Jose Javier Esparzak ez du UPNren presidente izaten jarraituko. Hala iragarri du gaur alderdiaren Kontseilu Politikoan.Zortzi urte baino gehiago daramatza alderdiaren buruzagitzan, eta ziklo aldaketa beharrezkoa dela iritzita, alderdiaren buruzagitza utziko du apirilaren 28an egingo duten kongresuaren ondoren. «Uste dut UPNrentzat onena lidergo berri bat dela; Nafarroako lehen alderdia zuzentzeko ardura hartuko duen talde berri bat», azpimarratu du. Berak ez ezik, egungo zuzendaritzako kideak ere ez dute karguan errepikatuko. Esparzak adierazi du «ongi hausnartutako» erabakia dela, eta alderdiari «on» egingo diona. «Zortzi urte egingo nituela esan nuen; ez da erraza beti koherente izatea, baina oraingoan izango naiz», azpimarratu du. «UPN da lehentasuna». Izan ere, aitortu du garai «oso konplexuak» direla Nafarroako politikagintzan, bereziki UPNrentzat, Iruñeko Udaleko zentsura mozioaren ondoren. Adierazi du, dena den, alderdiak «erronka handiak» dituela aurretik, eta «lanean jarraitzeko» unea dela. «UPNk pazientzia izaten ikasi behar du; ez du presarik edo premiarik izan behar. Zorionez, ezer ez da betiko, eta sozialismoa ere ez». Eta bide horretan lan egingo duela aurreratu du, ez baitu politikagintza utziko. Parlamentari izaten jarraituko duela iragarri du. «Ez dut ihes egingo; politikan modu aktiboan jarraituko dut lanean», esan du Esparzak. «Ezerk ez nau zoriontsuago egingo UPN berriz Nafarroako Gobernuak ikusteak baino». Haren ordezkoa nor izango den da orain galdera. Iruñeko alkatetza galdu ondoren, indarra hartzen hasi da Cristina Ibarrolaren izena, esaterako. Ildo horretan, Esparzak adierazi du ez dagokiola alderdiaren kontsentsua duen hautagaia topatzea; aitzitik, ardura afiliatuena dela gogorarazi du. «Nik ez dut inor aukeratuko. UPN afiliatuena da, eta nik beste batek bezala, pentsatzen dudana esango dut», azpimarratu du. Batasuna eta leialtasuna aldarrikatu ditu Esparzak, nolanahi ere. Aginterik ez, eta bi krisi Esparza 2015ean iritsi zen UPNren presidentetzara; Yolanda Barcina ordezkatu zuen orduan, eta orduz gero, hiru alditan izan da Nafarroako Gobernuko presidentegai. Hauteskundeak hirutan irabazi arren ez du agintera iristea lortu behin ere. Irailean jada iragarri zuen ez zuela UPNren zerrendaburu gisa errepikatuko 2027ko bozetan, baina ez zuen ezertxo ere adierazi alderdiko karguari buruz. Haren agintaldian une zailak bizi izan ditu UPNk. Alderdian barne gatazka bat piztu zitzaion 2022an, Carlos Garcia Adanero eta Sergio Sayas diputatuek alderdiaren esanei entzungor egin eta Espainiako lan erreforma onartzearen kontrako bozkatu zutenean. Erabakiak krisia eragin zuen UPNren barnean, eta azkenean bi diputatuak alderditik kanporatu zituzten. Bigarren krisia iragan abenduan izan zuen, Joseba Asiron Iruñeko alkate egin zuen zentsura mozioaren ondoren. Bereziki mingarria izan zen hura UPNrentzat.
