Anoetak izango du azken hitza
Realak berdinketa baliagarria erdietsi zuen atzo, Mallorcaren aurkako Espainiako Kopako finalerdietako joanekoan. Imanol Alguacilen jokalariek ez zuten partida onena jokatu, baina atea hutsean uztea lortu zuten, eta Donostian erabakiko dute kanporaketa zaleen aurrean,otsailaren 27an. Imanolek, daukan talderik onena zelairatzen duela esaten du beti, eta atzo ez zuen salbuespenik egin. Afrikako eta Asiako kopetatik etorri berri diren Traore eta Kubo jarri zituen hasieratik, eta horrela erabilgarri zituen beste jokalari onenekin hamaikako kuttunena osatu zuen. Oiartzabal izan zen deialdiko hutsune nagusia, mina oraindik sendatu ezinik. Reala izan zen lehena hortzak erakusten, bigarren minutuan Braisen urruneko jaurtiketa batekin. Mallorca piztu zuen jokaldi horrek, eta ondoren pare bat iritsiera izan zituen etxeko taldeak. 10. minutuan, ordea, partida irekitzeko izan zitekeen jokaldia egin zuen Realak. Landutako jokaldi batean, Barrenetxeak penaltia eskatu zuen area barruan. Kontaktu argia, eta penalti zalantzagarria gutxienez, baina epaileak ez zuen adierazi nahi izan. Grina handiz aritu ziren bi taldeak, eta askatzen joan zen partida. Lehen zati amaieran izan zituzten bi taldeek aukera argienak. Lehenik Mallorcak Abdon Pratsen bote lasterreko erremate batekin, eta ondoren Sadiqek burukada argi batekin. Hala ere ez ziren gai izan zutoinen artean errematatzeko. Bi taldeek errespetu handia erakutsi zioten elkarri, eta defentsan jarri zuten lehentasuna. Realak gehiagotan izan zuen baloiaren jabetza, baina galdutako bi baloitan bizitza eman zion etxeko taldeari. Alabaina, Mallorca ez da punteria handiko taldea, eta Remirok ez zuen lanik izan. Bigarren zatiak gidoi bera jarraitu zuen, Mallorcaren mesedetarako. 52. minutuan izan zuen Abdon Pratsek momentura arteko gol aukerarik argiena izan zuen. Etxeko taldearen beste kontraeraso batean, Pratsek defentsen artetik jaso zuen baloia, eta berriro bote lasterrean kanpora jaurti zuen, zutoinetik gertu. Gauzak aldatzen ez baziren, gertuago zegoen partida etxekoen mesedeetarako, Realarenetik baino. Ordea, aurkaria etxean duzunean gutxi duzu egiteko. Minutuak aurrera egin ahala, Reala atzerantz ari zen Mallorca eramaten, eta gol aukera argienak izan ditu 70. minututik aurrera. Ate aurrean huts Area barneko erreferentzia izan zen Sadiq partida osoan zehar, eta taldekideek gol bat baino gehiago egiteko aukerak zerbitzatu zizkioten nigeriarrari. Baina tamalgarri aritu zen aurrelari afrikarra, eta ate hutsaren aurrean langatik gora botatzera iritsi zen, area txiki barruan zegoela. Orduantxe izan ziren talde txuri-urdinaren minutu onenak. Jokoaren kontrolarekin egin zen Donostiako taldea, eta Javier Aguirreren jokalariek beherakada nabarmena eman zuten arlo fisikoan. Barrenetxea izan zen jokalari sarkorrena, eta ez zuen amore eman golaren bila. Bere oinek gertu izan zuten gola, baina Mallorcako atezainak kanpora bidali zuen. Azkenean hutsean berdindu zuen Realak, eta partida ikusita zerbait gehiago ateratzeko gai izan bazen ere, emaitza positiboa da itzulerako partidarako. Zaleek behin betiko bultzada eman diezaieke txuri-urdinei, eta Mallorcaren eraso kaltegabea ikusita, guztia alde dauka Realak finalera igarotzeko.



