Gizarte ekimeneko ikastetxeetako familiek otsailaren 6, 7, 8, 19 eta 20rako deituta dauden grebak “berehala” bertan behera uzteko eskatu diete sindikatuei.
Iaz aseguru etxeek 10,5 milioi ordaindu zizkieten EAEeko nekazariei kalte ordainetan, lehorteagatik gehien bat. 6,9 milioi euro laboreen ekoizleek jaso dituzte (neguko eta udaberriko zerealak, olioa, lekaleak, arroza), euri faltagatik eta txingorragatik.
Marxa Beret probaren 44. aldia jokatu da gaur goizean Pla de Bereteko pistetan (Val d’Aran, Katalunia), iraupen eskiko erreferentziazko lasterketa, herrikoia eta goi-mailakoa aldi berean. 700 eskiatzaile aritu dira lehian. Elur faltagatik Montgarrira jaistea ezinezkoa zenez, Pla de Bereteko lautadan moldatu behar izan dituzte ibilbideak antolatzaileek, eta, ondorioz, murriztu egin dituzte distantziak. Hala, 42 kilometroko proba nagusia 32 kilometrora mugatu dute, eta tarteko distantzia (21 km), 18,5 kilometrora. Ibilbide laburrak (10 eta 5 km), osorik egin ahal izan dira. 2 urtetik 84 urtera arteko eskiatzaileak aritu dira 700 partaideen artean. RFEDI Egun asko izan dira tenperatura altuekin, prezipitaziorik gabe eta gauez izotzik egin gabe. Elur askorik ez zegoen Bereteko zelaigunean, baina partaide guztiek estazioak egindako lan eskerga goraipatu dute eta elurra eskiatzeko “bikain” zegoela nabarmendu dute. Hala, beste behin, iraupen eskiaren festa herrikoia izan da Marxa Beret. Proba nagusian, gizonezkoetan, nagusitasun osoz lortu du garaipena Imanol Rojok. Eskiatzaile tolosarrak 1:08:32an osatu du 32 kilometroko ibilbidea, eta sei minutuko aldea atera dio bigarrenari, Sadurni Betriu kataluniarrari. Hirugarren, Betriurekin lehia estuan ibili ondoren, Irrintzi taldeko Lander Martin nafarra izan da, kataluniarraren denbora berean. Proba ikusgarria egin du Beorburukoak. Jurgi Irureta Urdaburu taldekoa bederatzigarren izan da. Imanol Rojok nabarmendu du beretzat beti dela «berezia» Marxa Bereten parte hartzea, eta «etxean bezala» sentitzen dela. «Baldintzak kontutan hartuta, zirkuitua oso txukun zegoen, batez ere gainerako estazioekin alderatuta. Gainera, oso entrenamendu ona izan da nire etorkizuneko probei begira». Imanol Rojo, ahalegin betean. RFEDI Nesketan, Irati Cuadrado nafarra gailendu da proba nagusian. Irrintzi taldeko eskiatzailea hamabigarren helmugaratu da partaide guztien artean. Hala adierazi du Cuadradok helmugan: «Oso pozik nago; izan ere, elur baldintzak direla eta, oso negu gogorra izaten ari da, baina lasterketa hau ondo egin ahal izan da. Hirugarren aldia nuen hemen: Marta [Cester] eta biok elkarrekin joan gara azken itzulira arte, eta hor erritmoa pixka bat bizitu egin dut. Jada esan dezaket irabazi dudala Marxa Beret entzutetsua». Peio Añarbe tarteko distantzian Tarteko distantzian, Peio Añarbe gaztea izan da irabazle. Gasteiztarrak hil honetan beteko ditu 18 urte, baina aise hartu die aurre gainerako partaide guztiei. Añarbek 42 minutu eta 43 segundotan osatu du 18,5 kilometroko ibilbidea, eta minutu bateko aldea atera dio Pablo Moreno bigarrenari eta bi minutukoa Pau Molins hirugarrenari. Bosgarren izan da Hodei Juaristi, Tolosako Uzturre taldeko kidea. Elur askorik ez, baina zegoena baldintza onetan izan dute 2024ko Marxa Bereten. RFEDI Hamar kilometroko distantzian, nabarmentzekoa June Aranburu gaztetxoaren (Tolosa, 2009) hirugarren postua, Joana Puig kataluniarraren eta Cordonnier Roman frantziarraren atzetik. Mutiletan, laugarren izan da Ibai Letona eta bosgarren Aitor Maeztu, Irrintzi taldekoak biak. Sailkapen guztiak hemen.
