Nafarroan igoera askoz apalagoa izan da. 2023ko hilabete berarekin alderatuta, % 2,8 egin du gora, eta Estatuko batez bestekoaren azpitik geratu da, igoera txikiena izan duen erkidegoa izanik.
Lan Ministerioa gizarte-eragileekin bilduko da gaur lanaldi-murrizketa eztabaidatzeko. Lan-murrizketa eztabaidatuko dute, soldata-murrizketarik gabe, astean 38,5 ordura arte 2024an, eta 37,5 ordura arte 2025ean.
Garaipen argia eskuratu du Pascal Jocouk Beskoitzeko (Lapurdi) herriko bozen bigarren itzulian. 836 herritarrek eman diote babesa (%55,59); Fabienne Etxegaraik 668 boto eskuratu ditu (%44,41). Haritza Camblongen zerrendak bigarren itzulirako erretiratzea erabaki ondotik, esperotako emaitza baieztatu da igande honetan. Herriko Kontseilu berrian hemezortzi eserleku izanen ditu Jocouren taldeak, eta bost Etxegarairenak. Jocouk erran du astea bukatu aitzin antolatu nahiko luketela auzapeza izendatzeko lehen bilkura. Etxegaraik, berriz, dudan ezarri du hautetsi izaten segituko duen ala ez. [articles:2125540] Herrian ikastola berria eraikitzeko proiektuaren inguruan sortutako gatazkaren testuinguruan dimititu zuen Fabienne Aiensa auzapezak martxoan, gutxiengoan gelditu ondotik. Pirinio Atlantikoetako prefeturak hauteskunde aurreratuak antolatu zituen, eta herritar andanak parte hartu zuen joan den igandean iragan zen lehen itzulian. «Plebiszitu bat» izan dela erran du Jocouk, baina talde osoak egin duen lanaren emaitza dela baieztatu du. «Kanpaina biziki laburra izan da; biziki kontent naiz emaitzarekin, eta eskerrak eman nahi dizkiet bozetan parte hartu duten hautesle guziei». Lehen itzulian herritarrek erakutsi zuten aldaketarako borondatea baieztatu dela adierazi du. Bere taldeak «metodologiaren inguruan» egin duen lana goraipatu du, eta hemendik aitzina «elkarrizketa landu eta herritarrak biltzen» entseatuko direla baieztatu du. «Mahai baten inguruan jartzea lortzen dugularik, konbentzituak gara konponbideak atzematea lortzen dugula. Hori izanen da gure egiteko nagusia: herria baretzea eta arazoei konponbideak aurkitzea». Ikastolaren afera aipatu du konpontzeko auzien artean. Etxegarai «atsekabetua eta kezkatua» «Atsekabetua» mintzatu da Etxegarai, eta erran du «bereziki kezkatua» dela herriko zerbitzuentzat eta Beskoitzeren etorkizunarentzat. «Herriaren kudeaketa arlo anitzetan gaitasun handia duen zerrenda bat nuen. Ikusiko dugu hemendik aitzina nola pasatuko den». Camblong erretiratu ondotik «zailtasunekin» abiatzen zirela jakinik ere, bost eserlekurekin gelditzeak ez dio aho zapore gozorik utzi. «Arrats honetan ez dizuet baieztatzen ahal herriko kontseiluko hautetsi izanen naizenik». Aste honetan auzapez izendatua izan ondotik, bi urteko agintaldia izanen du Jocouk. 2026an izan beharrak dira herriko bozak Ipar Euskal Herrian.
