FACUAk Reala salatu du Betiseko zaleak diskriminatzeagatik “euren jatorria…

Donostiako taldeak iragarri du ez diela utziko bisitariei igandeko partidarako sarrerak erosten. Realak omenaldia egingo dio egun horretan Aitor Zabaletari, duela 25 urte Frente Atleticoko kide batek hil zuen zale donostiarrari.
Ezkerreko independentismoa «inoizko indartsuen» ikusten du Sortuk
Ezker independentismoa «inoizko indartsuen dago» Sorturen iritziz, eta udazkenean izan diren askotariko mobilizazioek erakusten dute «aldaketarako gogoa» dagoela. Hala ebatzi dute herrietako arduradun politikoekin egin duten Nazio Batzar delegatuan, ostegun honetan. «Aukera eta nahi horiek indarrez eta ilusioz bultzatzeko konpromisoa» adierazi dute «independentziarako indarra biltzeko eta askapen prozesua azkartzeko helburuz». Egoera politikoaren azterketa egin dute Arkaitz Rodriguezek, Kizkitza Gil de San Vicentek eta Xabi Iraolak euren hitzartzeetan. Euskal Herriak dituen erronkei «herri gisako erantzunak» eman behar zaizkiela ohartarazi dute, eta horretarako «aliantza eta elkarlan esparru zabalen premia» onetsi dute. Ezkerreko abertzaleek balorazio «positiboa» egin dute Hego Euskal Herrian iragan berri diren hauteskundeez, EH Bilduren gorakada azpimarratuta. «Aukera berriak ireki ditu, tartean, nola ez, lurralde auziaren gaineko eztabaida irekitzeko», adierazi dute ohar batean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ere «aldaketaren bidean sakontzeko mugarri garrantzitsu bat» izango direla ziurtatu dute. Agortutzat jo dute Eusko Jaurlaritzaren gaur egungo eredua; hainbat sektoretako protestak edo EAJren «krisia» dituzte horren froga. «Bestelako lidergo eta politiken beharra nabaria da, eta hori ezker independentismoaren eskutik etor daiteke, euskal herritarron bizitzak erdigunean jarriz parametro subiranista eta eraldatzaileetatik. Hori sustatuko du Sortuk, ezker independentismoaren eragiteko gaitasuna ahalik eta handiena izan dadin», adierazi dute.
Ukraina eta Moldavia EBn sartzeko negoziazioak hastea adostu du…
Ordu askotako eztabaiden ondoren, Ukraina eta Moldavia EB Europako Batasunean sartzeko negoziazioak hastea adostu dute EBko agintariek, Europar Kontseiluko bileran. Erakundeko presidente Charles Michelek eman du erabakiaren berri, X sare sozialean; eta, gainera, iragarri du Georgiak hautagai estatusa izango duela aurrerantzean, baita Bosnia eta Herzegovinarekin negoziazioak hasteko atea irekita egongo dela ere, herrialdeak «horretarako baldintza guztiak betetzean». Ezustean iritsi da erabakia, espero baitzen Hungariak Ukrainaren hautagaitza blokeatzea. Hungariako lehen ministro Viktor Orbanek adierazpenok egin ditu bilkuraren hasieran: «Ukrainak ez du merezi EBn sartzeko negoziazioak hastea, ezta erakundearen aurrekontuen parte bat jasotzea ere —50.000 milioi euro—». Azkenean ez du aurka egin, baina ezta alde ere. Talde komunitarioko zenbait kidek jakinarazi dutenez, Orban egoitzatik irten da bozketa hasi baino zerbait lehenago; beraz, ez du botorik eman. Geroago, Hungariako lehen ministroak hauxe idatzi du X plataforman: «Hungaria ez da erabaki oker baten parte izango». Edonola ere, horrek bide eman die gainontzeko estatu kideei aho batez egitasmoaren alde bozkatzeko. Batzuen negarra, besteen poza Europar Kontseiluko agintarien onespenaren harira, pozarren agertu da Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea: «Hau garaipen bat da Ukrainarentzat eta Europa osoarentzat». Antzera hitz egin du Michelek. Batzordeko presidentearen arabera, gaurkoa «urrats historiko bat» da, eta balio du Ukrainari erakusteko «Europa bere alboan» dagoela. Bide beretik, erabakia txalotu dute EBko beste hainbat agintarik, hala nola Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, eta Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak.
