Abenduaren 10ean Javier Milei Argentinako presidente izendatu zutenean argi geratu zen legegintzaldia ez zela ohikoa izango. Anarkokapitalismoa banderatzat daukan politikariak erreforma andana plazaratu zuen hautagai zenean, eta presidente izendatu eta gutxira hasi da horiek martxan jartzen. Abenduaren 27an aurkeztu zuen Omnibus Legea izan da hautsak gehien harrotu dituena, Mileiren esku uzten baititu Kongresuarenak ziren eskumen asko. Horren aurka agertu dira milaka pertsona gaur Buenos Airesko kaleetan, Mileiren gobernuaren aurkako lehen lanuztean. CGT Lanaren Konfederazio Orokorrak deitu du lanuztera, Argentinan babesik handiena duen sindikatuak. Hainbat sindikatu, alderdi politiko eta erakundek bat egin dute deialdiarekin; goizetik «ehunka mila» manifestari elkartu dira, antolatzaileen arabera, eta Buenos Airesko Kongresu plazara abiatu dira eguerdian —Euskal Herrian 16:00ak zirenean—. 2019tik ez da lanuzte orokorrik izan Argentinan. Ez da istilurik egon manifestarien eta poliziaren artean, Patricia Bullrich Segurtasun ministroak atzo piketeen aurkako protokoloa martxan jartzeko mehatxua egin zuen arren. Halere, tentsioak izan dira. Retiroko tren geltokian, esaterako, manifestariek bengalak piztu dituzte. Manifestarien aurreneko ziztada Luis Caputo Ekonomia ministroak jaso du. Manifestarien zutabeak Konstituzio Plazara heldu direnean Pablo Moyano CGTko kideak hartu du hitza. Caputok aurrera eraman nahi dituen politika ekonomikoak txalotzeko asmoz, Mileik aurrekoan esan zuen herritarrek Caputo «bizkarrean eraman» beharko luketela. Presidentearen hitzak hartuta egin dio kritika Caputori Moyanok: «Ministroak doitze ekonomikoekin eta kaleratze politikekin jarraitzen badu, langileek eta erretiratuek bizkarrean eramango dute, bai, baina ibaira botatzeko». Bestalde, Moyanok «historikotzat» jo du mobilizazioa: «Mileik kargua hartu eta 45 egunera jendetza bildu gara haren aurka egiteko. Argentinarrak haien iritzia plazaratzen hasi dira». Gobernuak erantzun Mileiren Gobernua ez da oldarraldiaren aurrean isilik geratu. Axel Kicillofek, presidentearen bozeramaileak, esan du manifestazioa «demokraziaren eta errepublikaren aurkako ekitaldia» dela. Caputok, bestalde, bere aurka esandakoei erantzuteko eskatu dio justiziari X sare sozialean. CGTk bi arrazoi nagusi plazaratu ditu argentinarrak grebara jo dezaten. Batetik, Omnibus Legea, eta, bestetik, Premiaren eta Larrialdiaren dekretua. Bi neurri horiek presidentearen esku uzten dituzte orain arte Kongresuarenak izandako eskumen batzuk. Horiei esker, Mileik erabakimen handiagoa izango luke ekonomiari, segurtasunari, arlo sozialari eta osasunari dagozkien politiketan. Omnibus Legeak eragingo liekeen arloen artean daude manifestazioak. Mileik hasieran proposatutako legeak gogor egiten du protesten aurka, urtebete eta sei urte bitarteko kartzela zigorrak aurreikusten baititu. Are gehiago, Mileik «hiru pertsona edo gehiago dituen edozein bilkura» manifestaziotzat hartzea nahi du; betiere, «kalean ibiltzeko askatasuna oztopatuz gero». Sindikatuak hasieratik agertu dira neurri horren aurka. Erabaki horren aurka egin du manifestazioak ere. Konstituzio Plazan egindako ekitaldian, sindikatuko buruzagietako batek, Hector Daerrek, Mileiri ohartarazi dio ez egiteko manifestarien aurkako ekintzarik: «Ez dezatela protesta kriminalizatu; bestela, mundu osoan eta Argentinan garesti ordainduko dute».