Siemens Gamesak Aratzurin duen lantegiko langileek greba egingo dute otsailaren 5etik aurrera, Nafarroako beste zentroetako baldintzekin pareka ditzatela eskatzeko.
71 urteko mendizale bat hil da gaur arratsaldean Harpea leizetik gertu, Ezterenzubin (Nafarroa Beherea). Burgosako harpea ere deitzen zaio. Taldean zihoan, eta 13:45 aldera 150 metroko alturatik erori da, eta bertan zendu. Donibane Garaziko Gendarmeria eta suhiltzaileak bertaratu dira, baina larrialdi zerbitzuek haren heriotza besterik ezin izan dute baieztatu.
Ertzaintzak 51 urteko gizon bat atxilotu zuen ostiralean Erandion (Bizkaia), haur pornografiarekin lotutako delitu bat egotzita. Ondoren, Erandioko etxebizitza bat eta Bilboko lokal bat miatu zituzten, eta datuak biltegiratzeko material informatikoa eta gailuak konfiskatu; Ertzaintzaren Polizia Zientifikoa horietan den edukia ikertzen ari da. Gainera, estupefazienteak ere topatu zituzten miaketetan. Atxilotuak aurrekariak ditu sexu abusu, exhibizionismo eta adin txikikoen kontrako jazarpenagatik.
Bilbobuseko langileek 24 orduko beste greba egun bat egingo dute astelehen honetan, hilaren 5ean, hitzarmena berritzea eskatzeko antolatu duten mobilizazio egutegiaren barruan, eta ostegunean, hilak 8, 8 orduko lanuztea deitu dute.
Onetik eta txarretik izan du Realak gaur gauean Gironan (Herrialde Katalanak) hutsean berdindu duen partidak. Onetik, Imanol Alguacilek entrenatutako taldea nor baino nor gehiago aritu dela Espainiako Lehen Mailako bigarren sailkatuarekin. Haren zelaian egin du, gainera. Meritu handia du horrek. Emaitzan ez ezik, jokoaren beste zenbait alorretan berdindu dute. Biek izan dituzte oso aukera garbiak gola egiteko, baina ez dute asmatu atearen aurrean: Gironan, Yangel Herrerak; eta Realean, Brais Mendezek. Bietan atezainak bikain aritu dira. Biei ere gol bat baliogabetu diete jokoz kanpo egoteagatik: Gironan, Yangel Herrerari; eta, Realean, Oiartzabali. Azkenean, berdindu egin dute. Baina neurketak ere izan du txarretik Realarentzat, hiru jokalarik hartu baitute min: Odriozola hasi eta berehala lesionatu da; Becker, bigarren zatia hasi eta gutxira; eta, Oiartzabal, luzapenean. Hirurek utzi behar izan dute zelaia. Kezkagarria da, talde txuri-urdinak hiru egun eskas barru jokatuko baitu berriro. Gainera, oso neurketa garrantzitsua da: Mallorcan (Herrialde Katalanak) ariko da astearte gauean, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan. Ikusteko dago hiru jokalari horietatik zenbat osatuko diren norgehiagoka horretarako. Egoera ikusita, Imanolek izugarri eskertuko du gaur Afrikako eta Asiako kopetan gertatutakoa. Malik eta Japoniak agur esan dute final-laurdenetan; beraz, Realeko entrenatzaileak nahi izanez gero, Hamari Traorek eta Take Kubok Mallorcaren aurka joka dezakete. Berri oso ona da. Ikusteko dago zer-nolako sasoia duten, baina taldeak edozeinen laguntza eskertuko du.
