Agiri batean, zuzendaritzak salatu du aurreikusitako lanuzteek milioi erdi inguruko kaltea eragingo diotela Arriaga Antzokiari, eta 27.000koa orquestra berari.
Sari handiak lortzeko arrisku handiak hartu behar omen dira, eta horren jakitun da Peio Etxeberria. Gaur, Aitor Elordiren aurkakoan, 21-21 berdinduta zirela, zenoztarrak zabalera atera du sakea, eta modu ikusgarrian egin du azken tantoa. Oso gaizki irten zitekeen jokaldia, baina bikain atera zaio. Emaitza horri esker, final-laurdenetako ligaxkako lehen puntua eskuratu du, eta azken jardunaldian Artolaren aurka jokatuko duen partidan erabakiko da finalerdietan nor izango den. Bestetik, Etxeberriaren garaipenaren ondorioz, matematikoki finalerdietan da Unai Laso, eta txapelketatik kanpo gaur Zumaian (Gipuzkoa) galdu duen Elordi. [articles:2140951] Partida gogorra jokatu dute, txapelketa osoan pilotakada gehien izan dituenetan bigarrena. Partida oso fisikoa izan da, eta zaleek gozatu dute. Elordi 5-0 hasi da irabazten; tanto borrokatuak izan dira, baina gehiago asmatu du Mallabikoak. Orduan lasaitu da Etxeberria, eta berdindu egin da lehia. 12-10 heldu dira atsedenaldira. Olatu onak Orduan hartu du olatu ona Etxeberriak: Elordi botera jokatzera behartu du, eta estrategia horrekin agerikoa zen ez zegoela eroso bizkaitarra. 13-19 jarri da aurretik nafarra. Sakea berreskuratu duenean, ordea, erabat irauli du joera Elordik. Sake onak egin ditu, eta errematearekin tantoak azkar amaitu ditu. 21-20. Tanto bakarra falta zitzaiola, ez du asmatu, eta Etxeberriak zabalera egindako sake zoragarriarekin bukatu da partida. Etxeberriak bi aste barru jokatuko du Artolaren kontra. Matematikak errazak dira: irabazten duena finalerdietan izango da, eta Iker Larrazabalen aurka arituko da. Beste finalerdian, Unai Laso eta Altuna edo Dario izango dira nor baino nor.
Ajuria Enea Jauregian egingo dio Pradalesek harrera goizean Italiako lehen ministro ohiari eta arratsaldean, “Europa. La última oportunidad” liburua aurkeztuko du EITBren Bilboko egoitzan.
Bakoitzak bere iritzia. Bakoitzak bere erreferenteak. Joseba Sarrionandiak artikulu ederra idatzi du Gara-ren 7K aldizkarirako, Errotatiba bat: ‘Euzkadi’ & ‘El Correo Español’ izenburupean —apirilaren 13ko zenbakian argitaratu zuten—. Han kontatzen du El Correo Español kazetaren lehenengo zenbakia 1937ko uztailaren 6an argitaratu zela Bilbon. «Falangistak Euzkadi egunkariaren errotatibaz jabetu eta egun gutxitara hasi ziren argitaratzen bertan El Correo Español». Artikuluaren bigarren paragrafoan, zera dio idazleak: «Bitxia da moral politikoaren kudeaketa egin nahi duen kazeta hain gezurteroa izatea, edo memoria hain ahula izatea». Hori dio, hain zuzen, Vocento taldeko egunkariak 115 urte dituela ospatzen duelako aurten, baina gazteagoa delako: 1937koa. Euzkadi egunkariaren errotatiba, William Randolph Hearstek Ramon de la Sota ontzi-jabeari oparitu ziona, egun Euskadiko Industria Ondare Higigarrien Zentroan dago. Eta errotatiba horretan inprimatu zuten, 1937ko urtarriletik ekainera arte, Eguna euskara hutsezko egunkaria ere. Historia. Horrela gauzak. Horrelako kontu asko ez dituzte herritarrek jakiten, argitaratzen diren arte. Beste mota bateko erreferentea da Irati Erauskin, eta Interneteko sare sozialetara iristen da haren jarduna. Gaztea irratiaren Instagrameko bideo bat heldu da sakelako telefonora. Make ETB Great Again (Egin ETB handia berriz) du lelotzat, eta Erauskinek honako proposamenak egiten ditu ETBk garai bateko loria berreskura dezan: «Telenobela bat: Arrano beltzaren pasioa. Bigarrena da Cámbiame [itxura aldatzeko saio