EHUko sindikatuek ordezko irakasleen gatazka konpontzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritza berriari. LAB, Steilas eta ELA sindikatuek eta EHUko Prekarioen Koordinadorak ohartarazi dutenez, egoerari “aterabiderik aurkitu ezean”, datorren ikasturtean berriro ere kalera aterako dira.
Behetik gora egin du Ingalaterrak Eurokopa honetan, eta Herbehereetako selekzioa 1-2 gainditu du final handira sailkatzeko. Xavi Simons nederlandarrak bere taldea aurreratu du zazpigarren minutuan gol itzel batekin, baina hamaika metroetatik berdinketa lortu du Harry Kane-ek. Bigarren zatian, Ingalaterraren garaipenaren gola Ollie Watkinsek egin du, 90. minutuan. Espainiaren aurka jokatuko du finala hiru lehoien selekzioak, igandean Berlinen (21:00, La1). Ingalaterrak noraezean eman ditu Eurokopako lehen partidak, jokamolde apropos baten bila txapelketa irabazteko hautagai bezala sendotzeko. Azkenean lortu du Gareth Southgate entrenatzaileak tekla aproposak sakatzen, eta azken bi partidatan irudi ona utzi du. Final laurdenetan fruituak eman zizkion presio oldarkorrak arerioaren zelaian, eta gaur ere horrela ito du Herbehereetako selekzioa. Horrek, Foden, eta Mainoo gazteen presentzia areagotzearekin batera, arrazoiak eman dizkio Ingalaterrari bere aukeretan sinesteko. Lehen minutuetatik aritu dira bi taldeak garaipenaren bila. Ingalaterrak baloiaren jabe izan nahi zuen, baina Herbehereek zigortu egin dute apenas bost minutuak igaro zirela. Xavi Simons herbeherearrak baloia lapurtu du area ertzean, eta ez du bitan pentsatu; Zartada batez Pickford atezainaren eskuadratik sartu du gola. Akats bakarra eta gola, markagailua altxatzeko beharrean utzi du Ingalaterra. Baina erori ordez altxatu egin da Ingalaterra, eta partidako minutu onenak izan ditu atzetik jarri denean. Harry Kane aurrelaria bi alditan saiatu da berdinketa jartzen, eta bigarren jaurtiketa horretan epaileak jokaldia berrikusi eta penaltia adierazi du. Hamaika metroetatik hutsezina da Bayern Municheko jokalaria, eta berdinketa jarri du markagailuan. Ingalaterrako jokalari guztiek ospatu dute Watkinsen gola (RONALD WITTEK / EFE). Minutu gutxira, Phil Foden gaztearen jaurtiketa ateko marra gainetik atera behar izan du Dumfries defentsak. Herbehereetako jokalari berberak langara jaurti du burukada bat korner batean. Eta minutu gutxira, berriro Fodenek jaurtiketa itzel bat zutoinaren aurka apurtu du. Itota amaitu du Ronald Koemanen taldeak lehen zatia, eta ongi etorri zaio lehen 45 minutuak amaitu izana. Atsedenalditik beste aurpegi batekin zelairatu da selekzio nederlandarra, eta indarrak berdintzea lortu du ingelesekin. Minutuek aurrera egin ahala, Ingalaterrak presioa egiteko gaitasuna galdu du, eta lehen zatian baina gehiago iritsi da Herbehereak aurkariaren atera. Hala ere sendo aritu dira defentsa ingelesak, herbeheretarren antzera. Ustekabeko heroia Berdinketa erabatekoa zen, baina Ingalaterrak abisua eman du. Bukayo Sakak gola egin du, baina pasea eman dion taldekidea jokoz kanpo zegoen eta baliogabetu egin du epaileak. Partida luzapenera iritsiko zela ematen zuen, eta gutxien espero zenean ustekabeko heroia agertu zaio Ingalaterrari. Txapelketa osoan hogei minutu besterik jokatuak zituen Ollie Watkins aurrelariak area barruan baloia jaso du, bira egin du defentsa paretik kentzeko, eta jaurtiketa gurutzatu batekin garaipenaren gola egin du. Herbehereetako selekzioak ez du erantzuteko denbora nahikorik izan, eta finalaren atarian geratu da. Ingalaterrak sendotasun handiagoa erakutsi du finalerdietan, eta horrela edo hobeto aritu beharko da igandean Espainiaren aurka, bere historiako lehen Eurokopa irabazi nahi badu.
