Elikadura katearen legea garatzeko dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak. Dekretuak isunak aurreikusten ditu eta baita elikadura katea ikuskatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak ere.
Bazirudien Gazan su eten bat indarrean jartzeko aukera oro zapuztuta zeudela, baina Ismail Haniyehk, Hamaseko adar politikoko buruak, Egiptori eta Qatarri jakinarazi die onartu egingo duela su etenerako egin zioten proposamena. Gazatik bidalitako irudietan herritar asko ageri ziren kalean Hamasen jakinarazpena ospatzen, baina Israelek erantzun du Rafah inbaditzeko planari eutsiko diola. Hala ere, ordezkaritza bat bidaliko du Kairora negoziatzera. Al-Jazeera hedabidearen arabera, Hamasek onartutako su etenerako proposamenak hiru fase ditu, bakoitza 42 egunekoa. Lehenengo fasean, su eten bat hasiko litzateke, eta Israelgo soldaduak Netzarim korridoretik erretiratuko lirateke. Israelek hori erabiltzen du Gaza iparraldea eta hegoaldea banatzeko. Bigarren fasean, operazio militarrak behin betiko etengo lirateke, eta Israelgo indar guztiak Gazatik erretiratuko lirateke. Azken fasean, berriz, bertan behera geratuko litzateke Gazako blokeoa. Nazioarteko berri agentziek xehetasun gehiago eman dituzte. Haien arabera, Hamasek meniaren lehen egunetik hiru bahitu askatuko ditu hiru egunez behin eta Israelek ere askatuko ditu preso palestinarrak, zenbat izango diren zehaztu ez badute ere. Israelgo agintarien lehen erantzun ofiziala Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bozeramaileetako batek, Ofir Gendelmanek eman du, X sare sozialean: «Gerra kabineteak aho batez erabaki du Rafahko operazioarekin jarraitzea Hamasi presio militarra egiteko». Baina Kairora negoziatzaile talde bat bidaliko dutela jakinarazi du, «akordio bat lortzeko aukera guztiak agortzeko Israelentzat onargarriak diren baldintzetan». Halaber, Gendelmanek jakinarazi du Israelgo gerra kabineteak bilduta jarraitzen duela. Netanyahuren bulegoak adierazpen horiek egitearekin bat, armadak jakinarazi du Rafah ekialdean «Hamasen helburuen kontra» bonbardaketak egiten ari dela. Gerran bitartekari aritu diren herrialdeetako ordezkariek egunotan egindako adierazpenei erreparatuta, ez ziren gutxi Israelek eta Hamasek menia bat adostuko zuten itxaropen zantzuak. Nolanahi ere, Tel Avivek goizaldean emandako abisuak bazirudien su etenaren eztabaida berriro abiapuntura itzularazi zuela; izan ere, Rafah ekialdetik alde egiteko agindu die han bizi direnei, eta ehunka palestinarrek ekin diote lekualdaketari. Hamasen arabera, erantzun hori «mugatua» izaten ari zen, eta Rafahko zerbitzuak «ohiko funtzionamenduari» eusten ari ziren. Nolanahi ere, Rafah husteko aginduaren ondoren etorri da su etena onartzeko asmoaren jakinarazpena. Agindu horrek areagotu egin du azken asteotako beldurra: hau da, Israelgo armadak Rafahren aurkako lehorreko operazio militarra hasiko ote zuen. Eta, horren harira, Hamasek berehala erantzun dio Tel Avivek iragarritakoari. Reuters berri agentziak erakunde islamistako iturri bat aipatuz kaleratu duenez, Hamasen iritziz, Israelen aginduak «gerraren gaiztotzea» eragingo luke, eta ohartarazi du horrek «ondorio larriak» izango dituela. Baina Hamasek su etenerako proposamena onartuta, ikusteko dago Israelek nola jokatuko duen. X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, Israelgo armadak esan du «handitzen» ari zirela Al-Mawasi eremuko laguntza humanitarioa, eta horko errefuxiatuentzako kanpalekuetara joateko agindu die Rafah ekialdeko auzoetan bizi direnei; 100.000 palestinar bizi dira han. Dena den, ohartarazi dute Israelgo armadak «lanean» jarraituko duela «gerraren helburu guztiak» lortu arte. Menia negoziazioak Nazioarteak itxaropentsu erreparatu zion bilkura baten ondoren iritsi dira Hamasen erabakia eta Israelen agindua, Palestinako erakunde islamistako ordezkaritza bat bitartekariekin bildu baitzen larunbatean, Kairon, Tel Avivek iragan astean luzatutako menia proposamena hizpide ISRAELEK Al-jazeeraREN EMISIOAK ETEN DITU HERRIALDEAN Israelgo Gobernuak Al-Jazeera telebista katearen emisioak eten ditu herrialde hartan, kabineteak atzo egindako bozketa baten ondoren. Urriaren 7az geroztik, Tel Avivek birritan egotzi dio telebista kateari Hamasekin lotuta egotea, baita «haren aldeko kazetaritza» egitea ere. Horiek hala, kateak Israelen zituen egoitza guztiak itxi behar izan ditu. Al-Jazeerako eta nazioarteko zenbait hedabidetako kazetariek «egun iluntzat» jo zuten atzokoa, eta salatu dute Israelgo Gobernuaren erabakiak «adierazpen askatasuna» eta «informaziorako eskubidea» urratzen dituela.