Errusiako armadaren hegazkin bat erori da gaur Belgorod eskualdean, herrialdearen mendebaldean, Ukrainako mugan —50 bat kilometrora dago—. Errusiako Defentsa Ministerioak Telegram bidez jakinarazi duenez, 65 gerra preso ukrainar, tripulazioko sei kide eta hiru militar errusiar zihoazen abioian. Iturri ofizialen arabera, denak hil dira. Moskuk Iliushin Il-76 abioi hori eroraraztea egotzi dio Kievi, Tass Errusiako berri agentziaren arabera. Ukrainako iturri ofizialek, baina, ez dute gertatutakoari buruzko adierazpen ofizialik egin. Errusiak azaldu du Ukrainak gatibu dituen soldadu errusiarren truke utzi behar zituztela aske preso horiek. Aintzat hartu behar da Ukrainako indarrek eskualde hori maiz bonbardatu dutela azkeneko hilabeteetan. Kremlinek esan du zer gertatu den ikertzen ari dela. Eskualdeko gobernadore Viatxeslav Gladkovek Telegramen esan du Belgorod hiriburuaren iparraldean erori dela hegazkina lurrera. AP Associated Press AEBetako berria agentziak argitaratu du Euskal Herrian 10:25 inguru zirenean erori dela. Eta, hain zuzen, Ukrainskaya Pravda egunkariak Ukrainako Estatu Goreneko iturriak aipatuz argitaratu duenez, Ukrainako armadaren eraso batek erorarazi du abioia, argudiatuta S-300 misilak garraiatzen ari zela. Minutu batzuk geroago, ordea, baieztapen hori ezabatu du, eta gehitu iturriek ez zutela «adierazten» Ukrainaren parte hartzea, Misil horiek baliatu zituen Errusiak, atzo, Kiev eta Kharkiv bonbardatzeko; 18 zibil hil ziren eraso horietan. Errusiako behe ganberako kide eta jeneral erretiratu Andrei Kartapolovek Ukraina egin du erasoaren erantzule. Reuters AEBetako berri agentziak haren hitzak jasoz kaleratu duenez, Mendebaldeak eman dizkion hiru misil erabiliz eraso egin dio hegazkinari; ez du jakinarazi, ordea, hori nork baieztatu dion. Aliatuek errezeloak agertu izan ohi dituzte Ukrainak beraiek emandako armak erabili izan dituenean Errusiako lurretan baliatzeko.
Energia nuklearra hemen da berriro. 2022an, EB Europako Batasunak etiketa berdea jarri zion, eta abenduan Dubain egindako Nazio Batuen Erakundearen klima larrialdiari buruzko biltzarrean (COP28), 22 herrialdek konpromisoa hartu zuten energia nuklearraren ahalmena hirukoizteko 2050erako. Urrun geratu da 2011ko Fukushimako istripuak eragin zuen katastrofe nuklearraren beldurra. IEA Nazioarteko Energia Agentziaren azken iragarpenen arabera, mundu osoko energia nuklearraren ekoizpena maximo historikora iritsiko da aurten. %3 inguru handituko da, eta 2.915 Twh lortzea espero da. Aurreko errekorra 2021ean ezarri zen, 2.809 Twh. Igoera horren arrazoi nagusia aurten abiaraziko dituzten erreaktore berriak izango dira, batez ere Txinan, Indian eta Hego Korean; horri gehitu behar zaio berriro martxan jarriko dituztela Frantzian mantentze lanengatik denbora batez geldirik egon diren erreaktore batzuk, eta Japonian ere beste batzuk berriro irekiko dituztela. Adimen artifizialaren energia egarria IEAk ohartarazi