Hil egin da Getarian istripua izan duen motozalea
58 urteko gizon bat hil da gaur goizean Getarian (Gipuzkoa) izandako istripu batean. N-634 errepidean gertatu da ezbeharra, 10:15ean: txirrindulari talde bat aurreratzen ari zen auto batek parez pare jo du hildakoa gidatzen ari zen motorra. Motozalea errepidean botata geratu da zauri larriekin, eta Donostiako Ospitalera eraman dute larrialdi zerbitzuek. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ordu batzuk geroago jakinarazi du ezin izan dutela haren bizia salbatu. Errepidea itxita egon da pare bat orduz, motozalea artatu eta bidea garbitu bitartean. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du gertatutakoa argitzeko.
