Sadarren lortutako aldea ez da nahikoa izan, eta, 3-1 galdu ostean, Osasunak ez du datorren urtean Lehen Mailan jokatuko. Seigarren aldiz gelditu da ametsaren atean. Oso urduri hasi du partida Josu Dominguezen taldeak, eta garesti ordaindu ditu egindako hutsak. Lize Chamorrok bi gol sartu ditu lehen zatian, eta bigarren zatia hasi eta berehala sartu dute etxekoek kanporaketa erabakita utzi duen hirugarren gola. Bizi-bizi hasi du neurketa Espanyolek. Kataluniako taldea behartuta zegoen gol bat sartzera, eta hasiera sendoa egin du zaleen aupadaren laguntzaz. 6. minutuan gertu izan zuen gola Daniela Caracasek. Osasuna deseroso aritu zen, eta egoerari buelta ematen ari zitzaiola zirudienean sartu du gola etxeko taldeak. Gorritxoen atzelariek huts galanta egin dute baloia Maitane Zalba atezainari ematean. Hark ere beste huts bat egin du, baloiak ihes egin baitio esku artetik, eta baloia Lize Chamorrori iritsi zaio, area barruan. Dena alde zuen, eta baloia sareetara bidali du aurrelariak: 1-0 20. minutuan. Gola bi huts nabarmen egin ostean jaso du Osasunak, eta golaren osteko minutuetan kirioak dantzan zituztela aritu dira gorritxoak. Espanyolek hori baliatu, eta bigarrena sartzeko zorian izan da Caracas. Ozta-ozta atera du baloia atepetik Maitanek. Etxekoek, ordea, berdin jarraitu dute, eta une oro arriskua eraman dute Maitaneren atera. Horrela, bigarrena lortu dute 38. minutuan. Mar Torrasek pase bikaina egin dio Chamorrori lerro artean, eta aurrelariak atezainaren hanka artetik bidali du baloia sareetara. Ametsa zena amesgaiztoa zen Osasunarentzat. Atsedenaldira iritsi aurretik izan du kanporaketa berdintzeko aukera Osasunak. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa Celia Otxoari utzi dio Carmen Sobronek. Baina Otxoaren errematea gora joan da, gutxigatik. 2-0ekoarekin joan dira 22 jokalariak aldageletara. Gola, beranduegi Atsedenalditik bueltan ahalegindu da Osasuna jokoan hobera egiten. Presioa gorago egin dute gorritxoek, eta zelai erdian nagusitu nahi zuten. Baina berehala jaso dute beste belarrondoko bat geldikako jokaldi batean. Burukada itzela jo du Ana Hernandezek, eta Maitanek ezin izan du ezer egin. Zuhaitza astindu du Dominguezek, gol batek neurketan sartuko zuen esperantzaz, eta 85. minutuan jaso du saria. Gol ikusgarria egin du Merche Izalek areaz kanpotik. Atezainak ezin izan du ezer egin. Hala ere, ez da nahikoa izan, eta 3-2 amaitu da kanporaketa.
Bilbobuseko langileek ez dute onartu aurreakordioa, eta greba mugagabearekin jarraituko dute. Biobide enpresak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek (gehiengoa batzordean) aste honetan bertan lortutako aurreakordioa baztertzea erabaki dute langileek batzarrean. Akordioak ez zuen ELA eta LABen babesik.
