Pello Rodriguezek hartuko du Iñigo Ucinen lekua Mondragon taldeko lehendakaritzan. Egun Mondragoneko lehendakariordea eta Ekipamendu-Ondasunen dibisioko zuzendari nagusia da. Lehendakari karguaz 2024ko abuztuaren 1etik aurrera izango da taldeko presidente, orduan hartuko baitu erretiroa Ucinek.
Gasteizko Michelingo zuzendaritzak borondatezko irteerak eta errelebo kontratuak proposatuko ditu. Multinazionalak aurreko astean iragarri zuen Gasteizko lantegiko 150 langile kaleratzeko asmoa zuela. Halaber, hitzeman du ez duela ekoizpenaren jaitsieragatik kaleratzerik egingo sei hilabeteko epean.
Mugimendu feministak milaka pertsona elkartu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, gaurko greba orokor feministaren harira arratsaldean eginiko manifestazioetan. Manifestazioen amaieran irakurri duten oharrean, salatu dute Euskal Herriko «zaintza erregimena erabat asistentzialista eta familista» dela. «Sinetsarazi digute familiak eta zehazki emakumeak direla zaintza lan horiek egin behar dituztenak». Esan dutenez, zaintza beharrak asetzeko gizarte zerbitzu publikoak «oso murritzak» dira, eta zerbitzu gutxi horiek pribatizatzen ari dira. «Zaintza negozio bilakatu dute; azpikontratazioen bidez merkatu pribatuaren esku utzi dute, eta zerbitzuen langileon lan baldintzak prekarizatu dituzte». Gaurko greba orokorra «ezeren amaiera ez» dela gaineratu dute, eta lanean jarraituko dutela hitzeman dute «euskal zaintza sistema publiko-komunitarioa» lortu arte. Euskal Herriko lehenengo greba feminista orokorrak oihartzun handia izan du hainbat sektoretan, antolatzaileek adierazi dutenez. Euria ez da oztopo izan, eta aterkipean ehunka mobilizazio egin dituzte egun osoan, greba batzordeek antolatuta. Goizaldeko piketeetako deialdiak jendetsuak eta askotarikoak izan dira. Eguna argitzerako, lapiko jotzeak eta txapliguak entzun dira lantoki handi eta hiriguneetako sarrera orokorretan. Hainbat errepide itxi dituzte, eta garraio publikoan ere nabaria izan da eragina goizean goizetik. Piketeetan hainbat oldarraldi izan dira, eta Gasteizko Michelinekoan bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. Askatu egin dituzte gero. Eusko Jaurlaritzak bidalitako datuen arabera, administrazio orokorrean %13,28k egin dute greba; hezkuntzan, %39k; osasunean, %5,6k; segurtasunean, %2k; eta justizian, %11k. Greba feminista orokorraren helburua da zaintza lanen esparru osoa problematizatzea eta berrantolatzea, Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hitzetan: «Zaintza lanetan ari direlako, greba eskubiderik ez dutelako edo gehiegizko zerbitzuak inposatu zaizkielako greba egin ezin duten emakume horiek ez dira kontabilizatuko greba egin dutenen datuetan». «Eztabaida saihetsezina» eta «urrats erraldoia» Gehiengo sindikalak egin du bat grebarekin: ELA, LAB, Etxalde, CGT, ESK, EHNE eta Steilasek. ELAko Amaia Muñoak esan du gaurko grebak erakutsi duela «zaintzaren eztabaida politikoa saihetsezina dela». Milaka pertsonek kalean egindako aldarriari entzuteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. «Emakume eta gizonentzat, gizartearentzat, funtsezkoa da beste zaintza sistema bat eraikitzea: alde batetik, pertsona erdigunean jarriko duen zaintza sistema parekidea behar da; eta bestetik, publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena». «Zaintzaren iraultza jada martxan da», baloratu du Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak. Uste du «zaintza iraultzeko urrats erraldoia» dela gaurkoa. Gogoan izan ditu zaintzarengatik gaur greba egin ezin dutenak, eta zaintzaren krisia eta zaintza eraldatzearen beharra mahai gainean jartzen segitu beharko dela ohartarazi du: «Grebak erakutsi du gaur egun