Iranek zortzigarren misil oldea jaurti du Israelera
Irango hedabideek iragarri dute hango Armadak zortzigarren misil oldea jaurti duela Israelen aurka. Israelgo agintariek adierazi dute misilen aurkako sistemak prest eta lanean ari direla, baina leherketak entzun dira Tel Aviven eta Jerusalemen, eta gutxienez misiletako batek Haifako eraikin bat jo duela adierazi dute. Zabalduriko irudietan ke zutabe lodiak ikus daitezke Israel iparraldeko Haifa portu hiriaren gainean. Bi pertsona erietxera eraman dituztela esan dute hango larrialdi zerbitzuek. Joan zen ostiralean hasi zen egoera eskalatzen, Israelek Iran bonbardatzeari ekin zionean. Geroztik, baieztatu da israeldarrek hainbat herritar, agintari militar eta zientzialari hil dituztela, eta Irango instalakuntza nuklearrak hartu dituztela jomugan. Iranek bonba atomikoak egitea galarazi nahi dutela adierazi dute israeldarrek. Iranek erantzun egin die erasoei, ordea, eta dronak eta misil balistikoak jaurti ditu Israelen kontra, besteak beste Mossad inteligentzia zerbitzuen egoitzaren aurka. Azken balantzearen arabera, Israelen erasoek 128 pertsona hil dituzte Iranen. Iranen misilek, berriz, hamahiru israeldar hil dituzte. Gaurko erasoetako ondorioak ez dituzte zabaldu oraindik. Turkia lanean ari da eskalada gelditzeko. Ameriketako Estatu Batuetako presidente Donald Trumpekin hitz egin du gaur Turkiako Recep Tayyip Erdoganek, eta esan dio «berehala ekin» behar dela «hondamendia» Ekialde Erdira osora zabaltzea galarazteko. Hala zabaldu du Turkiako Gobernuak prentsa agiri baten bidez. Bi agintarien arteko bigarren elkarrizketa da 24 orduotan. «Israelen erasoek sorturiko indarkeria zurrunbiloak kalte konponezina eragin die bi aldeetako gizarte eta ekonomiei», adierazi dio Erdoganek Trumpi, eta «eskalada arriskutsua» gelditzeko mugimenduak eskatu ditu.