duenez, adimen artifizialarekin eta kriptodiruarekin loturiko jardunak garatzeko datu zentroen elektrizitate kontsumoa bikoiztu egingo da datozen hiru urteetan, guztira 460 TWh erabiltzetik 1.100 TWh erabiltzeraino. Datozen hiru urteetan energia nuklearraren produkzio hazkunderik handiena Txinak eta Indiak egingo dute. IEAren arabera, bi herrialde horiek mundu osoko energia nuklearraren erdia baino gehiago ekoitziko dute 2026an. Gaur egun, Txinak %16 baino ez du produzitzen; 2014an, %5 zen. AEBk, EBk —Frantziak batez ere— eta Erresuma Batuak ere ateak ireki dizkiote zentral berriak eraikitzeari, baina prozesua motelagoa dela nabarmendu du IEAk. Energia agentziaren arabera, Txinak apustu handia egin du energia nuklearren alde eta, herrialdean erreaktore berriak jartzeaz gain, industria oso bat sortu du haren inguruan; hango teknologia dute mundu osoan eraikitzen ari diren hamar erreaktore nuklear berrietatik zazpik. Oro har, belaunaldi berrikoak dira, txikiagoak eta merkeagoak. Energia berriztagarriak nagusi Energia agentziak energia nuklearraren aldeko apustua txalotu du. Haren arabera, hori eta energia berriztagarrien hazkunde azkarrak erregai fosilak sistema elektrikotik kanporatzen ari dira, ikatza batez ere. IEAk kalkulatu duenez, energia berriztagarriak eta nuklearrak mundu osoko elektrizitatearen %46 produzituko dute 2026an; %40 izan zen 2023an. -% 3,2 Argindar kontsumoa Europan. Prezioa jaitsi arren, Europan elektrizitatearen kontsumoa %3,2 murriztu zen iaz; batez ere, industriaren sektorean. IEAren arabera, Europako elektrizitate kontsumoa 2026ra arte ez da 2021eko mailara iritsiko. Energia berriztagarriak soilik kontuan hartuta, IEAk dio elektrizitatea sortzeko iturri nagusia izango direla 2025aren hasieran, eta ikatza gaindituko dutela. Mundu osoan produzitutako elektrizitate guztiaren %37 energia berriztagarria izango da 2026an; % 30 izan zen iaz. Energiaren agentziak nabarmendu du energia fotovoltaikoaren kostuak murriztu izana dela energia berriztagarrien hedapenaren arrazoi nagusia. Horrekin batera, azpimarratu du azken urteetan handitu egin dela elektrizitatearen ekoizpena: 2023an kontsumitutako energia guztiaren %20 energia elektrikoa izan zen. Munduko elektrizitate eskaria %2,2 igo zen iaz, eta 2026ra arte urteko %3,4ko erritmoan handitzea aurreikusten du. IEAren arabera, igoera hori ibilgailu elektrikoen salmentari eta bero ponpen instalazioari zor zaie.
Bi aldeen arteko desegite akordioa, ikasturte honetan ikastetxe jakin batzuetako jantokietan izandako arazoen ondotik etorri da. Otsailaren 5etik aurrera, sektoreko enpresek beteko dute Serunionek ikasturte honetan ematen zuen jantoki zerbitzua.
Bizkaiko metalaren sektoreko enpresen % 82,6k 2024 mozkinekin ixtea espero dute. Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioaren koiuntura-txostenaren arabera, ordea, % 4,8k baino ez ditu galerak aurreikusten, eta 2023an, berriz, 1400 lanpostu sortuko dira.