nagusiki emakumeen gain dauden ardura horiek jendarte osora zabaltzeko beharra, datozen urteetako erronkarik handienetakoa izango da eta. Gaia politizatzen eta kontzientziak astintzen lagundu du». Zaintzarekin negozioa egiten dutenak interpelatu ditu, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, aldundia eta patronalei zuzenduz, eta euren politikak beste bide batean jar dezaten eskatzeko. «Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da» «Gaurko grebak erakutsi du zaintzaren eztabaida politikoa saihetsezina dela». AMAIA MUÑOA ELA «Zaintza eredua eraldatu gabe emakume eta gizonen arteko berdintasunaz hitz egitea erretorika hutsa da». GARBIÑE ARANBURU LAB EH Bildu ere batu zaio greba deialdiari: jakinarazi du gidatzen dituzten udaletan geratu egin direla, eta gainerakoetan geratzeko deia egin dute. Nafarroako Parlamentuan eta Eusko Legebiltzarrean osoko bilkurak zituzten, eta EH Bilduko ordezkariek aulkiak hustu dituzte; Gasteizko ganberan bi ordezkari utzi dituzte soilik. Elkarrekin Podemosek ere bat egin du feministek eskariekin. EAJren Bizkai Buru Batzarreko buru Itxaso Atutxak, berriz, azaldu du ari direla lanean «zaintza jardunaren erdigunean jarriko duen zerbitzu publikoak duintzeko», baina hori lortzeko greba egitea ez du egokitzat jo. Atutxaren esanetan, EAJk bultzatzen du zaintza lana aitortuko duen eredua, soldata duina barne, erakundeek ematen duten zaintza eta familiaren zaintza uztartuz, kasu bakoitzaren beharren arabera, erantzukizun publikotik ematen diren zerbitzu eta prestazioak areagotuz, zaintza-esparru inklusibo eta hurbilak sortuz, zaintza lanak gizonen eta emakumeen artean banatuz: «Erakundeetatik egiten dugu hori; gure politika publikoetan egiten dugu, baina baita alderdi gisa, zaintzaren alorrean parte hartze are parekatuagorako bidea egin behar dugula aldarrikatuz, eta ez soilik ordainpeko zaintza lanetan, baizik eta gure etxe barruan egiten ditugunetan ere». Zaintzaren alorrean zeresana duten eragileekin elkarrizketarako foroa irekita dutela gehitu du. Hiriburuak Hiriburuetan nabaritu da gehien eragina. Gasteizen, auto pilaketak nabaritu dira goizean goiz, errepideak itxi baitituzte, eta gauza bera gertatu da Bilbon eta Donostian. Iruñean, autobus zerbitzuak ere etenaldiak izan ditu lehen orduan, piketeengatik. Antolatzaileen datuen arabera, komunikabideei dagokienez, EITB taldean zabala izan da grebaren erantzuna, eta irrati eta telebista publikoan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte; albistegiak bakarrik ari dira ematen. ETBn ez da programarik grabatuko, eta soilik albistegiak eta grabatutako programazioa ematen ari dira. Horretaz gain, BERRIA, Argia asteakaria, Gara, Hamaika telebista, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitza-k ere grebari batu zaizkio. Euskotrenen eta Bilboko Metroan, grebaren oihartzuna oso handia izaten ari da, eta gutxieneko zerbitzuekin ari dira lanean. Iruñean, billabesen zerbitzuak geratu dituzte goizean piketeek. Iruñean, billabesen zerbitzuak geratu dituzte piketeek. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Hezkuntza publikoko 600 ikastetxeetan izan du eragina lanuzteak. Unibertsitatean, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako campusetan ia geratuta egongo da jarduera. Itundutako ikastetxeetan ere oihartzun handia izan du, ikastola gehienek ateak itxi dituzte, eta gainerako zentroetan ere nabarmena izan da erantzuna. Ikamak ohar batean jakinarazi duenez, ikasleak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokara batu dira: «Ikasleak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko borrokara batu dira, eta argi utzi dute egungo hezkuntza sistema, sistema zisheteropatriarkal