Israelen aliatu nagusia izan arren, Teheranen eta Tel Aviven arteko gatazkan eraso zuzenik ez egiten ahalegindu dira Ameriketako Estatu Batuak; gaur arratsaldean AEBetako presidenteorde J.D. Vancek sare sozialetan egindako adierazpenei erreparatuz gero, ordea, baliteke datozen egunetan Etxe Zuriko maizterrak jokabide hori aldatzea. Vanceren arabera, Donald Trump prest legoke «esku hartzeko», hori egitea beharrezkoa bada Iranen gaitasun nuklearra ahultzeko. Hain justu, zertxobait geroago Trumpek «baldintzarik gabeko errenditze bat» onar dezala exijitu dio Irani, eta mehatxu egin dio: «Badakigu lider gorena [Ali Khamenei aiatola] non dagoen, erraz hil dezakegu, baina ez dugu halakorik egingo; oraingoz». Ultimatuma eman baino ordu batzuk lehenago, AEBek Israelen duten enbaxadore Mike Huckabeek bidalitako mezu batzuk zabaldu ditu sare sozialetan Trumpek; horietan, irakur daiteke nola Huckabeek aholkatzen dion presidenteari «ahots asko» entzuten ari dela, baina «Jainkoaren ahotsari soilik» egin behar diola jaramon. Areago, momentu historiko batean dagoela iradokitzen dio enbaxadoreak: «[Harry] Truman 1945ean Etxe Zurian egon zenetik, presidente bat bera ere ez da inoiz egon zu orain zauden bidegurutzean». Israelek iragan ostiralean egin zion eraso Irani, eta Teheranek berehala aldarrikatu zuen «bere burua defendatzeko eskubidea». Ordutik, etenik gabe egin diote eraso elkarri. Israelgo armadako iturriak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, ordea, Tel Avivek aurreikusten du «aste bat edo bi barru» bukatzea bere operazio militarra. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu, berriz, Irango herritarrei zuzendu zitzaien atzo, Londresen egoitza duen International Iran katean: «Ordua heldu da; aske izango zarete laster». Bestalde, nazioartea Ekialde Hurbilean gertatzen ari denarekin arduratuta dagoen honetan, G7 taldekoak lerratu egin dira: «Israelek bere burua defendatzeko eskubidea dauka». Kananaskisen (Kanada) daude bilduta, eta bart kaleratu duten ohar bateratuan, nabarmendu dute Iranek eragiten duela «ezegonkortasuna eta terrorea» eskualde horretan, eta «sekula ere» ez lukeela eduki beharko arma nuklearrik. G7koek «Iranen krisi» gisa jo dute azken egunotako oldarraldia, eta hura «leuntzeko» deia egin —AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatzen dute taldea—. Bere burua defendatzen duena Iran dela esan du Esmail Baqaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak sare sozialetan. «Ba al du beste aukerarik?». Haren hitzetan, Israelek «agresio lotsagabea» egin du Iranen kontra, eta G7koek «erantzukizun legala eta morala» dute hori salatzeko —bereziki NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko estatuek (AEBak, Erresuma Batua, Frantzia)—. Nabarmendu du Israelek erasotzeari utzi bezain laster helduko dela munduko herrialderik industrializatuenek salatu duten ezegonkortasun hori. AEBetako presidentea da Kanadan egon diren liderretako bat. Goi bilera atzo hasi eta gaur amaitzekoa den arren, Trumpek gauerdian hartu du Washingtonerako hegaldia. Hara heldu berritan, Etxe Zuriko maizterrak esan du itzulerak ez duela zerikusirik Israelen eta Iranen arteko su eten posible batekin; are, hori «baino zerbait hobeagoa» lortu nahi duela: «Benetako amaiera bat, ez su etena. Amaiera». Abiatu aurretik, sare sozialetan Iranen programa nuklearra izan du hizpide: «Irani akordioa sinatzeko esan nionean, sinatu beharko zukeen. Zoritxarra da, eta bizitzak alferrik galtzea. Sinpleki esatearren: Iranek ezin du arma nuklearrik eduki. Behin eta berriro esan dut!». Dena den, Kanadatik joan aurretik kazetariei egindako adierazpenetan, esan zuen «balitekeela» Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkaria edo J.D. Vance AEBetako presidentea Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroarekin biltzea asteon, elkarrizketekin jarraitzeko. Izan ere, bi aldeak bilera egitekoak ziren Omanen, bitartekari ari