Microsoften erorketak ondorengo enpresetan eragin du 2024ko uztailaren 19a. Akats informatikoak hainbat enpresaren zerbitzuetan eragin du. Hegazkin konpainiak, komunikabideak eta banketxeak gorabeherak izaten ari dira.
SAFER laborantza lurren zaintza erakundeak eta Lurzaindiak auzitara jo dute Arbonako Berroeta aldeko lurren salmentagatik. Jabetza hutsa erosi duen Pauline Desurmont «jukutriaz» aritu dela salatu dute SAFERari laborantza lur horiek lehentasunez erosteko duen eskumena saihesteko. Desurmontek SAFERen eta Lurzaindiaren helegitea nahi izan du hautsarazi Baionako auzitegian, baina epaileak atzera bota du haren eskaera. Uztailaren 4an auzitegiak jakinarazi du Desurmonten eskaerak ez zuela balio eta SAFERak jarri helegiteak eta Lurzaindiak helarazi ekarpenak balio zutela. Horrez gain, Desurmont zigortu du bi egiturei bedera 1.000 euro ordaintzera. Suitzan bizi den Yves Borotra Arbonako jabeak Diane de L’Espee andereari 3,2 milioi euroan saldu nahi izan zizkion Berroetako bideko etxe berri eta zaharra, baita 12 hektarea laborantza lur. ELB eta Lurzaindiak salatu zuten espekulazioa eta gunearen okupazioa abiatu 2021eko ekainean. Okupazioaren ondorioz salmenta gelditu zen De l’Espee anderea erretiratzearekin. Bi urte berantago salmenta berri bat abiatu zuen Borotrak. Aldi honetan, laborantza lurrak eta eraikinak bereiziz. Eroslea atzeman ere zuen eraikinentzat, baina Lurzaindiaren eta Ostia kolektiboaren mobilizazioaren ondorioz, erostun gaiek gibel egin zuten. [articles:200871] Bizkitartean, laborari bezala deklaratua den Pauline Desurmontek 12 hektarea laborantza lurrak jabetza hutsez erosi zizkion Borotrari, 200.000 euroren truke. SAFER erakundeak lur horiek 100.000 euroan estimatuak zituelarik. Jabetza hutsez, eta beraz gozamenik gabe erosiz, SAFER erakundeak ezin du lehentasunez erosteko duen eskumena erabili. «Jukutria» hori salatu zuten Lurzaindiak, ELBk eta Ostiak. Hori lagundu zuen notarioaren etxera ere joan ziren azpikeria salatzeko, 2022ko irailean. [articles:1321509] Auzitegira SAFER erakundeak urrunago joatea erabaki zuen, salmenta auzitara jaukituz, baizik eta Desurmontek eta Borotrak SAFERaren eskumena nahi izan dutela saihestu salatzeko. Harekin, Lurzaindiak, «bere baitako ekarpena» idatzi zion auzitegiari salmenta horren zuzenkontrakotasuna frogatzeko. [articles:219290] Desurmontek bi egituren jaukitzea hautsarazi nahi izan du. Baionako auzitegiari galdegin zion SAFERaren helegitea deuseztatzea eta Lurzaindiaren ekarpenari balioa kentzea. Auzitegiak ez ditu onartu Desurmonten aurgudioak eta SAFERaren helegitea eta Lurzaindiaren ekarpena onartu ditu. Orain, epaitegiak aferaren funtsa behar du aztertu eta erabaki bat hartu jakiteko salmenta horretan SAFERari eskumena kentzeko azpijokoa izan den. Lurzaindiko Maryse Cachenautek erran du «kontent» direla epaileak arrazoi eman dielako. «Lehen etapa da», gehitu du Itsasuko laborariak. Ondokoa, funtsari buruzko auzia izanen da. «Ez dakigu gauzak nola jujatuak izanen diren, baina balio zuen. Bururaino joaten bada egun batez, biziki inportantea izanen da».