kapitalista eta zaintzaren antolamendu soziala erreproduzitzeko oinarrizko tresna dela». Hilabete luze daramate Ikasle Komiteetan antolatzen, zaintzaren auzia hezkuntza eremuan landu eta ikasleen artean sozializatzeko asmoz. Unibertsitateetan, campuska sortu dituzte komiteak, eta bigarren hezkuntzako heziguneetan, berriz, ikastetxez ikastetxe. Hainbat batzar egin eta egitasmo bultzatu ostean, jardun akademikoa geldiaraztea lortu dute gaur, eta mobilizazioak egin dituzte. Gipuzkoako zenbait udalek bat egin dute grebarekin: Azpeitiak, Ordiziak, Oñatik, Arrasatek, Oriok, Urretxuk, Tolosak, Bergarak eta Zumaiak, besteak beste. Gizarte ongizateko zerbitzuetan eta osasungintzan ezarritako gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatu dute greba. Milaka langileri ukatu diete greba egitea, zerbitzu askotan %100ekoak baitira gutxieneko zerbitzuak. Adibidez, gaueko txandetan, ia langile batek ere ez du grebarekin bat egiteko aukerarik izan. EAG edo larrialdietako langileei ere %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zaizkie. Zahar etxeetan eta eguneko zentroetan ere, gutxieneko zerbitzuek baldintzatu dute grebaren eragina. Zahar egoitza gehienetan dauden egoiliarrak dependentzia handikoak direnez, ia ezinezkoa da greba egitea; adibidez, 55 langileko zahar egoitza batean, bostek baino ezingo dute greba egin. Herrialdez herrialde Grebak oihartzuna izan du industrian ere, batez ere Gipuzkoan. Erabat gelditu da ekoizpena honako enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), Mondragon Assembly (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), Jose Maria Mendiola (Andoain) eta Niessen (Oiartzun), besteak beste. Erantzuna oso handia izan du Beasaingo eta Irungo CAF enpresetan. Bizkaian, grebak eragin berezia izan du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco edo AKT Plasticos enpresek, esaterako, jarduera eten dute. Kadaguako Lucart eta Cementos Lemona enpresetan ere nabaritu dute. Araban, Gasteizko DHL eta Ferrovial enpresetan izandako eragina nabarmentzekoa da, geldialdi handiak izan baitira industrialde osoan. Aiaraldean, Amurrio Ferrocarriles, JEZ Sistemas eta Artiach enpresetan sentitu dute greba. Nafarroan, industria sektorean askotarikoa izan da erantzuna, eta eragin gehiago izan du Iruñeko industria ingurabideko enpresetan; izan ere, piketeak egin dituzte Arazuri Orkoien industrialdean eta Berrikuntzaren Hirian. Nafarroa iparraldean eta Sakanan arrakasta handiagoa izan du, eta Magotteaux eta Torraspapel enpresetan izan du erantzun nabarmena. Grebak oihartzuna izan du merkataritzaren sektorean ere, ehungintzan eta oinetakoetan bereziki: Tendamen eta H&M-n, esaterako. Eguerdi partean, Bilboko Kale Nagusian pertsianak jaitsi dituzte kate handietako zenbait ehungintza dendak, piketeengatik. Elikagaien merkataritzaren arloan, Eroskin eragina izan du grebak. Eguerdiko mobilizazioak Eguerdian, beste horrenbeste mobilizazio eta egitasmo egingo dira herriz herri. Bilbon, Donostian, Iruñean eta Gasteizen, etxeko langileen eta zaintza langileen kolektiboetatik koordinatutako ekintzak egin dituzte, eta zaintza langileen aldarrikapenetan jarriko da arreta. Donostian Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean kateatu dira bost pertsona. Ertzaintzak bost horiek eta beste bat atxilotu ditu, eta iluntzean askatu dituzte. Iruñean, Erruki Etxearen aurrean egin dute protesta berezia, zaintza sektoreko langileen sostengua adierazteko. Bilbon, udaletxe aurrean udalaren osoko bilkura antzeratu eta mozioak onartu dituzte herritarrek, Zain eta Tza alkateen esanetara. Gasteizen, berriz, Deriba antolatu zute, zazpi leku jakinetan zazpi eskakizun zehatz plazaratzeko.
