“Haserrea” VWko beharginen artean, bateriak muntatzeko lantegia Landabenetik kanpora…

“Haserrea” VWko beharginen artean, bateriak muntatzeko lantegia Landabenetik kanpora atera dezaketelako




Gobernuak 2023. urtera mugatuko du zerga berezia. Letra txikia argitzea falta da, baina zehaztu du bankuek ordaindu beharreko zenbatekoak ez duela gaindituko finantza erakundearen ondare garbiaren %25. Gobernuak 2.000-3.000 milioi euro biltzea aurreikusten du. Eta «interes tasen igoera dela-eta kaltetutako hipotekadunak eta enpresak laguntzeko eta herritarren karga fiskala murrizteko» erabiliko du dirua.
Neurria oporren aurreko azken bileran iragarri du, ezustean. Dena den, Giorgia Meloni gobernuburuak ohartarazia zuen halako erabaki bat har zezakeela, bankuek maileguak emateko interesak handitu dituztelako, baina ez, ordea, herritarren gordailuen interesak. «Hilabeteetan behin eta berriz esan dugu interes tasak igotzeko EBZren estrategia okerra dela; erabaki hau saihetsezina izan da», adierazi du Antonio Tajani Atzerri ministroak. «Berdintasun sozialeko neurri bat da», gaineratu du Matteo Salvini lehen ministrordeak.
Estatuaren «metadona»
Melonik bere hauteskunde programan egindako beste promesetako bat bete ondoren iritsi da bankuen aurkako neurria. Egunotan, gobernua telefono mezu bidez abisatzen ari zaie ehunka milaka familiari aurki oinarrizko errenta jasotzeari utziko diotela.
Ekainean 2,1 milioi pertsonak jaso zuten —biztanleriaren %4,7—, milioi bat etxetan. Horietatik bi herenak baino gehiago —1,5 milioi biztanle— hegoaldean bizi dira. Laguntza hilean 560 euro ingurukoa da batez beste familia bakoitzeko, eta iaz gobernuak 8.000 milioi euro jarri zituen, eta 28.000 milioi indarrean denetik.
5 Izar Mugimenduko Giuseppe Conteren gobernuak abiarazi zuen 2019an. Oposizioan zegoela, Melonik «estatuaren metadona» gisa izendatu zuen, ez duelakoan enplegua bilatzera bultzatzen. Herritarrik txiroenak laguntzeko helburua du. Eta baldintza hauek bete behar dira: Europako herritarra izatea eta gutxienez hamar urte eman izana Italian bizitzen —azkenengo biak jarraian—, 30.000 eurotik beherako higiezin ondarea eta 6.000 eurotik beherako finantza ondarea izatea, eta diru sarrerak urtean 9.360 eurotik gorakoak ez izatea.
Gaur egun laguntza jasotzen dutenek urtearen amaierara arte luzatu ahal izango dute baldin eta udaletako gizarte zerbitzuek beren gain hartzen badute. Gobernuak uste badu lan egiteko moduan daudela eta 6.000 eurotik beherako diru sarrerak badituzte, 350 euro emango dizkie urtebetez, lan prestakuntzako ikastaroetarako.
Meloniren asmoa da oraingo laguntza beste batekin ordezkatzea hurrengo urtean, eta baldintza hauek jartzea: urtean 9.300 eurotik beherako diru sarrerak eta 6.000 eurotik beherako ondarea izatea, eta gutxienez adingabe batekin, desgaitasunen bat duen batekin edo 60 urtetik gorako batekin bizitzea.
Herritar askok eta oposizioak kritika eta protestak eginez hartu dute gobernuaren erabakia. «Pobreziaren aurkako gerra egin beharrean, gobernu honek pobreen aurkako gerra egiten du», adierazi du Elly Schlein Alderdi Demokratikoko idazkari eta oposizioko buruak. Egunotan, herritarrak ere kalera atera dira protesta egitera, batez ere herrialdearen hegoaldean.

Duela gutxira arte ezezaguna zen, baina gero eta gehiago entzuten da saltzaile horren berri, gazteen artean batez ere. Tiktok, Instagram eta antzeko sare sozialetan egin da ezaguna Shein, eta gazte askoren plataforma gogokoena bihurtu da arropa erosteko. Izan ere, prezio merkeak dira Txinako enpresa ezagun bilakatu duen ezaugarri nagusia; horretan ez du lehiakiderik. Haren webgunean, bi eta hiru euroko elastikoak aurkitu daitezke, eta hiru euro baino merkeagoak diren galtzak ere badaude salgai.
