Grezian sexu berekoen arteko ezkontzak legeztatzekoak dira
Grezian bizi diren sexu bereko bikoteek aurrerantzean sakonago eta lasaiago hartu ahal izango dute arnasa, itxura guztien arabera, haien ezkontzeko aukera legeztatuko baitute Greziako Parlamentuan. Lehen ministro Kyriakos Mitsotakisek aurkeztutako lege proiektuak hautsak harrotu ditu ia bazter guztietan: batez ere, haren alderdiko kideen eta eskuin muturraren zein Eliza ortodoxoaren jarraitzaileen artean. Edonola ere, behin onartuta, sexu berekoen arteko ezkontzak baimentzen dituen Europako 21. herrialdea bihurtuko da Grezia, eta herrialde kristau ortodoxoen artean lehena. Joan den ekainean egin zuen gobernuburu karguaren zina Mitsotakisek —haren alderdi ND Demokrazia Berriak lortu zuen gehiengo osoa iragan maiatzeko parlamenturako hauteskundeetan—, eta, agerraldi hartan, konpromiso bat hartu zuen: bigarren agintaldian «aldaketa handiak» egitea herrialdean; aldaketa horietako bat litzateke, hain justu, atzo bozkatzekoak ziren lege proiektua. Ezkontzeko aukera izateaz gain, haur bat adoptatzeko eskubidea izango dute sexu bereko bikoteek, eta, seme-alabak dituztenei dagokienez, horiek zaintzeko babes juridiko zabalagoa. iFrameResize({ log: true },’#ezkontzaH’); Legea onartu arte, bikote homosexualak gehienez ere izatezko bikote gisa aitortzen ditu Greziako legediak —2015ean onartu zuten hori—. Baina aitortza horrek ez die bi bikotekideei ematen seme-alaben gaineko babes juridikoa, baizik eta haurraren guraso biologikoari soilik. Lege proiektuak hori aldatuko luke, eta haurraren legezko tutore izango lirateke bi bikotekideak, haurra adoptatua edo biologikoa izan. Horiek hala, legediak barne hartuko ditu herrialdeko LGBTI komunitatearen aspaldiko hainbat eskari. Hori bai, badira erreforma sortatik at geratu diren beste hainbat eskakizun ere; esaterako, hauxe: sexu bereko bikoteek eskubidea izan dezatela haurdunaldi subrogatuaren bidez guraso izateko. Eskaera horren atzean dauden ahotsetako bat da Stefanos Kasselakis, oposizioko alderdi nagusi Syrizako burua. Halere, Mitsotakisen proposamenaren alde posizionatu dira Syriza eta oposizioko beste hiru alderdi ezkertiar. Lege proiektua «nahikoa» ez dela iritzita, ordea, alderdi horietako parlamentari batzuek asteotan esan dute kontra bozkatuko zutela edo abstenitu egingo zirela. Berdin egitekoak ziren Mitsotakisen alderdiko parlamentari kontserbadoreenak, argudiatuta erreforma «gehiegizkoa» dela. Era berean, kontra bozkatzekoak ziren parlamentuan ordezkaritza duten eskuin muturreko hiru alderdietako kideak, baita Alderdi Komunistakoak ere. Edonola ere, nahikoa zen 151k alde bozkatzea —denera, 300 parlamentari daude— proposamenak aurrera egiteko. LGBTI komunitatearen eskubideen alde beste urrats bat egiteaz gain, herrialdeko paisaia politikoa aldrebestu du lege proiektuak: batetik, bloke berean sarrarazi ditu ND eta Syriza; eta, bestetik, barne zatiketa eragin du Mitsotakisen alderdian. Kontra bozkatu eta Mitsotakisen aurka egitearekin ere mehatxu egin du Demokrazia Berriko sektore kontserbadoreenak, haren kargua zalantzan jartzeraino. Eliza eta eskuina, sutan Eskuineko kontserbadoreen artean hautsak harrotu baditu, lege proiektuak are gehiago haserrearazi ditu Greziako eskuin muturra eta Eliza ortodoxoa. Horren adierazle dira, hain zuzen, bi sektore horietako taldeek iragan igandean antolatutako mobilizazioak. Herrialdeko hedabideek emandako datuen arabera, 1.500 eta 4.000 lagun artean irten ziren Atenasko kaleetara. Mobilizazioan eta egunotan egindako prentsaurrekoetan, hainbat gotzainek «gaixotasuntzat» jo dute homosexualitatea, eta zenbaitek ere esan du ez duela sexu bereko pertsonarik ezkonduko. Iruzkin horien harira, «ikuspuntu desberdinak» errespetatzen dituztela esan du Mitsotakisek, baina azpimarratuz «estatuak» agintzen duela, «ez elizak». Eliza kristau ortodoxoak pisu handia du Grezian, bai herrialdeko gizartean, bai paisaia politikoan. Joan den hilean Eteron ikerketa zentroak egindako inkesta baten arabera, biztanleen %56,2 daude sexu berekoak ezkontzearen alde. Kopurua are txikiagoa da Greziako SKAI telebista kate pribatuak asteon egindako inkestan. Horren arabera, biztanleen %46 daude alde, eta %47 kontra.