Euskaldunen hizkuntza eskubideak jomugan daude berriro ere. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak ez du tramiterako onartu Uliazpi fundazioko 34 lanpostutako euskara eskakizunen kontrako sententziari jarritako kasazio helegitea. Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko Uliazpi fundazioak jarri zuen helegitea, baina Gorenak ez onartzea erabaki du. Ez da gaiaren mamian sartu, baina, haren hitzetan, helegitean ez zuten «behar adina» eta «kasuari erreferentzia zehatza eginez» funtsatu tartean zegoenik kasu bakar bat ere agerian uzten zuena «kasazio interes objektibo bat egon zela eta Auzitegi Gorenak erabaki bat hartzea komeni zela». EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak iazko martxoan eman zuen epaia: erabaki zuen ez dela legezkoa euskararen ezagutza aintzat hartzea Uliazpi fundazioan 34 lanpostu betetzeko oposizioan. 2021eko uztailean onartu zuen Uliazpik 34 zaintzaile kontratatzeko prozesua; euskararen ezagutza —B2 titulua— baldintza zen 32 posturentzat, eta meritua beste birentzat. Epaiaren arabera, deialdiak ez zuen bat egiten Espainiako Konstituzioan jasota dauden «berdintasun, meritu eta gaitasun» printzipioekin. Era berean, nabarmendu zuen euskara eskakizun horiek ezartzeak baztertu egiten zituela gazteleraz soilik zekiten hautagaiak: «Hautagaien arteko desproportzio horrek —euskaldunen %100 eta erdaldunen %5,88— markatzen du errekurritutako oinarrien diskriminazio kutsua, hizkuntza arrazoiengatik» Euskara lehenestea bera ere gaitzetsi zuten epaian: «Euskara normalizatzeko plana ezin da lehenetsi oinarrizko eskubideen aurrean». Epaiak erreakzio erreskada eragin zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Garbiñe Mendizabalek esan zuen euskaldunok eskubide osoa zutela zerbitzari publiko guztiekin euskaraz egiteko. Horiek horrela, iragarri zuen aldundia konprometituta zegoela «muturreraino» eramateko Uliazpiko erabiltzaileek —buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak artatzen dituzte— jasotzen duten zerbitzua «norbere hizkuntza aukera errespetatuz» egin dadin bermatzeko irizpidea. Hala egin zuen, eta Uliazpi fundazioak jarri zuen helegitea. Baina, orain, Auzitegi Gorenak erabaki du hura tramiterako ez onartzea. Oldarraldi judizialak, aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak ez ezik, euskalgintzak ere gaitzetsi zuen erabakia bere garaian. Baita orain ere. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek ohar bidez egin ditu adierazpenak. «Euskarafobo» giza izendatu du iaz EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako sententzia, eta euskararen aurkako oldarraldiaren barruan kokatu du Gorenaren azken erabakia ere: «Honek erakusten du euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialak aurrera segitzen duela, ez duela etenik». Halaber, uste du egun eskura dauden tresnak aldatu gabe «zaila» izango dela auzitegien «erasoei» aurre egitea: «Aurrera egiteko, beste eszenatoki batera joateko, tresna berriak eratzea eta horiek abian jartzea da bidea. Hor dugu, adibidez, Galizian eta Katalunian indarrean dagoen araudiari jarraikiz Iñigo Urrutia legelariak egindako proposamena».
Pentsioen sistema osagarri publikoa ezartzea eskatu du LABek, borondatezko aurreikuspen planen ordez, Euskal Herrirako pentsio-sistema publiko eta propio bat eratzeko trantsizio-neurri gisa.
