Hipoteka kopuruak behera egiten jarraitzen du Euskadin eta Nafarroan,…

Estatistikako Institutu Nazionalak zabaldutako datuen arabera, ekainean 1.887 hipoteka sinatu ziren Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta 406, berriz, Nafarroan.


Ekitaldian, gaztelaniaz zin egin zuen Arastik, baina euskarazko «hitzematen dut» formula ere erabili zuen bukaeran. Txibitek, berriz, nabarmendu zuen Ekonomia eta Ogasun Departamentua «funtsezkoa» dela gobernuan: «Gure egitekoaren ardatza da politika aurrerakoiak gauzatzea, eskura ditugun baliabideekin; kudeaketa ekonomiko horrek emanen digu modua gizartea eraldatzeko».

Ardo beltz litro bakoitzeko 0,925 euroko diru laguntzak emango ditu, eta ardo gorri litro bakoitzeko, berriz, 0,835 euro. Bederatzi milioi litro ardo inguru destilatzea kalkulatu dute.
Hala ere, upategiek ezingo dute nahi duten guztia destilatu. 2022an 500.000 ardo litro baino gehiago produzitu zutenek horren %10 destilatu ahal izango dute, 250.000 eta 500.000 litro artekoek produkzioaren %15, eta 250.000 litrotik beherakoek %20. Kooperatibek %20 destilatu ahal izango dute.
Joan den urtean, deflatazioak ez zuen inflazio osoa estali, nahiz eta urteko batezbestekotik gertu geratu zen azkenean. Puntu baten aldea baino ez zen izan deflatazio osoaren eta KPIaren urteko batezbestekoaren artean (%6,5). Gaur-gaurkoz, egoera antzekoa da. Inflazioak beheranzko joera hartu badu ere, deflatazioak oraindik ez baitu kontuan hartu prezioen igoera osoa: uztailean %2,6 izan baitzen inflazio tasa orokorra Hego Euskal Herrian.
Are handiagoa da azpiko inflazioarekiko aldea, ordea; hau da, energiaren eta landu gabeko elikagaien prezioen gorabeherak kontuan hartzen ez dituen adierazlearekiko aldea. Joan den hilabetean, %6,4an kokatu baitzen tasa. Eta hor dago gakoetako bat: erakundeek adierazle hori hartu baitzuten oinarritzat errenta zergak zenbat deflatatu erabakitzeko. Hala iragarri zuen lehendakariak Eusko Legebiltzarrean iaz, politika orokorreko eztabaidan, neurriaren berri ematean.
Azpiko inflazioaren bilakaera da, hain zuzen ere, neurriaren eraginkortasuna auzitan jar dezaketen argudioetako bat. Urtarrilean, zerga aringarria indarrean jarri zenean, deflatazioa halako hiru baitzen inflazio orokorra (%5,8), eta zertxobait gehiago azpiko inflazioa (%7,3). Uste baino gehiago ari da kostatzen bigarren adierazle hori makurtzea, azken hilabeteetan beheranzko joera orokorra izan arren. Edonola ere, eta dena esaten hasita, iaz inflazio osoa aintzat hartu ez bazuen ere, aise estali zuen deflatazioak azpiko inflazioaren batezbestekoa.
Zerga bilketa handitzen
Neurriaren eragina zalantzan jar dezakeen beste argudioa, baina, zerga bilketa da. Ez alferrik, prezioen garestitzeak eta lan merkatuaren bolada onak bultzatuta, uste baino diru gehiago ari baita sartzen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen kutxetan. Eta marka guztiak hausteko bidean da bilketa bigarren urtez jarraian: uztailera bitarte, 10.080 milioi euro bildu dituzte ogasunek denera, duela urtebete baino %7,3 gehiago da hori. Eta iazko urrian aurreikusi zuten aurten urte osoan 18.072 milioi bilduko zituztela aurten, hau da, 2022an baino %5,5 gehiago.
Emaitza positiboekin itxi dituzte ogasunek aurtengo errenta kanpainak ere. Are gehiago, nabarmen handitu dute zerga horren bidez bildutakoa: 3.913 milioi euro izan dira, iaz baino %8,4 gehiago. Aurtengo bilketa osoaren ia %39 da hori, gainera. Ezin esan daiteke, beraz, deflatazioak bereziki kalte egin dionik zerga bilketari. Ez, behintzat, PFEZ zergari. Jaurlaritzak kalkulatu zuen zerga aringarrien bidez iaz 250 milioi euro geratu zirela bildu gabe. Aurten, ordea, bildu gabeko kopuru hori ez litzateke ehun milioira iritsiko.