Frantziako politika boxeo borroka bat izango balitz, Emmanuel Macron presidenteak irabazi du aurreneko round-a. RN Batasun Nazionalak Europako Parlamenturako hauteskundeetan ukabilkada gogorra eman eta ezkerra NFP Fronte Popular Berrian bildu eta Frantziako Asanblearako hauteskundeetan diputatu gehien eskuratu ostean, macronistek Asanbleako presidentetza eskuratu dute, haien bestelako alderdi gehiago biltzeko gai direla erakutsiz. Yael Braun-Pivet izan da presidentearen alderdiko hautagai eta Asanbleako presidentetza bereganatu duena, 220 boto eskuratuta. Gauzak horrela, Braun-Pivetek 2022tik izan duen kargua berretsi du. Kargua hartzean eman duen hitzaldian, Frantzia «hautsita dagoen herrialde» bat dela esan du: «Asanblea hau frantsesen inoizko adierazgarriena da, baina inoiz baino zatituago ere badago». Zatiketa hori dela eta, alderdi denekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu du presidenteak. Garaipena, hala ere, ez da indar erakustaldi bat izan, NFPko hautagai Andre Chassaignek (Frantziako Alderdi Komunistako kidea, eta 2002tik diputatua) 207 boto eskuratu baititu. Are gehiago, Braun-Pivetek aurreko legealdian [2022-2024] 242 boto eskuratu zituen. 577 diputatuak hiru aldiz jo dute botoa ematera hautetsontzi gisa erabiltzen duten txarrora. Izan ere, Asanbleako presidentetzako bozetan, aurreneko bi itzulietan irabazteko gehiengo osoa behar da —gaurkoan ez du inork lortu—, eta hirugarrenean gehiengo soilarekin nahikoa da. «Asanblea hau frantsesen inoizko adierazgarriena da, baina inoiz baino zatituago ere badago» YAEL BRAUN-PIVET Frantziako Asanbleako presidentea Chassaignek Braun-Piveten garaipena gaitzetsi du, hautagai macronistak eskuineko indar gehienen babesa izan baitu, eta akordio hori frantsesen nahien aurka doala iritzi dio buruzagi komunistak: «Naturaren aurkako aliantza batek frantsesen botoa lapurtu du». Galdu arren, NFP osatzen duten indarrek «elkarturik» jarraituko dutela azpimarratu du Chassaignek. Aurreneko itzulian NFP irten da garaile, 200 boto eskuratuta; hau da, espero zituztenak baino bost gehiago —Ezker Pluraleko hamahiru diputatuek aurretik esana zuten Chassaigneren alde egingo zutela—. Aurreneko bozketa horretan RNko hautagai Sebastien Chenu izan da bigarren, 142 diputaturen babesa lortuta. Hasierako emaitza horiek ezkerreko koalizioa aurrean jarri duen arren, eta ganbera barruan emaitzak entzutean txalo zaparrada gailendu den arren, poztasunak denbora gutxi iraun du. Bigarren bozketaren emaitzak jakin aurretik NFPko diputatu Sandrine Rousseauk ezkortasuna helarazi die kazetariei: «Uste dut RNk Braun-Piveten berrespena erraztuko duela hirugarren itzulian». «Naturaren aurkako aliantza batek frantsesen botoa lapurtu du» ANDRE CHASSAIGNE NFPren hautagaia asanbleako presidentetzarako Babes gutxien izan duen hautagaia LIOT alderdiko Charles de Courson izan da: hemezortzi boto izan ditu. Hala ere, De Coursonek aurrera egitea erabaki du. Izan ere, presidentetzara aurkeztutako sei hautagaietatik bik soilik eman dute amore beren hautagaitzei dagokienez: Horizonseko Naima Moutchouk —38 boto— eta Errepublikanoakeko Philippe Juvinek —48 boto—. Bi hautagai horien botoak, inork botoa aldatzea erabaki ez badu —bozketa ezkutua da, beraz, ezin da jakin nork eman