Elkarrengandik urrun daude Donostia eta Sevilla (Espainia): 900 kilometro pasatxo daude hiri baten eta bestearen artean. Realeko zaleentzat, ordea, gutxiago dirudite. Imanol Alguacilek entrenatutako taldeak 1-2 irabazi dio gaur gauean Celtari Vigon (Galizia). Horri esker, Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da. Duela lau urte egon zen azkenekoz finalaren atarian, eta txapeldun izan zen gero, finalean Sevillako Cartuja estadioan Athletici irabazi eta gero. Toki berean jokatuko da finala aurten, apirilaren 6an. Urrun zegoen egun eta toki hori azaro hasieran, Realak Kopari ekin zionean, baina, pausoz pauso egin du bidea, eta gaur-gaurkoz, gertu dauka finala, pauso bakarrera besterik ez. Saihetsezina da jarraitzaile txuri-urdinei bor-bor etortzea iragan hurbileko oroitzapen ederrak. Ostiral eguerdian jakingo dute noren aurka ariko den euren taldea finalerako sailkatzeko lehian. Bi aste barru jokatuko du Realak finalerdietako joaneko partida, eta hilabete pasatxo barru itzulikoa. Realak ohiturari eutsi dio, eta berriro nagusitu zaio Celtari Balaidosen; seigarren aldiz egin du jarraian. Bitan jokatu dute elkarren aurka hiru eguneko tarte eskasean, eta hori kontuan hartuta, Imanolek azpimarratu zuen bi partida «oso ezberdin» izango zirela. Horregatik, ia hamaikako erdia aldatu du gaur: Remiro, Aramburu, Zubeldia, Le Normand eta Brais Mendez aritu dira berriro hasieratik. Beste sei jokalariak, berriz, berriak izan dira: Tierney, Zubimendi, Merino, Becker, Oiartzabal eta Andre Silva. Beckerrek, beraz, lehen aldiz jokatu du Realarekin. Celtan, berriz, zortzi berritasun egon dira. Baina aldaketek ez dute ezer aldatu, eta aurreko partidako emaitza berbera izan da: Reala nagusitu da. Hasi eta berehala hasi da garaipena eta kanporaketa bideratzen. Lehen minutuan, Merinok eta Oiartzabalek bikain aprobetxatu dute Celtaren atzealdearen segurtasunik eza. Erdilariak area barrutik erdiratu du, ezkerretik, eta Oiartzabalek buruz errematatu du baloia, sareetara. Partida hasi besterik ez zen egin, eta Reala jada aurretik zegoen. Neurketak ezin zuen izan hasiera hoberik. Gola jasota, aurrera egiten saiatu da Celta. Baina alferrik. Realaren presioak ez dio utzi aurrerapausoa ematen. Bisitariena zen baloia, eta horri esker, baita partidaren aginte-makila ere. Nahieran zebiltzan, sufritu gabe, eta arriskutsu geldikako jokaldietan. 22. minutuan, Merinok gertu izan du bigarren gola, area barruan egindako jaurtiketa batekin, baina Ivan Villarrek baloia urrundu du. Ordu laurden geroago, berriz, Andre Silvak izan du aukera, beste geldikako jokaldi batean, baina haren errematea gutxigatik joan da langaren gainetik. Tartean, min hartu du Tierneyk, eta Aritz Elustondo zelairatu da haren ordez. Lesio hori izan da gaur Realari gertatu zaion gauza txar bakarra. Bestelakoan, ezin hobeto joan zaio dena. 0-1 zen emaitza lehen zatiaren amaieran. Atsedenalditik bueltan, Imanolek Zakharian zelairatu du Andre Silvaren ordez. Hala, Oiartzabal jarri da aurrelari moduan. Asmoa argia zen: atzean sendo eustea, eta aurrean bizi jokatzea, eta aurkariaren hutsen bat aprobetxatzen saiatzea. Bigarren gol batek ia erabakita utziko zuen partida. Celtak, berriz, aurrerapausoa eman du, eta lehen zatian baino gehiago estutu du Reala aurreneko minutuetan. Etxekoek sua piztu nahi zuten, eta bisitariek itzali. Bigarrenek lortu dute helburua, eta modurik onenean: bigarren gola sartuta. Beckerrek egin du, kontraeraso bat bikain bukatuta. Nekez izan zezakeen estreinako hoberik. 66. minutua zen, eta ia erabakita zegoen partida. Celta saiatu da aldea murrizten, eta 92. minutuan lortu du helburua: De la Torrek sartu du 1-2koa. Golak emozioa eman dio neurketaren azken txanpari, baina, Realaren zorionerako, garaipenak ez dio ihes egin. Donostiarrek pozarren ospatu dute sailkapena. javi galan donostian dago jada Javi Galan aurki izango da Realeko jokalaria. 29 urteko ezker hegaleko atzelari espainiarra gaur iritsi da Donostiara, eta hurrengo orduetan sinatuko du talde txuri-urdinarekin. Atletico Madrilek utzita ariko da Realean denboraldia bukatu arte. Aihen Muñozen tokia hartuko du taldean, hark lesio larria izan baitzuen joan den larunbatean, Celtaren aurkako neurketan: ezker belauneko atzeko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta denbora luzez egongo da jokatu gabe. Galan gutxi ari zen jokatzen Atletico Madrilen: bederatzi partida besterik ez lehiaketa guztiak kontuan hartuta. Vila-realera joatekotan zen, baina Realak eskaintza egin eta gero, Donostiara etortzea erabaki du. Larunbatean egin dezake estreinakoa, Anoetan, Rayo Vallecanoren aurka, taldeko bi ezker hegaleko atzelariak min hartuta baitaude.