Sare sozialetan moda artikuluei buruzko bideoak egin eta iritzia plazaratzen duten erabiltzaileek ere asko zabaldu dute Sheinen izena. Ospe on horri eta prezio merkeei esker, atzean utzi ditu Europako arropa saltzailerik handienak. Azken hilabeteetan inbertsio pribatuen bila dabil, eta, horretarako, enpresak zer balio izan dezakeen kalkulatu dute. Financial Times-en arabera, Abu Dhabiko eta Mubadalako inbertsio funts subiranoekin urtarrilean hasitako elkarrizketetan 58.000 milioi euroko balioa aitortu zioten Sheini, Amancio Ortegaren Inditex enpresaren pare.
AEBetako merkatuan izan du bilakaerarik harrigarriena. Bloomberg-en arabera, pandemiaren aurretik, 2020ko urtarrilean, AEBetako moda azkarreko sektoreko salmenten %12 egin zituen Sheinek. 2022ko azarorako, ordea, salmenten %50 bereganatuak zituen. Enpresak 10.000 langile inguru ditu, eta 150 herrialdetan baino gehiagotan saltzen du.
Txikizkako merkataria
Sheinen negozio eredua oso ezberdina da moda azkarreko gainontzeko enpresenarekin konparatuz. Ez dute ia denda fisikorik, azken urteetan saltoki batzuk ireki badituzte ere; Bartzelonan, esaterako. Internet bidez saltzen du, Amazon eta Aliexpress plataformen antzeko aplikazio batekin. Funtsean, arropa Internet bidez saltzen duen txikizkako merkatari bat da, erraldoi bihurtua, eta Txinako milaka fabrika txikitan ekoizten ditu produktuak.
Datuak analizatzeko teknologiak erabiliz, azkar detektatzen ditu modaren munduko azken joerak, eta ekoizteko prozesua ahalik eta lasterren abiatu. Sheinek gertuko harremana du ekoizleekin, eta janzkiak azkar diseinatzeko eta produzitzeko ahalmena du. Gainera, ekoiztu eta berehala ordaintzen die, eta, hala, ekoizpen prozesua azkarra izan dadin bultzatu.
Arropa diseinatu eta ekoizteko hamar egun behar ditu gutxi gorabehera, baina, gainerako saltzaile handiek ez bezala, eskala txikian ekoizten du, diseinu bakoitzetik 100 bat ale bakarrik. Horiek salgai jartzen ditu, eta datuak analizatuz ondorioztatzen du produktu horrek arrakasta duen ala ez, ondoren erabakitzeko ale gehiago eskatu edo katalogotik kendu. Hala, produktu asko eskaintzen ditu, arrisku handirik hartu gabe. Egunero 1.000 diseinu berri jartzen ditu katalogoan; eta une oro 6.000 produktu berri ateratzeko gai dela dio Sheinek.
Bidalketa ereduak ere ezberdintzen du beste marketatik, eta hori izan da, hain zuzen, AEBetan hainbeste zabaltzeko gakoa. Izan ere, Txinako fabriketatik bertatik bidaltzen dira paketeak, eta 800 dolarretik beherako inportazioek ez dute muga zergarik ordaindu behar. Norbaitek online plataformaren bidez produktu bat erosten duenean munduko ia edozein txokotatik, Txinako fabriketatik bertatik bidaltzen diote, pakete txikietan. Zazpi eta hamabost egun artean behar dute iristeko.
Erosi, erabili eta bota
Sare sozialak dira Sheinen salmentak handitu dituzten tresnetako beste bat. Internet bidez detektatzen dituzte moda munduaren joerak, eta martxan jartzen dute berehala produktuok katalogoan salgai egoteko makineria. Sare sozialak dira marketinerako bide nagusia, eta haien bitartez ezagutarazten dituzte berritasunak. Are gehiago, milioika jarraitzaile dituzten pertsona ezagunekin kolaboratzen dute, eta joerak sortzen dituzte haien bitartez. Ondorioz, sare sozialak erosteko leku bihurtu dira gazte askorentzat, eta gehienek erosteko funtzioak aktibatu dituzte.
Baina Shein ez dago kritiketatik salbu. Ehungintzarena da munduko sektorerik kutsagarrietan bigarrena, energiarenaren atzetik. Herrialderik industrializatuenak dira arropa gehien kontsumitzen dutenak. Hain zuzen ere, horregatik egin dizkiote kritikak Sheini, sare sozialak baliatuta eta dituzten prezio merkeekin arropa erosteko beharra sortzen duelako. XXI. mendeko moda azkarra bizkortzea egotzi diote: erosi, erabili eta bota.


Ostalarien elkarteek egin dute eskaera, eta haiek jarritako puntuari erantzun diete aldundiek. Gipuzkoako ostalarien elkarteak eskutitz bat bidali die udalei haien herrietako txosnetan fakturazio elektroniko sistema ezartzen dela bermatzeko eskatuz. Taberna eta jatetxeak Ticket Bai erabiltzera behartzea, eta txosnak, aldiz, ez, bidegabekeria iruditzen zaie. Bizkaiko eta Arabako ostalari elkarteek ere haien oniritzia eman diote eskariari.