den herrialdean, baina bertan behera geratu zen erasoengatik. Bestalde, iragarri zuen Israelek ez zuela bere jarrera baretuko: «Datozen bi egunetan ikusiko duzue». Are, Teheran «berehala» ebakuatzeko deia egin du Trumpek sare sozialetan. Hain zuzen, AEBek Irani akordioa sinatzeko eman zioten 60 eguneko epea amaitu —apirilaren 12an ekin zioten Teheranek eta Washingtonek negoziatzeari— eta biharamunean hasi zuen Israelek erasoaldia. Israelen argudioetako bat da Iranek bonba nuklear bat garatu ahal izateko «urrats garrantzitsuak» egin dituela. Begiz jota ditu, esaterako, Natanzeko azpiegitura nuklearra —bonbardaketen ondorioz uranioa aberasteko guneak eta hango sistema elektrikoa suntsituta geratu dira— eta Fordowkoa. Misilek ez dute kalte handirik eragin Fordowen, baina «dudarik gabe» jarraituko dute horren kontra, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak gaur esan duenez, herrialdeko hedabideen arabera. Ministroak ziurtatu du Teherango hamar azpiegitura nuklear suntsitzear daudela. 600 Iranen zenbat atzerritarrek egin duten ihes Azerbaijanera. Israelek Iranen kontrako erasoaldia ostiralean abiatu zuenetik, hamazazpi herrialdetako 600 lagun baino gehiago ebakuatu dituzte Azerbaijanera, Bakuko gobernuaren iturriak aipatuz AFP agentziak kaleratu duenez. Iheslariak hiriburuko aireportura eraman dituzte, jaioterrietara itzul daitezen. CNN hedabideak AEBetako zerbitzu sekretuetako iturriak aipatuz kaleratu duenez, Iranek ez du asmorik arma nuklearrik sortzeko, eta, hala balitz ere, hiru urte beharko lituzke gutxienez halakorik ekoizteko —aintzat hartzekoa da Ali Khamenei Irango lider gorenak halako armak debekatzen dituen fatua bat duela ezarria—. CNNk aipatutako beste iturri ofizial baten arabera, Teheranek gaitasuna dauka bonba nuklearrak garatzeari ekiteko: «Halakorik nahi balu, beharko lukeen guztia dauka». Ostiralean, Israelek Irango armadako eta Irango Guardia Iraultzaileko zenbait goi kargudun hil zituen, besteak beste. Israelgo armadak jakinarazi du, gaur kaleratu berri duen ohar batean, Ali Xadmani Irango armadako buruetako bat hil duela, hark kargua hartu eta egun gutxira. Gainera, Israelen misiletako batek Iran erdialdeko Kaxan hirian egin du eztanda gaur goizean, eta hiru hildako eragin ditu, Mehr berri agentziaren arabera. Iranek, berriz, Israel erdialdera eta iparraldera jaurti ditu bart hainbat drone eta misil. Irango Guardia Iraultzaileak misil sorta «are boteretsuagoa» jaurti duela jakinarazi du gaur goizean, eta kalteak eragin ditu Herzliya hiriko armadaren egoitza batean eta Mossad Israelgo inteligentzia zerbitzuen zentro batean. Saddam Husseinen «patu» bera Atzo, Netanyahuk mahai gainean jarri zuen Irango lider gorena hiltzea: «Khamenei hiltzeak ez luke gatazka areagotuko; bukatu egingo luke», esan zuen ABC News hedabidean atzo arratsaldean egindako agerraldi batean. Biharamunean, Israel Katzek Khameneiri ohartarazi dio ez dezala egin «gerra krimenik», hango hedabideek kaleratu dutenez, eta mehatxu egin dio: «Iran ondoko herrialde bateko diktadore batek Israelgo estatuaren kontrako bidea hartu zuen, eta [Khameneik] ondo egingo luke bere patua gogoratuko balu», esan du Defentsa ministroak, Saddam Husseini erreferentzia eginez —2006an urkatu zuten Irakeko presidente ohi hori, xiiten kontrako sarraski batengatik heriotzara zigortu eta gero—. ISRAELEK 60 LAGUN HIL DITU KHAN YUNISEN, LAGUNTZA JASOTZEN ARI ZIRELA Israelgo armadak 60 lagun hil ditu gaur tiroz Gazako Khan Yunis hirian, laguntza humanitarioa jasotzeko itxaroten ari zirela, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera; Gaza Humanitarian Foundation erakundea duela hiru aste laguntza banatzen hasi zenetik ez da egun batean hainbeste hildakorik egon. Atzo beste 42 hil zituen Israelgo armadak zerrendan. Gazako osasun iturrien arabera, epe horretan Israelek 400 gazatar inguru hil ditu GHFk laguntza banatzeko ezarritako guneetan, eta gutxienez 2.831 zauritu.