Bilbo Arena bi aldiz betetzearekin nahikoa ez, eta Fermin Muguruzak Donostiako Anoeta estadioa ere beteko duela dirudi: jada ia 20.000 sarrera saldu dira 2025eko ekainaren 14an emango duen kontzerturako. Pistako 15.000 sarreretatik 2.500 baino ez dira geratzen. Gaur goizeko 09:00etan jarri dituzte salgai, nahiz eta BERRIAlagunek aurretiaz erosteko aukera zuten %15eko beherapenarekin. Muguruzaren arabera, «inoiz egin duen erronkarik handiena» da Anoeta jotzearena. Gehitu du emanaldi horrek balioko duela aldarrikatzeko «euskaraz abestuz ere aritu daitekeela estadio handietan». Salmentaren abiadari dagokionez, oso eskertuta dagoela adierazteaz gain, esan du kontzertu horiek «bereziak» izatea nahi duela, «musikaren, dantzaren eta erreibindikazioaren bidez, oroimen kolektiboko ariketa baten bidez, bizitzaren ospakizun baten bidez eta faxismoari uko eginez». Gainerako hirietako kontzertuetarako sarrerak asteartean jarriko dira salgai www.muguruzafm.eus webgunean, ekainaren 25ean, 09:00etan. 11 urtez nazioarteko birarik egin gabe egon ondoren, datorren urteko birak 40 urte baino gehiagoko ibilbidea errepasatuko du. Agertokietara bueltan Beste behin agertokietara bueltatuko zela iragarri zuen Fermin Muguruzak 61 urte bete zituen egunean, joan den apirilaren 20an. Kontzertu handi bat emango zuela aurtengo abenduaren 20an, Bilbo Arenan, eta kontzertu horrek balioko zuela, besteak beste, bere ibilbidearen errepasoa egiteko, kantuan. Sarrerak ordu eskasetan bukatu ziren. Eta antolatu zuten beste kontzertu bat, lehenbizikoaren biharamunerako, toki berean hori ere. Asteon, baina, itzulerak are gehixeago iraungo duela iragarri du Muguruzak. Hemezortzi kontzertu emango ditu nazioarteko biran. Urtarrilaren 18an abiatuko du bira Muguruzak, Tenerifeko EC Aguere aretoan (Kanaria uharteak, Espainia), eta hilabete berean egingo du bigarren geldialdia ere —hilaren 24an—, Bartzelonako Palau Sant Jordin. Ondotik, esate baterako, Madrilen izango da otsailean; martxoan, Santiago de Compostelan (Galizia), Parisen, Bordelen, Marseillan (Frantzia) eta Tolosan (Okzitania) ariko da; apirilean, Zurichen (Suitza) eta Berlinen. Maiatzean Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan izango da, eta lau kontzertu emango ditu han: hala nola Buenos Airesen eta Bogotan. Asiari dagokionez, Tokion da kontzertua ematekoa, uztailaren 23an. Udazkenean bukatuko da bira, urriaren 4an, baina oraindik ere ez dute iragarri non izanen den. [articles:2126967]
Atzo Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) eta gaur Alex Aranburu (Movistar). Bi euskal herritarrek irabazi dituzte errepideko Espainiako Txapelketak. San Lorenzo de El Escorialen (Espainia) jokatu dira biak, eta gaurkoan Aranburu bakarrik helmugaratu da. Nagusitasunez gailendu da Ezkiokoa. Bigarren izan da Oier Lazkano (Movistar), iazko txapelduna. Helmugarako hogei kilometro falta zirela jo du erasoa Aranburuk, eta ezin izan dio inork jarraitu. Sasoi betean dago, duela astebete Belgikako itzulian etapa bat irabazita erakutsi zuen moduan. Lazkano 52 segundora helmugaratu da eta 58ra Jesus Herrada (Cofidis), hirugarren sailkatua. Bosgarren amaitu du ihes egiteko zenbait saiakera egin dituen Mikel Landak (Soudal-Quick-Step). Movistarrek ondo lotuta izan du egun guztian zehar.