Aldarri feministek Euskal Herriko hiri eta herrietako bazterrak blaitu dituzte. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituriko greba egun historikoaren ahotsa izan diren besoko more zein laranjaz apainduriko mobilizazio jendetsuak. Elkartasunak, amorruak eta ilusioak bat egin dute kale bustietan, eta ahots horrek gobernuei oihu egiteko behar duen bozgorailu bilakatu dira. Zaintzaren auziari «urgentziaz» heltzeko exijitu zieten, eta eskari hori gauzatzeko lehen pausoa zein izan beharko lukeen azaldu: «Sektore arteko mahai bat sortu behar da. Borondate politikoa eskatzen dugu gobernuetan, udaletan, foru aldundietan eta ardura postu guztietan. Ez egin entzungor gure eskaerei». Protesta eguna izan da Hego Euskal Herrian. Milaka pertsona irten dira kalera euripean, salatzeko zaintza ezin dela negozio iturri izan. Goizean herrietan eta eskualdeetan egin dira piketeak eta protestak, eta arratsaldez, manifestazioak egin dituzte lau hiriburuetan eta hainbat herritan. Azken horiek izan dira jendetsuenak; amaieran, deitzaileek argi utzi dute greba eguna «mugarri» izan dela, baina ez ezeren amaiera. «Bide luzea egiteko dugu oraindik», aurreratu dute, eta mugarri gehiago etorriko direla iragarri: «Euskal zaintza sistema publiko komunitarioa dugu irabazteko!». Deitzaileek Bilboko manifestazioaren aurretik egin dute greba egunaren lehen balorazioa: «oso arrakastatsua» izan dela esan dute, eta mobilizazioetan izandako «parte hartze izugarria» nabarmendu. Gizarteak deiari erantzun diola azpimarratu dute, atxikimendua oso handia izan dela, eta erakundeak ohartarazi dituzte mugimendu feminista kontuan hartu behar dutela zaintza sistemaren auzia eztabaidatzeko. Emakumeak nagusi Bilbon arratsaldean eginikoa izan da eguneko mobilizazio jendetsuena. Milaka pertsonak egin dute Jaurlaritzak Kale Nagusian duen egoitzatik udaletxerainoko bidea. Amaieran, udaletxe plaza eta zubia jendez bete dira, eta manifestazioaren amaiera Buenos Aires kaleraino iritsi da. Eurijasak ez ditu kikildu, eta bildutakoek gogoz oihukatu dituzte «Zaintza sistema publikoa!», «Gora borroka feminista, antikapitalista eta antiarrazista» eta «Polizia gutxiago eta zaintzale gehiago» oihuak. Manifestazioan parte hartu duten gehienak emakumeak izan dira. Arreta gune askoko manifestazioa izan da. Parte hartzaileek pintaketak egin dituzte Confebasken egoitzan, eta zaintzarekin negoziorik ez egiteko esan diote patronalari. Bizkaiko Aldundiaren aurrean, berriz, pankarta bat eskegi dute biziarekin negozioa egitea leporatuz, eta Zabalburu plazan hiru feminista gaztek ekintza deigarria egin dute, gazteen osasun mentalaren arretak dituen gabeziak salatzeko: urkamendi bat eraiki dute, eta soka lodia lotu lepoaren bueltan. Amaierako ekitaldia hunkigarria izan da. Jone Uriak, Oihana Bartrak eta Maite Sarasolak bertso bana bota dute, laugarrena aho batez abestu, eta hura «elkar zainduko duen mundu baten alde topa» eginez amaitu dute. Ondoren, Aiora Renteria Zea Mays taldeko abeslariak Elektrizitatea abestu, eta dantzan jarri ditu bertaraturikoak. Ekitaldia Zutik, emakumeak abestuz amaitu dute. Manifestazio guztien amaieran, antzeko mezua zabaldu dute deitzaileek, eta erakunde publikoei mintzatu zaizkie. Zaintzarako eskubide kolektiboa bermatuko duen sistema publiko baten alde egiteko eskatu diete, eta gogoratu dute zaintza eskubidea eta zaintzeko ardura «guztiona» dela. Zaintza larrialdian ikusten dute, eta hura konpontzeko gai hori «agenda politikoan» sartu beharra dagoela nabarmendu dute. Zaintza, baina, auzi konplexua da, eta hainbat alorretan egin beharreko aldaketak aipatu dituzte. Kritikatu dute Euskal Herriko zaintza erregimena asistentzialista izatea eta familia harremanetan oinarrituta egotea, eta sistema horrek emakumeen gain uztea zaintzaren ardura. Menpekotasun hori hausteko modua zaintza kolektibizatzea da, baina pribatizatu gabe, ohartarazi dutenez. Zaintza, «negozio iturri» Salatu dute zaintza «negozio» bihurtzen ari