lazkano, zortzigarren tokian. Denbora txukuna egin du, ordura arteko zortzietan onena: 109.49. 11. atea jo du, eta bi segundoko zigorra ezarri diote horregatik. Hamahirugarren atearen eta hemezortzigarrenaren artekoan zegoen jaitsierako tarterik konplikatuena; kostata, baina ongi burutu du lau ate eta bi erremonteko puska. Hamaseigarren atetik hamazazpigarren erremonterako olatua hartzeko zailtasunak izan ditu, bertze hainbatek bezala, baina azken buruan ongi bete du lana. Ikusleen artean ordura arteko harrabots handiena sortu du helmugan, denborarik onena ezarri baitu. Hamabigarren atera den palistak, Klaudia Zwolinskak, gainditu du Lazkanoren denbora. Azkenean, lehenbiziko txandan 21etik hamargarren. Lan ona. «Nik uste nire maila beste bat dela, ez gaur erakutsi dudana. Sekulako frustrazioa sentitu dut, gehiago nahi bainuen» MIREN LAZKANO Priaguista Bigarren txanda, ordea, ez du lehenbizikoa bezain ongi egin. Jaitsiera bizkorra egin du (105.60) baina zigor gehiegi pilatu ditu, eta 113.60ra igo zaio azken emaitza. Atera eta gutxira egin ditu lehenbiziko hutsak, eta jaitsiera baldintzatu dio horrek. Dena den, 21etik hamabortzgarren tokian bukatuta, gutxieneko langa gainditu du. «Nik uste nire maila beste bat dela, ez gaur erakutsi dudana», adierazi du proba bukatu ondotik. «Sekulako frustrazioa sentitu dut, gehiago nahi bainuen». Lehenbiziko txandarekin, oro har, gustura bukatu du; horregatik, bigarrena hastean «lasaiago-edo» ikusi du bere burua, baina ez du nahi bezalako bukaera izan. «Bihar hobeki aritzea gustatuko litzaidake». Etxaniz: «Oso eroso aritu naiz» K1ean, berriz, Pau Etxanizek estreinako ezin hobea izan du. Bare-bare ekin die lehenbiziko oztopoei, eta erdiguneko zonako jauzia eta olatua ere egoki hartzea lortu du. Denbora onarekin ekin dio bukaerako bideari, baina han egin du huts bakarra, 22. atean; bi segundoko zigorra ezarri diote. Jaisten hamargarrena izan da, eta denborarik onenetan bigarrena ezarri du, Pedro Gonçalves brasildarraren gibeletik: 87.84. Bederatzigarren denborarik onena egin du azkenean. Bigarren txandari hainbesteko presiorik gabe ekin dio, baina bare-bare jaitsi da horretan ere. 24tik hamabigarren bukatu du azkenean, helburua aise beteta. «Gehiagorako gogoz» bukatu du eguna: «Oso eroso aritu naiz. Denbora asko egin dut buruz Jokoak prestatzen. Buruan mila aldiz egin dut lehiaketa hau, eta seguru nekien zer egin behar nuen». Finalerdietarako zirkuitu zailagoa eginen dutela kontatu du Etxanizek, baina gogotsu dago: «Berdin egin behar dugu arraunean, disfrutatu, eta ea zer ateratzen den».
ERCko zuzendaritzak Illa presidente egiteko akordioa hitzartu du sozialistekin. Itun hori «positiboa» iruditzen zaio Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Kataluniako herritarrei aukera ematen dielako «autogobernuaren arloan aurrera egiteko». Horri dagokionez, erran du atzo «kontzertu ekonomiko» izendatu dutela, baina ez dakiela «marko hori homologagarria den kontzertu ekonomikoarekin edo Nafarroako hitzarmenarekin», kasu horiek «oso zehatzak» direlako, eta, gainera, «konstituzioan aitortutakoak». Halere, uste du akordioak modua ematen duela «Katalunia orain arte eskatzen ari zen bidean aurrera egiteko». Kataluniako kontzertu ekonomikoa «solidario» gisa ere aurkeztu dute, eta, horri lotuta, lerro artean galdetu diote EAEren ekarpen faltaz. Argi erantzun du, eta baieztatu «solidarioa» dela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontzertu ekonomikoa ere. Espainiari ekarpena egiten diola zehaztu du: «80ko hamarkadaz geroztik adostuta dagoen 6,24aren arabera dagokigun zati proportzionalean, zeina, gainera, Euskadiko biztanleriaren pisua baino handiagoa eta Euskadiko BPGak Espainia osoan duen pisua baino handiagoa den». Nafarroatik, berriz, balorazio gutxi iritsi da: Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak erran du ez duela akordioaren xehetasunen berri, eta, hortaz, ez duela inongo baloraziorik eginen. Ordea, gehitu du Nafarroako sistema «solidarioa» dela, eta Espainiari ekarpenak egiten dizkiola. «Guk Hitzarmen Ekonomikoaren lege bat dugu, Konstituzioan jasoa, eta bertan gauzak alde bietatik negoziatzen dira Espainiako Estatuarekin, eta horrela egiten jarraituko dugu».
