Finantza erakunde kataluniarrak iragarri duenez, urrian akzioko 0,08 banatuko dituela, iazko hilabete berean ordaindutakoa baino ia hiru aldiz gehiago. 2010etik akziodunen artean egingo den diru banaketarik handiena izango da.
Zortzi ordu iraun zuen larunbatean Ezkaba mendian (Nafarroa) piztu zen suteak. Polizia iturrien arabera, sutea nahita piztua zen, eta Ezkabako gazteluaren barruan hasi zen. Hain zuzen, bederatzi gazte identifikatu ditu Foruzaingoak, gaztelu horretan suziriak pizteagatik. Polizia iturrien arabera, baliteke haiek piztu izana sutea, eta ikerketapean daude orain. Hala ere, ez dute hipotesirik baztertzen. Igandeko ordu txikietan izan zuten suhiltzaileek sutearen berri, eta atzo bertan amatatzea lortu zuten, 09:30ean. Haizeak gogor astintzen zuen sua, eta horrek lana zaildu zien suhiltzaileei. 05:00etan sutea kontrolpean bazuten ere, militarren laguntza behar izan zuten gazteluan sartu ahal izateko. Inguruetan bizi ziren auzokideak biziki kezkatu ziren. Izan ere, Foruzaingoak eta larrialdietarako zerbitzuek egoeraz ohartarazteko mila dei baino gehiago jaso zituzten gau osoan.
EH Bilduko eta EAJko ordezkariak Felix Bolaños Espainiako Presidentetza, Justizia eta Gorteekiko Harremanen ministro sozialistarekin eta Ernest Urtasun Kultura ministroarekin —Sumarrekoa— bildu dira gaur, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak prestatutako biziberritze demokratikorako planaz hitz egiteko. Biak prest azaldu dira biziberritze demokratikoa bultzatzeko, baina eskakizun zehatzak egin dituzte. EH Bildu eta EAJ bat etorri dira eskari batean: Sekretu Ofizialen Legea erreformatzea. Aldaketa ez aurrera ez atzera dago, tramite parlamentarioetan. Pentsatzeko bost egun hartu ostean iragarri zuen Espainiako Gobernuko presidenteak plan hori egingo zuela, eta aurreko astean eman zituen xehetasun batzuk. Hedabideei lotutako lau arlotan egin du azpimarra: gardentasuna, independentzia, aniztasuna eta babesa. Orduan ere iragarri zuen bilerak egingo zituela Espainiako Gorteetan ordezkariak dituzten alderdi politikoekin —eskuin muturrarekin izan ezik—, plan horri buruz hitz egiteko eta «demokrazia indartzeko». Gaur EH Bildu eta EAJ izan dira «hitz egitera» deituak, baina ez dira presidentearekin bildu, bi ministrorekin baizik. Mertxe Aizpurua eta Gorka Elejabarrieta egon dira bileran EH Bildutik, eta Aitor Esteban EAJtik. EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak adierazi du Espainiako Gobernura «gerturatzeko aukera» egon daitekeela biziberritze demokratikorako neurriak hartzeko orduan, baina nabarmendu du planak «ikuspegi zabal eta batua» izan behar duela, bizitza politikoko «arlorik garrantzitsuenei» heldu ahal izateko. Ildo horretatik, Aizpuruak nabarmendu du biziberritze planak hainbat arlo «mugitu» beharko dituela, eta horiei «irtenbide bat» eman. Jazarpen judiziala, mozal legea, Sekretu Ofizialen Legea eta albiste faltsuen afera aipatu ditu, besteak beste. Aitor Esteban jeltzalea, Bolaños eta Urtasun ministroekin. RODRIGO JIMENEZ / EFE Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramailea «jarrera eraikitzailearekin eta kortesia parlamentarioz» joan da bilerara: «EAJk jarrera eraikitzailea izango du gobernu zentralak ganberen aurrean aurkeztea erabakitzen dituen egitasmoetan, betiere printzipio demokratikoek ezartzen dituzten mugen barruan baldin badaude». Dena dela, bi kritika egin dizkio jeltzaleak Sanchezen planari. Batetik, Sekretu Ofizialen Legearen erreformak planaren barruan egon behar duela nabarmendu du Estebanek. EAJren talde parlamentarioak bultzatutako erreforma tramitatzen ari dira Diputatuen Kongresuan, eta