dela, azpikontraten bidez haren ardura eremu publikotik aterata eta «funts putreen, multinazionalen eta irabazi asmoa duten enpresen esku» utzita: «Hemendik aurrera etekin ekonomikoak dira helburua, eta ez arretaren kalitatea. Eta irabazi horiek langileen eskubideak zukutuz handitzen dira». Horren eredu bezala aipatu dituzte zahar etxeetako, etxez etxeko arretako eta esku hartze sozialeko langileen baldintzak. Pribatizazio horren arduradunak seinalatu dituzte, «izenik eman gabe». Salatu dute 2018ko eta 2019ko greba feministetara «argazkia ateratzeko» eta «garbiketa morea» egiteko gerturatu zirenak izan direla sistema klientelista sustatu dutenak, baina borroka hori utzi zutela feministen aldarrikapenek «haien txiringitoa» mehatxatu zutenean: «Zaintzaren buruzko kongresu bat antolatu zuten duela bi aste, baina ziurtatu zuten komunikabide nagusietan ez zela izango diskurtso kritikorik». Etxeko langileekin ere oroitu dira, eta gogor kritikatu dute haien jarduna historikoki «gutxietsita» egon dela, eta lan erregimen orokorrean sartuta ez egoteak haien prekarizazioa ahalbidetu duela. Etxeko langile gehienak etorkinak dira egun, eta horren atzean Atzerritarren Lege bidegabe bat dagoela: «Arrazakeria instituzional eta politikoak ez die beste aukerarik ematen». Egoiliarren egoera lazgarria aipatu dute, ez dutelako inolako eskubiderik. «Ez atseden hartzeko, ez langabezia jasotzeko, ez greba egiteko… Eta hori da haietako asko hemen ez egotearen arrazoia!». Zehaztu dute, hala ere, etxeko langile eta emakume migratu askok antolatzea lortu dutela eta greba komiteetan sartu direla. Aipamen horrek txalo zaparrada eragin du. Iruñean, motzagoa Iruñean, Gasteizen eta Donostian ere mobilizazioetan jendetza bildu da. Iruñean eguraldia are busti eta hotzagoa izan da, eta pixka bat laburtu dute ibilbidea. Tentsio handieneko uneak El Corte Ingles saltokiaren aurretik pasatzean piztu dira, eta txalotuenak Armada kalean, landa emakumeak manifestazioak sartu direnean. Lasto fardoz bete dute errepidea. Donostiako manifestazioa Antiguako tuneletik abiatu da, kostaldeko haizeteari aurre eginez. Martxaren zehar jakin dute goizean atxilotutako grebalariak askatu dituztela. Azkenik, Gasteizko manifestazioa Andre Maria Zuriko plazan amaitu da. Amaierako ekitaldia ixteko pankarta erraldoi bat zabaldu dute: Hau hasiera baino ez da jartzen zuen. Mugimendu feministak bihar egingo du balorazioa, eta orduan azalduko ditu eman asmo dituen hurrengo pausoak.
Bizkaiko Auzitegiak sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio ertzain bati, Getxoko (Bizkaia) polizia etxean atxilotuta eduki zuten emakume bat jotzeagatik. Poliziak 12.400 euro ordaindu beharko dizkio biktimari. 2018ko maiatzean atxilotu zuten, Getxoko supermerkatu baten aurrean, gizon bat identifikatzerakoan poliziek izaniko jarrera kritikatu ostean. Ertzainek desobedientzia delitu bat leporatu zioten emakumeari, eta delitu hori berretsi du auzitegiak. Auzitegiak astelehenean hartu zuen erabakia, eta gaur jakinarazi die bi aldeei. Zigortutako ertzainari, espetxe zigorraz gain, kargu publikorako inhabilitazioa ere ezarri diote, zigorrak iraun bitarterako. Era berean, 900 euroko isun bat ordaindu beharko du, kalte moralengatik ezarritako kalte ordainaz gain. Emakumeari, berriz, 540 euro inguruko isun bat ezarri dio, desobedientzia delitu batengatik, nahiz eta ebazpenean epaimahaiak azaldu duen atxiloketaren unean emakumeak ez zuela «ekintza erasokorrik» egin. Ebazpenaren arabera, erresistentzia eta desobedientzia delitu bat egotzita atxilotu zuten ertzainek andrazkoa, eta, polizia etxean zutela, poliziek hartu zioten diru zorroa haietako bati kentzen saiatu zen. Une hartan, zigortutako agenteak besotik heldu zuen emakumea, «gehiegikeria argiz eta inongo beharrik gabe», eta zaplazteko bat eman zion. Ondoren, emakumeak «aurpegia eta lepoa atzamarkatu» zizkion poliziari, eta hark «bi ukabilkada gogor» eman zizkion. Dena grabatu zuten polizia etxeko kamerek.
