Ezustekoen eguna izan da: Errumaniak eta Eslovakiak irabazi dute
Errumaniako eta Eslovakiako selekzioak pronostiko guztiak hautsi dituzte, Eurokopako E Multzoko irekieran garaipena lortuta. Errumaniak Ukraina jipoitu du (3-0), eta Eslovakiak multzoko faboritoa mendean hartu du, Belgika (0-1). Lehen partida ukrainarren nagusitasunarekin hasi da, baina ezin izan dute baloi jabetza baliatu lehen zatian gol aukera garbiak lortzeko. Errumania aldiz ez da kikildu faboritoaren aurrean, eta baloia lapurtzen zuen aldiro aurrera egin du golaren bila. Errumaniako selekzioa konfiantza handitzen joan da minutuek aurrera egin ahala. Defentsako lerroa aurreratu du Ukrainaren baloi irteera oztopatzeko, eta horrela iritsi da lehen gola. Ukrainak huts egin du baloi irteeran, eta Stanciu kapitainak sekulako gola egin du area ertzetik. Bigarren zatian Errumaniak ez du atzera egin, eta bost minutu eskasean bi aldiz zulatu du Luninen atea. Lehena Marinek egin du 53. minutuan, kontraeraso azkar batean eta berriro area ertzetik egindako jaurtiketa batekin. Bost minutura Dragusek egin du behin betiko gola, korner batean. Ukrainak aurrerapausoa eman du, baina berandu zen dagoeneko. Errumaniak lehen garaipena lortu du 2000. urtetik Eurokopan. Ukraina, aurreko edizioko final laurdenetaraino iritsi zena, gauzak asko zaildu dizkion emaitza bati buelta eman beharko dio hurrengo bi partidatan. Errumaniako jokalariak garaipena ospatzen. (RONALD WITTEK/EFE) Belgikak zanpatekoa jaso du Teloneroen atzetik Belgika iritsi da. Domenico Tedesco entrenatzaile berriarekin, Eurokopa irabazteko hautagai moduan iritsi dira belgikarrak, baina zanpatekoa jaso du multzoko ustezko talde apalenaren aurka. Eslovakiak ez ditu izar gehiegi bere hamaikakoan, baina adorez beteriko jokalariak direla erakutsi dute gaur. Zazpigarren minutuan aurreratu da Eslovakia, eta partida osoan emaitza mantentzeko gai izan dira. Doku belgikarrak akats larria egin du baloi irteeran eta Schranz-ek aprobetxatu du Bozenik taldekideari gol aukera garbia uzteko. Baina atezainak aldaratzea lortu du, eta Schranz berbera izan da baloia zutoinen artean sartzea lortu duena. Ondorengo minutu guztietan behin eta berriz saiatu da Belgika markagailua iraultzen, baina Eslovakia eroso egon da defentsa lanetan. Aukera argiena bigarren zati hasieran izan du Belgikak, korner batean Lukakuk gola egin baitu. Baina jokoz kanpo zegoen gutxigatik eta gola baliogabetu egin dute. Partida amaitzear zela, berriro gola sartu du Lukakuk, baina epaileak jokaldia berrikusi du, eta gola baliogabetu du aurretiko esku batengatik. Multzo erosoa aurreikusten zen Belgikarentzat, baina porrot honek, eta Ukrainarenak, hankaz gora jarri du E Multzoa.