REE Red Electrica Españolak erabaki zalantzagarri bat hartu zuen itzalaldiaren bezperan, tentsioa kontrolatzeko ardura zuten zentral termikoek ez zuten araudia bete, instalazio batzuk «modu desegokian» deskonektatu ziren, eta gabezia batzuk daude zibersegurtasunean; hori guztia ageri da Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak apirilaren 28ko itzalaldiaz gaur aurkeztutako txostenean. Ministroak ez du erantzuleen inguruko zehaztasunik ez izenik eman nahi izan, «gaiaren instrukzio fasea ondoren etorriko delako, bai CNMCn bai auzibidean». Gaur aurkeztutakoa «txosten analitikoa» dela esan du, eta izenak Espainiako Kongresuko Sekretu Ofizialen Batzordean emango dituela. Aagesenek aurretik esana zuen bezala, itzalaldiaren egun hartan gehiegizko tentsioa izan zen sare elektrikoan hainbat faktoreren ondorioz. Baina, zergatik sistema ez zen gai izan gehiegizko tentsio hori arintzeko? Gabeziak izan zirelako horretarako aurreikusitako prozeduran, energia erreaktiboa xurgatu eta tentsioa kontrolatu behar zuten zentral termikoetan, hain justu. Malagako kaleak ilunpetan, apirilaren 28an. ENRIQUE BERMUDEZ / EFE Tentsio gehiegi zegoenean instalazio batzuk «modu desegokian» deskonektatu zituztela ere azaldu du Aagesenek. Zentral jakin batzuen arduraz gain, Red Electricaren erabaki batzuk ere aztertu beharko dira, ziurrenez auzibidean. Zentral bat gutxiago Izan ere, itzalaldiaren bezperan, eguneko merkatuek argindar sorkuntza eta eskaria bateratu ostean, sistemaren operadoreak —Red Electricak— lurraldean banatutako hamar zentral termikori eskatu zien —kasik agindua izan zen— hurrengo egunean sarera konektatzeko, tentsio dinamikoaren kontrolerako ahalmena izateko xedez. Zentral termiko horiek ordaina jasotzen dute jarduera horrengatik. Baina arratsaldeko zortzietan hamar zentral horietako batek jakinarazi zuen ez zela erabilgarri egongo. Aagesenen arabera, Red Electricak kalkuluak egin, eta erabaki zuen gainerako bederatzien jarduna nahikoa izango zela tentsio dinamiko hori kontrolatzeko. Eta horrela, energia erreaktiboa xurgatzeko lana zuten bederatzi zentral termiko zeuden martxan apirilaren 28ko goiz hartan —itzalaldiaren eguneko goiza—. Eta goiz gorabeheratsua etorri zen, ministerioaren txostenaren arabera: sareko maiztasun gorabeherak jada 9:00 inguruan antzeman ziren, baina «10:30ean ezegonkortasuna oso nabaria zen, gorabeherak oso handiak ziren, nahiz eta gutxieneko eta gehieneko balioek araudia bete». Oszilazioak Ohikoa izaten da sisteman maiztasun gorabeherak egotea, oszilazioak gertatzea, are gehiago sarearen muturretan, kasu honetan Turkian eta Iberiar penintsulan. Berez, zenbat eta interkonexio gehiago izan sareek, orduan eta sendoagoa da lotura gorabeheren tiraldiei eusteko. Baina gauza jakina da: penintsulak oso interkonexio gutxi du Frantziarekin, eta ondorioz, sendotasun txikia oszilazio handiei aurre egiteko. Egun hartan, 12:03an, ezohiko gorabehera erritmiko handi bat (0,6 hertz) izan zen apirilaren 28an. Badakite zein izan zen bibrazio handi hori eragin zuen instalazioa; penintsulakoa da, eta haren ezohiko funtzionamenduak eragin zuen bibrazio hori. Aagesenek ez du instalazioaren izenik eman. REEk zentral termiko bat konektatzeko agindu zuen, baina berandu izan zen. Halako zentralek ordu eta erdi behar izaten dute pizteko. Irudian, Castejongo zentrala. INIGO URIZ / FOKU Goiz hartan, deiak egin zituzten hainbat tokitatik. Ezarritako protokoloekin, argindar sistema gai izan zen tentsio gorabehera hori arintzeko. Baina, horretarako, operadoreak bi neurri hartu behar izan zituen: batetik, sareko konexioak aldatu zituen, zirkuitu batzuk itxi… Eta, bestetik, Frantziarako argindar esportazioa murriztu zuen. Bi neurri horiek aplikatuta oszilazio handia arintzea lortu zuten, baina ordainetan tentsioa handitu egin zen sisteman. 