Frantziako Gobernuak «iragarpenak» egitea nahi zuten laborariek. «Maitasun deklarazioa» egin eta «maitasunaren frogak» eman dizkie Gabriel Attal Frantziako Lehen ministroak. «Erabaki dugu ororen gainetik jartzea laborantza», adierazi du Okzitania hegoaldeko etxalde batera egin duen komunikazio bisitan. Laborarien egoerari aurre egiteko neurriak iragarri ditu: erran du «orain» hartuko dituztela, «berehala». Hainbat prozedura eta arau arinduko dituzte, diru laguntzen ordainketa bizkortuko dute, gasolio profesionalaren prezioa ez dute emendatuko, eta Mercosur nazioarteko itunaren kontra eginen dute Europako Batasunean. Frantziako hedabideetan egin dituzten lehen adierazpenetan, laborari sindikatuetako ordezkariek erran dute «lauso» gelditu dela. Baionan, oraingoz autopistan segituko dutela jakinarazi du Iban Pebet FDSEAko kideak. «Frantziako eta departamenduko kontsignen beha gara; bihar goizean ikusiko dugu zer erabaki». Neurriei buruz ez du balorazio zehatzik egin nahi izan: «pentsatzen genuen ez zuela alimaleko gauzarik erranen; ikusi behar da zer heinetaraino eramaten dituen». Laborari talde bat hiri erdira sartu da arratsean, suprefeturaraino; zirkulazioa kolapsatu dute. Protesta andana egin dute laborariek azken egunetan Frantziako Estatuan, bizi duten egoera salatzeko. Errepide ardatz nagusi batzuk blokeatu dituzte, autoritateen begirunearekin. Baionan, A63 autobidea blokeatzeari ekin zion FDSEA sindikatuak astearte goizean, eta hiru egunez egon dira bertan, segurtasun indarren inolako esku hartzerik gabe. Goiz honetan, ELB sindikatuak Baionako portuko hiru sarrerak blokeatu ditu, besteak beste Maisica zereal biltegiaren sarrera oztopatuta. Baiona hiriguneko beste eremu batzuetan ere izan dira blokeatzeak. «Elkarrizketaren beharra» azpimarratu du Frantziako Lehen ministroak. «Hori da krisi batetik ateratzeko modu bakarra. Entzun zaituztegu, mezua jaso dugu, eta ulertu zaituztegu». Lehen ministro izendatu dutenetik laborari sindikatu guziekin bildu dela azpimarratu du, eta limurtzaile jokatu du, laborarien lana laudatuz: «Ezin dira ikusi kutsatzaile gisa, ezta kabalei tratu txarrak ematen dizkieten jende gisa tratatu ere». Beharrezkotzat jo du Frantziaren «herentzia eta identitatea» gordetzea: herrialde gisara laborantzari hertsiki lotua dela adierazi, eta burujabetza aldarrikatu du: «Ez dugu besteen menpeko izan nahi elikaduraren arloan». Baieztatu du Frantziako Estatua «eredugarria» izanen dela bere gidaritzapean. «Ez naiz hor laborariei errateko nola egin behar duten lan; beren lana egiten utziko diet». Ekoizpena ere defendatu du: «Gutxiago ekoitzi behar dela erraten dutenek gezurra erraten dute». Herrialdeak funtziona dezan «gehiago» ekoitzi behar dela baieztatu du, eta azken urteetan Frantziako Gobernuak emandako laguntzak aipatu: 3,5 mila milioi euro banatu dituzte askotariko krisiei aurre egiteko. «Presioa» apaldu Neurri zehatzak baino gehiago, asmoak zerrendatu ditu Attalek. Laborarienganako «presioa» apaltzea horietarik lehena. Hala, hainbat prozedura eta arau arintzeko konpromisoa hartu du: erran du banan-banan hartuko dituela, eta denak berrikusi. Besteak beste, neurriak hartuko ditu laborariek aurrera eraman nahi dituzten proiektuen kontrako helegiteak murrizteko. Urtegien proiektuak eta etxaldeen handitzeak hartu ditu adibidetzat. Biodibertsitatearen Frantziako Erakundearen kontrolak arinduko dituztela ere erran du. Horrez gain, adierazi du osoki beteko dutela laborarien eta elikagaien sektorearen arteko merkataritza harremanen oreka hobetzea helburu zuen Egalim legea, eta kontrolak izanen direla. «Merkataritza negoziazioetan nekazaria beti ez da babestua». Erran du zigorrak ezarriko dituztela hala behar denean, eta jadanik iragarri du ondoko egunetan legea errespetatzen ez duten hiru enpresaren kontrako «zigor gogorrak» hartuko dituztela. Diru laguntzen ordainketa bizkortuko dutela ere azpimarratu du Frantziako lehen ministroak, bai osasun krisiei aurre egiteko kalte ordainena, baina larrialdietarako ordainsariena ere. Horien artean dira eritasun hemorragiko epizootikoari buru egiteko kalte ordainak. Laborariei marexal gastuen %80 ordaintzea onartua zuten orain arte; %90era igoko dute. Azkenik, Attalek iragarri du 2024rako ez dutela igoko gasolio profesionalaren prezioa. Mercosur Laborarien aldarrikapenetarik bat da Frantziako Estatuko arau berak betetzen ez dituzten nazioarteko herrialdeetatik mozkinak inportatzeari uztea. Horri ere eman dio erantzuna Gabriel Attalek, eta jakinarazi Latinoamerikako herrialdeen eta Europako Batasunaren arteko Mercosur merkatu libreko itunaren kontra bozkatuko dutela. Haatik, ez du zehaztu zer eginen duten jadanik izenpetuak diren merkatu libreko gainerako akordioekin.