dion botoa nori—, hautagai macronistak bereganatu ditu. Macronisten gorako bidea Bigarren itzulian, 210 boto eskuratu ditu Braun-Pivetek, NFPko hautagaia aurreratuta. Chassaignek 202 eta Chenuk 143. De Courson, bestalde, 12 botora igaro da, eta hautagaitza bertan behar utzi du. Hirugarren itzulian botoa eman bezain laster Borboi jauregian zeuden kazetariengana joan da, Braun-Pivet berresteak haren ustez zer esango lukeen adieraztera: «Hiritar askori demokraziaren ukazioa etorriko zaie burura, Europako hauteskundeetan zein asanblearakoetan porrot larria izan duen mugimendu politikoa ordezkatzen duelako». Hirugarren itzulian—eta behin betikoan— Frantziako egungo hiru bloke nagusiak lehiatu dira. Baina, azkenean, Rousseauk iragarritakoa gertatu da: RNren hautagaiak botoetan behera egin du, eta macronistenak, berriz, gora. Hiruren artean, Chenuk lortu du babes gutxien, 141 diputaturen aldeko botoekin. «Hiritar askori demokraziaren ukazioa etorriko zaie burura, Europako hauteskundeetan zein asanblearakoetan porrot larria izan duen mugimendu politikoa ordezkatzen duelako [Braun-Pivetek]» CHARLES DE CORSON LIOTeko hautagaia asanbleako presidentetzarako Diputatuak alfabetikoki eseri dira, eta ez alderdika, baina ez da tentsio momentu handirik egon haien artean; hala ere, txarrora gerturatzeko aurreneko itzulian nolabaiteko zalaparta eragin du Frantzia Intsumisoko zenbait diputaturen jarrerak. Hautetsontziaren alboan RNko diputatu Flavien Termet zegoen, gazteena delako. Ohiturak dio diputatu orok eskua eman behar diotela botoa eman ostean ganberako gazteenari; Frantzia Intsumisokoek, baina, ez diote eskua eman haren ideien aurka daudelako, Antoine Leaument diputatuak azaldu duenez: «Ez diot eskua emango logika kolonialista bat defendatzen duen norbaiti». Intsumisoen jarrera ez da ezustekoa. Izan ere, NFPko kideek azken egunetan RNri boikot egitera deitu ditu asanbleako beste alderdiak. Hori dela eta, Asanbleako Mahaian —ezustekorik ezean, bihar osatuko dute— RN bertan ez sartzeko blokeoa ahalbidetuko duten akordioak egitera deitu ditu alderdiak azken egunetan. Frantzia Intsumisoak RNren aurka egiten duen legez, RNk ere Frantzia Intsumisoaren aurka egiten du. Horren adibide dira RNko diputatu Julien Odoulenek adierazi dituenak eskua ez ematearen inguruan: «Frantzia Intsumisoaren jarrera onartezin eta gorrotagarria arbuiatzen dut». Kalean, NFPren alde Frantziako Asanbleako presidentearen hautaketa ez da soilik Borboi jauregian nabaritu. Parlamentutik at ere harrabotsa eragin du bozketak; izan ere, NFPren hautagaiari babesa adierazi eta beste alderdiei Chassaignen alde egin dezaten eskatzeko mobilizazioa antolatu du CGT Lanaren Konfederazio Orokorrak. Mobilizazioaren arrazoi nagusia, CGTko idazkari nagusi Sophie Binetek BFM TV kateari adierazi dionaren arabera, NFPren garaipenak aldaketa nahia dagoela azpimarratzea da: «Une erabakigarri batean gaude, eta badakigu tentazioak daudela, bereziki Emmanuel Macronen aldetik, bozketa egin ez balitz bezala jardun eta bere politikekin bat datorren gobernu tekniko bat lortzeko». Are gehiago, hauteskundeen emaitzek bi mezu utzi dituela iritzi dio Bienetek. Batetik, herritar gehienak eskuin muturraren aurka daudela. Eta, bestetik, Macron «zigortu» dutela frantsesek.