12:19an, beste gorabehera handi bat iritsi zen —Europa erdialdean zuen jatorria—, eta operadoreak sarean esku hartu behar izan zuen berriz ere, eta esportazioak are gehiago murriztu (sorkuntza gutxituz); ondorioz, tentsioa berriz ere handitu zen. Operadorea jabetzen ari zen tentsioa kontrolatzeko programatuta zeuden bederatzi zentral termikoak ez zirela tentsioa erregulatzen ari araudiak aurreikusitako moduan. Gauzak nola zeuden ikusita, Red Electricak konektatzeko agindua eman zion hamargarren zentral termiko bati —Espainia hegoaldekoa—. Ordu eta erdi behar izaten da halako instalazio bat martxan jartzeko, eta 14:00etarako konektatuko zela aurreikusi zen. Berandu. Kolapsoa 12:32:57an bizkorra, etengabea eta lineala izan zen tentsioaren igoera. Banaketa sarean —REEren begiradatik at— sorkuntza planta txikiak deskonektatzen hasiak ziren, eta gero handiagoak saretik ateratzen joan ziren Granadan, Badajozen, Segovian, Huelvan, Sevillan, Caceresen… Aagesenen arabera, deskonexio horiek instalazioak babesteko egin ziren, «baina haietako batzuk modu desegokian deskonektatu ziren». 12:33:18an tentsioa altua zen, eta deskonexio bakoitzak tentsioa igotzen zuen, kate erreakzio gisa. Maiztasuna ere jaitsi egin zen, sinkronia galdu zen Frantziarekin… Eta eskaria gutxitzeko sei pausotako prozedura abian jarri zen, ura goraka punpatzen ari ziren zentral hidroelektrikoen eskaritik hasita. Hamabi segundo izan ziren guztira, baina sorkuntzaren galera eta eskariaren murrizketa nagusia bost segundoko tartean jazo zen, eta hortik zero elektrikoa.
Gaur hasi da BSHko langileen kontratua eteteko lan erregulazioko espedientearen kontsulta epea, eta multinazionalak kartak mahai gainean jarri ditu. Abenduaren 31tik aurrera, 649 langile kaleratzeko asmoa du, eta lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina proposatu du. Lehen bilkura horrek lau ordu iraun du, eta kanpoan langileek bere haserrea azaldu dute. Protestak egin dituzte zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko bilera hasi aurretik. Irurtzungo Plazaola hotelean (Nafarroa) bildu dira, 11:00etan, eta amaitu arte egon dira zain langileak. [galleries:horizontal:96] Hurrengo asteetarako egutegia zehaztu dute bi aldeek. Datorren astean, ekainaren 25ean bilduko dira berriz, Iruñean, langileen batzordeak hala eskatuta. Sindikatuek denbora eskatu dute zuzendaritzak banatu dien informazio kopuru «itzela» sakon aztertzeko. Beste sei data lotu dituzte datozen hilabetean —uztailak 1, 3, 8, 10, 15 eta 16—. Zuzendaritzak proposatutakoaren arabera, lan erregulazioko espedienteak 649 langileri eragingo dio. Bero ponpen ataleko hemezortzi langileak eta partzialki erretiratutakoak dosierretik at geratuko dira. Halaber, bete gabeko 48 lanpostu eskaini ditu Espanian dituen hiru lantokietako batean —Zaragozan bi eta Santanderren bat—. Espedientea aurkezteko antolakuntza eta produktibitate arrazoiak eman ditu BSHk, eta bidezko kaleratze batean baldintzak aurkeztu ditu; lan egindako urte bakoitzeko 20 laneguneko ordaina, alegia. Abenduaren 31n sartuko litzateke indarrean. Dosierra negoziatzen ari diren bitartean, BSHk kontratatutako Metyis Herbehereetako aholkularitza etxeak lantokia erosteko inbertitzaileen bila jarraituko du. Nahiz eta kontratua uztailaren 17an amaitu, hura luzatzeko aukera egongo dela jakinarazi dio BSHk langileen batzordeari. Atzo ere beharginek pneumatikoak erre zituzten Ezkirozko fabrikaren parean. Izan ere, Alemaniako multinazionalak gaur itxi du lantegia. Huarteko (Nafarroa) BSHko langileek ere elkartasuna erakutsi nahi izan diete gaur Ezkirozkoei, eta elkarretaratze bat egin dute. UGTk ohar bidez «erabat» gaitzetsi du BSHk alde bakarreko erabakian lantokia itxi eta lan erregulazioko espedientea aurkeztu izana. Sindikatuaren aburuz, beste bide bat har zezakeen multinazionalak eta energetikoki eraginkorragoak izango diren beste produktu batzuk ekoitzi, hasieratik inbertsio txiki bat eginda. «Deslokalizazio argia izan da», salatu du. BSHk etxetresna elektrikoak ekoizten ditu, eta iazko abenduan iragarri zuen aurtengo ekainean itxiko zuela Ezkirozko fabrika. Ordutik, lantegian jarduerari eusteko alternatiba baten bila aritu da Nafarroako Gobernua. Ate hori irekita dago oraindik ere, baina BSHren zuzendaritzaren iragarpena kolpe handia izan da langileentzat. [articles:2143342] Ezkirotzen, hozkailuak eta ontzi garbigailuak produzitzen dituzte nagusiki, eta bero ponpak egiteko atal bat ere badute. Azken urteetan, multinazionalak Turkian eta Polonian dituen lantegietara eraman du ekoizpenaren parte bat. BSHk Euskal Herrian duen azken lantegia da Ezkirozkoa. Villatuertako fabrika (Nafarroa) 2014ko azaroan itxi zuen. Eta gauza bera egin zuen Uharten zituen bulegoekin, 2015ean. Bestalde, BSHk Kataluniako B&B Trends enpresari saldu zion Gasteizko lantegia 2018an.