Kapitalismoaren industriarik errentagarrienetako bat da pornografia. Munduko bosgarrena, hain zuzen. Haren aurretik daude, besteak beste, prostituzioa eta armen industria. Atzetik, berriz, alkohola, apustuak eta petrolioa. «Industria izugarria da, beraz», zehaztu du Maria Rodriguez Suarez sexologoak eta Generoan eta Aniztasunean doktoreak. Industria horren pisua ikusita, argi du ezin dela egun batetik bestera hura ezabatu. Hori dela eta, ezinbestekoa da konponbide bat bilatzea. Baina, zein? Rodriguezek argi du: «Sexu heziketa da tresnarik onena». Erantzun irmo hori eman die gaur goizean Rodriguezek hainbat irakasleri BEC Barakaldoko erakustazokan (Bizkaia). Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Pornografiaren erabileraren ondorioak nerabe eta gazteentzat jardunaldiak antolatu ditu irakasleentzat. Gaurko saioa Bizkaiko irakasleentzat izan da. Bihar, berriz, egitarau bera eskainiko diete Arabako eta Gipuzkoako irakasleei, Gasteizen. «Ohartu gara pornografia dela sexuari buruz informazioa jasotzeko iturri nagusietako bat, eta orain hasi gara esaten pornografiak gaizki hezten duela», azaldu du Rodriguezek. Eta gehitu du baieztapen horrek ez duela zentzurik: «Pornografia ez dago hezteko sortua, ekoizteko eta errentagarri izateko baizik». Sexu heziketa izan beharrean, bide heziketa izango balitz, inork ez luke zalantzarik izango. «Imajina ezazue bide heziketa ez duela inork egiten, eta esaten dugula Fast and Furious filmak gaizki hezten duela; edo esaten dugula bakoitzak bere etxean erakutsi behar duela nahi duena». Pornografiaren helburua ez denez heztea, ezin zaio industria horri «erru» guztia bota. Sexualitateari buruzko «iruditeria gatazkatsua» eskaintzen du pornografiak, baina beste «produktu kultural» batzuek ere horretan laguntzen dute. Izan ere, Rodriguezek esan du fokua pornografian jartzeak begirada mugatzen duela. Eta hala berretsi du Maider Garcia de Bikuña Kintana Emaize sexologia zentroko sexologo eta psikologoak: «Pornografiari begira, inguruan dagoen guztia galtzen ari gara; begirada aldatu behar dugu». Horiek horrela, «ardurak» hartzeko garaia dela nabarmendu dute biek. «Momentu oro ari gara hezten; horregatik, sexu hezkuntza integrala ezinbestekoa da, guraso, senide zein irakasleei tresna eraginkorrak eskaintzeko», esan du Rodriguezek. Izan ere, Rodriguezek gogoratu du sexu heziketa «saihetsezina» dela: «Beti ari gara sexu heziketan; isiluneak ere sexu heziketa dira». Hortaz, eredua da aldatu beharrekoa. Sexu hezkuntzaren asmoa da haurrek eta nerabeek «ezagutzak, trebetasunak eta balioak» garatzea. Eta, horretarako, sexualitateari buruz hitz egiteko «eredu berri bat» behar da, ikuspegi «alarmistak» erabiliko ez dituena: «Sexu hezkuntzaz ari garenean, beldurrei buruz hitz egiten dugu, arriskuei buruz, erruari buruz…». Beldurraren eredua alboratu, eta, besteak beste, «plazerean, askatasunean eta aniztasunean» zentratuko den eredua aldarrikatu du Rodriguezek. «Sexualitatea positiboa dela irakatsiko duen sexu