bat, baina ETB1ek bere garaian egin zuen halako bat: Itxuroso…]. Eta hirugarrena: Sálvame bat. Mundu guztiak dauka eskubidea kotilleo programa bat izateko». Tira, datorren astean La1 katea hasiko da La familia de la tele saioa ematen arratsaldeetan, bertan Sálvame-ko kuadrillako batzuk arituko dira, eta aurkezlea euskal herritar bat izango da: Aitor Albizua. Hori guztia euskaraz behar dela aldarrikatzen du Erauskinek. Bakoitzak bere iritzia. Bakoitzak bere erreferenteak. Aitziber Garmendia eta Aitziber Grados ‘Linbo’ saioan. ETB Zerutik infernura bidean Ostegun gauean estreinatu zuen ETB1 kateak Linbo saioa. Lehen gonbidatua, euskal umorearen erreferente argi bat: Aitziber Garmendia. The Substance filma etorri zitzaion burura Garmendiari. «Demi Moore ni izango nintzateke, eta zu izango zinateke aterako litzatekeen ni hobetua», esan zion Garmendiak Aitziber Grados aurkezleari. Bitxia da bien izen-abizenak A. G. M. direla. Hula Hoop-ari eraginez ere erantzun zituen galderak Garmendiak. Ondotik, Ander Malbadi azaldu zen, eta Gradosi gipuzkoartasuna-ren inguruko test bat egin zion; Altsasuko (Nafarroa) bati! Bitxia da Malbadiren multi task-a: igogailuen enpresa handi batean ardura handiko postu bat izan, eta gazteen umorezko saio batera joaten da zera esatera: «Gipuzkoarra izatea nahiko bajoia da». Ondo jarraitu zuen programak, aspertzeko betarik gabe. Joango dira ñabardura batzuk finduz, baina Hiru Damatxo ekoiztetxearen saioak —late night show bat, haien esanetan— badu bere grazia. Saioak aukera eman zuen euskarazko auhendatu eta adiakatu hitzak ikasteko. Maria Blanco kolaboratzailearen arabera, gizonek gehiago egin beharko lukete hori, baina haien maskulinitateak ez die uzten; gipuzkoarrak badira, are gutxiago, eta hori ez du Blancok esan. Danel Galdaera izan zen beste kolaboratzaileetako bat, bere ohiko estiloan. Eta Idoia Asurmendi kantaria bigarren gonbidatua; Cielito lindo abestea larunbat gauetako Oholtzan saioari egindako omenaldi bat izan zitekeen, lasai asko. Programak erritmoa du, umorea zirikatzailea da tarteka —azkenaldian ETBn nagusi den zuritasunetik aldentzen da, apur bat bada ere—, eta publikoak noizean behin parte hartzeak laguntzen du azken emaitzan. Eta zerbait nabarmendu behar baldin bada, Aitziber Grados aurkezlea nabarmendu behar da —klixeak errepikatu behar badira, haren freskotasuna aipatu beharko litzateke—. Bueno, serio: izan dezala Euskal Telebistak pazientzia formatuarekin, halakoak behar baititu euskarazko telebistagintzak. Eta hau iritzi bat baino ez da, baina erreferente berri bat du Euskal Herriko telebistak: Aitziber Grados. Harekin Linbo-ra, oraingoz. Aitziber Grados, ‘Linbo’ saioko aurkezlea. HIRU DAMATXO
Alicia Valdésen Política del malestar (Egonezinaren politika) irakurri dut orain gutxi: martxoaren bukaeran elkarrizketa bat egin nion autoreari —ez da argitaratu oraindik—, Euskal Herrira etorri zela-eta. Valdés iaz ezagutu nuen, afektuen teorien inguruko ikastaro bat prestatu zuenean: Bartzelonan zen, baina online egin genuen lagun batek eta biok. Aspalditik neraman afektuen teoriak esaten zaien horien arrastoan, baina iruditzen zitzaidan zerbait faltan nuela, iruditzen zitzaidan oinarri sendo bat behar nuela, hastapen batzuk, hala nola izaten dudan, praktikan jardun eta jardun dihardudanean, halako batean geratzeko —kito— eta ikasteko eta irakurtzeko eta entzuteko beharra (praktika hori profesionala izan, zein bizitza bera). Espero nuena jaso nuen ikastarotik, egia esan. Eta dibertitu egin ginen: saioetako bat espazio handi batean ikusi genuen —espaziorako sarbidea neukan garai hartan—, paretan