Ertzaintzak 27 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizean Gasteizen; ertzain bati eraso egitea leporatzen diote, eta ertzainari ebakuntza bat egin beharko diote. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gaitzetsi egin du eraso hori, eta Ertzainak Borrokan taldeak biharko elkarretaratze batera dei egin du. 11:20 aldera gertatu da: Arriagako Ataria kalean zegoen gizon bat identifikatzera joan dira ertzainak, poliziei «mespretxuzko» adierazpenen bat egin dielako, beti Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren prentsa oharraren arabera. Gizonak «modu bortitzean» erantzun die, hautsitako botila bat eskuetan, eta beso batean ebaki bat egin dio ertzainetako bati. Ihesi joan da gizona, Alde Zaharrera bidean. Teilatu batean atzeman dute poliziek, eta atxilotuta eraman dute. Poliziaren arabera, aurrekariak ditu. Zauritutako ertzaina, berriz, ospitalera batera eraman dute, eta ebakuntza kirurgiko bat egin beharko diotela adierazi dute. Bingen Zupiria sailburuak erasoa gaitzetsi du, eta «egunez egun herritarren segurtasuna bermatzeko lanean ari diren ertzainen» kontrako erasoak gaitzetsi ditu Bingen Zupiria sailburuak. Elkartasuna agertu dio poliziari, eta lehenbailehen sendatzea opatu dio. Ertzainak Borrokan taldeak, berriz, elkarretaratze batera deitu du biharko. Gasteizko komisariaren aurrean egingo dute. Zaurien kontrako baliabide oinarrizkoak ere, botikinak esaterako, ez dituztela salatu dute.
La Marseillaise orroaz kantatzen ari ziren 16:30erako Baionako herriko etxeko plazan. Igande honetan izanen da Frantziako besta nazionala, baina bestazale batzuk lehenago hasi dira Frantzia ospatzen. Abuztuan Parisen iraganen diren Olinpiar Jokoak direla eta, Baionako Herriko Etxeak bestak aitzinatzea erabaki du aurten, segurtasunerako nahi zuen polizia kopurua izateko. Besten hastapen ekitaldia bera ere aitzinatu dute: 22:00etan izan beharrean 17:00etan eman diote hasiera bestari. Horregatik ez da jende gutiago bildu: mukuru bete da herriko etxeko plaza Leon erregearen iratzartzea ikusteko. Herriko etxeko teilatuan ezarritako frankotiratzaileen zaintzapean eta Aturri ibaitik botatako suzirien harrabotsarekin piztu da besta. Iazko Baionako besten lehen egunean hil zuten Patrice Lanies: bere etxeko atarian pixa egiten ari zen gizon talde batek jipoitu zuen. Gertakari hura gogoratzeko, hitza hartu du Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak, eta egun hartako «hilketa koldarra» deitoratu. «Drama ikaragarri horrek mina eta ez-ulertze handia eragin zituen, eta oraindik ere sentitzen ditugu», adierazi du. «Baionako bestak gure ondare komuna dira. Balio indartsuen inguruan bildu gaitezen balio dute; horiek ziren Patrice Laniesen izaeraren bereizgarriak ere». Bere hiriaz eta Euskal Herriaz maitemindua zen baiones bat zela erran du auzapezak: «Gizon eskuzabala, gainerakoekin arretatsua, gainerakoak zaintzen zituena». Haren oroimena goretsi du, eta haren familiari babesa eta samurtasuna helarazi. Auzapezak hala eskatuta, minutu bateko txalo zaparrada eskaini diote Laniesi, bestazaleek «Patrice, Patrice» oihukatzen zuten bitartean. Julie Rouaultek emandako Hegoak kantuarekin bukatu dute omenaldia —horrela deitu ohi diote frantses anitzek Txoria txori kantuari—. Laniesen hilketaren ondotik sortu zen Baiona 2032 kolektiboa, Baionako besten ereduari buruzko gogoeta pizteko. Laniesi egindako omenaldia eraso mota ororen biktimen omentzeko izatea nahi zuten; hau da, Lanies ez ezik bortxaketen eta eraso matxisten, homofoboen, transfoboen eta xenofoboen biktimak oroitzeko ere baliatzea. Kolektiboaren hitzetan, hori zen Lanies familiaren nahia ere. Azkenerako, ez da hala izan. Herriko Etxeak besten aurkezpenean erran zuen familiarekin adostutako testu bat irakurriko zutela balkoitik. Elkarteak eta kirolariak Ohi bezala, Baionako hainbat elkarte eta kirolari omentzeko baliatu dute besten hastapen ekitaldia herriko etxean. Errugbilariak lehenik: Federal 1 mailan irabazi duen ASBko neska taldea eta Frantziako txapelketa irabazi duten Aviron Bayonnaiseko kadeteak. Olinpiar Jokoetan izanen diren hainbat kirolari ere aipatu dituzte, hala nola Perle Bouge arraunlari paralinpikoa eta Sebastien Guerrero tiratzailea. Art Emotion, Source Iturria eta Point Accueil Jour elkarteak ere ohoratu dituzte. Hauek izan dira bestak abiatzeko balkoitik hiriko giltzak botatzeko ohorea izan dutenak: Patrick Larrieu Baionako futbol taldeko atezain historikoa, Ingrid Amigorena ASBko neska taldeko kapitaina eta Patrick Bruel Frantziako kantari ezaguna.
Alegazioak Araba Bizirik, Arabako Mendiak Aske, AHTrik ez eta UAGA sindikatuek aurkeztu dituzte, besteak beste, eta manifestazioa iragarri dute Gasteizen, urriaren 26rako.
