Patronalak eta sindikatuek, ELAk izan ezik, Bizkaiko esku-hartze sozialerako hitzarmena sinatu dute. CCOOk, LABek, ESK-k eta UGTk hitzartutakoak % 24ko soldata igoera eta lanaldiaren murrizeta ekarriko du.
Europak arrazoia eman dio, hortaz, UGTri, eta bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina ez dela disuasiozkoa eta ez duela langilea babesten ondorioztatu du. Espainiako Exekutiboarentzat irizpena loteslea ez bada ere, ate garrantzitsua irekitzen du epaileek norabide horretan erabakiak har ditzaten.
Finalean egotearekin konformatu behar. Azken hiru Olinpiar Jokoetan domina lortu eta gero, Maialen Chourrautek ez du balentria hori errepikatuko Parisen. Ez, behintzat, eslalomean. Finalera ozta-ozta sailkatu ostean, jaitsiera erabakigarrian indartsu hasi da, baina berriro ere bigarren atea trabatu zaio. Atzokoan ate hori bera jo zuen bigarren jaitsieran, eta bi segundoren zigorra jaso zuen. Oraingo honetan, ez du ate hori pasatu, eta zigorra handiagoa izan da: 50 segundokoa. Jaitsiera hasi bezain laster zapuztu zaio, beraz, domina lortzeko aukera. Gainera, bidean beste ate bat ere jo du, zortzigarrena, eta beste bi segundorekin zigortu dute. Azkenean 157.67 izan da haren denbora, eta urruti geratu da dominengandik, azkena izan baita finalean. Baina amaieran zaleen aldetik jasotako txaloek agerian utzi dute Chourraut txapeldun handi bat dela. Hiru olinpiar dominak ditu, eta gaurkoarekin laugarren finala zuen jarraian Olinpiar Joko batzuetan. Gutxiren esku dago halako zerbait lortzea. Halaber, oraindik ere bizirik dirau laugarren domina olinpikoa lortzeko ametsak. Izan ere, kayak kross modalitatean ere lehiatutako da. Hain zuzen ere, horixe izan da Chourrauten beste motibazioetako da Jokoetan egoteko. Amaieran hausnarketa hau egin du Chourrautek egin duen lanaz. «Berriro ere jaitsieraz-jaitsiera joan nahi izan dut. Baina beste behin bigarren atea trabatu egin zait. Egia esan, ez da ate konplikatua, baina gurutzatu egin zait. Ez bakarrik lehiaketan, entrenamenduetan ere hala izaten zen. Horri buelta emango niola uste nuen, baina ez da posible izan. Bizkor joatekoa gustatzen zait, eta ez dut lortu. Ezin izan dut nire onena eman. Pena da, baina kirola horrelakoa da». Azken egunetan esana zuen, domina lortzen ez bazuen ere, ondo lehiatuz gero gustura itzuliko zela etxera. Baina bi egun hauetan ez du lortu. «Ez zen ate konplikatua, baina trabatu egin zait; ez bakarrik lehiaketan, baita entrenamenduetan ere. Pena da, baina kirola horrelakoa da» MAIALEN CHOURRAUT Piraguista Eskertuta mintzatu da, amaieran zaleen aldetik jaso duen babesarengatik. «Oso harro nago piraguismoaren familiako parte izateagatik, eta halako ikuskizuna eman duten kirolari batzuekin buruz buru lehiatzeagatik». Euskal Herrian haren jarduna jarraitzen aritu direnak ere izan ditu gogoan: «Batez ere urte hauetan guztietan hor egoteagatik, eta nik hainbeste maite dudan kirola, piraguismoa, jarraitzeagatik». Orain, atseden hartu, eta kayak krossa prestatzeari ekingo dio. Aurreikuspenak betez, Jesicca Fox australiarrak zintzilikatu du urrea (96.08); Klaudia Zwolinska poloniarrak eskuratu du zilarra (97.53), eta