Sindikatuek abenduaren 19ko grebari eutsi diote, gaurko bileran Jaurlaritzarekin…

Sindikatuek abenduaren 19ko grebari eutsi diote, gaurko bileran Jaurlaritzarekin jarrerak ezin hurbildu ostean



Ostalariak, merkatariak, eta mota guztietako zerbitzuak eskaintzen dituzten autonomoak. Guztira, Gipuzkoan, 42.000 zergadunek baino gehiagok erabiltzen dute Ticket Bai sistema. Hain zuzen, azaroaren 1ean, herenegun, urtebete bete zen horietako batzuek ordainagiri sistema hori ezartzeko betebeharra dutenetik. Merkatariek faktura digitala egiten duten momentuan bertan bidali behar izaten dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasunera, informazio osoarekin. Ogasuneko iturrien arabera, milioi bat faktura baino gehiago iristen zaizkio egunero orain, eta, sistema ezarri zutenetik, 317 milioitik gora jaso dituzte. Iritzi ezberdinak daude sistema horren inguruan.
Aldundiak sistema berria aurkeztu zuenean adierazi zuenez, zerga iruzurrari aurre egiteko jarri zuen indarrean Ogasunak Ticket Bai. Irune Iarza Ogasuneko zuzendari nagusiak esan zuenez, beste helburu garrantzitsu bat zen “ekonomia digitalizatzea, eta ogasunarekin egin beharreko izapideak arindu eta erraztea”. Bi xede horiei segika, “ekonomia bultzatu, lehiakortasun leiala sustatu eta guztion ongizate soziala hobetu” nahi du Ogasunak, Iarzaren arabera.
Ikusi gehiago: «Dendari txikiak utzi bakean, eta zentratu handietan»
Ekonomiaren digitalizazioak, besteak beste, zergadunen egunerokotasuna “erraztu” egiten duela defendatu du Iarzak: “Ticket Bairen bitartez, bidalitako faktura eta egon daitezkeen arazoen eguneko jarraipena egin dezakete zergadunek, eta hori, errenta aitorpena egitean, lagungarria da oso”. Ez dira iritzi berekoak Edurne eta Arturo Iziar enpresariak. Neba-arrebak dira, eta bakoitzak sektore ezberdinetan dauka negozio propioa. Ordiziako lursailen kudeaketarako Auzoki enpresaren jabea da Edurne, eta igeltsero gisa Goierriko eskualdean lan egiten duen Iziar Igeltseritza enpresan autonomoa da Arturo. “Ez diot inongo alde onik ikusten Ticket Bairi. Fakturak egiten dituzun momentuan bertan bidali behar dituzunez, ezin dituzu errepasatu edo pixkanaka prestatzen joan, lan luzeen kasuan. Bidali ondoren begiratu ditzakezu, baina gauzak konplikatu egiten dira”, kexatu da Arturo Iziar.
Ticket Bai jarri aurretik, fakturak egiteko bestelako programa batzuekin egiten zituzten ordainagiriak merkatari gehienek, eta programak ordezkatzera behartu ditu sistema berriak. Edurne Iziarren Auzoki enpresa izan zen inguruan sistema berria jartzen lehenenetarikoa: “Bi urte daramatzagu. Ticket Bai jartzeko derrigortasuna indarrean sartu baino hiru hilabete lehenago jarri genuen guk martxan, orduan diru laguntza batzuk zeudelako”. Hala ere, Edurneri zaila egin zitzaion sistema berrira ohitzea: “Aurreko programa baino zailagoa egin zaigu erabiltzeko. Lan gehigarri bat eskatu zigun hasieran; ordu pila bat sartu behar izan genuen. Ekonomikoki ere inbertsio bat egin behar izan genuen”. Antzeko esperientzia izan zuen haren neba Arturok: “Hasieran, batez ere, arazoak eman zizkidan: ez zegoela ondo, sinadura elektronikoa behar zela, iraungi egin zela…”.