jeltzaleen eskaera historiko bat da. Bestetik, EAJren Kongresuko bozeramaileak adierazi du planak proposatzen dituen egitasmoak talde politiko guztiei eskatzeak «kakofonia» eragingo lukeela, eta, finean, ez lukeela inolako biziberritzerik eragingo. Biziberritze plana Biziberritze planak komunikazio enpresa pribatuen gardentasunari lotutako neurriak izango ditu: jabegoari, publizitate instituzionalari eta audientzien neurketei buruz. «Europako araudia argia da: herritarrek jakin beharra dute zein diren hedabideen finantzaketa iturriak, haien akziodunen izenak eta audientzien datuak», ohartarazi zuen Sanchezek aurreko astean. Hedabideen independentziaren garrantzia ere nabarmendu zuen, «esku gutxitan medio asko ez pilatzeko». Hedabideak digitalizatzeko 100 milioi euroren diru laguntzak martxan jarriko dituztela ere iragarri zuen. Hauteskundeetako araudia aldatzea ere proposatu zuen, hautagaiek eztabaidak egin ditzaten komunikabideetan: «Helburua argia da: herritarrek eskubidea dute proposamenak eta proiektuak alderatzeko; eskubide hori ziurtatu nahi dugu».
Atzerako kontua martxan da: «Egun bat gutxiago, 105 aurretik. Batera, irabaziko dugu». Txio horrekin, presidentetzarako lehiari ekiteko «prest» dagoela baieztatu du Kamala Harris AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak. Alderdi Demokratak berandu baino lehen erabaki beharko du nor izango den presidentetzarako bozetan aurkeztuko den hautagai demokrata, Joe Biden presidenteak atzo bere hautagaitza bertan behera utzi ondoren. Azken orduetan Harrisen izena nagusitu da hura ordezkatzeko, eta, lortuko balu, lehen aldiz litzateke Asia hegoaldeko jatorriko emakume bat AEBetako presidentegai. Harrisek gaur egin du Bidenek lehia utzi zuenetik lehen agerraldia. Etxe Zurian egin du, han 08:30ak eta Euskal Herrian 17:30ak zirenean. Ez du bere hautagaitzaren inguruan ezer esan, baina Bideni buruz mintzatzeko probestu du hitzartzea: «Joe Bidenek azken hiru urteetan eraikitako ondarea alderaezina da historia garaikidean». Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Wilmingtonera (Delaware) joatekoa da gero, kanpainako lantaldearekin hitz egitera. Arreta presidenteordearengan jarrita dagoen arren, ezin da ziurtatu hura lehiatuko den datorren azaroaren 5ean egingo dituzten presidentetzarako bozetan AEBetako presidente ohi (2017-2021) eta hautagai errepublikano Donald Trumpekin. Harrisek Bidenen sostengua dauka, atzo kaleratutako gutunean presidenteak berak adierazi zuenez, baita presidente ohi Bill Clintonen (1993-2001) eta alderdiko ordezkari eta senatari gehienen babesa ere. Gainera, demokraten arteko diru emaile batzuk ere lerratu dira Harrisen alde: egun bakarrean 49,6 milioi euro bildu ditu kanpainarako. Ordezkarien Ganberako presidente izandako Nancy Pelosi izan da Harrisen alde lerratzen azkenetarikoa. «Harrotasun eta ilusio handiarekin, nire babesa ematen diot presidenteordeari. Nire sostengua ofiziala, pertsonala eta politikoa da», adierazi du gaur arratsaldean zabaldutako prentsa ohar baten bitartez. Orain arte, Pelosik ez du ezer esan Harrisen hautagaitzaren inguruan, eta, horren harira, zenbait zurrumurru zabaldu dira azken orduetan; besteak beste, demokratak ez lukeela haren hautagaitza babestuko. Alderdi Demokratako pertsona esanguratsuenetako bat da Pelosi, eta, hortaz, haren sostengua izateak ez du pisu txikia. Hori bai, oraindik ere bada Harrisen hautagaitzaren inguruan ezer esan ez duenik, hala nola Barack Obama presidente ohia (2009-2017). «Gure alderdiko liderrak gai izango dira hautagai bikain bat aukeratzeko prozesu bat sortzeko. Konfiantza osoa daukat haiengan», esan