Espainia izango da Ingalaterraren aurkaria Eurokopako finalean
Ingalaterra-Espainia. Horixe izango da Eurokopako finala. Txapelketa hasi aurretik garaikurra irabazteko bi faboritoak ziren, eta aurreikuspenak bete egin dira. Bi selekzioen artean erabakiko da txapelduna, igandean. Munduko Kopako finala errepikatuko dute. Ingalaterraren antzera, Espainiak luzapenean lortu du finalerako sailkapena. Lehen zatiko azken hogei minutuetan izan ezik, Alemaniak ondo eutsi dio. Lan aparta egin du presioan zein defentsan, eta gertu izan du saria. Baina kanporaketa penaltietan erabakiko zela zirudienean, Aitana Bonmati agertu da. Neurketako 113. minutuan izan da. Bartzelonako jokalariak pase sakon on bat jaso du, eta atzeraka pasea eman beharrean jaurti egin du. Ezustean harrapatu du Berger atezaina, eta gola egin du. Horri esker, Espainiak lehen aldiz irabazi dio Alemaniari, eta finalerako sailkatu da. Euskal Herriko bi jokalari izango dira finalean: Irene Paredes eta Maite Zubieta. Bi taldeak zuhurtziaz zelairatu dira, jokoan zutenaren jakitun. Ez dute arriskurik hartu nahi izan. Alemaniaren plana argia izan da: zelai erdian bost jokalari kokatu ditu, Espainiak nagusitasuna izan ez zezan. Gainera, presio estua egin du, Montse Tomek zuzentzen dituen jokalariek akatsen bat egin zezaten, eta hala erasora zuzen ateratzeko. Bestalde, gertutik zaindu dituzte Aitana Bonmati eta Alexia Putellas, baloia eroso jaso ez zezaten. Baloia izan arren, Espainiak ez du aparteko aukerarik sortu; bai, ordea, Alemaniak. Neurketako lehen abagunea zazpigarren minutuan izan du Buhlek. Berger atezainak luze atera du baloia, eta aurrelariak ondo irabazi die bizkarra Irene Paredesi eta Maria Mendezi. Hala, bakarrik geratu da Cata Coll atezainaren aurrean; baina behar baino gehiago gurutzatu du baloia, eta kanpora joan da. Frantziari hala egin zion min final-laurdenetan, eta gaur ere horretan saiatu da. Izan ere, Espainiak sufritu egiten du halako jokaldietan. Olgaren eta Maria Mendezen artea sortzen ziren hutsuneak baliatu dituzte horretarako Partidak itxura hobea zuen Alemaniarentzat, jokoa geldoa baitzen. Espainiak biziago mugitu behar zuen baloia min egiteko. Pixkanaka lortu du, eta hala egin du lehen gol abagunea. 20 minutuan izan da. Olgak pase sakon bikaina jaso du ezkerretik, eta ondo erdiratu du baloia. Alemaniako atzelariek ez dute ondo aldentzea lortu, eta Estherri iritsi zaio. Punpa laster errematatu du, eta Bergerrek gelditu bikaina egin du. Atezainak erakustaldia eman zuen Frantziaren kontrako neurketan, eta gaurkoan ere hala egin du. Izan ere, lehen zatiko azken hamar minutuetan Espainia oso nagusi izan da. Aukerak sortu ditu bata bestearen atzetik. Argiena Irene Paredesek eduki du: korner batean zutoinera bidali du baloia buruz. Mariona, Esther eta Pina ere ahalegindu dira gola sartzen, baina Bergerrekin egin dute topo. Horma baten parekoa izan da atezaina. Espainia ondoen ari zenean iritsi da atsedenaldia, eta Alemaniak eskertu egin du hala izatea. Alemania hobeto Bigarren zatiari hobeto ekin dio Alemaniak, eta pare bat aldiz gerturatu da Cata Collen atera. Baloia apur bat izaten saiatu da, partidaren erritmoa jaisteko. Alexia eta Aitana Bonmatik ez dira lehen zatiaren amaieran bezainbeste azaldu, eta Espainiak antzeman egin du. Alexia batez ere deseroso aritu da. Dena den, bigarren zatiko lehen abisua Montse Tomek zuzentzen duen selekzioak eman du. Buruz buruko jokaldi bat egin du area ertzean Aitana Bonmatik; bikain errematatu du, baina Dabritzi jo dio baloiak, eta kanpora joan da. Espainia suspertu egin da, eta pixkanaka jokaldiak lotzen joan da. Hala, neurketaren kontrola berreskuratu du. Baina Alemania ondo moldatzen da halako egoeratan, eta ez du behar neurketa mendean izatea arriskua sortzeko. Hala iritsi da Buhlen abagunea. Arean errematatu du, eta Cata Collek ondo atera du hanka. Aurrelariak neurketa bikaina jokatu du. Erasoan zein defentsan lan eskerga egin du. Alemania bikain egon da kokatuta zelaian, lan aparta egin du defentsan, laguntza bikainak eginez. Espainiak ez da ia Alemaniaren atera gerturatu. Alderantziz, Alemania gola sartzetik gertu egon da, area ertzetik egindako jaurtiketa batean. Baina Buhlek kanpora bidali du baloia. Are argiagoa izan da partidaren azken jokaldian Wasmerrek izan duena. Cata Collek gelditu ikusgarria egin dio. Hala 0-0 amaitu da arauzko denbora. Luzapenean parez pare jardun dute bi selekzioek. Baina pixkanaka indarra agortzen joan zaie. Egoera horretan aulkitik irten diren jokalariek eman zezaketen zeresana. Luzapeneko lehen zatiko aukera argiena Espainiak izan du, baina Athenea ez da iritsi Salmak egindako erremate batera. Partidak bide beretik jarraitu du: Alemania oldarkor eta sendo zegoen atzean, eta Espainiak ezin zuen armiarma sare hori apurtu. Bigarren zatian Alemania fisikoki hobeto egon da, eta Espainiak nagusitasuna galdu du zelai erdian. Gainera, balioa galdu duenean gehiago kostatu zaio atzera korrika egitea. Patri Guijarro izan da eutsi dion bakarrenetakoa. Baina Alemaniak ez du aprobetxatu, eta finalerdia penaltietan erabakiko zela zirudienean Aitana Bonmati azaldu da. Jokalari erabakigarriak halakoetan azaldu ohi dira, eta finalerako sailkapena eman dio Espainiari.