“Formakuntza falta”
Badira, ordea, esperientzia positiboa izan duten dendariak ere. Idoia Elexpuru da horietako bat; Aretxabaletako Belar Meta arropa dendaren jabea da, eta aitortu du “uste baino errazagoa” egin zitzaiola Ticket Bairen sistemara ohitzea. Gainera, fakturak egiteko programak aldaketa bat behar zuela aprobetxatu zuen sistema aldatzeko: “Momentu hartan geneukan programa konplexuagoa zen erabiltzeko, eta aldatu egin nahi genuen Ticket Bai heldu baino lehenago ere. Beraz, ondo etorri zaigu. Aldaketa bera pixka bat gogaikarria izan da, baina bestela ere egin behar genuen. Orain daukagun programa errazagoa da, gainera”. Iarza Ogasuneko zuzendari nagusiak adierazi du erabiltzaileei hasieran “ardura” sortzen ziela sistema berrira ohitzeak, baina, behin martxa hartuta, “eskerrak” eman dizkiotela Ogasun Sailari.
“Formakuntza falta” izan da merkatarien elkarteek salatu duten beste faktore bat. Edurne Iziarrek azaldu du, bere kasuan, ez zutela formakuntzarik jaso, eta bere kabuz ikasi behar izan duela. Arturo Iziarrek, berriz, gestoria batera jo zuen, programa behar bezala egokitu ziezaioten, eta kexu da horrek “gastu gehigarri bat” ekarri diolako. Elexpuruk azaldu du programa instalatu zion teknikariak eman zizkiola hura erabiltzeko azalpenak. Aldiz, Iarzak adierazi du “formakuntza eta informazioa” zabaldu dietela erabiltzaileei, “Ogasuneko langileek emandako jardunaldi irekien bitartez”.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Ticket Bai faktura sistema jartzeko asmoa erakutsi zuenetik, haren aurka agertu da Dendartean Gipuzkoako merkatarien elkartea, merkatari txikiak enpresa handiekin zein beste leku batzuetan kokatutakoekin alderatuta desabantailan uzten zituela argudiatuta. Elkarteko kidea da Xabier Aldalur (Azpeitia, 1990).
Kalterik ekarri al die Ticket Baik merkatariei?
Uste dugu, sistema onuragarria izan daitekeen arren, hura ezartzeko beste era batera egin zitezkeela gauzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak guztiei berdin inposatu die, eta merkatari txikiak zein enpresa handiak zaku berean sartzea kaltegarria izan da, dendari txiki batek ez duelako enpresa handi batek duen gaitasuna horrelako aldaketa baten aurrean egokitzeko. Dendariek behin eta berriz adierazten digute egunerokoan milaka arazo txiki sortzen dizkiela sistemak.
Digitalizaziora pausoa ematea kostatu zaie denda txikietako jabeei?
Dendartean eta bestelako erakunde asko tematu ginen, eta, azkenean, 60 urtetik gorako autonomoak, langilerik ez dutenak, ez dute sisteman sartu behar izan. Baina ez da nahikoa. Kasu batzuetan, sistema jartzera behartu dituzte 60 urtetik gorako autonomoak, adin bereko beste langile bat kontratatua zutelako.
Segurtasun falta sortzen die sistema berriak adinekoei?
Beldurrak sortzen zaizkie sistema digitalarekin, badakitelako informazioa zuzenean Ogasunera doala. Ez da ezer ezkutatu nahi dutelako, baizik eta gaizki egitearen beldurra dagoelako.
Salatu zenuten sistema hori ezarri aurretik ere merkatari txikiek ez zutela iruzurrik egiten.
Iruzurraren portzentaje oso handi bat enpresa handietatik datorrela esaten dute ikerketek. Beraz, beste bide batzuk egon daitezke helburua benetan iruzurra saihestea bada. Dendari txikiak utzi bakean, eta zentratu handietan.
Ticket Bai ezarri ordez, eskatu duzue Madrildik datorren beste lege bati itxoiteko. Zer agintzen du lege horrek?
Lege horrek hornitzaile informatikoak behartuko ditu egiten dituzten programa berriak edo eguneratzen dituztenak Ogasunarekin lotzen, Ticket Baik egiten duen moduan. Madrilgo legea, ordea, progresiboa izango da, eta programen eskaintza zabalagoa izango du, merkeago. Aurreonartuta dago legea, eta badirudi hurrengo urteetan indarrean sartuko dela.
Ticket Bai sistema modu desegokian jartzeagatik, salatu egin duzue Foru Aldundia.