du Obamak atzo kaleratutako prentsa oharrean. Etxe Zuriko maizter izandakoaren hitzek atea irekita utzi diote aukera bati: Harris ez den beste norbaitek presidentetzarako lehian Alderdi Demokrataren ordezkari izateko hautagaitza aurkeztea. The Washington Post egunkariak atzo iluntzean jakinarazi zuenez, pauso bat aurrera eman edo ez hausnartzen ari zen Joe Manchin senatari demokrata. Nolanahi ere, CBS hedabidean egindako elkarrizketa batean, argitu du ez duela hautagaitza aurkezteko asmorik, baina uste du «ezinbestekoa» dela alderdi barruan «nolabaiteko prozesu bat» abiatzea. %48 Zenbateko babesa jasoko lukeen Harrisek bozetan. CBS hedabideak eta YouGov-ek egindako azken inkestaren arabera —hilaren 16aren eta 18aren artean egin zuten—, Kamala Harris AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak botoen %48 jasoko lituzke azaroaren 5ean egitekoak diren presidentetzarako bozetan, eta Donald Trump hautagai errepublikanoak, berriz, %51 (+3). Azken egunotako inkestei erreparatuta, irudi du Harrisek Bidenek baino errazago izango lukeela errepublikanoari aurrea hartzea. Inkesta gehienek botoen %45 eta %48 artean ematen dizkiote presidenteordeari. Halere, ohiko tonuari eutsiz, Trumpek haren hautagaitza gutxietsi du, iritzita «Bideni baino aiseago» irabaziko diola Harrisi. Gaia zeresana ematen ari da AEBetatik haratago, eta bolo-bolo dabil bai nazioarteko hedabideetan, bai beste herrialdeetako gobernuetan. Harrisen hautagaitza posiblearen inguruan, zera esan du Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek: «Orain arte [Kamala Harrisek] ez dio ekarpenik egin Errusiaren eta AEBen arteko harremanari». Bestalde, Washingtonera bidaiatu du gaur Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk; Bidenekin biltzekoa da bihar, eta AEBetako Kongresuan hitz egitekoa da. Ur handitan sartu gabe, nabarmendu du Israel «beti» izango dela AEBen «aliaturik handiena», bozen irabazlea «dena dela». Bederatzigarren presidentea Atzoko erabakiaren ondoren, berriz ere kargua lortzeko hautagai izan zitekeen arren presidentetzarako lehiatik at geratzea erabaki duen bederatzigarren presidentea bihurtu da Biden. Zerrenda horretan daude: James Polk (1845-1849), James Buchanan (1857-1861), Rutherford Hayes (1877-1881), Theodore Roosevelt (1901-1909), Calvin Coolidge (1923-1929), Harry S. Truman (1945-1953), Lyndon B. Johnson (1963-1969) eta Richard Nixon (1969-1974). Halere, presidente horiek guztiek nork bere alderdiko kongresu nazionala —hor berresten dute presidentegaiaren hautagaitza— egin baino soberan aste lehenago hartu zuten erabakia; eta erabaki hori ez zuen euren osasun egoerak baldintzatu. Hautagaia aukeratzeko prozesua Edonork aurkeztu dezake hautagaitza? Alderdi Demokratako Batzorde Nazionalak ezarritako arauen arabera, bai. Baina hautagaiak gutxienez hirurehun ordezkariren babesa behar du Alderdi Demokrataren Kongresu Nazionaleko aukeraketan parte hartu ahal izateko. Noiz egingo dute Kongresua? Abuztuaren 19tik 22ra bitartean, Chicagon. Zer erabakiko dute hor? Nor izango den alderdia ordezkatuko duen presidentegaia. Izendapen ofiziala jasotzeko, hautagaiak alderdiko 1.976 ordezkariren botoak beharko ditu gutxienez. Denera, 3.949 alderdikidek bozkatuko dute. Zenbat ordezkariren babesa du Harrisek? The Hill egunkariak egindako zenbaketaren arabera, Harrisek gutxienez 531 ordezkariren babesa du oraingoz, horiek baieztatu baitute haren alde egingo dutela Demokraten Kongresu Nazionalean. Zenbateko babesa zuen Bidenek? Bidenek 3.896 kideren sostenguarekin lortu zuen hautagai izendatzea, baina boto horiek ez dute balio Harrisen hautagaitza babesteko.