1936ko gerran hildako hainbat pertsonaren gorpuzkiak aurkitu dituzte Zornotzako hilerrian (Bizkaia). Aranzadi zientzia elkartea ari da bertan lanean, eta lehenbiziko pertsona identifikatzea lortu dute. Gogora institutuak eman du horren berri, eta azaldu hilaren 13an biktima horren gorpuzkia familiari emanen diotela. Ekitaldian parte hartuko dute Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Ainhoa Salterain herriko alkateak, Aitor Miñambres eta Anton Erkoreka historialariek, eta Lourdes Herrasti Aranzadiko antropologoak eta Zornotzako desobiratze lanen arduradunak. Iazko abenduan, lehen fasean, 54 pertsonaren arrastoak topatu zituzten, eta joan den martxoan bertze 32. Bigarren faseko aurkikuntzen berri eman ostean, Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak adierazi zuen denak direla gudariak edo milizianoak, eta hildakoen artean ez dagoela emakumerik, nahiz eta herrian bertan andrazkoen kartzela bat izan zen 1939tik aurrera. Gainera, ziur daude gorpuzki gehiago egonen direla hilerrian, eta uste dute Zornotzakoa Bizkaiko hobi handiena izan daitekeela. Behin gorpuzkiak berreskuraturik, identifikazio lanei ekiten diete. Horretarako, ezinbertzekoa da senideren bat inguru hartan desagertuta dutenek beren DNA lagina ematea. Martxoaren amaieran 35 familiak utzi zuten beren lagin genetikoa Gogorako DNA bankuan. Lagin horiez gain, identifikaziorako lagungarriak izan ohi dira gorpuekin batera agertutako objektuak. Hala azaldu zuen Aranzadiko kide Kepa Ganuzak: «Gudari eta miliziano guztiei ematen zieten identifikazio txapa bat. Abenduan halako batzuk agertu ziren, baina ia deseginda zeuden, zenbakiak ez ziren ikusten. Identifikazioa zaila izaten da, gero artxiboetan bilatu behar baita ea zenbakiak izenik duen, baina normalki aurkitzen ditugu». Dena den, ez da erraza izaten jakitea gorpuzki horiek non zendu ziren edo zer batailoitako kide ziren, baina badauzkate zantzu batzuk: «Guk erabiltzen dugun dokumentazioaren arabera, pertsona batzuk 1936ko abendu hasieran lurperatu zituzten hemen, justu Legutioko batailan [Araba] borrokarik gogorrenak izan ziren egunetan. Beste agiri batzuek diote 1937ko apirilean eta maiatzean ere ekarri zituztela hildakoak, eta egun haietan borrokak izan ziren Saibigainen, Bizkargin, Ganzabalen eta Solluben. Ondoriozta dezakegu han hil zirela, baina oraingoz ezin dugu ziurtatu», dio Ganuzak. Oraindik 1936ko gerran hildako 4.500 gudari eta miliziano daude desagertuta. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hobi gehienak aztertu dituzte dagoeneko, beraz, Gogora instititutuaren arabera, informazio guztia da «baliagarria».