413,2 milioi euroko isuna ezarri diote Booking enpresari, nagusitasun jarrera izatea egotzita. Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) inoiz jarri duen isunik handiena da.
KPIa % 2,8an kokatu da uztailean, sei hamarren behera eginda, argindarraren eta elikagaien merkatzea tarteko. Bestalde, azpiko inflazioa bi hamarren jaitsi da uztailean, % 2,8raino.
Hirugarren eguna du lehiaketa olinpiarrak, eta gaur, astelehena, euskal kirolariek ez dute apenas parte hartzerik izango. Sebastien Guerrero estreinatuko da: 09:00etan du hitzordua, tiro olinpikoan, hobi olinpikoko kategorian. Surfean, berriz, Joan Duruk jokatuko du gauean, 20:48 aldera, eta Nadia Erostarbe bihar goizaldean lehiatuko da, Euskal Herrian 02:12 inguru direnean. Eskubaloian, berriz, Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola Espainiako selekzioarekin arituko dira, Suediaren aurka, 16:00etan. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Surfa Joan Duru surflari baionarra final-laurdenetan arituko da. Epaileek bederatzi puntu baino gehiago eman dizkiote hartu dituen olatuetatik bitan. Horrela, 18.13ko puntuazioa lortuta, Alan Cleland mexikarra gainditu du —15.17—. Bihar, 19:36an jokatuko du final-laurdenetako proba. Finalerdietara sailkatzeko Kauli Vaast garaitu beharko du bere etxean. Tahitikoa (Polinesia Frantsesa) da Vaast eta bertan ari dira lehiatzen aurtengo olinpiar Jokoetako surfeko probak. Bestetik, Janire Gonzalez eta Andy Criere lehiaketatik kanpo gelditu ziren bart. Larunbatean ekin zioten lehiari, eta lehen txandan kanpoan gelditu ziren, eta atzo, bigarren jardunaldian, ez zuten lortu aurrera egiteko behar adina puntu. Nadia Erostarbek lehiaketan jarraitzen du: gauerditik aurrera izango du bere proba. Tiroa Sebastien Guerrerok oso zaila du hobi olinpikoan finalean aritzea. Baionarrak lehen hiru txandak jokatu ditu gaur, eta 70 puntu lortu ditu 75etik. Lehen seiak sailkatuko dira, eta 73 ditu seigarrenak; alde handia da hori. Guerrero bihar ariko da azken bi txandetan (09:00). Finalerako sailkatuko balitz, 15:30ean lehiatuko litzateke. Eskubaloia Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola ari dira Espainiako selekzioan, eta galdu egin dute gaur ligaxkako bigarren partidan: 29-26 Suediaren aurka. Gartziandiak gol bat sartu du, Odriozolak batere ez, eta Hernandez ez da sartu deialdian.
3 urteko ume bat igerileku batera erori da gaur 14:00ak baino pixka bat lehenago, Tarnoseko etxe batean (Landak, Okzitania). Ia ito egin da. Istripuaren lekuko batek lortu du bihotza eta birikak geldirik zituen umea suspertzea. Larrialdi zerbitzuak eta Baionako suhiltzaileak joan dira istripuaren lekura, eta haurra hil ala biziko egoeran eraman dute Baionako ospitalera. Gero, familiak hala eskatuta, Donostiakora eraman dute, Sud Ouest egunkariak zehaztu duenez. Familia oporrak pasatzen ari zen Tarnosen.