Kimberley Woods britaniarrak brontzea. (98.94) Bada datu azpimarragarri bat, Tokion urrea eskuratu zuen Ricarda Funkek, Chourrautek bezala, ez du ate bat gainditu. Kasu honetan hogeigarrena izan da, eta azken aurrekoa izan da finalean. Finalera ozta-ozta Ibilbide osoa izan da korapilatsua, atzo ere ez baitzen fin ibili Chourraut. Berak aitortu zuen bi jaitsieretan ez zela onenean aritu, eta artista puntu bat ateratzea falta izan zitzaiola. Hamahirugarren sailkatu zen, 96.33ko denborarekin, Foxengandik 4 segundora. Gaurkoan ere zirkuitu zaila egokitu zaie piraguistei, eta oraingoan ere trabatuta ibili dira asko, batez ere hamalaugarren atetik aurrera. Chourraut hamaikagarren sailkatu da finalerdietan, eta hamabi sailkatzen ziren. 106.21eko denbora egin du. Kasu honetan ere bigarren atea gainditzeko arazoak izan ditu, eta erdialdean ondo nabigatu duen arren, amaieran berriro ere kontrakarrean aritu da. Erdialde horretan egin du Chourrautek lanik onena. Baina atzetik zetozen hiru piraguistak huts egitea behar zuen finalean egoteko. Hala izan da. Finalerdien amaieran Chourrauten entrenatzaileak berak, Xabier Etxanizek, onartu du zirkuituaren konplexutasuna. «Baina Maialen lehiatzera eta jolastera irtengo da, beti egiten duen moduan. Final batean edozer gauza gerta daiteke». Ahalegindu da, baina ez da posible izan.
Gaurkoan ere konpetizio eguna da zenbait euskal herritarrentzat Parisen. Bart jokatu ziren surfeko lehen kanporaketak, judoan lehiaketatik kanpo geratu da Ariane Toro, eta waterpoloan irabazi egin du Alberto Munarrizek. Arratsaldean laugarren domina olinpikoa lortu nahi du Maialen Chourrautek, eta jokoan ariko dira futboleko eta eskubaloiko emakumezkoak ere. Surfa Larunbat gauak albiste onak eta ez horren onak utzi ditu Olinpiar Jokoetan dabiltzan euskal surflarientzat. Nadia Erostarbe eta Joan Duru euren txandako onenak izan dira, eta zuzenean lortu dute hirugarrenerako sailkatzea. Janire Gonzalez Etxabarrik eta Andy Crierek, ordea, bigarren aukera baliatu beharko dute txapelketan segitzeko. Teahupo’oko (Tahiti) olatu ospetsuan ari dira lehiatzen, Polinesia Frantsesean, eta horregatik aritu dira horren ordu arraroetan. Erostarbe zarauztarrak aurreikuspenak bete, eta aise gainditu ditu aurkariak. Bere bi olatuen artean 13.83 puntu lortu ditu. Zeelanda Berriko Saffi Vettek, berriz, 7.50, eta Txinako Yang Siqik 5.40. Duru baionarrak, berriz, larri-larri lortu du lehen postua. 13.84 puntu eskuratu ditu, eta 13.36 Jack Robinson australiarrak. Astearte gauean lehiatuko dira berriro bi euskaldunak. Hirugarren txandatik aurrera buruz burukoak izango dira kanporaketa guztiak, 25-40 minutu artekoak itsasoaren baldintzen arabera. Gonzalez Etxabarrik aurkari gogorra izan du parean lehen txandan: etxean lehiatzen ari den Vahine Fierro, urrezko domina lortzeko faboritoetako bat. Hirugarren amaitu du zumaiarrak, eta bigarren aukeran saiatu beharko du berriro. Antzekoa gertatu zaio Andy Criereri: munduko txapeldun den John John Florencen aurka aritu da, eta hirugarren amaitu du txandan. Judoa Judoan, gaur ekin dio lehiari Ariane Toro nafarrak, baina nahi baino azkarrago amaitu du bere ibilbidea. Goizean jokatu du Mongoliako Lkhagvasurenen aurka final hamaseirenetan, baina immobilizazioagatik galdu du 52 kiloz azpiko mailan. Waterpoloa Waterpoloan, lehen garaipena erdietsi du Alberto Munarrizen Espainiak. 