Ekainaren 25etik aurrera eskatu ahal izango dira ibilgailu elektrikoentzako 7000 eurorainoko laguntzak. Eusko Jaurlaritzak Moves III 2025 plana martxan jarriko du, 14,9 milioi eurorekin, mugikortasun elektrikoa sustatzeko eta autoak eta birkarga-puntuak erosteko diru-laguntzak emateko.
Euskadik Estatuko bigarren soldata-kosturik altuena izan du urteko lehen hiruhilekoan. Euskadin, soldaten kostua 2.543,50 eurokoa izan da lehen hiruhilekoan, eta Espainian, berriz, batez bestekoa 2.290,46 eurokoa.
Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailak «aparteko» neurria hartu du gaur arratsaldean, eta Gasteizko lorezainei agindu die hiriko parke handienetako eta errepide bazterretako belardiak mozteko. Ia hiru hilabete dira lorezainak greban hasi zirela, eta, orain arte ez dutenez gutxieneko zerbitzurik izan, jori daude berdeguneak. Horrenbesterako, ezen Lan eta Enplegu Sailaren arabera arrisku egoera bat eragiten eta «oinarrizko zerbitzuen» jarduna oztopatzen ari baitira. Bi iritzitan oinarritu dira erabakia hartzeko: alde batetik, Gasteizko suhiltzaileen buruak dio suteak izateko arriskua «handia» dela. Udaberrian belarrak kontrolik gabe hazi direla eta, orain udako eguzki erreak sutan jar ditzakeela zehaztu du; bestetik, Gasteizko Udaleko Trafiko sailak igorritako txosten bat baliatu dute. Haren arabera, hiriko zenbait puntutan belarrek errepideko seinaleztapena ezkutatu dute, eta ikusgaitasuna murriztu dute; ondorioz, istripuak izateko aukerak handitu dira. Are, belardiek espaloiak jan dituztela eta eremu «arriskutsuak» sortu direla diote trafikoko agenteek. Aranbizkarrako, Arriagako, Katedraleko, Floridako, Iparraldeko eta San Martingo parkeetako belardiak txukundu beharko dituzte lorezainek. Hau da, belarrak moztu eta bildu egin beharko dituzte, eta baita eroritako adarrak erretiratu ere. Belar artean pilatutako zikinak ere jaso beharko dituzte. Judizmendi eta Pardo parkeetako berdeguneen ertzak ere garbitu beharko dituzte, eta baita hiriko biribilguneetako eta erdibitzaileetako belardiak ere. Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du erabakiak ez duela greba eskubidea mugatzen. Horretarako, «beharrezkoak» diren langileak «ezinbesteko» denboran mobilizatuko direla iragarri dute. Halaber, ohartarazi dute gutxiengo zerbitzuak aldatu egin daitezkeela, grebak duen bilakaeraren eta beharren arabera. Udala, pozik Gasteizko Udalaren iritziz, «positiboa» da erabakia. Beatriz Artolazabak Gasteizko Udaleko alkateordeak eta Espazio Publikoaren arduradun politikoak ohar bidez esan du «beharrezko» neurria dela, eta «neurrikoa». «Erabaki honi esker langileen greba eskubidearen eta herritarren ongizatearen arteko oreka bermatuko da». Udalak berak egin zion eskaria Eusko Jaurlaritzari, aurreko astean. Enviser enpresak ere gauza bera egin zuen. Lorezainek, baina, aurka hitz egin zuten, «oinarrizkoak» ez direla argudiatuta. Gainera, langileen ustez, Gasteizko Udalaren eskakizunak «gehiegizkoak» dira: «Greban zehar pilatutako lan guztiak egitea nahi dute». Martxoaren 26tik daude Gasteizko lorezainak greban. «Lan baldintza duinak eta soldata nahikoak» bermatuko dituen hitzarmena eskatzen dute langileek. Enviserreko arduradunek diote egungo lan baldintzek Gasteizko Udalak ezarritako gutxiengoak betetzen dituela, eta udalak dio ezin duela enpresa pribatu baten lan baldintzetan eragin. Hala, negoziazioak ez aurrera ez atzera daude. Behin baino gehiagotan elkartu dira Lan Gatazkak Ebazteko prozeduraren barruan. Akordioa lortzeko «oztopo nagusia soldaten arloan dago», langileen arabera.