Imanol Pradalesek orain arteko Eusko Jaurlaritzarik handiena gidatuko du. Lehendakaritzaz gain, hamabost sailburu izango ditu haren gobernuak, hau da, hamasei kide guztira. Inoiz ez da halakorik egon. Hamabost izan zituen Jose Antonio Ardanzak Euskadiko Ezkerrarekin 1991n osatutako gobernuak, lehendakaria bera barne. Beraz, orduko hark baino kide bat gehiago izango du orain EAJk eta PSE-EEk osatutakoak. Kargu horietatik hamar jeltzaleen esku geratuko dira, eta bost sozialisten esku. Bederatzi gizonezko eta zazpi emakume dira. Gernikako Batzar Etxean lehendakari karguaren zina egin eta ordu gutxira eman du lehendakaritzak Jaurlaritzaren osaketaren berri. Gobernua handitzearen arrazoiak bi dira nagusiki. Batetik, gizarteak aurrez aurre dituen erronkei eta herritarren kezkei zehatzago eta hobeto erantzutea. Osasun sistema, etxebizitza, lehen sektorea, trantsizio energetikoa, garraioa eta demografia dira horietako batzuk. Bada, bakoitzak bere saila izango du aurrerantzean. Beste arrazoia PSEren eskakizunei erantzutea da. Eusko Legebiltzarrerako bozetan lortutako emaitza onak tarteko, gobernuaren egituran pisu politiko handiagoa nahi zuten sozialistek. Eta lortu dute, hein batean, aurreko Jaurlaritzan baino bi sail gehiago izango baitituzte orain. Baina EAJk ere bi gehiago izango ditu aurreko legealdiarekin alderatuta. Beraz, ikusteko dago oreka hori nola islatuko den kudeaketan eta aurrekontuetan, alegia, sozialisten erabakimena zenbateraino izango den handiagoa egungo Jaurlaritzan. Jarraitutasuna Iñigo Urkulluren hirugarren eta azken Jaurlaritzak bezala, bi lehendakariorde izango ditu Pradalesen gobernuak ere: bat EAJrentzat eta beste bat PSErentzat. Ibone Bengoetxea jeltzaleak hartuko du lehen lehendakariordetza, eta Mikel Torres sozialistak bigarrena. Kargu horiez gain, beste ardura batzuk ere izango dituzte biek ala biek, hala ere. Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu izango da, eta Torresek Ekonomia, Enplegu eta Lan Saila gidatuko du. Egiturak bakarrik ez, aurreko gobernuaren ildoari jarraitzea bermatuko dute karguan segituko duten hiru sailburuk ere. Nerea Melgosak, Bingen Zupiriak eta Javier Hurtadok Jaurlaritzan jarraituko baitute, bestelako zeregin batzuetan bada ere. Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Saila kudeatuko du Melgosak aurrerantzean. Zupiriak, berriz, Segurtasun Saila gidatuko du. Gobernuaren bozeramaile izateari ere utziko dio, eta hemendik aurrera Maria Ubarretxena arituko da haren ordez zeregin horretan. Autogobernu Sailaren ardura izango du, aldi berean, Arrasateko (Gipuzkoa) alkate izandakoak. Hurtadok bere ardurei eutsiko die, bestalde. Sail garrantzitsuenak EAJren esku egongo dira hurrengo urteetan ere: Osasuna eta Hezkuntza. Biak ala biak sail gatazkatsuak izan ziren aurreko legealdian, eta buruko min handia sortu zioten Urkulluren gobernuari. Zalantza zegoen bietako bat sozialisten esku geratuko ote zen, baina biei eustea erabaki du Pradalesek. Alberto Martinezek hartu du aurrenekoaren ardura, eta Begoña Pedrosak bigarrenarena. Emakunderen auzia, argitzeko Juan Ignacio Perez arduratuko da Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntza Saila kudeatzeaz. Noel D’Anjou Ogasun eta Finantza sailburu izango da; Mikel Jauregik Arantxa Tapiaren lekua hartuko du Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko Sailean; eta Amaia Barredok Elikadura, Nekazaritza Garapena eta Arrantza zuzenduko du. Ingurumen sailburuorde izandakoa da Barredo, eta Gasteizko epaile bat hura ikertzen ari da orduko ustelkeria salaketa batengatik. Sozialisten esku geratuko dira, bestalde, Mugikortasun eta Etxebizitza sailak. Susana Garciak kudeatuko du aurrenekoa, eta Denis Itxasok bigarrena. Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzara itzuliko da, eta Justizia Saila zuzenduko du ostera. Ikusteko dago organigraman zehazki non sartuko dituzten berdintasun politikak. Gaur ezagutarazi diren guztien artean ez da ageri Berdintasun izena daraman sailik; beraz, gerta daiteke lehendakaritzari atxikita egotea berriz. Emakunde arduratzen da berdintasun politikak diseinatu eta bultzatzeaz, eta Iñigo Urkulluk Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari lotuta jarri zuen bere hirugarren agintaldian. Erabakian atzera egiteko eskatu zioten zenbait talde feministak eta Emakunderen sorreran aitzindari izandakoek, besteak beste. Sailburuek asteartean egingo dute karguaren zina, Ajuriaenean. Hauek dira Eusko Jaurlaritza berriko kideak: Imanol Pradales Lehendakaria Santurtzi (Bizkaia), 1978. EAJ. Lehen agintaldia du lehendakari gisa. Aurrez, Bizkaiko Foru Aldundiko diputatua izan zen. Soziologian lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta doktore da alor horretan. Euskalduna. Ibone Bengoetxea Lehen lehendakariordea Kultura eta Hizkuntza Politika. Bilbo, 1967. EAJ. Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen, eta Eudeleko presidente 2011tik 2015erako aldian. Bizkaiko Foru Aldundiko diputatu izan zen ondorengo zazpi urteetan, eta EITBko zuzendaritzan aritu da geroztik. Psikologian lizentziaduna da. Euskalduna. Mikel Torres Bigarren lehendakariordea Ekonomia, Enplegua eta Lana. Portugalete (Bizkaia, 1970). PSE. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ekonomiako bi doktorego ditu. Hainbat ardura izan ditu PSE-EEren barruan. Bizkaiko sozialisten idazkari nagusia da 2014tik, eta Portugaleteko alkatea. Ez da euskalduna. Maria Ubarretxena Bozeramailea. Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernua. Urretxu (Gipuzkoa), 1980. EAJ. Arrasateko alkatea izan zen 2015etik 2023ra bitarte. Aurrez, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politika Saileko Gizarte Ekonomiaren zuzendaria izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako diputatua da iazko maiatzetik. Lan esperientzia industrian izan du batez ere. Euskalduna. Bingen Zupiria Segurtasuna. Hernani (Gipuzkoa), 1961. EAJ. Hirugaren legealdia du sailburu gisa. Aurreko bietan Kultura eta Hizkuntza Politikako Saila gidatu zuen, eta Jaurlaritzako bozeramaile ere izan zen. ETBko eta Deia-ko zuzendari izandakoa da. Euskalduna. Begoña Pedrosa Hezkuntza. Areatza (Bizkaia), 1975. EAJ. Hezkuntza sailburuordea izan da aurreko legealdian. Aurrez, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa izan zen 2014tik 2020ra bitarte, eta irakasle eta ikertzaile ere jardun zuen han. Hizkuntzalaritza Aplikatuan doktorea da. Euskalduna. Noel D’Anjou Olaizola Ogasuna eta Finantzak. Irun (Gipuzkoa), 1975. EAJ. Finantza eta banku arloan egin du ibilbide profesionala. 2014az geroztik, hainbat ardura izan ditu Kutxabanken. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna. Zarautz (Gipuzkoa), 1974. EAJ. Soziologian lizentziaduna da, Industria Harremanetan espezializatua, Deustun. Hogei urte baino gehiago daramatza enpresa alorrean lanean, batez ere energia sektorean. Centrica PLC enpresako zuzendaria da gaur egun, eta Erresuma Batuan dihardu beharrean. Aurrez, 2020 eta 2022 artean, BP Plc-en (lehen BP British Petroleum) lan egin zuen. Javier Hurtado Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa. Madril, 1981. PSE. Bigarren legealdia izango du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu gisa. Aurrez, Azpiegitura eta Mugikortasun diputatua izan zen Arabako Foru Aldundian. Zuzenbideko, eta Administrazioko eta Politika Zientzietako lizentziak ditu. Ez da euskalduna. Juan Ignacio Perez Unibertsitateak, Zientzia eta Berrikuntza. Salamanca (Espainia), 1960. EAJ. EHUko errektorea izan zen 2004tik 2008ra. Fisiologiako katedraduna da, eta Kultura Zientifikoko Katedraren koordinatzailea EHUn, irakasle izateaz gain. Biologian doktorea da, eta Jakiundeko lehendakaria. Euskalduna. Denis Itxaso Etxebizitza eta Hirigintza Agenda. Donostia, 1975. PSE. Espainiako Gobernuaren ordezkaria izan zen Euskal Autonomia Erkidegoan, 2020tik 2024ra. Bi hamarkada eman ditu kargu instituzionaletan, PSE-EEn. Zinegotzi izan da Pasaian, eta, batez ere, Donostian. Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldunorde nagusi ere izan zen. Politika Zientzietan lizentziaduna da. Euskalduna. Nerea Melgosa Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoa. Gasteiz, 1970. EAJ. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu izan zen Urkulluren hirugarren agintaldiko azken urtean. Aurrez, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun eta Giza Eskubideen zuzendaria izan zen, eta zinegotzi aritu zen Gasteizko Udalean. Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziaduna da. Euskalduna. Alberto Martinez Osasuna. Trapagaran (Bizkaia), 1964. EAJ. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Anestesiologiako, Bizkortzeko eta Minaren Terapiako zerbitzuburua da 2002az geroztik. Medikuntzan eta Kirurgian lizentziaduna da (EHU), eta anestesiologiako eta bihotz biriketako bizkortzean espezialista. Medikuntzan doktore da. Susana Garcia Mugikortasun Jasangarria. Donostia, 1969. PSE. Hainbat urte egin ditu kargu instituzionaletan, PSE-EEn. Zinegotzi izan zen Donostiako Udalean 1999tik 2003ra, eta batzarkide Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ardura horretan aritu da gaur arte. Politika Zientzietan eta Soziologian lizentziaduna da. Amaia Barredo Elikadura, Nekazaritza Garapena eta Arrantza. Donostia, 1970. EAJ. Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurune diputatua da iazko uztailetik Arabako Foru Aldundian. Aurrez, Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde izan zen Arantxa Tapiaren sailean. Elikagaien Kalitateko zuzendaria ere izan zen 2007tik 2009rako aldian. Elikagaien Zientzian eta Teknologian lizentziaduna da. Maria Jesus San Jose Justizia eta Giza Eskubideak. Sestao (Bizkaia), 1966. PSE. Eusko Jaurlaritzaren Idazkaritzako zuzendaria izan zen Patxi Lopezen gobernuan, eta Lan eta Justizia sailburu Iñigo Urkulluren bigarren agintaldian. Zuzenbidean lizentziaduna da, eta Eusko Legebiltzarreko kidea. Ez da euskalduna.
Portugalek gorriak ikusi behar izan zituen lehen jardunaldian Txekiako Errepublika garaitzeko. Markagailua iraulita eta inongo apaindurarik gabe eskuratu zituen puntuak. Txekiarren harresian kostata aurkitu zituen arrakalak. Bada, askoz ere errazago menderatu du gaur Turkia, norbere talentuari eta aurkariaren hutsei esker. Hori horrela, orain arte irudi ona eman duten hautagaien multzoan sartu da. Espainia eta Alemania nabarmendu dira gehien orain arte. Haiekin batera, jada final-zortzirenetan dago Portugal ere. Espainiak bezala, ziurtaturik dauka lehen postua. Lehen jardunaldiaren aldean, taldea modu naturalagoan antolatu du Roberto Martinezek. Joao Cancelo erdigunetik eskuin hegalera mugitu du, eta Palinha ipini du aingura lanetan. Turkiari dagokionez, berriz, harrigarria izan da Arda Guler aulkian ikustea. Hasieran, turkiarrek ez dute sumatu harribitxiaren falta. Bizi zelairatu dira, eta gertu izan dute lehen gola, Akturkogluren eskutik. Arrapaladan jokatu nahi zuten, baina Portugalek sosegatu egin du egoera. Baloia pazientziaz mugitu du, eta 21. minutuan jaso du saria: Nuno Mendesek ezkerretik erdiraketa egin, eta Bernardo Silvak sareetara bidali du baloia. Hortik gutxira, txapelketako golik inozoena hartu du Turkiak. Ronaldo haserre zegoen taldekide batek ez diolako baloia pasatu, eta bien bitartean, Akaydinek atezainarekin jokatu du, hari begiratu gabe eta baloia aterantz bideratuta. Egoerak ez zuen batere arriskurik, baina bukaera tragikoa izan du turkiarrentzat. Taldekidearen hutsa konpontzen saiatu da Celik, baina berandu iritsi da. Norbere atean sartutako beste gol bat; Eurokopa honetan sei izan dira jada. Turkiak sufritzen jarraitu du defentsan, areago lerroak aurreratu eta atzean hutsuneak utzi ahala. 