Ohar batean, Kontsumitzaileen Elkarteak gogorarazi du debekatuta daudela “merkatuaren araberako prezioak” bezalako erreferentziak, edo ondo azaltzen ez diren zerbitzuengatik edo mahai tresnengatik gehigarriak kobratzea.
Joe Biden ez da berriro izango AEB Amerikako Estatu Batuetako presidente. Demokratak sare sozialetan argitaratu duen gutun baten bidez eman du albistea, bozetarako lau hilabete eskas falta direnean. Azken orduetan 38 ordezkarik eta lau senatari demokratak eskatu diote publikoki presidentetzarako lehia uzteko, iritzita lekukoa belaunaldi gazteari emateko «garaia» dela. Herenegun, kanpainari heltzeko «prest eta irrikan» zegoela esan zuen, baina iritziz aldatu du gaur. pic.twitter.com/RMIRvlSOYw — Joe Biden (@JoeBiden) July 21, 2024 Bidenek 81 urte ditu, eta azken hilabeteetan asko izan dira haren hautagaitza zalantzan jarri dutenak, nagusiki osasun kontuak aipatuta. Mugarri izan zen pasa den hilean Donald Trump errepublikanoaren aurka telebistan izan zuen eztabaida batean emandako irudi eskasa, eta ordutik bere asmoei uko egiteko jasan duen presioa erabakigarria izan da azkenean. Dena den, argi utzi du egungo agintaldia amaituko duela eta, beraz, presidente izango dela 2025. urteko urtarrilera arte. Hauteskundeak azaroan egingo dituzte. «Nire bizitzako ohorerik handiena izan da presidente izatea. Eta, bai, berriz ere aurkezteko asmoa nuen arren, uste dut nire alderdiarentzat eta herrialdearentzat onena dela ni erretiratzea eta datozen hilabeteetan presidente gisa ditudan betebeharretan kontzentratzea». Presidentetzarako lehia utzita, bidea erraztuko dio Kamala Harris egun presidenteorde denari. Emakume beltza den AEBetako lehen presidentegaia izango litzateke. Bidenek ez du aipatu bere agurreko idatzian; bai, ordea, sare sozialetan zabaldu duen bigarren mezuan. «Babes osoa eskaini nahi diot Kamalari gure alderdiaren hautagai izan dadin. Demokratok: batu eta Trump garaitzeko ordua da. Egin dezagun», idatzi du. Aste honetan azalpen gehiago emango dituela iragarri du. Trumpek bere sare sozialen egin dituen adierazpenak, Truthen: «Joe Biden ustela ez zen gauza presidente gai izateko, ezta zerbitzu hori emateko. Ez da inoiz izan! Presidente izatera heldu da gezurrei eta albiste faltsuei esker. Begira zer egin dion gure herrialdeari: milioika lagun ari dira gure mugak zeharkatzen kontrolik gabe, horietako asko kartzeletatik edo zoroetxeetatik datozenak, baita terroristak ere. Asko sufrituko dugu legegintzaldi honen ondorioz, baina egindako kaltea azkar konponduko dugu». Gutuna Gutunean, Biden harro agertu da «azken hiru urte eta erdian egindako aurrerapenengatik». Aipatu ditu ekonomia, «munduko indartsuena»; botiken prezioen beherakada eta osasun arretaren hobekuntza; armen kontrolerako legea eta AEBetako Auzitegi Gorenaren buru lehen aldiz emakume afroamerikar bat izatea. Guzti horrek, ordea, ez ditu konbentzitu ez bere alderdikideak, ezta bere herrikideak ere. Demokratek sekulako presioa egin dute Biden bozetara berriz aurkeztu ez zedin, besteak beste, Trump garailetzat