Korrikaren helburuekin bat egiten duten eragileei omenaldia egitea izaten da euskararen aldeko ekinbide horren asmoetako bat, eta, aurten, Ipar Euskal Herrira begira jarri dira horretarako. Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu dute. Hunkiduraz betea izan da omenaldia; Hondarribian (Gipuzkoa) egin dute, Itsas Etxean, eta aretoa bete egin da. Ekitaldiaren hasierako bertsoan, Haira Aizpurua bertsolariak berak lotu ditu Ipar Euskal Herrian hezkuntza sistemak ezartzen dituen derrigorrezko etsaminak euskaraz egin ahal izateko mobilizazioa eta aurtengo Korrikaren leloa: Harro herri. Erabateko zentzua izan du; debekuen gainetik ikasketa prozesua euskaraz osatzearen alde ari diren ikasleei, haien familiei eta irakasle «harroei» egin diete omenaldia, aski ederra. Bestela ere, Ipar Euskal Herriko errealitateari begiratzeko aparteko era emango du 23. Korrikak, amaitu ere hantxe amaituko baita, Baionan, martxoaren 24an, aurreko hamar egunetan Euskal Herri osoa zeharkatu eta gero. Aspaldiko borroka da azterketak euskaraz egitea Ipar Euskal Herrian; brebeta eta baxoa ikasleek egin beharreko azterketak dira, ikasketa prozesuan aurrera egiteko ezinbestekoak, eta, aitzinamenduak izan badira ere, traba ugari daude oraindik. Seaskak usu salatu du era horretan auzitan jartzen dela murgiltze ereduaren funtsa bera: euskarazko irakaskuntzarena. «Mundu guztiak jakin dezala gazte hauek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu bat beren hizkuntzan egin, eta, bidegabekeria horren aurka, pausoak ematen jarraituko dutela». ANE ELORDI Korrikako arduraduna Korrikak lehen lerroan jarri nahi izan du Ipar Euskal Herrian urteotan etsaminak euskaraz egitearen alde aritu den kolektiboa, eta goretsi egin du kolektibo horretako partaideen jarrera. Borroka bizia da haiena: atzo bertan berritu zuten Ipar Euskal Herriko hainbat ordezkarik azterketak tokiko hizkuntzetan ere egitearen aldeko aldarria, beste hainbat hizkuntza gutxituren ordezkariekin batera. Korrikako arduradun Ane Elordik propio goratu du Azterketak Euskaraz taldearen ahalegina. «Euskal Herri zabalean, eta hemendik kanpo ere, mundu guztiak jakin dezala gazte hauek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori beren hizkuntzan egin, eta, bidegabekeria horren aurka, pausoak ematen jarraituko dutela». Gazteak lehen lerroan Erakusketa bat ere paratu dute omenaldian. Azterketak Euskaraz kolektiboak egin duen bidea dago jasota: hastapenak, okupazioak, askotariko mobilizazioak. Ekitaldiko aurkezleak berak, Joanes Etxebeste aktore gazteak, bertatik bertara ezagutua du egoeraren bidegabekeria: «Iparraldean azterketak ezin dira euskaraz pasatu». Nerabezaroa atzean utzi berria da, eta ondo daki debekua zer traba den ikasleentzat; iaz bukatu zuen ikasketa prozesua