proiektatuta, Maider eta biok zoruan etzanda kanpin eran, koadroekiko tapaki gorri baten gainean. Nork dio teoria edo eskolak ezin daitezkeela fantasia bat izan. AXPI Valdések baditu afektuei buruzko gogoeta interesgarri batzuk —adibidez, afektu erradikalez mintzo da, afektuak ez direlako berez haustaileak, eta adiskidetasuna lotura gisa ez, baizik eta ekintza gisa ulertzen du— baina ez naiz orain horretan sartuko. Política del malestar-en Valdések dakarren ekarpen nagusia da —labur esanda— gaur egungo errealitate politikoa aztertzeko muga nabarmena dela subjektuon ulerkera hutsean arrazional batetik abiatzea, alde batera utzita bestelako faktore labain bezain ezinbesteko batzuk: subjektuon emozioak, subjektuon desira, subjektuon alderdi inkontzientea. Política del malestar-en Valdések dakarren ekarpen nagusia da, hori guztia aintzat hartzeko, psikoanalisia baliatzea —pentsamendu-korronte gisa, ez terapia gisa—. Badakit, psikoanalisia. Subjektu ez-normatiboen aurkako bortizkeria eta diziplinamendua. Valdések ere badaki, eta hala dio: «Psikoanalisiaren aplikazioak izan duen joera heteronormatiboaz eta androzentrikoaz ohartzeak ez dakar [psikoanalisia bera] subertsio-iturri gisa baztertzea». Horren haritik, psikoanalisitik (ere) pentsatu duten teorialari feministak ekartzen ditu —Ann Cvetkovich, Lauren Berlant, Monique Wittig—, eta bide batez azpimarratu zer gutxi itzuli izan diren, gizonte pentsalariekin alderatuta. Gizonte pentsalarien lana irakurtzeaz, berriz, zera dio: «Gizonte edo filosofo idazleak irakurtzearen ariketarako prest egon behar dugu. Ariketa hori egiteko motiboa ez da hainbeste atsegin hartzea, ezpada entrenatzea, haien obra irauli ahal izateko». Konturatu orduko karaktereak agortuko zaizkit-eta, pilot arrosarekin fuerte azpimarratu dudan kontzeptuari helduko diot. Errealitate politiko garaikidean epai moralekin baina zeraren konplexutasun osoa kontuan hartu gabe botatzen diren galderak aztertu ostean —zergatik ematen dio botoa langile-klaseko subjektuak eskuin muturrari?—, Valdések alternatiba bat proposatzen du. Desblokeorako tresna bat: ez-guztia (no-todo). Hona aipu luze bat, nik baino argiago azaltzen baitu berak. «Ez-guztiaren politikak, horrenbestez, bestelako teoria eta praktika politiko bat dakar, eta horrek ez du sustatzen gauzak egiteko manera bakar bat inposatzea; aitzitik, erresistentzia- eta aldaketa-praktika etengabeen alde egiten du, testuinguruak eta garaian garaiko premiek baldintzatuta. Estrategia horren barruan, ekintza politikoaren sorburuak edo helburuak ez du zertan izan osotasuna edo unibertsalizazio-desira […]. Ez-guztiak onartzen du beti egongo direla hor disidentziak, antagonismoak eta bat ez etortzeak. Ez-guztiak ezin du harmonia erabatekoaren promesarik egin, hori lortzea ezinezkoa baita, eta, gainera, berekin ekarriko bailuke, beste behin ere, errealitate politikotik kanpo uztea zerbait. Alabaina, [ez-guztiak] zera ahalbidetzen du: gozamena [kontzeptu psikoanalitiko gisa] modu ahalik eta ez-suntsigarrienean bideratzea: erabatekotasuna ezabatuz eta zatiketei, etsaitasunei eta kritikei lekua eginez, ezkerretik eta behetik diharduten ezkerreko mugimendu iraultzaileetan». Agian bajoneroa iruditu zaizue ikuspegi ez-orohartzaile hau, borroka-ez-da-inoiz-amaitzen hau; niri, kontrakoa: arnasa ematen dit, gertuxeago dagoelakoan gauzak errealki gertatzen diren modutik eta jendeok jarduten garen eratik. Esan dezadan, dena den, neure artikulu bat irakurri duzuela, ez Valdésen liburua. Gaia interesatu bazaizue, zerbait piztu badizue, zuzeneko iturrira jotzeko proposatuko nizueke.