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak desegitea erabaki aitzin bezala, Yael Braun-Pivet EPR Elkarrekin Errepublikarentzat taldeko diputatua izanen da Frantziako Asanbleako presidentea. Uztailaren 7tik macronistak eraiki nahian ari diren kontakizunari indarra emateko balio du: ez du ezkerrak irabazi, ez dute gehiengorik Frantziako Gobernua hartzeko, eta eskuinari dagokio gobernatzea. «Hemen ez da ezer gertatu». Hiru bozketa behar izan ditu Braun-Pivetek, gehiengo sinplez legebiltzarraren gidaritza hartzeko. Alderdien arteko solasen berri duten hainbat kazetariren hitzetan LR Errepublikanoekin akordioa egin du horretarako, eta asanbleako hainbat kargu haien esku uztea adostu dute. Diputatuen botoa sekretua bada ere, hiru itzulien arteko matematikek LR diputatuen babesa izan duela erakutsi dute. Hirugarren bozketan LIOTeko gehiengo batek haren alde egin duela pentsa daiteke ere. LFI Frantzia Intsumisoa eta RN Batasun Nazionala parez pare eman dituztenetarik da Braun-Pivet. Alta, orain arte ez du jarrera bera izan bi aldeekin. 2022an RN Batasun Nazionalari asanbleako postu jakin batzuk ematea onartu zuen, tartean asanbleako presidenteorde kargua, eta gogor egin du ezkerraren kontra —LFIko diputatu batzuek zigor zorrotzak jaso dituzte asanblean izandako jarreraren ondotik—. Aldi honetan hautatua izateko ere RNekin mintzatzeko prest zegoela zioten batzuek, baina itxuraz ez dute akordio bat lortu. Hirugarren bozketan Sebastien Chenu RNeko diputatuak hautagaitza atxiki du, ezkerraren esperantzak azken mementoraino bizirik atxikiz. Macronen teilatuan da pilota orain. Izan ere, Frantziako konstituzioaren arabera presidentearen esku da lehen ministroa izendatzea. V. Errepublikako tradizioaren arabera, Frantziako Asanbleako indar harremanaren arabera izendatu ohi du presidenteak, eta hala gertatu dira historian zehar. Hauteskundeen ondotik gehiengo osoa duen talderik agertu ez zenez, presidentearen bozketa errespetatuko zuela adierazi du Macronek azken egunetan. Braun-Pivet gailendu izanak ideia horri indarra emanen dio. Nor-nori-nork Orain arte bezala segitu nahi du Macronek, baina deus ez da lehen bezala. Errepublikanoekin osa lezake gobernua; LR oposizioko talde gisara erregistratu da asanblean, baina lehen ministroa haren lerroetatik heldu bada proposamena onar lezakete. Azken bi urteetan Frantziako Gobernuaren makulu izan dira, eta 49-3 artikulua erabili ondotik aurkeztuak izan diren zentsura mozioek porrot egitea ahalbidetu dute. Uztailaren 7tik aitzina eraiki den indar harreman berriarekin NFP eta RNen botoak nahikoa lirateke zentsura mozio batek aurrera egiteko. Hipotesietan, denetarik aipatu da. Azken urteetan eskuin muturraren ideiak normalizatu dituen Gerald Darmanin orain arteko Barne ministroa gobernuburu izendatzea RNen babesa lortzeko. Asanblearako hauteskundeen itzulian «fronte errepublikarra» osatzera deitu ondotik ausarta litzateke; baina macronistek zerbait erakutsi badute, hori da: edozertarako gai izan daitezkeela. Haatik, eskuin muturrari komeni al zaio Macronen makulu