Seaskan. Beste gazte asko ere izan dira omenaldian, berez duten indarrarekin, pozarekin. Etxapare Lizeoko ikasleen bandak eman dio amaiera omenaldiari, festa giroan. Pozik begiratu dituzte Seaskako buruek: «Oso motibatuta daude». AEK-k oroigarri bana eman die Estitxu Robles, Xalbador, Manex Erdozaintzi-Etxart, Piarres Larzabal eta Kattalin Elizalde kolegioetako ordezkariei, bai eta Bernat Etxepare lizeokoei ere. «Egiten ari zareten borroka gogorra izan da, eta hala da oraindik ere. Izan dadila oroigarri xume hau egindako lanaren aitortza». Seaskaren izenean, Peio Jorajuria lehendakaria ere izan da omenaldian. Ekitaldian, halaber, Oihaletxea dokumentala aurkeztu da; Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien lekukotasunekin eginda dago. Lander Garrok zuzendu du. Korrika eta euskarazko etsaminen aldeko borroka lotu ditu. «Biak sortu dira anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko». Dokumentalean, eta ekitaldian bertan, hainbat gazteren hitzak aski adierazgarriak dira; euskaraz «natural» egiten dute, euskaraz «pentsatzen» dute, eta horregatik nahi dituzte etsaminak ere euskaraz.
Frantziako Konstituzio Kontseiluak atzera bota ditu Immigrazio Lege berriaren artikulurik esanguratsuenak. Orotara, 37 artikulu indargabetu ditu, osorik edo partzialki: lege osoaren herena baino gehiago, gutxi gorabehera. Atzera botatako artikuluen artean daude neurririk polemikoenak. Adibidez, lege berrian traba gehiago jartzen zioten migratzaileek familia batzeko aukerari. Frantziaren menpeko lurraldeetan legez kanpo bizitzea delitu bilakatzen zuen, eta gogortu egiten zituen atzerritarrek bete beharreko baldintzak gizarte laguntzak jaso ahal izateko. Kuota batzuk ezartzen zituen eraikuntzan, ostalaritzan eta, oro har, langileak behar dituzten arloetan aritzeko, eta gobernuari ahalmena ematen zion urtean atzerritar kopuru jakin bat onartzeko, betiere langileen behar gorria duten sektore horietan jarduteko baldin bazen. Ikasle atzerritarren egonaldiei ere zenbait oztopo jartzen zizkien arautegi berriak. Neurri horiek guztiak indargabeturik gelditu dira Konstituzio Kontseiluaren ebazpenaren ondorioz. Konstituzio Kontseilua osatzen duten bederatzi kideek 32 artikulu ezetsi dituzte, «legearen funtsarekin zerikusirik» ez dutelakoan. Izan ere, lege egitasmoa onartzeko prozesua oso gorabeheratsua izan zen, eta zenbait neurri Senatuaren eta Asanblea Nazionalaren arteko batzorde misto batek gehitu zizkion jatorrizko testuari. Orain, Konstituzio Kontseiluak ebatzi du amarru bat erabili dela legearen jatorrizko asmoarekin zerikusirik ez zuten zenbait neurri atzeko atetik sartzeko, eta artikulu horiek guztiak atzera bota ditu. Horrez gain, beste hiru artikulu osorik edo partzialki indargabetu ditu, haien edukia Frantziako