Unai Lasok bigarren garaipena lortu du buruz buruko txapelketako final-laurdenetako ligaxkan, Iñaki Artolaren kontra 22-13 irabazita, Labriten (Iruñea), eta eskura du finalerdietara sartzea. Bihar lortu dezake, Peio Etxeberriaren eta Aitor Elordiren arteko partidan zer gertatzen den. Partidak iraun bitartean, pilota atzera bidaltzen ahalegindu da Laso, eta min handia egin dio hor Artolari. Bi partzial bikain lortu ditu, 7-0 eta 9-0ekoak. Lasok azaldu du sakean egon dela gakoa, ondo ibili baita jokoaren alor horretan, baina onartu du «sufritu» ere egin duela. «Pozik» dago, baina bihar zer gertatuko zain. Artolak, berriz, esan du ez duela bere burua ondo sumatu, bereziki eskuinarekin jotzen ez baitu «gozatu», eta, aldi berean, nabarmendu du Lasok oso ondo jokatu duela. Artolak erasoan hasi du partida, eta Lasok, berriz, defentsan. Lasok ezker boleaz erantzun behar izan du ia gehienetan, eta bi huts eginda, aurrea hartu dio Artolak, 0-2. Hala ere, hurrengoa Lasorentzat izan da, Artolak oparitua. Pilota aldatuta, sake bihurria egin du Lasok, zabalera, baina Artolak, aurkariaren asmoaz ohartu, eta tantoa egitea lortu du: 1-3. Hala ere, Lasok azkar berdindu du lehia: lehenbizi, Artola ezin izan da iritsi txokora, eta, segidan, beste tanto bat egin du Lasok: sakez eta pilota motz aterata. Hurrengo bi tantoak ere sakez egin ditu, eta aurretik jarri da lehenengoz: 5-3. Oihuka madarikatu du Artolak. Segidan, Artola ez da ausartu ezker paretara itsatsitako pilota bat jotzera, gaizki kokatuta baitzegoen kantxan, eta, hala, Lasok 6-3koa jarri du markagailuan. Artolak atsedena eskatu du. Atsedena bukatu ondotik, sake izugarria egin du Lasok, oso atzera botata; Artolak jaurtitako pilota goxo utzi du zabalean, eta beste tanto bat egin. Hurrengoa oso antzekoa izan da: pilota luzea, eta Artolak eramateko denborarik ez: 8-3. Hurrengo tantoak ere antzekoa behar zuen, baina zabalera joan zaio pilota Lasori, eta Artola berriro sartu da partidan, 0-7ko partzial baten ostean. Segituan aldatu du pilota Artolak, eta asmatu du: Lasok gaizki eraman du sakea, eta, nahiz eta barruan sartu den, alegiarrak ezker gantxo bat egin du, eta, hala, erroibartarrak ezin izan dio erantzun. Hurrengo tantoa ere antzekoa izan da, eta aldea bi tantora murriztu du Artolak: 8-6. Artolaren sakea airez errematatu du Lasok, ezustean, eta pilota behera bota du Artolak, jotzea erraza zirudien arren. Lasok sakea berreskuratu du, eta hiru tantoren aldea lortu. 