Egoerak Ticket Bai sistemaren barrunbeak azaleratu ditu, eta, besteak beste, iruzurraren aurkako kontrol sistemaren zabalkundearen desorekak. Gipuzkoan eta Araban dagoeneko ezarrita dago ostalaritzan, eta irabazi asmorik gabeko erakundeak salbuetsita daude. Baina hor ere bada zer argitua, irabazi gabeko elkarte guztiak ez direlako berdinak; ez, behintzat, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiaren arabera. Gasteizko jaien ingurumarian esan du, eta kasuz kasu aztertu behar dela zein txosnari eska dakiokeen eta zeini ez.
Bizkaian, aldiz, ostalaritzan oraindik ez da derrigorrezkoa, eta irabazi asmorik gabeko erakundeei 2026an iritsiko zaie betebeharra. Bizkaian baldintzak argiago daude, eta irizpidea beste bat da: jardun ekonomikoa badago, Batuz sistema osoa, Ticket Bai barne, derrigorrezkoa da.
Gasteizko txosnagunean barra muntatzen duten elkarteak izan dira neurria publikoki kritikatu duten lehenbizikoak. Argudiatu dute irabazi asmorik gabeko erakundeak direla guztiak, eta horrek salbuetsi egin beharko lituzkeela. Haien jardun nagusia gizarte mailakoa dela nabarmendu dute, eta ez direla ostalaritza enpresak.
Donostiako eta Bilboko aste nagusietan txosna jartzen duten kolektiboek oraindik ez dute neurria baloratu. Pentsatzekoa da antzeko argudioak emango dituztela, eta helegiteak aztertuko. Bizkaian irailaren 7ra arteko epea dute helegiteak jartzeko.
Herrietan, oinarrizko
Euskal Herriko txosna gehienen errealitateak, baina, zer ikusi gutxi du hiriburuetako txosnagune handi eta antolatuekin. Udako ika-mika interesatuen arretagunea haiengan jartzen da, baina txosnen gehiengo handia herri txikietan eta auzoetan jartzen dira. Haien helburu nagusiak sustatzen duten jardunarentzako sosa ateratzea da, edota jaia bera finantzatzea: herri bazkaria, trikitilariak, kontzertuak… Eta hirietako txosnei Ticket Bai jartzen bazaie, haiei ere bai. Taberna txikien eta dantzaleku erraldoien kasu bera da, legeak ezin du ezberdintasunik egin tamaina edo balizko fakturazioaren arabera.
Pentsatzekoa da hirietako txosnaguneak fakturazio elektronikoa oztopatzen saiatuko direla. Ez da erraza ulertzen urtean bi, hiru, zazpi edo bederatzi egunez irekita dagoen barra batek urte osoan irekita dagoenaren inbertsio bera egin behar izatea teknologia egokitzeko, eta argi dago datafonoa erabiltzeak zerbitzua moteltzen duela —Internet sareen estaldura arazoez gain—. Dena den, salbuespenak salbuespen, nahiko ondo antolaturiko elkarteak dira, jendez hornituak, eta, derrigortasuna ezartzen badiete, moldatuko dira datafono edo antzeko gailuak lortzeko.
Auzo eta herrietako txosnak, aldiz, askoz okerrago ibiliko dira. Ez dira gauza bera Bilboko edo Gasteizko txosnagunea, eta Errezilgo (Gipuzkoa) plaza edo Elorrioko (Bizkaia) auzo txiki bat. Militantzia, gainera, ez da bere garairik onenean bizi, eta, jai batzorde eta antolakuntza txikiei obligazio teknologikoak ezartzen badizkiete, haien biziraupena kolokan egon daiteke. Haiena baino gehiago, antolatzen dituzten jaiena eta antzekoena. Ekonomian, normalean, txikiak gehiago sufritzen du aldaketekin, eta txosnetan berdin gertatuko da.
Jai batzorde, kirol elkarte edo kultur eragile horiek, gainera, oso garrantzitsuak dira haien herrietan eta auzoetan, eta haien jardunak mesede egiten die ostalariei. Okerrera jarrita, giroa gaiztotzeko arriskua ere badago, ostalariak baitira ostalari elkartearen ordezkariak ingurune horietan.
Oraindik, baina, eragotz daitekeen egoera bat da. Azken urteetan aldundiek Ticket Bai eta Batuzen inguruko hainbat erabaki aldatu dituzte, eta garaiz daude txosnei entzun, eta egoera birpentsatzeko. Iruzurraren aurkako erreminta zabaltzea mesedegarria izan daiteke gizartearentzat, baina ondo aztertu behar da haren ordaina; are gehiago, kaltetuak irabazi asmorik gabeko erakundeak direnean. Urteak dira txosnak eta ostalaritza negozioak lege ezberdinen arabera arautu direla, eta ez da arazo handirik egon.