gisa agertzea? Gehiago dute galtzeko. PSen bila joatea litzateke beste aukera bat. Baina PS, EPR eta LR batuta ez lukete gehiengorik. Ekologistak eta beste diputatu batzuk gehituta, bai; baina zer politika egiteko? «Elkarrekin mintzatu eta konpromisoak [lortzeko]» beharraz aritu da Braun-Pivet hautatua izan berritan, gauzak desberdin egiteko borondatea erakutsiz. Hori izan da macronismoaren diskurtsoa 2017tik; orain arte ez dute lortu. Ezkerraren aukera Gobernu bat osatzeko macronismoaren ezintasunak ezkerrari eman liezaioke aukera. Lehen ministro posiblearen inguruan eztabaidan aritu dira azken bi asteetan, baina, funtsean, estrategia politikoa da jokoan dagoena: zertarako eta nola gobernatu, eta nori dagokion ezkerraren lidergoa. Sozialisten eta Intsumituen arteko lehia dago hor. Baina asanblearako presidentegai bakarra hautatu izanak erakusten du adostasunetara heltzeko gaitasuna badutela. Bi izen nabarmendu dira oraingoz: Huguette Bello Reunion uharteetako eskualdeko presidentea; komunistek aurkeztu dute, baina intsumituengandik hurbil da. Bestea sozialisten hautagaia da: Laurence Tubiana diplomata. Macronengandik hurbilegi izatea leporatu dio LFIk. Trenkatzeko, lau alderdien negoziazio eremutik atera, eta NFP osatzen duten diputatuen artean bozkatzea proposatu du batek baino gehiagok. Baina ministrogai bat lortuko balute ere, macronisten gobernabide arazo berak izanen lituzkete. Berrehun boto lortu dituzte asanbleako presidentea hautatzeko bozketan; gehiengo osoa baino 89 gutxiago. Minutua eta emaitza: ezkerrak erakutsi du asanbleako bloke nagusia dela, eta macronistek arnasa hartu dute. Baina blokeoa dator.
Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak Espainiako Gobernuaren ustezko “iritzi aldaketa” kritikatu du, eta aukerarik onena Ezkio-Itsasokoa dela esan du.
Oraindik ere txapeldun olinpikoa da Richard Carapaz (Education First), baina Tokion lorturiko garaipena ezingo du Parisen berritu. Bi aste barru jokatuko da errepideko proba, eta Carapazek ez du parte hartuko, Ekuadorreko federazioaren erabakiz. Bada, dominen mina arindu du gaur, Tourrean aurrenekoz gailenduta. Oso etapa nekagarria izan da: txirrindulariak jo eta su aritu dira, eta 120 kilometro behar izan dituzte ihesaldia erabat osatzeko. Ekuadortarra aurrean sartu da, eta Simon Yatesekin (Jayco) buruz buruko ederra izan du Noyerren, eguneko mendaterik gogorrenean. Gailendu egin zaio tontorrera bidean, eta aldeak handitu egin ditu Superdevoluyko igoeran. Azkenean, Carapazek 37 segundoko aldeaz irabazi dio Yatesi. Hirugarren, berriz, Enric Mas (Movistar) izan da, 57 segundora. Hiru mendate zituen etapak, eta hirurak azken txanpan zeuden. Hara iritsi arte, sasiordekan jardun dute txirrindulariek. Askok egin nahi zuten ihes, horretarako oso etapa aproposa baitzen, eta sekulako ziztuan irentsi dituzte kilometroak. Faboritoek oso erne aritu behar izan dute, tropela behin baino gehiagotan zatitu baita. Gero lasaitzera egin dute, ihesaldia egonkortu ahala. Igoeretan su etena egon zitekeen indartsuenen artean. Bada, ez: Tadej Pogacar (UAE) oldartu egin da Noyerren, eta esloveniarraren erasoak Jonas Vingegaarden (Visma) ezina bistaratu du. Hori ikusirik, hazi egin da Remco Evenepoel (Soudal), eta lehen bi sailkatuak atzean utzi ditu Superdevoluyra bidean: hamar segundo atera dizkio Pogacarri, eta hamabi Vingegaardi. Podiuma nahiko ziurtatua duenez, Vingegaard aurreratzea izan daiteke flandriarraren erronka berria. 