Azken-aurreko pausoa eman du EAEko Hezkuntza Legeak. Hain zuzen, urriaren 3an lege proiektuari zuzenketak jarri ostean, horiek eztabaidatzeko lantaldea osatu zuten. Bertan, onartutako zuzenketekin, testu bat ondu dute. Irizpen hori astelehenean pasatu zen lantaldetik, eta gaur eman diote onespena Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean: babestu egin dute EAJk eta PSE-EEk; aldiz, aurka egin dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemos-IUk, PPk eta Voxek. Ez dute edukien berri eman, baina jakina da hizkuntza ereduak mantenduko dituztela behin betiko testuan. Azken urratsa baino ez da falta orain: Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean onartzea. Eusko Jaurlaritzaren esanetan, abenduaren 21ekoan izango da. Alderdi batzuek eta besteek beren iritzia plazaratzeko probestu dute amaitu berri den bilkura. EAJko ordezkari Gorka Alvarezek, esaterako, eskerrak eman dizkio bereziki PSE-EEko legebiltzarkide Maria Jesus San Joseri. Eta erantsi du: «Gaur bozkatuko dugun lege hau hobea izango da legebiltzar honetara sartu zena baino». Halaber, nabarmedu du ezin dela esan lege ez dutela eztabaidatu eta ez duela ekarpenik jaso. Ikoitz Arrese, EH Bilduko legebiltzarkidea, berriz, irmo mintzatu da EAJk eta PSE-EEk izan duten jarreraz. Nabarmendu du hezkuntza akordioan eraikitako zubiak hautsi egin dituztela, «EAJk eta PSE-EEk nahi izan dutelako». EAJri zuzenduta, esan dio irailaren 29an adostasuna zutela hizkuntza ereduen inguruan, baina handik egun gutxira, urriaren 3an —orduan erregistratu zuten EAJk eta PSE-EEk hizkuntza ereduak aipatzen dituen zuzenketa—, aldaketak egon zirela. «Prozesu honen bukaeran, norbaitek prozesutik kanpo nahi izan gaitu». PSE-EErengana ere zuzendu da Arrese. Galdetu dio ea ados ote dauden «itunpeko [ikastetxe] guztiak mugarik gabe» ituntzearekin. Halaber, Arresek adierazi du azkenaldian ez dutela eztabaidatzeko aukerarik izan: «Urriaren 3az geroztik ez dugu harremanik izan EAJko inorekin». Eta nabarmendu du gaurkoa «albiste txarra» izanagatik ere, lanean jarraituko dutela, «euskal hezkuntza sistema» eraikitzeko. Elkarrekin Podemos-IUren izenean, Isabel Gonzalez aritu da hizlari, batez ere, legeak hezkutnza publikoan izango duen islaz. Haren irudiko, legea «galdutako aukera bat» da; izan ere, bere irudiko, «indartu» egingo du ikasleen segregazioa eta hezkuntzaren pribatizazioa, eta, gainera, eskola publikoa kaltetuko du. Eskola publikoaren protesta Harrabotsa barruan eta harrabotsa kanpoan. Legebiltzarkideak bilduta egon direnean, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak protesta egin du Eusko Legebiltzarraren atarian Euskal eskola publikoaren alde. Hezkuntza lege honi ez lelopean. Eskola publikoaren aldeko protesta, gaur. IÑIGO URIZ / FOKU
Rikardo Arregi sarien ekitaldi nagusian sariak banatu dituzte gaur: Bideak podcastak irabazi du Kazetaritza saria eta Lore hostoak podcastak Komunikazio saria. Are, Menane Oxandabaratz kazetaria izendatu dute edizio honetako Ohorezko Mugarri. Rikardo Arregiren omenezko aitortza hauek euskararen normalizaziorako ezinbesteko jotzen dituzten bi alor saritzen dituzte urtero: euskaraz egindako kazetaritza, eta garaian garaiko beharrizanetara egokitutako komunikazio prestu eta modernoa. Helburu horren alde, Andoaingo Udalak sari banaketa ekitaldia egin du gaur Andoaingo Bastero Kulturgunean. Hiru hamarkada eta erdi bete dituen edizio honetan bi podcast saritu ditu epaimahaiak: Batetik, Naiz irratiak eta Mediabaskek elkarlanean sortutako pieza: Bideak. Migrazioa eta errefuxiatuak ditu hizpide, eta Bidasoako pasabidea erreferentzia. Goizeder Taberna eta Jon Telleria igo dira oholtzara egile taldearen ordezkari. Telleriak gogoratu du hau ez dela iraganeko kontu bat, «oraintxe hiru etorkin laguntza eske ari dira Lapurdin, badakigu». Azalean bizi duten pertsonen testigantzak bildu dituzte lehen pertsonan, baita «bidean tranpak jartzen dizkieten estatuetako ordezkarien aitzakiak, merkeak gehienak». Azpimarratu du podcastak kontatzen duen istorioa Bidasoaren bi aldeetan gertatzen dela, «gure herria bezala», eta biharko greba feminista orokorrera batzeko dei egin du. Bestetik, Lore hostoak podcastak jaso du Komunikazio saria. EITB Podkastek ekoitzitako audio sorta