Fiskalitatea eztabaidagai
Deflatazioaren neurriak, halere, hasieratik eragin du desadostasuna, eta haustura txiki bat ere ekarri zuen gobernu bazkideen artean. Izan ere, neurria iragartzeko orduan jada, PSE-EEk deflatazio handiagoa galdegin zuen. Aldundiek argudiatu zuten, ordea, nahikoa zela deflatazioa %2 izatea. Batetik, ez zekitelako zein izango den urteko batezbestekoa; eta, bestetik, aurreikusten zutelako azpiko inflazioa %3ra jaitsiko dela urte amaierarako. Erabakia berrikusteko prest azaldu ziren agintariak orduan, baina iaz ez bezala, aurten ez dute deflatazioa handitu.
Oposizioak ere hasieratik kritikatu du neurria. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu zuten neurria «erregresiboa» dela, ez duelako zerga sistemaren progresibotasuna aintzat hartzen —deflatazioa atxikipen taula guztietan neurri berean aplikatzen da—. Horregatik, pauso bat harago eman eta zerga sistema aldatzeko eskatu zieten EAJri eta PSE-EEri. PPk, berriz, zergak jaistea eskatu zuen.
Bada, zerga sistemaren inguruko eztabaida mahai gainean egongo da ikasturte berrian. Eztabaida horri sarri uko egin badiote ere, zerga sistemaz hausnartzeko konpromisoa agertu baitzuten EAJk eta PSE-EEk urte hasieran. Bozen osterako utzi zituzten lanak, dena den. Batzar nagusiak eta aldundiak eratuta, ikusteko dago noiz eta nola egikarituko dituzten asmo horiek. ikusteko dago, halaber, ate joka diren hauteskundeek zenbateraino baldintzatuko duten.

«Zerbitzu horiek derrigorrez bete beharreko lanak dira, ez kapritxoak: jendea ezin da horiek gabe bizi, eta, lehenago edo geroago, etxe guztietan behar dira», ohartu du Peio Plazaolak, Zumarragako Plazaola iturgintza enpresako buruak. «Langileak erretiroa hartzen ari dira pixkanaka, eta bost edo sei urte barru hutsune handia etorriko da».
Lanbideren datuak ere ez dira oso baikorrak. Gremioetan lana bilatzen ari direnen artean, gehienak helduak dira. Igeltsero moduan aritu nahi dutenen artean, ia %70ek gainditzen dute 45 urteren langa, eta %4,5 baino ez dira 30 urtetik beherakoak.
Zurgintzan eta iturgintzan ere joera hori bera nabari da, nahiz eta gazte gutxi batzuk gehiago dauden Lanbideren eskatzaileen poltsan: arotz izan nahi dutenen artean %8 dira 30 urtetik beherakoak, eta iturgin izan nahi dutenen artean, berriz, %13,6.
Ipar Euskal Herrian, asko ez izan arren, errazagoa da eskuzko lanbideetan aritzen diren gazteak aurkitzea. Uztaritzeko Egurberri aroztegian aritzen dira Antoine Mounier eta Alexandre Beherengarai gazteak, eta haiek ere ohartzen dira sektore horretan erreleboa falta dela.
«Eskulana, zuraren lanketa… Inguruan laguntzeko praktikoak dira horrelako lanbideak, eta beharrezkoak ere bai», adierazi du Mounierrek. Beherengaraik ere uste du etorkizunean sektoreko gazteei ez zaiela lanik faltako: «Segur da gure sektorean beti lan anitz izanen dela, eskaera beti hor izanen baita».
Langile falta nondik dator, baina? Agustin Pagola Pagola Eraikuntzak enpresako buruaren hitzetan, «gaztek ikusten dute aitak edo osabak zer bizi eraman duen igeltserotzan, eta inork ez du hori beretzat nahi. Gerriak eta eskuak izorratu egiten dira, eta gaur egungo gazteek lan erraza nahi dute: eserita egon, eta funtzionario izan».
Lanbide batzuetan, igeltserotzan adibidez, lan gogorra arintzeko zenbait neurri hartu dituzte. Orain, esaterako, bizkarrean 25 kilo eraman ditzakete gehienez, eta, lehen, 50 kiloko zakuak ere hartzen zituzten. Hala ere, gremioetako lanak oso fisikoak dira oraindik ere. «Gu gazte ginenean, askoz ere indartsuagoak ginen oraingo gazteak baino, eta edozein gauza aguantatzen genuen», esan du Pagolak.
Horrez gain, Plazaola iturginak aipatu du gazte jendeak ez duela nahi ia oporrik eta ordutegi finkorik gabeko lanposturik. Askotan, iturginek eta elektrikariek bereziki, ez dakite noiz bukatuko duten laneguna: «Berez, ordutegi bat dugu, baina, askotan, ordua iristen denean ezin diogu lan egiteari utzi».