Larunbatean hasiko da Ados klubaren Binakako Txapelketa Nagusia
Ados Pilota klubak hirugarrenez antolatu du Binakako Txapelketa Nagusia. Larunbatean hasiko da, Latasan (Nafarroa), eta apirilaren 21ean jokatuko dute finala, Antzuolan (Gipuzkoa). Lau hilabete pasatxoko lehia izango da, eta guztira 58 partida jokatuko dituzte. Euskal Herriko 30 frontoi baino gehiagotan ariko dira. Inoiz ez da horren txapelketa luzerik antolatu. Beste behin, BERRIAk txapelketa babestuko du, eta haren berri emango du. Baita Hamaika telebistak ere. Partida guztiak Adosen Youtubeko kanalean ikusi ahal izango dira zuzenean, eta Hamaikak astelehenetan eskainiko ditu, Joko zelaia saioan. Finalerdiak eta finala, berriz, zuzenean emango ditu. 22 pilotari ariko dira lehian, 11 bikotetan banatuta. Zazpi bikotek Lehen Mailako Txapelketa jokatuko dute. Hauek dira bikoteak: Barrokal-Agirre, Aldaregia-Olatz Ruiz de Larramendi, Ruiz de Infante-Leire Galeano. Zabaleta-Zabala, Etxekolonea-Mendiburu, Arrieta-Maite Ruiz de Larramendi Mujika eta Iturriaga-Orbegozo. Hain zuzen ere, Maite Ruiz de Larramendik denboraldia bukatzean hartuko du erretiroa, 50 urterekin, kirol ibilbide luze eta oparoa egin ondoren. Gaur iragarri du albistea, oso hunkituta. Lehen Mailako zazpi bikoteek bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du. Lehen lau bikote sailkatuak finalerdietan ariko dira: lehen sailkatuak laugarrenaren aurka jokatuko du, eta bigarren sailkatuak, hirugarrenaren aurka. Apirilaren 7an izango da lehen finalerdia, Iruñean, eta 13an bigarrena, Miarritzen (Lapurdi). Bi finalerdietako garaileek finala jokatuko dute apirilaren 21ean, Antzuolan. Han aurkeztu dute txapelketa gaur, Olaran Etxean. Olatz Lezeta alkateak azpimarratu du zein garrantzitsua den «berdintasunaren bidean» horrelako egitasmoak bultzatzea. Horren harira, eskertu egin dio Adosi arlo horretan egiten duen lana. Promozio Mailan, berriz, bost bikote lehiatuko dira: Aranburu-Arrastia, Ibarrola-Vertiz, Nagore Galeano-Perez eta Oskoz-Sotil. Bi itzuliko ligaxka jokatuko dute. Partida bakoitza irabazten duenak puntu bat batuko du. Lehen bi sailkatuek finala jokatuko dute. Altuna larunbatean itzuliko da lehiara Jokin Altunak larunbatean jokatuko du berriro. Amezketarrak proba egin du gaur ezker sorbaldako lesioak jokatzen uzten dion jakiteko, eta proba balekoa izan da. Askoz hobeto du ezker sorbalda, eta jokatzea erabaki du. Binakakoaren ligaxkaren laugarren ekitaldian ekingo dio lehiari. Hark eta Julen Martijak Joseba Ezkurdiaren eta Xabi Tolosaren aurka jokatuko dute Bartzelonan (17:15). Danel Elezkanok ordezkatu du orain arte Altuna III.a, baina hura eta Martija ez dira gai izan irabazteko. Laugarren jardunaldia, hala ere, bihar hasiko da: Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena Iñaki Artolaren eta Ander Imazen aurka ariko dira Oiartzunen (Gipuzkoa), 22:15ean (ETB1).
Bilbobuseko langileen ordezkariek San Tomaseko greba mantendu eta 30…

Bilbobuseko langileen ordezkariek San Tomaseko greba mantendu eta 30 lanuzte gehiago deitu dituzte
Lehendakariordeak Enplegu Zerbitzu Publikoa eta horrek dauzkan berritzeko eta…
Lehendakariordeak Enplegu Zerbitzu Publikoa eta horrek dauzkan berritzeko eta aurrea hartzeko gaitasuna aldarrikatu ditu, herritarrei erantzunak emateko
Eguberrietan greba Iberian. Zer egin behar dugu egun horietarako…

Iberiak Gabon betean greba egingo duela iragarri ondotik, Kepa Loizagak, OCUk Euskadin duen ordezkariak, bidaiarien eskubideak zein diren jakiteko gakoak eman dizkigu.
