Prokuradoreak dio Donibane Lohizuneko feminizidioa «krimen bortitza» izan dela
Lehen zantzuek erakusten dutenez, Donibane Lohizunen (Lapurdi) ostiralean hilda aurkitu zuten emakumearen hilketa «krimen bortitza» izan zen. Hala adierazi du gaur egin duen agerraldian Jerome Bourrier prokuradoreak. Gertatutakoa argitzeko ikerketak zabalik jarraitzen du; «feminizidioa» aipatu du prokuradoreak, hilketa matxistaren hipotesiari indar emanez, eta aurrez prestatutako hilketa izan daitekeelakoan dago. Delitu hori biziarteko kartzela zigorrarekin zigortzen du Frantziako legediak. Bihar egingo diote autopsia gorpuari. Hortaz gain, Bourrierrek iragarri du hildakoaren bikotekidea, ustezko hiltzailea, atxilotuta izango dutela epaiketa egin arte. Gorpua aurkitu bezain pronto atxiki zuten 37 urteko gizona, galdekatzeko; atzo atxiloaldia luzatu zioten, eta gaur jakinarazi dute momentuz ez dutela aske utziko. Baionako komisarian dago. Hilketa salatzeko, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizaziorako deia egin du: astelehenean, 19:00etan, Luis XIV. plazan. Kontzentrazioak izango dira Hegoaldeko hiriburuetan ere, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta: Iruñean bihar 20:00etan, udaletxe parean; Gasteizen asteazkenean, 19:00etan Andre Mari Zuriaren plazan. Zehazteke daude Donostiakoa eta Bilbokoa. 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da, eta aurtengo lehenengoa. Aurrekariak Sud Ouest-ek adierazi zuenez, apirilaren erdialdean Ziburuko eraikin batetik jausi zen emakume bera da hilda topatu zutena. Orduko hartan larri eraman zuten ospitalera; hotel bateko bosgarren solairutik erori zen. Orduan ere atxilotu zuten gizona; emakumearen gela berean zegoen. Kazetak adierazi zuen gizona jadanik «begitan» zuela Poliziak, indarkeria matxistagatik, baina, bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean. Hamar egun geroago, prokuradoreak esan zuen suizidioaren hipotesia lantzen ari zirela. «Pertsona horrek aurrekari psikiatrikoak eta joera suizidak izan dituela ikusirik, hipotesi horri buruz goaz», baieztatu zuen Bourrierrek. Hala ere, «hilketa saiakeragatik» abiaturiko ikerketa aurrera zihoala esan zuen, zuhurki, «eta oraindik itxi gabea» zela. Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paris hotela. GUILLAUME FAUVEAU Zauri larriak izan zituen apirilean emakumeak; besteak beste, gerrialdean. Ospitalean, hil edo bizi egon zen. Medikuek koma artifizialean izan zuten, garuneko kalteetatik babesteko. Handik bi egunera lortu zuten emakumea egonkortzea eta bizirik mantentzea. Geroztik, galdekatu ahal izan zutela esan zuen prokuradoreak, baina ez zutela ezer argirik atera. Ospitalean egon zen emakumea, joan den asteazkenean desagertu den arte. Argitu gabe dago zer gertatu den bi egun horietan, baina, Sud Ouest-en arabera, gizonezkoa Paris hotelean egon zen. Gizonak berak deitu zuen Polizia.