jotzen duten inkestek bultzatuta. Presidentearen asmoak gaitzetsi dituzte diru emaileek, analistek, hedabideek, senatariek, kongresistek eta Alderdi Demokratako izen garrantzitsuek, hala nola Ordezkarien Ganberako presidente izandako Nancy Pelosik eta Barack Obama presidente ohiak. Dena den, ezustean heldu da Bidenen gutuna, eta ikusteko dago zein ondorio izango dituen. Demokraten Batzar Nazionala Chicagon izango da abuztuaren 19tik 22ra, baina alderdiak esana du abuztuko lehen asterako izendatu nahi duela presidentegaia, izan Biden edo izan beste bat. Harrisena da izen logikoena. «Beti pentsatu izan dudana pentsatzen jarraitzen dut: ez dago Estatu Batuak egiteko gai ez den ezer, beti ere bat eginda egiten badugu. Estatu Batuak garela gogoratu behar dugu», idatzi du Bidenek gutunaren amaieran. Dimisioa, gorazarrea eta Harrisi babesa Albistea jakin denetik, zenbaitek Bidenen dimisioa ere eskatu dute, tartean, Mike Johnson Ordezkarien Ganberako presidenteak eta J.D. Vance presidenteordu izateko errepublikanoen hautagaiak. «Ez bada hautagai izateko gai, ez da presidente izateko kapaz», idatzi dute biek. Demokraten zenbait buruzagik, berriz, Bidenen erabakia txalotu eta haren ibilbidea goraipatu dute, adibidez, Obamak. Kamala Harrisen hautagaitza ere babestu dute batzuek jada; esaterako, Bill eta Hillary Clintonek.
Marco Pantani zen Italiako Giroa eta Frantziako Tourra denboraldi berean irabazi zituen azken txirrindularia. 1998. urtean izan zen, Tadej Pogacar (UAE) jaio zen urtean. Esloveniarrak balentria hori errepikatu du aurten, eta nola gainera: sei etapa irabazi zituen Giroan, eta beste sei lortu ditu Tourrean. Ia iraingarria izan da erakutsi duen nagusitasuna. Gaur ere bera nagusitu da Nizako erlojupekoan, azken etapan, lehen aldiz Parisen amaitu ez den edizioan. Pogacarren anbizioak ez du mugarik, eta lehiatzen duen bakoitzean erakusten du hori. Hiru Tour, Giroa, Tirreno-Adriatikoa, Liege-Bastogne-Liege, Lonbardiako Giroa, Strade-Bianche… jada 84 garaipen lortu ditu bere ibilbide profesionalean, eta lanak amaitu berritan egindako adierazpenetan argi utzi du zein den bere hurrengo helburua: munduko txapelketa. Azken bi itzuli handietan erakutsi duen mailan segitzen badu, ea nork uka diezaiokeen ortzadarraren elastikoa. Pogacar Nizako helmugara iristen, gaur. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE «Dena bikain atera da. Lehen aldiz, hiru asteko itzuli batean konfiantzaz beteta ibili naiz egun guztietan», aitortu du. Baita azkenengoan ere: Monako eta Niza lotu dituen erlojupekoan minutu bat baino gehiagoko aldea atera dio bigarren sailkatuari, Jonas Vingegaardi (Jumbo). Igoeran aldea lortu du, baina baita beheranzkoan eta lauan ere. Txirrindulari perfektua dirudi Pogacarrek. Lortutakoari balioa eman dio UAEkoak: «Giroa irabazte hutsarekin bikaina izango zen denboraldia, baina Tourra beste maila bateko kontua da. Biak irabazita, esan dezaket aurreko denboraldien gainetik dagoela aurtengoa». Aurkariek ere handi egin dute Pogacar, izugarria izan baita podiuma osatu duten