konstituzioarekin bat ez datorrelakoan, eta «erreserba» agertu du beste bi artikuluren gainean. Legea abenduan onartu zuen Frantziako Asanblea Nazionalak, eta lurrikara politiko handia eragin zuen, gobernua sostengatzen duten alderdiek ez ezik, LR alderdiko kontserbadoreek eta RN ultraeskuindarrek ere aldeko botoa eman zuten eta. Emmanuel Macron presidentea buru duen gobernuaren alderik progresistenean ezinegon handia piztu zuen horrek, eta, urtarril hasieran, Macronek aldaketak sartu behar izan zituen gobernuan. Kalean ere protesta handiak eragin zituen lege berriak, eta zenbait eragilek iragarri zuten Konstituzio Kontseilura joko zutela, legea indargabetzen saiatzeko. Darmanin, «pozik» Gerald Darmanin Barne ministroak sare sozialetako mezu baten bidez esan du «aintzat» hartuko dutela Konstituzio Kontseiluaren ebazpena, baina, hala ere, «pozik» agertu da, uste baitu Kontseiluak «Gobernuaren testuaren osotasuna» babestu duela bere erabakiarekin, eta atzera botatako artikuluak «prozedura parlamentarioa ez errespetatzeagatik» indargabetu dituela: «Orain arte lege batek ez du inoiz horrenbeste bitarteko aurreikusi gaizkileak kanporatzeko», erantsi du. Eskuin muturra, ordea, ez da iritzi berekoa, uste baitu Macron eta gobernua osatzen duten indarrak ez zeudela eroso legearen azken bertsioarekin, eta Konstituzio Kontseiluak mesede egin diela neurririk polemikoenak indargabetuta. RN Batasun Nazionalaren bozeramaile Jordan Bardellak «epaileek emandako kolpetzat» jo du Konstituzio Kontseiluaren erabakia, eta esan du Macron dela gertatutakoaren erruduna; gainera, tamalgarria iritzi dio «neurririk irmoenak» indargabetu izanari: «Immigrazio Legea hilda jaio zen. Galdeketa bat egitea da irtenbide bakarra». Eric Ciotti LR Errepublikanoak alderdiaren presidenteak ere deitoratu egin du Kontseiluaren ebazpena, eta esan epaileek gehiago erreparatu diotela «politikari zuzenbideari baino». Hark ere Macron eta ezkerreko indarrak egin ditu gertatutakoaren erantzule, eta konstituzioa erreformatzeko eskatu du, «Frantziaren etorkizuna babestu ahal izateko». Euskal Herrian ere izan da erreakziorik. Bizi mugimenduak esan du «arranguraturik» dagoela oraindik ere, Konstituzio Kontseiluak «askatasunaren kontrako artikulu anitz zentsuraturik ere», uste baitu legeak «Frantziako Estatuko instantzia gorenetan ageri den arrazakeriaren eta xenofobiaren normalizazioa» islatzen duela: «Gelditu den bezala ere, lege horrek ondorio lazgarriak izanen ditu etorkizun hobe baten esperantzan dena gibelean utzi duten emazteen eta gizonen bizitzetan». Bizi mugimenduaren iritziz, Macronen gobernuak, Darmanin ministroak eta legea sustatu duten alderdiek «tatxa ezabaezina» atxikiko dute, «RN alderdiaren jarrera historikoekin bat datorren lege bat onartzen lagundu baitute».