9-5 irabazi diote Australiari. Eslalom piraguismoa Euskal kirolari nabarmenduenetako bat, Maialen Chourraut, gaur alehiatuko da. K1 eslalomeko sailkapen proba gainditu zuen atzo, finalaurrekoa ere bai gaur goizean, baina finalean berehala egin dio alde laugarren domina olinpikoa lortzeko aukerak. Jaitsiera erabakigarrian 52 segundoko zigorra jaso du ate bat igaro ez duelako, eta beste bat jo duelako. Datorren asteburutik aurrera beste aukera bat izango du domina lortzeko, kayak krossean. Eskubaloia eta futbola 19:00etan ariko dira gainontzeko euskal ordezkariak. Eskubaloian, Maitane Etxeberriak eta Lysa Tchaptchetek Angolaren aurka jokatuko dute, eta futbolean Nigeriaren aurka Lucia Garciak, Oihane Hernandezen, Elene Letek eta Irene Paredesek. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke.
Parisko Sena ibaian ehun urte baino gehiagoan izan zen indarrean uretan sartzeko debekua, eta herriko etxeak 1.400 milioi euro gastatu ditu urak arazteko lanetan; bertzeak bertze, iragan maiatzean ur biltegi handi bat ireki zuten euriak eragindako ur soberakina bildu eta ibaiaren bakterio kopuruari neurrian eutsi ahal izateko. Bada, triatloko lehenbiziko proba egin baino bi egun lehenago egitekoak ziren entrenamenduak bertan behera utzi dituzte uraren kalitate eskasagatik. Munduko Triatloiak (nazioarteko federazioak) ohar batean adierazi duenez, federazioak Frantziako hainbat erakunde publikorekin batera erabaki du gaur goizean egitekoak ziren entrenamendu saioak bertan behera uztea —zirkuitoa ezagutzeko saioak ziren—, uraren kalitatea neurtzeko emaitzek erakutsi dutelako ez daudela «behar adinako bermeak ekitaldia egin ahal izateko». Olinpiar Jokoen antolakuntzak ere bileran parte hartu duela zehaztu dute oharrean. Dena den, etzi proba egiteko asmoari eutsi diote. Izan ere, aitzineko egunetako euriteen ondotik, eguraldi iragarpenen arabera egun beroak eta idorrak izanen dira hurrengoak Parisen. «Paris 2024k eta Munduko Triatloiak konfiantza dute uraren kalitatea bere onera itzuliko dela triatloi lehiaketa hasi aitzinetik», adierazi dute Munduko Triatloiko ordezkariek ohar batean. «Uztailean ikusi denez, udako baldintzekin (eguzki argi gehiago, tenperatura altuagoak eta euririk egin gabeko denbora tarte luzeak) Senako uraren kalitatea dezente hobetu da». Hari batetik zintzilik dago, hortaz, proba. E.coli bakterioa eta hark sor ditzakeen infekzioak dira kezka iturri, eta egunero neurtzen dute haren tasa zenbatekoa den uretan. Anne Hidalgo hiriko auzapeza, Marc Guillaume Parisko prefeta eta Tony Estanguet Jokoen antolakuntzako presidentea Sena ibaian sartu ziren joan den hilaren 17an, uraren kalitatea igeriketa probak egiteko bezain ona zela erakusteko. Hala ere, Parisko Urak herenegun argitaratu zituen emaitzen arabera, Hidalgo eta bertze kargudunak bainatu ziren egunean E.coli kopurua igeriketa baimendu ahal izateko baino handiagoa zen —100 mililitroko 900 kolonia