da eta Ekain Perez du gidari. Musika eta kalaka uztartzen ditu eta, patxadaz entzun daitezke euskal musikari beterano eta gazteak musika elkarrizketa sakonetan. Dena dela, podcasta «kantu batzuk entzun eta horien inguruan solastetik haratago» doala hausnartu du Perezek, artisten inspirazio iturriak eta gogoetak ere lantzen baitituzte. Saria irabazi badu ere, balioan jarri ditu aitortzarik jaso ez duten euskarazko lanak: «Kalitatezko edukia egin behar da euskaraz, baina baita eduki kaxkarrekoa ere». Euskararen normalizaziorako eta biziraupenerako musika lotura tresna ona dela iruditu zaio, musika hizkuntza unibertsala den aldetik. Jon Maiari eman dio arrazoi, bukatzeko: «Azken finean, kantu bat gara». Sariek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jasotzen dute, eta ekitaldian hitza hartu du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Pozgarritzat jo du sari hauek begirada «erkidegotik haratago zabaltzea», eta epaimahaiari eskertu dio «paperekoari eta uhinei uko egin gabe», teknologia berrietan sortutako edukiak begiz jotzea. Menane Oxandabaratz, Ohorezko Mugarri Kazetaritza eta Komunikazio sariak ezagutaraztearekin batera, Ohorezko Mugarria aitortu zaio Menane Oxandabaratz kazetariari (Gamarte, 1962). Irulegi Irratiaren sortzaileetakoa izan zen, 1980ko hamarkadaren hasieran, Ipar Euskal Herriko herri irratiak funtsezko tresna izan zirenean bertako euskaldunengana heltzeko, Euskal Herri osoko berriak emateko eta hedabideak hein batean euskalduntzeko. Garai horri berari egin dio erreferentzia bere eskertza hitzaldian: «Ehunka ikastola garatzen, irratiak osatzen eta gau eskolak hartzen ibili ziren ehunka euskaldun, ni horietako bat besterik ez naiz». Oraindik ere borrokan dabiltzan militanteekin partekatu nahi izan du Ohorezko Mugarria, eta azken mezu bat bota du: «Jarrai dezagun lau haizetara euskaraz berriak hedatzen». Kazetaritza boluntariotik kazetaritza profesionalera iragan zen duela zenbait urte, Herria Ipar Euskal Herriko astekariaren gidaritza hartu zuenean. Astekaria zaharberritu du, eta dozenaka kolaboratzaileren sareari eutsi dio eta hura zabaldu du. Rikardo Arregi sarietako epaimahaiaren arabera, Euskal Herrian herritarren parte hartzeari esker ekimen handiak egin daitezkeela ―edo lan boluntario eta antolaturik gabe euskararen sustapena ezinezkoa litzatekeela― frogatu du Menane Oxandabaratzek. Atarian geratu dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren epaimahaiak orain hilabete izendatu zituen 35. edizioko zortzi finalistak, lau sail bakoitzeko. Kazetaritza sarian finalista izan dira: Kinka podcasta BERRIAren webgunean argitaratzen da bi astez behin eta Nagore Arin du gidari. Aldaketa klimatikoaren gaia jorratzen du podcastak, eta «kinka» larrian gaudenez, gutxiago kontsumitzeko ahokuak ematen ditu, hitz berriak irakasten ditu eta erreportaje sakon bat eskaintzen du, besteak beste. Zelan sentitzen zara?, Bizkaiko Hego Uribe eskualdeko Geuria aldizkariaren ale berezia, emozioen eta sentimenduen gaiari psikologiaren, medikuntzaren, kirolaren, kulturaren, heriotzaren, gazteen, adinekoen eta abarren begiradatik heldu diote. Eskualdeko pertsonekin jorratutako gaia izanik ere, gai orokor bati eutsi diote. Urte batetik bertzera, mundu batetik bertzera, Xabier Itzainaren kronika sorta ere finalista izan da. Dantzan.eus hedabidean argitaratu ziren eta antropologo itsasuarrak irakulea Mexikon egongo balitz bezala sentiarazten du. Lekukotasuna baliatu du bertako kultura erakusteko. Rikardo Arregi kazetaritza sarien oroigarri bana jaso dute. Komunikazio sarian ere izan dira beste hiru finalista: #10garrena podcasta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atzakian sortu zen. Gaur egun ezagutzen dugun bertsolaritzari espero gabeko aldagaiak sartzea proposatu zuen EITB Podkastek, hala nola, publizitatea sartuko balitz ala bertsoak gaztelaniaz balira. Muak Et webseriea, Jokin Etxeberri eta bere bideogile lagunek Tik Tokerako bideo laburrak egin dituzte ezkutuko gaiak azaleratzeko, beti ere ironiaz eta umorez. Harpa Jotzen podcasta, EITB Podkastek ekoitzi du eta Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexuaz hitz egiten dute, eta arpa-jotzera eramaten dituzten elkarrizketatuak umorez galdetzen dituzte.