Irmoki luzatu zuen BBVAk Sabadell bankua erosteko eskaintza joan den astean: Sabadellek 4,83 akzioren truke BBVAren bat jasoko luke, eta, orotara, 11.500 milioi euroan baloratu zuen BBVAk Sabadell, berez zuen balioaren gainetik. Lau egun behar izan ditu Kataluniako bankuak erantzuteko, eta, beste behin, ezetza eman dio. Sabadellek deritzo BBVAren eskaintzak «nabarmen gutxiesten» duela bai bankua, bai haren «hazteko aurreikuspenak». «Eskatu gabeko» proposamenak ez omen ditu «ase» Sabadellen interesak, eta, gainera, uzkur egin dio BBVAk burtsan duen «aldakortasunari» —ostegunean eskaintza egin zuenetik %9 galdu du; Sabadell, berriz, %8 igo da—. BBVAk «penaz» hartu du Sabadellek «eskaintza hain erakargarria» atzera bota izana. Sabadellek berretsi du banku independente gisa jarraituz gero «balio handiagoa» sortuko duela. Hain zuzen, lau urte igaro dira BBVAk lehen eskaintza egin zuenetik, eta ordutik hona lau bider egin du gora Sabadellen balioak burtsan. Bi bankuen arteko kargu banaketa ere izan zen arrazoietako bat 2020an proposamenari uko egiteko. Oraingo honetan, BBVAk administrazio kontseiluko hiru kontseilari postu eskaini dizkio, horietako bat, presidenteordearena. Beste hauek ere proposatu zituen: batetik, taldearen egoitzetako bat Katalunian ezarriko litzateke, gaur egun Sabadellen egoitza nagusia den tokian, Sant Cugaten; bestetik, BBVA marka gailenduko litzateke, baina bankuak proposatu zuen euren marka nagusiaren alboan Sabadell Bankua izenari eustea «interes komertzial handia den eskualdeetan eta negozioetan». Ez da kontu berria bi bankuen artekoa: duela lau urte, bi asteko negoziazioen ostean, Sabadell bankuko arduradunek ez zuten onartu BBVAren eskaintza. Ezetzaren arrazoietako bat izan zen BBVAk ez zuela kontuan izan «negozioaren potentziala eta bankuaren independentziaren galera». Izan ere, BBVAren asmoa zen banku berria kontrolatzen jarraitzea. Oraingoan ere antzeko zioek eragin dute bigarrengo erosketa eskaintzari uko egitea. Bizkaian sortutako bankuari Sabadellek enpresa txikien eta ertainen finantzaketan duen negozioa interesatzen zaio, baina baita banku katalanak Erresuma Batuan duen adarra ere, Lloyds Bank izenekoa.
Maiatzaren 7an, 8an eta 9an, ELA sindikatuak greba egitera deitu ditu Osakidetzak azpikontratatutako ospitaleko langileak, hitzarmen kolektiboa defendatzeko.
Lehen Mailara itzuli den denboraldia idilikoa izan da Alavesentzat. Hori esan zuen asteon Luis Garcia Plaza prestatzaileak, eta gaur berretsi du: arabarrek 0-1 irabazi diote Valentziari, eta lau jardunaldiren faltan matematikoki ziurtatu dute Lehen Mailan jarraitzea. Arazorik gabe eutsi diote mailari, beraz. Gaur neurketa ederra jokatu dute, eta Europa Ligara sailkatzeko ia aukerarik gabe utzi dute etxeko taldea. Lehen zatian kontrolpean izan dute partida, eta gola egiteko abaguneak ere sortu dituzte. Kike Garciaren burukada batek zutoina jo du. Gola, ordea, bigarrenean heldu da: Callos Vicentek ateratako korner bat ederki amaitu du Javi Lopezek. Azken minutuetan saiatu dira etxekoak, baina aukera argienak Alavesek izan ditu kontraerasoan. Hiru puntuei esker 41 dituzte arabarrek, eta 11. dira sailkapen nagusian. Azken lau jardunaldiak patxadaz igarotzeko moduan dira. Mendizorrotzan Girona jasoko dute datorren astean.
Ez ditu etxeko lanak egin Aitor Elordik, eta Buruz Buruko Txapelketatik kanpo geratu da. Gaur jokoan ezer gutxi zuen Joseba Ezkurdia garaitu behar zuen Javier Zabala kanpoan utzi eta finalaurrekoetara sailkatzeko, baina huts egin du (10-22). Puntu banarekin amaitu dute hirurek, eta berdinketa horretan Errioxakoa irten da garaile. Unai Lasoren aurka jokatuko du Iruñeko Labriten maiatzaren 18an. Ezkurdiak sekulako profesionaltasuna erakutsi du Bizkaia pilotalekuan. Esana zuen entrenamenduetan ondo sentitzen ari zela, baina orain arte ez zuen erakutsi. Presiorik gabe aritu da gaur. 0-6 irabazten hasi da, sakea berreskuratu duenean 10-7 aurreratu da egungo txapelduna, baina gero hamasei tanto jarraian egin ditu Arbizukoak. Ikusgarria, eta ezustekoa. «Zer egiteko gai naizen erakutsi dut gaur. Aurreko bi partidetan arazoa buruan izan dut, blokeatuta irten naiz partidetara, eta horrek dakidan moduan jokatzea eragotzi dit. Sentitzen dut Elordigatik, mutil jatorra da eta tratu ona dut harekin, baina nire lana egitera etorri naiz», azaldu du. Atzo, multzoko beste partidan, Artolak egurra eman zion Zabalari (22-8). Partida ikusgarria jokatu zuen, eta multzoburu sailkatu da finalerdietara. Bere aurkaria datorren asteko Altuna III.aren eta Darioren artekotik aterako da.