Maiatzeko hauteskundeen emaitzek agerian utzi zuten Kataluniako Gobernuan aldaketa bat egongo zela —edo hauteskundeak berriz egingo zirela—. Indar subiranistek gehiengoa galdu, eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eskuratu zuen. Horiek horrela, PSCko hautagai Salvador Illa zen faboritoa ERC Esquerra Republicanako Pere Aragonesen lekua hartu eta Kataluniako presidente bihurtzeko. Horretarako, baina, Aragonesen alderdiaren babesa behar du; gaur, azken-aurreko urratsa egin du hori erdiesteko: ERCko zuzendaritzak Illa presidente egiteko akordioa hitzartu du sozialistekin. Pausoa garrantzitsua den arren, ez da behin betikoa. Izan ere, erabakia oraindik ez da loteslea. Aurreakordioa akordio bihurtu eta PSCri Generalitateko giltzak emateko, indar subiranistaren oinarriek onartu behar dute lehenengo. Alderdiko 8.700 kideek ostiralean bozkatuko dute aurreakordioari baiezkoa eman eta Illa izendatu, edo ezezkoaren alde egin. Azken hori gertatuko balitz, negoziazioak «bukatutzat» emango dituztela nabarmendu du alderdi subiranistaren bozeramaile Raquel Sansek. Eta zuzendaritzak oniritzia eman arren, ERC barruan denak ez daude alde. Espainiako Parlamentuko diputatu Pilar Vallugera, esaterako, Illa presidente egitearen aurka agertu da gaur, akordioa ezagutarazi aurretik. Hainbat hedabidek azken egunetan argitaratu dutenaren arabera —bi alderdien iturriak aipatuta—, ERCk «subiranotasun nazionala» deritzonean zegoen negoziazioaren muina. Hau da, orain arte Espainiako Estatuak biltzen zituen zergak Kataluniako Generalitateak biltzea. Sansek aurreakordioaren berri ematean azaldu duenez, Kataluniarako «kontzertu ekonomiko solidario bat» sortzea da Illa presidente egiteko hitzarmenaren ardatzetako bat. Sansek gaur egindako agerraldian xehetasunik azaldu ez duen arren, azken egunetan argitaratutakoaren arabera ERCk nahi duen zerga sistema horretan garrantzi berezia izango luke PPEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak, hori bildu eta kudeatzeko eskumena Bartzelonak izango bailuke (13.000 milioi euro inguru). EAE Euskal Autonomia Erkidegoan dagoenaren antzeko sistema bat ezartzea zen subiranisten planteamendua, baina PSC —eta PSOE Espainiako Alderdi Sozialista, batez ere— ez da inoiz bat etorri ideia horrekin. Are gehiago, Espainiako presidenteorde Maria Jesus Monterok zalantza oro uxatu nahi izan du behin baino gehiagotan: «Katalunian ez da kontzertu ekonomikorik egongo». Beraz, ikusteko dago nolakoa izango den aurreakordioan hitzartutako «kontzertu ekonomiko solidarioa» baldin eta Espainiako Gobernuak ez badu asmorik halakorik onartzeko. Lau ardatz Azken egunetan aurreakordioaren alderdi ekonomikoak bereganatu duen arren titular gehien, gaur hitzartutakoak lau ardatz nagusi dituela adierazi du Sansek. «Katalanaren aldeko apustua» egitea aurreikusten du: «Hizkuntzarik gabe ez dago naziorik». Beste bi oinarriak hauek dira: gatazka politikoa konpontzeari dagokiona eta gizarte gaiekin lotura estuagoa duena. Aurreakordioaren xehetasunak oinarrien esku jarriko dituztela adierazi du Sansek. Aurreakordioak oinarrien oniritzia lortuz gero, abuztuko aurreneko bi asteetan egingo dute inbestidura saioa. Hala adierazi izan dute egunotan, behintzat, Kataluniako zenbait hedabidek. Horiek horrela, eta alderdi subiranistaren eta sozialisten arteko akordioa gertu egon zitekeela jakinda, herenegun Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek —Espainiako Auzitegi Gorenak amnistia legea saihesten ari da, eta, hortaz, oraindik atxilotu dezakete— adierazi zuen inbestidura saioa egiten bada erbestetik itzuli eta Bartzelonan egongo dela.