55. minutuan, Ronaldo bakarrik gelditu da atezainaren aurrean, eta eskuzabal jokatu du: gola Bruno Fernandesi oparitu dio. Modu horretan, partida guztiz erabakita utzi dute portugaldarrek. Harresia ate azpian Georgiak eta Txekiako Errepublikak jokatu dute F multzoko beste neurketa. Txekiarrak erasokor aritu dira, faborito izaera beren gain hartuta. Georgiaren zelaian jokatu dute minutu luzez, eta aukera ugari sortu; batzuk jokaldi ehunduen bidez, eta gehienak, Coufalen erdiraketez baliatuta. Alabaina, behin eta berriz topo egin dute Giorgi Mamardaxvili atezainarekin: 12 geldiketa egin dizkie guztira. Hari esker eutsi du zutik Georgiak. Era anarkikoan jokatu du zenbaitetan, eta Khvitxa Kvaratskhelia, taldeko izar nagusia, nahiko oharkabean igaro da. Haatik, georgiarrek aurre egin diote logikari, eta markagailuan aurrea hartu dute atsedena ate joka zela. Eurokopako baloiak txip bat dauka eskuarekin jo duten ala ez jakiteko, eta biziki mesedegarria izan zaio hori Georgiari: epaileak baliorik gabe utzi du txekiarrek 23. minutuan eginiko gola, Hlozekek baloia eskuarekin sareratu duelako; eta gero, penaltia adierazi dio Hranac atzelariari. Mikautadzek ez du huts egin. 58. minutuan iritsi da txekiarren erantzuna, Schicken bitartez, eta, banakoa lortuta, gora egin dute. Alabaina, Georgiak izan du gertuen garaipenerako gola, partidako azken jokaldian. Hiru aurrelari zeuden atzelari bakar baten aurka, baina errematea gora joan zaio Lobjanidzeri. Horiek hala, bizirik diraute bai Georgiak eta bai Txekiako Errepublikak. Asteazkenean Turkia eta Alemania izango dituzte aurkari, hurrenez hurren. Bihar hasiko da azken jardunaldia, Eskozia-Hungaria eta Suitza-Alemania partidekin (21:00etan jokatuko dira biak). Alemania sailkatuta dago jada, eta Suitzak puntu bakarra aski du. Eskozia eta Hungaria, berriz, irabazi beharrean dira.
Irizpide ekonomikoak eta enpresa handien interesak lehenestea eta bizkaitarren osasuna eta ingurumenerako eskubidea ez kontuan hartzea aurpegiratu diete hainbat talde ekologistak agintari politikoei. Bizkaia ez dago salgai lelopean, makroproiektuaren aurkako manifestazioa egin dute ehunka lagunek gaur arratsaldean Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusiak lotuta. Eta Bizkaian egin asmo dituzten azpiegitura handien ondorio kaltegarriez ohartarazi dute. Urdaibaiko Guggenheim, Bilboko itsasadarraren azpiko tunela, AHT abiadura handiko trena, goi tentsioko sarea, errepide handiak, parke eolikoak… Halako azpiegitura handi ugari ageri dira Bizkaiko agintari politikoen agendetan, baina, mugimendu ekologistaren ustez, horiei buruzko eztabaida zabaldu behar da, kalte ugari ekarriko baitituzte: «Proiektu horiek —asko, inbestitzaileen komenentzien arabera pentsatuak— gure lur eremu handia kontsumituko dute; ingurumen balio handiko gune eta habitat naturalak suntsituko dituzte, baita elikagaiak ekoizteko behar ditugun nekazaritza eta abeltzaintza inguruak ere. Eta azpiegituretako batzuek ondorio larriak izan ditzakete osasunean ere». Egitasmo horien atzean dagoen pentsamolde ekonomikoa kritikatu dute: «Europako abangoardia ekonomiko bihurtu nahi dute Bizkaia, eta horrela, etengabeko hazkundea sustatzen jarraitu, munduko baliabideak mugatuak diren arren. Erabaki horrek egungo bizimodu jasangaitza iraunaraztea du helburu, eta luzatu egingo du gure lurraldeak joan den mendetik izan duen gainesplotazioa». Hortaz, ingurumen eta gizarte ondorioak kontuan hartzen ez dituzten politika ekonomikoak alboratzea galdegin dute: «Garapen ekonomikoak ahalik eta inpaktu txikiena izan behar du ingurumenean, eta helburu izan behar du beharrizan kolektiboak asetzea, eta ez enpresa apur batzuenak».
78 urteko emakume bat hil da gaur arratsaldean, Arrasateko (Gipuzkoa) bere etxean izandako sute batean. Ezbeharra 18:30etan izan da, Biteri Etorbideko Olatxo etxeko lehen solairuan. Ezbeharrak ez ditu kaltetu eraikineko beste etxeak. Oñatiko eta Legazpiko (Gipuzkoa) suhiltzaileak joan dira sutea itzaltzera eta haiek aurkitu dute emakumea bizitza zantzurik gabe. Ertzaintza sutea nola gertatu zen ikertzen ari da.