Kritiken erdian, eta Solariaren Arabako proiektuei alegazioak aurkezteko epea amaitzen den egun berean, enpresak jakinarazi du zer baldintzatan alokatzen edo erosten dituen lursailak bere parke fotovoltaikoetarako.
Sendo aritu da defentsan Frantziako selekzioa, baina ez da nahikoa izan Espainiaren erasoa geldiarazteko. 2-1 irabazi du Espainiako selekzioak gaur Municheko (Alemania) Allianz Arenan jokatutako finalerdietako partida. Frantziarrek hartu dute aurrea, baina azkar erantzun dio Espainiak eta bitan sartu dute baloia frantziarren atean. Bigarren zatian, markagailuari eustera mugatu da Luis de la Fuenteren taldea eta Didier Deschamps baionarrak zuzendatutako mutilek ezin izan dute Unai Simonen atea gainditu. Horrela, datorren igandeko finala jokatuko du Espainiak Berlingo olinpiar estadioan. Intentsitate handikoa izan da neurketaren lehen zatia. Espainia hasi da agintzen, baina Frantziak egin du lehen gola. Bederatzigarren minutuan Kilian Mbape taldeko izarrari iritsi zaio baloia; honek bikain erdiratu, eta buruz egin du lehena Kolo Muanik. Unai Simon Athleticeko atezainak ezin izan du ezer ere egin gola saihesteko. Frantziak azkar eraso egiten jarraitu du. Hori da Deschampsen taldearen jokatzeko modua: Defentsan sendo mantentzen dira eta, baloia berreskuratu ostean, azkar egiten dute aurrera. Halere, De la Fuenteren selekzioa behin baino gehiagotan gerturatu da Frantziaren zelaira. Horietako batean, 21. minutuan, berdindu dute partida. Lamine Yamali iritsi zaio baloia. Larunbatean 17 urte beteko dituen gazteak Frantziako atzelariei izkin egin, areaz kanpotik jaurti eta, zutoina jo ostean, Mike Maignanen atean sartu da baloia. Berdinketaren ostean, hazi egin da Espainia eta, lau minutura, bigarrena egin du. Jesus Navasek erdiratu eta Frantziako atzelari batek jo ostean, Dani Olmori iritsi zaio baloia. Honek indartsu jaurti du eta Jules Kounderen oinean jota sareetara bidali du baloia. Koundek sartu badu ere, Olmori eman diote gola, frantziarrak ukitu ez balu ere baloia barrura baitzioan. Gol horren ondoren partida lasaitu egin da. Ordura arte, Espainia aritu da, batez ere, erasoan. Erraz heldu dira frantziarren zelaira, baina horiek defentsa sendoa erakutsi dute. Eta erasoko aukera bakoitza baliatu dute jokaldi arriskutsuak sortzeko. Atsedenaldiaren ondoren ere joera bera mantendu dute. Espainiak zertxobait lasaitu du jokoa eta baloia alde batetik bestera mugituz jardun dute. Frantziak, berriz, une arriskutsuak sortu ditu. Mbapek eta Ousmane Dembelek lanak zaildu dizkiete Espainiako atzelariei. Deschampesek erasoa indartu du Antoine Griezmann, Eduardo Camavinga, Bradley Barcola eta Oliver Giroud zelairatuta. Eta 85. minutuan eduki dute partida berdintzeko aukera argiena. Mbape Simonen ate aurrera iritsi da, baina frantziarrak gora jaurti du baloia. Bitartean, De la Fuentek ere egin ditu aldaketak, taldea fresko mantendu eta Frantziarren erasoari aurre egin ahal izateko. Martin Zubimendi, Mikel Merino, Mikel Oiartzabal, Dani Vivian eta Ferran Torres sartu ditu partidaren azken zatian. Epaileak bost minutu gehitu dizkio partidari, baina Espainiako selekzioak baloia mantentzen asmatu du eta Frantziak ezin izan du berdindu. Txapelketan jokatu dituen sei partidak irabazi ditu Espainiako selekzioak eta bosgarrenez jokatuko du Eurokopako finala. Aurrez jokatu dituen lau finaletatik hiru irabazi ditu. Bigarren finalerdia, bihar Igandean Espainairen aurka nork jokatuko duen bihar argituko da. Ingalaterra eta Herbehereak arituko dira aurrez aurre. Ingalaterra da finalera iristeko hautagai nagusia. Izen handiak dituen taldea da, baina Eurokopa honetan ez da esperotaklo maila ematen ari. Halere, Suitzaren aurkako final-laurdenetako partidan itxura hobea eman zuen multzokako fasean baino. Bestetik, Herebehereetako selekzioa ere talde indartsua da, nahiz eta, multzokako fasetik juxtu-juxtu egin zuen aurrera. Dortmundeko (Alemania) BVB estadioan jokatuko dute neurketa, 21:00etan (La1 eta TF1).