Bai. Ticket Bairen legezkoasuna ezbaian jarri nahi izan dugu. Momentu honetan auzia arlo judizialera pasatu da.
Zergatik diozue prozesua ez dela legezkoa izan?
Arrazoi nagusia lehiakortasunarena da. Egoitza nagusia Gipuzkoan edo Araban daukaten dendak soilik daude behartuta Ticket Bai jartzera, eta egoitza beste nonbait daukatenak, aldiz, ez. Beraz, saltokien arteko ezberdintasuna sortzen da, batzuk derrigortuta daudelako inbertsio bat egin eta denbora bat inbertitzera fakturazioa digitalki egiteko, eta besteek, berriz, ez dutelako obligazio hori.

Urtea, oro har, ona izan da Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako arrantzaleentzat. Bertako kofradietan merkaturatutakoak %43 egin du gora, eta salmenten balioak %15, 2022ko emaitzekin alderatuta. Urrian amaitu da aurtengo arrantzaldia, eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko Sailak argitaratutako behin-behineko txostenaren arabera, pandemia aurreko kopuruetara itzuli dira: emaitzak 2019koen ia berdinak dira.
Informazio gehiago. Elkarrizketa. Leandro Azkue: «Nahiko genuke freskora gehiago joan, baina merkatuak agintzen du»
2022koekin alderatuta, gorakada handia izan da; batez ere, kofradietan enkantean jarri den arrain kantitatean. Espezien arabera, horrela izan da: hegaluzearena %13 handitu da, berdelarena %38, eta sardinarena %37. Aipagarria da antxoarena, aurreko urtekoa halako bi izan baita (%101).
Hori bi arrazoirengatik gertatu da. Batetik, Bruselak %17 handitu zuelako antxoaren arrantza kuota 2023rako, Bizkaiko golkoan espeziea leheneratu egin delako. Bestetik, eta batez ere, aurten antxoa euskal kostaldetik gertuago arrantzatu dutelako. Horrela, %72 bertako portuetan deskargatu dituzte Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek. 2022an, antxoa urrunago egon zen, Asturias parean, eta euskal portuetan %46 baino ez ziren izan deskargak.
Arrantzatutakoa bikoiztu izanak eragina izan du, halaber, salmenten guztizko balioan: %171 handitu da. Aurten, arrantzaleek alde izan dute antxoa handiagoa harrapatu dutela eta prezio hobean saldu dutela.
Kezka hegaluzearekin
Sardinaren salmenten balioa %33 handitu da, gehiago arrantzatu baitute. Aldiz, hegaluzearena %13 apaldu da, eta berdelarena %2. Txitxarroarena, berriz, %58 apaldu da. Baina hori kuotaren murrizketa handiari zor zaio -%96koa 2023an-, eta ez prezioari, gora egin baitu.
Izan ere, antxoa eta txitxarroa salbuespena izan dira, beste espezie guztietan jaitsi egin baita salmenta prezioa, azken urteetako joerari jarraituz.
Arrantzaleak hegaluzeak kezkatzen ditu gehien. 2023an, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetan %7 handitu dira deskargak, baina salmenten balioa %16 apaldu da bertako lonjetan. 2022an gertatu zen bezala, udan geldialdi batzuk egin dituzte, eta kanpaina urrira arte luzatu dute prezioa igotzeko asmoz, baina horrek ez du ia eraginik izan.
Gainera, etekina txikiagoa izan zitekeen, ez balitz hegaluzea euskal kostaldetik gertuago harrapatu dutelako beste urte batzuetan baino. Euskal portuetan arrantzatutakoaren %74 deskargatu dute, batez ere Getarian (% 51), Hondarribian (% 30) eta Bermeon (%10). Eta batez beste 3,31 euro ordaindu da kiloa. Kanpoan, zertxobait gehiago: 3,92 euro.
Gutxiago jaten da
Txostenean, Jaurlaritzak beste datu bat nabarmendu du: arrainak pisu txikiagoa duela erosketa saskian. 2022ko datuekin alderatuta, ondorioztatu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek, batez beste, 2021ean baino %17 gutxiago gastatu dutela arrainean, eta kontsumoa %22 apaldu dela -13,3 kilo pertsonako eta urteko, batez beste-.