unitateren gainetik, Europako Batasunak ezarritako langa—. Nazioarteko hainbat hedabidek argitaratu dutenez, astearterako uraren kalitatea egokia ez bada, proba gibelatu eginen dute antolatzaileek ura bere onera etorri arte, edo, bertzela, Paristik kanpo egitea edo triatloia biatloi bihurtzea ere izan daitezke alternatibak. Hala ere, ofizialki ez dute jakinarazi zer eginen luketen kasu horretan. Alexandre III.a zubian, normal lanean Alexandre III.a zubian hasi eta bukatuko da proba, eta gaur langileak normal ari dira lanean, eremuari azken ukituak ematen. Senaren bi hegiak lotzen dituen zubirik ikusgarrienetakoa da, eta gune olinpiko handi bat eratu dute haren inguruan. Hango prentsa bulegoan ere ez zuten etzirako plan aldaketaren baten inolako berririk: entrenamendu saioa bertan behera utzi dutela, bertzerik ez. Alexandre III.a zubian triatloiko eta igeriketako proba luzerako eraiki duten harmaila, gaur eguerdian. MIKEL RODRIGUEZ
Inaugurazio ekitaldia eginda, euskal kirolariak bete-betean hasi dira lehian, eta gaur lortu dituzten emaitzak laburtzen ditu berri honek. Surfean ere estreinatuko dira euskal kirolariak: Andy Crierek eta Joan Duruk Euskal Herriko 19:00ak aldera hasiko dute lehen jardunaldia, eta Nadia Erostarbek eta Janire Gonzalezek gauerdi aldera. Kirol proba guztien eta euskal kirolarien egutegi eta ordutegi zehatza kontsultatzeko, egutegi interaktibo bat prestatu du BERRIAk, hemen. Olinpiar Jokoetako informazio guztia ere biltzen da webgune berezi horretan bertan, eta BERRIAko kazetariek Paristik bertatik idatzitako kronikak eta bideoak ere ikus litezke. Arrauna Virginia Diaz sailkatzeko lehian aritu da scull modalitatean, eta erronka gainditu du. Vaires-sur-Marneko probalekuan, bere taldean bigarren egin du Diazek, 7.37.30 denborarekin. Tara Rigney australiarra izan da lehena (7:30.71). Beraz, zuzenean pasatu da Diaz final-laurdenetara. Sailkapena sei taldetan jokatu dute. Piraguismoa Maialen Chourraut finalerdietarako sailkatu da ur bizietako piraguismoko K1 mailan. Hala ere, espero baino apalago aritu da, eta deseroso. Lehen jaitsieran, hamazazpigarren postuan sailkatu da 25 piraguisten artean. Bigarrengoan, berriz, hobeto aritu da, eta 11. izan da. Bi saioetako denborak kontuan hartuta, hamahirugarren postuan sailkatu da. Oso urrun izan ditu faboritoak. Adibidez, Jessica Fox australiarrak egin du denborarik onena, eta hura baino lau segundo pasatxo mantsoago aritu da lasartearra. Finalerdietan ariko da bihar, 15:30ean, eta finalerako sailkatuko balitz, 17:45ean lehiatuko litzateke. Gora egin beharko du aurrean ibili nahi badu. Txirrindularitza Txirrindularitzako lehen lasterketak lehiatu dituzte gaur, erlojuaren aurkako probak. Bertan hartu du parte Oier Lazkano gasteiztarrak. Euriak baldintzatu du lehiaketa, eta eroriko asko izan dira gizonezkoen zein emakumezkoen lasterketetan. Lazkano ere jaustear izan da azken bihurgunean, baina bizikleta gainean mantentzea lortu du. Azkenean, 26. postuan amaitu du, irabazlearengandik bi minutu eta 56 segundora. Remco Evenepoelek irabazi du gizonezkoen proba, eta Grace Brownek, emakumezkoena. Boxeoa Oier Ibarretxe gogotsu