Eusko Jaurlaritza Bide Segurtasuneko plan estrategiko berri bat prestatzen…
Josu Erkorekak jakitera eman duenez, konpromiso horrek Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendarekin lerrokaturiko helburu bikoitza du: Euskadin 2030erako zirkulazio-istripuetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua erdira jaistea eta zero istripu hilgarri izateko helburua betetzea 2050erako.
Mark Drakefordek Galesko lehen ministro kargua utziko du
Galesko Alderdi Laboralistako buru Mark Drakefordek dimisioa aurkeztu du gaur, eta kargu hori eta Galesko lehen ministro postua utziko ditu. Hori bai, gobernuburu izango da oraindik ere, haren ordezkoa aukeratu bitartean; printzipioz, Asta Santua baino lehen egitea aurreikusi dute. Hautatua izan zenean bost urteko agintaldia egingo zuela esan zuen, eta gaur «zehazki» epe hori pasatu dela esan du —2018 abenduaren 13an hartu zuen kargua—, eta horregatik eman duela dimisioa. Drakefordek laboristen lidergoa hartu zuen Carwyn Jonesek dimisioa aurkeztu zuenean; Jonesek zazpi urte egin zituen lehen ministro karguan, 2009tik 2018ra. Alderdi Laboristako buru izatea «pribilegio handia» izan dela gaineratu du Drakefordek bere dimisioaren berri emateko egin duen prentsaurrekoan. Hala ere, Erresuma Batuko Alderdi Laboralistak gobernua berreskuratzeko lanean jarraituko duela iragarri du, eta toryek azken hamahiru urteetan egindako «kalteak» konpontzen. Laboristen garaipen hori berreskuratzeko, «etengabe» lanean jarraituko du, 2021ean galestarrei egindako promesak betetzen jarraitzeko eta «Gales indartsuago, justuago eta berdeago bat» lortzeko. Drakeford alderdiko buru zela, alderdiak ia lortu zuen inoizko emaitzarik onena berdintzea, gehiengo osotik aulki batera geratu baitzen —eserleku bat irabazi zuen— 2021eko bozetan. Emaitza horiek Drakefordek COVID-19aren pandemian egindako kudeaketa onaren ondorioz izan zirela esan zuten hainbat hedabidek. Iazko hauteskunde lokaletan 66 eserleku irabazi zituen alderdiak, eta zortzi herritan eskuratu zuen agintea. Azken hilabeteetan, berriz, Drakefordek inkestetan beherakada nabarmena izan du. Orain bere ordezkoa aukeratu beharko dute laboristek barne hauteskunde prozesu baten bitartez. Drakefordek utzi duen hutsunea betetzeko bi izen-abizen nabarmentzen dira: Galesko Ekonomiako ministro Vaughan Gething, eta Hezkuntzako ministro Jeremy Miles. Oraindik ez dago argi nola izango den aukeraketa prozesu hori; alderdiko Batzorde Betearazlea biltzeko dago oinarri horiek eztabaidatzeko. Litekeena da parlamentuko beste kide batzuen bermeak, tokiko alderdien eta afiliatuen onespena behar izatea. «Benetako titana» Erresuma Batuko Alderdi Laboralistako buru Keir Starmerrek «benetako titana» bezala definitu du Drakeford, eta harekin lan egitea «plazerra» izan dela esan du. Ez da bakarra izan, eta beste alderdi politikoetako kideek ere hitz onak eduki dituzte Drakefordentzat. Galesko kontserbadoreen buru Andrew RT Daviesek ere esker oneko hitzak izan ditu kargua utziko duenarentzat, eta nahiz eta ideia politiko desberdinak izan, «ondo» eraman direla aitortu du. Plaid Cymruko buru Rhun ap Iorwerthek adierazi du erabakia ez zuela inork espero, eta Galesen «aro politiko baten amaiera» dela esan du. Liberal-demokratetako buru Jane Doddsek onena opa dio Drakefordi, eta lanarekiko zuen «pasioa» goraipatu du. Erresuma Batuko lehen ministro Rishi Sunakek ere onena desiratu dio, X sare sozialaren bitartez: «Mark Drakefordi onena opa diot, urte askotako zerbitzu publikoetan egindako lanaren ostean».