Fermin Leizaola (Donostia, 1943) etnografo eta espeleologoa hil da, 82 urte zituela. Ofizioz analista kimikoa bazen ere, afizioz espeleologiari eta etnografiari lotuta eman zuen bere bizitzaren zatirik handiena. Aranzadi zientzia elkarteko kidea izan zen —iaz arte Etnografia Saileko zuzendaria izan zen—, bai eta Eusko Ikaskuntzakoa ere. Etniker taldeko idazkaria ere izan zen. 2018an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria jaso zuen etnografiaren alorrean egindako «lan paregabearen» aitortza gisa. Donostian jaio zen; lau anai-arrebetatik bakarra izan zen bertan jaiotzen. Izan ere, 36ko gerran gurasoak Angelun (Lapurdi) erbesteratu ziren, baina aitak Donostiara itzultzea erabaki zuen, eta bertan jaio zen, aitona-amonen etxean. Gerraostean, haurra zela, errazionamenduaren garaiak bizi behar izan zituen. 2024ko martxoan Kristina Berasain BERRIAko kazetariak elkarrizketa egin zion Leizaolari, eta zera esan zuen garai horren inguruan: «Horrek betirako markatzen zaitu». 16 urte besterik ez zuela izan zuen lehen kontaktua espeleologiaren munduarekin. Mineralogiaren zalea zen, eta, zehazki, 1958ko azaroan Aranzadik San Telmon zuen egoitzara joan zen, bertako Espeleologia Sailean sartzeko asmoz; baina, horrelako sailik ez zegoenez, Historiaurrea taldean eman zuen izena. Orduan ezagutu zituen, besteak beste, Jose Miguel Barandiaran, Perico Espada, Tomas Atauri, Jesus Elosegi… Talde hartan izena eman eta bi urtera, 1960an, Euskal Herrian egin zen lehen indusketan parte hartzeko aukera izan zuen: Aizpitarteko kobazuloetan (Errenteria, Gipuzkoa). Maisu handiengandik ikasia Barandiaran bera eta Julio Caro Baroja «maisu» izan ziren Leizaolarentzat. Lehenarekin Euskal Folklore aldizkarian idazkari zenean egin zuen lan estreinakoz, eta, geroztik, urte askoan aritu ziren elkarrekin lanean. «Gizon polifazetikoa» zen Baroja Leizaolarentzat. Harengandik, besteak beste, metodologia ikasi zuen. «Barojarengandik zera ikasi nuen, lurra zapaldu behar dela. Beti esaten zuen historia eta etnografia hankekin egiten direla», oroitu zuen elkarrizketan. Historiaurrea taldean hasi eta gutxira, Espeleologia Saila berpizteko lanetan hasi zen Leizaola. Horretarako, Gipuzkoako mendi elkarteetako presidenteekin jarri zen harremanetan. San Telmoko Aranzadiko egoitzan egin zuen lehen deialdia, eta 45 pertsona agertu ziren hara. Horietako hamahirurekin osatu zuen Espeleologia Sail berria. Kobazuloak katalogatzen hasi zen taldea: bertako tenperatura neurtu, intsektuak aztertu… Jesus Elosegi Irazustak hasitako Gipuzkoako katalogo espeleologikoa osatzea zen haien asmoa. Sei bat urte ibili ziren horretan, ia gelditu gabe. Leizaola: «Eguberrietan eta aitaren urtebetetze egunean baino ez nintzen geratzen». Baina espeleologiaren gainetik beste zaletasun bat gailendu zitzaion: artzaintzarena. Kobazuloetara joateko baserrien albotik igaro behar izaten zuen sarritan, edo kobazulo horien inguruko informazio eske jo behar izaten zuen baserritarrengana. Mundu horrekin «liluratuta» geratu zela aitortu zion BERRIAri: «Ni kalekume bat nintzen, eta bizimodu horren aurkikuntzak sekulako zirrara eragin zidan». Hori dela eta, kobazuloak alde batera utzi, eta etnografiaren arloari ekin zion. Zientzia hori bizimoduak aztertzeaz arduratzen da, eta bera artzaintzaren mundua aztertzen hasi zen. 1970eko hamarkadaz geroztik aritu zen horretan. «Trasteen» garrantzia Urteen poderioz artzaintzarekin lotutako objektuak biltzen eta katalogatzen joan zen Leizaola, Euskal Herriko bizimodu tradizionalaren lekukotzak dokumentatzeko asmoz. Orduak eta orduak pasatzen zituen mendian, bordetara eta baserrietara joanez: «[Artzainei] Esaten nien ezin zituztela tresna horiek erre edo zakarrontzira bota. Bi kaiku bazituzten, bat ematen zidaten». Horrelaxe osatu zuen bere bilduma. Piezez gain, argazkiak eta liburuak ere biltzen zituen. Den-denak Donostiako bere etxean gordetzen zituen, baina, kopurua handituz zihoala ikusita, Urdiainen (Nafarroa) zuen etxean ere gorde behar izan zituen. 1989an, Aranzadik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaharkinak proiektua jarri zuten martxan, eta bertako koordinatzailea izan zen etnografoa. Zaharkinak-en helburua herritarrek euren etxe eta baserrietan zituzten objektuak aldi baterako uztea zen, horiekin erakusketa bat egiteko. Gipuzkoako hamazazpi udalerritan gauzatu zuten egitasmoa, eta 2004ra arte iraun zuen. 74.000 pertsona pasatu ziren orotara antolatutako erakusketetatik. «Nire poz handiena zera da, ikustea lehen ganbaran edo ukuiluan abandonatua zuten trastea orain etxe atarian zintzilik dutela. Tresna horietan dago gure izatea». Iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gordailua zentroari 4.500 bat objekturen dohaintza egin zion. Aldundiak eraman aurretik, ordea, Aranzadiren egoitzan landu behar ziren: garbitu, etiketatu, argazkia atera, fitxatu… Leizaolak Aranzadiko Espeleologia Saileko kargua utzi zuenetik, Suberri Matelo eta Maite Errarte —egungo zuzendaria— ari dira lan hori egiten. Leizaolak, bada, badu bere lana egiten jarraituko duenik. Norbaitek bere ondarea zainduko zuela jakiteak «lasaitasun handia» ematen ziola aitortu zuen. 2019an, Donostiako Bidebieta auzoan etnografia laborategia sortu zuen Aranzadik, eta bertan egiten dituzte lan horiek. Leizaola (erdian), Errarte eta Matelorekin batera, Bidebietako laborategian. GORKA RUBIO / FOKU Objektuak katalogatzeaz gain, hainbat ikerlan kaleratu zituen etnografoak; horietako asko aldizkarietan. Gainera, egindako ikerketa horien emaitzak ikertzaile gazteek jaso zitzaten konpromiso irmoa zuen, eta hainbat prestakuntza saio eman izan zizkien. 60 urtetik gorako ibilbidean egindako lana ez zen makala izan, eta hainbatetan aitortu zioten. Esaterako, 2009an Ondare saria eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, ondarea ikertzeko eta zabaltzeko egindako lanagatik. 2018an, Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion, «etnografian eta hortik harago ere egindako ekarpenari» balioa emateko.