9-0eko partziala Partidako tantorik gogorrenetakoa izan da hurrena, hemezortzi pilotakadakoa, eta Artolak egin du azkenean, txokoan pilota goxo utzita, eta 9-7koa jarri du markagailuan. Beste atsedenaldi bat hartu dute, eta Artolak egin du berriro tantoa itzuleran; tanto bakarraren aldea zuten, beraz. Hala ere, gutxi iraun dio pozak Artolari, Lasok hiru tanto egin baititu segidan, zabalean bat, sakez bestea eta atzean hirugarrena: 12-8. Beste atseden bat hartu, eta joera bera: Lasok sake luzea, Artolak erantzun, baina hurrengoa eramateko denborarik ez. Hurrena ere antzekoa izan da, luze atera baitu Lasok, baina, orduan, eramateko aukerarik ere ez du izan alegiarrak. Olatuari eutsi dio Lasok, tanto gogor batean, eta pilota zabalera bota du ezker bolea batekin, Artolak ezer ez egin ahal izateko moduan: 15-8. Atseden pixka bat hartu dute berriro, baina berdin jarraitu du kontuak, beste tanto bat egin eta zortzi punturen aldea lortu baitu Lasok: 16-8. Laso Artola zigortzen aritu da berriro atzean, eta hala iritsi da 17-8koa. Sasoia berreskuratzeko esperantzarekin, enegarren atsedena hartu du Artolak, baina Lasok, sakez tantoa egin, eta ametsa zapuztu dio. Artolak, baina, Lasoren teknika erabili du gero, eta atzera bidali du pilota, erroibartarrak ez eramateko moduan; alegiarrak 9-0ko partziala hautsi du horrela. Partida irabaztea ia ezinezkoa bazuen ere, gogor hasi da berriro Artola, gusturago amaitu nahian, eta Lasori zabalera joan zaio pilota: 18-10. Hurrena ere gorri kolorekoa izan da, Artolarena, eta alegiarrak sakez egin duen bigarren tantoa. Artola Lasok egindakoa egiten saiatu da: aurkaria atzean zigortzen, baina oraingoan gaizki atera zaio, gora bota baitu pilota, eta hauspoa eman dio Lasori: 19-11. Beste tanto bat egin du jarraian Lasok, pilota atze-atzera bidalita, eta garaipenerako bidea lasaia izatea ziurtatu du hala. Frontoian bildutakoak algaraka hasi dira hurrengo tantoan, alde batera eta bestera ibili baitira biak, eta Artolak batu du puntua azkenean, Lasok ez baitu jasotzerik izan ezker paretara joandako pilota. Beste atseden bat hartuta, partidaren azken txanpan sartu dira, eta sake gaizto batekin, Artolak Laso estutzea lortu du, eta markagailuan 20-13koa jarri. Beste sake bizi bat egitea lortu du Artolak, baina, aurkariak eraman, eta tanto luze batean sartu dira, pilotariak arnasarik gabe uzten dituzten horietako batean. Artolari zabalegi joan zaio pilota, eta Lasori eskura utzi dio azken sakea, baita partidako azkena ere: sake luzea egin du nafarrak, eta Artolak eramatea lortu badu ere, partidako gidoiari eutsi dio Lasok: ezker gantxo bat egin, eta pilota ezin eraman Artolak. 22-13 irabazi du Lasok. Hamazazpi tanto egitea lortu du erroibartarrak, sakez horietako bost. Lehen garaipenaren bila Elordik eta Peio Etxeberriak elkarren kontra jokatuko dute gaur (ETB1, 17:15), Zumaian (Gipuzkoa). Txapelketako bigarren partida izango da bientzat, eta lehena galdu egin zuten biek ala biek. Beraz, garaile ateratzen denak, lehen puntua eskuratu, eta Artola berdinduko du sailkapenean.