heziketa». Nerabeak entzun Helduek hitz egin eta haurrek entzun. Hori da, askotan, gizartean gailentzen den elkarrizketa. Garcia de Bikuñaren iritziz, hori aldatu behar da. «Gazteak entzun behar ditugu», azpimarratu du. Eta bat egin du Rodriguezek: «Ez da egokia gazteei pornografia ikustearen errua botatzea». Izan ere, gazteek «zilegizkoak» diren arrazoiak dituzte pornografia kontsumitzeko. Hori dela eta, begirada «helduzentrista» albo batera utzi behar dute pertsona helduek, eta nerabeak gehiago entzun. Emozioak, autoestimua eta enpatia ere landu behar ditu sexu heziketak. «Klasean giro erosoa sortu behar da emozioak lantzeko; horrela konturatuko dira bakoitzak bere emozio eta plazerak dituela», azaldu du Garcia de Bikuñak. Horrekin lotuta, Rodriguezek aipatu du sexualitatearen ideia hedatu behar dela, eta beste hainbat kontu bere gain hartu dituela: «Sexualitateak zerikusia du zaintzarekin, berdintasunarekin, emozioekin, plazerekin, gorputz guztiekin, erotika guztiekin…». «Sexologoak gelara sartzen garenean, irakaslea bertan geratzea aberasgarria da, baina jarrera egokia erakutsi behar du». MAIDER GARCIA DE BIKUÑA Emaize zentroko sexologa eta psikologoa Sexu heziketa, gainera, baliagarria izan daiteke pornografia agertzen den momentu horretarako. Esaterako, gazteek ondorioztatu dezakete plazera ez dela soilik fisikoa, pornografiak erakusten duen bezala. «Psikologikoa ere bada», azaldu du Rodriguezek. Are, plazera sentitu behar da sexu harremana izan baino lehen, momentuan bertan eta ondoren. «Preserbatiborik gabe gehiago sentitzen dutela esaten dutenean, ezin diegu kontrakoa esan; agian plazer fisiko pixka bat galduko dute, baina hurrengo egunean plazer psikologikoa irabazi: zer da hobea, aurreko egunean gozatutakoa gogoratzea, edota larrituta ibiltzea preserbatiboa erabili ez izanagatik?». Umeen «bidelagun» Helduen zeregina «laguntzea» da, Rodriguezek azaldu duenez. «Galderak erantzutea baino gehiago, erantzunak aurkitzen laguntzea». Eta Garcia de Bikuñak zehaztu du: «Helduok bidelagun izan behar dugu, umeek bidea egin dezatela, eta guk lagunduko diegu bidea egiten». Irakasleen lana ere bada haurrekin bidea egitea. Alde horretatik, «oso aberasgarria» izan daiteke sexu heziketan parte hartzea. «Sexologoak gelara sartzen garenean, irakaslea bertan geratzea aberasgarria da, baina jarrera egokia erakutsi behar du», azaldu du Emaize zentroko sexologoak. Irakasleak «ikasteko nahia» erakusten badu, ongi etorria izango da. «Epaitzeko jarrera» erakustekotan, berriz, ez du lagunduko, eta ez da giro eroso bat sortuko. «Klase horietan ez da epailerik behar, baizik eta entzuteko eta ulertzeko prest dagoen pertsona bat». Hausnarketa horrek lagundu egin dio jardunaldira bertaratu den Leire Navas irakasleari. «Udaletxetik etortzen dira apur bat horren inguruko formakuntza ematera, baina normalean tutoreak ez dira gela barruan egoten». Orain ulertu du «interesgarria» izan daitekeela bertan geratzea. Eta Rodriguezek borobildu du: «Gure jarrera mezua ere bada».