Vingegaardek eta Remco Evenepoelek (Soudal) emandako maila. Inork ez dio ezer oparitu esloveniarrari. Vingegaard Le Lioranen gailendu zitzaion, eta Evenepoel lehen erlojupekoan. Hala ere, sei eta bederatzi minutura utzi ditu sailkapen nagusian. Zenbait izen Nabarmentzekoa da Mikel Landaren (Soudal) Tourra ere. Taldeburu rola Evenepoeli utzita, presiorik gabe aritu da arabarra eta aspaldiko mailarik onenean aritu da. Horren erakusgarri izan da gaurko erlojupekoa, Landak Tourrean sekula egin duen onena. Zazpigarren amaitu du etapa, eta bosgarren sailkapen nagusian. Txalotzekoa. Beste zenbait izen propio ere izan ditu 111. Frantziako Tourrak. Biniam Girmay (Intermarche) erregulartasunaren elastiko berdea irabazi duen lehen eritrearra bilakatu da. Hiru etapa irabazita, aitortu du bere herrialdean zoratzen dabiltzala. Richard Carapaz (Education First) bi aldiz igo da Nizako podiumera: Tourreko txirrindulari lehiakorrenaren saria jaso du, eta mendiko puntuen sailkapenean ere nagusi izan da. Sailkapen nagusiko helburuei uko eginda, gozatu egin du Ekuadorgoak. Evenepoel, Carapaz, Girmay eta Pogacar, Nizako podiumean. SEBASTIEN NOGIER / EFE Mark Cavendish (Astana) Tourraren historian garaipen gehien dituen txirrindularia bilakatu da aurtengo edizioan: 35. aldiz besoak altxa eta Eddy Merckxen marka haustea lortu du. Romain Bardetek (DSM) sekulako txalo zaparrada jaso du Tourrean egin dituen azken metroetan; azken urteetako frantziarrik onenetako bat izan da, eta etapa bat irabazita esan dio agur bere lasterketa kutunari. Evenepoel izan da gazterik onena, eta Pogacarren UAE talderik onena.
Aurkaririk gabe dabil Arraun Lagunak. Eta, gainera, kaleen zozketan ere zortea alde badute, Juan Mari Etxabek prestatutako neskek baino azkarrago arraun egitea ia ezinezko balentria da aurkarientzat. Euskotren Ligan zortzi estropadetatik zortzi irabazi dituzte donostiarrek, gaur, Boiron (Galizia). Atzo, Ribeiran (Galizia), estuagoa izan zen lehia, baina egun bateko kontua izan zela argi utzi du gaur Lugañenek. Lehen minututik aurrea hartu, eta ziabogara heltzerako zortzi segundokoa zen errenta. Maniobra eskasa eman du Andrea Astudillo patroi lanetan zuen ontziak, baina bazuen lasai ibiltzeko adinako tartea. Bigarren luzearen hasieran eutsi dio abantailari, eta minutuek aurrera egin ahala, zabaldu ere egin du. Alde zuten korrontea. 11:00.92 izan da denbora helmugan. Bigarren posturako lehiak, bai, izan du emozioa. Amaierarako 300 metro falta zirela pare parean ziren Tolosaldea eta Donostiarra, baina azken txanpan azkarragoa izan da Donostiakoen Bantxa. Arraun Lagunakek baino 12.98 segundo gehiago behar izan dituzte lanak bukatzeko; Tolosakoek 13.74 segundo gehiago. 18 segundora helmugaratu da Orio. Lehen txandan aise nagusitu da Hondarribia, baina ohorezko txandakoengandik urrun ibili da. Hibaika izan da seigarren, eta Galiziako bi traineruak, Tiran eta Caboo, zazpigarren eta zortzigarren. Sailkapen nagusian 64 puntu ditu Arraun Lagunakek, eta 48rekin berdinduta daude Tolosaldea eta Orio. Donostiarrak 45 ditu.