1.58ra du oraingoz. Ordekan bikain moldatzen diren lau txirrindularik egin dute ihes etaparen hasieran: Tiesj Benootek (Visma), Magnus Cort Nielsenek (Uno-X), Bob Jungelsek (Bora) eta Romain Gregoirek (Groupama). Tropelean hamaika eraso izan da, baina aurreko laukotea bikain defendatu da mendateetara iritsi aurretik. Anabasa handia izan da multzo nagusian: eraso batek bestea zapuzten zuen. Azkenean, 48 txirrindulariko tropel txiki batek hartu du aurrea, helmugarako 54 kilometro eskas falta zirela. Carapaz, Yates eta Mas ziren multzoko eskalatzailerik onenak, eta halaxe erakutsi dute amaierako mendateetan. Bayarden ez dira mugitu; Noyerrerako gorde dituzte indarrak. Yates izan da sua pizten lehena, baina kontraeraso ikusgarria egin du Carapazek: lehenik harrapatu, eta gero atzeratu egin du Yates. Mas atzerago zihoan. Oraindik Superdevoluyko mendatea gelditzen zitzaien, baina ez da joera aldaketarik izan: Carapaz izan da helmugara iristen lehena. Tourreko etapa irabazleei domina bat ematen zaie, beraz, ekuadortarrak badu zer kolkoratu. Evenepoelek, berriz, mokadu txiki bat ahoratu du, nagusian aurretik dituen bi ziklistei kosk egin ostean. Lehenik, Pogacarrek erakutsi ditu letaginak. Ezin izan dio inork ihardetsi esloveniarrak Noyerren egindako erasoari. Haatik, Evenepoel Vingegaard baino hobe moldatu da. Danimarkarrak ihesean aritutako zenbait taldekide zituen aurretik, eta lanean jarri ditu. Azken igoerara elkarrekin iritsi dira hiru piztiak, eta Evenepoelek anbizioz jokatu du. Buruzagia baino bi minutu geroago helmugaratu da Mikel Landa (Soudal), beste hautagai askorekin batera. Eutsi egin dio bosgarren postuari. Bihar ere ihesaldiak arrakasta izango du ziurrenik, Gap eta Barcelonnette artean jokatuko den etapan. Hirugarren mailako bost mendatetan gora egin beharko dute. SAILKAPENAK HAMAZAZPIGARREN ETAPA 1. Richard Carapaz (Education First) 4.06.13 2. Simon Yates (Jayco) 37ra 3. Enric Mas (Movistar) 57ra 4. Laurens de Plus (Ineos) 1.44ra 5. Oscar Onley (DSM) 1.44ra 6. Guillaume Martin (Cofidis) 2.36ra 7. Magnus Cort (UnoX) 2.38ra 8. Wout Poels (Bahrain) 2.39ra 9. Jordan Jegat (Total) 2.39ra 10. Alex Aranburu (Movistar) 2.39ra 11. Toms Skujins (Lidl) 2.39ra NAGUSIA 1. Tadej Pogacar (UAE) 70.21.27 2. Jonas Vingegaard (Visma) 3.11ra 3. Remco Evenepoel (Soudal) 5.09ra 4. Joao Almeida (UAE) 12.57ra 5. Mikel Landa (Soudal) 13.24ra 6. Carlos Rodriguez (Ineos) 13.30era 7. Adam Yates (UAE) 15.41era 8. Giulio Ciccone (Lidl) 17.51ra 9. Derek Gee (Israel) 18.15era 10. Santiago Buitrago (Bahrain) 18.35era 11. Felix Gall (Decathlon) 19.04ra