«Kaixo! Ni Latxa naiz, adimen artifizial laguntzaile bat. Nire helburua da erabiltzaileei informazioa ematea eta haiekin elkarreraginean aritzea, galderak erantzunez eta gai ezberdinei buruzko ezagutza partekatuz. Zer jakin nahi duzu gaur?». Hitz horiekin aurkezten du bere burua Latxak, EHUko HiTZ ikerketa zentroak sortu duen euskarazko txatbotak. Proiektuaren berri eman diote gaur BERRIAri. Egunerokoan txertaturik dauden ChatGPT eta Gemini tresnen gisakoa da, baina baditu bi ezberdintasun nabarmen: alde batetik, ez dago enpresa multinazional baten esku; bestetik, entrenamendua euskarazko testuekin egin dute. Testuak laburtu, haien ideia nagusiak zeintzuk diren adierazi, mezu bati erregistroa aldatu, Baionan asteburu-pasa egiteko plana egin eta bakailaoa pil-pilean kozinatzeko urratsak zehaztu. Latxak egin ditzakeen lanak askotarikoak dira; gaur-gaurkoz, ordea, ez dago jendearen esku. Dena dela, zenbait enpresa eta garatzaile erabiltzen hasi dira: astebetean, ehundik gora aritu dira. HiTZ zentroko kideek nabarmendu dutenez, erantzuna «ona» da. Horrenbestez, jendaurrean noiz eta nola zabaldu ari dira aztertzen, Eusko Jaurlaritzarekin batera. «Txatbot batek azpiegitura erraldoiak behar ditu ondo funtzionatzeko; beraz, haiek nola lortu ahal ditugun aztertzen ari gara», gaineratu du Eneko Agirre Bengoak, HiTZ ikerketa zentroko zuzendariak. Latxa mugarri bat da informatikarako eta hizkuntza gutxituetarako. Izan ere, gai izan dira metodo berri bat garatu eta hizkuntza gutxitu batean adimen artifizialean oinarritutako txatbota sortzeko. Agirrek azaldu duenez, ikertzaileek egun dituzten galderetako bat da ea hizkuntza gutxituek duten testu kopuruarekin maila berera heldu daitekeen ─ingelesezko testuak, esaterako, euskaraz baino mila aldiz gehiago dira Interneten─. Eta emaitzak «oso onak» direla adierazi du. Are gehiago, ChatGPT4.o tresnak adinako ezagutza du Latxak, eta emaitza «paregabeak» ditu euskarazko probetan: EGA euskararen gaitasun agiriko azterketak gainditzen ditu, adibidez. Latxa sortu duen taldea, HiTZ zentroko kideak. BERRIA EHUko ikertzaileen metodo berriak aurretik uste zenaren aurka egiten du. Izan ere, orain arte, testuak eskuz sartu behar ziren txatbotak entrenatzeko: milioika euro eskatzen dituen lan eredu bat. Latxa, baina, beste eredu baten gainean eraikita dago: Llama izeneko hizkuntza eredu irekia euskarazko testu masekin entrenatzen dute, ahanztura katastrofikoari ─hau da, aurretik zekiena ahazteari─ aurre eginez. Horrek bidea emango du multinazionaletatik aldentzeko eta eredu ireki baten alde egiteko, ikertzaileen iritziz. Horrek euskara eta euskal kultura errespetatzeko modua emango duela iritzi dio Agirrek, eta egun «gero eta hedatuago» dauden tresnetan presentzia handiagoa izateko modua ere bai. Proiektua aurrera eramateko, BERRIAren testuak «ezinbestekoak» izan direla nabarmendu du Agirrek. Izan ere, askotariko gaien inguruan irakasteko aukera eman die egunkari honek. BERRIAkoez gain, Hitzetako, Bilbao Hiria Irratiko eta Euskarazko Wikipediako testuak erabili dituzte, besteak beste. Erakutsitakoez gain, bestelako gaitasunak «bere kabuz» ikasi dituela adierazi du Naiara Perez Miguel lantaldeko kideak: testu bat erdaratik euskarara itzultzen, adibidez. Itzultzeko orduan, gainera, erregistroa aldatzeko gaitasuna ere baduela esan du Perezek. Etengabe probak egin behar zaizkiola gaineratu du. Ildo horretan, 1.600 pertsonak ebaluazio bat egin berri diote Latxari. Ebaluazio horren ondorio garbiena zera izan da, ikerketa zentroaren ustez: «HiTZek asmatutako metodoa da euskarazko txatbotak garatzeko metodorik hoberena, eta Latxaren aldaerarik handiena ChatGPT4.o-tik oso gertu dago». Erabilerak eta erronkak «Laguntzaile bat da, idazkari bat», esan du Oscar Sainz Gimenez HiTZ zentroko kideak, izango dituen erabileren inguruan galdetuta. Lanerako tresna bat dela gaineratu du, «gauzak azkarrago eta hobeto» egiteko. Hala ere, nabarmendu du ez duela ordezkatuko pertsonen lana. Agirrek argi du zein den azken helburua, «utopikoa» dela onartu duen arren: «Wikipedia bezalako eredu erraldoi bat eratzea, zeinak kultura eta hizkuntza denak errespetatuko dituen». Erronkak ere askotarikoak dira. Alde batetik, Latxa txatbotak hobetzeko dituen hainbat alderdi aipatu ditu Perezek: audioak transkribatzea, dokumentuak igo eta haiek ulertu ahal izatea, eta irudiak sortzea, besteak beste. Gainera, sarean era irekian dauden testu gehienak euskara batuan daudenez, euskalkiak ulertzen arazoak dituela nabarmendu du Agirrek. Perezek nabarmendu du ezen, bestelako adimen artifizialetan bezala, gizartean izan ditzakeen ondorioak eta erabilerak aztertu behar direla: «Pentsaera kritikoa murrizten duela diote zenbaitek. Baina txatbotak gizartean txertaturik daude jadanik; beraz, halakoak egokiro nola erabili ikasi behar dugu».