Pandemian, kontsumoak gora egin zuen, baina 2013. urteaz geroztik joera da gero eta arrain fresko gutxiago kontsumitzea. Hala ere, handitu egin da kontserben, itsaskien eta moluskuen kontsumoa.
Imaz ez da izan zerga horren aurka mintzatu den bakarra, baina bai, agian, sutsuena. Iazko udan, artean proposamen bat besterik ez zela, Imazek ohartarazi zuen zerga «demagogiko» eta «antikonstituzionala» zela, eta inbertsioei eta enpleguari kalte egingo ziela. Orduko ohar horrek ez zuen funtzionatu, 2022ko azaroan Espainiako Kongresuak ontzat hartu baitzuen gobernuaren proposamena. Eta zerga auzitegien esku egoteak ez ditu kikildu PSOE eta Sumar, beren gobernurako akordio berrian hitzartu baitute luzatu egingo dutela, formula zehatza jakinarazi ez badute ere.
Hortaz, uler daiteke beren botoekin zerga gera dezaketen alderdiei zuzenduta dagoela azken egunotako presioa. Eta agian kasualitate hutsa da geratu diren lehen proiektuak Euskal Herrikoak izatea, baina susmagarria ere bada, jakinda EAJk Kongresuan dituen bost botoak funtsezkoak direla luzapenak aurrera egin dezan.
Iaz ez ziren derrigorrezkoak, eta jeltzaleak ez ziren erabat busti. Esan zuten berez ez zeudela zergaren aurka, eta zerga arintzea negoziatu zuten PSOErekin. Baina, bozketaren egunean, abstenitu egin ziren, argudiatu baitzuten legea gaizki eginda zegoela, eta auzitegiek atzera botako zutela.
Orain, berriz, zailagoa dute erabaki garbi bat saihestea: kontrako botoa emanez gero, ez du aurrera egingo, eta abstenitzen badira, Juntsen aldeko botoa ezinbestekoa izango da.
Oraingoz, ulerbera
Lehen erreakzioak ikusita, badirudi Imazen oharrak eta Lopez Atxurraren iragarpenak ez dituela haizeak eraman. Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Itsaso Atutxa Bizkaiko Buru Batzarreko presidentea eta Iñigo Ansola EEE Euskal Energiaren Erakundeko zuzendaria ulerbera azaldu dira Repsol-Petronorrekin. Baina egia da, aldi berean, tentuz jokatu dutela, ez baitute modu garbi batean esan EAJk zeren alde bozkatuko duen.
Egoera konplikatua baita EAJrentzat. Batetik, ez ditu mindu nahi ogasunei diru asko ekartzen dieten enpresak —Petronor, Iberdrola, Kutxabank—, baina haren esku dauden ogasunek ez diete mespretxurik egiten zerga horrek ekartzen dituen diruei. Bada, gainera, kontuan hartu behar duen beste faktore bat: hauteskundeak. Eusko Legebiltzarra berrituko dute martxoan edo ekainean, eta oposizioari karnata emango lioke zergaren luzapenaren aurka agertzeak.
Bankuek eta energia enpresek beraiek badakite ez dutela oso ospe onik herritar gehienen artean. Are gehiago: haiek gehiago zergapetzearen babesa indartu egiten da emaitza ikusgarrien berri ematen duten aldiro, eta aurten halako asko izaten ari da. Markak haustekotan dira Iberdrola eta Kutxabank, eta iazko errekorretik nahiko hurbil geratuko da Repsol, nahiz eta aurten petrolioa eta gasa iaz baino merkeago dauden.
Imazen konpainiak 2.750 milioi euroren irabazi garbiak izan ditu urtarriletik irailera, eta, kalkulatu duenez, 450 milioi euroren kostua ekarriko dio aurten energia konpainien gaineko zerga bereziak. Tasa horri batu beharko dio sozietate zergan, ingurumen eta udal zergetan eta Gizarte Segurantzari bere langileen kotizazioetarako jarritakoa —4.544 milioi iaz—.
Ezin da ukatu dirutza izango dela, baina, kexuak kexu, badirudi Repsolek sosak aurkitu dituela aurten ere inbertsio handiak finantzatzeko —4.362 milioi urtarriletik irailera, iaz baino %82 gehiago—, baina, era berean, bere 52.000 akziodunak ederki saritzeko: dibidenduen eta kapital murriztuaren artean, 2.400 milioi euro jasoko dituzte aurten.