iritsi da Olinpiar Jokoetara, 63,5 kilorainokoen kategorian emaitza handi bat lortzeko asmotan, baina lehen saioan kanporatu dute. Gauean jokatu du final-hamaseirenetako borroka, Bazarbay Uulu Mukhammedsabyr kazakhstandarraren kontra, eta puntuetan galdu du. Eta puntuetan lehia estua izan duten arren, epaiak ez du zalantzarik: bost epaileek eman dute Mukhammedsaby aurretik, eta 5-0 galdu du. Eskubaloia Imanol Gartziandia, Sergei Hernandez eta Kauldi Odriozola ari dira Espainiako Selekzioan, eta lehenengo garaipena lortu dute gaur goizean, Esloveniaren aurka. 25-22 irabazi dute, eta ez da erraza izan, atsedenaldian hiru golez galtzen ari zirelako (8-11). Belar hockeya Jose Maria Basterra eta Rafael Villalonga ari dira jokatzen Espainiako selekzioarekin, eta partida zuten gaur Erresuma Batuaren aurka. 4-0 galdu du Basterra eta Villalongarenak. Basterrak bi jaurtiketa argi egin ditu lehenengo zatian. Saskibaloia Dario Brizuela eta Xabier Lopez-Arostegi ari dira jokatzen Espainiarekin, eta partida zuten gaur Australiaren aurka. 92-80 galdu du Brizuela eta Lopez-Arostegirenak. Brizuelak bi puntu sartu ditu, eta Lopez-Arostegik, beste bi. Futbola Aimar Oroz, Jon Pacheco eta Beñat Turrientes ari dira jokatzen Espainiarekin, eta Nowend Lorenzo, Dominikar Errepublikarekin —Ibai Gomez da hautatzailea—. Elkarren aurka jokatu dute gaur, eta Espainiak 1-3 irabazi du. Horri esker, final-laurdenetarako sailkatu da. Aimar Orozek partida osoa jokatu du; Nowend Lorenzok, bigarren zatia; Pachecok, 24 minutu; eta Turrientesek, hamahiru.
Kirolari batek, garaipen handi bat lortzeko, mugarri batzuk gainditu behar ditu bidean. Askotan, lehen urratsa egitea izaten da zailena, batez ere jende guztiak uste eta espero badu egin egingo duela. Gehienek espero zuten Maialen Chourraut piraguistak K1 eslalomeko sailkapen proba gainditu eta bihar laugarren domina olinpikoa lortzeko borroka egitea. Sailkapen proban distirarik egin gabe, baina lortu du. 2016an Rioko Jokoetan gertatu bezala, bigarren jaitsieran ziurtatu du sailkapena, lehenengoan ez baita fin aritu: hamazazpigarren amaitu du. Hobeto aritu da bigarren jaitsieran, eta, azkenean, hamahirugarren izan da sailkapen proban, baina bere onenetik urrun, halere. Brasilen urrea kolkoratu zuen antzeko egoera batean, eta seinale ona litzateke bihar ere gauza bera gertatzea. Gaur bete dira hiru urte Lasarte-Oriako piraguistak Tokion zilarra lortu zuenetik, eta urteurren hori ospatzeko modu bikaina izango litzateke bihar domina bat lortzea. Lehen egunean ez da bete-betean aritu, baina Chourraut txapeldun handia da, egun handietan hazten diren horietakoa. Eta biharkoa halako egun bat da. Finalerdiak 15:30ean jokatuko ditu, eta, sailkatuz gero, finala 17:45ean. Biharkoaz bi hitz egin ditu Chourrautek: «Garrantzitsuena da aurrepausoa emana dagoela, eta finalerdietan nagoela. Bihar, finalerdietan, hutsetik hasiko naiz. Zirkuitua berria izango da». Gaurko sailkapen jaitsieran, 25 piraguista lehiatu dira nor baino nor gehiago, 23 ateko zirkuituan. 