Esku hutsik itzuliko da Athletic Balaidosetik. Celtak 2-1 hartu zuen mendean talde zuri-gorria, markagailua irauli ostean. Lehen zatian Berenguerrek aurreratu du Athletic, kornerrez egindako gol ikusgarri batekin. Baina atsedenaldian egindako aldaketek hauspotu egin dute Celta, eta Lehen Mailan mantentzea jokoan zutela, markagailua irauli dute. Bi minutu eskasean egin dituzte bi golak. Williot Swedbergek lehendabizi, eta Hugo Alvarezek ondoren. Hori dela eta, Athletic ez da datorren urtean Txapeldunen Ligan izango. Europa Liga jokatuko du. Asko zeukan jokoan Celtak. Neurketa hasi aurretik jakin dute galiziarrek Cadizek garaipena lortu duela. Hortaz, bi puntura zituzten jaitsiera postuak. Garaipena beharrezkoa zuen Claudio Giraldezen taldeak, eta zaleen harrera beroa jaso du neurketa hasi aurretik. Partida, berriz, ez da hain bizi hasi. Baloiaren jabetza bai, baina aukera garbirik sortu gabe ekin dio Celtak. Athleticek, berriz, presioa goran egin nahi izan du, ohi bezala, baina min handiegirik egin gabe. Lehen aukerak etxeko taldeak izan ditu. Baina Jørgen Strand Larsenek eta Carles Perezek Unai Simonekin egin dute topo. Athletic, baina, ondo kokatuta zegoen zelaian, eroso, bere aukeraren zain, eta ia nahi gabe iritsi da zuri-gorrien gola. Berenguerrek artelana egin du, korner jaurtiketa bat zuzenean sareetara bidaliz. Ivan Villar atezaina ez da fin ibili, baina ikusgarria izan da Berenguerren jaurtiketa. Kolpe latza izan da Athleticen gola Celtarentzat eta Balaidoseko zaleentzat. Kosta egin zaio Celtari kolpeari aurre egiten, eta gol aukera gutxi sortu ditu atsedenaldira bitartean. Athletici, berriz, hauspoa eman dio golak. Hegaletatik min egin du gaur Jon Aspiazuk zuzendu duen taldeak, eta Unai Gomezen bi burukadarekin gertu izan du bigarrena. Ez du halakorik lortu, ordea. 0-1ekoarekin amaitu da lehen zatia. Aldageletatik bueltan zuhaitza astindu behar izan du galiziarren teknikariak. Azken hilabeteetan taldeko jokalari onenetarikoak izaten ari diren Oscar Mingueza, Alvarez eta Iago Aspas zelairatu ditu. Bigarren mailaren mamua gertu zeukan Celtak, eta puntuak lortzea oso garrantzitsua zen. Bost minutu nahikoa izan dira lehen gol aukera sortzeko. Olatua hartu du orduan Celtak, eta arriskua behin eta berriro eraman du Athleticen atera. Asko sufritu du Athleticek, batez ere atzelarien bizkarrean, eta galiziarrek oso gertu izan dute gola hainbat aldiz. Giraldezek partida aldatu du aldaketekin. Golak, atezaina aldatuta 60. minutuan atezaina aldatu du Athleticek. Gol gutxien jasotzen dituen atezainari ematen zaion Zamora saria lortzear dago Unai, eta liga bosgarren postuan amaituko duela ikusita, erabaki hori hartu dute Ernesto Valverdek eta Aspiazuk. Saria lortzeko hautagaien artean egoteko gutxienez 28 partida jokatu behar ditu atezainak, bakoitzean gutxienez 60 minutu jokatuta. Behin 60 minutu horiek jokatuta, Julen Agirrezabala zelairatu da. Atezaina aldatu eta zazpi minutura iritsi da Celtaren gola. Alvarezek bakarkako jokaldi ederra osatu du eskuin hegalean, eta galiziarren harrobiko jokalariaren erdiraketa Swedbergek bidali du sareetara. Oraindik olatu aparretan zeudela egin du Alvarezek galiziarren bigarrena. Hegalekoak egindako jaurtiketa bortitzak Aitor Paredesen gorputzean jo du, eta zuzenean joan da sareetara. Agirrezabalak ezin izan du ezer egin. Hala ere, Bilbon baino negar gehiago egingo zuten Cadizen. Hortik aurrera, ezer gutxi. Bigarren golaren osteko lehen minutuetan ahaleginak egin ditu etxeko taldeak aldea handitzeko. Baina ezinezkoa izan dela ikusita, golik ez jasotzeko hautua egin du Giraldezek. Defentsako lanetan kontzentratu, eta hiru puntuak etxean gelditzea lortu dute galiziarrek. Zuri-gorriek bigarren zati kaxkarra osatu dute, eta ezin izan dute punturik bildu.