Lanbideren datuek baieztatzen dute eskulangileen eskatzaileak gero eta gutxiago direla. 2021ekoak dira Lanbideren azken datuak, eta, horien arabera, iturginen artean eskariak %19 gutxiago ziren 2021ean aurreko urtean baino, igeltseroen artean %17 gutxiago, eta arotzen artean %10 gutxiago.
Erreleboa nork?
Egoera horrek beste arazo bat ekar dezakeela ohartarazi du Plazaolak: «Gazteak sartzen ez badira, prezioa asko garestituko da, instalatzaile gutxi egongo baitira, eta eskaintza handia».
Sektorea nola dagoen ikusita, gero eta atzerritar gehiago aritzen dira iturgin, igeltsero eta arotz. «Ez dakit zenbateraino sartuko diren atzerritarrak lanbidean, baina zer egoeratatik gatozen ikusita, diruari dezenteko garrantzia ematen diote, oporrei eta egutegiari baino gehiago», adierazi du Plazaolak.
Atzerritarrak lanerako prest izan arren, normalean ikasketak falta zaizkiela gaineratu du Pagolak ere. «Atzerritarrei lagundu egiten diegu, baina formakuntzarik gabe etortzen dira». Hori bai, indartsuago ikusten ditu: «Atzerritarrak eta horren eroso bizi ez direnak gogorragoak dira hemengo gazteak baino».
Aitzitik, Euskal Herrian oraindik ere badira eskuzko lanbideak maite dituzten gazteak. «Lanbide hauek beharrezkoak dira edozein eraberritzetan eta eraikuntzatan, eta niri askoz gehiago betetzen nau igeltsero izateak elkarte bateko misio karguduna izateak baino», adierazi du Mounierrek. Era berean, honela dio Beherengaraik: «Eskulana gustatzen zait, eta beti mugitzea. Ez naiz bulego batean geldirik egoteko egina, eta jendearekin harremana izatea ere anitz maite dut».
Formakuntza
Ikasiz gero lana egon badagoela azaldu du Plazaola iturginak, baina lanbide horietan formakuntza lortzea ez da erraza izaten askotan. Igeltserotzari dagokionez, adibidez, zera salatu du Pagolak: «Lanbide batzuetarako, eskoletan ondo prestatzen zaituzte, baina gure lanbideari buruz pentsatzen da formakuntzarik gabe egin daitekeela lana; gero bezeroak kexatu egiten dira, ez direlako eraikuntzak konpontzen, gaizki eginak daudelako… Zer nahi dute, ba!».
Izan ere, igeltsero gehienek ez dute igeltsero izateko ikasi: Lanbideren arabera, %86,8k «zehaztu gabeko» ikasketak dituzte. Arotzen artean ere, %70etik gora dira zurgintza ikasi gabeak.
Egoera bestelakoa da iturgintzan, ikasketak izatea derrigorrezkoa baita lan egiteko. «Guk instalatzaile lizentziak behar ditugu: ur sanitarioaren txartela, berogailuaren txartela, gasaren txartela… dokumentazio lan handia dago atzetik», ohartarazi du Plazaolak.
Antoine Mounierrek 29 urte ditu, eta, Egurberri enpresara heldu baino lehen, Ingurumenaren Zaintzako gradua bukatu zuen. Baita igeltsero izateko eskola batean sartu ere. Batxilergoa atera ondoren egin zituen gradu horiek, eta eskuzko lanbideak oso erakargarriak egin zitzaizkion.
Alexandre Beherengarairen kasua ezberdina da. Hark 19 urte ditu, eta soilik batxilergoa egin zuen lanean hasi aurretik, Uztaritzen. «Ondoren, osabarekin hasi nintzen obra batzuetan, zurezko zoladurak instalatzen, adibidez, eta zinez hasi nintzen zurgintza maitatzen».
Gazteak izanik, etorkizunerako helburu pertsonalak ere badituztela diote biek. Beherengaraik dio oraingoz lanbideari buruz ikasten jarraitu nahi duela, oso gaztea baita oraindik. Hala ere, geroago bere enpresa propioa irekitzeko nahia azaldu du. Mounierrek, berriz, berdin-berdin jarraitzeko helburua du, badirelako, haren ustez, lanbidea betegarria egiten duten gauza asko: «Intentzioa da berdin segitzea, ene lanbideaz gozatzen».
Emakumeak, oso gutxi
Sektore oso maskulinizatuak dira eskuzko lanbideenak. Gizonak dira langile beterano gehienak, eta gizonak dira sektorean lana bilatzen dutenak ere. Lanbide guztien arteko batezbestekoa eginda, Lanbideren zerrendetan, eskuzko lanbideetako eskatzaileen artean %3 baino gutxiago dira emakumezkoak; igeltsero eta iturginen artean, %1 baino gutxiago. Hala ere, bai Plazaolak baita Pagolak ere aipatu dute pintoreen artean emakume kopurua beste gremioetan baino handiagoa dela.