Jose Maria Gorroño Gernikako (Bizkaia) alkateak 1937ko bonbardaketan izandako erantzukizuna onartzeko eskatu dio Italiako Gobernuari. Bakearen eta Adiskidetzearen Aldeko Gernika sariak banatzeko ekitaldiaren aurkezpenean egin du eskaera. Nabarmendu du lehendabizi Alemaniak aitortu zuela eragindako kaltea, ondoren Espainiak, 2022an, eta txartzat jo du Italiak oraindik halakorik egin ez izana: «Badu garaia onartzeko sarraskian hango hegazkinek ere parte hartu zutela». Ondoren, eskerrak eman dizkio Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzari Gernika aukeratzeagatik Bakearen aldeko oihua ekinaldia aurkezteko. Munduko hainbat gerra aipatu ditu: Palestina, Ukraina, Siria, Boli Kosta… eta hango biktimei esan die Gernikak inoiz ez dituela ahaztuko. Oroimena irudikatzeko, Jai Alai pilotalekuko argiak itzali, eta harmailetan bildutako berrehun ikusleetako bakoitzak kandela txiki bat piztu du. Kandelen metaforari eutsiz, Gorroñok argi bat eskatu du «gerren aurka», argi bat «aginteari indarkeriaren bidez eusten dioten agintarien aurka», argi bat «munduko errefuxiatu guztien alde», eta argi bat «faxismoak dakarren iluntasunaren aurka». Bakea arriskuan Ondoren igo dira oholtzara aurtengo saridunak. Lehenbizi, Maria Saladok jaso du saria, Argentinako Antropologia Forentseko Taldearen izenean. «Egiaren berri jakiteko eskubidea eta memoriarako eskubidea» aldarrikatu ditu, eta Argentinako diktaduran desagerturikoen senideek izandako ausardia gogoratu. Bigarren sariduna Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia izan da. Guterres ezin izan da Gernikan egon, Frantzisko aita santuaren hiletara joan beharra zuelako. Haren izenean, Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzako idazkari nagusiak jaso du saria, eta Guterresek bidalitako hitzak irakurri. Nabarmendu du NBE «inoiz baino beharrezkoagoa» dela egun, «bakea arriskuan» dagoela eta gerrak amaitu behar direla, «giza miserien katalogo bat» direnez gero.
Apirilaren 26a egun berezia da Gernikan (Bizkaia). Bonbardaketaren urteurrenean, memoriak bai herritarrak eta bai kaleak irensten ditu. Bazkalostean jotzen du goia saminak, sirena hotsek 1937ko zaparrada hilgarria gogoratzen dutenean eta gernikar guztiak kalera irten eta isiltasunari eusten diotenean. Isiltasuna errespetuzkoa da, baina Nazio Batuen Zibilizazioen Aliantzak uste du hori ez dela nahikoa, eta «bakearen aldeko oihu bat» ere behar dela. Baina zer oihu? Gernikan aurkeztu du Bakearen aldeko oihua egitasmoa. Zibilizazioen Aliantzako kide eta Erlijioak Bakearen Alde erakundeko idazkari nagusi Francis Kuriak azaldu du zer asmo duten: «Bakearen aldeko lobby bat baino gehiago izan behar du: bakearen aldeko presio talde bat sortu nahi dugu». Halaber, argitu du ez dela egun bateko kontua, luzera begirako asmoa baizik. «Hau ez da egun bakarreko ekitaldi bat: mugimendu bat gara», zehaztu du. «Bakearen aldeko presio talde bat sortu nahi dugu. Hau ez da egun bateko ekitaldi bat: mugimendu bat gara» FRANCIS KUNA Erlijioak Bakearen Alde erakundeko idazkari nagusia Haren aurretik mintzatu da Miguel Angel Moratinos Zibilizazioen Aliantzako goi ordezkaria, eta egitasmoaren muina aletu du: «Oihu egin behar dugu munduari jakinarazteko bakea ez dela utopia bat». Nabarmendu du hainbatetan bakearen aldeko diskurtsoa inozentetzat hartzen dela eta uste hori desegin behar dela. Era berean, iragarri du XXI. mendeak «bakearen mendea» izan behar duela, «gatazka armatuak amaituko diren garai historikoa». Aurreratu du aurki plazaratuko dutela mugimendua hezurmamituko duen dekalogoa, eta mundu osoko erakundeak gonbidatu ditu parte hartzera. Halaber, azaldu du asmoa duela gerran dauden edo gerran izan diren munduko hainbat herrialdetara joateko, eta mugimenduaren hurrengo egitasmoa Sarajevon izango dela. Gerraren lobbyaren aurka Hizlari ugariko ekitaldia izan da Gernikakoa. Jose Luis Zapatero Espainiako presidente ohia agertzekoa zen, baina, gripeak jota, ezin izan da bertaratu. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak duela 88 urteko tragedia izan du gogoan, eta nabarmendu du Euskal Herrian ahalegin handiak egin direla bakearen kultura zabaltzeko, eta uztargarriak direla oroimenarekin. Gernika sarien banaketan eta Zibilizazioen Aliantzaren ekitaldian izan diren gonbidatuetako batzuk, Jai Alai pilotalekuan. ANDONI CANELLADA / FOKU Erlijioak Bakearen Alde da egitasmoaren beste bultzatzailea handia, eta haren izenean mintzatu da Roman Walczak Espainiako Nuntziatura Apostolikoko arduraduna. Nabarmendu du erlijioak ezin direla izan gerrarako aitzakia, eta inork ezin duela bere burua «benetako fededuntzat jo» beste baten bizitza amaitzeko gai bada. «Oihu egin behar dugu munduan zabaltzeko bakea ez dela utopia bat. XXI. mendeak bakearen mendea izan behar du, gatazka armatuak amaituko diren garai historikoa» MIGUEL ANGEL MORATINOS Zibilizazioen Aliantzako goi ordezkaria Txalo gehien jaso duen hizlaria Marti Olivella bakearen aldeko aktibista kataluniarra izan da. «Gerraren negozioa» amaitu behar dela adierazi du, eta hura sostengatzen duten gobernuen aurka bozkatzera deitu. Halaber, galdetu du ea non dagoen soldaduskaren eta Irakeko gerraren aurka altxatu zen gizartea, eta bakearen aldeko lobby horren gihar izatera deitu ditu. Hitza hartzen azkena Jeffrey Sachs ekonomialari eta Columbiako Unibertsitateko (AEB) irakaslea izan da. Politikaren aldeko deia egin du, eta nabarmendu hura dela gerrak amaiarazteko biderik onena. Arreta berezia jarri du Gazako sarraskian, eta adierazi du gerra geldiarazteko modu bakarra «Palestinako nazioa erabat aitortzea» dela, eta bide horretan AEBak direla oztopo nagusia: «AEBek nahiko balute, gatazka egun bakarrean amaituko litzateke. Nahikoa litzateke Palestinaren nazioarteko aitortzari jarri dion betoa bertan behera uztea».
Grezian egin zuen herenegun, eta Bilbon egin du gaur, etxean: bi eskuekin gogor eutsi, eta ahalik eta gorena altxatu du kopa Xavi Rabaseda Bilbo Basketeko kapitainak, Bilboko udaletxeko balkoi nagusian. Hasi da festa Bizkaiko hiriburuan. PAOK Tesalonika garaituta, Bilbo Basket da aurtengo FIBAren Europako Kopako irabazlea. Momentu ezin hobean lortu du goi mailako lehen garaikurra: klubaren sorreraren 25. urteurrenean. Hori ospatzeko, milaka zale bildu dira gaur Bilbon. Udaletxeko balkoitik, klubeko kideek argi utzi diete bertaratu direnei: «Hau guztiok batera lortu dugu». Bilbo Basket udaletxera iritsi baino ordubete lehenago hasi da eraikinaren aurrean jendea elkartzen. Askok taldearen bufanda eraman dute soinean, eta beste batzuek, banderak. Herritar gazteenek hartu dute lehen lerroa. Miribillan egin bezala, Hirukoa zale taldea arduratu da giroa berotzeaz. Jendea behera eta gora mugiarazi dute, «txapeldunak» eta «Bilbo Basket» oihukatu, eta bengala beltzak eta gorriak piztu. «Urduri baino urduriago bizi izan genuen partida», gogoratu du saskibaloi taldeari harrera egitera hurbildu den Aitziber Gutierrez zaleak. Izan ere, sufrituta garaitu zuen Bilbo Basketek Greziako taldea. Horrela bizi izanak, baina, badu bere alde ona: «Are gusturago geratu ginen gero, garaituta». Gutierrezek adierazi duenez, «harrotasunez» bizitzeko eguna da gaurkoa. Gutierrezen aurpegiak islatu bezala, poztasuna eta maitasuna izan