Gernikako gaztetxe zaharra berriro hartu dute
«Gerniken gaztetxe berrixe!». Gernikako (Bizkaia) Egurre gazte asanbladak bart gauean zabaldu zuen mezu hori, jakinarazteko berriro hartu dutela duela hamar urte baino gehiago itxi zuten gaztetxe zaharra. «Gazteoi inposatutako eskualde ereduaren aurrean, Gaztetxe berria martxan jarri dugu. Gernikako gazte langileon interesei eta beharrizanei erantzungo dien proiektua da hau», azaldu dute. Aurrez, egunean zehar, Inposatu nahi diguten Gernikaren aurrean gazteok kaleak hartu izeneko egitaraua antolatu zuen gazte asanbladak, eta hori amaitutakoan okupatu zuten duela hamarkada bat hustutako eraikina. Ordutik abandonatuta zegoela kontatu dute: «Udalak hiru legegintzaldi daramatza esanez liburutegi bat jarriko duela han, baina promesa faltsuak dira. Hutsik dagoen espazio horri erabilera ematen hasiko gara». Horretarako, gaua Gaztetxean igaro dute asanbladako zenbait kidek, eta jada hasi dira gunea atontzeko auzolanean ere. Arratsaldean egingo dute lehen asanblada, eta gerturatzeko deia egin diete herriko gazteei. Zenbait gazte auzolanean, gaur goizean, Gernikan. EGURRE GAZTE ASANBLADA Asanbladak esplikatu du zerk eraman dituen gaztetxea hartzera. Seinalatu dute Busturialdean ez direla garai onak, «instituzioen politikek ez dituztelako gazte langileen interesak ordezkatzen», eta horren adibidetzat jarri dute, besteak beste, Urdaibaiko Guggenheim proiektua. «Inposatu nahi duten eredu horri» aurre egiteko baliatu nahi dute gaztetxea, eta «herriko gazteen interesak bermatzea» du helburu. Zehaztu dute zertarako erabili nahi duten ere: «Gazteak batzeko eta elkar harremantzeko, antolakuntza politikoa sustatzeko, aisialdia eta ekimen kulturalak antolatzeko eta kirola egiteko espazio bat izateko». Gehitu dute liburutegi modura ere funtzionatuko duela. Gernikan badago Astra kultur espazio autogestionatua ere, 2006. urtean okupatu zutena baina gerora udalak erosi zuena. Gazte asanbladak BERRIAri adierazi dionez, han parte hartzen jarraituko dute «orain arte bezala», eta hartu berri duten gaztetxea «herriarentzat beste ekarpen bat dela» uste dute.