Jendetza batu da gaur Nakba oroitzeko Bilbon egindako manifestazio zaratatsuan. Hitz horrek arabieraz hondamendia esan nahi du. Izen horrekin oroitzen dute palestinarrek 1948ko maiatzaren 15a: duela 76 urte, Israelek jazarpen kanpaina hasi zuen, 700.000 palestinar baino gehiagori etxea kentzeko eta euren bizilekutik kanporatzeko. Egun hori gogoratzeko antolatu du BDZ Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak taldeak protesta, eta herritarrei dei egin die: «Boikot kanpainak indartzeko, eta Israelgo estatu hiltzaile eta genozida zuritu nahi duten konplize guztien aurka ekiteko». Palestina askatzeko, Israeli boikota lelopean abiatu dute protesta Plaza Eliptikotik, «estatu sionista, estatu terrorista» eta «Israel hiltzaile, Europa laguntzaile» oihuek lagunduta. Eragile sozial, sindikal eta politiko ugarik egin dute bat, baita hainbat sektoretako langileek ere. Bakoitzak bere pankarta eraman du. Feministok genozidioaren kontra. Boikot Israel! lelodun pankartaren atzean dago Marije Etxebarria: «Emakumeak eta haurrak gara gerretan gehien sufritzen dugunak; gure gorputzak gudu zelai modura erabiltzen dituzte. Gerrak patriarkalak dira». Aurten, inoiz baino garrantzitsuagoa da kalera ateratzea, Etxebarriaren iritziz. Argi utzi du «toki guztitatik borrokatzea» ezinbestekoa dela. Ikurrina eta Palestinako bandera bana jarri dute manifestazioaren hasieran, eta horien atzean gurutzatu dute Kale Nagusia. Feministez gain, han izan dira, besteak beste, EHUko ikasleak eta langileak, Bilboko konpartsak, guraso elkarteak, Euskal Herriko Kontseilu Sozialista, suhiltzaileak, kazetariak, antirrazistak eta osasun langileak. «Gaur bat egin dugu lan esparruko sektore ezberdinek. Eraman dezagun boikotaren aldarria gure lantokietara, gure eskoletara, gure asanblada, herri eta hirietara!». BDZ Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak «Osasun langile izanda, subjektu aktibo ere izan behar dugu», nabarmendu dute Nekane Urra eta Unai Arraiza osasun langileek. Gogoratu dute osasun zentroei, anbulantziei eta osasun langileei ere egin dietela eraso: «Ur edangarririk gabe daude, medikaziorik gabe, jatekorik gabe eta artatuak izateko azpiegiturarik gabe». Bakoitzak bere leloa eraman duen arren, guztiek izan dute boikota hizpide. Izan ere, BDZ taldeak, amaieran irakurritako oharrean, eragile diferenteak batu izana nabarmendu du: «Gaur bat egin dugu lan esparruko sektore ezberdinek. Eraman dezagun boikotaren aldarria gure lantokietara, gure eskoletara, gure asanblada, herri eta hirietara!». 34.500 hildako Plaza Biribilaren ondoan dagoen Starbucks kafetegian oihuak areagotu dituzte manifestariek, eta txistuka hasi. Genozidioaren «konplize» direla salatu dute. Gauza bera egin dute Nyx hotelaren parean; «sionismorik gabeko auzoak» aldarrikatu dituzte. Udaletxeko eskaileretan amaitu dute ibilbidea. Herritar guztiak ailegatu arte, txistulariek lagunduta, Kofia taldearen Leve Palestina abestia kantatu dute, euskaratuta: «Gure herria aske bedi/ inperialismo orotik. /Sozialismoa eraikiz /Palestina zutik! /Eta munduak hala ikusiko du /Libre, libre, libre Palestina /Libre Palestina, sionistarik gabe». Nyx hotelaren parean, «sionismorik gabeko auzoak» aldarrikatu dituzte. MARISOL RAMIREZ / FOKU BDZ taldeko kideek gogoratu dute gaur egun Nakbak «iraun» egiten duela. Horren adibide da azken zazpi hilabeteetan 34.500 palestinar baino gehiago erail dituztela Palestinan. Are, erantsi dute Gazan biztanleen %75 baino gehiago indarrez lekualdatu dituztela. Hartara, zazpi milioi errefuxiatuk euren lurretara itzultzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute. Hori guztia «nazioarteko konplizitatearekin» egiten ari direla salatu dute. Hortaz, Espainiako eta Frantziako gobernuei, euskal erakundeei eta CAFen moduko enpresei exijitu diete Israelekin duten edozein harreman hausteko: «Harremanik ez kolonizazio eta garbiketa etnikoan oinarritzen den estatu sionistarekin». Gasteizen eta Donostian ere gaur egin dituzte protestak. Iruñean, bart bildu dira. Gainera, Gernika Palestina herri ekimenak ekintza bat egin du gaur Algortan: hildako palestinarren omenez, zapatak jarri dituzte kalean. Bilboko manifestazioa aldarri argi batekin amaitu dute: «Palestinar erresistentziari gure babesa eta elkartasuna erakusteko, Euskal Herrian estatu sionista normalizatu nahi dutenen aurkako borroka indartu dezagun!».