Nondik etorri zaizu prentsa ekonomikoari buruz idazteko grina?
Uste dut azken urteetan egiten ibili naizen guztiaren amaierako produktua dela, urte askotako lanaren eta aktibismoaren emaitza. Asko haserretzen ninduen nola komunikatzen diren ekonomiari buruzko albisteak, eta hortik dator nire ezizena, Economista Cabreado (ekonomista ernegatua). Hizkuntza berezi bat erabiltzen dute, eta, jendeak ez ulertzeko, hizkera hesi bihurtzen da. Irakurketa nahita zailtzen dute, adituek bakarrik uler dezaten.
Bestalde, ekonomiaren aferan zabaltzen diren gezurren aurka guda bat daukat, uste baitut azken urteetan arazo hori areagotu egin dela.
Nolakoa izan da ideia horiek liburu batean idazteko urratsa?
Duela urtebete pasa erabaki nuen. Nik banituen beste gauza batzuen ideiak buruan, baina egia da azken bi edo hiru urteetan gordindu egin dela kontakizunaren eta narrazioaren bataila, ekonomiari buruzko hedabide handien partetik. Bankuei eta energia enpresa handiei zergak handitu dizkien gobernu bat dago Espainian, Etxebizitza Lege bat eta fortuna handien gaineko zerga bat onartu duena, eta uste dut horrek areagotu egin duela gezurren zabalpena.
Duela urtebete pasatxo argitaletxe batzuk ni limurtzen hasi ziren zerbait egiteko. Denbora neraman Twitter bidez gezurrak desegiten, eta ikusi nuen jendeak gustuko zuela. Hedabideen manipulazioari buruz asko hitz egiten ari zen garai horretan, baina inork ez zuen ekonomian espezializatutako hedabideei buruz hitzik esaten, eta banekien beste inork komentatzen ez zuen zerbait nuela. Horregatik erabaki nuen liburu honekin aurrera egitea.
Ekonomia jendearengandik urruntzea helburu dutela diozu. Nola lortzen dute hori?
Modu asko daude, baina hizkera mordoiloa erabiltze hutsa horietako bat da. Ekonomia jargoian anglizismo asko erabiltzen dira, eta, hein batean, zentzua du horrek, ekonomiari buruzko literatura gehiena anglosaxoia baita. Baina ia hitz denek dute itzulpena, eta itzultzeak asko errazten du ulertzea.
Beste bat da adituaren hitzak erabiltzea. Haiek beren buruari buruz irudi jakin bat sortu dute: «Gu gara ekonomiari buruz hitz egiten dugunak, eta, beraz, gu gara ekonomiaz dakigunak. Beraz, zuk, irakurleak, ekonomiari buruz ezer ez dakien horrek, sinpleki sinetsi ezazu kontatuko dizuguna». Hori da sortu duten hesi nagusietako bat, sortu duten zientzia zehatz izaera, non haiek diren jakitunak, batere politizatuta eta ideologizatuta ez daudenak.
Ez al da askotan apaindura gehiegirekin idazten?
Bai. Eufemismoak, paralelismoak, ondo daude jendeak hobeto ulertzeko erabiltzen badira. Baina prentsa ekonomikoan halakoak jendearengan iritziak sortzeko erabiltzen dira, albisteari kutsu positibo edo negatibo bat emateko, haiek nahi duten moduan. Ez dute nahi zuk ulertzea: haiek hedatzen duten mezua zuk irakurtzea eta zeureganatzea nahi dute.
Ezkerreko hedabide alternatiboak ere ez al dira partzialegiak Pedro Sanchezen gobernuaren neurriekin?
Eztabaida ederra da hori. Egia da eztabaidaren polarizazio horren ondorioz gobernu honen neurri askorekin adeitsuegi jokatu dugu ezkertiar askok.
El Salto-n, adibidez, oso kritiko izan gara Etxebizitza Legearekin, bizitzeko gutxieneko diru sarrerarekin, atzerritarren sailarekin eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin… Baina egia da niri ekonomia kontuetan gehiago estutzea gustatuko litzaidakeela. Hala ere, nik egiten dudana da gehiegizko egurrik ere ez ematea, baina jendeari gezurrik esan gabe.