Ez lehenengo aldiz, eta, ziurrenik, ezta azkenekoz ere. Hamaikagarrenez, gidoi bertsua duen pelikula ikustea egokitu zaie gaur Mendizorrotzako jarraitzaileei. Besteak beste, irabazteko merituak egin arren, galdu egin baitu Alavesek, Bartzelonaren aurka (1-3). Harmailak goraino beteak zirelarik, partida duina jokatu du Luis Garcia Plazaren taldeak, eta gutxienez puntu bat eskuratzeko moduko lana osatu du. Erritmo eta intentsitate izugarria oinarri hartuta, hustu egin dira etxeko jokalariak, baina ez dute aski izan Bartzelona ahaltsua garaitzeko. Lauzpabost aukera on izan dituzte, baina soilik behin asmatu dute ate aurrean, eta hortxe egon da aldea. Izan ere, Alavesen areara gerturatu bakoitzean gola sartu dute kataluniarrek. Kalitatea erabakigarri gertatu da, beraz. Hala, bolada ona amaitu zaie gasteiztarrei, ezin izan baitute laugarren garaipena jarraian lortu. Ideiak oso garbi zituela zelairatu da Alaves lehen zatian. Erritmo itogarria ezarri du lehen minututik, eta horri aurre egin ezinda ibili da Bartzelona. Presioa goi-goian egin du etxeko taldeak, eta baloi ugari berreskuratu ditu. Bere zelaian preso edukiarazi du Xavi Hernandezen taldea. Ondorioz, gol aukera bat baino gehiago izan ditu Alavesek, baina ez du asmatu. Bada, lehen ordu laurdena igarota parekatzen hasi dira kontuak. Oinetan gehiago izan du baloia Bartzelonak, eta eroso sentitu da aurkariaren zelaian jokatuta. Gero eta hobeto sentitzen hasi dira kataluniarrak, eta 22. minutuan jaso dute saria. Gundoganen pasea baliatuta, maisuki egin du 0-1ekoa Lewandowskik. Golaren ondoren, testuinguru egokia izan du Bartzelonak nahi zuen jokoa egiteko, eta minutu erosoak izan ditu gerora. Baloia batetik bestera mugitu du etengabe, eta lasterka ibili beste erremediorik ez dute izan etxekoek. Halere, sakontasunik gabe ibili dira kataluniarrak. Alaves bera ere ez zegoen hain deseroso egoera horretan, eta pixkanaka egoera iraultzen hasi da. Berriro ere presioa oinarri hartuta, behin eta berriz hurbildu da aurkariaren atera, eta 35.ean sekulako aukera huts egin du Guridik. Luis Riojaren erdiraketa buruz errematatu du azpeitiarrak, eta Iñaki Peña atezainak atepetik atera dio baloia. Itxaropenaren gola Bigarren zatiari berdintsu ekin diote bi taldeek, eta epaileak txistua jo orduko izan du lehen gol aukera garbia Alavesek. Luis Riojak kanpora bidali du baloia atezainaren aurrean bakarrik zela. Bada, hurrengo jokaldian iritsi da 0-2koa, kontraeraso moduko batean. Jokaldi polita osatu ondotik, gol ederra sartu du Gundoganek. Mendizorrotzako jarraitzaileak kolpe baten isildu dira golaren ondorioz, baina, ustekabean, hortik minutu batera itxaropenaren gola egin du Samuk. Alex Solak jokaldi distiratsua egin du eskuin hegaletik, eta haren erdiraketa ez du alferrik galdu aurrelariak. Jokalariak ez ezik, zaleak ere piztu dira ederki, baina minuturik zailenetan eskarmentua erakutsi du Bartzelonak. Lehentasuna eman dio baloia oinetan izateari, eta pixkanaka apalduz joan da etxekoen freskotasuna, nekearen ondorioz. Berriz ere intentsitatea ezartzeko asmoz, aldaketak goiz xamar egin ditu Alavesek, baina justu orduantxe iritsi da 1-3koa, Victor Roquek egina. Kolpe latza izan da gola etxekoentzat, eta horri buelta eman ezinda ibili dira gerora. Bartzelona hamar jokalarirekin geratu izana ere ez da pizgarri izan Luis Garcia Plazaren taldearentzat. Eta, azkenean, luze egin zaio lehia.