Baionako besten biharamunean, herriko kontseilura sartu dira Ipar Euskal Herriko mugimendu feministako kideak, bestetan gertatzen diren erasoen gaineko «kontzientzia hartze kolektibo baten premia larriaz» ohartarazteko. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak bestei buruz egindako balorazioa gaitzetsi dute, eta «sexu erasoak gutxietsi eta ikusezin bilakatzea» leporatu diote Baionako Herriko Etxeari. «Erakundeek bortizkeria aintzat hartzea galdegiten dugu, eta horri aurre egiteko ekintza zehatzak aitzinera eramatea». Atzo egin zuten besten balorazioa erakundeetako ordezkariek Baionako Suprefeturan, eta Etxegaraik erran zuen giro «onean» iragan direla. Ez zuten bost egunez izan diren sexu erasoen kopururik jakinarazi, baina Jerome Bourrier Baionako prokuradorea «satisfos» agertu zen aurtengo bestetan ez delako salaketarik izan sexu erasoengatik edota bortxaketengatik, «seinalatzeak bakarrik». Itaia emakumeen antolakunde sozialistak, haatik, hamahiru sexu eraso zenbatu ditu, eta elkarretaratzea egin zuen igandean. Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak bere egin du zenbaki hori, eta bortxaketaren kulturaren parte bilakatu izana egotzi die erakundeei, gisa horretako bestak kudeaketa egokirik gabe antolatu eta bermatzen dituelako. [EKINTZA] Iparraldeko talde feministak hitza hartu nahi izan dute Baionako Kontseiluan. Baionako besten bilana “ez dela ona” salatu dute. Ateak hetsi dituzte bilkura segitzeko gisan. pic.twitter.com/1jvyA3JqCw — Euskal Irratiak (@euskalirratiak) July 17, 2024 2023ko azaroan mahai inguru bat egin zuten, eta hainbat elkartek oroitarazi zioten herriko etxeari bestetarako protokolo argi eta egoki baten beharra zegoela. «Iazko bestetan eskumuturrekoen salmentari esker soilik 140.000 euroren irabaziak izan baziren ere, egun indarrean den prebentzio politika ez da aski», adierazi dute feministek. «Badakigu zer behar den; protokoloak existitzen dira eta erabiliak dira: PAFen protokoloa, Babesgunea, Patxa plazaren funtzionamendua, GABen safe tokia eta 2032 kolektiboaren ekimenak. Premiazkoa da horiek errespetatzea». Pirinio Atlantikoetako Prefeturak Angela dispositiboa jarri du martxan erasoei buru egin eta prebentzio lana egiteko. Horren inguruan egin duten komunikazioa «gehiegizkoa» izan dela iritzi diote, «jakinik dispositibo hori ez dela tokiko errealitateari egokitua». Herriko etxeak mugimendu feminista instrumentalizatu duela erran dute. «Bide hori bertan behera utzi behar du, eta, behingoz, neurri zehatzak hartzen hasi. Arazoa egiturazkoa da. Kontzientzia hartze kolektibo baterako deia egiten diogu». Gizarteari antolatzeko deia egin diote: «Lotu gure dinamikara, elkarrekintza da gure indarra. Era kolektibo batean babestu behar dugu elkar, aske eta seguru ibili ahal izateko». Horrez gain, besten bilana egiteko herriko etxeak irailerako deitua duen herriko kontseiluan hitza hartu ahal izatea eskatu diote Etxegarairi: «Hautetsi jaun-andreok, elkarrizketarako gonbidapenari uko egiten badiozue, ziur egon edozer gertatzen dela ere gure ahotsak eta aldarrikapenak entzunen dituzuela iraila arte eta irailetik goiti», abisatu dute.