dira nagusi gaur Bilbon. Amaiezinak izan dira oihuak eta txaloak, eta horiek areagotu egin dira Bilbo Basketen autobusa iritsi eta jokalariak agertu direnean. «Ahalik eta ondoena prestatu ditugu partidak, eta denok batera sekulakoa egin dugu» JAUME PONSARNAU Bilbo Basketeko entrenatzailea Udaletxearen eskaileretan egin die harrera Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, eta dantzariek egindako pasilloa gurutzatuta, eraikinean sartu dira taldeko kide guztiak. Balkoira atera baino lehen, Jaume Ponsarnau taldeko entrenatzaileak eskerrak eman dizkie garaipena «posible» egin duten guztiei, besteak beste kalean haien zain zegoen jendeari, «lan izugarria» egin duten jokalariei, baita lantalde osoari ere. «Ahalik eta ondoena prestatu ditugu partidak, eta denok batera sekulakoa egin dugu», aitortu du. Udaletxearen barruan esan ditu hitzok Ponsarnauk, leihoetatik kanpoko zalaparta eta oihuak sartu bitartean. Ez diete zaleei itxaronarazi nahi izan, eta segituan atera dira balkoira, Queen musika taldearen We are the champions abestiaren erritmoan. Rabaseda izan da azkenetarikoa, kopa eskuetan. Kapitaina izan da kopa altxatzen lehenengoa, baina esku guztietatik igaro da gero. «Hau guztiok batera lortu dugu», oihukatu du Ponsarnauk, eskuarekin zale guztiak borobiltzen zituen zirkulua eginez. Milaka zale elkartu dira gaur Bilbon, Bilbo Basketi harrera egiteko. MONIKA DEL VALLE / FOKU Javi Salgado bigarren entrenatzaileak ere hartu du hitza. Hogei urteko jokalari ibilbidearen erdia baino gehiago Bilbo Basketen egin zuen, 2019an erretiroa hartu zuen arte. Halere, betiko taldeari lotuta segitzea erabaki zuen. «Oso harro gaude titulua hau lortu dugulako, baino are harroago gaude zuekin partekatu ahal dugulako; beti egon zarete hor, egoera onetan zein txarretan, eta horregatik, oso pozik gaude zuek hemen izateaz», adierazi du. «Askoren lehena» «Pozik eta hunkituta» agertu da Rabaseda. «Kirol ibilbidean ez dira titulu asko irabazten; beraz, irabazten dugunean, aprobetxatu egin behar dugu». Historikotzat jo du klubak lehen titulua irabazi izana, eta azaldu horrek agerian uzten duela taldea «lan ona» egiten ari dela. «Garaipen hau amets bat izaten hasi zen, pixkanaka-pixkanaka helburutzat jarri genuen, eta, azkenean, lortu ahal izan dugu». Kapitainak espero du titulu hau «askoren lehena» izatea. Oraindik partida batzuk ditu aurretik Bilbo Basketek, denboraldiari amaiera emateko. Rabasedak azaldu duenez, orain arte izan duten «dinamika ona» aprobetxatzen saiatuko dira. Hala ere, bukatuko duten moduan bukatuta ere, argi utzi du urte honen «oroitzapen ona» izango dutela. «Kirol ibilbidean ez dira titulu asko irabazten; beraz, irabazten dugunean, aprobetxatu egin behar dugu» XAVI RABASEDA Bilbo Basketeko kapitaina Festa ez da udaletxean bertan amaitu. Udaletxetik atera direnean, taldeko kideak autobusera igo dira, eta Bizkaiko Foru Aldundirako bidea hartu dute. Aldundian, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak harrera egin die, eta balkoira atera dira bertan ere, herritarrak azkeneko aldiz agurtzeko. Izan ere, badirudi inork ez duela ospakizunari amaiera emateko gogorik. «Poz-pozik» dago Virginia Luis Garcia, haren seme Ametsekin eta alaba Ilargirekin. «Ilargik Bilbo Basketen fundazioan jokatzen du ikastolan, eta, haren entrenatzailea balkoian zegoenez, etorri egin gara», azaldu du. Luisek aitortu duenez, «saskibaloiaren mundua nahikoa berria» da berarentzat, baina «izugarria» iruditzen zaio. Partidak ikustera joaten dira maiz, eta giroa «ikaragarria» dela adierazi du. «Hemendik aurrera, ospatzen jarraituko dugu», gehitu du.