Ez naiz saiatzen jendeari esaten: aizu, Etxebizitza Legea izugarria da. Ez. Esaten dudana zera da: lege horri hainbat kritika egin dakizkioke, baina lehengoa baino hobea da. Eta hori errealitatea da.
Nola ikusten duzu ekonomia? Ez al da zientzia zehatz bat, izokin prentsak saltzen duen moduan?
Ekonomia zientzia bat da? Bai, baina milioika aldagai dituen zientzia bat da. Hainbestekoak eta hain kontrolaezinak dira aldagai horiek, ezinezkoa baita, haiek dioten moduan, formula sinple batekin etorkizuna aurreikustea. Eskaintzaren eta eskariaren legearekin gertatzen da, esaterako. Oso ondo dago Ekonomia graduko lehen mailan ikasteko, baina ez du zerikusirik errealitatearekin, eta egiten den edozein salerosketetan eragina duten faktoreekin.
Zientzia ekonomikoak, noski, balio digu etorkizuna aurreikusten saiatzeko, aurreikusten dugun etorkizun horretara hoberen moldatuko diren politikak egiteko, ikertzeko ea nola doazen zenbait politika eta neurri, edo jakiteko ekonomia modu batean edo bestean funtzionatzen ari den. Baina, azken finean, ekonomia guztiz politizatuta dago, ideologia hutsa da. Diodan moduan, ekonomian sartzea politikan sartzea da, eta uste dut izaera hori bera ez ikusteko sortu dela zientzia itxura hori.
Inflazioaren kasua al da hori? Ematen baitu inflazioa jaisteko modu bakarra interes tasak igotzea dela.
Inflazioak azken urteetako gerra ideologikorik handiena sortu du ekonomiari buruzko eztabaidaren munduan. Alde batetik, neoliberalak ditugu, ekin eta ekin dabiltzanak inflazio guztiak zirkulazioko diruarekin zerikusia duela esaten. Hala, banku zentralei eta estatuei egozten diete inflazioaren errua, gehiegi gastatzeagatik.
Bestetik, errealitatearen analisi bat egiten dutenak daude, gerra bat dagoela ikusten dutenak, lehorteak daudela, pandemiaren osteko botila lepoak daudela, pandemian aurreztutakoa itxialdiaren ostean bat-batean gastatzen dela, eta ondorioztatzen dutenak inflazioa bultzatu duten faktoreak direla. Ba faktore horietaz ohartu ostean, kontakizunaren gerra teorikoa baino gehiago ideologikoa denez, neoliberalek jarraitzen dute esaten inflazioa diru-masarekin dagoela lotuta. Baina diru-masa 2012an hasi zen, eta tartean deflazio urteak izan ziren.
Zer pasatuko da orain EBko arau fiskalak zorroztean?
Austeritatearen belatzei berriro kasu egiten badiegu, defizitarekin itsututa dauden horiei, 2008ko krisian gertatu zena gerta daiteke. Hau da, ekonomiatik dirua eta estimuluak kentzen badituzu, langabezia handiagoa izango da, eta enpresen porrota ekarriko du.
Gainera, 2008an, Europa hegoaldeko herrialdeen krisia izan zen, baina Alemania austeritate neurriekin hasten bada, herrialdea hondoratu dezakete, eta Alemania hondoratzea Europaren parte handi bati kalte egitea da.
Izan ere, «estrategikoa» da sektorea sindikatuentzat, eta Txinako enpresak Europako merkatua bereganatzea saihesteko bertako industria babestu behar dela uste dute. Hala, erakunde publikoei dei egin zieten neurriak hartzeko, baina baita Siemens Gamesari ere, enpresaren etorkizunaren alde egin dezan eskatu baitzioten.
Enpresa azaroaren amaieran da aurkeztekoa plan estrategikoa, eta sindikatuek ohartarazi zuten plan horrek lanpostuen galera ekar dezakeela. Antza, mahai gainean dago lurreko haize erroten adarra kentzea, eta horrek eragin handia izango luke Hego Euskal Herrian, planta gehienak adar horretakoak baitira.
Enplegu zuzenen galeraz gain, sindikatuek nabarmendu dute Siemens Gamesarekin lotutako beste industria asko daudela, eta horietan ere eragina izango lukete zuzendaritzaren erabakiek.