22 onenek lortu dute finalerdietarako sailkatzea. Vaires-sur-Marneko kanala ez da oso konplexua, ur gutxi baitu. Baina, aldi berean, gune batzuetan ur mugimendu dezente ditu, eta hainbat zatitan trabatuta ibili dira piraguistak, batez ere 16. eta 17. ateen artean. Chourrautek ez du zigorrik jaso lehen jaitsieran, baina kateatuta ibili da, ur mugimenduek gaindituta. Gainera, sailkapen probetan ohikoa duen moduan, ez du arriskatu nahi izan. Helmuga igaro ostean erakutsi duen aurpegiak argi uzten zuen ez zegoela gustura egindako lanarekin. 7. eta 8. ateen artean izan ditu lehen arazoak, eta horri buelta eman ezinda aritu da gero. 101.06 izan da haren denbora, marka onenetatik oso urrun. «Nahikoa trabatuta ibili naiz lehen jaitsieran, eta ez dut neure burua ondo ikusi uretan. Artista puntu hori falta izan zait». Beste sei piraguista geratzen ziren helmugara iristeko, eta hamaikagarren tokian zen Chorraut. Azkenean, hamazazpigarren amaitu du lehen txanda, eta bigarren jaitsieran lortu behar izan du sailkapena. Lehen ahalegin horretan, Camille Prigent frantziarra izan da onena. Haren denbora 94.97 izan da —Chourrautek baino sei segundo gutxiago—. Bestalde, urrea kolkoratzeko faboritoak, Jessica Foxek, sasoiko dagoela berretsi du. 95.20 izan da haren marka, eta bigarren amaitu du. Egungo txapeldun olinpikoa, Ricarda Funk, seigarren izan da, 97.15eko denborarekin. Sentipen hobeak Bigarren jaitsieran ia piraguista gehienek hobetu dituzte lehenengoan lortuak zituzten denborak. Chourrautek ere ondo estutu ditu hortzak, eta bost segundo hobetu du lehen jaitsieran egindako denbora: 96.33. Apur bat hobeto aritu da bigarren aldi horretan, askeago nabigatu du, baina ez ohikoa duen distirarekin eta oldarkortasunarekin. Gainera, bi segundoren zigorra jarri diote, bigarren atea ukitu duelako. Azkenean, eguna amaituta, hamahirugarren geratu da, baina Foxengandik lau segundora soilik. Hura izan da aurrena: 92.18. Klaudia Zwolisnka izan da bigarren (93.03), eta Prigent hirugarren (94.67). Chourrautek zorrotz aritu da bere lanari buruz: «Bigarren jaitsieraren hasiera ere ez da ona izan, baina nabigazioa hor daukat, eta jaitsierari heldu diot… Hala ere, ez naiz izan ikusi nahi dudan Maialen hori».
Txapeldun, hasi eta buka. Garaile handien sena erakusten ari da Arraun Lagunak taldea Euskotren ligan. Donostiarrek ez diete ezer utzi nahi aurkariei, eta denboraldiko bederatzigarren bandera irabazi dute Getxon, estropada bikaina egin ostean. Lugañene traineruak bandera guztiak irabazi ditu, aldi oro alde handiagoz, gainera. Nagusi dira, eta arerioak txikitu egiten dituzte, indar erakustaldiak eginda. Gaur, Donostiarra izan da bigarren. Azken metroetan Orio baino azkarrago aritu da Donostiako ontzia, eta azken asteetako sentipen onak berretsi dituzte. Tolosaldea ohi baino apalago aritu da, eta Hondarribiak aurrea hartu dio. Hortaz, Ama Guadalupekoa ariko da biharko ohorezko txandan. Oriok egin du hasiera azkarrena ohorezko txandan. Lehen minutua bete denean estropadaren buruan zeuden mirotzak, Donostiako bi ontziekin berdinduta. Tolosaldeak gehiago sufritu du laugarren kaletik, eta hiru segundo galdu ditu tarte horretan. Hortik aurrera, ordea, Arraun Lagunak-ek estropada apurtu du. Balizara bidean estropada gogortu du Juan Mari