Robert Fico Eslovakiako lehen ministroa tirokatu dute gaur. Eslovakiako Handlova hirian gertatu da tiroketa, Bratislava hiriburutik 150 bat kilometrora. Eslovakiako TA3 telebistaren arabera, ustezko tiro egilea atxilotu dute, 71 urteko gizonezko bat. Poliziak ez du erasoaren inguruko azalpen gehiagorik eman. Lehen informazioaren arabera, bost tiro eman dizkiote Ficori sabelean, eta oso larri eraman dute erietxera. Defentsa ministroak jakinarazi duenez «ebakuntza zail bat» egiten ari zaizkio bertan. Lekukoen arabera, hainbat tiro entzun ziren, eta jarraian lehen ministroa lurrera erori zen. Segurtasun arduradunek lehen ministroaren autoan sartu zuten berehala Fico eta erietxera eraman zuten. Gobernuburua hirian bildutako jendea agurtzera gerturata zen tiroak entzun zirenean. Erietxeko iturrien jakinaraz zutenez, gobernuburua konortedun zegoen heldu zenean. BBC komunikabideak jakinarazi duenez, Eslovakiako jarduneko presidente Zuzana Caputova «txokaturik» agertu da eraso «bortitz eta krudel» hori dela eta. Gisa berean iharduki dute Europar Batzordeko buruak, Ursula von der Leyenek; Errumaniako lehen ministroak, Marcel Ciolacuk; Txekiar Errepublikakoak, Petr Fialak; Hungariakoak, Victor Orbanek; eta Erresuma Batukoak, Rishi Sunakek. Güvenlik, yaralı Slovakya Başbakanı’nı kaldırıp (ayaklarını yerden kesip) arabaya sürüklüyor… Robert Fico’ya saldırı ilk görüntü.. Böyle son dakika işlerini çok paylaşmam, fakat hedef “Ukrayna savaşının gereksiz” olduğunu söyleyen bir politikacıysa… pic.twitter.com/StC1klJn6Q — Ahmet Yeşiltepe (@ahmetyesiltepe) May 15, 2024 Ficorena da 2003az geroztik Europako gobernuburu baten kontra egiten duten lehen atentatua —2003an Zoran Dindic Serbiako lehen ministroa hil zuten—. 2005ean, Georgian gizonezko batek granada bat bota zuen Mikhail Saakaxvili presidentea eta AEBetako estatuburu George Bush parte hartzen ari ziren ekitaldi batean, baina eszenatokitik urrun erori zen, eta ez zen lehertu. Bush eta Saakaxvili onik irten ziren. Populista Fico joan den iraileko hauteskundeen ondoren itzuli zen lehen ministroaren kargura, koalizio pupulista-nazionalista baten zerrendaburu gisa aurkezturik. Smer-SDD ezkerreko alderdiko burua da, eta hauteskundeak irabazi berri ditu esanez irabaziz gero Eslovakiak ez ziola Ukrainari gehiago arma laguntzarik bidaliko. Baina ukatu izan du errusiazalea dela. Horrez gain, Mendebaldeak Errusiaren aurka hartutako neurriei buru egiteko prest agertu da. Inork ez du esan, haatik, gaurko tiroketak iritzi horiekin loturarik duenik. Eslovakiako presidente hautatu eta Ficoren aliatu Peter Pellegrinik erran du «laztua» zela «iritzi politiko ezberdin baten aurkako gorrotoak noraino eraman dezakeen ikusirik». 