dFeria Donostiako arte eszenikoen jaialdiak finkatu ditu datak: martxoaren 11tik 14ra iraganen da, utopia izango du gai nagusia, eta Italian jarriko du arreta, herrialde gonbidatua izango denez. Zenbakitan esanda, 2024ko dFerian 25 konpainiak hartuko dute parte, eta 25 lan eskainiko dituzte guztira: 11 dantza ikuskizun, hamahiru antzerki obra eta zirku emanaldi bat. Funtzioak, berriz, 34 izango dira. Sarrerak bihar jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera, Viktoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan nahiz webgunean. Deskontu bereziak agindu dituzte otsailaren 11 baino lehen erosten diren sarreretan. Ofizialki martxoaren 11n hasiko bada ere, bezperan izango du inaugurazio ekitaldia, hain zuzen ere, herrialde gonbidatuari ohore eginez, eta, zehatzago, Italiako Aterballetto zentro koreografiko nazionalaren eskutik. Hamasei dantzari bakarlariz osaturiko talde honek hiru koreografia eskainiko ditu: Yeled, Shoot Me eta Rapsody in blue. Eyal Dadon koreografoak sortua da Yeled (ume, hebreeraz), eta haurtzaroko tolesgabetasuna galtzeari buruzko hausnarketa du oinarri. Bigarrenak balleta eta kontzertua uztartzen ditu, Spiritualized rock talde britainiarraren musika eta Jim Morrisonen grabazioak nahiz askatasunari buruzko poemak eskaintzearekin batera. Aterballetto konpainiak ez du koreografo finkorik izaten, komeni zaiona kolaborazio bidez lotzen du aldiko, eta hirugarren obrarako, Iratxe Ansa eta Igor Bacovichengana jo zuten. Bi koreografoek Aterballettoko hamasei partaideak jarriko dituzte dantzan, Gershwinen Rhapsody in blue musikaren konpasean, Viktoria Eugenia antzokian. «dFeriaren lan nagusietako bat euskal dantza garaikidearen etorkizuna diren horiei ikusgarritasuna ematea da». NORKA CHIAPUSSO dFeriako zuzendaria Bestelako lanik ere helduko da Italiatik. Fabiana Lacozzillik, esate baterako, hezur-haragizko aktoreak eta txotxongiloak nahastu eta narrazio tradizionalaren mugak gainditu dituen lan dokumental bat ondu du, La Classe izenburupean. Karidadeko Ahizpak institutuan bizi izandako esperientziak dakartza, eta oroitzapenen artetik bat gailenduko da: Lacozzilliri, eskolan, antzerkiko eszena bat zuzentzeko aukera eman ziotenekoa. BlucinQue konpainiak, berriz, Gelsomina Dreams eskainiko du. Zirku garaikide moduan definitua, Federico Fellini zinema zuzendariaren iruditeriari egiten dio gorazarre, eta zuzeneko musika eta dantzaren eta antzerkiaren lengoaiak fusionatzen ditu, Caterina Mochi Sismondiren zuzendaritzapean. Estreinaldiak Artean inon estrenatu gabeko bi antzezlan programatu ditu dFeriak, biak ala biak martxoaren 14an. Bata Vernos izango da, Imanol Lartzabal aretoan. Jaume Perez eta Juli Disla valentziarrek sortua da, eta adiskidantzaren gainean egiten dute gogoeta. Bigarren estreinaldia, berriz, Vaiven producciones konpainiaren El patio de las moreras izango da, eta Viktoria Eugenian estreinatuko dute. Gaurko egunetik iragana ulertzeko saio moduko bat da. Norka Chiapusso dFeriako zuzendariak azaldu duenez, ahalegin berezia egin da aurten «espazio bakoitzak bere koherentzia gorde dezan», obren formatuek eta konpainiei komeni zazkien datak «koherentzia horrekin bat etortzea zaila izaten den arren». Alde horretatik, Principal antzokian egile antzerkia eskainiko dute nagusiki; Gazteszenan, dantza garaikidea, eta Intxaurrondon, Euskal Herrian sortutako antzerkia. Chiapussok, berriz, Txalaparta nabarmendu du, Kukai dantza konpainiak eta Jesus Rubio Gamok landutako ikuskizuna. Rubio Gamo Donostiara Bolero obrarekin etorri zela gogoratu du dFeriako zuzendariak, eta haren lana goraipatu eta gero, «fusio interesgarritzat» jo du bien arteko elkarlana. Euskal Herriko sorkuntzari begira, Gazteszenako bi ekitaldiri jarri die azpimarra. Batetik, Akira Yoshida eta Lali Ayguade nafarren Together to Get There dantza ikuskizuna aipatu du; eta, bestetik, Olaia Valle eta Rocio Tejada bizkaitarren Bitartean gertatzen dena. «dFeriaren lan nagusietako bat euskal dantza garaikidearen etorkizuna diren horiei ikusgarritasuna ematea da», esan du Chiapussok. Egitarau osoa www.dferia.eus webgunean dago kontsultagai.
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak bide eman dio hipoteken gastuak erreklamatzeko epeak luzatzeari. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak dio hipoteka-gastuak erreklamatzeko epea mugatzen duen Espainiako jurisprudentzia Europako Zuzenbidearen aurkakoa dela.