Etxaberen eskifaiak, eta denboraldi osoan gertatzen ari den bezala, aise utzi ditu atzean gainerakoak. Ziabogan zazpi segundoren aldea zeukan Donostiarrarekin, eta bederatzikoa Oriorekin. Tolosaldea hamabost segundo galduta iritsi da balizara, lehen txandako bigarren sailkatuaren denbora berean. Itzulerakoan, liderrak txikitu egin du estropada, eta Lugañene ontziko arraunlariek altxatu dituzte besoak beste behin. Irribarrea ezkutatu ezinda agertu da Andrea Astudillo: «Joanekoan sufrituko genuela jakinda irten gara, eta itzulerakoan gozatzeko aukera izan dugu». Donostiarrak ere estropada osoa egin du. Laugarren dira sailkapen nagusian, baina, sasoi hasierarekin alderatuta, askoz hobeto ari da azken asteetan. Rufo Ortizberea teknikariak aldaketa ugari egin ditu orain arte, eta pixkanaka ari da nahi duen hori aurkitzen. Oriok murriztu egin du tartea pixkanaka-pixkanaka, eta Donostiarraren parean ere jarri dira. Baina, azken esprintean, Bantxa bizkorrago iritsi da. Tolosaldea bigarren sailkatuak asko sufritu du gaur, eta bosgarren egin du. Lehen txandan ariko da bihar, Lekeition (Bizkaia). Hibaikaren poza Asteburuero gertatu den bezala, Hondarribia izan da lehen txandan hasieratik branka aurretik sartu dena. Segurtasun handiz ari da Ama Guadalupekoa lehen txanda horretan, eta Getxon ere estropada bikaina egin du. Berehala utzi ditu atzean Galiziako bi ontziak, eta Hibaikak bakarrik eutsi dio berdeen hasierari gogorrari. Hibaika, hala ere, koska bat beherago dago oraingoz, eta Hondarribia joan egin da ziabogara bidean: Errenteriarrekin sei segundoren aldea zuela egin du maniobra. Hondarribiak estropadaren buruan egin du itzulera ere, eta Miren Garmendia patroia eskatu eta eskatu aritu da: «Ohorezko txanda nahi dut, neskak!». Azkenerako, lortu egin du; arraunlariak banan-banan zukututa, aise lortu du Hondarribia taldeko eskifaiak txanda irabaztea, eta Tolosaldeak ez du haien denbora hobetzerik izan. Hibaika izan da beste protagonista. Maddi Retegi patroiaren oihuek aupatuta, Madalen ontziak bi segundo baino ez ditu galdu bigarren luze horretan. Hala ere, ez da hori errenteriarren lehia. Lehen txandari Hibaikak eta Cabok jarri diote gatza eta piperra azken asteetan. Zazpigarren postuan bukatzen duenak kanporaketak jokatu beharko ditu, eta, hain justu, postu horri izkin egiteko helburuarekin ari dira Errenteriako eta Boiroko taldeak. Beraz, gaur ere lehia bizia espero zen haien artean. Ez da halakorik gertatu, ordea. Galiziako ontzia oso apal aritu da. Zazpi segundo galdu ditu Hibaikarekin alderatuz lehen luzean, eta itzulerakoan beste hamar gehitu dizkio Hibaikak, orain arteko estropadarik onena eginda. Errenteriarrek gertu izan dute bosgarren postua. Orain lau punturen aldea dute Hibaikak eta Cabok sailkapen nagusian, eta bost punturena zatekeen bosgarren gelditu izan balira. Bihar izango dute aldea handitzeko aukera, Lekeition.
“Ezohiko neurriak” hartuko ditu Osakidetzak udako pertsonal faltari aurre egiteko. Besteak beste, aparteko orduengatik gehiago ordainduko diete profesionalei. Euskadiko Medikuen Sindikatuaren ustez, “jarrera aldaketa” egon da Osasun Zerbitzuaren Zuzendaritzan.