2018an, lehen ministroaren kargua utzi behar izan zuen Ficok, Jan Kuciak ikerketa kazetariaren erailketaren ondotik. Langile familia batean sortu zen Fico, 1964an. Ofizioz abokatua da. Ibilbide politikoa Alderdi Komunistan hasi zuen, 1989ko Belusezko iraultza aitzin, Txekoslovakia ohian. 1994. eta 2000. urteen artean, Eslovakiaren ordezkari egon da Europako giza eskubideen auzitegian. Smer-SD alderdia 1999an sortu zuen, Ezker Demokratikoak proposatu zion ministro kargu bat ukatu ondoren. Smer alderdiarekin garaipen handia lortu zuen 2006ko hauteskundeetan, eta lehen ministro bilakatu zen, lehen aldiz. Eslovakia bi urte lehenago sartu zen Europako Batasunean. 2012an berriz irabazi zituen bozak, ustelkeria salaketa baten ondorioz zentro-eskuineko koalizio batek galdu ondoren. 2016an berriz ere garaile atera zen, baina bi urteren buruan kargua utzi zuen, Kuciak kazetariaren eta haren bizilagunaren erailketaren ondotik. Joan den urrian itzuli zen lehen ministroaren postura. Leporatu zaizkion ustelkeriak betidanik ukatu ditu. The Guardian-ek dioenez, Ficok Errusiako presidente Vladimir Putin miresten du, eta errana luke ezen nazioarteko atxilotze agindu bat balitz Putinen aurka, Eslovakiara joanez geroz, ez lukeela utziko atxilotzen. Hungariako gobernuburu Viktor Orbanen alde ere mintzatua da, Moskuren gertukoa hura ere. Taktikalari trebetzat daukate adituek Fico. Nagusi diren jarrera europazaleen eta Mendebaldearen aurkako ele nazionalista zorrotzen arteko joko abila erabili duela diote. Immigrazioaren kontrakoa da, eta, diotenez, diskurtso horrekin irabazi zituen 2016ko hauteskundeak. Komunitate musulmanaren kontrako eleak ere izan ditu. Ez hori bakarrik. Sexu berekoen ezkontzaren aurka agertu da Fico. COVID-19aren pandemia denboran maskaren erabiltzearen, konfinamenduaren eta txertatzearen kontra aritu zen. Urte hastapenetik, protestak piztu dira Eslovakian. Izan ere, otsailean, legebiltzarreko diputatuek ustelkeria kasuentzat plantan zegoen fiskaltza bereziaren bulegoa kentzea bozkatu zuten, eta diru-ustelkeria zigorren arintzea erabaki. Horrez gain, sexu-bortxaketa aferetan preskripzio epeen laburtzea erabaki zuten. Apirilean, Eslovakiako gobernuak irrati-telebista publikoaren ordezkatzeko neurria aurkeztu du. Oposizioak azkarki kritikatu du neurria, erranez gobernuak irrati eta telebista publikoen kontrola hartu nahi zuela. Apirilean, Peter Pellegrini Ficoren hurbilekoak irabazi zituen lehendakari hauteskundeak. Eslovakiako lehen emakume lehendakaria zenaren lekua hartuko du ekainean, Zuzana Caputovarena. Iaz, Caputovak jakinarazi zuen ez zela berriz aurkeztuko, eta heriotza mehatxuak ukan zituela.