Realak nahikoa izango du berdinketa bat golekin Inter Milanen zelaian, Txapeldunen Ligako bere multzoko lider amaitzeko. Txuri-urdinek 0-0 berdindu dute Salzburgoren kontra Anoetan. Baina Inter Milanek ere puntu bat baino ez du urratu Benficaren zelaian (3-3). Hala, dena azken jardunaldian erabakiko da, Giuseppe Meazzan, bi aste barru. Txuri-urdinek kontrolpean izan dute neurketa. Baina erasoan ez dute bizitasunik izan azken txanparaino, eta izan dituzten gol aukera gehienetan Salzburgoren atezainarekin egin dute topo: Schlagerrekin. Urte bukaera bitarte txuri-urdinek izango duten egutegi betea kontuan hartuta, eta multzoa lehen postuan amaitzeko partida erabakigarria hemendik bi astera Milanen izango dela kontutan hartuta, Imanol Alguacilek hainbat aldaketa egin ditu hamaikakoan. Hasieratik aritu dira Odriozola, Elustondo, Turrientes, Cho eta Zakharian. Realak izan du baloi jabetza eta jokoaren ekimena, baina partidaren lehen aukera garbia bisitarientzat izan da, Salzburgorentzat, 12. minutuan.Txuri-urdinek ez dute presioa ondo egin baloi irteeran, eta hori baliatu dute Nenek eta Raktovek jokaldi bat lotzeko. Nene Remiroren aurrean geratu da bakarrik, baloia loratu dio, baina zutoinera joan da. Realak kontrolpean izan du partida, baina ez du Txapeldunen Ligan Anoetan jokatu dituen aurreko bi partidetako distira eta abiadura izan. Ia ez du aukerarik sortu. Baloia izan bai, baina zelai erditik aurrera argitasuna falta izan zaio. Aukera argienak lehen zati horretan Turrientesek izan ditu. 34. minutuan izan da lehena. Chok buruz buruko jokaldi ona egin du, pasea atzera eman, eta Beasaingoak, zuzenean errematatu beharrean, baloia ondo jartzen saiatu da. Hala, jaurti duenerako Salzburgoko atzelari batek oina sartu du, eta baloia kanpora joan da. Are argiagoa izan da 43. minutuan izan duena, urrutitik egindako jaurtiketa batekin. Gutxigatik joan zaio kanpora baloia. Bigarren zatia bide berdinetik Lehen zatian txartel horia atera diotela kontuan hartuta, Imanolek nahiago izan du ez arriskatu, eta Elustondo kendu du atsedenaldian. Pachecok hartu du haren tokia. Bigarren zatiak bide beretik jarraitu du. Errtimoa falta izan zaio. Realak txinpartaren bat behar zuen partidaren norabidea aldatzeko, 61. minutuan iritsi da. Artean jokoan apenas sartu den Brais Mendezek erremate ona egin du area ertzetik, eta Salzburgoko atezainak, Schlagerrek, gelditu bikaina egin du. Handik hiru mintura Zakhariaren erremate bat atera du oinarekin. Zaleak suspertu egin dira bi jokaldi horiekin. Hegaletatik beste sakontasun bat lortu, eta buruz buruko jokaldien bidez min gehiago egiteko, Barrenetxea atera du aurrena Imanolek, eta gero Kubo eta Traore. Realak estutu egin du azken minutuetan, biziago jokatu du. Horri esker, bai Zubimendik bitan, baita Sadiqek ere abagune onak izan dituzte gola egiteko. Baina haiek ere atezainarekin egin dute topo. Dena den, zalantzarik gabe, luzapenean Kubok izan du gertuen gola. Falta jaurtiketa oso ona egin du japoniarrak, baina Schlagerrek gelditu ikusgarria egin du. Hura izan da partidako onena, eta partida amaitzean taldekide guztiak hura besarkatzera joan dira. Hari esker amaitu da neurri handi batean 0-0 partida.